Txomin Iturbe
Txomin Iturbe Abasolo, batez ere Txomin soilaz ezaguna, (Arrasate, Gipuzkoa, 1943ko abenduaren 7a - Berruhagia, Aljeria, 1987ko otsailaren 28a) ETA erakunde armatuko kide eta buruzagi historikoa izan zen.
Txomin Iturbe | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Arrasate, 1943ko abenduaren 7a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Berrouaghia (en) , 1987ko otsailaren 27a (43 urte) |
Heriotza modua | istripuzko heriotza |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | nekazaria |
Kidetza | Euskadi Ta Askatasuna |
Biografia
aldatuFamilia
aldatuArrasateko Etxezuri baserrian jaio zen. Sei neba-arreben artean nagusia izan zen. Anjel Iturbe anaia ere ETAko kidea izango zen eta Frantziak Santo Domingon deportatuta izan zuen hainbat urtetan. Baionan Maite Ormaetxea arrasatearrarekin ezkondu zen eta hiru seme izango zituzten: Iraultza (1970), Arkaitz (1973-2019) eta Igortz (1975). 1984an GALek bere koinatu Xabier Perez de Arenaza hil zuen.
Lehen pausoak
aldatuTxominek ikasketak mojetan hasi zituen, eta gero San Viator eskolara pasa zen. 14 urte egin zituenerako Union Cerrajeran hasi zen lanean, baserriko kontuak utzi gabe. Gaztetatik kirolean nabarmendu zen eta Union Cerrajera futbol taldean hasi zen, atezain. Gero Aretxabaletako UDAn jokatu zuen, bost urtez, eta 23 urtekin Mondragon futbol taldeak fitxatu zuen. Urte horretan sartu zen ETA talde armatuan. Inoiz aipatu zuenez, futbol taldeko bidaiak aprobetxatzen zituen erakundearen materiala eta propaganda garraiatzeko ere.
Cerrajera fabrikan lan egin ondoren Amat kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen. Kooperatibako lana, baserrikoa eta erakundearena zeramatzan aurrera garai honetan.
Soldaduska Espainiako Itsas Armadan egin zuen, Ferrolen (Galizia)
Iheslari
aldatuTxabi Etxebarrietaren hilketaren ondoren mobilizazio ugari egin zen Euskal Herrian zehar. Horrek errepresioa ere ekarri zuen, eta 1968ko uztailean atxilotu zuten lehenengoz. Arrasaten beste asko ere atxilotu zituzten, eta Unai Dorronsoro ETAko liberatua atxilotu zutenean ihes egin zuen Iparraldera, 1968ko abenduaren 7an, 25 urte egin zituen egunean hain zuzen.
Iparraldean hasiera batean Baionan bizi izan zen, beste iheslari batzuekin batera. Gerora Maite Ormaetxearekin ezkondu eta Garruzera aldatu ziren, Donapaleu ondora, Nafarroa Beherean. Bertan Eustakio Mendizabal Txikia, Isidro Garalde Mamarru eta beste iheslari eta Iparraldeko batzuekin batera nekazaritzan jardun zuten, negutegietan.
Erakundearen buruzagi
aldatuZeregin nabarmena jokatu zuen ETA V.aren fronte militarraren berreraikuntzan, Juan Jose Etxabe eta Eustakio Mendizabalekin batera. Beranduago ere, ETA(m) eta ETA(pm) zatiketan, Argalarekin batera jardungo zuen ETA(m)ren zuzendaritzan.
ETA(m)ko ordezkarietako bat izan zen Txibertan (Lapurdi) 1977an euskal indar politikoen artean egin ziren bileretan.
Ipar Euskal Herrian hainbat aldiz atxilotu zuten. Lehenengo aldia 1969an izan zen. 1970ean Baionako Katedralean egindako gose greban parte hartu zuen.
Abeslari
aldatuAbestea izan zen Txominen zaletasunetako bat. Disko klandestinoa ere grabatu zuen Maite Ormaetxea bere andrea, Isidro Garalde Mamarru eta Manuel Garmendia Kortarekin batera, Eustakio Mendizabalen omenezko Txikia kanta ezaguna tartean.
