Zuberera edo zuberotar euskara (tokiko euskalkian, xiberotarra edo Xiberoko eüskara) ipar-ekialdeko euskalkia da, Zuberoa ia guztian eta Eskiulan (Bearnon) mintzatzen dena.

██ Zuberera
Zuberotar euskararen gaur egungo mapa (Koldo Zuazo, 2015)

Haren kokagunea dela eta, biarnesaren (okzitanieraren) eragina izan du hiztegian eta fonologian. Berdintasun handiko euskalkia bada ere, bi aldaera nagusitan banatu izan da: Pettarrako aldaera, iparraldean, eta Basabürükoa, hegoaldean. Iparraldeko zenbait herrixka (Domintxaine-Berroeta, Arüe-Ithorrotze-Olhaibi, Lohitzüne-Oihergi eta Etxarri) Amikuzeko euskarara hurbiltzen dira, eta hangoa behenafar eta zuberotarraren tarteko hizkeratzat hartzen da.

Urruntasun administratibo eta geografikoagatik, euskara batuarekin desberdintasun handien dituen euskalkia da, bizkaierarekin batera, bai ahoskeran (azentu markatua, ü hotsa eta txistukari ahostunak), bai hiztegian eta morfologian. Erronkarierarekin (egun, euskalki galdua da) antzekotasun gehien zituen; hainbeste, non Bonaparteren sailkapenean dialekto bakarra osatzen baitzuten.

Ezaugarri orokorrak

aldatu
Niko Etxart altzürükütar abeslaria, Koldo Zuazorekin hizketan, zuberotar euskararen erakusgarri.

Gainerako euskaldunengandik bereiz samar ibili dira zuberotarrak, eta hizkuntzan ere ezagun dira horren ondorioak: begi bistako etena dago Nafarroa Beherea eta Zuberoa bitartean. Aspaldiko garaietan gehienbat, zuberotarrek lotura estua izan zuten Bearnorekin, eta gaskoia da, hain zuzen, zuberotar euskararen bereizgarri askoren jatorria.[1]

Dena dela, Zuberoaren bakardadea ez da izan erabatekoa. Arestian aipatu da ipar-mendebaleko herriak Donapaleurekin lotuta egon direla. Hegoaldeko herriek, berriz, Nafarroa Garaiko Erronkariko ibarra ondoan dute. Erronkariarrak izan dira, gehienbat, zuberotarren euskaratik elikatu direnak. Hori dela eta, beraz, zuberotar euskararen ezaugarri asko Nafarroa Beherean eta Erronkarin ere daude.[1]

Zuberotar euskararen batasuna azpimarratu beharreko beste gertakari bat da. Iragan garaietan, hegoaldeko alderdi menditsuko hizkera (Basabürü eskualdekoa), desberdina zela esan izan da. Arnaut Oihenart izan zen horretaz ohartzen lehena, 1657an plazaratutako poesia eta atsotitz bilduman. Azkenotan, ordea, berdintzera egin du Zuberoako euskarak eta, aldakuntza txiki batzuk gorabehera, ez da azpieuskalki eta hizkera berezirik ageri.[1]

Zuberotar euskararen berezitasunik gehienak fonologian eta lexikoan agertzen dira eta, gorago esan denez, horietako zenbait gaskoitik mailegatu ditu.[1]

Bokalak
  • u > ü bilakaera. Honako kasuetan ez da inoiz gertatzen:
a) r biguinaren aurretik eta ondotik: hur (ur, isurkaria), baina hür (fruitua); eta , baina gu(r)e eta zu(r)i.
b) rd edo rth aurretik eta ondotik: úrdin, urthail.
c) s aurrean, ia inoiz ez: ikhúsi, bústi, gustátü.
Ahotsak[2][3] proiektuko testigantzekin egindako bideoa.
d) u zaharra ez denean: nun (non), huñ (oin), ezkúntü (ezkondu).
  • o > u, ia erabat: uhuñ (ohoin, lapur), hun (on). Galdetzaileak: nur (nor), nuiz (noiz), zuñ (< zoin), eta abar.
  • i - ü > ü - ü: düzü, nündüzün, ükhüzi (ikuzi, garbitu), üthüri (iturri), üngürü (inguru).
  • üa > ia: zah. aingürüa > egun aingü(r)ía (aingerua).
  • au > ai ia erabat: gaiza (gauza), gai (gau), iáñ (iraun).
  • Euskararen bokal sudurkari zaharrak gorde dituzte zubererak eta erronkarierak: ãhãl, ãmã, ãhãri, mĩhĩ, e.a.
Kontsonanteak
  • Txistukari ahostunak, gaskoieraren eraginez jasoak. Zubererak bederatzi txistukari ditu ([ʒ] j, [z̻] deus_ez lotzean, eta [z̪] frantsesezko edo ingeleseko esea rose hitzean), ohiko seien ordez ([tʃ] tx, [t̪s̻] ts, [t̺s̺] tz, [ʃ] x, [s̻] s eta [s̺] z).
  • XX. mende hasieratik, jatorrizko r biguina ia erabat galdu da: ági (haragi), iói (erori). Batzuek, óo (oro). Era berean, rr > r: üthüri (iturri), héri (herri).
  • Hasperena kontsonante ondoren, Iparraldeko beste mintzoetan baino gehiago: bethi, aiphátü, ikhúsi, belhar, lanhú, urhentü (bukatu).
  • n eta l ondoren, p eta t zaharrak gorde dira: -entako, sükhalte (sukalde), etxalte (etxalde, baserri), igante (igande), hántik eta hánko (handik eta hango), e.a.
Azentua
  • Gehienetan, azkenaurreko silaban: bezaláko.

Baina:

a) Neská jin düzü (Neska etorri da) singularrean, Zuñ néska? (Zein neska?) mugagabean
b) ginén, zinén < *ginaen, *zinaen.
c) Singularra eta plurala bereizteko: lagǘnak / lagünék, lagüná(r)i / lagünér, lagünáen / lagünén
d) ardú, gazná, orgá < *ardano, *gaztana, *organa.

Izen morfologia

aldatu
  • Hitzak artikulurik gabe erabiltzeko joera: gue aitá záhar da.
  • NONDIK: -RIK izen berezia denean, -TI edo -TIK izen arrunta denean. Altzükürik eta menditi(k).
  • NORA: -RA edo -RAT izen bereziek, -ALA edo -ALAT arruntek: Altzükürat eta herrialat.
  • NORI: Singularrean -RI, pluralean -ER.
  • NOREKIN: -KI(N) edo -KILA(N).
  • NORENTZAT: Singularra -TAKO eta plurala -ENTÁKO.
  • Erdarazko -on > u~. arazú (arrazoi), sasú (sasoi), bunbú (bonboi).
  • -OT eta -XKOT atzizki txikigarriak: haurrót (haurtxo).
  • -SA atzizki femeninoa: alhargüntsa (andre alarguna), bulanjersa (andre okina), e.a.
  • ARRA- aurrizkia oso emankorra: arramaiatz 'ekaina', arraseme / arralhaba 'biloba', arrahartü 'berriz hartu', arrajin 'itzuli', e.a.
  • -ÑI atzizki txikigarria: ebiñi (euritxoa, euri xehea), ttipiñi (txikitxoa), e.a.

Aditz morfologia

aldatu
 
Izan eta ukan aditzen taula osoa, non aditz laguntzaileen jokaera ikus daitekeen.
  • Partizipioa + -(R)IK: nekaturik, egonik, emanik vs. nekatuta / nekatua, egonda / egona, e.a.
  • NOR-NORI-NORK adizkietan, ekialde osoan erabiltzen den *eradun erroa, ei bilakatu da: deit (dit), deitade (didate), deizüt (dizut).
  • Ekialdeko euskararen zuka edo zuketa, errespetuzko tratamendua: ahantzi zita(da)züt 'ahantzi zait', jeiki nündüzün 'jeiki nintzen', jin düzü 'etorri da'. Hegoaldean zuka dena —hau da, tratamendu neutroa— oso testuinguru gutxitan erabiltzen da zubereraz, hala nola, jendaurreko mintzaldietan.


Hiztegia

aldatu

Hitz berezi asko dauzka zuberotar euskarak. Horietako batzuk aspaldi hartutako maileguak dira: baranthalla 'otsaila', boronte 'kopeta', godalet 'edalontzi', kota 'gona', uñhu 'tipula'... Beste batzuk, berriz, antzina eremu zabalekoak ziren eta gaur egun Zuberoan gorde dira: baratxe 'astiro, poliki', ediren 'aurkitu', oski 'oinetako', zi 'ezkur'...[1]

Ondorengo hauek Zuberoan bertan sortutakoak dirudite: amiñi 'apur', arramaiatz 'ekain', bedatse 'udaberri', belhagile 'sorgin', düründa / ühülgu 'ostots, trumoi', haboro 'gehiago', heltübada 'beharbada', pikarrai 'biluzik', ürhentü 'bukatu'...[1]

Hedabideak

aldatu

Literatura

aldatu

Musika

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f Koldo Zuazo: Euskalkiak.com.
  2. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
  3. «Ahotsak ikasgelan» ikasgelan.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).

Bibliografia

aldatu
  • Koldo Zuazo (2004), Euskalkiak, herriaren lekukoak, Elkar.

Kanpo estekak

aldatu