Abdelkader (pastorala)

Abdelkader pastorala Jean-Louis Davant idazleak sortutako lana da, 2021eko uztailean (25 eta 30) eta abuztuan (1 eta 8) taularatua urtebetez atzeratua izan ondoren, koronabirusaren pandemia zela eta. Pettarreko Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabile herrietako lagunek plazaratu zuten Ürrustoi-Larrabileko errebote plazan. Pastoralean Abdelkader El Djezairi gerlari, erlijio gizon, sufi, filosofo eta poeta mistiko aljeriarraren bizitza antzezten da, Aljeriako lehen abertzale ezagunarena.

Abdelkader pastorala, 2021 (liburuxka)

Justifikazioa aldatu

Lapurdiko, Nafarroako Behereko eta Zuberoako 20 eta 25 urte arteko 20.000 euskal gazte inguruk parte hartu zuten Aljeriako independentziaren gerran, 1954 eta1962 urteen artean, Frantziaren subiranotasuna defendatzeko. 103 euskal herritar gazte hil ziren, horien artean 22 zuberotar[1]. Pastoralaren liburuxkak hauen guzti hauen izenak zerrendatzen ditu. Gerra honetara joan eta itzuli ziren gazteen artean Txomin Peillen idazlea, Xipri Arbelbide apaiza eta Piarres Aintziart filosofoa izan ziren, besteak beste. Jean-Louis Davant bera ere, Abdelkader pastoralaren egilea, 1958-1960 urteetan, Aljeriako Gerran ibili zen soldadu[2]. Hau da, ezin da esan Euskal Herriko historiak ez duela zerikusirik Aljeriako historiarekin. Abdelkader, berriz, gutxi gorabehera mende bat lehenago, Aljeriako frantziar konkistan hamabost urtez aritu zen gudari bere lurra defendatzen frantziarren okupazioaren aurka.

Argudioa aldatu

Frantses armadak 1830ean Aljer eta Oran okupatu ditu; inguruko leinuek, ordea, aurre egiten diete eta berehala biltzen dira Abdelkader emirraren inguruan (sultan titulua eman nahi izan zioten arren, berak errefusatu egin zuen), bere aita Muhieddinek buruzagitza uzten duenean (1832).

Abdelkaderrek gerra santua deklaratzen du frantsesen aurka eta 1843 arte eusten die konkistatzaileei. Jelkaldietan ikusten dira Maktako borroka (1835), Lalla Kheirarekin ezkontza, Tafnako ituna (1837), Mitidja ordekako borroka (1839), Ouarsenis mendi kateko artzain kabiliarrei eginiko bisita, Frantziako errege Luis Filipek Aljeria zeharo konkistatzearen agindua (1840) eta emirrak smala hiriburu nomada galtzea (1843).

Bere soldadurik onenekin Abdelkader Marokon babesten da. 1844an Islyko gudua da, Frantziak Marokoko armadaren aurka egiten duen azken borroka, eta Bugeaud mariskalaren armada frantsesa garaile aterazen da. Lamoricière jeneralaren aurrean errendituko da Abdelkader (1847). Amore ematean, Lamoricièrek emirrari hitzematen dio bere familiarekin batera Islamaren lurretan kokatu ahal izango dela. Frantsesek, ordea, ez dute akordioa errespetatzen eta preso hartzen dute, lehenengo Toulonen, gero Pauen eta, azkenik, Amboiseko gazteluan.

Bost urte preso igaro ondoren, Bonaparte hirugarrenak, II. errepublikaren presidenteak, askatasuna ematen dio Abdelkaderri eta Siriara joan daiteke (1852). Damaskon ematen du bere bizitzaren bigarren aldiko denborarik gehiena irakurriz, idatziz eta Alari kantatuz. 1856an Otomandar inperioak erlijioaren aipamenik gabeko herritargo laiko bat ezartzen du. Sirian eta Libanon musulman fanatikoek kristatuak erasotzen dituzte. 1860an kristauen kontrako erreboltak baretzen ahalegintzen da Abdelkader Damaskon, eta hango kristau askok berari esker salbatzen dute bizia. Charles Lavigerie baionarrak, Arjeleko artzapezpiku izango denak, eskerrak ematen dizkio jazarritako kristauei laguntzeagatik. 1883an hiltzen da Damaskon.

Urte batzuk beranduago, Khaled emirrak, Abdelkaderren bilobak, elkarrizketa bat du Alexandre Millerand Frantziako presidentearekin (1919) Aljeriaren independentzia eskatzeko. Aurrerago, Charles de Gaulle presidenteak hitzemandako autodeterminazioaren aurka zeuden lau jeneralen estatu-kolpea eragozten dute 1961ean soldaduzka Aljerian egiten ari diren frantses gazteek. Ordura arte Aljeriako independentziaren alde jardun direnak aipatzen dira: Khaled emirra, Ferhat Abbas, Messali Hadj eta Ahmmed Ben Bella. 1966an Houari Boumediene Aljeriako presidenteak Abdelkaderren errautsak jasotzen ditu Arjelen.

Ezugarriak aldatu

Jean-Louis Davantek idatzitako pastoralak edo trajeriak (pastoralaren izen zaharra)[3] hogeita bost jelkaldi ditu. Errejenta Battitta Berrogain izan zen, kantarien trebatzile eta zuzendaria Sophie Larrandaburu eta dantzariena, berriz, Margot Etchegoyhen-Faurie, Sandra Carricondo-Erbinartegaray eta Denise Challa. Musikariak Musik'Alde taldekoak izan ziren.

 
Abdelkader pastorala (2021)

Abdelkader pastoralean 70 aktorek, hamabost dantzarik eta hamabi haurrek hartu zuten parte[4].

Kantak aldatu

  • Andere esposari. Hitzak: Jean-Louis Davant. Musika: Sophie Larrandaburu.
  • Nazione berri bat. Hitzak: Jean-Louis Davant. Musika: Grégoire Lauga.
  • Artzainen kantorea. Hitzak: Jean-Louis Davant. Musika: Grégoire Lauga.
  • Emazteen kantorea. Hitzak: Jean-Louis Davant. Musika: Sophie Larrandaburu.
  • Garaipena. Hitzak: Jean-Louis Davant. Musika: Battitta Berrogain.
  • Los hilhs d'Aimon (Aimonen (lau) semeak). Hitzak: Anonimoa. Oinarria: Los hilhs d'Aimon in La votz deus anjos: Polyphonie du Béarn et des Pyrénées Gascones, Balaguèra (2003).
  • Damasko. Hitzak: Jean-Louis Davant. Musika: Sophie Larrandaburu.
  • Müsülman eta Kiristi. Hitzak: Jean-Louis Davant. Bertsoen musika: Arnaud Laphitz. Errepikaren musika: Sophie Larrandaburu.
  • Abdelkaderrek azken otoitza kanta. Musika: Sophie Larrandaburu eta Grégoire Lauga.
  • Soldadoa kexu. Hitzak: Jean-Louis Davant. Musika: Battitta Berrogain.
  • Bake xüxena. Hitzak: Jean-Louis Davant. Musika: Red River Valley (Jarama Valley).
  • Herritarren kantorea. Hitzak: Allande Davant. Musika: Grégoire Lauga.

Abdelkader pastoralaren berrikuntzak aldatu

- Garaiko osasun neurriak zirela eta, emanaldietara hurbiltzeko COVID Osasun Ziurtagiria (txertoen bi dosien ziurtagiria edo 24 orduren barruan eginiko antigenoen testa edo PCRaren emaitza) aurkeztu behar izan zen eta pastoralaren lau agerraldi izan ziren (1.000 ikuslerentzako lekua izan zuten lau emanaldi), gainontzeko urteetan pastoralaren bi taularatze izan ohi direnean. Azken neurri hau zela eta, ikuslegoa eszenatokitik oso hurbil izan zen eta oholtza ia lurrean kokatuta, intimitate gehiago emanez pastoralari.[5]

- Protagonista Abdelkader jakintsu musulmana da, historian lehen aldiz kristau ez den sujeta. Jean-Louis Davantek liburuxkan dio pastorala Ongiaren eta Gaizkiaren borrokan oinarritzen dela; pastorala katoliko sortu zenez, "Kiristiak" eta "Türkak" kontrajartzen ziren, Ongiaren eta Gaizkiaren izenean. Davanten ustez, Europa erlijiotik aldendu denez, beste hiztegi bat proposatu behar da, Urdinak eta Gorriak. Eta Abdelkader, trajeriako heroi musulmana, urdinen atetik atera zen.[6]

- Dantzari dagokion berritasuna, berriz, satan gorrien ondoan satan urdinak ateratzea izan zen, eta horiek arabiarrez hitz egin eta kantatu zuten.[7]

Iruditegia aldatu


Erreferentziak aldatu

  1. Hitza, Joanes Etxebarria-Ipar Euskal Herriko. ««Intelektual handi bat izan zen Abdelkader»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-11).
  2. (Gaztelaniaz) Álava, Diario de Noticias de. «Infernua gogoan» www.noticiasdealava.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-11).
  3. Sokarros, Allande. «Trajeriaren gudukan ere, garaile» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-09).
  4. (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «Abdelkader emirraren pastorala bihar estreinatuko dute» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-09).
  5. SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-07-23). «Ürrüstoiko pastorala berritzaielak ‘Abdelkader’ jakintsu musulmana du protagonista» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-08-09).
  6. Hitza, Joanes Etxebarria-Ipar Euskal Herriko. ««Intelektual handi bat izan zen Abdelkader»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-09).
  7. Ürrüstoi-Larrabile: Abdelkader Pastorala 2021. (Noiz kontsultatua: 2021-08-11).

Ikusi gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Bideoak aldatu

Audioak aldatu