Antzuola Gipuzkoako mendebaldeko udalerri bat da, Debagoiena eskualdekoa. 27,72 km² ditu, eta 2.223 biztanle zituen 2016. urtean. 1629an Bergaratik banandu zen, berrehun urte baino gehiagoz udalerri hartako parte izan ondoren.

Antzuola
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Antzuolako plaza.jpg
Herriko Plaza. Eskuinean Antzuolako udaletxea

Antzuolako bandera

Antzuolako armarria

Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoa
Lurraldea Gipuzkoa
Eskualdea Debagoiena
Izen ofiziala Antzuola
Alkatea Bernardo Kortabarria (EH Bildu)
Posta kodea 20577
INE kodea 20011
Herritarra antzuolar
Kokapena
Koordenatuak 43° 05′ 57″ N, 2° 22′ 50″ W / 43.0991°N,2.3806°W / 43.0991; -2.3806Koordenatuak: 43° 05′ 57″ N, 2° 22′ 50″ W / 43.0991°N,2.3806°W / 43.0991; -2.3806
Azalera 27,72 km2
Garaiera 165-909 metro
Distantzia 62 km Donostiara
Demografia
Biztanleria 2.126 (2019)
Red Arrow Down.svg-10 (2018)
Dentsitatea 80,19 biztanle/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
Green Arrow Up.svg% 14,55
Zahartze tasa[1] % 19,86
Ugalkortasun tasa[1] ‰ 72,02
Ekonomia
Jarduera tasa[1] % 81,07 (2011)
Genero desoreka[1] % 14,29 (2011)
Langabezia erregistratua[1] % 7,95 (2013)
Kultura
Euskaldunak[1] % 73,64 (2010)
Euskararen erabilera[2] % 45,8 (2011)
Datu gehigarriak
Sorrera 1629 (abenduaren 12). urtea
Webgunea http://www.antzuola.com

IzenaAldatu

Antzuela da herriaren forma gorde zaharrena (Ançuela, 14. mendekoa), eta harrezkero Antzuola dokumentatzen den arren (gazteleraz Ançuola edo Anzuola), bertakoen artean Antzwéla ahoskera dokumentatu du 21. mendean ere herriko bertako hizkuntzalari eta euskaltzain Ana Toledok[3] eta Ahotsak proiektuak[4].

EtimologiaAldatu

Antzu- forma aintzi/aintzira terminoarekin lotu izan duenik bada, baina Koldo Mitxelenak beste aukera bat hobetsi zuen, 'antxu' hitza izan zitekeela (arkumea izendatzeko euskal hitza). -ola osagaia ohikoa da toponimian, berriz, eta ola/burdinola adierazi baino lehenago etxola bat izendatzeko ere balio izan zuen. Hortaz, arkumeen etxola edo, hipotesi gisa beti ere[3].

GeografiaAldatu

Inguru naturala eta klimaAldatu

 
Deskarga ibaia herritik pasatzen
 
Deskarga ibaia herritik pasatzen

Debaren ibaiadarra den Deskarga ibaia herri honetan jaiotzen da, Basalde auzoan, ekialdetik mendebaldera norabidea eginez. Deskarga mendate inguruko hegalean sortutako errekatxoetatik (Erraztiko erreka, Elgarain eta Mutilagoengo erreka) dator. Ibai horrek hainbat uholde ekarri dizkio herriari. Ibai nagusia Deskarga den arren, beste hainbat errekasto sortzen dira errian, denak Deskargari batzen zaizkiolarik. Auzoz auzo:

Irimoegibarrena auzoa: Ipurtika, Igirain, Azaldegieta-Basoerreka-Ezkitza-Belastegi, Mixoerreka-Loiolaerreka eta Kortatxo-Oruesagasti.

Basalde auzoa: Deskarga eta Basalde.

Irimoegigoiena auzoa: Zubitxo-ondamendi, Larregi-Ursalto eta Errekatxiki-Kortabarrierreka.

Lizarraga auzoa: Lizarraga.

Galartza auzoa: Galartzerreka.

Deskarga mendateak Urretxurekin lotzen du, euskalkia guztiz aldatzen duen aldi berean. Bergara aldetik, Gorlatik Irimorako gaiñek Azkoitigandik bereizten du.

Antzuola Euskal Herriko isurialde atlantikoan kokatuta dago eta kantauriko klima mesotermikoa du. Tenperatura aldetik moderatua da eta prezipitazio aldetik, berriz, oso euritsua urte guztian zehar. Urtaro lehorrik gabeko klima epel hezea edo klima atlantikoa deitzen zaio. Bertan, ozeano atlantikoak eragin nabarmena du. Horren eraginez, airea epelduta iristen da itsasertzera, eta ondorioz, tenperatura tarteak ez dira handiak. Prezipitazioa, aldiz, 1200mm eta 2000mm bitartekoa da, eta horren erantzulea, isurialde atlantikoko orografia da.

Udalerri mugakideakAldatu

Antzuolak mugakide ditu Bergara (mendebaldean eta iparraldean), Azkoitia (ipar-ekialdean), Zumarraga (ekialdean), Urretxu (ekialdean), Legazpi (hego-ekialdean) eta Oñati (hegoaldean).

AuzoakAldatu

  • Herrigunean: Beheko auzoa, Eguzki auzoa, Sanjosepe, Lizarraga Hirbidea, Mañarieta, Zurrategi, Kalebarren, Aiherra, Sagasti, Herriko Plaza, Buztinzuri, Ondarre, Ibarrondo, Kalegoi, Antigua, Ibarre eta Errekalde.
  • Baserri auzoak: Uzarraga, Galartza edo Txangala, Irimoegi-Barrena, Lizarraga, Irimoegi-Goena eta Basalde.
 
Antzuola 1915ean

HistoriaAldatu

Historia aurretik historiaurrea denez, esan daiteke dokumentu historikoak gutaz hitzegiten hasi aurretik, badauzkagula udalerri barruan garai hartako lekukoak. Lekuko hauek zerikusia dute Neolitos edo Menasta garaian (K.a. 2000-1000 urte) eginiko abelbideekin. Bide hau Urbiatik hasi eta kostaldean bukatzen zenez, gure herriko mendi gainetatik pasatzen zen, eta hainbat puntutan, ondare bezala, hildakoen oroigarriak -megalitismoa- laga zizkiguten. Hor bada, Arrolamendiko edota Trekutzeko (trikuharritik datorrena) tumuloak.

Antzuolako sorrera ezin da ulertu Uzarraga (herrigunetik pare bat kilometrora dagoen elizaurrea) aipatu barik, Gipuzkoako bederatzi elizate zaharrenetariko bat dela esaten baita. Hori baieztatzeko, horra hor San Joan Bataiatzailearen eliza, ohiturak esaten digunez Tenplarioena omen zena. Hala ere, lurpeko urak sortaraziko korronteak direla eta, eliza guztia, edo zati bat behinik-behin, hiru aldiz erori eta beste hainbestetan jaso izan da. Agian sorrera horretan zerikusia izango du Baldejunkerako borrokaldiaren azpian dagoen herri ohiturak ere.

Antzuolaren edo egungo herrigunearen historia, Olalde (makina bat artisauren biltoki zelako eta horietako bat agian gureganaino iritsi dena, larru eta harizko produktuena hain zuzen ere) inguruan Magdalenari eskainia zegoen ospitalarekin (1489) hasten da. Herriaren sorrera hau bat dator Errukizko Amaren izeneko parrokiaren sorrerarekin ere (1525).

Betidanik izan du herri honek Bergararekin zerikusia, 1391ko urtarrilaren 20an Bergarako hiriari erantsi zitzaion, batez ere Gabiria eta Ozaeta izeneko bandoei aurre egiteko eta hiriak zeuzkan abantailak jaso ahal izateko. Batasun hori ez zen eten 1629ko abenduaren 12a arte, orduko errege zen Felipe III.ari urrezko 5.000 dukat ordaindu ondoren, Antzuolak independentzia eskuratu baitzuen.

XVIII-XIX. mendeek, lehenik eta behin frantsesen inbasioetaraino garamatzate. Udalerriko baserrietan gehiegikeria asko egin bazituzten ere, herritarrak ez ziren eskuak gurutzatuta gelditu. Herri tradizioak esaten digunez, antzuolarren artean Pildain izeneko bat gerrilero ospetsua izan zen garai honetan, eta dirudienez bere gorputza Antiguako ermitan lurperatuta dago.

Garrantzizko beste ekintza bat Deskarga mendatean gertatu zen karlistada garaian, bertan anai arteko borrokaldi odoltsua egin zen karlista eta liberalen artean.

Bukatzeko, herriaren historian garrantzia izan duen lan jardun bat aipatu beharra dago, larru ontzea, hain zuzen ere. Larru ontzearen gainean agertu diren lehen datuak 1828koak dira. 1931. urtean lanbide honetan antzuolar asko zebilen, 4 lantegi zeuden eta.

Eta egungo gizaldian murgilduz, ezin dugu aipatu barik laga gugan industrializazioak eta ondoren emigrazioak izan duen eragina 60 eta 70eko hamarkadetan. Gaur egun, herri industrializatua da. Bestalde, azkenengo urteetan herrian egin den etxebizitza kopuruaren ondorioz Antzuola hazten doa poliki-poliki.

EkonomiaAldatu

2017an herriko sektoreen portzentaiak[5]
Sektorea % (2017)
Industria 76,76
Zerbitzua 19,47
Eraikuntza 2,23
Nekazaritza 1,54

Herrian industria sektoreko lau enpresa garrantzitsu daude: Goizper, Oerlikon-Balzers, Elay eta Erreka.

