Artikulu hau herrialdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etiopia (argipena)».

Etiopia[1] (amhareraz: ኢትዮጵያ, Ītyōṗṗyā), izen ofiziala Etiopiako Errepublika Federal Demokratikoa (amhareraz: የኢትዮጵያ ፌዴራላዊ ዲሞክራሲያዊ ሪፐብሊክ, yeʾĪtiyoṗṗya Fēdēralawī Dēmokirasīyawī Rīpebilīk), ipar-ekialdeko Afrikako estatu itsasgabea da, Afrikako Adarrean kokatua. Iparralde eta ipar-ekialdean Eritrea du; Djibuti eta Somalia, ekialdean; Kenya, hegoaldean; eta Sudan eta Hego Sudan, mendebaldean. 1.104.300 kilometro koadroko eremua du, eta 2017an 105 milioi biztanle zituen.[2] Hiriburua Addis Abeba da.

Etiopiako Errepublika Federal Demokratikoa
የኢትዮጵያ ፌዴራላዊ ዴሞክራሲያዊ ሪፐብሊክ
yeʾĪtiyoṗṗya Fēdēralawī Dēmokirasīyawī Rīpebilīk
Ereserkia: March Forward, Dear Mother Ethiopia (en) Itzuli

flag of Ethiopia (en) Itzuli

Emblem of Ethiopia (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaAddis Abeba
9°1′38″N 38°44′13″E
Azalera1.104.300 km²
Punturik altuenaRas Dashen
Punturik sakonenaDanakil Depression (en) Itzuli (−125 m)
KontinenteaAfrika
MugakideakSudan, Hego Sudan, Kenya, Somalia, Djibuti, Eritrea, Arabiar Liga eta Somalilandia
Administrazioa
Gobernu-sistemaErrepublika federal
Etiopiako presidenteaSahle-Work Zewde
Etiopiako lehen ministroaAbiy Ahmed
LegebiltzarraFederal Parliamentary Assembly (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria104.957.438 (2017)
0 (2017)
Dentsitatea95,04 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa4,395 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak10.092.202 (2015)
Bizi-itxaropena65,475 (2016)
Giniren koefizientea35 (2015)
Giza garapen indizea0,498 (2021)
Ekonomia
BPG nominala80.561.496.133,917 $ (2017)
7.560.515.699,9686 (2016)
BPG per capita767 $ (2017)
55 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa199.759.036.280 nazioarteko dolar (2017)
21.944.666.538 (2016)
BPG per capita EAPn1.903,238 nazioarteko dolar (2017)
166,824 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala8 % (2016)
Erreserbak3.045.571.314 $ (2017)
14.627.432 (2016)
Inflazioa6,7 % (2016)
−3,3 (2015)
Historia
1974Derg
1991Transitional Government of Ethiopia (en) Itzuli
19951995 Constitution of Ethiopia (en) Itzuli
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+251
ISO 3166-1 alpha-2ET
ISO 3166-1 alpha-3ETH
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.Europlug (en) Itzuli, Schuko (en) Itzuli, AC power plugs and sockets: British and related types (en) Itzuli, SEV 1011 (en) Itzuli, Type L (en) Itzuli eta Type E (en) Itzuli
Internet domeinua.et

Historian zehar beste herrialde batzuen eraginpean, eta sarritan okupatua, izan den arren, Afrikan erabat kolonizatu ez duten herrialde bakarretakoa da, eta bertako eta munduko herrialde independenterik zaharrenetakoa. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, munduko herrialderik handienen mende egon dira Etiopiako ekonomia, politika eta gudarostea. Ekonomian defizit handiak ditu, eta herrialde barneko egoera nahasiari egotzi izan zaio horren errua. Dena dela, lehorte izugarriak jasan ditu eta gosete larriak eragin ditu horrek, batez ere 1970. urte inguruan eta 1980ko hamarkadan. Nazioarteko laguntzen beharra izan zuen hondamen horiek gainditzeko.

Geografia aldatu

Mugak aldatu

Etiopia ipar-ekialdeko Afrikan dago, zati handiena Afrikako Adarrean. Rift Haran Handiak bitan banatzen du herrialdea ipar-ekialdetik hego-mendebaldera. 1.104.300 kilometro koadroko eremua hartzen du. Mugakide ditu Eritrea iparralde eta ipar-ekialdean (antzina Etiopiako lurralde izana); Sudan eta Hego Sudan mendebaldean; Kenya hegoaldean; eta Djibuti eta Somalia ekialdean.

