Aloña

Euskal Herriko mendilerroa

Aloña mendilerroa Gipuzkoako hego-mendebaldean dago, Oñati (Debagoiena) udalerriaren hego-ekialdean.

Aloña
Datu orokorrak
Mendirik altuenaBotreaitz
Garaiera1.320 m
Motamendilerro
Geografia
Map
Koordenatuak43°00′26″N 2°24′10″W / 43.0073°N 2.4027°W / 43.0073; -2.4027
Honen parte daAizkorri-Aratz
MendikateaEuskal Herriko arkua
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa

Iparraldean Uribarri eta Murgia auzoak (Oñati), Duruko eta Urbiako zelaiak hegoaldean eta Aizkorriko mendilerroa hego-ekialdean ondoan ditu, mendilerro bien artean Biozkorniako lepoa dagoelarik.

Bertan daude eskualde osoko mendirik garaienak, guztiak 1.200 metrotik gorakoak.

Tontorrak

aldatu

Gorgomendi da mendilerroko tontorrik aipagarriena, 1.250 metroko garaierarekin. Altuena ez den arren. Oñatiko ikurra izanik, parean dagoelako, “Aloña” izenarekin bezala ezagutzen da.

Tontor nagusiak, garaieraren arabera ordenaturik, hauexek dira:

  1. Artzanburu, 1365 m.
  1. Botreaitz edo Buetraitz, 1.320 m[1][2] 42°59′40″N 2°23′32″W / 42.9944893°N 2.3922769°W / 42.9944893; -2.3922769
  2. Arkaitz, 1.312 m 42°59′30″N 2°23′09″W / 42.9917082°N 2.3858151°W / 42.9917082; -2.3858151
  3. Kurtzezar, 1.287 m 42°59′46″N 2°23′43″W / 42.9961268°N 2.3954136°W / 42.9961268; -2.3954136
  4. Biozkorna edo Arriurdin, 1.274 m 42°59′12″N 2°22′23″W / 42.9867668°N 2.3729605°W / 42.9867668; -2.3729605
  5. Urrabiatza, 1.265 m 42°59′25″N 2°22′55″W / 42.9902736°N 2.3819408°W / 42.9902736; -2.3819408
  6. Gorgomendi edo Aloña, 1.244 m 42°59′54″N 2°24′01″W / 42.9984131°N 2.4003721°W / 42.9984131; -2.4003721
  7. Belar, 897 m43°00′17″N 2°25′20″W / 43.004613°N 2.4222375°W / 43.004613; -2.4222375

Aloña mendilerroaren ezaugarri fisikoak

aldatu

Geologia

aldatu

Estratigrafia[3]

aldatu

Irizpide paleogeografiko eta tektonikoa kontuan hartuta, Aloñako mendilerroa Bilbotik Altsasura doan failan kokatzen da, Albiar-Cenomaniar edo supra-urgoniar gunean, eta horrek bereizten du Behe eta Goi Kretazeoko materialak.

Udanatik Artzanburura doan bidetik azter daiteke ondoen lurraren egitura estratigrafikoa, hareharriz eta lutitaz osaturik bereziki, bata eta bestearen presentzia antzerakoa izanik. Mendilerroan kareharrizko hiru multzo nabarmen antzematen dira, material karbonatatuez bereizia. Beheko litosomoan kareharria izanik nagusi, tarteka oparoak dira errudisten muinoak eta Ostreidaeren bioermoak. Erdikoan lur-tartekatze nabarmenik gabeko kareharri ugariak daude, eta hirugarren litosomoan kareharri estratifikatuei dagokien zati basala aurkitzen da. Litosomo hauek neurria aldatuz doaz, 20 metrotik 125 metroraino.

Oñatitik Arantzazura doan bidetik ikusten den legez, ale xeheko hareharri karedunen iluneko multzoak nabarmentzen dira, eremu dekametrikoekin estratifikatuta eta tupak tartekatuz. Hori horrela, Botreaitz eta Artzanburuko hegoaldeko maldetan hareharrizko tupa ilunak ugariagoak dira, metro batzuetako potentziako buztin kareduna tartekatzen zaizkiela. Sarri askotan tupek kaltzifikazioa galduta dute, eta lutita zein limolita ilunaren antza hartzen dute. 

