Zintzarrotsak

ohiturazko tresna

Zintzarrotsak, toberak edo xaribariak Europa osoan zehar egin izan den ohitura da. Erregimen Zaharrean ohiturak mantentzeko eta epaiketa moralak egiteko erabiltzen ziren, baina denborarekin, salaketak egiteaz gain, herri antzerki edo ohitura etnografiko ere bilakatu dira. Zintzarrotsetan jendetzak ahalik eta zarata gehien egin nahi zuenez, zintzarririk izan ezean lapikoak eta zartaginak joz edo eskuz iritsitako edozer gauzaz desfilatzen zuten.

Xaribari bat, 1894ko ilustrazio batean

Oro har, desfileak hiru motatakoak ziren: lehenengoan, gehienetan formarik bortitzena, gaizkile bat edo gaizkile batzuk etxetik edo lantokitik eraman zitezkeen, eta indarrez desfilatzen zuten komunitate batean zehar. Prozesuan, jendetzak iseka egiten zien, jazarriak izan zitezkeen eta, sarritan, biktima bat edo batzuk jarduketen amaieran uretara jaurtitzen ziren. Modu seguruagoa zen gaizkilearen bizilagun batek biktimatzat jotzea, kaleetatik eramaten zuten bitartean, askotan asto baten gainean. Jakina, imitatzaileak ez zuen zigorrik jasotzen, eta sarritan oihu egiten edo kantatzen zituen izkinako bertsoak, gaizkileari iseka eginez. Ohituraz, irudia edo panpina bat erabiltzen zen epaitu nahi zenaren ordez, irudi hori abusatu egiten zen eta, sarritan, erre egiten zen prozesuaren amaieran[1].

Herriz herri aldatzen diren ohiturak izanda, Euskal Herrian zintzarri bat astinduz egiten diren ohitura ezberdinak dira, normalki herri antzerki modukoak. Zintzarrien ordez adar bat erabiltzen denean soinua sortzeko, galarrotsak deitzen zaie[2], eta tobera musika tresna erabiltzen dutenei tobera izena ematen zaie. Ahozko literatura eta inprobisazioa askotan lotzen dira zintzarrotsekin, eta Euskal Herrian bertsolaritzarekin harremana izan dute. Epaiketa moral gisa ia desagertu dira, baina epaiketa sozial gisa berreskuratzeko saioak egon dira herri askotan. Bestetik, zintzarrots izena ere ematen zaie herri askotan (bereziki Nafarroa Garaian) Errege-egun bezperan umeek egiten dituzten jarduerei.

Izendapena aldatu

Artikulu honetan zintzarrotsak bezala izendatzen duguna hainbat terminoren itzulpena da. Herriz herri aldatzen den ohitura izanda, baina Europa osoan hedatzen dena, termino bakar batekin definitzea zaila da. Aipatutako galarrotsak edo tobera kontzeptuak frantsesez charivary izenarekin ezagutzen dira, eta horregatik euskaraz ere xaribari izena eman zaie, bereziki Ipar Euskal Herrian. Hegoaldean zein Espainian, gaztelaniaz, cencerrada eta matraca izena eman izan zaie, euskara batzuetan zenzerrada, edo esquellotada katalanez.

Zintzarrotsaren parte izan daitezke guzti horiek, baina hizkuntza batzuetan zintzarrotsa bakarrik soinua sortzen den partea izango litzateke, euskaraz xaribari-serenata izena ere eman zio eta batzuetan ingelesez Rough Music gisa agertu da. Euskaraz asto-lasterrak edo xaribari-fartsa gisa ezagutzen duguna asto batekin egiten den atala da, umiliazioa bilatuz. Azkenik, euskaraz tobera, karroxak edo tobera-mustrak bezala ezagutzen duguna beste hizkuntza batzuetan ere xaribaria edo zenzerrada izango litzateke[3]. Azkueren arabera Bizkaian arranotsak deitzen ziren.

Europako beste hizkuntza batzuetan erabili diren terminoen artean ohikoena charivari da, eta hortik datoz ingelesez erabiltzen diren shivaree eta chivaree. Ingelesez ere skimmington ere erabiltzen da; alemanez Katzenmusik, Rappeln eta Haberfeldtreiben; herbehereraz Ketelmuziek; italieraz capramarito edo chiavramarito[4], baina eskualde bakoitzean bere izena zuen[5]. Charivari hitza ziurrenik Latin arrunteko caribaria hitzetik dator, plurala caribarium, gaur egun kazerolada deituko genukeenaren antzeko zerbait[6]; hau, era berean, antzinako grezierako καρηβαρία (karēbaría) hitzetik letorke, "buruko mina" edo "buru pisutsua" esan nahi duena.

Zintzarrotsak egiteko arrazoiak aldatu

Nobiyo jaunak esan diyo
andre nobiyari:
– “Zer egingo ote-diyegu
gizon oriyeri?
Umore ona pasatzia
gustatzen zitt neri”.

— Manuel Lekuonak Oiartzunen jasoa.
Testu osoa hemen

Euskal Herrian eta Europako beste zenbait herrialdetan antzina zintzarriak astinduz nahiz pertzak joaz ospatzen zen serenata eta antzerki satiriko mota bat da, bereziki alargunak oso adin ezberdineko pertsona batekin ezkontzean nahiz herriko beste edozein gertaera gaitzesgarri dela eta, iseka egiteko burutzen zena[7]. Balio moralak urratzen zirenean herriak epaile lana hartzeko zuen eskubidea aldarrikatzen zuten zintzarrotsetan parte hartzen zutenek.

Jakina denez, xaribari-serenatak Euskal Herrian ez ezik Europako Mendebalde osoan daude dokumentatuta. Xaribari-paradak eta xaribari-fartsak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egiten zituzten herriko gazteek. Dena dela, Hegoaldeko herri batzuetan ere izan da horrelako tradiziorik, esate baterako, Luzaidekoak aipatzen ditu Iribarrenek. Noizkoak diren ez dago zehazterik; lehen aipamenak XVII. mendekoak dira. Eliz agintariek eta agintari zibilek etengabe erreprimitu nahi izan zituzten, eta debekualdiak izan dira[8].

Hasiera batean, bi aldiz ezkontzen zirenei egiten zitzaien soilik, gerora, ordea, beste egoera batzuetan ere bai: adinez alde handia zuten ezkongaiei, euren bikotea jotzen zutenei, bereziki senarra jotzen zuten emakumeei, etab. Gizartearen bizioei kritika egitea da, beraz, horren helburua. J. M. Lekuonaren ustez, obra hauek originaltasun nabaria dute: salaketa egiterakoan herriak duen balioen sistema jartzen da agerian, etxeko moralaren irizpide nagusiak zein diren adierazten da, alegia[9]. Erresuma Batuan trabestismoa egiten zutenen aurka ere egin ohi zen[10]. Urkizuk gogorarazten duenez, alargunen ezkontzak zigortu egiten zituen herri moralak; zerga edo droit de pilote delakoaren arrasto herrikoia da galarrotsa bere ustez, moralitate publikoaren defentsan eraikia. Fartsetan balio moralen kritika egiten da, baita eliz agintearena eta botere zibilarena ere. Kortazarrek dio gertaera eskandalagarriak agerian jartzea eta gizarteak onartzen dituen mugak erakustea dela xaribarien xedea[11][8].

Motak eta eztabaida aldatu

 
Thomas Rowlandsonen irudia.

Aurreko atalean azaldu bezala, izendapenaren inguruan eztabaida handia dago, eta herriz herri izen ezberdinak erabili dira gauza berbera aipatzeko, edo izen berdinak ekintza ezberdinetarako. Ikertzaile batzuek zintzarrotsak euren modalitatearen arabera bereizten dituzte. Adibidez, hiru xaribari mota bereizten ditu G. Hérelle-k:

  • Xaribari-serenatak (zintzarrotsak, galarrotsak). Kantaldi zaratatsuak ziren serenatak; iluntzean jotzen ziren “omenaldia” egiten zitzaienen etxeko leihopean. Salaketaren lehen partea zen, askotan ohartarazpen gisa balio zuena.
  • Xaribari-fartsak (asto-lasterrak). Antzerkia direnean, Erdi Aroko drama satirikoen antzekoak dira: herriko gertakari eskandalagarriak dituzte gaitzat. Hala ere, askotan literala zen: salatutako pertsonak asto baten gainean jartzen ziren, bata astoaren ipurdirantz begira eta herri osotik paseatu, euren umiliazioa bilatuz.
  • Xaribari-paradak (karroxak, tobera-mustrak). Desfile edo parada modukoak ziren, epaiketa bat errepresentatzen zutenak asto-lasterra egin eta gero edo egin gabe. Epaiketa hori egituratua izan zitekeen, pertsonaiekin eta antzerki moduan edo testurik gabe, keinuz errepresentatzen zen kritikatu nahi zen egoera.

Zenbait adituk paradak eta fartsak bat bailiren sailkatzen dituzte; izan ere, tobera-mustrak nahiz karroxak fartsaz osatzen ziren batzuetan, eta asto-lasterrak ere parada soil izan zitezkeen. Beste ikerlari batzuek pentsatzen dute bere horretan denak zirela bat, guztiak izenda zitezkeela frantsesezko charivari kategoriaren barruan, eta diferentzia nagusiak euren sofistikazioa zela. Serenatak gauez egingo lirateke, eta fartsak edo paradak egunez; kasu batzuetan, asto-lasterrak egongo lirateke parada bati lotuta, iraina jaso duten herritarrek inbertitu nahi duten diru eta esfortzuaren arabera[12].

Xaribari-serenatak aldatu

 
Xaribari-serenata baten ilustrazioa.

Euren jarrera zigortzea helburu ziren pertsonen leihopean jotzen ziren ilunabarrean. Traste eta musika tresna zaratatsuz lagundurik, kontzertu kakofonikoa jotzea zen helburua. Hortik heldu da galarrots edo zintzarrots deitura. Gertakariari dagozkion bertsoak jartzen edo abesten zituen, inoiz edo behin, bertsolari batek[13].

Zintzarrotsak gaueko kontzertu zaratatsuak ziren zintzarri, zartagin, eltze eta antzekoz joa. Eztei eguna baino lehenago izaten ziren; hamabost bat egun lehenago has zitezkeen eta, batzuetan, eztei bezpera arte luzatzen ziren. Galarrotsek zintzarrotsen egitura bera zuten, baina horietan koadrilek, zarata ateratzeko, adarra erabiltzen zuten.