Erliebea aldatu

 
Etiopiako topografia
 
Simien mendiak
 
Afar sakonunea
 
Tana aintzira

Etiopiako goi-lautadak hartzen du herrialdeko parterik handiena, gehiena 1.500 eta 3.000 metro arteko garaieran. Rift Haran Handiak bitan banaturik dago goi-lautada: ipar-mendebaldea eta hego-ekialdea:[3]

  • Ipar-mendebaldeko goi-lautada zabalagoa eta malkartsuagoa da, mendigune garai eta ibar sakonekin, eta Abbai ibaiak zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera. Simien da mendigunerik garrantzitsuena, eta bertan dago Etiopiako gailurra: Ras Dashen (4.550 metro).
  • Hego-ekialdeko goi-lautada ere malkartsua bada ere, ez da ipar-mendebaldekoa bezain garaia. Beti ere, Bale mendietan dago herrialdeko bigarren mendirik gorena: Tullu Dimtu (4.389 metro). Mendigune altuenetatik ekialderantz, goi-lautada garaiera galduz doa Ogadengo basamorturaino.

Rift Haran Handia da Etiopiako hirugarren unitate fisiografiko nagusia. Herrialdearen erdialdea zeharkatzen du hego-mendebaldetik ipar-ekialdera. Hego-mendebaldean oso arroila sakona da, 50 kilometro inguruko zabalerakoa, eta aintzira ugari dago: Turkana (gehiena Kenyan), Chamo, Abaya, Awasa, Shala eta Zwai. Ipar-ekialdean harana zabaltzen da, triangelu formako Afarreko sakonunea eratuz; punturik beherenean, Eritreako mugatik hurbil, itsasoaren mailaren azpitik 115 metrora dago, eta munduko lekurik beroenetako bat da. Bertako aintzira gazietatik gatza ateratzen da. Sakonunearen ipar-ekialdean, muino batzuek bereizten dute Itsaso Gorritik.[3]

Hidrografia aldatu

Etiopiako ibai guztiak goi-lautadan sortu eta kanpoko aldera doaz, mendi zintzur sakonetan zehar. Iparraldera jotzen duten ibai nagusiak Atbara eta Abbai (Nilo Urdina) dira; Nilon isurtzen dute ura. Awash ekialderantz doa, Rift Haran Handiaren ipar-ekialdean barrena, eta Djibutiko mugako aintzira gazietara isurtzen da; zenbait urtegi eraiki dira haren ura baliatzeko. Jubaren arroko Ganale Doria eta Xebelik drainatzen dute hego-ekialdea, eta Omok hego-mendebaldea.[3]

Iparraldean Tana aintzira dago (72 kilometro luze eta 60 kilometro zabal, 1.942 metroko garaieran), eta bertan jaiotzen da Nilo Urdina. Hego-mendebaldean, Rift Haran Handia aintzira ugariz horniturik dago: Zwai, Shala, Awasa, Abaya, Chamo eta Turkana, azken hau Hego Sudan eta Kenyako mugan.

Klima aldatu

 
Etiopiako klimak Köppen sailkapenaren arabera

Garaiera eta kokapen geografikoaren ondorioz, lau eremu klimatiko nagusi daude Etiopian[4][5]:

  • Kolla beherea: Ekialdeko eta hego-ekialdeko eskualde agorrak hartzen ditu, Afar sakonunea eta Ogaden. Klima bero, eguzkitsu eta idorra da. Urteko batez besteko tenperatura 25 °C ingurukoa da, eta eguneko beroenak 40 °C edo 50 °C-raino irits daitezke. Urtean pilatutako prezipitazioa 400 milimetrotik beherakoa izaten da, eta 10 hilabete erabat idorrak dira.
  • Kolla garaia: 1.000 eta 1.500 metroko garaieren artean dago. Plubiometria handiagoa da (400-700 milimetro urtean), baina gorabehera handiak ditu urte batetik bestera. Sei hilabete bederen idorrak dira; udaberriko euriak beti-berdintsuak badira ere, udazkenekoek askotan huts egiten dute, lehorteak eraginez.
  • Weina dega: 1.500 eta 2.400 metro artean dago. 500 eta 1500 milimetro arteko prezipitazioak jasotzen dira urtean, baina nahiko gorabeheratsuak dira. Euri gehien keremt sasoian egiten du, uztailetik irailera, baina Belg sasoiko jasak (martxo eta apirilekoak) ezinbestekoak dira nekazaritzarako. Urteko batez besteko tenperatura 22 °C-tik beherakoa da.
  • Dega: 2.400 metroko garaieratik gora dago. Urteko batez besteko tenperatura 16 °C-tik beherakoa da. Martxo, apiril eta maiatza dira hilabeterik beroenak. Gauak hotzak dira, eta izotza bota dezake hilabete gehienetan.

Landaredia eta fauna aldatu

Landaretza oparoa da eta tropikoko fruituak lantzen dituzte. Lur hauetan elefanteak, hipopotamoak, zebrak eta jirafak bizi dira. Erdialdeak klima leunagoa du, eta Mediterraneoko fruituak jasotzen dira bertan. Klima epeleko mendialdeetan aleak ereiten dira. 3.650 metrotik gora, alpetar itxura du landarediak. Herrialde osoan daude bufaloak, antilopeak, hienak, txakalak, otsoak, lehoinabarrak eta gazelak; geladak eta babuinoak eskualde menditsu tropikaletan; eta lehoiak lur behereetan.

Historia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Etiopiako historia»

Αἰθιοπία (Aethiopia, “Aurpegi errea”) hitza beltzen zenbait lurralde izendatzeko erabiltzen zuten greziarrek. Iraganean, Abisinia izenaz ere ezagutzen zen.

Antzinatea aldatu

 
Ezanaren Estela, IV. mendea, Aksum

Gaurko Etiopia antzina lurralde oso indartsua izan zen, eta K. a. VII. mendean Egipto hartu eta bertan agindu ere egin zuen (XXV. dinastia). Tradizioaren arabera, Sabako erreginak (etiopiarren ustetan, Makeda zuen izena), Israelgo Salomon erregearekin seme bat izan zuen Menelik izenekoa, eta hark Jerusalemdik Aksumera, garai hartako Etiopiako hiriburura, eraman zuen Itun-kutxa.

Bibliak Etiopia izendatzeko Kux deitura erabiltzen du. Hango biztanleak Hego-Arabiako etorkinak izan ziren, bake-bakean kuxdarrak bizi ziren lurretara etorri eta Aksumgo Erresuma sortu zutenak, leinuen artean hitzarmenak eginez. Erregeari negus negast (euskaraz: “erregeen errege”) izena ematez zitzaion. Aksumgo Erresumaren menpeko lurraldea Nilo Urdineraino iritsi zen[6]. Aksumgo erregeak Erromaren eta Persiaren arteko guduetan nahastu ziren. Tradizioak dioenez, San Frumenziok eraman zuen kristautasuna bertara; baina historiak dioenez, Itsaso Gorrian kokatu ziren merkatari greko-erromatarrek ekarria izan zen.

Erdi Aroa aldatu

522. urtean, Bizantzioko Justinianok eskaturik, Kaleb Aksumgo erregeak Yemeni eraso egin zion, Najrango kristauak babesteko. Baina Mekako arabiarrek garaitu zituzten 570ean, eta Arabiatik ohildu zituzten. Erresuma gainbehera etorri zen eta, mende bat geroago, musulmanek hartu zituzten behe-lurrak eta erregeek hegoaldera jo behar izan zuten.

Zagwe dinastiak hiriburua Aksumdik Rohara aldatu zuen, eta bertan Gebre Meskel Lalibela erregeak zenbait eliza eraiki zituen XIII. mendearen hasieran. 1270ean, Salomondarren eskura joan zen agintea. Etiopiako kristauen eta musulman berrien arteko borroka, 1445ean Zara Jakob erregeak Ifateko sultana garaitu zuen arte luzatu zen. Errege horrek Eliza eraberritu zuen, fraideen eragin politikoa moztuz eta heresiak zapalduz. XV. mendean, Etiopiaren eta Jerusalemen arteko harremanek Mendebaldeko Elizarako bidea ireki zuten (Florentziako Kontzilioa).

Aro Modernoa aldatu

XVI. mendean, Ahmad ibn Ibrahimen musulmanak lurralde zati bat menderatu zuen. 1541ean, Portugalgo armada bat Massawan lehorreratu zen, Islamak Itsaso Gorriko bidea kontrola ez zezan. Portugaldarrez eta etiopiarrez osaturiko armada batek Harareko sultana eraso zuen eta Ahmad hil 1542an, baina haren ondorengoak Galaudeos negusa garaitu eta hil zuen 1559an. Beren etsaiak ahuldurik ikusirik, hego Somaliako eta ipar Kenyako oromo leinuek lurralde zati bat menderatu zuten. XVII. mendearen hasieran, Etiopiako kristauak Erromara hurbildu ziren Pedro Paez misiolari espainiarraren eraginez.

XIX. mendea aldatu

 
Teodoro II.a, Etiopiako enperadorea 1855-1868 bitartean

1838 eta 1848 artean, Anton Abadiak herrialdea esploratu eta kartografiatu zuen. XIX. mendearen erdialdean, Kassa Hailu negusak (Teodoro II.a) jauntxo feudalak azpiratu zituen. Haile Melikot Xoako errege garaituaren Menelik semea bere zerbitzura hartu zuen Teodoro II.ak. Baina bere politika zapaltzailea gero eta gogorragoa egin zen. 1863an, Erresuma Batuaren eta Teodoro II.aren arteko harremanak guztiz zaildu ziren eta, azkenik, ordezkari britainiarrak preso sartu zituen Teodorok. Horiek askatzeko gudaroste bat igorri zuten britainiarrek, eta Robert Napier buruzagiak Magdala gotorlekua hartu zuen 1868an; Teodoro II.ak bere buruaz beste egin zuen.

1872an, Tigrayko Kassay Mercharen eskuetara igaro zen agintea, Joan IV.a izenaz. Haren garaian oste kolonialek (Erresuma Batua, Frantzia, Italia) lurraldea inguratu zuten. Egiptok iparraldean egin zuen eraso, Sudango Mahdiak mendebaldean. Joan IV.ak egiptoarrak garaitu zituen Guran 1876an. 1884an, lurraldea utzi zuten ingelesekin hitzarmen bat izenpetu zuen, Eritreako Massawa portuko merkatu librea ziurtatzeko. 1885ean, italiarrak hasi ziren Etiopian barneratzen. Joan IV.a negusa sudandarren kontrako Gallabateko Guduan hil zuten, 1889ko martxoaren 9an, Menelik II.aren kontrako gerra hasteko zorian zegoenean.

1889an, Menelik II.ak agintea eskuratu, eta Salomondarren dinastia berriro ezarri zuen. 1889ko maiatzaren 2an hitzarmen bat egin zuen Italiarekin. Baina dokumentua ulertzeko orduan istiluak sortu ziren etiopiarren eta italiarren artean, haien iritziz Etiopia beren babesgoko baitzen, eta militar talde bat bidali zuen Italiak lurraldera. Oreste Baratieri italiar jenerala Aduwan garaitu zuten, 1896an. 1887an, Menelikek hegoaldeko oromoak garaitu eta, europarren interesez baliatuz, zenbait lurralde bereganatu zituen, horien artean Harar, eta bertako emirra gatibu hartu zuen. Addis Abeban sinaturiko beste hitzarmen baten bidez, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia bilakatu ziren Etiopiako burujabetzaren babesle.

XX. mendea aldatu

 
Ekialdeko Afrika Italiarra 1930eko hamarkadan, Italiak Etiopia beretu ostean

Meneliken ondoren, haren biloba Lij Ijasuk hartu zuen agintea; baina hura erregetzatik kendu eta Waizeru Zewditu, Meneliken alaba, enperadore izendatu zuten, haren lehengusu Ras Tafari Makonnen erregeorde zelarik. 1923an, Etiopia Nazioen Ligako kide bihurtu zen. 1930ean, Zewditu hildakoan, Ras Tafari enperadore bihurtu zen, Haile Selassie izenaz.

1934ko hitzarmenari esker, etiopiarren eta italiarren arteko arazoak baretu egin ziren itxuraz. Baina, urte bereko abenduan, Somaliako mugako Walwalen izandako borrokan, etiopiarrek 100 somaliar eta Italiako Armadako 30 lagun hil zituzten. Italiak ordainak eskatu zituen, eta Etiopiak Nazioen Ligara jo zuen; baina erakunde horrek ez zuen konponbide egokirik aurkitu. Gertakari hura aitzakiatzat hartuz, eta egindako hitzarmena ahaztuz, Italia faxistak Etiopia inbaditu zuen 1935eko urriaren 2an, Pietro Badoglio jenerala buru zela. Negusak Djibutira egin zuen ihes, eta geroago Ingalaterrara. 1935eko azaroaren 18an, Nazioen Ligak Italia erasotzaile deklaratu zuen eta zigorrak ezarri zizkion. Italiarrek Etiopia Eritrearekin eta Somaliarekin bateratu eta Ekialdeko Afrika Italiarra eratu zuten. Viktor Emanuel III.a Italiakoak 1936an Etiopiako enperadore titulua hartu zuen eta Graziani jenerala erregeorde izendatu.

 
Haile Selassie, Etiopiako enperadorea 1930-1974 bitartean

Bigarren Mundu Gerran, Italiak Somalilandia Britainiarra eta Kenyako zati bat zapaldu ondoren (1940), britainiarrek italiarrak lurralde haietatik ateratzeko erabakia hartu zuten. 1941eko apirilaren 6an sartu ziren Addis Abeban. Haile Selassie Ingalaterra utzi eta Khartumera heldu zen, eta maiatzaren 5ean sartu zen hiriburuan. 1942ko urtarrilaren 31n, Etiopiak gerra deklaratu zien Italia, Alemania eta Japoniari. Bi urte geroago, Ingalaterrarekin egin zuen hitzarmen bati esker, askatasun osoa eskuratu zuen Etiopiak, eta urte beraren bukaeran soldadu ingelesek lurraldea utzi zuten.

1952an, Nazio Batuek onartu zuten Eritrea lurralde autonomo gisa, Etiopiari elkartzeko. 1960an, ordea, enperadoreak autonomiaren eskubidea bertan behera utzi zuen eta horrek matxinada piztu zuen Eritrean. Urte berean, Somaliak Ogaden eskatu zuen, bertan somaliarrak bizi zirela-eta. Ogadenen Addis Abebako gobernuaren kontrako gerrilla eratu zen, bai eta autodeterminazio eskubidea eskatu ere.

 
Mengistu Haile Mariam eta Tafari Benti Dergeko kideak, Atnafu Abaterekin

1974ko matxinada militarraren ondoren, Haile Selassie enperadorea aginpidetik kendu zuten, behin betiko; aurretik gorabehera handiak izan ziren gizartean, Eritrearekin gerran aritu baitzen Etiopia eta gosete handiei aurre egin behar izan baitzieten etiopiarrek. Estatu kolpearen ondoren, gobernua militarren esku gelditu zen. Behin-behineko Administraritza Kontseilu Militar edo Derg eratu zen, Aman Andom buru zela; azaroan hura hil ondoren, Tafari Bentik hartu zuen agintea; hura ere hil zuten, 1977ko otsailaren 3an, eta, haren ordez, Mengistu Haile Mariam etorri zen. Industria eta lurrak nazionalizatu ziren, eta eritrearren, oromoen eta eta somaliarren gerrillei esetsi zieten. 1977an Eritrearekin gerran sartu zen eta baita Somaliarekin ere, Ogaden anexionatu nahi zuela-eta. Etiopiak Kubaren eta Sobietar Batasunaren laguntza jaso zuen, eta Somaliak Mendebaldeko herrialdeen laguntza. Etiopiaren baliabide apurrak gerrak eta istiluak gainditzeko erabili izan ziren.

Azken urteak aldatu

1987an, Etiopiako Herri Errepublika Demokratikoa ezarri zen, eta zibilez osaturiko gobernu komunista osatu zen; Mengistu Haile Mariam presidenteak modernizazio politika jarri zuen abian, baina huts egin zuen. 1980ko hamarkadako lehorteetan, milioi erdi nekazari baino gehiago hil ziren. 1988. urteko apirilaren 3an, Etiopiak eta Somaliak bakea izenpetu zuten eta, horri esker, Somalian zeuden 3.500 preso Etiopiara itzuli ahal izan ziren. Hala eta guztiz ere, ez ziren baretu Eritrearen eta Etiopiaren arteko iskanbilak. Urte bete geroago, gatazkan zeuden bi alderdien arteko negoziazioei ekin zieten Estatu Batuetako Atlantan, baina negoziazioek ez zuten onik izan. 1990. urteko martxoaren 5ean, Mariamen gobernuak sozialismoa baztertu eta ekonomia mistoaren aldeko apustua egin zuen. 1991. urtean, bere nazio guztiaz jabetu zen Eritreako Armada.

 
Etiopiako bandera

Eritrearren kontrako gerraren ondorioak eta Sobietar Batasuna desagertzean gobernuak laguntza galtzeak, gerrillaren estatu kolpea eragin zuten 1991n, eta Mengistu Hailek Zimbawera ihes egin behar izan zuen. Estatu kolpearen ondoren, Meles Zenawi buru zuen behin-behineko gobernua antolatu zen, eta erreforma demokratikoak finkatzeko ahaleginak egin ziren. Hauteskundeak egin ziren 1994an, 1995eko abuztuan, Meles Zenawi izendatu zuten lehen ministro, eta Negasso Gidada presidente, eta konstituzio berria idatzi zen. Hala ere, zailtasun handiak izen ziren, behin-behineko gobernuaren eta oposizioaren arteko tirabirak zirela-eta. Oposizioa bera ere oso zatiturik zegoen, batzuek (amharek) estatu federal, bateratu eta zentralizatua nahi zuten arren, beste etnia batzuek (oromoek) beren lurraldearen autonomia ez ezik, independentzia ere eskatzen zutelako. 2000ko hauteskundeetan, FDRPE alderdia irabazlea izan zen.

Gobernua eta administrazioa aldatu

Politika aldatu

Etiopia errepublika federal parlamentarioa da. Presidentea estatuburua eta lehen ministroa gobernuburua da. Legebiltzarra ganbera bikoa da: Federazioaren Ganbera (Yefedereshein Mikir Bete), 153 eserleku dituena, eta Herri Ordezkarien Ganbera (Yehizb Tewokayoch Mekir Bete), 547 eserleku dituena. Economist Intelligence Unit erakundeak egindako Democracy Index-aren arabera, ordea, erregimen autoritarioa da. NBEko kidea da.

1991n Mengistu agintetik kendu zutenean hasi zen demokraziarako trantsizioa. Ordezkarien batzar bat osatu zen trantsizioa bidera zezan, eta batzar hark lehendakaria izendatu zuen; batzar horren ardura izan zen lehen ministroa izendatzea ere. 1994an konstituzio berri bat eman zen eta 1995ean hauteskundeak antolatu ziren (oposizioak gorabeherak salatu zituen). 1993an Eritreako lurraldeak independentzia lortu zuen Etiopiatik; gerraren ondoren Etiopiako Armada banatu egin zen, eta egun herrialdeak ez du itsas armadarik, Eritrearen esku geratu baitzen.

Banaketa administratiboa aldatu

 
Etiopiako eskualde eta eskualde-hiriak

Etiopia bederatzi eskualde eta bi eskualde-hiritan banatuta dago. Eskualdeek (kililoch, singularrez kilil) oinarri etnikoa dute eta 68 aldetan banatuta daude. Eskualde-hiriak (astedader akababiwoch, singularrez astedader akababi) Addis Abeba eta Dire Dawa dira. 550 barruti (woreda) eta sei barruti berezitan azpibanatuta dago eta horiek, auzoetan (kebele).

Etiopiako eskualde eta eskualde-hiriak
Bandera Izena Biztanleria (2015)[7] Eremua (km2)[7] Dentsitatea Hiriburua
1 Addis Abeba (hiria) 3.273.000 527 6.210
2   Afar 1.723.000 72.053 23,9 Semera
3   Amhara 20.401.000 154.709 131,9 Bahir Dar
4   Benishangul-Gumuz 1.005.000 50.699 19,8 Asosa
5 Dire Dawa (hiria) 440.000 1.559 282,2
6   Gambela 409.000 29.783 13,7 Gambela
7   Harari 232.000 334 694,6 Harar
8   Oromia 33.692.000 284.538 118,4 Addis Abeba[8]
9   Somali 5.453.000 279.252 19,5 Jijiga
10   HNNHE 18.276.000 105.476 173,3 Awasa
11   Tigray 5.056.000 84.722 59,7 Mekele

1996 baino lehen, Etiopia hamahiru probintziatan banaturik zegoen, gehienak eskualde historikoak: Arsi, Bale, Gamu-Gofa, Gojjam, Begemder, Hararghe, Illubabor, Kaffa, Shoa, Sidamo, Tigray, Welega eta Wollo

Demografia aldatu

Demografia aldatu

2017an Etiopiak 105 milioi biztanle zituen, 92,7 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Biztanleen %20,4 besterik ez da bizi hiriguneetan. Adinka, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %43,5 dira, 15-24 urte bitartekoak %20,1, 25-54 urte bitartekoak %29,6, 55-64 urte bitartekoak %3,9 eta 65 urtetik gorakoak %2,9. Bizi itxaropena 62,2 urtekoa da, 59,8 urtekoa gizonezkoena eta 64,7 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak).[2] Jaiotza-tasa garaia da oso (‰ 36,5 2017an)[2], eta heriotza-tasa ere altua den arren (‰ 7,7), bizkor hazten ari da biztanle kopurua.

Banaketa etnikoa aldatu

 
Etiopiako etnien banaketa geografikoa

Etiopiako ezaugarri nagusietako bat etnien aniztasuna da; biztanle gehienak oromoak dira (%34,5 2007an), baina kontuan hartzekoak dira, besteak beste, amharak (%26,9), somaliarrak (%6,2), tigrinyak (%6,1), sidamoak (%4), gurageak (%2,5) eta wolaytak (%2,3) ere[9]. Oro har, etnia bakoitza bizi den lurraldearen arabera banaturiko administrazio barrutietan dago antolatua Etiopia; horrela, mendialdeetan amharak bizi dira, Addis Abeba ingururaino; oromoak, berriz, erdialdean eta hegoaldean bizi dira, goi ordokietan; tigrinyak iparraldean; afarrak ipar-ekialdean; sidamak hego-mendebaldean; eta somaliarrak ekialdean eta hego-ekialdean. Dena dela, etnia, erlijio eta hizkuntza aniztasunak zeresan handia izan du Etiopian, aberastasuna ekarri duen arren, gizataldeen arteko arazo eta liskar ugariren iturri ere izan baita hizkuntza, erlijio eta kulturaren beste ezaugarri batzuetan duten desberdintasunagatik.

Hizkuntzak aldatu

Etiopian 90 hizkuntza daude Ethnologue-ren arabera[10]. Biztanle gehienek mintzaira semitak edo kusitak erabiltzen dituzte. Semita da, hain zuzen ere, amharera, estatuko hizkuntza ofiziala eta biztanleriaren % 29k hitz egiten duena. Amhareraz gain, oromoera, tigrinyera, somaliera, afarrera, gurageera, sidamoera eta arabiera dira hedatuenak. Beste batzuk ge'ez, xamtanga, kunfal, qimant, awngi, arbore, daasanach, baiso, bussa, gawwada, alaba, burji, gedeo, kambaata, libido, hadiyya, diraxa, konso eta saho dira.

Erlijioa aldatu

Egun gurtza askatasuna dago, baina Etiopiako Eliza Ortodoxoak, Egiptoko Eliza Koptoari atxikirik dagoenak, izan du garrantzi handiena enperadorearen, administrazioaren eta amhariarren erlijioa izan zelako. Estatu eliza izan zen 1974 arte.

2007ko datuen arabera, % 43,5 koptoak dira, % 33,9 musulmanak, batez ere hego eta ekialdean, % 12,6 kristau protestanteak, eta % 2,7 animistak[9]. 1980ko hamarkada arte, 30.000 laguneko gutxiengo judua zegoen, falaxa izenekoak, 1990eko hamarkadan Israelera lekualdatu zituztenak. Amhara gehienak erlijioz koptoak dira, eta oromoak kristau, musulman edo animistak.

Hiri nagusiak aldatu

Ekonomia aldatu

 
Tef saila Mojotik hurbil (Oromia)

Etiopia munduko herrialderik pobreenetakoa eta atzeratuenetakoa da. Ekonomiaren oinarria nekazaritza eta artzaintza dira, biztanleen hiru laurden enplegatu eta barne produktu gordinaren % 36,2[2] eta esportazioen % 90 hartzen baitute. Nekazaritzako gai nagusiak laboreak dira, baina lehorte larrien eraginez askotan inportatu behar izan dituzte oinarrizko elikagaiak; dena dela, lehorteez gainera, arazo ugari sortzen dituzte teknika modernorik ezak eta herrialde barneko liskarrek.

Industria oso atzeratuta dago, ehungintza eta elikagai industria dira jarduera aipagarri bakarretakoak, eta horiek ere barne kontsumorako behar dena bakarrik ekoizten dute. Meatzaritzari dagokionez, Etiopiak baditu zenbait aberastasun baina ez dira behar bezala ustiatzen. Energia beharrak asetzeko zura erabiltzen da batez ere, eta horren eraginez basoak soiltzen eta higadura arazoak sortzen ari dira. Atzerrirako merkataritzako gai nagusiak olio-haziak (esportazioen %17 2015ean), barazkiak (% 17), urrea (% 13), loreak (% 7) eta, batez ere, kafea (% 27) dira[2]; kafea da, jatorriz Etiopiako produktua, bertako aberastasun bakarretakoa, baina merkatuko prezioen eta uztaren gorabeheren mende dago.

1973ko eta 1984ko gertaera lazgarriek (erregimen aldaketak eta barne gatazkak, eritrearren eta somaliarren altxamenduak) gastu militar izugarriak ekarri zituzten. Gerra zibilaren eta ekonomiaren kolektibizazioaren eraginez Etiopiako ekonomiak hondoa jo zuen, eta 1990ean merkatu ekonomiara itzuli zenetik egoera berrira egokitzeko zailtasun handiak izan ditu. Gobernua estatuaren jabetzako lurraldeak saltzen hasi zen eta ekonomia liberalizatzeko neurriak hartzen ari da, baina ez dago garraio egokirik, ur falta handia da eta azpiegiturak oso kaskarrak dira; XX. mendea arte Etiopian oinez edo animalien gainean ibiltzen ziren bertako biztanleak, eta garraiobide berriak antolatzen ari diren arren, gaur egun oraindik jende eta ondasun asko garraiatzen dira oinez edo animalietan. 1999an, Eritrearekiko gerrak sortutako ihesaldi handien ondorioz, gosete latzak izan ziren eta lurra zeharo hondatuta geratu zen. Eritrearekin bakea sinatu ondoren, ia bi milioi gutxiago dira bizirik irauteko kanpoko laguntzaren premian dauden etiopiarrak. 2003-2005 bitartean, etiopiar ekonomiak % 10 egin zuen gora, baina hazkunde hori oso modu desberdinean banatu zen lurralde osoan zehar.

Azpiegiturak aldatu

Garraioa aldatu

Aireportuak aldatu

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Kultura aldatu

Gizateriaren Ondarea aldatu

 
Bete Giorgis (San Jurgi) eliza, Lalibelan

Etiopian Gizateriaren Ondare sailkatutako zortzi toki daude. Aksum (Aksumgo Erresumako hiriburua) eta Lalibela (haitzean induskatutako elizak) dira ezagunenak.

Jaiegunak aldatu

Jaiegun kristauak

Eguna Euskarazko izena Jatorrizko izena Oharrak
urtarrilaren 6 edo 7 eguberriak Gänna/Ledät (ገናልደት) Jesukristoren jaiotza
urtarrilaren 19 Timkat Temqät (ጥምቀት) Epifania
apirila edo maiatza Pazkoa Fasika (ፋሲካ)
irailaren 11 Urteberria Enqutatash (እንቁጣጣሽ)
irailaren 27 edo 28 Meskel Mäsqäl (መስቀል) Gurutze Santuaren eguna

Jaiegun musulmanak (egunak hejira egutegian)

Eguna Euskarazko izena Jatorrizko izena Oharrak
Chawal 1 Aid el-Fitr Id Alfitr Ramadan amaiera
Dhi Hidja 10 Aid el-Adha Id al Adh Hadj-eko egun nagusia (erromesaldia Mekara)
Rabi Thani 12 Mawlid an-Nabi Mäwlid Profetaren jaiotza

Jaiegun nazionalak

Eguna Euskarazko izena Jatorrizko izena Oharrak
martxoaren 2 Adwako Guduko oroitzapena Adwa del (ዓድዋ ድል) Menelik II.aren garaipena Italiarren aurka (1896)
maiatzaren lehena Langileen eguna
maiatzaren 5 Askapen eguna / Etiopiar Abertzaleen garaipena Omédla del (ኦሜድላ ድል) Haile Selassieren itzulera Addis Abebara (1941)
maiatzaren 28 Derg-en erorketa

Etiopiar ezagunak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. 38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2017-9-23).
  2. a b c d e The World Factbook: Ethiopia. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-9-23).
  3. a b c Ethiopia: Topography and Drainage. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-10-2).
  4. Ethiopia: Climate. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-10-2).
  5. Ethiopian Climate. ethiopiantreasures.co.uk (Noiz kontsultatua: 2017-10-2).
  6. Etiopia, Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, euskadi.net
  7. a b Ethiopia. citypopulation (Noiz kontsultatua: 2017-9-25).
  8. The Oromia National Regional State. ethiopia.gov.et (Noiz kontsultatua: 2017-9-25).
  9. a b 2007 Ethiopian census, first draft. Ethiopian Central Statistical Agency, csa.gov.et (Noiz kontsultatua: 2017-10-8).
  10. Ethiopia. ethnologue.com (Noiz kontsultatua: 2017-10-8).
  11. Population Projection of Ethiopia for All Regions At Wereda Level from 2014 – 2017. Government of Ethiopia (Noiz kontsultatua: 2017-9-25).

Kanpo estekak aldatu