DemografiaAldatu

2019an herriak 2.201 biztanle zituen. Horietatik %20,22k 65 urte edo gehiago zituen. Eta atzerrian jaiotakoen kopurua %4,86 zen.[5]

Antzuolako biztanleria

PolitikaAldatu

Antzuolako udalbatza

Alderdia

2019ko maiatzaren 26a

2015eko maiatzaren 24a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euskal Herria Bildu
7 / 11
685 (% 57,13)
7 / 11
702 (% 60,83)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
3 / 11
339 (% 30,61)
3 / 11
367 (% 29,38)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
1 / 11
102 (% 8,51)
1 / 11
89 (% 7,71)
Datuen iturria: 2015 Hauteskundeen emaitzak ara.cat webgunean 2019 Hauteskundeen emaitzak goiena.eus webgunean
Alderdi politikoa 2019[6] 2015[7] 2011[8] 2007[9] 2003[10] 1999[11] 1995[12] 1991[13] 1987[14] 1983[15] 1979[16]
Euskal Herria Bildu (EH Bildu) / Bildu %57,13 7 %60,83 7 %60,94 7 - - - - - - - - - - - - - - - -
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) %30,61 3 %29,38 3 %23,34 3 %28,66 3 - - %31,97 3 %35,25 5 %31,34 4 %26,15 3 %51,67 6 %47,24 6
Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE) %8,51 1 %7,71 1 %11,43 1 %11,31 1 %16,65 1 %11,72 1 %13,80 1 %13,86 2 %13,83 2 %18,26 2 %12,74 1
Alderdi Popularra (PP) - - - - %1,46 0 %1,08 0 %4,57 0 %1,71 0 - - - - - - - - - -
Eusko Abertzale Ekintza (EAE) - - - - - - %40,12 5 - - - - - - - - - - - - - -
Ezker Batua-Berdeak / Aralar (EB-B/A) - - - - - - %16,89 2 - - - - - - - - - - - - - -
Euzko Alderdi Jeltzalea / Eusko Alkartasuna (EAJ/EA) - - - - - - - - %72,10 8 - - - - - - - - - - - -
Euskal Herritarrok (EH) - - - - - - - - - - %40,28 4 - - - - - - - - - -
Eusko Alkartasuna (EA) - - - - - - - - - - %13,50 1 %11,20 1 %13,50 1 %17,26 2 - - - -
Herri Batasuna (HB) - - - - - - - - - - - - %25,55 3 %25,44 3 %26,43 3 %21,21 2 - -
Zutik - - - - - - - - - - - - %12,22 1 - - - - - - - -
Liga Komunista Iraultzailea / Euskadiko Mugimendu Komunista (LKI-EMK) - - - - - - - - - - - - - - %9,52 1 - - - - - -
Euskadiko Ezkerra (EE) - - - - - - - - - - - - - - %5,54 0 %9,31 1 - - - -
Urraska - - - - - - - - - - - - - - - - %6,45 0 - - - -
Ezker Batuaren Alde - - - - - - - - - - - - - - - - - - %8,56 1 - -
Antzuolako Ezker Abertzalea - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - %24,86 3
Liga Komunista Iraultzailea (LKI) - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - %7,61 1
Euskadiko Mugimendu Komunista (EMK) - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - %7,54 0

2019ko udal hauteskundeen ondoren Beñardo Kortabarria (EH Bildu) izendatu zuten alkate bigarrenez.[17]

AzpiegiturakAldatu

Antzuolako herri ikastetxeaAldatu

Antzuola Herri Eskola 1981ean egin zen bategitearen emaitza da: herrian zeuden bi ikastetxeak (publikoa eta ikastola) batu ziren.[18] Bere eredu pedagogikoa konstruktibismoan oinarritzen du: haurren ikasketa prozesua eurek aukeratutako proiektuekin gauzatzen da, betiere irakasleek gidaturik.[19]

Hezkuntza eredua arriskuan ikusirik, Antzuola Herri Eskolako hainbat ikasle ohik eredu horri babesa eskaintzeko artikulu bat argitaratu zuten 2019ko maiatzean Argia aldizkarian.[20]

KulturaAldatu

Antzuolako Purita Zabaloren[21] testigantza, eskola garaian euskararen debekuaren ingurukoa. Euskal Herriko Ahotsak[22][23] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

HizkuntzaAldatu

Antzuola[24] UEMAko kidea da, herri euskalduna izaki. Bertako hizkera mendebaleko euskararen[25] aldaera bat da, sortaldeko hizkeraren[26] barnean kokatzen den Debaerdiko euskara[27], hain zuzen. Deba eskualdeko hainbat herrik osatzen dute Debaerdiko hizkera: Bizkaiko Ermua eta Mallabia eta Gipuzkoako Antzuola, Bergara, Eibar, Elgeta eta Soraluze. Hauen artean aipatzekoa da Antzuolan eta Bergaran gainontzekoetan baino handiagoa izan dela euskara giputzaren eragina. Antzuolako hizkera liburutik eratorrita, modu irekian dago Antzuolako aditza[28] liburuxka, bertan ikusgai dago Antzuolako hizkeraren aditz taula. Hitanoaren erabilera oso errotuta dago Antzuolako hizkeran, gehien bat gizonezkoen artean. Toka hitz egiteko ohitura dagoen arren noka hitz egitea nahiko galduta dago, hala ere, herritar batzuk egoerari buelta eman nahian lanean ari dira.[29]

LiteraturaAldatu

  • Antzuolako alardea. Mairuaren jaialdia (Iñigo Ramirez de Okariz Telleria)
  • Antzuolako baserriak eta errotak (Iñigo Ramirez de Okariz Telleria)
  • Antzuola 1900-1970. Antzinako argazkien bilduma (Iñigo Ramirez de Okariz Telleria)
  • Antzuolako baserriak eta errotak (1996, Iñigo Ramirez de Okariz Telleria)
  • Antzuolako hizkera (1998, Jone Larrañaga Igarza)
  • Cesareo Gabarain (1999, Marijo Deogracias)
  • Antzuolako larru ontzea (2000, Antxon Agruirre Sorondo)
  • Bizitza pasarteak Antzuolan (2002, Iñigo Ramirez de Okariz Telleria)
  • Antzuolako Toponimia (2005, Kristina Pavo Nuñez)
  • Lurretik mahaira (2006, Jose Mari Iturbe eta Iñigo Ramirez de Okariz Telleria)
  • Antzuolako Trena (2006, Jose Mari Iturbe eta Iñigo Ramirez de Okariz Telleria)
  • Maristak Antzuolan (2006, Iñigo Ramirez de Okariz Telleria)
  • Ura Antzuolan (2006, Jose Mari Iturbe eta Iñigo Ramirez de Okariz Telleria)
  • Hezkuntza Antzuolan (2020, Iñigo Ramirez de Okariz Telleria)[30]

JaiakAldatu

Herriko jaiakAldatu

Uztaileko hirugarren igandean bukatzen dira, aste bereko ostegunean hasita. Ostegun arratsaldean hasten dira jaiak, Oinarin dantza-taldeko txikienen ikurrin-dantzarekin eta Udaleko zinegotzien soka dantzarekin. Hala ere, azken urteetan indarra hartu duen Hontzaren jaitsierak ematen dio berebiziko hasiera festari gauerdian.

Mairuaren Alardea[31]Aldatu
 
Antzuolako Mairuaren Alardean Oinarin dantza taldea.

Mairuaren Alardea herriko festarik ezagunena da, uztailaren hirugarren igandearekin bat egiten duen larunbatean ospatua. Bertan bi gertakari goraipatzen dira. Lehenik, Foruen galera aurretik euskal herrietan arma eta milizien egoera jakiteko urtero ospatzen ziren alardeak. Baina alardeak egitea galdu eta 1876an euskal foruak desagertu ostean, Euskal Herri osoan garai bateko ospakizunak berreskuratzeari ekin zitzaion, eta 1881 urtean Mairuaren pertsonaiarekin alardea egiteari ekin zitzaion Antzuolan. Bigarrenik, 920. urtean, ustez, Valdejunqueran antzuolarrok mairuen kontra izandako borroka aitzakia hartuz, herri izatearen harrotasuna ere adierazi nahi da. Bi zati ditu ospakizunak: batetik, kaleetan zehar egiten den desfilea; eta, bestetik, Herriko plazako ekitaldia.

 
Alardea 1934an

Urteekin eboluzionatu duen jaia da alardearena. 1980ko hamarkadan lehenago gazteleraz egiten ziren hitzaldiak euskaratu egin ziren[32]. 21. mendean, mairuaren eta bere segizioaren irudia duindu egin zen, eta, diskurtsoa leuntzeko, testuko hainbat hitz eta aipamen moldatu egin ziren, bi generoetara egokitu edota hizkuntza eta kultura aniztasuna islatzeko. Emakumezkoen integrazioa ere pixkanaka garatu zen, 2011n buruzagiaren guardian edo 2012an kanoi eramaileen artean ere sartu ziren emakumeak, eta alardeko kapitaina Edurne Iturbe bihurtu zen 2019an, lehenengo aldiz emakumezko bat postu horretan[33].

Auzoetako jaiak:Aldatu

San Blas:Aldatu

Otsailaren 3an da San Blas eguna, baina aste horretako larunbatean ospatzen da jaia Basaldeko ermitan. Katarro eta eztarriko gaitzen zaindari dela esaten da. Egun horretarako herriko okinek apropos egindako San Blas opilak eta kandelak bedeinkatzen dira.

Santa Ageda:Aldatu

Galartza auzoan ospatzen da, otsailaren 5ean. Bezperan, eguna argitu bezain azkar, herriko kintoak Antzuolan baserririk baserri ibiltzen dira kantuan, santa eskean. Gero, ilunabarrean, herrira jaitsi eta auzoz auzo ibiltzen dira, kantuan. Egun berean herritarrak ere batzen dira kalez kale iluntzean santa eskean kantuz ibiltzeko.

Korpus jaiak Ondarren:Aldatu

Korpus egunaren asteburuan ospatzen dira. Zapatu goizean, besteak beste, ginkana izaten da. Arratsaldean ere umeendako ekintzak izaten dira nagusi: krossa, jolasak, merienda... Gauean, giro aparta egoten da auzotarrek gertatuko afarian. Domeka goizean prozesioa izaten da ekitaldi nagusia.

San Joanak Uzarragan:Aldatu

Uzarragako jaiak San Joanak (ekainak 4) ospatzen dira, bezperan zuhaitza sartu eta sua pizten da. San Joan Txiki (abuztuak 29) ere ospatzen da.

San Pedroak Kalebarrenen:Aldatu

Ekainaren 29an dira Kalebarrengo jaiak, San Pedroak. Bezperan, gauean, auzoko balkoi edo leihoetan loreontziak lapurtu eta beste toki batean lagatzeko ohitura omen zegoen. Jaietako ekintzarik aipagarrienetako bat larunbat gauerdian egiten den sagar-dantza da.

San Martzialak Lizarragan:Aldatu

Lizarraga auzoko zaindaria da San Martzial. Jaia ekainaren 30ean ospatzen da, ermitan bertan, herriko plazatik 2,7 km-ra. Auzokoek San Martzial egunean ateratzen dute bertako pitxer berezia, “sirve para San Marcial” idatzita daukana.

San IsidroAldatu

Berez maiatzaren 15ean izaten den arren, feria aste horretako larunbatean egiten da. Orain dela gutxira arte, ganadu eta baserriko tresnen azoka egiten zen bakarrik, baina gaur egun ganadu, artisautza eta janari saltzaileak egoten dira.

IhauteriakAldatu

Ihauterietako igandean sorgin-dantza dantzatu izan da, baina aurrenekoz 2020an larunbatez dantzatu da. Hartza, tximinoa eta domadorea ere ateratzen dira goizetik herriko dantzariekin batera kalejiran. Antzuolak inauteriak ospatzeko ohitura eta gogoa betidanik izan du, entzutea dugunez. Ez dakigu sorgin-dantza noiz egin zen Antzuolan lehenengo aldiz. 1922 inguruan dantzatu zuen dantza talde batek, baina jakin badakigu dantzari horiei 25-30 urte gehiago zeuzkan Nikomedes Letek irakatsi ziela dantza hori, beraz, 1885 inguruan dagoeneko dantzatzen zen Antzuolan sorgin-dantza.

 
Torresoroa auditorioa

MusikaAldatu

Antzuolako musika talde edota musikari esanguratsuenak honakoak dira: Patxi Luque, Klak!son, Kobrazulo. Horiez gain, urte guztiko jarduna duen Alboradak txistu taldea nabarmentzen da.

Ondasun nabarmenakAldatu

MendianAldatu

EraikinakAldatu

Uzarragako elizaAldatu

Tenplario garaikoa omen den eliza zahar honen (Antzuolako lehen parrokia) kanpoaldea egoera tamalgarrian badago ere, eliza barrua dugu bertan interesgarriena.

Besteak beste, erretaula, Antxietaren eskolakoa, bere ikasle Jeronimo de Larreak eginikoa XVII. mendean. Marfilezko edo Urrutiko gurutzea ere XVII. mendekoa da, Mexikon bizi zen Urrutia baserriko seme batek bidalia.

Santa Ageda ermitaAldatu

Bertako Andra Mariaren irudia (Santa Anarena eta XIII. mendekoa zena) 1984an lapurtu zuten eta oraintsu berreskuratu da berriz. Antzina ermita hau San Llorenteri (San Lorenzo) eskainita bazegoen ere, egun Santa Ageda da bertako zaindari; jaia otsailaren 5ean, San Blas ostean, ospatzen da. Bertan ogia eta haziak bedeinkatzen dira.

San Martzial ermitaAldatu

XIX. mendera arte bertako zaindari Santa Katalina izan arren, harrez gero San Martzial dugu. Nahiz eta interesgarria izan batez ere kanpoko arkitekturarengatik (XVI. mendeko ateburu eta leihoak), ikusgarria da barruko egur lanketa (basurde buruak ikus daitezke landuta). Barruan Santiagori eskainitako irudiak ere badaude. Erromesari “Pikunittako (herriko baserria) eskolaua” esaten diote Antzuolan. Horrez gain, San Martzialgo jaietan ateratzen den kofradeen pitxerra ere interesgarria da, eta urtean zehar maiordomoaren etxean gordeta egoten da.

San Blas ermitaAldatu

Olotz izeneko lur eremuan dago eraikita eztarriko gaitzak sendatzen dituen zaindari honen ermita. Hala ere, garai bateko zaindaria Santa Engrazia izan omen zen; Santa Engratzia de Olotz, dokumentuetan azaltzen den bezala. Otsailaren 3an ospatzen da San Blas jaia; eta bertara herriko okindegian egindako opil bereziak eramaten dira bedeinkatzera. Mendebaldean dauzka XVI. mendekotzat jo daitezkeen leihatilak. Bitxia da, era berean, iparraldeko fatxadan zapatak-eta gordetzeko dagoen leihatilatxoa ere. Barruan, “U” tankerako koroa, garai batean oso ohikoa baina egun leku gutxitan dagoena.

Kalbarioko gurutzeakAldatu

 
Antzuola, kalegoi, kalbarioko gurutzea

XVIII. mendekoak, barrokoak, beraz. Nekaldiaren ikurrez osaturik dagoen erdiko gurutzea dugu interesgarriena. Ohiturak dioskunez, Antiguako baselizako serora edo beatarekin, gurutze honi hiru buelta emanez, eta bakoitzean oilarrari mun emanez, joaten omen ziren etxekoandre asko euren umeekin oinez ikas zezaten. Gurutze hauek Antiguako ermitaren parean daude, errepidearen beste aldean. Kalbarioko beste hiru gurutze ere ikus daitezke Kalegoiko hormetan.

Antiguako ermitaAldatu

XVI. mendeko Andramari gotiko bikaina dago, eta XV. mendeko Magdalenaren irudia, berriz, Donostian dago.

Errukizko amaren parrokiaAldatu

XVI. mendean jasotzen hasitakoa, ez du egungo itxurarik izango XIX. mendera arte. Oso sinplea da, apaingarririk gabe, sarreran azaltzen den barroko erako ate aurrea izan ezik. Barruan, erretaula, neoklasikotzat (XVIII. mendea) jo daitekeena eta Mexikon bizi zen Francisco de Iraeta e Ibarra antzuolarrak emandako diruari esker egina. Bertan ikusten den marmola Izarraitzekoa (Azpeitia-Azkoitia) omen da. Ezkerraldeko aldarean, berriz, antzina San Bartolomen egon zen Andra Maria dago, XIV. mendekoa.

San Bartolome ermitaren kanpandorreaAldatu

Altzarte edo errotaberri aurrean kokatuta zegoen XX. mendeko 70ko hamarkada arte ermita. Egun, bertako Andra Maria, XIV. mendekoa, parrokian dago eta kanpandorrea berriz ermita egon zen lekuan bertan. Ohitura gisa mantentzen da San Bartolome egunez, Abuztuak 24, bertan dagoen kanpandorreko kanpaia jotzea.

Kalegoi 3 (Txasionekoa)Aldatu

Garai batean herriko harategia izan zena aurkitzen da. Udaletxea bezala, XVIII. mendekoa eta Martin de Carrerak egindakoa da. Egun oraindik garai hartako zurezko balkoiak ikus daitezke, nahiz eta egoera fisiko kaskarrean egon. Inguruko etxeetan, eta hormetan itsatsita, kalbarioko gurutzeak ikus daitezke.

Kalegoi 9 (Montxonenekoa)Aldatu

 
Antzuola, Kalegoi 9 (Montxonenekoa) eraikina

Lurrean duen errekarria ikusgarria da. Bere egiturari begiratuz gero, kanpoaldean eta barnealdean gotiko tankerakoa dela konturatuko gara; beraz, XV-XVI. mendekoa, eta herriguneari dagokionez, etxerik zaharrena.

PlazaAldatu

Udaletxearen ondoan, eskuin aldean, Bizkalatza etxea (6. zenbakia), hau ere barrokoa, nahiz eta apaingarri gutxi izan. Ilara berean, Udaletxearen ezkerraldean, armarria daukan Goenaga etxea (16. zenbakia) ikus daiteke. Honek oso ohizkoa ez den ertzdun armarria dauka, eta bertan, “Armas de Goenaga” jartzen du. Azpian, egun aurrezki kutxa denean, bi zutabe toskano ikus daitezke. Etxe horren ezkerraldean (2. zenbakia), eraberrituta, antzinako Goenagatarren etxea, orain Ostatukoa dena, hau ere XVIII. mendekoa. Etxe honen fatxadan, zera irakur daiteke: Joseph Ygnacio de Goenagak egina 1763. urtean. Plaza gainean, garai bereko iturri ederra dago; badirudi Martin de Carrerak egindakoa dela XVIII. mendean. Iturri ostean, Olaran etxea eta pilotalekua daude.

UdaletxeaAldatu

XVIII. mendekoa, egitura barrokoa duena. Estilo bereko udaletxe asko ikus daitezke Debagoienean. Udaletxeak (Martin de Carrera-k XVIII. mendean egindakoa) garai bereko armarri ederra erakusten du, eta ohiturak dioskunez, bertan ikusten diren ilargi erdiak Baldejunkerako borrokan mairuei lapurtutakoak dira. Gaur egun, herriko jaietan Mairuaren Alardea izeneko ospakizunean goraipatzen da ekintza hura. Era berean, armarriaren azpiko zatiak herriko banderan ere ikus daitezke.

OndarraAldatu

Bertan ikus daiteke 3. zenbakiaz Amarrandegiko etxea. Izenak adierazten duen bezala, bertan herritarrek elizari emandako hamarrenak edo diezmoak gordetzen ziren. Herri arkitektura bitxia duen honek ez dauka parekorik ez herrian eta ezta inguruan ere, Nafarroa aldeko etxeen egitura baitauka. XVIII. mendean egina da.

UgartetorreAldatu

XVII. mendeko etxe honek ikusgarria dauka teilatuaren barruko egitura. Zer esanik ez bertako armarri handi eta polita.

Iriarte AzpikoaAldatu

Etxearen aurrealde guztia bitxia da. Oholezko egitura bertikala, tartean adreilua jarrita. Itzelezko ateburua, harlanduzko koloma eta guzti. Dokumentuen arabera, XVII. mendean egindakoa.

OlaranAldatu

Orain etxe hau dagoen tokian Etxeandia edo Galarditorre egon zen, XVI. mendean eraiki zenetik XX. mendeko hasiera arte.

ErrotakAldatu

Alatzarte edo ErrotaberriAldatu

Bidebarrieta deritzan sailean kokaturik dago errota hau. Altzarte izena baino lehen, Lapaça deitzen zen, baina 1573an egindako permuta baten ondorioz, Sebastian Lopez de Ozaetak (jabe berriak), Alçarte izena jarri zion. Izen horrekin lehen aipamena 1587. urtekoa da. Errotabarri izenarekin, berriz, 1720an azaltzen da, nahiz eta Altzarte ere deitua izan.

Akinabai edo LizarragaAldatu

Lizarragako errota honek izen ugari izan ditu, tartean Errota-Abaro eta Laskurain-Cia. Erreka-ondo deritzan etxean kokaturik dago. XIX. mendean eraiki zuten eta Jose Laskurain Larrearena zen, Francisco Laskurainen aitarena. Dirudienez, lehendabizi, indar etxea jartzea pentsatu zuten eta horretarako turbina bat ezarri zioten. Hala ere, errota jar zezaketela ikusita, hori ere jarri zuten.

AntiguaAldatu

Antigua auzoko errota honen lehen aipamena XVI. mendekoa da. Zehatzago esateko 1592. urtekoa. Garai hartan ez zen Antigua errota deitzen, Galardi errota baizik. Dena dela, 1720an Antigua nahiz Galardi izenez ezagutzen omen zen.

IrudiakAldatu

San JoseAldatu

1929ko maiatzaren 15ean jarri zen San Jose egiteko lehen harria. 1929. urtean inauguratu zen. Irudia brontzezkoa da, Parisen Raffl etxeak egina. Hiru metro ditu, 2.000 kilo eta harrizko oinarriak 10 metro.

Zurrategi plazako larru ontzaileaAldatu

Antzuolarren historian funtsezkoa den lanbide bati egindako omenaldia da 1998ko uztailaren 4an larru ontzaileei eskainitako brontzezko monumentua.

Antzuolako lehen ur deposituaren oroigarriaAldatu

Antzuolako lehen ur depositua 1909. urtean egin zen. Antzuolako etxeetara ura eramatea ahalbidetu zuen lehen depositua izan zen eta udalak 2013an Torresoroako zelaian jarri zuen oroigarria.

BaserriakAldatu

Iturbe Haundi, Bidaurre eta Lapatza baserriak ondare zibilaren barruan nabarmentzekoak dira.

Antzuolar ospetsuakAldatu

Herri senidetuakAldatu

1984 inguruan hasitakoa da aihertarren eta antzuolarren arteko harremana, Nafarroa Behereko eta Gipuzkoako bi herri txiki hauen arteko adiskidetasuna Aiherrako Beltzuntze elkarteko zenbait lagunek eta antzuolar batzuek elkar ezagutu ondoren sortu zen. Adiskidetasun hori gorpuztuz joan da geroztik, eta hastapeneko harreman soilak bi herrien arteko lotura bilakatu dira.

Urte guzti horien buruan, urtez urte, herritarren arteko harreman pertsonalez gain, ekitaldi ugari antolatu dira, urtean behin, txandaka, urte batean Antzuolan eta bestean Aiherran, ospatu izan diren senidetze egunetan. Ospakizunaren ekintza nagusia bi herrietako herritarrek elkarrekin egiten duten bazkaria izan ohi da, baina badira nabarmentzeko beste ekintza asko ere: bi herriak eta inguruak ezagutzea, antzerki saioak, kantaldiak, hitzaldiak, erakusketak, pilota partidak, etab.

