Debagoiena
Debagoiena Gipuzkoako hego-mendebaldean dagoen eskualdea da, Euskadiko erdigune geografikoan kokatuta Bizkaia eta Arabarekin muga eginez. Izan ere, izaera mugalaria erakutsiz, zonaldeko 9 udalerrietatik 8 gipuzkoarrak dira eta 1 arabarra.
Debagoiena | |
---|---|
![]() | |
![]() | |
Debagoienaren ikuspegia Aitzorrotz menditik. | |
Administrazioa | |
Herrialdea | ![]() |
Udalerriak | Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza, Antzuola, Aramaio, Elgeta eta Leintz Gatzaga |
Herri handiena | Arrasate |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°04′00″N 2°28′07″W / 43.066571°N 2.468743°W |
Azalera | 342,73 km² |
Demografia | |
Biztanleria | data22 = |
Dentsitatea | ERROREA: ezin izan da automatikoki kalkulatu, arazoa konpontzeko egin klik hemen biztanle/km² |
2010ean 61.842 biztanle zituen.
MugakideakAldatu
Mugakide hauexek ditu: Iparraldean Debabarrena (Gipuzkoa) , hegoaldean Gorbeialdea (Araba), ekialdean Urola Erdia eta Urola Garaia eskualde gipuzkoarrak eta mendebaldean Durangaldea (Bizkaia).
UdalerriakAldatu
Hauek dira udalerriak, biztanle gehien dituenetik gutxien dituenera ( 2016. urteko biztanle kopuruak):
- Arrasate: 21.903 biztanle
- Bergara: 14.905
- Oñati: 12.497
- Aretxabaleta: 6.987
- Eskoriatza: 4.097
- Antzuola: 2.223
- Aramaio: 1.526. Arabakoa izanagatik, eskualde honi loturik egon da historian zehar.
- Elgeta: 1.099
- Leintz Gatzaga: 245
DemografiaAldatu
GeografiaAldatu
OrografiaAldatu
Deba ibaiak zeharkatzen du eskualdea hegoaldetik iparraldera. Haran estuak daude ibaiaren bi aldeetan, Arrasate eta Oñatin izan ezik. Deba ibaiaren goi arroko adar nagusiak Aramaio eta Oñati ibaiak dira. Oñati ibaiak Arantzazu eta Urkulu erreken ura hartzen du.
Lurralde garaia da: herri guztiak itsas maila baino 200 metrotatik gorako altueretan daude, 445 m-tan Leintz Gatzaga herria eta 700 m-tan Arantzazu, Oñatiko auzoa. Aizkorri (1.541 m, Debagoieneko eta Gipuzkoako tontorrik altuenak) eta Udalaitz (1.117 m) mendi aldeek mugatzen dute eskualdea hegoaldetik eta mendebaldetik, hurrenez hurren. Aloñako mendilerroa bestela, 1.200-1.300 metrotan, Oñati gainean dago eta Aizkorriko mendigunearen jarraipena da ipar-mendebalderantz. Udalatx mendiak, ordea, Arrasate eta Elorrio (Bizkaia) banatzen du eta Anboto menditik eta Urkiolako Parke Naturaletik gertu dago.
Debagoienak naturgune erakargarriak ditu, hala nola Aizkorriko Natur Parkea eta Aretxabaletan dagoen Urkulu urtegiko inguruak, Orkatzategi (874 m) eta Kurtzebarri (1.133 m) mendiak besteak beste. Hortik gertu, Zaraiako mendilerroan dago Aitzorrotz (738 m) mendia, Eskoriatzan. Eta Arabako mugan, Elgeako mendilerroa (900-1.100 m), eskualdeko hego-mendebaldean.
Ipar-mendebaldean, Elgeta eta Elorrio artean, Intxorta mendiak (737 m) azpimarratuko dugu batik bat bere ezaugarri historikoengatik. Izan ere, Espainiako Guda Zibilean garrantzi handiko gertaerak jazo ziren bertan. Hego-mendebaldean, aldiz, Arangioko mendilerroak (Orixol 1.128 m) banatzen ditu Aramaio eta Otxandio (Bizkaia).
Ipar-ekialdean, Irukurutzeta (898 m) mendia eta izen bereko mendilerroa, Azkoitia, Soraluze eta Bergara artean. Hegoalderantz, eskualdeko ipar-ekialdean, Irimo (901 m) eta 7 puntak daude, Antzuola eta Urretxu artean.
KlimaAldatu
Tenperatura epela izaten da, urtean zehar gorabehera handirik gabe (8-9 °C neguan eta 19-20 °C udan). Euria: 1.500 mm urtean, batez beste. Goialdea ibarra baino euritsuagoa da.
HistoriaAldatu
Debagoieneko eskualde naturalak Aramaio, Arabako herria, ere hartzen zuen bere baitan (Aramaio Bizkaikoa izan zen 1489 arte). Arrasate izan zen herri nagusia Erdi Aroan.
XVI. mendetik aurrera Bergarak eta Oñatik garrantzi handia hartu zuten kulturari dagokionez. Oñati ez zen Gipuzkoako herri izan 1845 arte.
Arrasate langile herri garrantzitsua izan da, XX. mende hasieratik aurrera.
BiztanleriaAldatu
XIX. mende bukaeran hasi zen, industrializazioari esker, Debagoieneko biztanle kopurua handitzen, baina hazkunde hori ez zen XX. mendearen erdialdera baizik nabarmenduko. Leintz Gatzaga (207 biztanle; 503 biztanle 1900. urtean) da lehen baino biztanle gehiago ez duen herri bakarra. Arrasate da eskualdeko herririk jendetsuena. Eremurik zabalena, ordea, Oñatik (107, 31 km2) du alde handiz.
EkonomiaAldatu
Nekazaritzak ez du garrantzi handirik. Baserriko ustiakuntzari lotua dago eta asko murriztu dira baserriak azkenaldi honetan. Basoek, larreek eta zelaiek hartzen dute eremu osoko alderik handiena. Horien ustiakuntza gero eta garrantzitsuagoa da.
Tradizio industrialari eutsi dio erabat Debagoienak azken urteotan. Burdingintzak garrantzi handia izan du eskualdean aspaldidanik. XX. mendearen hasieran Bergarako Labe Garaiak eta Arrasateko Unión Cerrajera ziren eskualde honetako lantegi nagusiak eta haren inguruan antolatu zen Deba Garaiko industria. 1960. urteetatik aurrera, Arrasaten sortu ziren kooperatiben mugimenduak oso garrantzi handia hartu zuen eta egun kooperatibak, beren industria, finantza eta lanbide prestakuntzarako erakundeak nagusi dira ezbairik gabe eskualdean.
Zerbitzuetan industrian baino langile gutxiagok dihardu. Azkenik, kultura eta administrazioari dagokionez, Bergara da herri nagusia (epaitegia eta unibertsitatea).
1996an 2.833.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Gipuzkoakoa 102 izanik, 124an zegoen Deba Garaikoa. Antzuolak zuen, 155eko indizearekin, posturik onena. Eskualdearen balio erantsiaren % 65 industriatik zetorren, Gipuzkoako batez bestekoa baino 38 puntu gorago. Leintz Gatzagan izan ezik, eskualdeko gainerako udalerri guztietan industria zen jarduera nagusia, eta kasu guztietan % 60tik gorakoa zen industriak balio erantsiari egiten zion ekarpena. Horren ordainetan, lehen sektoreak oso presentzia urria du eskualdean, Leintz Gatzagan izan ezik, eta zerbitzuek duten garrantzia ere (balio erantsiaren % 31); Gipuzkoako batezbestekoaren oso azpitik dago. Nolanahi ere, egitura ekonomiko horrek izugarrizko garapena bermatu du eskualdean azken urteetan, eta 2000. urtean Debagoiena zen, Gasteizekin batera, langabezia tasa txikiena zeukan EAEko eskualdea, %8,6koa baino ez zen eta. Aldiz, EAEko okupazio tasarik handiena duela Debagoienak (% 62), eta erabateko enplegu mailara heldu dela ere esan daiteke, % 8,6 hori langabezia teknikotzat hartzen baita.
Zerbitzuen alorrean ere izan dira, ordea, berrikuntza nabarmenak azken urteotan Debagoienean. Aipagarria da Mondragon Unibertsitatearen, unibertsitate pribatuaren, sorrera. Arrasaten, Eskoriatzan eta Oñatin kokatu ditu bere fakultate eta eskolak kooperatibek eragindako unibertsitate horrek. Beste alde batetik, eskualdeko hainbat herritan turismoari lotutako jarduerak ere lantzen hasi dira azkenaldian. Besteak beste, gatzgintzaren tradizioa berreskuratu nahi duen Gatzaren Museoa ireki dute Leintz Gatzagan.
KulturaAldatu
EuskaraAldatu
Bertako hizkerakAldatu
Eskualdeko berezko euskalkia sailkatuta dago Mendebaldeko euskara edo bizkaieraren barruan, sortaldeko multzokoa Koldo Zuazoren arabera. Ezaugarrien artean, hauek azpimarratu ditzakegu:
- Aditzak: "Emun", "fan", "aitatu", "eroan", "isiotu", "itxungi", "amaitu", "batu", "igarri", "jausi", "jarri" > "Eman", "joan", "aipatu", "eraman", "piztu", "itzali", "bukatu", "bildu", "nabaritu", "erori", "eseri".
- Hiztegia: "Aitajauna / aitaita" > "aitona", "amandre / amama" > "amona", "ahizta" > "ahizpa", "abade" > "apaiz", "udagoien" > "udazken", "astegoien / astebukaera" > "asteburu", "berba" > "hitza", "artazi" > "guraize", "atzamar" > "(be)hatz", "behar" > "lan", "berakatz" > "baratxuri", "jaramon" > "arreta", "larregi" > "gehiegi", "oste" > "atze / ondoren", "zela(n)" > "nola", "adur" > "lerde", "bits" > "apar", "lapiko" > "eltze", "papar" > "bular", "korta" > "ukuilu", "izara" > "maindire", "gura" > "nahi", "praka" > "galtza".
- Asteko egunak: "Martitzena", "eguaztena", "eguena", "egu(ba)koitza", "zapatua", "domeka" > "asteartea", "asteazkena", "osteguna", "ostirala", "larunbata", "igandea".
- Hilabeteak: "Ilbaltza", "zezeila", "bagila", "garagarrila", "agorrila", "zemendia", "gabonila" > "Urtarrila", "otsaila", "ekaina", "uztaila", "iraila", "azaroa", "abendua".
- "Norekin" atzizkian "-gaz" amaierarekin batera "-rekin" erabiltzen da, baina pluralean "-ekin" bakarrik, "-kaz" arrotza baita.
- "Alderantz" postposizioan, "-ru(n)tz" hobesten da "-rantza" baino.
- "Hauetan" baino "hone(i)tan" erabiltzen da (ónetan ahoskaturik, singularrerako onétan izanda).
- "Edozer" eta "edonola"-ren ordez "zeozer" eta "zeozelan".
- "Neu", "neure", "neuri" eta "geu", "geure", "geuri" > "ni", "nire", "niri" eta "gu", "gure", "guri".
- "- ixa" > "-ia". Afarixa > afaria, ixixa > ia-ia.
- Artikulu determinatzailea markatuz, ahozkoan, "-ia" edo "-ie" amaieran: "Bukaeria" / "bukaerie" > "bukaera", "alabia" / "alabie" > "alaba". Bizkaieraren beste aldaera batzuk dira "-ea", "-i" ("alabea", "alabi").
- "-(z)iño" > "-(z)io" (adibidez "manifestaziño", "komisiño", "erlijiño").
- "Jat", "jako", "jatzu", "jaku" > "zait", "zaio", "zaizu", "zaigu". Halaber, Bergaran eta Antzuolan bereziki, 'nor-nori' forma erabiltzen 'nor-nork' ordezkatuz. Adibidez "emun jat" > "emon deutsat" / "eman diot".
- Baita ere, "nor-nork" > "nor-nori": "Urten dot", "igon dozu" > "irten naiz", "igo zara".
- "Artxibau", "artikulau" > "artxibatu", "artikulatu".
- "Bigunketan", "eskaketan" > "biguntzean", "eskatzean".
Hizkuntza normalizazioaAldatu
Euskararen berreskuratzeari eta sustapenari lotutako ekimenetan aitzindari izan da alor askotan Debagoiena. 1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen erdia baino gehiago euskalduna zen: 39.947 euskaldun zeuden eskualdean, 8.067 ia euskaldun eta 14.502 erdaldun. Hizkuntzaren erabilera mailak probintzia osoko altuenetakoak dira bertan, bereziki Aramaio (biztanleen %87a), Elgeta (%86a), Oñati (%80a), Leintz Gatzaga (%79a) Antzuola (%73a) eta Bergaran (%69a). Aipatzekoa da euskara ez zekitenen erdia baino gehiago Arrasaten bizi zela.