Cascanten, 1599. urteko otsailean, «ilundu ondoren, herriko gazteak kuadrillan ibili ziren Cascanteko kaleetan, pertsona zintzo eta nagusi askori matrakak emanez». Urte batzuk geroago, 1602ko otsailaren 17an, zehazki, Cascanteko herrian berriro ere, gauerdi aldera, Esteban Ruiz, 24 urteko morroia, Juan Ruiz, bere anaia eta ezkongabea, Jerónimo Enríquez eta Jerónimo Calvillo, jostuna, matrakak egiten hasi ziren. Bizilagunek ez ezagutzeko asmoarekin «euren hizkera aldatuz» esan zioten Graciana alargunari «atso hori, noiz hilko zara? Zeren zain zaude?». Eta, beste lekuko baten arabera, «zaharra, zure semea, Juan Perez, alokatuta bizi da zure erruz, hil zaitez behingoz»[14].

Xaribari-fartsak (asto-lasterrak) aldatu

 
Asto-lasterra eginiko senar-emazteak, asto gainean atzera begira.

Europa osoan zehar asto baten gaineko ibilbidea ohikoa izan da Antzinarotik. Nikolaos Damaskokoak jasotzen du K. a. I mendean adulterioa egin zuen emakume bat nola herri osotik pasa zuten asto baten gainean lotuta. I. mendean Plutarkok galdetzen zuen "Nor da Kumean asto baten gainean paseatu zuten emakumea?" eta berak erantzuten du adulterioa egin zuen emakumea zela. Badirudi zigor publiko gisa sortutako ohitura hau zintzarrien musikarekin batu zela Erdi Aroan nonbait[3].

Euskal Herrian, bereziki Iparraldean, Pastoralen antzekoak ziren egituraren aldetik (aitzin perediküa, akto nagusia eta azken perediküa), baina tragikomedietan bezala epaiketa egiten zuten, jujea, abokatua, lekukoa eta besteak tartean zirela. Bi zati bereizten ziren: gertakarien aurkezpena eta errudunen zigorra; tarteka dantzariek parte hartzen zuten. Fartsa horietan deabru-eszenak eta fartsa-eszenak zeuden. Esan dugunez, taula gaineko errepresentazioaren aurretik desfile, parada edo mustra egiten zuten kalean zehar konpartsak, aktoreek eta “omendurikoek”. Fartsa horietatik hemeretzi antzezlan gorde dira, batzuetan osorik eta beste batzuetan horien zati bat[13].

Xaribari-paraden konpartsari asto-lasterrak deitzen zitzaien Zuberoan eta Baztan aldean. Horietan ere, kopla irrigarriak kantatzen zituzten bitartean, familiako liskarren parodia egiten zuten herriko gazteek. Batzuetan, herriko plazan gertakaria girotzeko tresnak jartzen ziren; “omendurikoak” asto gainean jartzen zituzten, astoaren isats aldera begira, eta lasterketak egiten zituzten alboan gazteriak zarata egiten zuen bitartean[13]. Asto-lasterrak, normalki, zintsarrotsen ostean egiten ziren, lehenengoak asto-lasterra iragartzeko erabiltzen baitziren. Gainera, asto-lasterrak egunez egiten ziren, eta zintsarrotsak gauez[15].

Fartsa hauetan, baita gehiago egituratutako tobera-mustretan ohikoa zen katu bat zigortzea edo erretzea epaia eman ostean.[16]

XVII. mendetik aurrera Ipar Euskal Herrian Abbas juvenum edo Maogouverko Abadiak[oh 1] osatu ziren, xaribari-fartsak antolatzeko helburuarekin. Normalki gazteek osatzen zituzten[17].

Xaribari-paradak edo toberak aldatu

 
William Hogarthen Hudibras Encounters the Skimmington margolana.

Xaribari-paradak, karroxak edo tobera-mustrak herriko kaleetan zehar egiten ziren, “omendurikoak” karrozan zirela edo horien ordez horiek ordezkatzen zituzten aktoreak. Konpartsa beti bera izaten zen (epailea, idazkaria, bertsolaria)[13]. Parada hauek maskaradaren eta fartsaren arteko zerbait ziren, askotan inauteriekin lotu ahal zirenak. Badakigu 1571ean Joana III.a Nafarroakoak debekatu zituela, "erromatar superstizio eta idolatriak" zirelako[17].

Tobera-mustrak deitzen zitzaien Nafarroa Beherean, eta desfile edo paradak ziren: ‘mustra’ hitzak desfilea adierazten du; ‘tobera’ hitzak, berriz, izen bereko musika-tresnan du jatorria, eta antzezpenari dagokio (eztei bezperetan ezkongaiei eskaintzen zitzaizkien serenatak ziren toberak). Tobera-mustrak, toberak izeneko kantaldien aldaera irrigarriak zirela esan dezakegu. Esan dugunez, tobera-mustretan, batzuetan, taula gainean fartsa ere egiten zen. Herriko karriketan desfilatzen zuen konpartsak (aktore sail distiratsuz eta dantzariz osatua) eta gero komedia txiki bat antzezten zuten plazako jokalekuan. Komedia hori umorezko antzerki-emanaldi herrikoia zen eta epaiketa errepresentatzen zuten bertan. Tartetan, “Kabalkada”ko kideek (bolantak, makilaria, basandereak, gigantiak, kabalier eta kabaliersak osatua, besteak beste) dantzatzen zuten. Oraindik ere “kabalkada” esaten zaio Nafarroa Beherean zenbait dantzari-paradari (azken urteotan, taula gaineko antzerkia berreskuratzeko ahaleginetan dabiltza; helburu nagusia ez da, garai batean bezala, gertaeren kritika egitea, herria antzezpen baten aitzakian biltzea baizik)[13].

Xaribari-parada delakoan bost pertsonaia mota bereizten ditu Juan Mari Lekuonak:

  1. Xaribari jostaketa antzezten duten pertsonaia hiztunak.
  2. Ballet saila, paradak dirauen artean eta jostaketaren tarteetan dantzatzen duena.
  3. Zaldizko eta oinezko guardia.
  4. Zeremonia edertzen duten konpartsak.
  5. Trufariak, erdialdean irteten direnak barre eragitera.

Jean Etxepare mediku eta idazleak idatzita utzi zigun, 1896an, bere begiz ikusitako xaribari-paradaren deskribapena:

« Beti bezala lau zaldun zeuden: kapitaina bere neska lagunarekin (honek soinean zeraman dontzeilarik ederrenaren ohiko jantzia) eta ofiziala berearekin; ibiltariak, buru gainean altu bezain itsusi ziren eta etengabe astintzen zituzten panpinak zeramatzatela; emakume basatiak, guraize handi-handiz hornitutako mari-mutilak; gerri estua eta zango luze, arin eta dantzariak zituzten emakume zuriak, begirada samurrak eskaintzen zituztenak; kaxkarotak, zinta eta azpilduraz, lore eta urreztatuz beteak apreta muturretik kokoteraino; bizar luzeko hiru jeje liburukote handiak zituztela besapean; lotsagabeko bi giltzari; lau jendarme; bi koplari; bospasei ijito zatarrez beterik, ezkonduak atzera begira jarrita bi astoren gainean; eta, nola ez bada, Donibaneko musika.

Gorriak, zuriak, moreak, horiak, berdeak, urdinak, baina batez ere gorriak ziren eguzkitan distiratzen zutenak, plaza inguruan lau ilaratan jarrita zegoen segizio osoaren jantziak apainduz, begiratzeaz ase ezinik zegoen ikuslea liluratzen zutelarik aldi berean.

Bat-batean isiltasuna nagusitu zen jendartean, eta koplariek, barrika gainean jarritako oholtza inprobisatu batera igota, kantuari eta historia kontatzeari ekin zioten.

»

[18]


Tobera egituratu tradizionalak aldatu

 
Irisarriko tobera, 1937an.

Georges Hérelle[19] hispanista eta euskaralariak, euskal herri antzerkia sakonetik ezagutzen duenak, Petit de Julleville aipatuz esaten digu horrelako elkarteak bost ehundik gora izan zirela hiri handietan, eta bazituztela estatutuak, intsigniak, festarako materiala eta beste; baina herrixketan ere izaten zirela, batez ere Frantzia hegoaldean, eta abbas juvenum titulua ematen ziotela elkarte alai horien presidenteari. Hérellek dioenez, Erdi Aroan zehar baziren horrelako elkarteak Euskal Herrian, eta hemengo gizartean oso sustrai sakonak zituela ohitura horrek; hala, XX. mendean oraindik ere izugarrizko bizitasunez agertzen zaizkigu. Antzerki satiriko honetan, alegiazko auzi bat antzezten da, gorte eta sujetekin. Besta egiteko aitzakia denez, auziaz gain, dantzak badu ikaragarriko garrantzia, dantzari kategoria ezberdinekin: bolantak, kaskarotak, basandereak, andere xuriak... Partehartzailetan, besteak beste, bertsolariak, musikariak, pailazoak publikoa irri eginarazteko, aurkitzen dira.[20] Pertsonaia eta dantzari guztien desfileari kabalkada ere esaten zaio.

Bertsolariek zuten leku garrantzitsuenetarik bat, bat sujetaren alde plantatzen zela eta bertzea kontra, betiko dialektikan[21]. XIX. mendean, Joanes Otsaldek bere larderia behin baino gehiagotan erakutsi zuen kari horretarat. Auziaz gain, dantzak bazuen ikaragarriko garrantzia, dantzari kategoria desberdinekin: bolantak, kaxkarotak, basandereak, andere xuriak. Gisa horretako kabalkadak egiten ziren Errobi haran guzian, Garazitik Senpereraino, guti edo aski ezaugarri berdintsuekin. Itsasun, artxiboen arabera, tobera mustrak izan ziren 1849an, 1859an, 1865ean, 1876an, 1883an, 1889an. Azken honek, auzapezaren debekua izan zuen, eta ez zen izan debeku bakarra:

« Le charivari que vous venez de faire cesser était dirigé contre moi pour les raisons suivantes. Lorsqu’une veuve se remarie, il est de règle de faire un charivari à moins qu’elle ne verse une certaine somme aux jeunes gens et comme je me remarie dans huit jours, Itcia, Duhart et Iribarnégaray sont venus me trouver jeudi dernier, au soir, ils m’ont donné à comprendre que si ne leur donnais pas de l’argent ou du vin, un charivari serait organisé. Mes moyens ne permettant pas d’accéder à leurs désirs, j’ai refusé et ils se sont retirés mécontents. Iribarnégaray dirigeait le charivari. »

—Jendarmeriako dokumentua, 1910eko azaroaren 12[22]


Bertze bakarren bat izan zitekeen Lehen Mundu Gerraren aurretik, argazki xoil bat dugula lekuko. XX. mende hastapenean, Georges Hérelle ikerleak berexten zituen Errobi aldeko eredu hori (“parades charivariques”) eta Zuberoa eta Amikuzeko antzerki satirikoa (“farces charivariques”)[23].