Sedimentologia

aldatu

Milioika urtetan ur azpian egon diren lurralde hauek, aro eta fase ezberdinetako aldaketaz lortu dute gaurko itxura hartzea. Ziklo sedimentarioak honakoak izan ziren: 

  • Hauteriviar/Barremiar zikloa (Purbeck-Weald): Itsas eremu lurtar bihurtzen den trantsizio aztarna bereziak antzeman daitezke. Lurralde batzuetan ostreidoen bioermo txikiak eta errudistak garatzen dira.
     
    Kareharria
  • Urgoniar zikloa (Behe-erdiko Aptiar/Albiar): Hiru sekuentziatan utzi dizkigu bere aztarnak: kareharriak, litosomoak eta ezponda handiak. Ziklo honetan lautadak failekin tartekatzen dira eta mendilerroak agertu.
  • Albiar/Cenomaniar zikloa: Lurraren historian ziklo honek amaitzen du itsas-zikloa. Urgoniar garaiko erliebe arrezifalen gainean bertako sedimentu hiatoak sortzen dira, haien komunitate biologikoaren bizitza amaituz. Era horretan, kareharrizko ezarpenak nagusituko dira.
  • Cenomaniar/Campaniar: sedimentu tupatsuak eta kareharrizkoak dira ugarienak.

Geologia estrukturala

aldatu

Bilboko failak aski norabide zuzena darama Aloñako mendilerroan, Aratz igaro arteraino, hegoaldeko joera duela beti ere. Bere zeharkaldian haustura paralelo garrantzitsu batzuk ditu eta nabarmenena ipar aldeko Weald fazies zerrenda da.

Landaredia

aldatu

Aloña inguruko lurraldean bi landaredi-maila bereizten dira: muinotarra eta menditarra.

 
Quercus faginea

Basoak:

aldatu

Artadi kantauriarra: Izaera mediterranearra duen landaredia, iraganeko aro eta klimetako erlikia da. Isurialde kantauriarrean eta aurki daiteke, altitude gutxiko haran eta haitzarte babestuetan.

  • Erkamezti-harizti kaltzikola: Quercus pubescens eta Q. faginea espezien hibridoak dira. Mendi-hegal kareharritsu edo, tupatsuetan ezarritako baso-formazio hauetan, zuhaitzek eite erdipurdikoa lortzen dute.
  • Ameztia: Ametzari (Quercus pyrenaica) lurzoru aske, hareatsu, ondo drenatuak eta substratu silizeotan ezarriak zaizkio atsegin, eguterako eta laino gutxiko inguruetan.
  • Harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa: Euskal Herriko isurialde kantauriarrean, estaia muinotarrean ia nagusitasun osoa duten landaredi potentzialak dira.
  • Quercus petraea-ren hariztia: Haritz kandugabeak, Quercus petraeak, ez du inoiz sail handirik okupatu, eta han-hemenka azaltzen da Udanatik Aloña alderantz, bereziki silizeo lekuetan.
  • Urkidia: Urkiaren (Betula celtiberica) nagusitasuna duten arboladiak nahiko usuak dira. Ia beti formazio sekundarioak dira, hariztien edo pagadi azidofiloen mozketa edo degradazioarekin abiatuak.
  • Pagadi kaltzikola edo eutrofikoa: Lurzoru neutroetan edo substratu basiko karbonato-edukin altukoetatik eratorritako lur ez oso azidoetan bizi dira.
  • Pagadi azidofiloa: Lurzoru gehienak azidoak izanik, pagadi gehienak mota honetakoak dira.  Baso hauek pobretuta aurkitzen dira jasandako ustiaketa gogorragatik.
  • Haltzadi kantauriarra: Ibai eta erreka guztietan haltza (Alnus glutinosa) izaten da zuhaitzik ugariena. Batzuetan gainera, kolonizatzaile bezala ere badihardu ezponda, lur urratu eta sakonune hezeetan.

Sastrakak

aldatu

- Pre-txilardi atlantikoa: Hala deitzen zaio belarki eta tamaina ertaineko muluz osatutako landare-elkarte multzo bati, mendi-hegal, malkar eta labarretako lur meheetan.

- Txilardi-otadi-iratzedi atlantikoa: Itxura fisonomiko desberdinak erakusten dituzten landare-elkarteen multzo da. Lurzoru pobre eta azidoenetan txilarren nagusitasuna ematen da.

 
Txilardia

- Gurbizti edo sastraka garai termo-atlantikoa: Artadi kantauriarrarekin zerikusia duten behealdeko lekua epeletako zuhaiska-landaredi mota bat da.

- Elorri edo Lahardia: Baso-ertzetako edo arantzazko hesietako talde nagusiak dira. Elorrietan hainbat zuhaizka arantzatsu dira nagusi: Crataegus monogyna, Prunus spinosa eta Rosa spinosa.

Belarrezko landaredia

aldatu

- Brachypodium pinnatum-aren albitz-belardia eta bestelako larre mesofiloak: Abitz belarra da ugarienetakoa, eta basoetako soiluneak, belarduiak eta gutxi zaindutako larreak, bazter-lurrak eta abar hartzen ditu.

- Agrostis curtisii-aren larre silizikola: Gramineo hau nagusitzen den larre-mot, mendi siliziotan ezarri da.

- Belardi menditarra: Kararri-mazizo altuetan zati handiena estaltzen dute.

- Belardi eta labore-lur atlantikoak: Koniferoekin batera nagusi, kankudunen estaian lekutzen dira.

- Behardi-ihidiak, zingirak edo sakonune istilgarriak: Lurrazaleko ahur-gune istilduetan ezartzen dira.

- Kararrizko hartxingadietako landaredia: Haitzebaki batzuen oinean sortzen dira.

- Larre kaltzikola karritarra: Lurzoru eskeletikoak hartzen ditu, substratua azaleratzen den lekuetan.

 
Pinus radiata

- Kararrizko harkaiztegietako landaredi-konplexua: Hegaletako eta gailurretako pitzaduretan bizi dira.

Baso landatuak

aldatu

Zuhaitz-formazio homogeneok izaten dira. Txanda laburrean landatzen dira ia beti, 30 urte inguruan, Pinus radiata eta Pinus insignis izanik espezierik hedatuenak.

Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurugiro Departamenduak 2001. urtean hasita, Aloña mendilerro inguruko hainbat basolan burutu ditu, sastrakak kenduz, pagoak eta lizarrak sartuz, etb.

Haitzuloak

aldatu

Mendilerroan honako hogeita hemezortzi haitzulo daude: Akaitz 1,  Akaitz 2, K-25, Belatxingaitz, Maila,  Harlepoko zuloa, Duruko meategia, Kostain Potolo, Azkonar Zulueta goikoa, Duru 2, Akaitz 3, Kosotxo, Azkonar Zulueta behekoa, Aloña bizkarreko koba, Lizartzako iturria, Buetraitz 5, Buetraitz 6, Buetraitz 9, Buetraitz 10, Atxuriko meategia, Buetraitz 4, Buetraitz 3, Buetraitz 1, Haginagako leizea, Buetraitz 7, K1, Aloña iparraldeko koba, KL 1, Buetraitz 2, 30, Gorgomendi 1, Aloña bizkarreko leizea 2, Aloña bizkarreko leizea 3, Ubaoko urzuloa, Belargo leizea, Kataosteko meategia, Ezaetako koba, eta Gomistegi.

 
Haitzuloa

Haitzulorik handiena Ubaoko ur zuloa da,  Aloña mendiaren magalean. Urteetan Oñatiko herriaren edateko ur-sarearen oinarrietako bat izan da. Bere ahoa kararrizkoa den dozenaka metroko horma bertikal baten pean dago, kararri urgoniana eta argilita supraurgonianaren artean,  620 metroko altueran.

Bere mailaren mantenurako Aloñatik Kataberarainoko rudisten lurretatik datozen urak jasotzen ditu, uraren beste inongo irteerarik ez baita oraino aurkitu. Izan ere, ezagutzen diren lurpeko korronteek Kataberako meategikoa eta Kataberako Haitzulo 3 eta Haitzulo 5ekoak dira soilik. Urteko batez besteko emaria segundoko 200 litrotan dago.

Ubaoko ur-ezkutuetan abiatzea askea da une oro, eta Aloña Mendiko Espeleologia Taldearen aldetik aztertua izan den hodi aktiboa 525 metro sartzen da mendian barrena, Iparmendebal-Iparekialde norabidean.

Gizakiaren aztarnak mendian

aldatu

Arkeologia

aldatu

- Trikuharriak: gure arbasoen kristautasunaren aurreko monumentu megalitikoak dira, gorpuak ehorzteko eratzen zirenak. Bere egiturak antzerakoak izaten beti: lurrean finkatutako harriak, zutik, eta estaltzeko harlauza handiak gainean..

* Artzanburuko trikuharria. * Kokapena: Aizkorriko megalitotegia. * Deskribapena: Trikuharri labur itxia.

* Artzanbururen hegoaldera dauden larreetan, Urbiako Partzoneriko mugatik hurbil.

* Long.: 01º 19’ 10’’, Lat. : 42º 58’ 37’’, Alt.: 1.305 m., X.: 551.640 Y.:4.758.665, Z.: 1.305

 
Trikuharria

* On Joxemiel Barandiaranek aurkitu zuen 1917an, eta Telesforo Aranzadi eta Eugenio Egurenekin batera induskatu zuen 1918an. Ziotenez, 12 metroko diametroa eta 1’50 metroko altuerako tumulua zen. Ganbara, zutik dauden lau harlosek eta barnealdera eroritako beste batek osatzen duten esparru errektangular bat da.

* Materialak: A) Giza-hezurrak: gutxienez gizabanako heldu bati dagozkienak. B) Animali-hezurrak: zehaztugabeak. * Sekuentzia kulturala: neolito-brontzea.

- Tumuluak:

Hilobi bat edo gehiago (sarritan dolmenak) estaltzen dituzten lur edo harri-metaketa handiak dira.

* Mallako tumulua. * Kokapena: Aizkorriko megalitotegia. * Deskribapena: Tumulu zirkular nahasia.

* Malla-tokian, izen bereko saroitik 300 m.ra. HMrantz.

* Long.: 01º 18’ 05’’, Lat. : 42º 59’ 01’’, Alt.: 1.045 m., X.: 550.200 Y.:4.759.395, Z.: 1.045.

* Historiaurrean nahiko arruntak omen ziren, eta honako honen neurriak hauek dira: 11 metroko diametroa eta 0’50 metroko altuera. Erdiko kraterra 1’50 m. diametro eta 0’30 m. sakonerakoa izanik, ez du ganbara-harlosarik. Bertako kare-harriz egindakoa da.

* Juan San Martinek aurkitu zuen 1953an, eta ez da induskatua izan. * Sekuentzia kulturala: neolito-brontzea.

Orogelatria (Mendien gurtza)

aldatu

Edozein lurraldetan, garai eta erlijio guztietan, mendiak erakargarritasun berezia izan du jainkoen gurtzarako. Mendiak sakratuak ziren jada kristautasunaren aurreko euskaldunentzat. Lamien kontakizun gehienetan lamiak mendian zuten bizilekua, eta historiaurreko aztarnategi askotan trikuharriak eta harrespilak bazter menditsuetan zeuden. Badirudi hasierako hainbat ermita eta haitzulo santu, garai bateko gurtza astral eta idolatrak indargabetzeko eraiki zirela.       

Aita On Jose Migel Barandiaran jakintsuak zioenez, historiaurreko jendearen bizileku, hilerri eta aztarnak mendietan aurki daitezke, gaur egungo artzainen txabolen aitzindari. Ondoren etorri dira kristautasunaren hainbat seinale eta eraikuntza. Hogeigarren mendearen hasieran gurutze ugari jarri ziren mendietan, Leon XIII Erromako Aita Santuak hala eskatuta. Aloñako gurutzeaz gain, Euskal Herrian beste asko jaso ziren. Gorbeiakoa da ezagunenetakoa. 

 
Karobia

Karobiak

aldatu

Karegintza antzinakoa izan arren, duela bost mende indartu zen bere erabilerak, artoa eta arbia ereiten zen soroetan botatzeko, uzta hobeak lortzeko asmoz. Baina horrez gain, bazituen beste hamaika erabilbide, hala nola letxeriaz baserriak zuritzeko, itoiak desinfektatzeko, igeltseroak morteroa egiteko, fruta arbolen enborretan emateko, etab...  

Oñatik garai baten bostehun baserri inguru zituen, eta gehienen inguruan zeuden karobiak. Hogeigarren mendearen erdi aldera hasi zen karobien gainbehera, lan neketsua izanik lantegietan jornala irabaztea errazago zelako, eta bestalde kare industriala erraz lor zitekeelako prezio onean. Aloña magaleko Uribarri auzoko Urzelai baserria izan zen azkena langintza hau uzten. Gaur egun oraindik, baserri inguruetan berrogeita hamarretik gora zakarrezko karobi aurki daitezke. Karea egiteko, bi lehengai ezinbestekoak dira: kararria eta egurra, eta estima gehien Aloña, Orkatzategi eta Andarto inguruko kararriak zuten.

