Herensuge

kondairetako dragoia

Herensugea edo dragoia mundu osoko mitologian agertzen den animalia-izakia da, baita Euskal Herriko mitologian ere. Antzinako kulturen ikusmolde telurikoaren osagai garrantzitsu bat da eta herrien erlijio sinesmenetan eragin handia dauka.

Herensuge
Ezaugarriak
Herensuge baten ilustrazioa (Friedrich Justin Bertuch, 1806).

Dragoien inguruko aipamenik zaharrenetan suge forma zuten hauek. Dragoi-motako izakiak Ekialde Hurbilean aipatzen dira, Mesopotamiako arte eta literaturan. Indoeuropar kultura osoan zehar eta Ekialde Hurbileko mitologia ia guztietan ekaitzei lotutako suge erraldoi gisa agertzen dira. Antzinako

Mesopotamiako mušḫuššu, Antzinako Egiptoko Apep, Rigvedako Vṛtra, Bibliako Leviatana, Greziako mitologiako Piton, Ladon eta Lernear Hidra, Norvegiako mitologiako Jörmungandr, Níðhöggr, eta Fafnir edo Beowulfeko dragoiak hedapen honen erakusgarri dira.

Erdi Aroan sua botatzeko gaitasuna zuten, lau hegal eta lau hankako animalia gisa irudikatzen hasi ziren, beste dragoi batzuk nahasiz. Mendebaldeko kulturatan dragoia beti izan da garaitu beharreko monstruo bat, eta santu zein heroi ezberdinek hiltzen dituzten. Kontakizun hauen parte litzateke San Jurgirena. Fantasia liburuetan ere ohikoak dira, adibidez Hobbita edo Eraztunen Jaunan, Harry Potterren edo A Song of Ice and Fire eleberrietan.

Izenak

aldatu
 
Wawelleko Herensugea

Euskal kondairetan jasotako herensugea kokagunearen arabera itxura eta izaera desberdinak agertzen ditu.

Xahok 1855. urtean argitaratutako "Biarritz entre le Pyrinées et l´ocean[1]" liburuan dioenez herensugea simaurrean ezkutatutako oilar batek jarritako arrautza txiki batetik jaiotzen zen.

Euskara batuak herensuge hitza ezarri du dragoia adierazteko Euskal Herrian hedatuena zelakoan, baina beste izen batzuk bazeuzkan bertan sinesten zen herrialdeen arabera. Erensuge dago jasota Sara eta Zugarramurdin, Herensuge zein Herainsuge Ezpeletan, Errensuge Gameren, Edeinsuge Donezteben, Edaansuge Uhartehirin, Egansuge Errenterian, Igensuge Zaldibian, Iraunsuge Ataunen, Irainsube Urdiainen, Iransube Altsasun, Igensuge Zaldibian eta Ersuge Otxandion. Bizkaian Azturu eta Oñatin Astru izenak ere jaso dira[2].

Pizti honetako sinesmenek erdi aroan zabaldutako kondairen artean sortu zirela pentsa genezake. Hala dirudi, Zuberoan jasotako Hensugeren kondaira eta Wawelleko dragoiaren kondaira bat egiten dute nola akabatu zutenaren gertakizuna parekatzen ditugunean. Bietan herensugeari idinarru bat irentsi harazi diote bere akabera lortzeko.

Baina beste izenek ere gure herensugearen izena eta izaeraren jatorria argitzeko baliagarriak dira.

Eliza katolikoaren sinkretizatzeko ohituraren esku luzea gai honetan ere nabari daiteke. Sara eta Donostirin jasotakoak kristauen itun zaharreko Edeneko sugearekin erlazionatzen dute, are gehiago Donostiriko zazpi buruko herensugeak San Joanen Apokalipsian ageri den piztiarekin parekatu daiteke beldurrik gabe.

Ez da harritzekoa, beraz, Aralarko herensugea suntsitu zuen Mikel goiaingerua ohoratua izatea Euskal Herrian, bereziki Nafarroan.

Flaubert frantses idazleak bere aldetik, nafar kondaira eder bat – honen heroiak herensuge ikaragarri baten aurka borroka egin baitzuen - iturburutzat hartu zuen «Saint Julien l’Hospitalier» ipuin famatua idazteko.

Elezaharrak

aldatu
 
José Duesok Itxas sugearen Euskal izena "Lehena" zela jasota du.[3]

Mutur fineko gizajalea

aldatu

Herensugeari buruzko idatzietan ikerle gehienek aldera batera uzten dute gizajalea dela elezahar askotan.

"Dragoia Aralarren egiten zuen gaupasa eta txerri bat baino handiagoa zuen burua." zioten Urdiainen. Egunero pertsona bat jaten zuen, eta inork hurbildu ezkero herrira jezten zan. Zortea bota eta oso ederra zen neskatila bateri tokatu zitzaion igotzea. Kobazuloaren ahoan zegoela Dragoia irten zan eta berak San Migeli erregutu zion. Ordun azaldu zan Goñiko zalduna ezpatarekin jo eta Dragoiari lepoa moztu zion. Neskatila bere herrira bueltatu zan.

Erdi aroko kutxua dute neskatila bat egunero jan zezan oparitzen ziotela esaten dutenean. Baina ipuinen artean geratu dira sinesmen hauen aztarnak. Ezaguna den Kastillo Pranko ipuinean deabruak esaten ditun hitz eta akabatzeko modu berberak Satrustegik herensugearen elezahar bezala jasotzen ditu desberdintasun gutxiekin, bai Altsasun eta Urdiainen.[4] Herri hauetan, herensugea hiltzeko modua arrautza batekin begitartean jotzea zela esaten zen, herriko gazte batek edo sorgin baten laguntzarekin neskatxa batek egin zezakeena[2].

Arrautza eta herensugea lotzen dituzten beste kondairak ere jaso dira Urdiainen. Kondaira baten arabera, neska batek galdetu zion deabruari ea noiz hilko zen. Ber erantzuna izan zen: Ni hiltzeko hil behar da Aralar mendiko irainsubea. Irainsubea hil, tripa zabaldu eta handik aterako da erbia korrikan. Hura harrapatu eta hil, hari tripa zabaldu eta handik aterako da usoa hegan. Hura harrapatu eta hil, tripa zabaldu eta arrautza atera. Arrautzarekin kopetan jo eta hill naiz. Hori zeinek egingo du? Inork ere ez[2].

Herensuge Jauna

aldatu
 
Senarra bilatzen kontakizuna Melusina-ren kondairaren parekoa dirudi, baina senarraren ordez emaztea da kasu honetan sugean eraldatzen dena.

Jean F. Cercand-ek, Légendes et récits populaires du Pays Basque (1874-1885) liburuan, jasoa du Behe Nafarreko Buztintzeko herrian, 75 urte zituen Pierre Antxordokiren kontakizuna,"Senarraren bila".

Hiru alaba eder zeuzkan ehiztari bati Herensugea azaldu zitzaion eta, bera ez jateagatik, bere alabetako bat oparitzeko agindu zion berarekin ezkon zezan. Ehiztaria etxera joan eta gertatutakoa azaldu zien alabei. Alaba zaharrenek uko egin zioten ez bahit zuten herensugearen emazteak izan nahi. Gazteenak aitaren hitza onartu eta ehiztariak herensugeari eskaini zion.

Herensugeak bere emaztearekin alde egin zuen eta gauerako gaztelu batera iritsi ziran. Herensugea oso goiz irteten zen gaztelutik eta arratsean heldu arte ez zen itzultzen,eta jaun dotore baten itxuran bueltatzen zen.(...)[5]

Kontakizuna jarraitzen duen harren, Herensugearen emazte beharra eta jaun batean eraldatzeko boterea dira atal honetan baliagarriak.

Baltzolan gertatutakoa

aldatu
 
Baltzolako kobazuloaren sarrera handia, bertan gertatu ziren elezaharrak jasotak dauzkan gertakizunak

Dimako Baltzola kobazuloan gertatutakoaren kondaira ere ezaguna da. Baltzolako Bargondia auzoko Iturriondobetia baserrian bi anai artzain lanetan zebiltzala behin kobazuloaren barne jasotzen hari ziren behi batzuk ateratzeko ahaleginetan suge handi batekin topo egin zuten. Anai txikienak harrika hasi zitzaion sugeari beste anaiak errieta egiten zion bitartean . Halako batean harrikada batez sugeari isatsa moztu zion eta kobazulo barnetik hots izugarri batek ihesarazi zituen anaiak.

Denbora pasa zen eta anaia zaharrenak soldaduska egiten zebilela, Gabonetan bere etxearen amorrua zuela gizon bat hurbildu zitzaion Baltzolara joan nahi zuen galdezka. Gizonak baldintza bat jarri zion eramatearen truke, bi gauza eraman behar zituela bere etxera. Baietza eman ondoren kobazulo batetik sartu eta une batean Baltzolako kobazuloaren atarian aurkitzen ziren. Han eman zizkion urrezko koxkor bat beratzako eta setazko gerriko bat bere anaiarentzako. Etxekoak harriturik geratu ziran anaia zaharrena atetik sartzen ikusi zutenean. Anaia zaharrak gertatutako guztia argitu zien senideei. Anai txikiak oparitutako gerrikoa hango intxaurrondo bateri lotzeko esan zion anaia zaharrari. Egin bezain pronto zuhaitza su hartu eta zulo bat bakarrik utzi zuen lurrean.

Hurrengo egunean bi anaiak kobazulora joan eta bertan besobakar kopetilun gizon batekin topatu ziren. Agurrik eman gabe gizonak anai txikiari zergatik besamotz utzi zuen galdetu zion. Halakorik ez zuela egin anaia gazteak erantzun zioenean gizonak aspaldian suge baten haurka harrika ibili zela gogoratu zion. Bera zan suge hura eta moztutako isatsa falta zitzaion besoa. Anaia gazteak santu baten irudia zeramala lepoan ikusi zuenean ezin zuela hil baina horren ordez madarikazio bat bota zion: Iturriondobeitian ez da inoiz besamotz, erren, gor edo itsurik faltako.[6]

Kondaira hauek (Herensuge, sugea) Dragoia baino suge gizonaren (Sugoi) itxuraz aldatzeko boterea agertzen digute, hau da Sugaar, Mariren senarra.

Barandiaranek kontakizun honen bukaera Sara-ko beste batean azaltzen dala azpimarratzen du baina beste hasiera eta jarraipen batekin, Etsai, Atarrabi, Mikelats eta Atxularren kondairan. [7]

Teodosio Goñikoaren kondaira

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Teodosio Goñikoa»
 
Samiel tentaldira eraman zituen Adan eta Eva Edensugearen itxuran

Euskal Herrian Herensuge famatu bat bada hori Aralarren akabatu zutena da. Atal honen hasieran idatzitako Kondairak urteen zehar eraldatzen joan zan, Jose Mª Jimeno Juriok Nafarroako gida batean jasotzen duenez XVI. mendetik XVIII.era aldaketak nabarmenak izan ziren. Don Arnalte de Ezpeleta Goñiko zaldun bat zela dio 1534 lehenengo idatzia. Goñiko jauntxoen genealogia aldarrikatzeko sortutako idatziak lehenagoko kondaira batean oinarritzen direla dirudi; baina, berez, ikerle honen esanetan, San Mikelen elizaren sorreraren kondairan ez zegoen Herensugearen arrastorik azaltzen inondik inora.[8]

San Mikel, Mikel goiaingerua, Barandiaranen idatzietan Samiel bezala azaltzen da[9]. Euskaldundutako izena dirudi, baina Samiel bat badago goiaingeruen artean San Mikelez aparte. Deabruaren ikerlariek Samael[10] izenarekin ezagunagoa duten Jainkoaren pozoia edo Jainkoaren itsukeria bezala hebreeratik itzultzen dutena. Demonologoen idatzietan Adamen lehenengo emakumearen senarra litzake (Lilith) eta Edeneko sugearen itxuraz (Edensugea) Evari tentatu zuena ere.

Herensugea eta sugeak

aldatu

Alegien biktimak

aldatu
 
Esoporen alegiak bereak edo berak jasotakoak ziren jakiteak erraza ez bada ere Euskal Herriko batzuk bere alegietan topa ditzakegu.

Sugea da Herensugearen oinordea berezko munduan, Euskal Herrian Europako nekazari kulturetan aurkitzen diren antzeko sinesmenak topa ditzakegu.

Esopok jasota duen Artzaina eta sugea-ren alegia Euskal Herrian ere badugu. Alegia, modu murritzean esateko, suge bati (esnearekin) gizaki batek elikatzeak ez du bere izaera gaiztoa aldaraziko eta gizona bere laguna dala pentsa dezaken harren sugea beti sugea izango dala dio.[11]

Alegi hau aitzinako sineskeri batetik dator. Bularra ematen zuten emakumeengana sugeak hurbildu eta tititik esnea osten ziotela, ume gizajoaren ahoan buztana sartzen zioten bitartean. Horrela gertatzen zela pentsatzen zuten Ipar aldeko herrialde askotan.[12]

Pazko gaubeilan irakurtzen dan Exultet idatzian izan dezake sinesmen honen hedakuntzaren errua, bertan erakusten bahit zen Ama Birjinaren irudi bat (Ama Lurren itsuran) behi gorri eta suge bioi bularra ematen.[13] Baina ziurrenik, hasierako kristauetan oizkoa zen bezala, lehenagoko sinesmenetan oinarrituta egon lezake irudi hau.

Sugeen jatorri ezkorra

aldatu
 
Euskal Herrian Mikel Goiangeruak Herensuge akabatzaile papera San Jorgek ordezkatzen du beste Europako leku askotan.

Azkuek sugeen inguruko sineskeri asko jaso zituen bere jatorriarenak beraien artean.

Elorrio, Dima eta beste nonbaiten sugeak zaldi ileetatik datozela uste dute. Ilea urez betetako ontzian utzita, suge bihurtzen zela pentsatzen zuten ere Euskal Herriko leku askotan. Sineskeri berdina dago zaldien ileez. Baina Bizkaia eta Gipuzkoako toki batzuetan sineskeria hori gertatzeko emakume eta behorren ileak izan behar zutela zioten.Bizkaian, hormetako zuloetan emakumeak utzitako ileak, suge bihurtzen zirela zioten.

Ezpeletako biztanleak bere behorraren buztan ileak ebaki eta uretan bota zituen. Egun batzuk igaro ondoren suge bihurtu zirela zioten. Idei honetatik letorke norbaitek ileak irentsiko balituzke (gizaki edo behorrarenak), sugeak haziko litzaizkiokeela bere barnean. Bizkaiko zenbait herritan ileak uretan utzi ordez sutara botatzen zituzten, suge bihurtu ez zintezen.[12]

Sugearen koskak sendatzeko moduak

aldatu

Europar sinesmen gehienetan bezala sugea kaltegarria da gizakiarentzat.

Sugea kaltegarria da eta haitzuloetan bizi da gehienen ustetan.

Gizakiari kosk egitekotan "sendabideak" bazeuden, asko sendatzen ez bazuten ere.

Diman, baratxuria jartzen zien zaurian, Zuberoan ere, baratxuriak zauria "erre" egiten zuen sinesmenean.

Iraganean baratxuriaren boterea nabarmena zen antzaz, sakelan eramatekotan ez zegoen sugeren beldurrik, Nafarroan sinesten zuten arabera.[12]

Ahozko sendabideak eta beste

aldatu
 
Munduan zehar 43 sugegorri mota desberdin badira.

Sendabide magikoen bidez ere senda daiteke: Leitzan, “Salbea” alderantziz otoitz egin behar da sendatu nahian, baina Elorrio, Dima, Baztan, Arroa, Garazi eta Haltsun,zauria irekitzen zaio labanaz gurutze eran.

Erlijio kristauaren sendagile botereak zauriak sendatzeko baino zerbait gehiago erabili oi dira. Badaude zenbait tabu idiomatiko sugeaz mintzatzeko orduan. Adibidez, sugeaz mintzatzean ezin da “hil” hitza erabili, (arimarik gabeko beste izakiekin bezalaxe). Sugea “hil” dala esateko “sugea amaitu, sugea kalitu, sugea hautsi,akabatu” dala esan behar da. Nahigabe hau esaten bada, esan duenak harri baten gainean mingainarekin hiru gurutze marraztu behar ditu, eta baita ere harriari hiru musu eman. Mingainaren hanka sartzea izan denez, berak egin behar du penitentzia, orduan.

Gipuzkoako herri askotan ezin da ere “suge handia” esan, “suge mortala” baizik.

Nafarroako zenbait tokitan hiru suge topatzen dunak bekatuan dagoela sinesten dute.[12] Azken sinesmen hau Herensugearen sinesmenarekin kutsua duela dirudi.

Sutan Herensugea baino hobe arrabioa

aldatu
 
Arrabioak sutan bizi zezakeela Aristotelesek bere idatzietan zabaldu zuen, zapaltzen zuen sua itzaltzen zuela sineskeria hedatuz.

Abereekiko sinesmenak argia bota badezakete batzuetan lagundu beharrean gauzak korapilatu egiten dituzte. Suge itzak Su hitzaz osatua dagoela dirudi harren jasoak dauden elezaharretan urarekin erlazio gehiago agertzen du suarekiko baino. Berez sua da elezahar batzuetan Herensugea akabatzen duena edo behintzat hegan alde egiteko ahalmena ematen diona.

Europako nekazarien sinesmenen barne arrabioa da sutan bizi daiteken abere bakarra. Euskara batuak arrabioa (Mendebaldeko euskaran lupua eta Iparraldekoan eskorpioia izendatzeko erabiltzen den izena) pozoitsutzat jotzen zuten sineskeriek, gaizkiaren irudia zelakoan beratik ihesi behar zela sinesten zuten.

Sevillako Isidoro,, hiri hartako apezpikua izandakoa (599-636), Plinio-ren idatzietan oinarrituta, arrabioak fruitudun zuhaitzak lehortu eta edangarri ziren putzuetako ura pozoitzeko ahalmena zuela zioen, San Agustinek bitartean infernuko zigortuen seinale zela zioen erre gabe sutan ibili zezakeelako.[14]

 
Totemikoa jarraitzen du izaten, oraindik, sugearen irudia, gure gizartetik urrun aurkitzen bada ere. Argazkian Jesus Lizasoren eskultura, "Sugea"

Arrabioak urak pozoitzeko ahalmen hura Herensugeei leporatzen zieten aitzinean. Horrela azaltzen da jasota Donostiako San Vicente eliza liburu batean (1649-1745). Bertan San Joan bezperan sutara botatzen diren gauza asko ke kiratsa sortzeko eta honela hegan zabiltzan herensugeak uxatzeko botatzen zituztela dio. Herensugeak uxatuz iturri eta putzuak beraien semenaz babestu eta honela ez dituela urak pozoiduko dio.[15]

San Joanes bezperako ezaguna den esaera zaharra ere baliagairi izan da babesa lortzeko:

  • San Joan,nik ez daukat besterik gogoan, bi arraultza kolkoan, beste bi gehiago altzoan. Artoak eta gariak gorde, gorde! Sorginak eta aztiak gure artean beude! Sugeak eta apoak erre, erre![16]

Suge itxurako gaiztoaren arima

aldatu

Saran jasoa da honako elezaharra. Aburuko-bordako nagusia hil ondoren gauero menditik ukuilura suge ikaragarri bat jaisten zen bertako abereak

ikaratuz. Etxeko biztanleek argi bat piztu bezain laster sugea desagertzen zenez ez zuten atrapatzeko modurik. Zer egin ez jakinean etxe atzean zegoen harri bateri tiro egin zioten, bere ezkutalekua deseginda agertuko zelakoan, baina alferrik. Lekaroz-eko kaputxino bati deitu zioten bere otoitzekin sugea handik bota zezan eta honi esker hala gertatu zen. Inguruko jendearen sineskeriak suge hori Aburuko-bordako nagusi bekatariaren arima zela usten zuten.[17]

Herensugearen aztarnak

aldatu
 
San Joanen Apokalisiaren zazpi buruko herensugea
 
Arrasate herriari gaztelerazko izena ematen dion herensugearen oroigarri gisa egindako eskultura.

Gizakiek (euskaldunak bakarrik ez) herensugearen aztarnak naiz zeruan naiz eta lurrean ere topatzen zituzten pizti hauetan zituzten sinesmenak finkatuz. Errenteriako Egansugea, adibidez, zeruan ageri ziren meteorito, kometa edo antzeko metereologiako gertakizunetan oinarritzen dela dirudi. Lurrean ere aurkitzen zituzten pizti hauen hezurren aztarnak, galdutako Urduñako elizan gordetzen zituzten Basalduako ibilbidean akabatutako herensugearenak bezalakoak adibidez, Iraganeko saurio edo beste izaki erraldoien hezurrak zirela ezjakinean herri jakintzak herensugean baieztatzen zuen bere jatorria.

Dena den, Euskal herriko herensugeak kristautako aitzinagoko sinesmen bat ezkutatzen duela argi dago,alegia, Sugaarrekiko sinesmena, bera bahit da Euskal Mitologian suge jainkotuaren irudikapena.

Bizileku edo agerlekuak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Frantsesez) Chaho, Joseph Augustin. (1855). Biarritz entre les Pyrénées et l'océan : itinéraire pittoresque. Bayonne : A. Andreossy, 174-175 or. ISBN RES30185_1..
  2. a b c Satrústegui, José María. (1975). «La leyenda del dragón en las tradiciones de Urdiain» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 7 (19): 13–30. ISSN 0590-1871. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  3. (Gaztelaniaz) Dueso, José. (1990). Nosotros los vascos Tomo I, Mitos, leyendas y costumbres. Lur, 207 or. ISBN 84-7099-261-9..
  4. (Gaztelaniaz) Satrustegi, Jose Maria. (1995). Mitos y creencias. Orain, 83-86 or. ISBN 84-89077-36-3..
  5. (Gaztelaniaz) Cercand, Jean F. (jasoa). (2000). Cuentos tradicionales vascos. José J. de Olañeta, 71-74 or. ISBN 84-7651-823-4..
  6. (Gaztelaniaz) Dueso, José. (1990). Nosotros los Vascos Tomo I, Mitos, leyendas y costumbres. Lur, 77-80 or. ISBN 84-7099-261-9..
  7. (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1997). Mitologia del Pueblo Vasco. Ostoa, 45 or. ISBN 84-88960..
  8. Jimeno Jurio, Jose Mª. San Miguel de Aralar. Diputación Foral de Navarra, Navarra,Temas de Cultura Popular nº78 or..
  9. (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1997). Mitologia del Pueblo Vasco. Ostoa, 241-244 or. ISBN 84-88960-16-6..
  10. (Gaztelaniaz) https://es.wikipedia.org/wiki/Samael. .
  11. (Gaztelaniaz) Barandiaran Irizar, Luis de. (1986). Antologia de fábulas cuentos y leyendas del País Vasco. Txertoa, 17 or. ISBN 84-7148-086-7..
  12. a b c d Artzaia eta Sugea. Su-Ur adigai binomioa euskal pentsaera herritarrean Quijera Pérez, José Antonio http://www.eusko-ikaskuntza.eus/PDFAnlt/jentil/09/09011101.pdf
  13. Ama Birjina, Lurraren irudikapenean, behi gorri eta suge bateri bularra ematen, Exultet. https://www.januszkowalskikazimierz.pl/images/il.%206.jpg. .
  14. (Gaztelaniaz) http://www.naturalezacantabrica.es/2014/03/las-salamandras-y-el-fuego-mitos.html. www.naturalezacantabrica.es.
  15. (Gaztelaniaz) Aguirre, Antxon. (1996). Supersticiones populares vascas. Orain, 39 or. ISBN 84-89077-64-9..
  16. http://www.elinberri.eus/2015/10/12/donibane-gaua-sinesmena-eta-atsotitzak/. Elinberri.
  17. (Gaztelaniaz) Dueso, José. (1996). La primitiva religión de los vascos. Orain, 82 or. ISBN 84-89077-56-8..

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  • Joseba Aurkenerena: Sugaar eta Herensuge udazkeneko ekinozioan nagusi. [1]