Hizkuntzaren normalizazioaren alde, Goiena Komunikazio Taldea 1999an sortu zuten, Arrasaten egoitza nagusia duena. Debagoieneko herri aldizkariek Goienkarian bat egin zuten 2000. urtean (Arrasate Press, Berrigara, Goibekokale, Aretxagazeta, Kontuola eta Ze Barri?). Halaber, Goiena Telebistak jarraitzen dio aurretik Arrasate Telebistak eta Atxabalta Telebistak jorratutako ildoari.
Hiru ikastola ("Arizmendi" Arrasate, Eskoriatza eta Aretxabaletan, "Aranzadi" Bergaran eta "Txantxiku" Oñatin), lau bertso-eskola (Arrasaten, Oñatin, Eskoriatzan eta Aretxabaletan) eta hainbat euskaltegi ditugu. Kilometroak festa 7 aldiz antolatu dute eskualde honetan, 1981ean Arrasaten, 1989an Oñatin, 1991an Bergaran, 2005ean Leintzen, 2007an eta 2016an Bergaran eta 2017an Oñatin.
MonumentuakAldatu
Bertan ditugu Gipuzkoako hiribildu monumentalen arteko bi aipagarrienetakoak -Bergara eta Oñati, azken honetatik hurbil dago Arantzazuko santutegia-, baita Arrasaten kokatzen den euskal kooperatibismoaren sorlekua ere; bertako Erdi Aroko herrigune historikoak jatorrizko elementu asko ditu oraindik. Eskoriatzako Alde Zaharra ere kultura ondasuntzat izendatuta dago.
JaiakAldatu
Ospakizun ezagunen artean Antzuolako Mairuaren Alardea edo Oñatiko Corpus Christi prozesioa eta Artzain txakurren nazioarteko lehiaketa aipa ditzakegu.
GastronomiaAldatu
Gastronomiari dagokionez, Bergarako gozokiak izan litezke eskualdea atseginez gogoratzeko aitzakia bikaina. 2021. urtean Aretxabaletako tomatea Espainiar Estatuko onena izendatua izan zen.
HedabideakAldatu
- Arrasateko Mondraberri eta Oñatiko Kontzejupetik aldizkaria ere aipatzekoak dira.
ZerbitzuakAldatu
OsasungintzaAldatu
Eskualdean bi erietxe nagusi daude: alde batetik Debagoieneko Ospitalea, gaixotasun orokorretaz arduratzen den zentro publikoa Osakidetzaren barrukoa, eta bestetik Aita Menni Ospitalea, psikiatria eta neurologia arloko zentro pribatu beteranoa dena.
IkasketakAldatu
1997tik, goi-mailako ikasketak egiteko aukera dago eskualdean, Mondragon Unibertsitatean, Arrasateko zentro pribatuan.
Antzina, Oñatiko Unibertsitatea martxan egon zen XVI. mendetik XX.era arte.
MonumentuakAldatu
- Bergaraldea
- Antzuola
- Uzarragako eliza
- Errukizko amaren parrokia
- Udaletxea
- Zurrategi plazako larru ontzailea
- Ugartetorre
- Bergara
- Elgeta
- Jasokundeko Andre Mariaren eliza
- Katai etxea
- Abridio dorretxea
- Intxorta mendi magaleko frontea
- Asentzioko baseliza eta hezegunea
- Antzuola
- Leintz
- Aretxabaleta
- Jasokundeko Andre Mariaren eliza
- Udaletxe zaharra
- Arratabe jauregia (Udaletxea)
- Otalora jauregia
- Otalora dorretxea
- Galartza dorretxea
- Eskoriatza
- Leintz-Gatzaga
- Arrasate
- Aretxabaleta
- Oñati
Debagoiendar ospetsuakAldatu
XVI. mendean Esteban Garibai eta Lope Agirre nabarmendu ziren, lehenengoa historialari eta bigarrena esploratzaile moduan, Felipe II.aren garaian.
XX. mendean, Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sortzailea, Telesforo Aranzadi zientzialaria, Pedro Biteri filantropoa, Seber Altube hizkuntzalaria, Jokin Zaitegi idazlea, Telesforo Monzón politikaria, Jon Sarasua bertsolari humanista, Ruper Ordorika abeslaria, Felix Iñurrategi eta Alberto Iñurrategi mendigoizaleak aipagarriak ditugu.
Ikus, gaineraAldatu
BibliografiaAldatu
- "Deba ibarreko euskeria" (Koldo Zuazo, 1999).
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.