Artzaintza

aldatu
 
Artzaintza

Lau mila ardi pasatxo aritzen dira larrean uda aldera Aloña-Aizkorri mendilerrotan. Horietaz gain, zaldiak eta behorrak dira ugarienak, berrehundik gora. Basa-behiak berriz, erdiak inguru.

Euskal Herriko artzain txakur-lehiaketa garrantzitsuena Oñatin irailean ospatzen da. Nazioarteko maila izanik, beste lehiaketetako irabazleek soilik parte hartzen dute. 

Zuhaitz-landaketak

aldatu

Iragango urteetan, Oñatiko Natur Eskolak negu amaieran antolatzen duen Ingurumen Astearen barruan, Aloña zeharrean zuhaitz landaketak eginda ematen zaie bukaera ekitaldiei. Gaztetxoei zuzenduta dago batez ere, eta lanak gurasoen laguntzaz auzolanean burutzen dira. Batzuk aitzurrarekin zuloak egin ondoren landaretxoak kontu handiz landatuz, Zuhaitz gazteak ondo babestu ezean abereen janari bilakatzen direnez uda partean, alanbre kizkidun itxitura eraikitzen da inguru guztian. Aloña Lagunak taldeak ere urtero landatzen ditu haritzak, lizarrak, pagoak, haginak, elorri zuriak edo urkiak landatzen ditu.

Mendizaleak

aldatu

Mila bederatzi eta berrogeiko hamarkadan hasi ziren mendizaleak postontziak ipintzen mendietan, eta gaur egun tontor guztietan daude.  Bestalde, urtero biltzen da mendizale talde bat Gorgomendin urtarrilaren 1eko goizeko hamaiketan, urte berriari ongi etorria emateko.  

 
Sai bat hegan janari bila

Ehiza, egurra eta aisialdia

aldatu

- Ehiza: orokorrean mendilerroa Ehiza Babeslekutzat dago hartuta, Arantzazuko errepideraino, eta ondorioz bertan jarduera hau debekatuta dago.

Mendiaren baldintzei, larre asko eta zuhaitz eskasia, ongien moldatzen diren espezieak eperrak eta erbiak dira. Garai batean ugariagoak ziren, inguruetako baserrietan garia, artoa eta garagarra ereiten zirelako.

Zozoa eta birigarroa dira aurki ditzakegun beste espezie zinegetikoak, basurdearekin batera. Udazkenean berriz, oilagorrak eta paseko usoak ehizatzea dira. Hala, Belar inguruetan hamabi ehiza-postu daude garai estimatuenean.

Bestalde, harrapariak bere tamainan jarraitu dute, batez ere azeriak,  eta neurri apalagoan mendiko katuak eta inguruetako baserrietan baztertutako katu basatiak.   

Laurogeitik gora sai dabiltza Aloña inguruetan. Babestutako harrapari eder hauek Aitzgaineko hormatzarretan daukate habiak, errepidetik begi bistan. Beraien betebehar nagusia, ehiza baino, sarraski lana betetzea da, hildako abereak janez.

 
Parke Naturala

- Egurra: Historikoki izugarrizko garrantzia izan dute zurak eta egurrak, lehenak eraikuntzarako eta bigarrenak sutarako. Bestalde, ez da ahaztu behar duela gutxi arte ikatza egiten zela mendian. Baina aurrerakuntzaren eta bereziki industrializazioaren eraginez, bizimolde horiek desagertuz joan dira, eta gaur egun egurra soilik dago baloratua..

Partzuergoan, egurraren ustiapena 1890ko araudi baten bitartez ongi erregulatuta zegoenez, edozein herritarrek har zezakeen ihartuta edo hondatuta zegoen zuhaitzetako egurra, horretarako baimena lortu ondoren.

- Aisialdiari dagokionez, azken belaunaldian mendizaletasuna gehituz joan da, eta Aloña-Aizkorri Parke Natural izendatua izan da.

Ustiapen desberdinak

aldatu

Ur-biltegi mordoska dago Aloñako magalean, Oñati eta Legazpi alderako ura batzeko. Garrantzi berezia izan zuen Ubaoko urzuloak, eta ur-hodi zein azpiegitura sendoak egin ziren uraren garraiorako. Duela hogeita hamar urtetik hona, kontsumorako Urkuluko ura da erabiliena

 
Meategia

Hirurogeiko hamarkadan, Durutik Urbiarainoko pista urratu zen, turismorako balioko zuelakoan. 2001ean lau pista ezberdin zeuden, baina  Foru Aldundiak eta Udalak bat eginik, pistok utzitako arekak betetzeari ekin zioten. Eskiztatik gora joateko, motorretan zein mendiko kotxeetan zirkulatzea debekatua zegoen seinaleak ipini beharra egongo zen.

Gaur egun utzita dagoen Kataberako meategiak, XIX. mendearen amaieran eta XX.eko hasieran kalamina ekoizpen handiak lortu zituzten. Udanako labeetara teleferikoko bagonetatan garraiatzen zuten minerala. Hirurogeiko hamarkadatik desagertuta dago, baita, Aloña pean zegoen igeltsutegia.

Aloña literaturan

aldatu

- Manuel Umerez Goribargoitia apaiza (1757-1818) izan zen oñatierazko lehen testu garrantzitsuak taxutu zituen idazlea. Bi gomendio liburu idatzi zien ilobei, 450 orritik gorakoak. 1805ekoak honela dio: “… Eta nora guaza odei denporako gizur sinisketa oneikaz, bardin odei aserriak ekusi oi dirian alderen batetik aurkiketan bada iñork ondarrik ez dekion leze andiren bat, nire gazte denporan Oñatin, estudioetan nenbillela, entzun oi neben legez Gaiztazuluaren izena daukan leze bategatik? Entzuten neben bada, leze onetan diabruak bizi diriala, sartu eta urten ibiltzen diriala batez ere odei aserria daguanian, urlia arzainegaz eta berendiagaz au gertatu zana eta bestia, eta beste onelako milla atso ipuiñ ume artian ere denpora irago garri esaten kristaun batek lotsatu bihar leukiana…”

- Joxe Mari Iparragirre (1820-1881)

 
Iparragirre

Urretxuko kantari ospetsua Espainian eta Frantzian, Suitzan eta Britainia Haundian, Argentinan eta Uruguayn bizi izan zen.

Azken urteak Euskal Herrian eman zituen, eta Oñatiko udalak deituta bertako jaiak alaitzen izan zen garai horretan. Hogeita lau bertsoko Aloña Mendi saioa geratu zaigu oroimenean. Lehen eta azken hirurak jasoko ditugu hemen:

Aloña mendi aldamenean

guztiz leku agerian

Oñati eder hau ikusten da

zelaitxo baten erdian…

- Txomin Agirre (1864-1920)

Ondarroan jaio ondoren, ia bizi osoa Zumaian eman zuen, bertako mojen kapeilau lanetan. Euskal literaturgintzako idazle eta nobelagile klasikoenetakoa dugu, eta “Garoa” eleberria (1912), Oñatin kokatzen du, Errodrigo Baltzategiren baserrian, Aloñako magalean.

Hona hemen Garoaren pasarte bat:

… Horrela zen Joanes nik ezagutu nuenean.

Hirurogeita hamabi aldiz ikusi zuen, Aloña mendiko hariztietaan, ostro berdea berriz jaiotzen; baina ez zion eramango hemeretzi urteko mutil batek ez aizkora jolasean, ez burni astuna jaurtitzen, ez mendietan gora edo ibarretan zehar lasterka…

- Salbatore Mitxelena (1919-1965)

Zarautzen jaio zen, bertsolarien familia baten. Arantzazuko frantziskotar eginda, gerra osteko lehen liburua berak argitaratu zuen: “Arantzazu. Euskal sinesmenaren poema” (1949). Poetarik ospetsuenetakoa izatera ailegatu zen.Honakoa da sarrera:

 
Arantzazu

Talan… talan…

Aloñaren maldan

antzina zaharrean

altzo-altzotikan

talan… talan

Aloñaren maldan.

- Bitoriano Gandiaga (1928-2001)

Mendatan jaioa, oso gazte joan zen Arantzaura fraide izateko. Hogeigarren mendeak eman zuen euskal poetarik onenetakoa. Honela dio 1980. bere poesia batek:

Argi eta behor pozik

Aloñako hegian,

gurutze bat ageri da

mendi-punta jaian

 
Magalean

hauxe besterik ez nuen

erantzun, agian,

zentzua topatzen diot

fedearen argian.

Mitologia

aldatu

Gorgomendi eta Buetraitz tontorren artean, 1.200 metroetako altueran eta iparraldeko hormatzarrean, oinez ailegatzeko zaila den haitzulo bat dago, “gaiztozulo” izenekoa.

Mitologiak zioen Anbotoko “Mari/lamia/sorgina/señoria” noizbehinka bertara joaten zela hegan, bereziki eguraldi trumoitsu eta txarra egiten zuenean.

Arantzazuko fraideak, sorginkeria horri aurre egiteko eta beldurrak uxatzeko, hiru gurutze jarri zituzten barruan, garai desberdinetan: 1) Sarrerako gurutze birgurutzatua. 2) Sarrerako ahoaren azpian beste gurutze birgurutzatu bat, besoetan gurutzetxo grabatuak dituena, eta 3) Gurutze bat horman zuriz margotuta, elizako kustodia itxurarekin.

Mendiaren maldetako baserritarren artean kontu eta atsotitz asko zeuden gaiari buruz. Adibidez:

 
Anbotoko Mari Gaiztozulo bidean
Rufino Elortondo
« Anboto señoriaren ibilixak mendi batetik bestera ziren, Korosotik Anbotora eta Anbototik Aloñara. Horreitako batean eskuturra apurtu zitzaion alde batetik bestera salto egitten jausi zenean. Orduan bazen Koroso aldeko mendi honeittan ardien hanka-hezur apurtuak oholtxuekin osatzen zituen agure bat, eta sSeñori horrek jakin zuenean hori, agurearengana joan eta osatu zion »


Andres Lizarralde
« Señora hori urte baten Anboton eta bestean Gorgomendin izaten zen. Gauean pasatzen zen, dena sua eta garra eta argi-txipiztina. Honuzkotan ikusten zen. Hona etortzen zenean denbora txartu egiten zen. Gorgomendin zegoenean Uribarri izaten zen zigortuena »


Graziano Anduaga
« Gorgomendi gainean dago Gaiztozulo. Hobeto esateko, Buetraitzen ondoan. Hauxe da Gorgomendiko Señoriaren bizilekua. Buztana luze ebala etortzen omen zen Anbototik Gorgomendira. Hura Gorgomendin zegoenean, negua txarragoa izaten zen. Gu gazte ginela, Oñatitik abadeak joaten ziren zulo hori bedeinkatzera. Orduan txondorrak egiten ziren San Juan egunean bedeinkatutako belarrekin. Erruda eta apioa ziren etsaia botatzeko indarra zeukaten belarrak »


Aloñako igoerak

aldatu

"Aloñako Igoera" 2005etik antolatzen den mendi lasterketa da, 22.6 kilometroko ibilbidea daukana eta 1.868 metroko pilatutako desnibelarekin.

Karreratik kanpo, oinez igotzeko ohiko abiapuntua da Urtiagain lepoa (506 m), Arantzazurako bidean. Halaber, Arantzazutik bertatik abiatzen da bide bat Durutik igarotzen dena, eta Gomiztegiko artzain eskolatik. Biozkorniako lepoa (1.200 m) beste aukera bat da, "Ama Birjinaren Aulkia" izena ere hartzen duena. Bertara Legazpi edo Oñati aldetik iristen da, Katabera antzinako burdin meategietatik.

Duru-Malla

aldatu

Duru eta Mallako zelaiak Aloñako mendigunearen hegoaldean kokatuta daude, Arantzazu auzoaren gainaldean. Korta edo saroiek osatuta dagoen ingurunea da, antzinako artzain-etxolekin batera. Artzaintzarako zonalde honek, gainera, gordetzen du Eskista izeneko lekua. Ibarrondo familiak atondutako iglu formako eraikin txikia da, ondoan dagoen muinotik erremonte bakar batekin osatzen zuen eski estazio txikia garai batean.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskal Herriko Mendien Katalogoa 2007ko otsaila, 2009ko apirila, Euskal Mendizale Federazioa. Katalogo horretako toponimoek Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen oniritzia dute. (EODA)
    Aloña (Mendikat)
  2. Mendikat, Euskal Herriko Katalogo osoa.
  3. Irizar, Iñazio. (2001). Aloña mendilerroa eta gurutzearen mendeurrena. Autoedizioa, 232 or..

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa