Belatz gorria (Falco tinnunculus) Falconidae familiako hegazti harraparia da. Europan, Asian eta Afrikan asko zabaldutako espeziea da, noizbehinka Ipar Amerikako ekialdeko kostaldeetara ailegatzen dena.

Belatz gorri
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaFalconiformes
FamiliaFalconidae
GeneroaFalco
Espeziea Falco tinnunculus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masaemea: 201 g
21 g
arra: 167 g
Zabalera0,73 m
Kumaldiaren tamaina4,2
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora28 egun
Genomaren kokapenaensembl.org…
Falco tinnunculus alexandri

Belatz gorria oso sarritan ikus dezakegun hegazti bat da. Izan ere, belatz gorria airean geldi ikustea arrunta da oso, haize gogorrenek jotzen dutenean ere harraparia behatu bitartean mugiezinik, zelatari. Adituak ez diren begientzat, ordea, uso batekin nahastu daiteke, oso tamaina antzekoak baitira biak. Edonola, hegazti liraina da, eta kolore gorria erraz ikus zaitzakegu.

Deskribapena

aldatu

Belatz gorria tamaina txiki-ertaineko hegaztia da, 57-79 cm-ko hego-zabalera eta 27-35 cm-ko altuera daukana (Martinez-Padilla, 2006). Arrak emeak baino apur bat txikiagoak dira eta nabarmen arinagoak. Gainontzeko belatzek bezala, belatz gorriak hegoak luzeak eta zorrotzak eta buztan luzea du eta, oro har, itxura liraineko hegaztia da. Airean geldirik mantentzeko gaitasunagatik erraz identifikatu daiteke.

Hego muturrak beltzak ditu eta goialdea gorrixka, orban ilunez betea. Behealdea, berriz, zurixka du. Arrak isatsa eta burua grisak dauzka, eta isatsa banda beltz batean amaitzen da. Emeek eta urteko gazteek ez ohi dute grisik izaten, eta orban ilunak ar helduetan baino nabarmenagoak dira, bai goialdean bai eta behealdean ere (Mullarney et al,).

Kantua

aldatu

Arrek zein emeek oi-erregistroko oihu ozenak egiten dituzte, ki kii ki kii modukoak. Habiaren inguruan triiii trrriii trrriii moduko kantu errukarriak egiten dituzte, emeek batez ere.

Hegaldia

aldatu

Hegan egiteko era belatz guztien antzerakoa da, hegaldi bizkorrak egiten ditu hego astindu indartsuekin.

Hegoak puntan bukatzen dira eta nahiko luze zein estuak dira, horrek abiadura handia ematen dio belatzari abiadura handiak hartzeko airean.

Belatz gorriak airean puntu zehatz batean mugitu barik geratzeko berezko gaitasuna du, hori dela eta harrapakinak zelatatzeko gai da adar edo azalera batean pausatu gabe.

Belatz handiaren azpiespezieak

aldatu

Belatz gorriaren azpiespezie hauek sailkatu dira:

  • Falco tinnunculus tinnunculus Linnaeus, 1758
  • Falco (tinnunculus) rupicolus Daudin, 1800
  • Falco tinnunculus rufescens Swainson, 1837
  • Falco tinnunculus interstictus McClelland, 1840
  • Falco tinnunculus rupicolaeformis (C. L. Brehm, 1855)
  • Falco tinnunculus neglectus Schlegel, 1873
  • Falco tinnunculus canariensis (Koenig, 1890)
  • Falco tinnunculus dacotiae Hartert, 1913
  • Falco tinnunculus objurgatus (Baker, 1929)
  • Falco tinnunculus archerii (Hartert & Neumann, 1932)
  • Falco tinnunculus alexandri Bourne, 1955

Banaketa

aldatu

Mundu mailan belatz gorriak oso hedatua dago (banaketa azpiartiko, afrotropikal eta indomalaysiarra dauka) (Village, 1990). Iberiar penintsula osoan aurki daiteke baina 3 gunetan dago batez ere, eta gune horietako bat Euskal Herriko erdialdea da (martinez-Padilla, 2006).

Euskal Herrian

aldatu

Espezie generalista denez, Euskal Herrian oso hedatua dagoen hegazti harraparia da. Hirigunetan erraz ikusten den hegazti horietakoa da. Ez da gune despoblatuetara jo behar belatz gorria behatzeko, Euskal Herriko hirigune nagusietan ikustea nahiko erraza da.

Garaia

aldatu

Iparraldeko Europako populazioek hegoaldeko Europara eta iparraldeko Afrikara migratzen dute bertan negua igarotzera. Mugimendu horietan espezie bereko ale asko ikus daitezke aldi berean bidaiatzen (Village, 1990). Europa erdialde eta hegoaldeko populazioek, ordea, ez dute migratzen. Halere, Iberiar penintsulako populazioek egiten duten bezala, migrazio partzialak egiten dituzte horietako askok (hau da, kumatze garaia bukatutakoan bidaia laburrak egiten dituzte hegoaldera) (Glutz et al, 1971; Cramp eta Simmons, 1980; Village 1990).

Beraz, belatz gorri askok negua Iberiar penintsulan igarotzen dute; bertakoak direnak nahiz Europa iparraldetik hurbildu direnak. Azken hauek abuztu bukaeran hasten dira migratzen (azaroa arte oraindik ale batzuk bidaiatzen ikus daitezke) (Bernis, 1974 eta 1980; Thyollay eta Perthuis, 1975).

Habitata

aldatu

Habitatari dagokionez, belatz gorria espezie generalista da. Harkaitzetan, sasi-basamortuetan, landa eta abeltzaintza eremuetan, dentsitate baxuko basoetan, giza eremuetan... ikus daiteke. Edonola, ehizarako gune irekiak behar dituenez landare dentsitate handiko zonak ekiditen ditu. Neguan landa eta nekazaritza eremuak hobesten ditu (Del Moral et al, 2002; Martinez-padilla, 2006).

Gainontzeko belatzek bezala, belatz gorriak ez du habiarik eraikitzen eta habia gisa beste hegaztiek egindakoak hartzen ditu (batez ere belabeltzak egindakoak). halaber, zuhaitzetako txokoak, harkaitzetako arrakalak, gizakiak egindako egiturak eta lurra bera ere balia ditzake (Balfour, 1955; Fargallo et al, 2001; Martinez-Padilla, 2006).

Elikadura

aldatu

Belatz gorria harrapari haragijalea da. Bere dieta ugaztun txikiek osatzen dute batez ere baina, egoerak hala behartzen badu, hegazti txikiak, intsektuak, narrastiak eta anfibioak ere jaten ditu (Cramp eta Simmons, 1980). Espainian narrastiek eta intsektuek garrantzia handia dute, eta kiropteroak ere jaten dituela ikusi da (Elosegui, 1974; Carrilo eta Gonzalez-Davila, 2005; Negro et al, 1992).

Ugalketa eta ontogenia

aldatu

Euskal Herrian belatz gorriek bikote sendoak osatzen dituzte, baina haien fideltasuna beste hegazti harrapariek dutena baino txikiagoa da (bikotez kanpoko kopulak ikusi dira) (Martinez-Padilla, 2006). Belatz gorriaren ugalketa garaia martxoa eta maiatza artean hasten da, neguko migrazio mugimenduak amaitzen direnean (Martinez-padilla, 2006). Orduan, arrak haien lurraldeengatik borrokatzen dira, eta ohikoak dira oihuak, deiak eta arren arteko borrokak.

Ez dago argi hautespen sexualik badagoen baina, hala balitz, badirudi arren hego-luzera, lumadi argitsuagoa eta koloreen bizitasuna ezaugarri positiboak direla (Palokangas, 1994; Martinez-Padilla, 2006). Bikoteak osatzen direnean hegaldi ikuskizunak egiten dituzte eta bikoteen arteko deiak areagotzen dira. Gainera, gorteiatzeetan arrek emeei harrapakinak eramaten dizkiete (jokabide hau beste hegazti harrapari askotan ere ikusia izan denez arraren kalitatearen adierazlea dela uste da) (Mougeot et al, 2002).

Arrautzak apiriletik ekainera arte erruten dira (3 eta 7 arrautz artean). Arrautza hauek 31 mm inguruko zabalera eta 40 mm inguruko altuera izaten dute (enbrioi arrak dituztenak handiagoak dira) (Martinez-Padilla, 2006). Inkubazioaz emea arduratzen da batik bat (arrak denbora-tarte txikietan laguntzen dio), inkubazio-aldiak irauten duen 25 egunetan zehar. Arrautzak ez direnez aldi berean erruten kumeak ez dira aldi berean jaiotzen, eta horrek desabantaila bat suposatzen du azkenekoak jaio direnentzat. Izan ere, lehenago jaio diren txitekiko konpetentziak asko ahultzen ditu (Martinez-Padilla, 2006).

Kumeak 26-30 egunez egoten dira habian, eta epe horretan zehar gurasoek elikatzen dituzte: arrak habira harrapakinak eramaten ditu, eta emeak kumeen artean banatzen ditu. Behin habia utzita kumeak gutxi gorabehera 16 egunez gurasoen habiaren inguruan egoten dira eta azken hauek bazkatzen dituzte (Bustamante, 1994).

Espezieen arteko elkarrekintzak

aldatu

Bi espezieentzat habitata egokia denean belatz gorriak Newman belatzen kolonietan ugaltzen ikusi da (Martinez-Padilla, 2006). bestalde, arestian aipatu bezala, belatzek beste hegaztien habiak erabiltzen dituzte. Horien artean karrakenak (Coracias garrulus) geroz eta gehiago erabiltzen ditu, eta zenbait ikerlarik belatz gorriek habitataren kalitatea karraken ugal arrakastarekin lotzen dutela uste dute (Parejo et al, 2005).

Azkenik, belatz gorriek haien harrapari izan litezkeenen aurrean gogor defendatzen dute haien habia: zapelatzen (Buteo buteo), arrano sugezaleen (Circaetus gallicus), arrano beltzen (Aquila chrysaetos), miruen (Milvus sp.) edota azerien (Vulpes vulpes) aurrean, adibidez (Martinez-Padilla, 2006).

Antzeko espeziea Naumannen belatza (Falco naumanni) du.

Kontserbazioa

aldatu

Mundu mailan IUCN erakundeak zahurkorra kontsideratzen du. Espainian, ordea, ez da mehatxatua kontsideratzen. Hala ere, estatuko legeak babesten du, beste hegazti harrapariak bezala.

Ez dirudi Euskal Herriko populazioak gainbeheran daudenik, baina Espainian beherako joera dute (Martinez-Padilla, 2006). Hauek dira belatz gorrien populazioetan eragiten duten faktoreak (Aviles et al, 2001; Martinez-Padilla, 2003; Del Hoyo et al, 1994; Jans eta Ferrer, 1999; Barrios eta Rodriguez, 2004):

  • Ehiza eta arrautzen lapurretak.
  • Habitat galera.
  • Nekazaritza tradizionalaren galera eta nekazaritza intentsiboan erabilitako intsektizidak eta pestizidak.
  • Elektrokuzioak.
  • Aerosorgailuen kontrako talkak.

Erreferentziak

aldatu