Gizartea aldatu arau, ohiturak ere aldatzen dira. Bigarren gerlatik landa, lehenagoko gaiekiko tobera-mustrarik ez zen gehiago egin. Diotenez, Irisarrin 1937an iragan ziren moda xaharreko azken tobera mustrak. Lapurdi barnealdean, 1920-25 Hazparneko auzo batean gazteriak muntatu zuten zerbait hor plantatu ziren ingeles bikote baten eskarniatzeko. Egiazko gaiekilakoak guti edo aski 1914ko gerlarekin batera utzi zituzten beren gisara. Gaueko toberek eta berdurek aise berantago iraun zuten, eta XX. mendearen bigarren partean badira han eta hemen anitz lekukotasun. Itsasun Bigarren Mundu Gerran zehar izan ziren gaueko azken toberak, oso bortitzak gainerat. Garazi aldean bi gerlen artean hedatu zen usaia berri bat, hau da gairik gabeko kabalkadak egitea, dantzaren inguruan. Faustin Bentaberry soinulari eta dantza maisuaren eraginez azkartuz joan ziren kabalkadak eskualde horretan. Zenbait herritan gaur egun oraino urtero egiten dira gisa horretako ospakizunak (Arnegi, Uharte Garazi, Izpura, Luzaide, Baigorri,...). Baigorrin segitu zuten ere tobera-mustra egiten noizbehinka gerlatik landa, kabalkada soilez gain. Antton Luku idazleak eta antzezleak hurbiletik aztertu du baxenabartar toberen istorio hori. Lapurdiri dagokionez, Luhuso eta Makean 1950eko hamarkadatik aurrera berriz hasi ziren kabalkada egiten, alegiazko gaiekin (Ganix kontrabandixtaren ixtorioa Makean) baina aintzinagoko joko guziekin: dantza, auzi, zirtzil, zaldizko, huxer,... Formak irauten zuen, bai eta herriko festa giroa. 1980 arte eman zituzten holako kabalkadak Makean[23].

Tobera ezagun batzuk aldatu

Irisarriko toberak Baxe Nabarreko famatuenetarikoak izan dira, Jean-Michel Guilcher ikerlariaren bi irisartar informatzaileen arabera. Denbora guti barne, tobera frango antolatu ziren: 1883an, 1914an, 1921ean, 1928an eta 1937an. 2012 arte ez dira aldiz berriz eman. Herritar andana batek partehartzen zuen toberetan (150-200 arte), denak gizonak. Eta lan handia eskatzen zuen. Jantziak josi, zaldiak eta astoak bildu desfilearentzat. Maiz, Besta-Berriko jantziak baliatzen ziren eta beste batzu alokatzen. Zurginak oholtza egiten zuen eta plaza erdian muntatzen. Erretorraren baimena erosten zen diru truk. Ikusgarri-auzia pagatuz zen eta desfilea Zelai auzotik heldu zen plazara[24][25].

Tobera modernoak aldatu

 
2007ko Itsasuko kabalkada

1970eko hamarkadan abertzaleek proposatu zuten toberen irakurketa politiko berri bat. Europa guzian antzerkiaren formak erreberritzen ari ziren, antzerkia mezu politiko batzuen plazaratzeko tresna bezala baliatuz. Irakurketa horretan, toberak baliatu behar ziren tokiko boteren ordenuaren zalantzan ezartzeko eta ez ordenu horren indartzeko. Iholdin 1974an aintzira egitasmo baten aurka egin zituzten moda berriko tobera horiek, eta ikaragarriko tentsioak sortu ziren[26]. Erranahi politiko berri horiek bultzatu eta gaurkotu zituen toberak (Eiheralarren, 1988an, Baigorrin 1976an, Amikuzen 1991an, bertzeak bertze)[23].

Lapurdi barnealdean, 1990 urteetan abiatu zuten gogoeta bat lehenagoko kabalkaden inguruan. Itsasun (1992, 1994, 1997, 2001, 2007), Lekornen (1995, 1996), Luhuson (2002) edo baxenabartar auzoa den Heletan (2003), hautsi-mautsi bat nahi izan zuten atxeman : herriko arazoak aipatu, baina ez baitezpada salaketa bortitz baten bidez, ikusiz gainera herritar guziek parte hartzen zutela, beraz behar zirela tendentzia guziak hein batean bildu. Helburu hori garrantzitsua zen, bereziki Itsasu bezala 1980 hamarkadan politikoki frango inarrosiak izan zen herri batean. Eztiegi batzuentzat, bortitzegi bertzeentzat: bistan da kari horietarat antzezten zirenak ez zirela denen gostukoak. Baina, bederen, herriaren kezkak plazaratuak ziren, eta eztabaida sortzen zuten. Egia erran, lapurtar adibide horiek barnetik bizi izan dituenak erran dezake toberen gaia ez zela behar bada gauzarik garrantzitsuena gertakizun horietan. Parte hartzaileentzat, herriaren elkartasuna zen lehen helburua. Dantzak, bereziki, ikaragarriko garrantzia hartu zuen. Itsasun, adibidez, 2007an, bi dantza-jauzi luze eta bihurriak gogoz eman zituzten, 1914 aintzineko jauzi zoin-gehiagokaren izpiritua berriz atxemaiteko xedearekin.[23].

Antton Luku antzerkigile baxenabartarraren lana neurri handi batean toberaren formetan oinarritzen da. 21. mendean teatrologia bat osatu du Lukuk, 2002an Lurra lanarekin hasia.[27] Gero etorri ziren, Beltzeria, Euscalduna, eta 2008an Fauxto karrusa, toberaren izen garaztarrarekin apropos izendatua.

21. mendean Gipuzkoako Debagoieneko euskara elkarteek antzerki molde hau ekarri dute antzerki herrikoia egiteko zenbait aldiz. Gabonetako giroaren bueltan, herri zenbait epaitu dituzte toberetan herriko bertako eta inguruetakoek. Adibidez, 2011. urtean Bergarak Arrasateko herria epaitu zuen, eta 2015ean Aretxabaletak Eskoriatza.

Beste herrialde batzuetan aldatu

Espainia aldatu

Hego Euskal Herrian zintzarrotsek zuten hedapena handia bazen ere, Espainian ere ohikoa zen egitea. Caro Barojak jasotzen duenez[28], 1901ean Madrilgo Ateneoko Zientzia Moral eta Politikoen Sekzioak ikerketa bat eskatu zuen jaiotza, ezkontza eta heriotza erritualen inguruan[29]. Fitxa horiek Espainiako Gerra Zibilean galdu baziren ere, hainbat ikerketa argitaratu ziren euren datuetan oinarrituta.

Galizian ohikoa zen berriro ezkontzen ziren alargun, zahar edo adin-tarte handiegia zuten bikoteen aurkako ekimenak egitea, adarrak, zintzarriak eta latak erabiliz. Ezkontzen zirenen etxetik gertu zuhaitzetatik nekazal-tresnak eskegitzen ziren. Ohikoa zen ere ezkondu behar zirenen panpinak egitea, parodiak egiteko. Ribeiro de Avian chocallada edo cencerralada egiten zitzaien ohiturak betetzen ez zituzten edozein ezkongaiei, adibidez, musikaririk kontratatzen ez ztuenei edo ardorako gonbidapena egiten ez zutenei[28]. Asturiasen guztiz hedatua zegoen ohitura, baina ez dira jaso izen bereziak. Lloquerada, turga edo pandorga izenak jaso ziren hainbat herritan. Badirudi turga izenekoan antzerkia egiten zela, tobera-mustren antzera. Pola de Sieron lastozko bi panpin egiten ziren eta lurperatzaileek bakoitza etxe batetik atera eta zelai batean ezkontzen zituen, ondoren panpinak errez[30]. Antzeko ohitura egiten zen Avilesen: herritarrak ezkongaien etxera joaten ziren eta, bertan, norbait hiltzekotan zegoela antzezten zuen; apaiz batek azken oleazioa ematen zien eta, hurrengo egunean, lurperatu. Lurperatze honetan testamentu baten parodia irakurtzen zen, panpinei sua eman eta zarata egiten zen[28].

Gaztela eta Leonen hainbat herritan jaso ziren antzeko jarduerak. Sahagúnen cencerrada inauterietako pertsonaiekin egiten zen. Ezkondu beharreko pertsonaien panpinak egiten ziren eta apezpikua balitz bezala garraiatzen ziren, intsentsuaren ordez lapiko batean piper-hautsa edo usain txarra zuten gauak errez. Ohitura hau ikus zitekeen Valderasen, La Bañezan eta Grajalen, adibidez. Zamoran alargunen ezkontzen aurka adarrak eta zintzarriak jotzen ziren herri osoan zehar; ezkontza egunean mozorroturik itxoiten zieten elizan eta, ateratzerakoan, astoek tiraturiko gurdi batean jartzen zituzten, eta zintzarrien soinuarekin joaten ziren euren etxeraino; ardoa erosteko dirua ematen bazieten, pakean uzten zituzten[28]. Gumiel del Mercadon manta baten azpian pasiatzen ziren bi monigote handi, palio bat balitz bezala, eta batzuetan bikotea ere gurdi batera igotzen zen. Villaramiel bikotea usain txarreko palio baten azpian paseatzen zuten, baita Valdespinan ere. Txostenen arabera Frechillan panpinen aurkako ekintzak egiten ziren, ikusleen barrea eragiteko asmoarekin, eta Boadilla del Rioseco eta Fuentes de Navan ohikoa zen gurdi batera igotzea bikotea; Frechillan eta Mazuecosen San Antonio egunetik Inauteri egunera egiten ziren ezkontza guztietan egiten zen cencerrada bat. Medina del Campo eta Segovian inguruan ere palioa jarri eta usain txarreko produktuak erretzen ziren[28]. 1907an jasotako testigantza baten arabera, Segovian zintzarrotsak ezkontzako gauean egiten ziren, eta aukera zegoen gehiago ez jasotzeko ardoa oparituz gero[31]. Antzeko ohitura egiten zen Kantabriako Iguña eta Toranzo herrietan, zarramaco edo zorromaco inauterietako pertsonaiekin[32]. Pertsonaia horiek gaur egun Silión (Molledo udalerria) baino ez dira ateratzen, baina behinola oso hedatuak zeudela uste da[33].

Gaztela-Mantxan ezkon-berrien aurkako neurri berberak erabiltzen ziren Hueten, Almoroxen eta Miedes de Atienzan. Cabañas de Yepes herrian jasota dago panpinekin egiten zela ekimen guztia. Extremaduran ere Gaztelako ohitura berbera zegoen. Guijo de Carian, adibidez, gurdi batean eramaten ziren ezkon-berriak eta Las Hurdesen usain txarra zuen intsentsario bat erretzen zen. Llerenan, adibidez, bi pertsonek hartzen zuten ezkonberrien lekua eta, euren ahotsa imitatuz, umorezko hizketaldiak inprobisatzen zituzten. Andaluzian ez dago datu askorik, baina Pedroche eskualdean hiru gauez egiten zela ematen du[34]. Sierra de Seguran 1920an jasotako testigantza batean ezkonberrien aurkako zintzarrotsak egiten ziren, zarata asko sortuz euren kalean, adar bat joz eta ezkontzen zirenen aurkako kontakizun bat eginez. Adibidez, honakoa jasotzen da[28]:

«

- ¿Quién se casa?
- Amparico.
- ¿Con quién?
- Con Pamplinas.
- ¿Por qué?
- Porque le cuide las gallinas.

»


Alcalá de los Gazulesen erraldoiak egiten ziren eta ezkondu behar zirenen atean jarriz. Ondoren, musika jotzen zen eta eurekin dantzatzen zen. Puente Genilen ere panpinak erabiltzen ziren eta Marmolejon aurpegia estalita zuten pertsonaia batzuek gaizki usaintzen zuten belarrak erratzen zituzten. 1950ean oraindik egiten ziren zintzarrotsak Grazaleman[35], vito edo pandorga izenarekin, euskal tobera-mustren antzekoak[28].

Valentziako hainbat herritan bazeuden antzeko ohiturak, nahiz eta txostenean ez ziren jasotzen. Katalunian zintzarrotsak edo antolatzeko kofradiak zeuden, Aiguafredako General dels Esquellors bezala. Lleidan kanpoko norbaitekin ezkontzen bazen herriko bat, dirua eskatzen zitzaion herrira sartu ahal izateko, gero bazkari bat antolatuz; ez bazuen ordaintzen callcarri edo carribarri bat antolatzen zitzaion. Prat del Llobregaten antzerkia egiten zen ezkondu behar zenaren etxearen aurrean eta lau aktorek ezkondu behar zirenen eta euren gurasoen papera egiten zuten. Beti ematen zen emaztearen eta bere amagin arrebaren arteko gatazka bat[28]. Hala ere, ohikoa zen zerbait ordainduz gero, zintzarrotsa gelditzea[36][oh 2].

Ingalaterra aldatu

 
Ran-Tanning baten argazki arraroa, 1909ean Ramptonen egina.

Ingalaterran rough music izena eman zaio, baina herriz herri izen ugari izan ditu. Iparraldean batez ere stang riding deitu zaio, hegoaldean skimmington edo skimmington ride; beste izen batzuk izan dira lewbelling, tin-panning, ran tanning, nominey edo wooset[37]. Ohikoa zen irudiak erretzea, zintzarrotsetan egiten zen zaratarekin batera; zarata sortzeko zintzarriez gain, beste instrumentu eta etxe-tresna asko erabiltzen ziren[38]. Herri batzuetan irudiak uretara botatzen ziren, itotze errituala eginez. Ingalaterrako komunitate askotan praktikatu ziren XIX. mendean, eta XX. mendean gutxitzen joan ziren, baina ezagunak dira Ramptonen (1909)[39], Middleton Cheneyn (1909) eta Blisworthen (1936ra arte) egin zirenak[40]. West Hoatleyn 1947an egin zen bat, eta Copthorne Sussexen 1951ean. Theo Brownek erregistratu zuen azkena Devonshiren 1973an[37].

Skimmingtonak Ingalaterran Erdi Aroaren hasieran hasi ziren erregistratzen. Ingalaterrako West Countryn bereziki egiten ziren, eta badirudi izena ere eskualde horretan gazta egiteko erabiltzen zen tresnatik datorrela, emazteek senarra kolpatzeko erabil zezaketela esaten baitzen. Skimmington bat egiteko arrazoiak asko baziren ere, Europa osoan zehar egiten zirenak bezala, bere emaztearen aurrean ahula zen senarra zigortzea ohikoa zen.[41].

1628-31 artean eman zen Mendebaldeko Altxamenduan, lur komunalen itxituraren aurkako matxinada, "Lady Skimmington" izena erabili zuen mugimenduaren liderrak[42]. Iturri batzuen arabera izen hori erabili zuten gizon ugarik Mendebaldeko Altxamenduan, emakume arropa janzten zutenak mozorrotzeko zein ordenaren aurkako altxamendu bat zela adierazteko[43].

Ipar Amerika aldatu

Xaribaria AEBetako zati handi batean praktikatu izan da, baina mugako herrietan ohikoagoa zen, komunitateak txikiak zirelako eta legearen aplikazio formalagoa falta zelako. XX. mendearen hasieraraino dokumentatu zen, baina uste zen gehienbat mendearen erdialdean desagertu zirela. Kanadan, Ontarion, Quebecen eta Atlantikoko probintzietan izan dira xaribariak, baina ez beti gaitzespen adierazpen gisa.

Lehen kolono frantsesek xaribarien (edo shivaree Estatu Batuetan) ohitura eraman zuten Quebeceko beren kokaguneetara. Historialari batzuen ustez, ohitura Kanada Behereko ingeles hizkuntzako eremuetara hedatu zen eta, azkenik, Amerika hegoaldera; baina independenteki ohikoa zen Ingalaterrako gizartean, eta, beraz, litekeena zen angloamerikar ohituren zati izatea. Xaribaria ondo dokumentatuta dago Hudson Haranean, kolono ingelesen lehen egunetatik XX. mendearen hasieraraino[44]. Kanadako xaribariaren lehen adibide dokumentatuak Quebecen jaso ziren XVII. mendearen erdialdean. Aipagarrienetako bat 1683ko ekainaren 28a izan zen. François Vézier dit Laverdureren alarguna senarra hil eta hiru astera berriro ezkondu ondoren, Quebec hiriko jendeak zintzarrots zaratatsua egin zuen ezkondu berrien aurka bere etxean[45]-

Ipar Amerikan xaribariak ez ziren Europako ohitura tradizionalak bezain zigortzaileak. Bakoitza bakarra zen, eta tartean zegoen familiaren jarrerak eragin handia zuen, baita nork parte hartzen zuen ere. Europako tradizio batzuekin edertuta egon arren, xaribari iparramerikar batean parte-hartzaileek errudunak zaldi-andeletan bota zitzaketen edo jendetzarentzako karameluzko barrak erostera behartu.

« Dena dibertsioagatik - Shivaree bat besterik ez zen, badakizu, eta inor ez zen haserretu horregatik. Ez oso haserre, behintzat. »

[46]


 
Zarata sortzeko latak kotxe baten atzealdean, Belgikan.

Kansasko zintzarrots amerikar baten kontakizun honek jarrera iparramerikarraren adibidea ematen du. Europako herri txikietan ostrazismoa kondenatzeko eta gaizkileak isolatzeko erabiltzen zen zigorrezko zintzarrotsaren kontrara, zintzarrots amerikarrak "erritu bateratzaile" gisa erabiltzen ziren, non okertzen zirenak komunitateari itzultzen zitzaizkion nobatada txiki baten baliokidea izan zitekeenaren ondoren[46]. Komunitate batzuetan, erritualak iseka leun bat bezala balio zien ezkonberriei, martxan egon zitekeen edozein sexu-jarduera denbora batez eteteko asmoz. AEBetako mendebaldeko zenbait tokitan, Kansasen kasu, 1960-1970 erdialdera, shivaree ohiturek gustu oneko eztei-umore bat bezala jarraitu zuten, Oklahoma! musikalaren ildotik. Erritualak, andregaia gurdi batean eramatea edo zintzarriak ezkon-berrien ohe azpian lotzea izan zitezkeen. Gaur egun ere askotan egiten da AEBn ezkon-berrien autoan zarata sortzen duten latak jartzea, egile batzuen ustez shivaree honetan jatorria duen ohitura[47].

Tampan, Floridan, 1885eko irailean, shivaree handi bat ospatu zen James T. Magbee tokiko ofizialaren ezkontza zela eta. Kyle S. Vanlandingham historialariaren arabera, festa "Tamparen historiako shivaree festa guztien artean basatiena eta zaratatsuena" izan zen, "ehunka gizon" bertaratu ziren, eta "ia egun-argira arte" iraun zuen. Zintzarrotsan sortutako musika, esaten denez denez, "izugarria eta naturaz gaindikoa zen deskribapen orotatik haratago"[48].

Akadiako Tintamarre tradizioa zintzarrotsetan oinarritzen dela uste da.

Harremanak boterearekin aldatu

Aurkakotasuna eta debekuak aldatu

 
Zintzarrotsaren edo xaribari baten irudikapena, XIV. mendeko irudi batean. Bertan agertzen da morala hausten dutenen aurkako epaiketa publikoa eta astoaren irudia duen pertsona bat.

Zintzarrotsek, bere forma ezberdinetan, debekuen historia luzea izan dute. 1337an Avignonen egindako ediktu batek dio "kirol gorrotagarri" bat direla eta Bezierseko estatutuak (1368) "joko guztiz ez-morala"[3].

Ohiko aurkariak eliza zein herri agintariak izan ziren. Gauzak horrela, Juan Cruz Labeagak,[49] Nafarroako antzerkiari buruz ari denean, Calahorrako 1539 eta 1545eko Sinodo Konstituzionalak aipatzen ditu, eta 1590ean Iruñean izandakoak halaber, hala baitiote jarraian:

« ...que las vigilias que se celebren en las yglesias y ermitas no dancen ni baylen dentro dellas, ni representen farsas sino fueren conformes a las festividades que se celebran (1539)... ...ordenamos a los curas y clérigos que no hagan ni permitan hacer tales representaciones... (1545)... ...ni hagan representaciones so pena de un ducado en la que incurrirá también el clérigo que lo consintiera... (1590)” »


Pierre de Lancrek,[50] XVII. mendearen hasieran –1610ean, hain justu– Bordeleko Parlamentuko epaile eta inkisidoreak gazte lapurtarrek edozein aukera baliatzen zutela esaten digu bere jolasetan Apezpiku edo Maogouverko[oh 1] Abadearena eginez:

« Sekula ez diote uzten apezpikuarena egiteari, eta beren jolasetan Maugouverko abade batena egiten dute beti, halaber. Hau guztia izena hartu eta misterioa barregarri uztea besterik ez da »

[oh 3]

.

Nafarroako Parlamentuak XVIII. mende osoan behin eta berriz ezarritako galarazpenak aipatzen dizkigu Caro Barojak,[51] bide batez, horrelako fartsen indarra garbi utziz. Nafarroako Legeen Koadernoetan zintzarrotsak zein abesti desegokiak egitea debekatu zen 1724 eta 1726an. Jaungoikoaren aurkako ofentsatzat hartzen zen norbaitek ez zituen ezaugarriak aipatzea, irainduz. Lege hauetan debekatzen zen abesti zikinak edo lizunak abestea, edo biraoak egitea, bi urteko deserriarekin eta ehun kolperekin zigortua.[52] Zintzarrotsak beraiek hilabete bateko gartzelarekin zigortzen ziren, edo bi urteko deserriratzearekin pobreak baziren; bigarren aldiz egitekotan lau urteko deserriratzea zegoen. Zimaurra etxeetako ateetan jartzea edo ateetan zuhaitzak jartzea ere zigortzen zen. Caro Barojaren arabera hiru elementu horiek (abestiak, zarata eta usaimena) zuzenki loturik daude[52]. Legea, hala ere, inork gutxik bete zuen, izan ere 1743, 1744, 1780 eta 1781ean berriro ere landu zen zintzarrotsen arazoa Nafarroako Gorteetan. Azken bi urteetako eztabaidetan kezka zuten agintariek gero eta ohikoagoa zelako jendeak armak izatea. Hala ere, zintzarrotsek jarraitu zuten[52].

 
1765eko irailaren 27ko legea, zintzarrotsen debekuarekin.

Espainian ohitura handia egon zen cencerradak antolatzeko, eta agintariek aurkako neurriak eman zituzten etengabe. Karlos II.ak lau urteko gartzela zigorra eta ehun dukatuko isuna ezarri zuen 1765eko irailaren 27ko legean[53]. Badirudi lege hau gortean egindako cencerrada batean hildako bat egon ostean egin zela, baina ez zioten kasu handiegirik egin: 1815ean Parla herrian egin behar zen bat debekatzeko eskatu zuten[52]. XVIII. mendeean egon ziren agintari gehienak, Despotismo Ilustratua deitzen den garaian, saiatu ziren lege bidez komunitateen bizitzak ordenatzen. Jovellanosek 1795ean egindako Nekazaritza Legean aipatzen du alkate gehienek legeak egiten zituztela musika eta zintzarrotsak mugatu edo debekatzeko[52]. XIX. mendean zehar debekuek jarraitu zuten, adibidez 1870ko Espainiako Kode Penalak bere 589. artikuluan zintzarrotsak debekatzen zituen, bost eta hogeita bost pezeta arteko isunarekin[52].

Lebrunek, bere aldetik, Elizak XIV. mendetik XIX. mendera arte ezarritako zigorrak aipatzen ditu[54].

Erriberrin, 1570ean, mila gazte inguruk, mozorrotuta, zintzarriekin zarata eginez eta koplak abestuz, matraka bat antolatu zuten Jeronimo de Carrion eta Maria de Estradaren, ezkontzen ziren herriko bi alargunen, kontra. Sortutako istiluengatik salatuak izan zirenean gazteek esan zutenez, «aspaldidanik eta urteetatik hona, Nafarroako erresuma honetan, Erriberriko hirian ohitura dago honen antzeko matrakak egiteko alargun batzuk ezkontzen direnean, koplak abestuz. Eta horiek jasotzen dituztenek onartzen dituzte herriko ohitura moduan»[14].

Onarpena eta eskubidea aldatu

Galarazpenak galarazpen, asto lasterrak droit de pilote haren hondartzat hartzen zituzten; eskubide hori gizonezko alargun orok ordaindu behar zuen bigarren ezkontzan. Zehapen herrikoi hau Roussillonen 1300ean debekatu zuen Jaime I.ak, eta Frantzia osoan galarazi zuten Frantziako Iraultzan zehar, baina hain indar handiko ohitura izanik, oso zaila zen festa hori beti ukatzea; honen lekuko dugu, esate baterako, Louis Napoleon Bonapartek 1848an Heletako gazteei emandako baimena, “omenduen” kontura diberti eta barre egin zezaten nahi adina.[55][oh 4]

Herri agintariek asto lasterrekin erakusten duten onarpen honek Erdi Aroan ditu sustraiak. Hala, Ives Renouardek[56] argitaratutako Rôles Gascons lanean irakur dezakegu Almariko Kredomiokoak, Baskoniako Dukerriko seneskala zenak, 1315ean, agindu zuela norbait adulterioan topatuz gero currant villam secundum quod est fieri consuetud..., falta horretan aurkitutakoei asto lasterren bat sufriaraztea edo bestela hamar librako isun bat ordainaraztea; diru hau erregearen eta herriko jujeen artean banatzeko zen[57]. Xaribaria egiten zutenen ustez, nolabaiteko eskubide bat zuten horrelakoak egiteko, errege batek edo agintari batek emana[3]. 1928an, Frantzian, 1500 pertsonen aurrean Saint-Pierre-d'Entremonten (Savoia) norbait gurdi baten gainera igo zen esanez eskubidea zutela hori egiteko, baita jendarmeei aurre egiteko ere[3].

Rey Flauderen iritziz, asto lasterra pairatzen dutenen leihopean hasten den zeremonia gizon basatien aspaldiko ekintzen berritzea besterik ez da, basoko jaun haiek herrixka inguratu eta bertako gizonezkoak irendu ondoren bertako emakumezkoak bortxatu eta bahitzen zituztenekoa, alegia. Asto lasterren erritoa, beraz, historiatik haratago dagoen lege baten aztarna bat izango litzateke, gizonezko ehiztariek mugagabeko askatasuna zuten garaiko oroitzapena, alegia[57].

Egiaztatzen zaila den eta susmoetan murgiltzeko oso bide aproposa dugun iragan horretaraino atzera egin gabe, egokiagoa litzateke asto lasterrak arautzat hartzea, hau da, emakumeen mugimendua murrizten eta leinuen jarraipena ziurtatzen zuen arautzat. Hala, Caro Barojak, irudimenaren gehiegikerietan aritzeko zaletasun gutxikoa izanik, uste du asto lasterrak eliz erritoen alderanzketa bat direla, hildakoen oroitzapenari eskainitako irainorde bat izateaz gain, inondik ere[57].

Desplat eta Rey Flaud bat datoz, asto lasterrak idatzi gabeko legetzat interpretatzen dituztenean, herri-erakunde horientzat isileko akordio baten emaitza zirela; idatzi gabeko lege horrek, antzeko beste arau batzuekin batera, garaian garaiko gizarteari portaera eredu bat eta moraltasun publikoaren babes bat eskaintzen zion. Aspaldian sortuak izanik eta mendeetan zehar eraldatzen joanak, euskal nazio eta estatuaren beste arauek, ohitura, foru eta legeekin batera, nahikoa osatutako corpus legala osatzen zuten[57].

Antzerki gisa aldatu

Beraz, bigarren aldiko ezkontzek, botere ofizialak halako tolerantzia batez onartzen bazituen ere, zigor gisako erantzuna jasotzen zuten fartsa horien bidez. Dena den, fartsak gozatuz joan ziren denbora igaro ahala. Ezkongaiak, eskandalua zein beronen ondorengo zigorra eragiten zutenak, nahiz ezin erosi moral publikoaren juje bihurtutako gazteen isiltasuna aurrez finkatutako zehapen bat ordainduz; Nenthwort Webster[58] folkloristak dioenez, dagoeneko ez ziren fartsaren aktoreak, eta ez zituzten kaleetan barrena korritzen, jendaurrean lotsagarri jartzen astoen buztanei lotuta atzera begira, edo astoek zeramaten karroza batean bestela eta, herritik kanpora aterata, liturgia garbitzaile batean, egindako aztarnak lastoz ezabatu ere ez zieten egiten. Halakoa egin omen zioten Fernando erregeari Iruñean 1477an. Ordurako horretan jarduten zuen aktore batzuk ziren eskandalua eragiten zuten ezkontza harremanen parodia egiten zutenak[57].

Gordetako testuak aldatu

Kontuan hartuz gero fartsa hauek salaketak eta auzi aurreko epaiketak eragin zituztela eta hainbat mendeku odoltsu, halaber; hortaz, ez da harritzekoa horrelakoen egileek ezkutuan mantendu nahi izatea, are gehiago, irudikapenen oinarri izan ziren eskuizkribuak ere –zati handi batean inprobisazioak ziren arren– sutara botatzea.

Euskaraz aldatu

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Zintzarrotsak

Gutxi dira euskal literaturako kritikoen artean fartsa hauen sorburua aztertzen jardunikoak eta, esate baterako, Ithurriagak[59] nahiko deritzo azalean geratzeari, esana baitu asto lasterren sorburua hain dela iragan urrunekoa, non ezinezkoa baita horrelakoen agerpenaren gutxi gorabeherako datarik ere ematea. Inauterietako pertsonaia batzuk jada agertzen dira Erdi Aroko frantziar literaturan. Adibidez, Sainct Pansart izeneko pertsonaia (ikus beherako inauterien eta zintzarrotsen inguruko atala) La Dure Et Cruelle Bataille et paix du glorieux sainct Pensart a l'encontre de Caresme lanean agertzen da, 1485an[60][61]. François Rabelaisen Gargantua eta Pantagruel lanean ere agertzen da Sainct Pansart, beraz badirudi pertsonaia hau Erdi Aroan jada egonkortua zegoela.

Jon Juaristik[62] zehaztasun gehixeagoz jardun du, eta haren iritziz “seguruenik Zuberoako antzerki-tradizioa XVI. eta XVII. mendeetakoa da, baina XVIII. mendearen amaiera arte ez dugu horren inolako berririk izan”. Baina hau guztia adieraztean garbi erakusten digu ez duela arretaz irakurri berak aipatzen duen bibliografia ere, zeren eta Charles Desplatek[63] asto lasterrei eskainitako obraren lehenbiziko orrietan bertan Jacques Belarenaren (1586-1667) testu bat ematen baitigu; Mauleko abokatu protestante honek Donapaleun ospatutako asto laster bat salatzen du. Izan ere, horrelako ekitaldiek jujeen zigorra jaso behar zuten, ohitura paganoa eta moralaren kontrakoa zelako[64].

J. M. Lekuonak dioenez, obra idatzi gutxi gorde da, guztira 21; horietako bi, gainera, ez osorik. Egileak ez dira ezagunak, izan ere hitz iraingarri eta zantar franko zantarrak erabiltzen zenez, “omendutakoak” haserretuko ziren beldurrez zeudekeen[65].

Lehenengoa 1766koa da, Otsamendi Arrosakoak egina Ortzaizen, eta galarrotsaren kantuko hamaika ahapaldi bakarrik heldu zaizkigu.   Alegiako apezpikua izenarekin ezagutzen da bertso hori[66].

Patri Urkizuk Zuberoako Irri-Teatroa izeneko bilduman jasotako 17 fartsaren izenburuak eta azalpenak[67]:

Hauekin batera Urkizuk Etxahunen hiru kantu aipatzen ditu, segur aski galarrotsen sarrera kanta gisa hartu beharrekoak:   Eihartxe eta Miñau, Maria Solt eta Kastero, Ahargo eta Kanbillu.

Badira, halaber, berriagoak, bertsolariek egindakoak. Makean 74 urteko gizona eta 24 urteko neskarekin ezkondu zen. Xetre bertsolariak alde eta Oxaldek aurka hitz egin zuen[68].

«

Xetre:
Egungo sujetari zer hatxeman dakozute hobena?
Bere nahitan dea zaharturik ezkontzen dena?
Ontsa pentsa afera hoi nungo jujeak dezake kondena?
Ez ote du oilar zaharrak egiten saldarik hoberena?

Oxalde:
Bo, bo, bertzela dugu egungo sujeta
gizona ezkontziaz oroitu adina joan eta;
Orai zuena tenorea ibiltzeko emaztegai keta?
Debru gizon potreta!
Bardin pixa hemendik horrat ezin bota!

»


Hizkuntzaren erabilera aldatu

Erabilitako hizkera normalki bihurria izaten zen, barre eginarazteko sortua. Bertsolarien papera garrantzitsua zen, baina askotan pertsonaia ezberdinen hizkera imitatu behar zuten. Zuberoan egiten ziren zintzarrotsetan hizkuntzak ere nahastea ohikoa zen: frantsesez aritzen ziren epaile, idazkari eta jendarmeak, adibidez, legearen aldekoak zirenak eta arrotzak; latinezko hitzak eta parodiak esaten zituzten apaizak eta elizarekin harremana zuten pertsonaiek; gaztelania pertsonaia arruntek erabiltzen zuten; bearnera hitz ilunak esateko erabiltzen zen, adibidez satanei lotuta; azkenik, euskaraz aritzen ziren beste pertsonaiak eta trama nagusia[69][70]. Pierre Topet "Etxahun"ek Eiharte eta Miñau testuaren hasieran hizkuntza guztiak nahasten zituen, adibidez:

«

Sed libera nos a malo sit nomen Domini;
Vamos a cantar un canto para divertir;
Jan dügünaz gerozti xahalki huneti
Eta edan ardua Juranzunekoti,
Chantons mes chers amis,
Je suis content pardi,
Trinquam d'aquest bun bi
Eta dezagün kanta khantore berri.

»


Beste testu batzuetan ere nahasten dira horrelakoak, eta badira ingelesezko hitzak ere dituztenak[71].

Beste hizkuntza batzuetan aldatu

 
Francisco Goyaren Ezkontza margolanak onarpenik gabeko ezkontza bati iseka irudikatzen duela proposatu dute.[72][28]

Gaztelaniaz ez da testu asko gorde, baina literaturan ohikoa izan da zintzarrotsak salatzen zituzten gaiak agertzea, bereziki adin ezberdintasun handiko ezkontzak. Honela agertzen da Cervantesen El Celoso Extremeño eta El viejo celoso entremesetan, adibidez. Fuencarraleko ezkontza dantzaren hasieran honako bertsoak agertzen dira[73]:

«

«Fuencarralen ezkondu zuten
hirurogeita hamarreko zahar batekin,
alde guztietatik gaixo,
perlazko neskato bat.»

»

[oh 5]

Ingelesez ez da kontserbatu testu edo abestirik, agian modu errezitatiboan egiten zirelako. Frantzian badirudi inprobisatzaileak kontratatzen zirela, bertsolarien antzera. Balkanetan hau ohikoa zen eta Errumanian pertsonaia honi strigaturi izena ematen zitzaion[3].

Ingelesez ere gorde dira testu batzuk, adibidez honakoa:

«

With a ran, tan, tan,
On my old tin can,
Mrs. _______ and her good man.
She bang'd him, she bang'd him,
For spending a penny when he stood in need.
She up with a three-footed stool;
She struck him so hard, and she cut so deep,
Till the blood run down like a new stuck sheep!

»

[74]


South Stoken beste hau gorde da:

«

There is a man in our town
Who often beats his wife,
So if he does it any more,
We'll put his nose right out before.
Holler boys, holler boys,
Make the bells ring,
Holler boys, holler boys.
God save the King.

»


Beste ohitura batzuei lotuta aldatu

Errege-egun bezperari lotuak aldatu

Zintzarrotsak Altsasun, 2017ko Errege egun bezperan

Herri askotan zintzarrotsak inauterien zikloari edo Gabonetako zikloari lotuta egiten diren ohiturak dira[75]. Bereziki Nafarroan cencerrada edo zintsarrots izenarekin ezagutzen diren jarduera hauek mantendu dira, folklorean umeek Errege Magoei bidea erakusteko egiten duten zintzar-jotze soinua[76]. Jimeno Jurioren arabera Nafarroako iparraldetik Aragoi ibairaino herri askotan egiten zen ohitura zen, nahiz eta orain gutxi batzuetan iraun duen[77]. Badirudi ohitura zaharra dela, izan ere 1765an Nafarroako Errege Kontseiluak ekimen bat abiatu zuen Errege eguneko bezperan eta egun osoan zehar Iruñean eta bere auzoetan egoten zen zaratarekin amaitzeko, non suzko armak erabili eta su artifizialak ere botatzen ziren[76].

Baztanen Arizkunen, Iruritan eta Lekarozen izan ezik, beste herri guztietan oraindik ere egiten da (Arizkunen udako jaietara pasa dute). Umeak korrika ateratzen dira zintzarri bat dutela, bideetatik korrika eta gabonsaria eskatuz (urtetx izenarekin ezagutzen da). Erratzun umeek etxeko leihotik egiten dute, korrika egin beharrean eta Arraioz, Gartzain eta Amaiurren Urte Berri eguneko abestia gehitzen da. Baztandik kanpo, berdina gertatzen da Beintza-Labaienen. Arraiozen umeek honako abestia kantatzen dute[76]:

«

"Urte berri berri / zer dakarzu berri? / Uraren gainean / bakea eta osasuna. / Urtetx, urtetxak behar 'tugu! / Aingeruak gara, / zerutik heldu gara, / boltsa badugu / dirurikan ez dugu. / Urtetx, urtetxak behar 'tugu!"

»

. Zigan helduak ateratzen dira baserriz baserri kantatzera, eta umeak herrian geratzen dira zintzarriekin korrika egiten. Honakoa abesten dute[76]:

« Hiru Erregekin / gozokin / laudatzen zaitugu / eta Herodesekin / gerra bat ai nahi dugu. / Izar bat zen argirik, / argirik, / zerutik agertu / eta Erregeak bertatik / beregana abiatu. / Biba Hiru Erregek: / Meltxor, Gaspar eta Baltasar »


Erronkaribarren herri guztietan egin da, baina batzuetan galdu da azken hamarkadetan. Erronkarin eta Burgin urtarrilaren 5ean umeak kantatzera ateratzen dira euren ezkilekin (truco deitzen dira bertan). Uztarrozen urtarrilaren 3 eta 4an ateratzen dira umeak, eta 5ean bi aldiz: arratsaldez Errotaren alboan sua egin eta patata erreak eta txokolatea jaten dute[76]. Bidangotzen oraindik ere goiztiarragoa da ohitura, urtarrilaren 2tik 5era bitarte umeek zintzarrotsak egiten baitituzte. Erronkariko herrien artean, zintzarrotsen ostean, herriko mugaraino joan eta ondoko herriko umeekin jotzea ohitura zen ere[76].

Altsasun, errege eguneko bezperan herriko umeak korrika ateratzen dira zintzarri bat bizkarrean dutela. Ondoren, opil bat ematen zaio bakoitzari eta baba bat aurkitzen duena zintzarrotseko erregea izango da, eta Errege Magoak lagunduko ditu[76]. Zintzarria duten umeei farajole izena ematen zaie[78].

Ituren eta Zubietako inauterietako pertsonaia nagusia den joaldunak ere zintzarriak jotzen ditu Errege eguneko bezperan. Arratsaldean umeak ateratzen dira herritik eta gauean mendiko bideetatik ibiltzen dira helduak. Garaioan eta Aezkoan ere helduak ateratzen dira gauez zintzarriekin zarata egitera. Ameskoabarrena eta Imotzen ohitura zegoen ere gauez helduak ateratzeko. Umeak dira protagonista Orotz-Betelun, Ezkarozen eta Abaurrepean.[76] Irunberrin helduak gauean ateratzen dira, baina zintzarrien ordez zarata egiten duten objektuak eramaten dituzte arrastaka[76].

Inauteri zikloari lotuta aldatu

Inauterietako pertsonaia batzuk oso lotuta agertzen dira zintzarrotsetan agertutakoei, bereziki maskaradari[71]. Europa osoko inauterietako ohitura askotan zintzarriak edo beste tresna batzuk erabiltzen dira zarata sartzeko, eta horrek lotura izango luke salaketa ekimen horiekin[79]. Inauteriak ere agintariei trufa egiteko baliatu izan dira, eta horrek eragina zuen xaribarien errepresentazioetan[71]. Zintzarrotsak urte osoan zehar egiten baziren ere, inauteri garaietan ohikoagoak zirela pentsatzen da, baina agian hori ere ezkontzak egiteko garaiarekin lotuta egongo litzateke. Hala ere, Gabonetan hasi eta Garizuman amaitzen den tartean ohikoa da jai askotan eskean edo puska-bilketan ateratzea (Euskal Herrian, adibidez, Olentzero, Errege egunaren bezperan, Santa Agata jaian eta inauterietan). Le Roy Laduriek eske hori inauteriek eta xaribariek kostatzen duten dirua ordaintzeko dela argudiatzen du[79]:

« Artisau-errebindikazioak, aberatsak itzultzea nahi duenak, klase-borrokaren fenomenoa dakar berekin. Inauterietako bilketaren gaia ere berpizten du, helduen ondasunak gazteei birbanatzea, eta aberatsen ondasunak beharrean daudenei banatzea. Romanseko inauterietatik haratago (XVII. mendetik XIX. mendera), Dofinerriako gazteek, hurrengo belaunaldietarako, Inauterietan, dantzaldietan eta maskaradetan joango dira, etxeetan sartzeko eta bertan hobeto bizi diren, ezkonduta dauden eta beste familiaburu batzuen ondotik arrautzak, saltxitxak edo diruzko janari-opariak eskuratzeko. »

[oh 6]


Zintzarrotsen helburuetako bat izaten zen guztia ahazteko dirua edo edaria lortzea. Egunero gazteak zigortu nahi zuten pertsonaren atarian jartzen ziren zarata sartzen, eta posible zen jaia finantzatzeko nahikoa lortuz gero euren protesta bertan behera uztea[71]. Badira inauteri tradizional asko eta zintzarrotsak elkartzen dituzten beste elementu batzuk ere: nabarmenean zintzarria bera da, baina errepresentazioetan, izan xaribaria edo maskarada tradizional bat, barbera pertsonaiak medezeak agindu dizkion botikak sartzen dizkio sendatu behar den gaixoari ipurtzulotik, heriotza barregarri bat eraginez[71]. Caro Barojak zintzarrotsak zuzenki lotzen ditu inauteriekin[80], nahiz eta testuetan ez dagoen hain argi. Zaratak, zintzarriak, usain txarrak, erritual erlijioso batzuen parodia eta puska-bilketa horren adibide direla uste du[28]. Desplaten arabera ere, inauterien zikloekin lotuta agertzen dira xaribariak egiteko garaiak[81]; Hérellek ere azaltzen du xaribariak debekatuak zeudenean maskarada bat egiteko baimena eskatzen zela, eta maskaradan bertan txertatzen zela xaribariaren gaia, beste batzuen artean[71]. Iñaki Mozosen ustez, xaribariaren aurreneko arrazoia epaiketa morala bazen ere, inauteriaren ideiarekin batu eta kritika soziala eta entretenimendua nahasten ziren.[71]

Testu batzuetan jasotzen den Phantzart (adibidez,   Malküs eta Malkülina testuan) ez da benetako pertsonaia, baizik eta inauteriei lotutako izaki bat, jokaera aldrebesen arduraduna dena. Modu berberean lotuko litzateke Baküs (ikusi   Pierrot eta Xarrot) eta bere barrikota, edo argia irudikatzen duten Phetiri Santz eta Hauster jauna, Garizumarekin lotzen direnak[71]. Maskarada bateko testu tragiko baten erdian, baimenik gabeko eta gertaera errealetan oinarritutako testu komiko bat sartzea pizgarria izaten zen publikoarentzat, errazago jarraitzen baitzuten hori Inauteriaren eta Garizumaren arteko borrokaren gaia baino. Autoritateek, antza, ez-ikusiarena egiten zuten horrelako kasuetan, publikoak benetan maite zuelako xaribaria sartzea inauterietako antzezpen ofizialarekin batera[71].

Zintzarrotsetan hasieratik salatu nahi izan ziren ekintza nagusiak ezkontzekin loturik zeunden. Historikoki, Garizumaren aurretik ezkontzea ohikoa izan zen, eta inauterietan gezurrezko ezkontzak ospatzea, baita guztia iraultzen zutenak ere, oso arrunta zen[82]. Oraindik ere ospatzen dira Euskal Herrian gezurrezko ezkontzak inauterietan, adibidez Altsasuko inauterietan[83]. Epaiketa ere inauterietako errepresentazioetan ohikoa da, eta adibide onak dira Miel Otxin eta Zalduondoko Markitos. Epaiketa horietan pertsonaia sutan erretzera kondenatzen dute, herrian dauden ezinegonak eta arazoak konpontzeko asmoz[84].

Protesta gisa aldatu

Ikuspuntu politiko batetik, askotan zintzarrotsak ziren herri xeheak agintarien boterearen aurka protestatzeko zuten modu bakarra. Hipotesi baten arabera, gaur egun protesta gisa erabiltzen den kazeroladaren oinarrian zintzarrotsaren ohitura egongo litzateke[85].

Oharrak aldatu

  1. a b Maugouver Mauvais Gouveernement en laburdura besterik ez da (gobernu txarra). Izan ere, Frantzia hegoalde osoan izen hori ematen zitzaion herriko festak antolatzeko ardura hartzen zuten elkarte alai guztiei.
  2. Quan es vol casar un vidu, és costum que dos joves, comissionats de la jovenalla, s'entrevistiu amb el nuvi i li demanin una quantitat. Si el nuvi es confor¡na a pagar-la, el primer vesque que van a casa toquen una esquellada petita, donen visques al nuvi i van a beure. Si, al contrari, el nuvi és rebec, els joves compareixen davant la casa amb esquelles deis parells de lIaurar, lIaunes, cércols i ferrets, í manen gran soroll fins a les dotze de la nit, i estableixen des torns perque duri més estona; s'hi barregen els casats i tot el poble veu amb simpatia I'esquellotada, a la fí el vidu ha de capitular o pagar amb escreix la quantitat demanada, que ha augmentat cada dia'.

    «Lo Nín se n'ha casat
    al punt de la mitja nit»

  3. il ne manquent jamais de faire un Evêque, et en leurs jeux un autre Abbé de Maugouver. Or tout cela n’est que prendre le nom et rendre ridicule le mystère
  4. « Le président de la république, au nom du peuple français. Ayant appris qu´un scandale est survenu à Hélette, –le mariage d´un veuf avec une jeune personne–, nous permettons à la jeuneusse du lieu de s´amuser et de rire à ce qu´il lui plaira. Signé: Louis Napoleon Bonaparte ».
  5. «Casaron en Fuencarral
    con un viejo de setenta,
    mal sano de todas partes,
    a una niña de perlas»

  6. La revendication artisanale, quiveut que les riches restituent, implique des phénomènes de luttes de classes.Elle retrouve aussi la théme proprement carnavalesque de la quête, de la re-distribution des biens des adultes aux jeunes, et des biens des riches aux né-cessitaux. Au-dela du carnaval de Romans, du XVIIe au XIXe siècle, les jeu-nes Dauphinois, para générations successives, s’en iront en Carnaval, endanses et en mascarades, pour pénétrer dans les maisons et pour y quêter au-près des gens installés, mariés et autres chefs de famille, les oeufs, saucissesou cadeaux de nourriture au d’argent

Erreferentziak aldatu

  1. Banks, Stephen,. Informal justice in England and Wales, 1760-1914 : the courts of popular opinion. ISBN 978-1-78204-324-9. PMC 899731233. (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  2. Agertokia eta antzes modua – Ahozko euskal literatura. (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  3. a b c d e f (Ingelesez) Alford, Violet. (1959-12). «Rough Music or Charivari» Folklore 70 (4): 505–518.  doi:10.1080/0015587X.1959.9717197. ISSN 0015-587X. (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
  4. Audio culture : readings in modern music. Continuum 2004 ISBN 0-8264-1614-4. PMC 55008292. (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
  5. (Italieraz) «CAPRAMARITO in "Enciclopedia Italiana"» www.treccani.it (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
  6. Historiae Augustae scriptores VI. ex officina Hackiana. 1671. 822. or
  7. Definizioa – Ahozko euskal literatura. (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  8. a b Kokalekua – Ahozko euskal literatura. (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  9. Aulestia, Gorka. (1982). «Euskal linguistika eta literatura: Bide Berriak» World Literature Today 56 (2): 386.  doi:10.2307/40137751. ISSN 0196-3570. (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  10. (Ingelesez) Chess, Simone. (2016-04-14). Male-to-Female Crossdressing in Early Modern English Literature: Gender, Performance, and Queer Relations. Routledge ISBN 978-1-317-36086-5. (Noiz kontsultatua: 2020-02-24).
  11. Kortazar, Jon.. ([1997]). Euskal literaturaren historia txikia : ahozkoa eta klasikoa, XVI-XIX. Erein ISBN 84-7568-666-4. PMC 44494401. (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  12. (Ingelesez) Frank, Roslyn. Singing Duels and Social Solidarity: The Case of the Basque Charivari. (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
  13. a b c d e Agertokia eta antzes modua – Ahozko euskal literatura. (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  14. a b Pimoulier, Amaia Nausia. «Matraka» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  15. «asto-laster - Literatura Terminoen Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  16. Iribarren, José M.. (1956). «Costumbres de Valcarlos» Historias y costumbres (Iruñea: Príncipe de Viana): 53-76..
  17. a b (Gaztelaniaz) «Expresiones culturales y mentales en la Euskal Herria de los siglos XVI al XIX» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-07).
  18. Egitura – Ahozko euskal literatura. (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  19. Georges Hérelle: Le théâtre comique des basques. Courier (Baiona, 1925) 97. or.
  20. «Toberak — Euskal kultur erakundea» www.eke.eus (Noiz kontsultatua: 2018-03-04).
  21. Itzaina, Xabier. Désordre public et ordre social. Les transformations du charivari en Labourd intérieur (XIX-XXe s.). EKE.
  22. PV de gendarmerie, 12 novembre 1910, justice de paix du canton d’Hasparren, 4U 11/24, Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques (ADPA).
  23. a b c d cc-by-sa lizentziapean: Itzaina, Xabier. «Itsasuko 2007-ko kabalkadaz bi solas» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
  24. «Irisarriko toberak — Euskal kultur erakundea» www.eke.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
  25. «Iholdi-Oztibarre 31 - Mintzoak - Portail de la mémoire orale du Pays Basque nord» www.mintzoak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
  26. (Frantsesez) Etchart, Hélène Etchecopar. (2001). Théâtres basques: une histoire du théâtre populaire en marche--. Gatuzain ISBN 9782913842106. (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
  27. Berria.eus. «'Fauxto' karrusarekin amaituko du Hiru Punttuk toberari buruzko tetralogia» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-03-04).
  28. a b c d e f g h i j «EL CHARIVARI EN ESPAÑA, JULIO CARO BAROJA - Biblioteca Gonzalo de Berceo» www.vallenajerilla.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-23).
  29. UNAMUNO, ARANZADI Y.. (2016). Etnografia sus bases, sus metodos y aplicaciones an españa (classic reprint).. FORGOTTEN Books ISBN 1-332-56890-4. PMC 983300933. (Noiz kontsultatua: 2020-02-23).
  30. (Gaztelaniaz) «Las Costumbres Asturianas, su Significación y sus Orígenes. de C. Cabal.: Tall. Voluntad, Madrid - Carmichael Alonso libros» www.iberlibro.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-23).
  31. Vergara Martín, Gabriel María. (1909). Derecho consuetudinario y economía popular de la provincia de Segovia. Imp. del Asilo de Huérfanos del S.C. de Jesús (Noiz kontsultatua: 2020-02-23).
  32. García Lomas, Adriano.. (1999). El lenguaje popular de la Cantabria montañesa. (1a ed. argitaraldia) Ediciones de Librería Estvdio ISBN 84-87934-76-5. PMC 43700399. (Noiz kontsultatua: 2020-02-23).
  33. Echegaray, Joaquín González. (1979). «Algunas prácticas paganas conservadas en el folklore de Cantabria» Publicaciones del Instituto de Etnografía y Folklore Hoyos Sainz (10): 95–113. ISSN 0210-7805. (Noiz kontsultatua: 2020-02-23).
  34. (Ingelesez) «El Valle de Los Pedroches El Pais y Sus Habitantes | Agricultura | Naturaleza» Scribd (Noiz kontsultatua: 2020-02-23).
  35. Pitt-Rivers, Julian Alfred.. (1971). The people of the Sierra. (2d ed. argitaraldia) University of Chicago Press ISBN 0-226-67009-0. PMC 248519. (Noiz kontsultatua: 2020-02-23).
  36. (Gaztelaniaz) «tresor de la llengua de les tradicions i de la cultura popular de catalunya - Iberlibro» www.iberlibro.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-23).
  37. a b Banks, Stephen,. Informal justice in England and Wales, 1760-1914 : the courts of popular opinion. ISBN 978-1-78204-324-9. PMC 899731233. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  38. Audio culture : readings in modern music. Continuum 2004 ISBN 0-8264-1614-4. PMC 55008292. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  39. «The Nottinghamshire Heritage Gateway > Places > Folklore and customs > Graphic» www.nottsheritagegateway.org.uk (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  40. Grimes, Dorothy A.. ((1992 printing)). Like dew before the sun : life and language in Northamptonshire. Dorothy A. Grimes ISBN 0-9518496-0-3. PMC 26351414. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  41. Roberts, George. (1856). The social history of the people of the southern counties of England in past centuries; illustrated in regard to their habits, municipal bye-laws, civil progress, etc.. London, Longman, Brown, Green, Longmans, & Roberts (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  42. Allan, D. G. C.. (1952). «The Rising in the West, 1628-1631» The Economic History Review 5 (1): 76–85.  doi:10.2307/2591309. ISSN 0013-0117. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  43. «Wayback Machine» web.archive.org 2009-10-17 (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  44. Wermuth, Thomas S.. (2016). «Charivari on the Hudson: Misrule, Disorder, and Festive Play in the Countryside, 1750 -1900» The Hudson River Valley Review (Hudson River Valley Institute at Marist College) 32 (2): 27–52..
  45. Crime and deviance in Canada : historical perspectives. Canadian Scholars' Press 2005 ISBN 1-55130-274-8. PMC 60318862. (Noiz kontsultatua: 2020-03-01).
  46. a b Johnson, Loretta T.. (1990). «Charivari/Shivaree: A European Folk Ritual on the American Plains» The Journal of Interdisciplinary History 20 (3): 371–387.  doi:10.2307/204083. ISSN 0022-1953. (Noiz kontsultatua: 2020-03-01).
  47. (Ingelesez) Russell, Whitney. (2017-11-24). «Why Do We Fasten Tin Cans to Newlyweds’ Car Bumpers?» The News Wheel (Noiz kontsultatua: 2020-03-01).
  48. Kyle S. Vanlandingham, "James T. Magbee: ‘Union Man, Undoubted Secessionist and High Priest in the Radical Synagogue," Sunland Tribune 20, no. 1 (1994): 7–23.
  49. Juan Cruz Labeaga: «El teatro en Viana en los siglos XVI y XVII», Príncipe de Viana, 205 (Iruñea, 1995) 527 549. or.
  50. Pierre de Lancre: Tableau de l´inconstance des mauvais anges et démons où il est amplement traité des sorciers et de la sorcellerie (Paris,1610). Berrargt. Aubier Montagne. (Paris, 1982) 85. or.
  51. Julio Caro Baroja: «Vida y muerte de la cencerrada», Historia, 47 (1980), 54 70. or.
  52. a b c d e f «EL CHARIVARI EN ESPAÑA, JULIO CARO BAROJA - Biblioteca Gonzalo de Berceo» www.vallenajerilla.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-10).
  53. (Gaztelaniaz) España. (1805). Novisima recopilación de las Leyes de España: dividida en XII libros : en que se reforma la Recopilación publicada por el Señor Don Felipe II en el año de 1567, reimpresa últimamente en el de 1775, y se incorporan las pragmáticas, cédulas, decretos, órdenes y resoluciones Reales, y otras providencias no recopiladas, y expedidas hasta el de 1804. (Noiz kontsultatua: 2020-02-10).
  54. François Lebrun: «Le charivari à travers les condamnations des autorités ecclésiastiques en France du XIV au XIXè siècles», LE CHARIVARI, Actes de la table ronde organisée à Paris, 25-27 avril 1977. Argt. J. Lehoff eta J.C. Schmith. Mouton. (Paris, 1981).
  55. . J. B. Toulet: Ouverture d´un Charivari á Hélette en 1848. Décret présidentiel, Paris, le 28 du mois d´août.
  56. Ives Renouard: Rôles Gascons. IV. Lib., (1307 1317), 1962, 474. or
  57. a b c d e Urkizu, Patri, 1946-. ([2002]). Euskal antzerti eta zinea. Ostoa ISBN 84-88960-83-2. PMC 432835747. (Noiz kontsultatua: 2020-02-03).
  58. Wenthwort Webster: Les loisirs d´un étranger au Pays Basque. E. Bertrand. (Paris, 1901) 329. or.
  59. Jean Ithurriague: Littérature populaire basque. Visages du Pays Basque (Paris, 1946), 164. or.
  60. (Frantsesez) Aubailly, Jean-Claude. (1977-12). Deux Jeux de Carnaval de la Fin Du Moyen Âge: La Bataille de Sainct Pensard Á L'encontre de Caresme Et Le Testament de Carmentrant. Librairie Droz ISBN 978-2-600-02519-5. (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  61. Tabard, Laëtitia. (2007-06-15). «La construction allégorique de Caresme et la représentation de la faim dans les débats de Caresme et Charnage (XIIIe–XVe siècles)» Questes (12): 65–76.  doi:10.4000/questes.2729. ISSN 2102-7188. (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  62. Jon Juaristi: Literatura vasca. Taurus (Madril, 1987) 27. or.
  63. Charles Desplat: Le Charivari en Gascogne. La morale des peuples, du XVIe au XIX siècle. Berger Levrault (Paris, 1982).
  64. «Euskal antzerti eta zinea/Euskal Antzerkia - Wikibooks» eu.wikibooks.org (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  65. Testuak – Ahozko euskal literatura. (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  66. «Euskal Poesiaren ataria - ALEGIAKO APEZPIKUA - Otsamendi Arrosakoa» basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  67. (Gaztelaniaz) «Zuberoako Irri-teatroa» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  68. Ahozko euskal literaturaren antologia = Antología de literatura oral vasca. Etxepare Euskal Institutua D.L. 2013 ISBN 978-84-695-6692-3. PMC 881218648. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  69. «asto-laster - Literatura Terminoen Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  70. (Gaztelaniaz) SARASUA, Patricio URQUIZU. (2010-10-25). Teatro vasco. Historia, reseñas y entrevistas, antología bilingüe, catálogo e ilustraciones. Editorial UNED ISBN 978-84-362-6183-7. (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  71. a b c d e f g h i Mozos Mujika, Iñaki.. (D.L. 1986). Ihauteria Euskal Literaturan. Eusko Ikaskuntza ISBN 84-86240-31-X. PMC 863163381. (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
  72. «La boda - Colección - Museo Nacional del Prado» www.museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2020-02-26).
  73. Cotarelo y Mori, Emilio. (1911). Colección de entremeses, loas, bailes, jácaras y mojigangas desde fines del siglo 16 à mediados del 18. Madrid Bailly-Baillière (Noiz kontsultatua: 2020-02-26).
  74. Archive.org: John Brand, The Popular Antiquities of Great Britain, (1905 edition) p. 563 (quoting Costume of Yorkshire, 1814)
  75. «JOAEREAK EDO ZINTZARRIAK» Ayuntamiento de Alsasua / Altsasuko Udala 2016-05-24 (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).
  76. a b c d e f g h i Alcasena, Gabriel Imbuluzqueta. (1991). «Las cencerradas del día de la víspera de Reyes» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 23 (58): 265–274. ISSN 0590-1871. (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  77. Jimeno Jurío, José María, 1927-2002.. (2009). Calendario festivo. II, Invierno. Pamiela ISBN 978-84-7681-587-8. PMC 955169186. (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  78. «Farajoleak erregeak gidatzeko - Altsasu» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
  79. a b Le Roy Ladurie, Emmanuel.. (1979). Le carnaval de Romans : De la Chandeleur au mercredi des Cendres 1579-1580. Ed. Gallimard ISBN 2-07-032343-9. PMC 36072848. (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
  80. Caro Baroja, Julio.. (2006). El carnaval : (análisis histórico-cultural). Alianza Editorial ISBN 84-206-6017-5. PMC 68085349. (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  81. Desplat, Christian, (1942- ...).,. (DL 2007). Charivaris en Gascogne la "morale des peuples" du XVIe au XXe siècle. Cairn ISBN 2-35068-081-9. PMC 492865250. (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  82. Bidador, Joxemiel. (2016). «El carnaval en Navarra» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 48 (90): 409–431. ISSN 0590-1871. (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  83. «Ihote egutegia abiatzear da - Altsasu» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  84. «Marquitos - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
  85. (Gaztelaniaz) kadmin. (2018-06-07). «La formación histórica de la cacerolada: charivari y rough music.» Katakrak (Noiz kontsultatua: 2020-02-26).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu