Iparragirre (pastorala)

Iparragirre 1980eko uztailaren 27an, Urdiñarbe herriak taularatu zuen pastorala izan zen; bigarren aldia abuztuaren 10ean izan zen. Egilea, Pierre Bordazarre "Etxahun-Iruri", 1979an hil zen eta, zoritxarrez, antzezpena ezin izan zuen ikusi. Iparragirre izan zen hark idatzi zuen azken pastorala.

Pastoralak Iparragirreren zenbait pasarteetan oinarrituta dago. Kartela argazki honetan oinarritu zen.

1999ko irailaren 26an eta urriaren bian, bestetik, Urdiñarbe herriak, Bordazarraren heriotzaren hogeigarren urtemugan eta haren omenez, berriro ere taularatu zuen.

Pastoral honek 28 jelkaldi ditu.

Historia aldatu

Bordazarre hil eta gero, 1980an, Jean Mixel Bedaxagarrek hartu zuen pastoralaren zuzendaritza. Bitxikeria bezala hemeretzi urte geroago egin zen antzezpenean aktore askok berriro ere lan egin zutela aipa daiteke. Bigarren antzezpen horren antolatzailea Urdiñarneko Bil Xokoa elkartea izan zen eta errejenta Battitta Ürruti. Bietan Bedaxagarrek bete zuen Iparragirreren papera. Pastoral honek berrikuntza bat ekarri zuen: antzeztu zen garaia zela eta, udazkenean, lehen aldiz oihal aterpe batean antzeztu zen. Horretarako 60 metro luzera eta 35 metro zabalera zituen aterpea prestatu zuten. Barnean 2.500 lagunentzako espazioa egokitu zen.[1]

Pierre Laffitek beste datu garrantzitsua azpimarratu zuen: pastoral horretan, haren ustez ordura arte egindako onenetarikoa, lehen aldiz emakumezko pertsonaien paperak ez zituzten gizonek bete, emakumeek baizik.[2]

Argumentua aldatu

Iparragirreren, Urretxuko kantari eta olerkari ezagunaren, bizitzako joan-etorriak dira ardatz pastoralean. Gipuzkoarraren abestiak bere horretan mantentzeaz gain Pierre Bordazarreren zenbait kantu ere tartekatu zen. 1999an, gainera, Mixel Etxekoparrek moldatutako kantu batzuk sartu ziren: «Gernikako Arbola», «Ume eder bat» eta «Hara non diren» abestiak, alegia.

Bibliografia aldatu

  • Pierre Bordazarre: Iparragirre pastorala. Etxahun Iruriren omenez, Ideki, 1999ko irailean. Hitz aurre moduan Etxaun-Iruriri Jean Louis Davant idazleak eskainitako zenbait poema jaso ziren.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. http://www.otamotz.eus/iparragirre-pastorala-urdinarben-050-alea/
  2. https://iparragirre.urretxu.eus/items/show/612
  3. "Omenaldi", "Jokülaria", "Koblakaria", "Poeta", "Pastoralkaria", "Gizona", "Beti bizi", "Agur Etxahun Iruri" eta "Bi etxahuner gorazarre".

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu