Junes Casenave
Junes Casenave-Harigile[1] (Santa Grazi, Zuberoa, 1924ko apirilaren 4a - Lestelle-Bétharram, Frantzia, 2018ko irailaren 24a) idazle eta apaiz zuberotarra izan zen. Idazle prolifikoa, trajeria askoren egilea izateagatik nabarmendu zen.
Junes Casenave | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jean Casenave |
Jaiotza | Urdatx / Santa Grazi, 1924ko apirilaren 4a |
Herrialdea | Zuberoa, Euskal Herria |
Heriotza | Lestelle-Bétharram, 2018ko irailaren 24a (94 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiz katolikoa eta idazlea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Erlijio-ordena | Bétharramgo Jesusen Bihotzeko apaizak |
Biografia
aldatuSanta Grazin jaio zen; aita biarnesa eta ama[2] santagraztarra zituen. Txikitan Albert Constantin idazle eta politikari euskaltzaleak sarritan bisitatzen zuen Casenavetarren etxea.
Kirol ugari egin zuen. Santa Grazin ohikoa zen bezala lau hizkuntza hitz egiten zituen: euskara, Bearnoko okzitaniera, frantsesa eta espainiera.
Apaizgaitza Bètharramen (Bearno) ikasi zuen, 21 urterekin Palestinara joan zen. Betleemen hartu zituen eskolak eta 1948ko gerra bertatik bizi izan zuen; hantxe egin zen apaiz betharramdarra[3], 24 urterekin.
Bètharramen (4 urtez), Limogesen (Lemosin, Okzitania; 12 urtez) eta Donapaleun (Etxekopar kolegioko zuzendari; 1964-1981) irakasle eta pedagogo ibili zen. Latin, frantses eta greziera irakatsi ditu. Oro har 33 urtez aritu zen irakaskuntzan.
1981ean Zuberoara itzuli zen apaiz lanak egitera, lehen Larrainera bi urtez; geroago Altzaira, non hainbat urtez bizi izan zen, eta Basabürüa zein Arbailako hamar elizaren ardura izan zuen, Ozazetik Etxebarrera. Azken urteak Donapaleuko beterramiten egoitzan erretiratuta igaro zituen.
Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1982an eta 2000n ohorezko euskaltzain egin zuten.
2018ko irailean hil zen 94 urte zituela.
Lanak
aldatuSaiakera
aldatu- Amikuze (1983, Gordailu)
- Ziberoako antzertia (1999, Egan aldizkarian)
Itzulpena
aldatu- Egün oroetako irakurgeiak (1986, Itxaropena; Bibliako zatiak)
- Jesüsen Berrihona (Itun Berria)
Historikoak
aldatu- Orhiako Naba (1978, Orreagako guduaz)
- Tomas Zumalakarregi. Gudalburua (1993, Gero); biografia.
- Ximun Gimon Zetegiet (1793-1861) (1991); hagiografia.
Pastorala
aldatuHamabi pastoral ditu emanak, denak euskaraz bat izan ezik: Juan Martin Pueyrredon, Bearnoko Landan (Lanne en Baretous frantsesez, Lanno en Barétous bearneraz) 1997an frantsesez emana, kantak bearneraz[4], Beñat Axiari euskal konposatzaileak moldaturikoak. Beste 9 ditu idatziak, oraindik eman gabeak. Taularatutakoak:
- Santa Grazi (1976, EFAk argitaratua; izen bereko herriak emana).
- Ibañeta (1978, EFAk argitaratua, zubererazko testuarekin batera, euskara batuaz, gaztelaniaz eta frantsesez. Garindainen eta Auritzen emana.
- Pette Basabürü (1982, Pagolak taularatua; Toribio Altzaga Sarian 2. sailkatua).
- Zumalakarregi (1989, Zumalakarregi elkartea; Altzai-Lakarrik emana).
- Santa Kruz (1992, Santa Grazik).
- San Mixel Garikoitz (1994, Auzmendi; Donaixtik emana).
- Agota (1999, Euskaltzaindia-BBK, Altzai-Lakarrik; Toribio Altzaga Saria).
- Jesüs (2006, Mauleko San Frantzisko Asiskoa eskolako ikasleek emana).
- Santa Engrazi (2006, Santa Grazin).
- Eñaut d'Elizagarai (2007, Gamere-Zihigan antzeztua)
Bestelakoak
aldatu- Olerkiak ere idatzi ditu (Oihanealat, 1984 eta beste), gehienbat Maiatzen; asko argitaratu gabeak[5].
- Ipuinak: 1989an Maiatzen Altzaiko Herensugea, Sineste zahar eta ez hain zahar eta beste; Basabürüko ipuinak (1997, Izpegi).
- Hiztegigintzan Euskara-Frantsesa, Frantsesa-Euskara eta Latin-Euskara eginak ditu.
- Zuberera lantzeko argitalpenak: Xiberoan eüskaraz nabarmenena (2001, Sü Azia)
- Artikulu ugari prentsan.
Iturriak
aldatu- Jean-Louis Davant: Zuberoako literaturaz. Antologia laburra, Euskaltzaindia, Bilbo, 2008; 138-142.or.
- Kanpo loturetan erakutsitakoak.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Horixe da erabiltzen den izen osoa. Zuberoan askotan gertatzen den bezala, gaskoi eta euskaldun familien semea da eta gaskoieran jatorria duen deitura da Casenave: okzitaniera arautuan Casanava, "etxe berri" alegia.
- ↑ Amak izugarri lagundu zion urte luzez zubererazko hitzak biltzeko lanean.
- ↑ Mixel Garikoitzek sortutako kongregazioa. Horrela deitua Bearnoko Bètharramen duelako egoitza.
- ↑ Frantses, okzitaniera eta gaztelaniazko itzulpenekin.
- ↑ 2.000 bat bertso idatziak ditu.