Unión Cerrajera

eraikitako euskal ondare nabaria Arrasaten

Unión Cerrajera de Mondragón (UCEM) sarrailagintzan diharduen Arrasateko fabrika da, historian zehar berebiziko garrantzia eduki duena herriarengan. Izan ere, arrasatearrek "sarrailagile" ezizena hartzen dute. Bertan, "Zerrajerie" esaten diote herriko hizkeran enpresari.

Unión Cerrajera
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Erdialdea (Arrasate)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaArrasate
Koordenatuak43°03′50″N 2°29′16″W / 43.0639°N 2.48771°W / 43.0639; -2.48771
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XX. mendea
Ondarea
EJren ondarea60
Zerrajeraren omenezko harria, Arrasaten. Zera dio: Makina bat lan emusku makinatxo bati.

Dena dela, herrirako ez ezik, hortik kanporako ere oso garrantzitsua izan da UCEM: 1965 arte Gipuzkoako fabrikarik handiena izan zen, eta ordura arte ez zegoen estatu espainiar osoan sarrailak egiten zituenik.

Azkenik, esan behar da Bergarako Labe Garaiak elkarlanean ibili zirela Arrasateko fabrika honekin, laguntza handia emanez

2004ko irailaren 23an, Eusko Jaurlaritzak instalazioetarako sarrerako eraikina kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin, arkitektura arrazionalistako erakusgarri.

Historia aldatu

  • 1906an sortu zuten "Vergarajauregui, Resusta y Cia" (1869an eratua) eta "La Cerrajera Guipuzcoana" (1901ekoa) enpresek bat egin ondoren.
  • 1915ean enpresak 850 langile zituen, herriak 3.000 biztanle inguru zituenean.
  • 1987an krisialdi ekonomikoa hasi zen, zuzendariek langileentzat txarrak izan ziren hainbat neurri hartuz.
  • 1993an lortu zuten enpresa behin betiko ez ixtea. Gaur egun 104 langile ditu Zerrajerak.

Sarrerako eraikina aldatu

2004ko irailaren 23an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen instalazioetarako sarrerako eraikina. Hau pabiloi-segida luze baten erdian kokatzen zen, Deba ibaiaren eskuinaldean. Pabiloi horietako batzuk ibaiaren ibilguaren gainean zeuden, eraikin hau esate baterako. Eraikin gehienak desagertu egin dira eta, segur aski, geratzen dena multzo osoko enblematikoena da, bere arkitektura-kalitateagatik ez ezik, sarrerako eraikina izateagatik ere, 1939az geroztik multzoaren irudia ematen zuena hain zuzen ere.

Oinplano angeluzuzenak berrogeita hamar bat metroko aurrealdea eta hogeita hamasei metroko sakonera du. Hiru solairuko profila du, eta behe-solairua da altuera handienekoa. Instalazio guztietara sartzeko erabiltzen zen erdiko pasagune batek aurretik atzeraino zeharkatzen du solairu hau. Elementu horrek, halaber, alde bietan dauden geletara zuzenean sartzeko aukera ematen du. Goiko bi solairuetara erdiko begidun eskailera handi baten bidez igo daiteke; pasagunearen amaieran dago, eraikinaren hego-mendebaldeko izkinan, solairuaren eskema simetrikoa hautsiz. Goiko solairuak altuera handikoak dira.

Eraikina 1939an eraiki zuten Luis Astiazaran arkitektoaren proiektuaren arabera. Obraren alderdi guztiak arkitektura arrazionalistaren parametro garbienetatik egiten dira: hautatutako egitura-sistematik eta itxituretatik hasi eta fatxada-konposizioan erabilitako arkitekturaren adierazpideraino.

Hormigoi armatuzko sare-formako egitura sendoarekin eraiki zuten, bere baitan hartuko zuen industria-jarduera kontuan hartuta. Ertz handiko habeak erabili zituzten, sekzio aldakorrekoak zenbaitetan, eta haien gainean hormigoi armatuzko xafla. Azken solairuan sabaileihoak zabaltzen dira, zeharo ordenatua, argi zenitala izateko.

Hautatutako egitura-sistemarekin bat etorriz, fatxadak ez dira sostengu-elementuak, itxitura-mintz arinak baizik. Horrek aukera ematen du metalezko arotzeriaz itxitako bao horizontal handiak nahierara irekitzeko. Fatxadek ez dute ornamentaziorik, hautatutako arkitekturaren adierazpidearekin bat etorriz. Fabrikaren irudia ematen zuen fatxada nagusian erloju handia, "frontoi" mailakatua eta dagoeneko desagertua den enpresaren izenaren inskripzioa aipa daitezke. Izan ere, fatxadaren erdia markatzen dute, konposizioaren simetria nabarmenduz, behe-solairuko pasagunearekin batera.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  • "Ama Zerrajera-Madre Cerrajera" Jose Mari Velez de Mendizabal, Jose Angel Barrutiabengoa eta Juan Ramon Garai, 2007.
  • Kanpo estekak aldatu

    Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
    Euskal Wikiatlasa