Hiltzeko saioak
aldatuEspainiako zerbitzu sekretuetako ajenteak sarritan saiatu ziren Txomin hiltzen. 1975eko urtarrilean Txomin bahitzen saiatu ziren ezezagun batzuk, baina ihes egitea lortu zuen. Urte berean, abenduan, bonba bat jarri zioten autoaren azpian, baina seme batek ikusi eta autotik urruntzerakoan bonbak lehertu eta semea zauritu zuen. 1976an ametrailatu zuten, baina ez zioten zauririk eragin. 1979an besoan zauritu zuten beste batzuekin zihoan autoa tirokatu zutenean, Biarritzen. 1980an Eugenio Etxebeste eta Jokin Gorostidirekin autoan zihoala tirokatu eta bi balak jo zuten, batak zangoan eta besteak lokian.
1982an Frantziako poliziak atxilotu eta zortzi hilabete egin zituen Baionako espetxean.
ETAren solaskide
aldatuETAk Txomin izendatu zuen Espainiako gobernuarekin negoziazio baterako solaskide ofiziala. Espainiako gobernuak ahalegin bereziak egin zituen ustez ETAko beste buruzagi batzuen aldean Txomin negoziazio batzuetarako eskuragarriago izan zitekeelakoan. 1984an elkarrizketa bat izan zuen Felipe Gonzalezen gobernuko ordezkariekin Parisen. Horren porrotaren ostean Tours herrian konfinatu zuen Frantziako gobernuak, baina sasira pasa zen 1986an errepide kontrol batean atxilotu zuten arte.
Deportazioa
aldatu1986ko uztailean espetxetik ixilean atera eta deportatu egin zuten. Txominek Frantziako errefuxiatu txartel ofiziala zeukan garai horretan, 1990eko martxoaren 3ra arte hain zuzen. Christianne Fando abokatuaren eta familiarren jestioen ondoren Librevillen (Gabon) zegoela jakin zen. Handik Ekuadorera eramateko presioak egin zituen Espainiako gobernuak, baina azkenean, negoziazio batean joka zezakeen paperari begira, Aljeriara iritsi zen urte horretako irailean.
Aljeriako elkarrizketak
aldatuAljerian bertan Espainiako gobernuaren ordezkariekin elkarrizketatu eta negoziazio prozesu bat zabaldu zen. 1986ko azaroaren 22an Jorge Argote abokatua, Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin izan zen. 1987ko urtarrilaren 11n eta 12an Julian Sancristobal Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin, beti ere ETAren ordezkari modura.
Heriotza
aldatuHandik gutxira, 1987ko martxoaren 1ean zabaldu zen Txominen heriotzaren berria, otsailaren 28an auto istripu batean hil zela. Haatik, beste bertsio batek [1] dio errefuxiatuak bizi ziren Aljeriako etxe bat pintatzen ari zela zorabiatu, erori eta bertan zerraldo gelditu zela Iturbe. Bere jaioterrian, Arrasaten, lurperatu zuten. Euskal Herri osotik joandako jendetza bildu zen hiletetan Txomini azken agurra ematera.
Negoziazio prozesuak aurrera egin zuen Txomin gabe baina porrot egin zuen.
Txominen figura politikoa
aldatuETAn eragin handia izan zuen. Oso pertsona irekia, hiztuna eta xumea zen, baserritar izaerakoa, eta oso erraz berenganatzen zuen jendearen konfidantza. Ideologikoki abertzaletasunetik hurbilago zegoen marxismotik baino eta euskara ikusten zuen Euskal Herriaren independentziaren habe nagusi.
Lelo bi ezagun egin zituen ezker abertzaleko politikan: "Aurrera bolie!", futbol garaitik hartutakoa, eta "Gora gu ta gutarrak!"
Erreferentziak
aldatu- ↑ Urain Larrañaga, J.: Txomin, aurrera bolie, Gara argitaletxea (2021), 352-353 orr. ISBN: 978-84-123340-1-2
Kanpo estekak
aldatu- Txomin Iturberen heriotzaren 20. urteurrena da gaur Goiena.net 2007/02/27
- ARGAZKI GALERIA: 20 urte Txomin Iturbe hil zela Goiena.net 2007/02/27