Harreman horren ondorioz, Antzuolako kale bati Aiherra izena jarri zitzaion.

Herri bien arteko harremana Antzuolako Udalak hasiera-hasieratik babestu eta bultzatu zuen arren, Aiherran Beltzuntze elkarteak hartu zuen harremanaren gidaritza bere gain. 2004an, ordea, Aiherrako Udalak ere Antzuolarekin harremana izan nahi zuela eta, herri bien arteko hitzarmena sinatu zen. Sinadura urriaren 29 iluntzean gauzatu zen Aiherran, 20. urteurreneko ospakizunen barruan, hain zuzen ere.

2009an bete zen harremanaren 25. urteurrena. Ospakizun ekitaldiez gain, herri bien arteko adierazpena onartu zen.[34]

2011ko maiatzaren 6an aurkeztu zen Aiherra eta Antzuolaren arteko senidetzeari buruzko liburua: Antzuola eta Aiherra, mugak zubi. Liburuan 27 urte hauetako harremanak eman duena jasotzen da: senidetzearen hasiera, ondorengo urteetako nondik norakoak, 20. eta 25. urteurrena, protagonisten elkarrizketak eta argazki ugari... harremanaren isla diren irudi eta argazki ugari.[35]

Argazki galeriaAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «UEMA-Atlasa» Euskararen erabilera (UEMA).
  3. a b Salaberri, Patxi; Zaldua, Luis Mari. (2020). Gipuzkoako Herrien Izenak. Lekukotasunak eta Etimologia. Euskaltzaindia, 59-60 or. ISBN 978-84-120766-2-2.
  4. «Baserriaren historia - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2020-03-09.
  5. a b «Web Eustat. Antzuolako datu estatistikoak» eu.eustat.eus . Noiz kontsultatua: 2020-04-02.
  6. Antzuolako udal hauteskundeak 2019.
  7. Antzuolako udal hauteskundeak 2015.
  8. Antzuolako udal hauteskundeak 2011.
  9. Antzuolako udal hauteskundeak 2007.
  10. Antzuolako udal hauteskundeak 2003.
  11. Antzuolako udal hauteskundeak 1999.
  12. Antzuolako udal hauteskundeak 1995.
  13. Antzuolako udal hauteskundeak 1991.
  14. Antzuolako udal hauteskundeak 1987.
  15. Antzuolako udal hauteskundeak 1983.
  16. Antzuolako udal hauteskundeak 1979.
  17. «Beñardo Kortabarria: "Arduraz, gardentasunez, konpromisoz eta ilusioz jarraituko dugu lanean" - Antzuola» Goiena.eus . Noiz kontsultatua: 2020-04-02.
  18. Antzuola Herri Eskola. «Aurkezpena» www.antzuola.hezkuntza.net . Noiz kontsultatua: 2020-03-05.
  19. Basasoro Ciganda, Maitane; Arguiñano Madrazo, Andoni; Karrera Xuarros, Inaki. (2019-03-26 / 2019-04-29). «Amets kolektiboak eraldaketarako giltzarri: Antzuola Herri Eskolako Hezkuntza Proiektuan sakontzen» Euskonews & Media (737) . Noiz kontsultatua: 2020-03-05.
  20. Etxaniz, Jon Mata; Egaña, Itsaso Garmendia. (2019-05-28). «Herriak berea duen eskola» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-03-05.
  21. «Zabalo Zabalo, Purita - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-09-24.
  22. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-09-24.
  23. «Eskolan euskaraz ezin mintzatu - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-09-24.
  24. «Antzuola - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-08-30.
  25. «Mendebalekoa - Bizkaiera - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-08-30.
  26. «Sortaldekoa (M) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-08-30.
  27. «Debaerdikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-08-30.
  28. (PDF) Antzuolako aditza. . Noiz kontsultatua: 2010 Azaroa.
  29. «Hitanoa - noka» Gipuzkoako hitza.
  30. «Herriko hezkuntzaren historia jasotzen duen liburua aurkeztu dute» Goiena 2020-03-02 . Noiz kontsultatua: 2020-03-02.
  31. Antzuolako mairuaren alardea. .
  32. Telleria), Irinmodo (iñigo Ramirez De Okariz. (2014-01-24). «Antzuolako Mairuaren Alardea: ALARDEAREN BEREZITASUN NAGUSIAK BI HITZETAN» Antzuolako Mairuaren Alardea . Noiz kontsultatua: 2020-03-11.
  33. «Parekidetasunaren alde, beste pauso bat Alardean - Antzuola» Goiena.eus . Noiz kontsultatua: 2020-03-11.
  34. ((PDF)).
  35. Muñiz, Ibai. (2011). Antzuola eta Aiherra, mugak zubi. Antzuolako eta Aiherrako udalak.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa