Korsika[1][2][3] (korsikeraz: Corsica; frantsesez: Corse) Mediterraneoan, Tirreniar itsasoaren mendebaldera, Sardinia uhartearen iparraldera, kokaturiko uhartea da.

Korsika
Corsica
Corse
Flag of Corsica.svg
Korsikako bandera
Coat of Arms of Corsica.svg
Corse region locator map2.svg
Geografia
HiriburuaAjaccio
41°55′32″N 8°44′11″E
Azalera8.680
Punturik altuenaMonte Cinto
Administrazioa
PresidenteaGilles Simeoni
LegebiltzarraKorsikako Asanblada
Demografia
Biztanleria340.440 (2019)
Green Arrow Up.svg1.886 (2018)
Dentsitatea39,22 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ekonomia
Historia
Sorrera data: 1972ko urtarrilaren 1a
Bestelako informazioa
Ordu eremua
isula.corsica

8.680 km²-ko hedadura du eta 350.273 biztanle (2018). 1768tik Frantziaren zatia da. Administratiboki, Korsikak "Lurralde Kolektibitate" (collectivité territoriale) estatusa du, bi departamenduz osatua: Hego Korsika eta Korsika Garaia.

Hiriburua Ajaccio (korsikeraz: Aiacciu) da eta 71.361 biztanle zituen 2019an.

GeografiaAldatu

Korsikak 8.680 km2-ko azalera du. Uhartea Frantziako Kosta Urdinetik 200 kilometro ingurura dago, Italiako Toskana eskualdearen mendebaldean eta Sardinia uhartearen iparraldean. Uharteko paisaia basoz betea eta menditsua da, eta hegoaldeko kostaldean Bonifacioko itsasartean itsaslabarrak nagusitzen dira. Frantzian, Edertasunaren Uhartea deitzen zaio. Antzinako greziarrek Mediterraneoko uharte honi Kallisté («Ederrena») zeritzoten.

 
Korsikaren irudia, NASAk satelite bidez hartua.

Korsika eta Sardinia mikroplaka kontinental batean daude, Frantziatik eta Italiatik banaturik. Plaka horrek "korsikar-sardiniar blokea" izena du.

Mila kilometro inguru dituen bere kostaldeari esker (horietako 300 kilometro, hondar finezko hondartzez osatuak), Korsika itsas kirol zaletuen, urpekarien eta itsas zaletuen helmuga ospetsua da. Gainera, XX. mendearen hasieran, hainbat bisitariek Mediterraneoko ohiko uharte idorretatik ezberdindu nahirik, Korsikari Uharte Berdea ezizena ipini zioten. Eta zinez, nahiz eta Korsika Hegoaldeko Europan eta isolaturik egon, inguruko uharteekin parekatuz gero uharte orlegia da.

Luze-zabalerari dagokionez, Korsika 183 kilometro luze da lerrorik luzeenean neurtuta, eta 83 kilometro zabal lerrorik zabalenean. Denera 1.000 kilometro inguruko kostaldea du, eta 200 hondartza.

Korsikaren orografia menditsua dela eta, mendi ugari daude. Horien artean garaiena Monte Cinto (2.706 metro) mendia da, eta badira 2.000 metro baino gehiagoko garaiera duten beste 20 mendi ere. Mendiak uhartearen azaleraren bi heren dira, mendilerro bakar bat osatzen dutela.

Basoek 8.682 km² hartzen dituzte, hots, uhartearen bostena. Gainera, horietako 3.500 km² natura erreserba dira.

Uhartean parke natural bat aurkitzen da (Korsikako parke naturala), milaka animalia eta espezie babesten dituena, horietako batzuk endemikoak. Parkea 1972an onartu zen eta barnean hartzen ditu Portoko golkoa, Scandolako natura-erreserba (UNESCOk Gizateriaren Ondaretzat hartua) eta uharteko mendi altuenetako zenbait.

GR20 Ibilbide Luzeak Korsika zeharkatzen du 200km-ko ibilbidean zehar.

Uhartean hainbat ibai aurkitzen dira, garrantzitsuenak honakoak: Golo (bere ibaiadarrak: Calasina, Asco, Tartagine eta Casaluna), Tavignano (bere ibaiadarrak: Restonica, Vecchio eta Manganello), Fium Orbo, Travo, Rizzanese, Taravo, Gravona, Prunelli, Liamine (bere ibaiadarrak: Grosso eta Cruzzini), Porto eta Fango.

KlimaAldatu

Korsikan, orokorrean, mediterranear klima aurki genezake; hau da, uda bero eta lehorrak; neguak aldiz, suabe eta euritsuak kostaldean, eta askoz hotzagoak, elurteak barne, barnealdeko mendietan.

Urteko tenperaturaren batazbestekoa (12 °C) ez da oso argigarria, mikroklima ugari sortzen direlako uhartearen orografiaren ondorioz, mendi malden kokapen eta eguzkiaren sartzeak baldintzaturik. Kostaldeko urteko batazbesteko tenperatura 16,6°C-koa da: negukoa 7-8°C eta udakoa 25 °C.

Prezipitaziorik gehiena udazken eta neguan izaten da (azaroa da hilabeterik euritsuena), ekainetik urrira ordea, lehortea izaten da gehienetan, euria egiteko probabilitate gutxirekin.

Haizerik ohikoenak ipar-mendebaldeko "Maestrale", itsasaldetik Bunifaziu-ko norantzan oso gogor jotzen duena, hego-mendebaldeko "Libeccio" eta hego-ekialdeko "Scirocco" dira.


HistoriaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Korsikako historia»

Hauxe da Korsikaren historia modu kronologiko batean azalduta[4]:

Korsikako lehen biztanleak, italiako penintsulatik Korsika eta Sardinia uharteetara pasa ziren. Glaziazioengatik, Mediterraneo Itsasoak behera egin zuen eta lurretik pasa ahal zen Italiar Penintsulatik uharte hauetara eta. Duela 12000 edo 14000 urte itsasoa berriz gora egin zuen eta uharteak eta penintsula aldendu zituen prozesua hasi zen. Lehen astarnak, orain dela 11000 urte itzi zituzten arbasoek, Porto-Vecchio aldean. Orain dela 8000 urte ingurudituen emakume (Bonifazioko emakumea) baten hezurrak aurkitu dira baita ere,hegoaldea, Bonifazio hirian.

Kristo aurreko IX. mendeko feniziarren inskripzioak aurkitu dira.

Korsika ErromatarraAldatu

K.a. 259. urtean, erromako probintzia bihurtu zen, baina kolonizazioa ez zen K.a. 105. urtera arte hasi. Urte horretan, Mario, Mariana hiria eraiki zuen.

K.a. 44. urtean, Diodorok Korsika bisitatu zuen eta honako iritziak idatzi zituen; beste herri batzuek baino justizia aurreratuagoa zutela. 30000 pertsona inguru zirela estimatu zuen, eta artzainak zirela gehiengoak. Komunitatearen lurraldea denona dela eta zaindu beharraren sentimendua ere nabarmendu zuen. Sentimentu hau ez zen XIX. mende erdira arte galdu.

Antonino enperadorearen garaian, komunikabideak hobetzeko lan handiak egin ziren. Aleria-Aiacium barnetik, Aleria-Mantinum ekialdeko kostaldean, Aleria-Marianum, hegoaldean.

Erromatar historia V. mendera arte irauten du.

Erdi AroaAldatu

Bandaloak eta Godoak ikia mikak izan zituzten irla kontrolatzeko, baina 469. urtean, Genseriko irlaren kontrol osoa hartu zuen. Bere erregetzaren 65 urteetan, Bandaloek irlaren basoak erabili zituzten itsasuntziak eraikitzeko. Horrela, Mediterraneo mendebaldea kontrolatu zuten bere flotarekin.

774. urtean, Karlomagno Italian gailendu zen eta Korsikaren jabe bihurtu zen.

806. urtean, iberiar penintsulatik etorritako musulmanak korsikara ailegatu ziren. 810. urtean irlaren kontrola izan zuten.

828. urtean Bonifazio II.-ak uhartea defendatu zuen eta hegoaldean bere izena duen hiria eraiki zuen. Hala ere musulmanak uhartearen zenbait eskualderen jabe izan ziren 930. urtera arte.

1015. urtean, Deniako Taifak irla konkistatu zuen baina urte bat geroago handik alde egin zuen.

1295. urtean, Jakue II. Aragoikoa Korsika eta Sardiniako errege izendatua izan zen.

XVI. mendearen lehenengo erdian, Frantziak Korsikas jabetzeko planak egin zituen.

Aro ModernoaAldatu

1755. Genovaren kontra matxinatuta, independentzia eskuratu zuen Korsikak, Pasquale Paoli jeneralaren gidaritzapean. Korsikako Konstituzioa aldarrikatu zuen Paolik; historia garaikideko aurrenekoa.

1769. Hamalau urtez izan zen independente Korsika. Versallesko itunaren arabera, Genovak Frantziari saldu zion irla.

1789. Amnistia lortu zuten Pasquale Paoli eta bere gizonentzat. Hurrengo urteko udaberrian Paolik Parisera joan zen eta, gero, Korsikara itzuli zen 21 urte geroago. Momentu hauetako Napoleonen eskutitz batzuk esagutzen dira. Bera, Paoli miresten zuen. Paoli atxilotzeko erabakia hartu zen 1793ko apirilean. Napoleon Bonaparteren familiako etxea urte honetan erre zuten, baita ere.

1793-1796. Ingalaterrak Korsikatik kanporatu zuen Frantzia, eta bigarren konstituzioa izan zuen Irlak. Hiru urtera bereganatu zuen berriro Frantziak.

1816-1912. Korsikan aduana lege koloniala ezarri zuen Frantziak. Homogeneizazio kulturala abiatu zuen Frantziako Bigarren Inperioak.

1914-1918. Lehenengo Mundu Gerran irlako ehuneko 10ak gerran hil zen.

1942-1943. Bigarren Mundu Gerran, Italiako armadak konkistatu zuen irla. Erresistentzian, 172 korsikar hil ziren.

1976. Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea sortu zen, urte batzuk lehenago sortutako Ghjustizia Paolina eta Fronte Paesanu Corsu di Liberazione batuta.

1982ko uztailaren 30a. Estatutu bereziko Lurralde Kolektibitatea izendatu zuen Frantziak Korsika.

1998ko otsailaren 6a. FLNCk tiroz hil zuen Claude Erignac Korsikako prefeta.

2003ko uztailaren 3a. Lurralde Kolektibitatea eta bi departamentuak bakarrean batzea baztertu zuten herritarrek erreferendum bidez.

2014ko ekainaren 25a. FLNCk borroka armatua uzteko erabakia iragarri zuen.

DemografiaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Korsikar»

1998ko erroldaren arabera korsikar biztanleriaren %87,1ak frantziar nazionalitatea zuen, eta gainontzeko %10a (26,018 biztanle) Frantziatik kanpo jaiotakoa zen. Bertako etorkinen gehiengoa Magreb eskualdekoa zen, bereziki marokoarrak (etorkinen %41,9a), baina italiarak (%18,7) eta portugaldarrak (%12,3%) ere bazeuden.

Hiri nagusiakAldatu

Izena korsikeraz Izena frantsesez Biztanleria (2019)

Aiacciu Ajaccio 71.361

Bastìa Bastia 48.503

Portivechju Poto-Vecchio 11.132

Corti Corte 7.468

Calvi Calvi 5.774

Prupià Propriano 3.699

Sartè Sartène 3.248

Bunifaziu Bonifacio 3.192

Lìsula L'Île-Rousse 3.163

Cervioni Cervione 2.199

Aleria Aléria 2.185

San Fiurenzu Saint-Florent 1.681

Vicu Vico 889

Ruglianu Rogliano 538


EkonomiaAldatu

Nekazaritzan (mahastiak, olibondoak, fruitu garratzak) eta turismoan oinarritzen da Korsikako ekonomia. Industria ez dago oso garatua. Burdinbide batek lotzen ditu Korsikako hiri eta eskualde nagusiak (Aiacciu, Bastia, Calvi). Bastian eta Aiacciun daude, bestalde, uharteko aireportu garrantzizkoenak.

Turismoari dagokionez, uharteko eguraldi goxoak eta bere paisaia ederrak, Frantzia eta Europako zenbait herrialdetako turisten gustoko oporleku bihurtu dute. Turismoa batez ere uhartearen hegoaldean, Portivechju eta Bunifaziu inguruan, eta ipar-mendebaldean, Calvi inguruan kokatzen da.

PolitikaAldatu

Autonomismoa eta independentismoan egituratuta dago abertzaletasun politikoa Korsikan, gaur egun: Femu a Corsicaren koalizio autonomistaren eta Corsica Libera indar independentistaren inguruan. Lehena, borroka armatuaren kontrakoa; bigarrena, estrategia horren zilegitasunaren defendatzailea.

1977an sortu zen Korsikako Herriaren Batasuna (UPC). Sorreran ez zuen bere burua ez ezkerrekotzat eta ez eskuinekotzat jotzen, eta, Edmond eta Max Simeoni anaien gidaritzapean, joera politiko eta alor profesional anitzeko jendea biltzea zuten helburu. Horrek eragin zuen, 1994tik aurrera, herri klaseen eta gazteriaren babesa ez lortzea. Ahulduta, ez zen Korsikako Biltzarreko 1999ko bozetara aurkeztu, eta independentistekin joan zen 2004koetara. 2000an Scelta Novarekin batu zen, eta, François Alfonsik zuzenduta, alderdia autonomismoaren erreferente bihurtu zen.

Korsikako Nazioaren Alderdiak (PNC) hartu zuen PC-SNren lekukoa 2002an, eta gaur egun Femu a Corsica koalizioko kide nagusia da. Chjama Naziunale 2003an jaiotako alderdiarekin eta Insemerekin egin zuen koalizioa; 2009an eta 2014an udal hauteskundeetarako, eta 2010ean Korsikako Biltzarrerako.

Independentismoak ere egonkortasuna lortu du 2009az geroztik, hain zuzen Corsica Libera sortu zenetik. Corsica Nazione Indipendente, Rinnovu, ANC-PSI eta Strada Diritta batuta sortu zuten alderdia, nahiz eta 2012an Rinnovu batasunetik atera. FLNC 1976an sortuta, hamar urte geroago sortu zen Unita Naziunalista eta 1987an Cuncolta Naziunalista, askapen mugimenduaren tresna politiko gisa. Cuncoltak Accolta Naziunale Corsak eta I Corsi Verdik bat eginda jaio zen 1992an Corsica Nazione.

Independentismoa bide demokratikoetara mugatuta eta bi korronte abertzale nagusiak sendotuta, aro berri bat nabaritzen da, non «abertzaletasun legezko eta demokratikoa herritarren mobilizazio eta parte hartze indar» gisa jotzen duen. 1896-2013 artean bost mobilizazio aro antzeman dira: korsismoa (1896-1945), erregionalismoa (1950-1976), autonomismoa (1960-1976), nazionalismoa eta independentismoa (1976— gaur egun).

Korsikako Biltzarrerako hauteskundeak. Bigarren itzulietako emaitzak ehunekoetan.

  • 1999: independentistak %16,8; ezker unionistak (PRG) %22,7 eta eskuin unionistak %27,3.
  • 2004: independentisten eta autonomisten koalizioa %17,3; ezker unionistak (PRG) %33,7 eta eskuin unionistak %25,0.
  • 2010: independentistak %9,8; autonomistak %25,9; ezker unionistak %36,6 eta eskuin unionistak %27,6[5].
  • 2015: independentisten eta autonomisten koalizioa %35,34; ezker unionista %17,5; eskuin unionista %15,7; Fronte nazionala %5,9

KulturaAldatu

HizkuntzakAldatu

Korsikan korsikera, frantsesa eta, iparraldeko uharte eta zonalde batzuetan, dialekto liguriarrak mintzatzen dira. Bastiako eta Ajaccioko hirietan bizi da Korsikako biztanleen herena baino gehiago. Emigrazio lurra da Korsika eta ondorioz zahartzen ari da bertako biztanleria (64 urtetik gorakoak Korsikako biztanleen laurdena baino gehiago dira). Korsikera da hizkuntza nazionala, frantsesa hizkuntza ofiziala den arren, biztanleen % 70ek hitz egiten dute korsikeraz.

Korsikera hizkuntza erromantze bat da, hizkuntza italikoen azpitaldekoa. Italierarekin antz handia du eta sarri dialekto toskandarraren multzokoa jotzen da. 145.000 pertsona inguru dira korsikeraz mintzatzeko gai. Zenbat eta gazteagoa izan apalagoa da korsikeraren jakintza eta erabilera. Azken urteetan hizkuntza babesteko eta erakustearen alde hainbat aldarrikapen egin dituzte korsikarrek. Hizkuntza biziberritzeko egitasmoak ere badaude, adibidez zenbait eskoletan ematen diren korsikerazko klaseak.

Bestalde, korsikeraren hedapen eremu tradizionalak Sardinia uhartearen iparraldeko eskualdeak ere hartzen ditu bere baitan, non Gallurese eta Sassarese dialektoak mintzaten diren[6].

MusikaAldatu

Canta U Populu Corsu eta I Muvrini aipagarriak dira folk musikaren arloan.

Korsikar ezagunakAldatu

Ikus, gaineraAldatu

ErreferentziakAldatu

Kanpo estekakAldatu