Horazio
Kinto Horazio Flako (latinez Quintus Horatius Flaccus; Venusia, K.a. 65eko abenduaren 8a - Erroma, K.a. 8ko azaroaren 27a) Antzinako Erromako poeta izan zen. Virgiliorekin batean poesia latinoaren buru, klasizismoaren eredutzat hartua izan zen eta oso irakurria antzinatearen amaiera arte. Haren zorroztasuna, oreka eta perfekzio nahia direla eta, Errenazimentuan Horazioren poesia Europako herrialde guztietan izan zen ezaguna.
Horazio | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Venosa, K.a. 65eko abenduaren 8a |
Heriotza | Erroma, K.a. 8ko azaroaren 27a (56 urte) |
Hobiratze lekua | Erroma |
Familia | |
Aita | ezezaguna |
Ama | ezezaguna |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | latina |
Irakaslea(k) | Kratipo Pergamokoa Aristo Axkelongoa |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea eta filosofoa |
Lantokia(k) | Erroma |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Bizitza
aldatuVenusian jaio zen, Lukaniatik oso gertu. Aita, koaktorra, zergak kobratzen ziharduen esklabo libertoa zen. Horaziok berak aipatzen du datu hori, baina Suetoniok salsamentarius, hots, arrain gazitu saltzailea zela dio. Suetonioren arabera, norbaitek zirikatu nahi zuenean, Quotiens ego vidi patrem tuum bracchio se emungentem!, esaten zion; hau da: «Zure aita hainbat alditan ikusi dut besoa ukondoraino sartua zuela»[1].
Horazio ez zen bere jatorriaz inoiz lotsatu, aitak haundikiek jasotzen zuten hezkuntza eta hezibide moral ona izateko baliabide guztiak eman baizizkion. Oso gaztea zelarik, aitak Erromara eroan eta bere diruaren zati handi bat haren heziketan erabili zuen. Bertan Lucius Orbilius Pupillus gramatikalari eta erretorikalariarekin ikasi zuen[2], klasiko latinoak eta grekoak irakurriz; eta olerki grekoak irakurriz bere edertasunerako joera kausitu zuen. Lehenengo olerkiak grezieraz idatzi zituen.
Aitaren eskuzabaltasuna eta azkartasunari esker, Horazio Atenasera joan ahal izan zen filosofia ikastera. Han zegoela, Julio Zesarren heriotzaren eta Erroman sortu ziren arazoen berri izan zituen. Horaziok errepublikazaleekin bat egin zuen, eta Marko Bruto buru zuen Greziako armadan sartu zen. Oktavianoren eta Marko Antonioren aurka borrokatu zen tribuno militar gisa. K.a. 42. urtean, Filiposko guduan, Errepublikaren armadak hondoa jo eta, ihes egin behar izan zuen. Hala ere, ihes egin izana ez zuen desohoretzat hartu.
K.a. 41 inguruan, Oktavianoren amnistia politikoarekin Erromara itzuli zen, eta aitak utzitako ondasunak konfiskatuak izan baitziren, kuestore (latinez: Scriba quaestorius) lan egin behar izan zuen administrazioan. Esperientzia mingots horren edo Siron napolitarraren irakatsien eraginez, Epikuroren dotrinarekin bat eginda, gizarte bizitzatik at bizi izan zen aldi hartan. Horrela, olerkiak (epodoak eta satirak) idazteari lotu zitzaion. Virgiliok eta Variok berehala antzeman zuten haren etorkizuna poesiaren munduan, eta K.a. 39. urtean Mezenas aurkeztu zioten. Lehenbiziko elkarrizketa hotza izan zen, Horazio lotsatia zelako, eta ez zen elkarrenganako elkartasunik izan. Geroago, berriro topatu zuten elkar, Mezenasek lagunen taldean sartu zuen, eta lagun minak izatera iritsi ziren[2].
K.a. 34 aldean, beharbada Mezenas ahaltsuaren laguntzarekin, landetxe bat erosi zuen Sabinia aldean[2]: babesleku hartan idatzi zuen izadiaren eta aisiaren oihartzuna dakarren olerki anitz, eta maiz asko bertara erretiratzen zen hiriko nahasmenetik ihesi. Mezenasen bidez Augusto ezagutu zuen, eta honek idazkari gisa eraman nahi izan zuen, baina poetak ezezkoa eman zion bere bizimodu lasaitik urrutiratuko zuelakoan[3]. Izan ere, baretasun lasaia eta ezusterik gabeko aurea mediocritas-a nahiago zuen. Bizitza Erroma eta Sabiniako landetxearen artean lerratzen zen, era lasaian. Horrek denbora uzten zion bere olerkiei lotzeko.
Suetoniok ematen du Horazioren azken egunen berri: K.a. 8. urtean Mezenas hil zen, teatamentuan Horazio Augustori gomendatu eta gero; baina Horazio ere gutxi barru zendu zen, supituki, testamentua egin barik. Hala ere, lekukoen aurrean Augusto izendatu zuen oinordeko. Eskilinon hilobiratu zuten, Mezenasen alboan[2].
Gizon gizentsu eta lasaia izan zen. Erromako gizartea eta landetxeko bakartasuna gozatu zituen zaratarik atera gabe. Begirale eta psikologo zorrotza, guzti-guztia arakatzen zuen. Bere morala praktikotasunaren eta errealismoarena zen. Eraso egiten ziotenean defendatzen zen, eta norbaitek txarto idaztean haserretzen zen. Berekoi samarra izan zen eta ez zen batere heroia izan.
Idazgintza
aldatuHorazioren lehen obrak Satirak (Satirae edo Sermones) eta Epodoak (Epodon Liber) K.a. 40 eta 30 bitartean argitaratu ziren. Epodoak izenekoan garai hartako gorabeherak eta poetaren ezinegona islatzen dira. Satiretan, ordea, Gaio Luzilioren gaiak erabili zituen berriro: garai hartako ohiturei buruzko gogarteak eta moralaren arazoak, baina eguneroko bizitzaren zertzeladez zipriztinduak eta barrerako beti prest agertzen zela.
Oda-k (Carmina), K.a. 23tik 13ra argitaratuak, Epodoak-ekin batera, latinoen lirikaren maisulanak dira. Obra konplexu horretan, formaren perfekzioa helburu duela, Safo, Alzeo edo Pindaro greziarren molde lirikoak sartzen ditu literatura latinoan. Bigarren pertsonan idatzitakoak dira eta gaiei dagokienez, bizitzaren ezdeusa, heriotza, amodioa eta edertasun poetikoa dira gogapenerako bide, betiere ironia eta autokritikaz beteak. Amodioa eta unean unekoaz gozatzeko gonbitea (carpe diem) dira Horazioren lirikaren gunea.
Gutunak (Epistulae) biltzen dituzten bi liburuetan eta Ad Pisones edo Arte Poetikoa (Ars poetica) ere deituan, bere buruarekiko elkarrizketa bildua isuri eta epikureismoaren azalpena egiten du. Liburu horietan literatura latinoa ere eztabaidagai da. Augustoren eskariz, Carmen saeculare kantu aberkoia ondu zuen (K.a. 17).
Lanak
aldatuOdak (edo Carmina)
aldatu- Carminum liber primus edo Odes I [4] (K.a. 23)
- Carminum liber secundus edo Odes II [5] (K.a. 23)
- Carminum liber tertius edo Odes III [6] (K.a. 23)
- Carminum liber quartus edo Odes IV [7] (K.a. 13)
Satirak
aldatu- Sermonum liber primus edo Satirae I [8] (K.a. 35)
- Sermonum liber secundus edo Satirae II [9] (K.a. 30)
Eskutitzak (edo Epistolae)
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/06/03 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Suetonio. Vita Horatii. Books.google.es.
- ↑ a b c d Horace. Poetryfoundation.org.
- ↑ Horacio. Biografiasyvidas.com.
- ↑ Horazio: Carminum liber primus Thelatinlibrary.com
- ↑ Horazio: Carminum liber secundus Thelatinlibrary.com
- ↑ Horazio: Carminum liber tertius Thelatinlibrary.com
- ↑ Horazio: Carminum liber quartus Thelatinlibrary.com
- ↑ Horazio: Sermonum liber primus Thelatinlibrary.com
- ↑ Horazio: Sermonum liber secundus Thelatinlibrary.com
- ↑ Horazio: Epistularum liber primus Thelatinlibrary.com
- ↑ Horazio: Ars Poetica Thelatinlibrary.com
- ↑ Horazio: Epistularum liber secundus Thelatinlibrary.com
Kanpo loturak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Horazio |
- Euskarari ekarriak: Horazio Ekarriak.armiarma.eus