Aretxabaleta
- Artikulu hau Gipuzkoako udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Aretxabaleta (argipena)».
Aretxabaleta Gipuzkoako hego-mendebaldeko udalerri bat da, Debagoiena eskualdekoa. 28.97 km² ditu, eta 6.987 biztanle zituen 2016. urtean.
Aretxabaleta | ||
---|---|---|
![]() | ||
![]() Aretxabaletako aireko ikuspegia. | ||
| ||
Administrazioa | ||
Estatua | Espainia | |
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | |
Lurraldea | Gipuzkoa | |
Eskualdea | Debagoiena | |
Izen ofiziala | Aretxabaleta | |
Alkatea | Ana Isabel Bolinaga Uribarren | |
Posta kodea |
20550 | |
INE kodea |
20013 | |
Herritarra | aretxabaletar | |
Kokapena | ||
Koordenatuak | 43° 02′ 10″ N, 2° 30′ 16″ W / 43.036111°N,2.504444°WKoordenatuak: 43° 02′ 10″ N, 2° 30′ 16″ W / 43.036111°N,2.504444°W | |
![]() | ||
Azalera | 28,97 km2 | |
Garaiera | 248 metro | |
Distantzia | 80 km Donostiara | |
Demografia | ||
Biztanleria |
6.987 biztanle (2016) ( ![]() | |
Dentsitatea | 241,18 biztanle/km² | |
Hazkundea (2003-2013)[1] |
![]() | |
Zahartze tasa[1] | % 18,09 | |
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 60,23 | |
Ekonomia | ||
Jarduera tasa[1] | % 81,23 (2011) | |
Genero desoreka[1] | % 2,44 (2011) | |
Langabezia erregistratua[1] | % 7,46 (2013) | |
Kultura | ||
Euskaldunak[1] | % 62,42 (2010) | |
Euskararen erabilera[2] | % 30,6 (2011) | |
Datu gehigarriak | ||
Sorrera | 1630. urtea | |
Webgunea | http://www.aretxabaleta.eus |
GeografiaAldatu
Ingurune naturala eta klimaAldatu
Herrigunea Deba ibaiak zeharkatzen duen haran estuan dago, 248 metroko altueran[3]. Ingurua oso menditsua da. Mendi ezagunena Kurtzebarri da, 1119 metrokoa, herritik ikusten den gurutzeagatik. 500 metro hegoalderantz Elorretako Haitza dago (1140 metro). Hala ere, Aretxabaletako tokirik garaiena Elgeako mendilerroan dagoen Aumategigaña da, 1189 metroko garaierarekin. Udalerriko beste mendi esanguratsuen artean, aipatzekoak dira Murugain, Andarto eta Urkuluko uharkaren gainean dagoen Iruaitz.
Gipuzkoan ohikoa denez, zuhaitzik ugarienak landatutako pinuak dira, geografia guztian daudenak. Zaraiako mendilerroaren magalean, Urkulu inguruan eta beste toki batzuetan pagadi zabalak ere baditugu.
Aretxabaletaren ekialdean Urkuluko urtegia dago. 1979an eraikia, Debagoieneko eta Gipuzkoako beste herri batzuk urez hornitzen ditu. Urtegitik behera doan Urkulu errekak Oñatiko Zubillaga auzora jotzen du, beherago, San Prudentzion, Deba ibaiarekin batzeko. Urtegiak sortu duen inguru naturala oso erabilia da aisialdirako Debagoienan, eta bertako urak bizileku bilakatu dira hainbat hegazti espezierentzat.
Klimari dagokionez, epela eta hezea da. Urteko ur-jasa 1300 mm/m² ingurukoa da, eta batez besteko tenperaturak 5 °C urtarrilean eta 17 °C uztailean dira. Neguan elurteak ohikoak dira mendian, eta herrigunean ere urtean bizpairu aldiz egiten du.
Udalerri mugakideakAldatu
Aretxabaletak mugakide ditu Arrasate iparraldean, Eskoriatza mendebaldean, Aramaio iparmendebaldean, Oñati ekialdean eta Barrundia (Araba) hegoaldean.
AuzoakAldatu
Gaur egun Aretxabaletako udalerria osatzen duten elizateak herrixkak ziren garai batean, 1630ean Aretxabaletako Udalerriaren sorrerarekin batera barneratu zirenak. Elizate hauek herriko erdigunea baino lehenagokoak dira. Urteekin, bertako biztanleria jaitsiz joan da, 1960ko hamarkadan auzoetan bizi ziren 969 bizilagunetik gaur egungo 354ra. Honako hauek dira Aretxabaleta udalerria osatzen duten auzoak:
HistoriaAldatu
Herriaren lehenengo aipamenak X. mendekoak dira, Aretxabaleta eta bertako elizateak Leintz ibarraren barnean zeudenean, Eskoriatza, Arrasate eta Leintz Gatzagarekin batera. 1260. urtean Arrasatek bailara utzi egin zuen, eta 1331n Leintz Gatzagak jarraitu zion. Ordutik aurrera, bailara 17 herrixkak osatzen zuten: Apotzaga, Aozaratza, Arkarazo, Aretxabaleta, Areantza, Bedoña, Bolibar, Eskoriatza, Galartza, Korueta, Gellao, Isurieta, Larriño, Marin, Mazmela, Mendiola eta Zarimutz. Elizate bakoitzak bere alkate eta kontzejua zeuzkan, eta guztiak parekoak ziren eskubidetan eta administrazioan. Bailara osoa ordezkatzen zuen Anaiarteko Alkatea ere bazegoen; kargu hori edozein aitonen-semek bete zezakeen.
1370. urtean Gaztelako Henrike II.a erregeak Leintz Beltran Velez Gebarakoa Oñatiko jaunaren esku utzi zuen. Gebaratarren menpekotasunetik aldendu guran, 1497. urtean, garai hartako Leintz Gipuzkoako Probintzian sartu zen. Geroago, 1556. urtean, Gebaratarrengandik askatu egin zen eta "Valle Real de Leniz" izena hartu zuen. Egoera horretan jarraitu zuten Leintzeko gune guztiek (egungo Aretxabaleta eta Eskoriatza herrietako udalerriak osatzen duten herriguneek eta elizateek) 1630. urtera arte, Eskoriatza eta Aretxabaleta herrien arteko liskarrek bailararen banaketa ekarri arte. Urte horretan Aretxabaletak "Valle Real de Aretxabaleta" izena hartu zuen.
EkonomiaAldatu
Udalerriko ekonomi jarduera nagusia, abeltzaintzaren eta nekazaritzaren (barazkiak, zuhainak) gainetik, industria (metalen eraldakuntza, sarrailgintza, kimikoa eta manufaktura-industria) da.
DemografiaAldatu
Aretxabaletako biztanleria |
---|
PolitikaAldatu
2011ko udal eta foru hauteskundeetan Bildu koalizioak gehiengoa eskuratu zuen, hamahiru zinegotzitik sei eskuratu baitzituen. Aralarrek hiru zinegotzi lortu zituen, Euzko Alderdi Jeltzaleak bi eta Euskadiko Alderdi Sozialistak bat. Hori horrela izanik, Ana Bolinaga Uribarren alkate izendatu zuten.
2015eko udal hauteskundeetan, berriz, aldaketa nabarmena izan zen. EAJ alderdiak sei zinegotzi lortu zituen, aurrekoetan baino lau gehiago. Bilduren eta Aralarren ondorengoa zen Euskal Herria Bilduk bost zinegotzi lortu zituen, aurreko bi taldeak zituzten hamar zinegotzietatik erdia. PSE-EEk, bestalde, bere zinegotzia mantendu zuen, eta Irabazi taldeak bat lortu zuen. Emaitza horiekin, eta EAJ eta PSE-EE taldeek EAE mailan egin zuten akordioaren ondorioz, EAJko Unai Elkoro hautatu zuten alkate.
Aretxabaletako udalbatza | |||||
Alderdia |
2015eko maiatzaren 24a |
2011ko maiatzaren 22a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | 6 / 13
|
2 / 13
|
|||
Euskal Herria Bildu* | 5 / 13
|
7 / 13
|
|||
Irabazi (2015) / Ezker Batua - Berdeak (EB-B) (2011) | 1 / 13
|
0 / 13
|
|||
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE)) | 1 / 13
|
1 / 13
|
|||
Aralar** | 3 / 13
|
||||
* 2011n Bildu koalizioa aurkeztu zen. 2015ean Euskal Herria Bildu koalizioan integratuta aurkeztu zen. | |||||
Datuen iturria: 2015eko eta 2011ko udal hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean |
Ondasun nabarmenakAldatu
- Andre Mariaren Jasokundearen eliza: herriko parrokia edo eliza nagusia.
- Aretxabaletako udaletxea: Aretxabaletako udaletxea.
- Galartza dorretxea
- Iraeban baserria: Goroeta auzoan.
- Otalora jauregia
- Otalora dorretxea: Aozaratza auzoan.
- Urkuluko uharka: Aozaratza auzoan.
- Aretxabaletako gurutze barrutia
KulturaAldatu
EuskaraAldatu
Aretxabaletako euskara[7] mendebaldeko hizkeraren[8] aldaera bat da, sortaldeko euskararen[9] parte den Debagoieneko euskara[10], hain zuzen. Deba eskualdeko hainbat herrik osatzen dute Debagoieneko hizkera: Gipuzkoako Aretxabaletak, Arrasatek, Eskoriatzak, Leintz Gatzagak eta Oñatik eta Arabako Aramaiok. Leintz haranak esparru berezia osatzen du Deba ibarrean, oso estua delako Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga herrien arteko batasuna. Aramaioko hizkera ere ez da asko urruntzen hauetatik, baina bai Oleta auzokoa, Oletako hizkera sartaldeko eta sortaldeko hizkeren arteko tarteko hizkeratzat hartzen baita. Oñatiko hizkera ere berezia da. Oñati ez zen Gipuzkoan sartu 1845 urtera arte eta bertako hizkerak oraindik ere nortasun berezia du. Oro har, Debagoieneko hizkerak Arabako euskararen eragina duela esan daiteke. Debagoienak Gasteizekin eduki du hartu-emanik estuena eta, dirudienez, hango ezaugarriak eta hango berrikuntzak iritsi dira bertara.
KirolakAldatu
Herriko kirol talde nagusia Aretxabaleta Kirol Elkartea da, UDA ezizenaz ezagunagoa. Futbol taldea Hirugarren Mailara igo zen 2015ean, baina garaipen handiena 1972an lortu zuen, Afizionatuen Espainiako futbol txapelketa hain zuzen ere. Lehen mailan jokatu izan duten futbolariak ere izan dira Aretxabaletan, Andoni Zubizarreta eta Jose Javier Barkero dira ezagunenak.
Mendizaletasunak ere jarraitzaile ugari ditu herrian eta bertako Felix eta Alberto Iñurrategi anaiak Himalaiako mendiak igotzen aritu ziren. Albertok zortzimilako guztiak igo zituen. Bi mendizale elkarte ere badira herrian, Murrukixo eta Zaraia.
Txirrindularitzak ere historia luzea izan du herrian. 1930eko hamarkadan Leintz ibarreko itzulia egin zen urtero eta garaiko txirrindulari onenek hartu zuten parte. Gerra ostean Nazioarteko ziklo-kros lasterketa antolatu zen eta 1980ko hamarkadan Munduko Txapelketa antolatzear ere egon zen.
Azkenik, aipagarria da Joseba Larrinaga paraolinpiar atleta, Atlantako Jokoetako maratoian zilarrezko domina irabazi zuena.
JaiakAldatu
- Jai patronalak: Abuztuaren 14, 15, 16 eta 17a, Andramaixak.
- Urtarrilaren 19an Kanuto Deunaren Jaia.
- Inauterietako igandea.
- Maiatzaren hirugarren asteburuan Euskara Eguna eta Otala Zelai Eguna.
- Irailaren 29aren aurreko larunbatean San Migelak.
- Auzoetako jaiak:
- Otsailaren 3a, Apotzaga-Etxebarrin San Blas eguna.
- Ekainaren 24a, Aozaratzan San Juan jaiak.
- Ekainaren 29a, Isurietan San Pedro.
- Uztailaren 10a, Larriñon San Kristobal.
- Uztailaren hirugarren asteburua, Portasolgo jaiak.
- Uztailaren 25a, Goroetan Santixau jaiak.
- Irailaren 8a, Areantzan Agorreko andramaixak.
- Azaroaren 12a, Arkarazon San Millan jaiak.
- Abenduaren 13a, Galartzan Santa Luzia jaiak.
MusikaAldatu
Aretxabaletan musikak garrantzia izan du. Aretxabaletako abesbatzak hainbat sari jaso izan ditu gregoriano estiloan eta akordeoi orkestrak ere sona badu.
Musika taldeak ere izan dira. 1980. hamarkadan Akulu sortu zen. Azken urteotan Neallta Fola, Screamers and Sinners eta Krisis sortu dira. Bixentak taldeak herriko jaiegunetan abesti ezagunen bertsioak egiten ditu.
Igor San Juan bakarlariak 2016an atera zuen bere aurreneko diska eta Eñaut Zubizarreta "Trigger"-ek 2019an.
Aretxabaletar ospetsuakAldatu
- Gregorio Maidagan (1891-1961), idazlea, euskaltzaina, apaiza, itzultzailea eta euskaltzalea.
- Aita Seberiano Aiastui (1914-2007), "apaiz ibiltaria".
- Jesus Atxa (1920-2007), euskaltzaina eta Bizkaiko eta Nafarroako ikastolen sortzailea.
- Kepa Akixo (1949 - ), eskultorea.
- Karmele Igartua (1959 - 2010), idazle eta poeta.
- Itziar Astiasaran (1960 - ), Farmazia doktorea, elikaduraz, dietetikaz eta elikagai-seguritateaz espezialista ezaguna.
- Andoni Zubizarreta (1961 - ), futbolari ohia.
- Miriam Urkia (1965 - ), euskaltzaina.
- David Errasti (1965 - ), aktorea.
- Asier Aranguren (1965 - ), kazetaria.
- Jon Sarasua (1966 - ), bertsolaria eta idazlea.
- Aitor Sarasua (1967 - 2018), bertsolaria.
- Andoni Urzelai (1967 - ), idazlea.
- Felix Iñurrategi (1967 - 2000), alpinista.
- Alberto Iñurrategi (1968 - ), alpinista.
- Joseba Larrinaga (1968 - 2013), paraolinpiar atleta.
- Igor San Juan (1970 - ), abeslaria.
- Igor Arenaza (1974 - ), futbolari ohia.
- Mikel Etxabe (1978 - ), futbolari ohia.
- Jose Javier Barkero (1979 - ), futbolaria.
- Kepa Errasti (1981 - ), aktorea.
- Oihana Aldai (1992 - ), futbolaria.
- Eñaut Zubizarreta "Trigger" (1992 - ), musikaria.
ErreferentziakAldatu
- ↑ a b c d e f g Euskal Herriari Begira Udalbiltza.
- ↑ «UEMA-Atlasa» Euskararen erabilera (UEMA).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Aretxabaleta - Udalweb» udalweb.gipuzkoa.eus . Noiz kontsultatua: 2018-03-24.
- ↑ «Zuazabeitia Herrasti, Miren - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-09-24.
- ↑ «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-09-24.
- ↑ «Euskararen erabilera eskolan eta doktrinan - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-09-24.
- ↑ «Aretxabaleta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-08-30.
- ↑ «Mendebalekoa - Bizkaiera - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-08-30.
- ↑ «Sortaldekoa (M) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-08-30.
- ↑ «Debagoienekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-08-30.
Kanpo loturakAldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Aretxabaleta |
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |