Ruper Ordorika

euskal musikaria

Ruper Ordorika (Oñati, Gipuzkoa, 1956ko abuztuaren 16a) euskal abeslaria da, euskal musikari berritzaile eta nazioartekoenetakoa, hala rock eta pop musikan nola beste estilo batzuetan. Euskal kantagintzak eman duen bakarlaririk enblematiko eta gorenetakoa da. 1980ko hamarkadan Pott Banda literatura taldean ibili zen, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxaga idazleekin batera besteak beste, eta musika arloan herri kantaren tradizioa eta rock egilearen nortasuna batu ditu, bere erara. 1980. urtetik bere izenean Euskal Herriko nahiz New Yorkeko musikariekin disko sorta bat grabatzeaz gain, Hiru Truku taldea sortu zuen Joseba Tapia eta Bixente Martinez (Izukaitz, Oskorri) musikariekin, herri kantutegia berritzeko.[1]

Ruper Ordorika

Bizitza
JaiotzaOñati1956ko abuztuaren 16a (67 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Familia
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakmusikaria
Jasotako sariak
Genero artistikoaherri-musika
rock
euskal rocka
rock alternatiboa
herri-kanta

ruperordorika.com
IMDB: nm2010057 Facebook: RuperOrdorika MySpace: ruperordorika Badok: ruper-ordorika Spotify: 3tNLEdv46W0IT3sGxuwlnx Musicbrainz: d665eb48-bebe-4c43-a27c-fd5db50980bc Songkick: 280666 Discogs: 1333693 Allmusic: mn0001821126 Musikasten: ruper-ordorika Edit the value on Wikidata

Bizitza aldatu

Txikitatik musika izan du pasio handiena Ruper Ordorikak. Musika ikasitako senideak zituen etxean, eta gurasoen aldetik «ekimen artistikoarekiko begirunea» jaso zuen. Bateriarekin lehenengo, gitarrarekin ondoren... kantuan geroago hasi zen, Gasteizen. «Maiz esaten dut euskaraz hasi nintzela kantuan, zegoen gauza debekatuena zelako. Gasteizen hala zen bereziki. Han bazegoen Bergarako mutil bat Gabon Kanta Sariketa batean parte hartu nahi zuena. Enteratu zen bazela oñatiar bat gitarra jotzen zuena eta eskatu zidan berarekin parte hartzeko. Irabazi egin genuen. Horixe izan zen kantuan jende aurrean egin nuen lehen aldia. Bestalde, Natxo de Felipek ezagutzen zituen nire kantutxoak, eta beti egoten zen nik kantuan atera behar nuela esanez. Modu berean esan behar dut kantuan ingelesez hasi nintzela. Beti ikasten nituen bluesak, rocka... Suertea izan nuen hemen, Oñatin ikusi bainituen banan-banan Benito Lertxundi, Xabier Lete, Mikel Laboa, Ez Dok Amairu banatu eta gero. Benito Lertxundik jo zuen egunean, nik hamabost urte nituela-edo, izan nuen berarekin elkarrizketa bat gerora niretzat garrantzitsua izan dena. Kantutegi zaharrean begiratzeko arau batzuk eman zizkidan. Aurretik eta gaur egun ere hori da nire zaletasunik handienetakoa».[2]

Pott Bandaren eragina eta lehen diskoak aldatu

Oñatin jaio arren, Gasteizen hazitako musikaria da Ruper Ordorika. Hara joan zen familia bizitzera, Ruperrek 12 urte zituela. Hortaz, Hautsi da anphora (Xoxoa, 1980) lehen diskoa grabatzeko, Gasteizen ezagututako musikariez inguratu zen: Josu Zabala (Hertzainak), Angel Celada, Xabier Olloki (Potato)... Beste batzuk unibertsitatean ikasten ari zela Bilbon ezagututakoak ziren: Bixente Martinez (Oskorri, Izukaitz), kasu. Ordurako, kultur giroan ezaguna zen Ordorika, bai Gasteizen, bai Bilbon. Hiri horretan, hain zuzen, hainbat idazle gazterekin jarri zen harremanetan, denbora gutxira Pott literatur taldea osatu zutenekin: Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi eta Joseba Sarrionandia. Horietako gehienek garrantzi handia izan dute Ordorikaren ibilbidean, Atxagak eta Sarrionandiak batez ere.

Hain zuzen, Atxagaren Etiopia (Pott, 1978) liburutik hartutako poemez osatuta zegoen Hautsi da anphora. Euskal kantagintzarentzat une apalak ziren, kantaldi politikoen beherakada zetorren eta artean Eusko Rock Erradikala (RRV) azaleratzeke zegoen. Ruper Ordorikaren musika ez zen egokitzen garai hartako ikuspegira, herri kantaren tradizioa eta rocka uztartzen baitzituen poetika hiritar eta moderno batekin. Haatik, diskoak laudorioak jaso zituen kritikarien artean, eta denborarekin euskal kantagintzan ikur bilakatu da. Sustatu.com webguneko erabiltzaileek, euskal diskorik onenen artean, Hautsi da anphora aukeratu zuten bigarren, Hertzainak (Soñua, 1984) lanaren ostean.

Beste musikari batzuek, urte haietan kutsu politikodun kantuak hobesten zituzten bitartean (Euskal Rock Erradikalaren garaiak baitziren), Ordorikaren orduko eskaintza ausart eta berritzaile nabarmendu zen, letra barnekoi eta landuak eskainiz. 1988an Henry Bengoa Inventarium ikuskizunean hartu zuen parte, Bernardo Atxaga eta Joxe Mari Iturralde lagunekin batera. Gaur egun ere, Joseba Sarrionandiaren hitzak sarritan erabiltzen ditu abestiak egiteko.

Ni ez naiz Noruegako errege (Elkar, 1983) etorri zen ondoren. Aurrekoaren ildo elektro-akustikoan sakondu zuen, baina taldearen soinua eta elkar ulertzea sendotzea ekarri zuen. Disko horretan dago Berandu dabiltza, ziurrenik Ordorikaren abestirik ezagunena dena. Bakarlari oñatiarra lan horretan ausartu zen lehenengo aldiz bere hitzak sartzen, Joseba Sarrionandiak —kartzelan zegoela idatzi zuen Galtzetako koblak—, Joxemari Iturraldek eta Atxagak idatzitakoekin batera.


Denboraldi batez Londresen bizi ostean, Bihotzerreak (Elkar, 1985) kaleratu zuen, eta jarraitzaile gehiago bildu, Eusko Rock Erradikalaren unerik indartsuenean. «80an hasi nintzenean, euskaraz egiten ziren kantuen mundua lur jota zegoen [...]. Benetan modaz kanpo zegoen esatea kantu bat maite zenuela. Gutxienez rock erradikalekoa izan behar zenuen [...]. Jendea aurreko sasoi errebindikatibo eta aski panfletarioaren erreakzio batean zegoen. Ez hemen bakarrik, estatu guztian eta nik esango nuke Europan ere hala zela. Rock erradikalak sekulako bitamina ekarri zion hemen egoerari. Baina aldi berean, mugimendu hori aurrekoaren ukazioan oinarritu zen. Eta hortxe hasi nintzen ni kantuan. Tarte luze batean ez zen egon kantu egilerik, zentzu horretan. Zeuden kantu egileak rock taldeetakoak ziren. Baina zeharo bazterrean utzi zen gitarrarekin irteten zen pertsonaia hori. Sasoi hartan beti taldearekin ibili nintzen. Nahiz eta korronte baten kontra egon naizen, beti izan dut nire entzuleria».[2]

Musikan jarraitu nahi ote zuen zalantzak uxatu ostean, formaz eta interpretazioaz arduratu zen hirugarren diskoan, arlo musikala modu berezian zainduz. Disko horretako hitz guztiak berak idatzitakoak dira. Etenaldia egin zuen disko berrien sorkuntza prozesuari dagokionez, baina kontzertuak emateko aprobetxatu zuen, eta Hertzainak taldearen hirugarren estudioko lanean, Salda badago (Elkar, 1988) diskoan, ekoizle lanetan aritu zen. Segidan, Gasteizko taldea lagundu zuen Europako biran.

Mugalaris taldearen sorrera eta New Yorkeko musikarien eragina aldatu

1990era arte ez zuen beste diskorik atera, baina ez zen gelditu. Henry Bengoa Inventarium Atxagarekin landutako ikuskizuna taularatu zuen, esaterako. Hurrengo lana, Ez da posible (Gasa-Wea, 1990), Madrilgo diskoetxe batekin argitaratutako lehenengoa izan zen. Rock soinura inoiz baino gehiago hurbildu zen Ordorika lan horretan, eta entzuleria zabalagoa bereganatu zuen, gero eta kontzertu gehiago emanez. Diskoan parte hartutako zenbait musikarirekin (Nando de la Casa, Jose de la Casa eta Javier Antoñana), Mugalaris taldea sortu zuen, ordutik hona zuzeneko emanaldietan lagun izan ohi duen taldea. Haiekin grabatu zuen Ruper Ordorika & Mugalaris (Emak Bakia, 1992) disko txikia, Estatu Batuetara sei hilabeterako joan aurretik. New Yorkeko egonaldi hura erabakigarria suertatu zen Ordorikaren ondorengo ibilbidean, inprobisazioaren munduko musikari asko ezagutu eta esperientzia anitz pilatu baitzituen. Aurrerantzean maiz jo du New Yorkeko musikariengana soinu berri baten bila bere diskoetarako.

Lehen urratsa So' ik' so' (Nuevos Medios, 1995) diskoan egin zuen, Ben Monder gitarrista gonbidatuz grabaziora eta euskal musikariekin elkartuz. Aldaketa antzematen zaio soinuan, ehundura berriak lortzeko ahalegina. Hurrengo lanak bide horretan sakontzeko baliatu zituen Ordorikak: Dabilen harria (Nuevos Medios, 1998), Hurrengo goizean (Metak, 2001) eta Kantuok jartzen ditut (Metak, 2003). Hiru diskoak New Yorkeko ospe handiko musikariekin grabatu zituen: Fernando Saunders, Ben Monder, Kenny Wollesen, Skulli Sverrisson eta Jonathan Maron. Tartean lehen zuzeneko diskoa grabatu zuen Bilboko Kafe Antzokian, Ordorika betidanik oso eroso sentitu den aretoan, Mugalaris taldearekin. Bere ibilbideko kantu ezagunenak bildu zituen Gaur (Esan Ozenki, 2000) izeneko lan horretan.

Urte hauetan guztietan Kuban, New Yorken, Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainian, Txekian, Ingalaterran eta beste hainbat lekutan aritu da kantari Ruper Ordorika, eta Bernardo Atxagarekin literatura eta musika batzen dituzten emanaldiak egin ditu sarri. Estudioan grabatutako hurrengo diskoa Memoriaren mapan (Elkar, 2006) izan zen. Berriz ere Ameriketako Estatu Batuetako musikariekin egindako diskoa izan arren, aurrekoekiko ezberdina da, ahotsa eta gitarra akustikoa baitira kantuen oinarri nagusia. Diskoaren beste berezitasun nagusia hitzetan datza, guztiak Joseba Sarrionandiak lan honetarako beren-beregi idatzitakoak baitira. Kontzertuetan bikote formatuan aurkeztu zuen Ordorikak diskoa, Jon Piris kontrabaxu-jotzaileak lagunduta.

Hala ere, diskoaren aurkezpenekin hasi aurretik, 2006ko urrian bi kontzertu eman zituen Bilboko Kafe Antzokian, Mugalaris taldearen azken sei urteetako aroari agur esateko. Bi kontzertuok ekarri zuten Hamar t'erdietan. Zuzenean (Elkar, 2008). Ordorikaren bigarren zuzeneko diskoaren argitalpena bi emanaldietatik aukeratutako sei kanturen irudiak jasotzen dituen DVD batez osaturik heldu zen. Urte berean Mugalaris talde eraberrituarekin itzuli zen Ordorika kontzertuetara. Hasier Oleaga (bateria), Fernando Neira (baxua) eta Arkaitz Miner (mandolina, gitarra) dira Mugalaris berriak.

Hiru urte geroago estudiora itzuli zen Ordorika, Haizea Garizumakoa (Elkar, 2009) grabatzeko. Lehen aldiz New Yorken grabatu zuen diskoa, aspaldi lagun bilakaturiko musikariekin: Ben Monder, Skuli Sverrisson eta Kenny Wollesen. Disko horretako hitz eta musika guztiak Ordorikak sortuak dira, eta Mikel Laboari eskainitako kantu bat dago, Sekulabelardiko kantaria.

Hodeien azpian da (Elkar, 2011) Ordorikak orain arte argitaratu duen azken diskoa. Hori ere New Yorken grabatu zuen, hango musikariekin, baina Ben Monderren ordez, Stephen Ulrichek grabatu zituen gitarra gehienak.

2013ko urrian Azukre koxkorrak kaleratuko du, euskal kantuen bertsioen diskoa. Aurrerapen gisa, Kortaturen Sarri, Sarri zabaldu du Elkar diskoetxeak.

Hiru Truku aldatu

Bakarkako ibilbidearekin batera, Hiru Truku taldea sortu zuen 1994an Ordorikak, beste bi musikari handirekin: Bixente Martinez eta Joseba Tapia. Euskal kantu tradizionalen interpretazio berri bat eskaini zuen hirukoteak hiru disko goraipatutan: Mendebaleko euskal baladak (Nuevos Medios, 1994), Mendebaleko euskal kantuak (Nuevos Medios, 1997) eta Nafarroako kantu zaharrak (Metak, 2004). Euskal tradizioko kantuak oinarri hartuta, britainiar folkaren moldeen arabera egokitu dituzte, estilo berezi batez.

Diskografia (bakarka) aldatu

  1. Hautsi da anphora (Xoxoa-Elkar, 1980).
  2. Ni ez naiz Noruegako errege (Elkar, 1983).
  3. Bihotzerreak (Elkar, 1985).
  4. Ez da posible (Gasa-Wea, 1990).
  5. Ruper Ordorika & Mugalaris (Eman Bakia, 1992). Mini-CD.
  6. Bilduma bat (Elkar, 1992). Lehen hiru diskoen hautaketa.
  7. So'ik'so (Nuevos Medios, 1995).
  8. Dabilen harria (Nuevos Medios, 1998).
  9. Gaur (Esan Ozenki Records, 2000). Zuzenean.
  10. Hurrengo goizean (Metak, 2001).
  11. Ruper Ordorika (Nuevos Medios, 2002). Bilduma.
  12. Kantuok jartzen ditut (Metak, 2003).
  13. Memoriaren mapan (Elkar, 2006). Joseba Sarrionandiaren letrekin.
  14. Hamar t'erdietan (Elkar, 2008). Zuzenean.
  15. Haizea Garizumakoa (Elkar, 2009).
  16. Hodeien azpian (Elkar, 2011).
  17. Azukre koxkorrak (Elkar, 2013).
  18. Lurrean etzanda (Elkar, 2014).
  19. Guria ostatuan (Elkar, 2016)[3].
  20. Bakarka (Elkar, 2018)[4].
  21. Kafe Antzokian (Elkar, 2019)[5].
  22. Amour eta toujours (Elkar, 2021)[6].
  23. Bakarka bi (Elkar, 2024).

Erreferentziak aldatu

  1. Jon ESKISABEL: «Ruper Ordorika», Badok euskal kantagintzaren ataria.
  2. a b Argia, 1.918. zenbakia, 2003-11-02.
  3. «Guria ostatuan» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-07).
  4. «Bakarka» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-07).
  5. «Kafe Antzokian» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-07).
  6. «Amour eta toujours» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-07).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ruper Ordorika