Alfabetatze

irakurtzeko eta idazteko gaitasuna eskuratzea

Alfabetatzea, orokorrean, komunitate batean edo herrialde batean, giza talde handiei idazten eta irakurtzen irakasteko ekintzari esaten zaio. Unescok Helduen Irakaskuntzaren inguruko Bosgarren Nazioarteko Batzarrean pertsonaren oinarrizko eskubidea bezala definitu zituen trebezi horiek.[1]

Pertsona alfabetatua besteekin komunikatzeko testuak erabiltzeko ahalmena duenari esaten zaio. Batzuetan kontzeptu hori mugatu egiten da, irakurtzeko eta idazteko trebetasuna gisan onartuta edota bakarrik irakurtzeko ahalmen gisan; zenbait kasutan, kontzeptua trebetasunaren irakaskuntzaz mugatzen da. Alfabetatuaren parean, analfabetoa dago, idazteko eta irakurtzeko ezgaitasuna duena, normalean ikasketa faltagatik.

Gizarteen artean, alfabetatze mailen estandarrak desberdinak dira. Beste trebetasun batzuk, bestetik, esaterako informatika edo kalkuluak egiteko oinarrizko kontzeptuak ere alfabetatze kontzeptu zabalago batean sar daitezke

Hezkuntza munduan, alfabetatzea gizarte desberdinetan idazkera erabiltzeko ikaste-prozesua gisa uler daiteke.

Alfabetatzearen Nazioarteko Eguna irailaren 8an ospatzen da.

Alfabetatze metodoak

aldatu

Metodo tradizionalak

aldatu

James Guillaumek[2] bi metodo banatu zituen: sintetikoa eta analitikoa. Guillaumeren sailkapenak kontzeptuak argitzeko baliagarria izateaz gain, historikoki, alfabeto grafematikoak sortu zirenetik, metodoek izan duten bilakaerara egokitzen da.

Metodo sintetikoak[3]

aldatu
Alfabetikoa edo letraz letrakoa
aldatu

Letretan edo grafemetan oinarritzen da. Metodo honetan, letraz letra ikasten da alfabetoa. Gero letrak konbinatzen dira, silaba posibleak ikasteko, eta, azkenik, hitzak ikasten dira. Beraz, metodo alfabetikoak letren izena irakasten du, eta ez soinuak, hau da, ele, eme, ese, jota, pe eta abar irakurtzen irakasten du, eta, horregatik, ez da loturarik egiten hitzetako letren eta soinuen artean.

Braslavskyk aipatzen du[3] metodo alfabetikoa ez dela egiazki alfabetatze metodo bat. Letrak alfabetoak ezarritako ordenaren arabera irakasteko bat-bateko prozedura bat besterik ez da. Alfabetatzen irakasteko saiakerak izan ziren, eta horien emaitza protometodo bat besterik ez zen izan, baina ez zuten inolako loturarik izan haurraren behar psikologikoekin, ezta didaktikako beste ezein baldintzarekin ere.

Fonemetan oinarritzen da. Metodo honetan, lehenengo, bokalak konbinatzen dira, adibidez: ai, ie, ua, aio, aia, aie; gero konbinazioak kontsonante batekin irakasten ziren, adibidez: li, lu, lui, ali, ala, lila, etab. Horrela, hitzak eta perpausak konbinatzen dira.

Metodo honek alde onak baditu ere, hainbat kritika izan ditu: kontsonante isolatuen ahoskera, zailtasunak hizkuntza bakoitzean aplikatzeko orduan, etab.

Metodo analitikoak[3]

aldatu
Globala
aldatu

Metodo hau natural eta ideobisual bezala ere ezagutzen da. Esaldiaren edo hitzaren irakurketatik abiatzen dira, eta batzuetan haren elementuak, silaba edo letrak ezagutzera iristen dira. Metodo honek proposatzen du ikaslea bere kabuz iristen dela ikaskuntzara, alfabetatzaileak edo irakasleak analisia zuzendu gabe.

Metodo honen alde onen artean, honakoak azpimarratu izan dira: metodoaren ikuspegi globala, ikusmen-pertzepzioaren garrantzia eta irakurketa globalean inplikatutako prozesuaren izaera naturala, besteak beste.

Metodo modernoak

aldatu

Hizkuntza integrala

aldatu

Hezkuntzaren eta psikologia kognitiboaren arloan egin diren ikerketei esker, asko aurreratu da alfabetizazioaren eremuan. Horrela, garapen handia izan da teorietan, metodoen berrikuspenetan eta irakaskuntza proposamenetan. Joera horrekin lotuta, Emilia Ferrreiro eta Ana Teberoskyren ekarpenak nabarmendu behar dira. 80ko hamarkadan hizkuntza totala edo hizkuntza integrala bezala ezagutzen den proposamen-ildo bat hasi zuten eta.[4]

Proposamen horiek ezaugarri hauek dituzte:

  • Haurra subjektu aktibotzat daukate;
  • Aurretiko jakintzak abiapuntu gisa hartze dituzte;
  • Ezagutzaren ikusketa eraikitzailean oinarritzen dira;
  • Irakurketa ez da letrak deszifratzea;
  • Idazmena zentzumenen eraikuntza da;
  • Diseinua esperimentala da;
  • Ikerketa psikologikoetatik sortzen da;
  • Irakurketa-idazketa etapak haurraren hipotesien arabera sailkatzen dituzte: silaba aurrekoa, silabikoa eta alfabetikoa.

Alfabetizazio digitala

aldatu

Teknologia digitala erabiliz informazioa aurkitu, aztertu, antolatu, ulertu eta ebaluatzeko trebetasuna da. Alfabetizazio digitala IKTekin jarduteko behar diren gaitasunekin lotuta dago. Alfabetatutako pertsonek modu eraginkorragoan komunikatu eta lan egin dezakete, batez ere ezagutza eta trebetasun berberak dituztenekin. Gainera, hizkuntza ulertzeko eta ingurune digitaletan hedatzen diren komunikazio-prozesuak eraiki ahal izateko gaitasunak dituzte.[5]

Alfabetatzea munduan

aldatu

Europan 15 urte baino gutxiagoko 13 milioi gaztek eta eta 15 eta 65 urte arteko 55 milioi pertsonek alfabetatze arazoak dituztela kalkulatu da. PISAk 2012an egindako txostenaren arabera, Europako 15 urteko gazteen batez besteko % 17k irakurtzeko gaitasun kaskarra dute, eta eskolako testuliburuak ulertzeko zailtasunak dituzte. Gainera, 9 urteko gazteen % 18k ez du inoiz edo ia inoiz eskolatik kanpo atseginagatik irakurtzen[7]

Helduen kasuan, 337 milioi hiritarretik 55 milioi pertsonek dituzte alfabetatze arazoak, eta ikerketen arabera, gizonezkoek emakumezkoek baino alfabetatze maila handiagoa dute Europako herrialde ugaritan.  Datuak aldatu egiten dira adinaren arabera, alfabetatze maila handiena 26-35 urte arteko helduek dute, ondoren, 16-25 urte artekoek, eta gero, 36-45 urte artekoek. Azkenik, alfabetatze maila txikiena 56-65 urte artekoek dute[7].

Espainia

aldatu

Espainian  600.000 hiritar inguruk ez daki ez idazten ez irakurtzen. Hala ere, kopuru horrek behera egiten du urtero, batez ere alfabetatze maila txikiena duten hiritarren taldea urteak pasa ahala gutxiagotzen delako. Horrez gain, hezkuntza nahitaezkoa da 16 urtera arte eta helduen hezkuntza sustatu egiten da, eta horrek alfabetatzea laguntzen du[8]. Europan Espainia eta Italia dira alfabetatze arazo handienak dituzten herrialdeak. Espainian hiritarren % 27,7k du alfabetatze arazoa eta Italian % 27,9k[7]. Hala ere, Italian helduen alfabetatze tasa % 99,2 da, eta Portugalen % 96,1[9]. Gainera, Europan bezala, Espainian emakumezkoek gizonezkoek baino alfabetatze maila txikiagoa dute. Hala ere, kopuruak autonomia erkidegoen arabera aldatzen dira; Melillan hiritarren % 3,7 analfabetoa da, Ceutan % 3,6 eta Murtzian % 2,7. Analfabetismo maila txikiena Euskal Autonomia Erkidegoak du, hiritarren % 0,34k du soilik alfabetatze arazoa[8]. Espainiako helduen alfabetatze tasa % 98,4 da.[9]

Asia-Pazifikoan garapen handia egon da helduen alfabetatzeari dagokionez 1990etik 2016ra. Hegoaldeko Asian helduen alfabetatzea % 46tik % 72ra igo da, Mendebaldeko Asian % 64tik % 81era eta Ekialdeko eta Hego-Ekialdeko Asian % 82tik % 96ra. Gazteen alfabetatzeari dagokionez, Ekialdeko eta Hego-Ekialdeko Asian ia % 100era igo da, Mendebaldeko Asian % 80tik % 90era, eta Hegoaldeko Asian % 59tik % 89ra. Horrez gain, nahiz eta alfabetatzea handiagoa den gizonezkoetan emakumezkoetan baino, emakumezkoen alfabetatzea azkarragoa izan da 1990. urtetik 2016. urtera. [10]

Hala ere, garapena handia izan den arren, Asia-Pazifikoan analfabetoak diren heldu kopuru handia dago, hiritarren % 68 baino gehiago analfabetoa da. Ehunekoa handiagoa da batez ere Hegoaldeko Asian, izan ere, munduko analfabetoen biztanleriaren % 49 Hegoaldeko Asian dago. [10]

2018ko datuen arabera, gazteen alfabetatze tasa handienak honako herrialde hauetan daude: Singapur (% 99,93), Txina (% 99,78), Brunei (% 99, 71), Indonesia (% 99,71), Sri Lanka (% 98, 78), Mongolia (% 98, 61), Vietnam (% 98, 41), Thailandia (% 98, 14), Malaysia (% 96,85) eta Bangladesh (% 93,96).[11]

Afrika

aldatu

Afrikako herrialdeen alfabetatzea % 70 da gutxi gorabehera, eta munduko gainerako herrialdeen batez bestekoa % 90 dela kontuan hartuta, nahiko atzean daude. Ruandan, adibidez, helduen alfabetatze tasa % 70,8 da[12]. Izan ere, hezkuntzak lotura zuzena du alfabetatzearekin, eta Afrikako gazteen % 40k ez du lehen hezkuntzarako sarbiderik edota eskola goiz utzi behar dute, eta lehen hezkuntza bukatu duten ikasleen % 50ak ez du oinarrizko gaitasunak bereganatzea lortzen, beraz, alfabetatze arazoak dituzte[13].

Hala ere, badaude batez bestekoaren gainetik dauden zenbait Afrikako herrialde. Hegoafrikan, adibidez, 15-24 urte arteko gazteen alfabetatze tasa % 95,3 da, emakumezkoena % 96,9 da eta gizonezkoena % 93,8. 16 urtetik aurrera tasa apur bat aldatzen da, orokorrean, alfabetatze tasa % 87 da, baina emakumezkoena gizonezkoena baino txikiagoa. Ekuatore Ginean tasa handiagoa da, 15-24 urte artekoen alfabetatzea % 98koa da, emakumezkoena % 98,3 eta gizonezkoena % 97,7. Hegoafrikan bezala, datuak aldatu egiten dira 16 urtetik aurrerako gazte eta helduen artean, tasa % 94,4 da, baina gizonezkoena % 97,2 da, eta emakumezkoena nabarmen jaisten da, % 90,7ra, hain zuzen ere. Alfabetatze tasa handienak dituzten beste herrialde batzuk honako hauek dira: Sao Tome eta Principe (% 92), Libia (% 91), Namibia (% 91), Maurizio ( % 91) edota Botswana (% 88). Hala ere, alde handia dago alfabetatze tasa txikiena duten herrialdeen artean: Txaden % 25 ingurukoa da,  Nigerian % 35 ingurukoa, Beninen % 37, Burkina Fason % 41, Ginean % 39,6 eta Etiopian % 51[9].

Amerika

aldatu

Hego Amerika eta Erdialdeko Amerika

aldatu

Latinoamerikan 15 urte baino gehiagoko ia 15 milioi pertsonek ez dakite irakurtzen edo idazten, hau da, batez bestekoaren % 10ak. Tasa hau bikoiztu egiten da El Salvadorren, Hondurasen eta Nikaraguan, eta hirukoiztu egiten da Guatemalan. Gazteen alfabetatze tasa handiagoa da 15-24 urte arteko gazteen artean, eta tasak nabarmen egiten du behera helduen alfabetatzean (15 urtetik aurrerako helduak)[14].

Ipar Amerikako alfabetatze tasa txikiena Guyanan dugu, helduen alfabetatze tasa % 85,6 da. Horren ondoren, Bolivian helduen tasa % 92,5 da, Ekuadorren % 92,8 eta Brasilen % 93,2. Paraguain eta Surinamen alfabetatze tasa % 94 ingurukoa da, eta alfabetatze tasa handienak Venezuelan (% 97), Uruguain (% 98,7) eta Argentinan (% 99) ditugu[9].  

Erdialdeko Amerikan tasak baxuagoak dira orokorrean, Guatemalan helduen alfabetatzea % 81 da, Nikaraguan % 82,6, Hondurasen % 87,2 eta El Salvadorren % 89. Tasa handienak Panaman (% 95,4), Costa Rican (% 98) eta Kuban (% 99,8) daude[9].

Ipar Amerika

aldatu
Mexiko
aldatu

Mexikon helduen alfabetatze tasa % 95,4 da, eta gazteen alfabetatzea % 99,3[15]. 15 urte baino gehiagoko 4.456.431 biztanlek ez dakite ez idazten ez irakurtzen, hau da, Mexikoko biztanleriaren % 4,7ak. Datu hau nabarmen jaitsi da 1970tik, izan ere, 1970an biztanleriaren % 25,8 zen analfabetoa. este herrialde batzuetan gertatzen den bezala, irakurtzen edo idazten ez dakiten emakumezko gehiago daude gizonezko baino (emakumezkoen % 5,9 eta gizonezkoen % 3,9)[16] .

Amerikako Estatu Batuak
aldatu

Amerikako Estatu Batuei dagokionez, UNESCOk ez du datu zehatzik[9], baina datuen arabera, 36 milioi heldu (biztanleriaren % 54) baino gehiagok alfabetatze arazoak dituzte, hau da, ez dute behar den alfabetatze gaitasunaren oinarririk[17].

Kanada
aldatu

UNESCOk ez du Kanadari buruzko datu zehatzik[9], baina 2003ko ikerketaren arabera, 15-65 urte arteko biztanleriaren % 42k ez zuen Bigarren Hezkuntzan bereganatzen den 3. gaitasun-maila lortu (ikerketak 5 maila zituen eta bosgarrena gaitasun-maila handiena zen). Horrez gain, azken urteotan ez da alfabetatze aurrerapen nabaririk egon.[18] Azken ikerketa 2013an izan zen, eta sei biztanletik batek ez zuen oinarrizko alfabetatze gaitasunik[19].  

Ozeania

aldatu

Australiak eta Zeelanda Berriak ez dute datu zehatzik[9], baina OECDk 2012an Australian egin zen ikerketaren arabera, helduek batez bestekoaren gaitasun handiagoa erakutsi zuten, eta helduen % 12,6ak soilik erakutsi zuen lehenengo oinarrizko gaitasun maila[20]. Zeelanda Berrian 2014an egin zen OCECDren ikerketa, eta biztanleriaren % 12,6ak zuen lehenengo oinarrizko gaitasun maila[21]. Papua Ginea Berrian helduen alfabetatzea % 61,6 da, eta gazteen alfabetatze tasa, aldiz, % 67,9. Papua Ginea Berriak 8 milioi biztanle inguru ditu, eta milioi batek ez daki ez irakurtzen ez idazten.

Euskal alfabetatzearen historia

aldatu

Euskal Herriko alfabetatze prozesuan hiru eredu agertzen dira, biztanleak zer hizkuntzatan alfabetatu diren aintzat hartuta; hau da, gazteleraz, frantsesez edo euskaraz ikasi duten. Euskarazko alfabetatze prozesuari dagokionez, horrek XX.mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan hartzen du indarra, eragile nagusia eskola delarik. Eta era berean, euskarazko alfabetatzea bi heldu-taldetara ere zuzentzen da: gazteleraz ikasi duten euskaldunetara eta gaztelerazko hiztunetara - euskara eskoletan txeratzearen zein helduen alfabetatzearen helburu nagusia biztanleen euskalduntzea izan da.

Kontuan izan behar da euskarazko alfabetatzea testuinguru elebidunean gauzatu dela, eta horrek dezente baldintzatu du prozesua. Hain zuzen ere, ama hizkuntza eta bigarren hizkuntza ia era berean barneratzen dira askotan; hau da, besteak beste, norbanako bakoitzaren baldintzak, baliabideak eta izaera kontuan hartuta, batean zein bestean ahozko eta idatzizko trebetasunak era berean ikasten dira.

Kontuan izan behar da euskarazko alfabetatze prozesua duela gutxikoa dela, eta ikastoletako eskolaratzearekin lotura estua du. Horrez gain, Paulí Dávila Balserak azaltzen duenez, kontuan hartu beharreko beste hiru osagai alafabetatze bideak, euskararen erabilera eta kode ideologikoa dira. Izan ere, hirurek alfabetatze prozesuan gertatu diren aladaketak eta bilakaera aztertzeko aukera ematen dute [22].

  • Alfabetatze bideak

Idazketa eta irakurketa ahalbidetzen duten baliabideak, prozedurak, taldeak zein ekimenak dira. Hain zuzen ere, lehen hezkuntzako eskolaratzean zein helduen alfabetatzean ager daitezke.

  • Euskararen erabilera

Oso esparru zabala da; horretan alfabetatze prozesuaren elementu ezberdinak agertzen dira (familia zein lagunak, eskola, hedabideak, erkidegoen erlazioak, erakude publikoekin harremanak zein merkataritza harremanak; baita euskararen presentzia eta euskararen mailakako presentzia). Gainera, kontuan izan behar da alfabetatzeak eta hizkuntzaren gizarte erabilerak elkar eragin handia dutela.

  • Kode ideologikoa

Euskararen berreskuratzea, bestelako hizkuntzen alafabetatze prozesu batzuetan ez bezala, abertzaletasunarekin oso lotuta egon da. Horren ondorioz, alfabetatze prozesua bera ere aldatzen joan da, testuinguru politiko zein sozialaren arabera.

Hiru elementuon arteko lotura dela eta, lau urrats gertatzen dira:

  • Menpeko alfabetatzea (XIX. mendea): Garaian ez zegoen euskarazko alfabetatze proiektu zehatzik. Euskarazko eskola liburuak gaztelania zein frantsesa ikasteko erabiltzen ziren. Idazketari dagokionez, grafia gaztelaniaren eta frantsesaren idazketaren menpe zegoen. Bestalde, familian ahozko euskara erabiltzen zen; eta Elizak doktrinan eta sermoietan euskara erabiltzeko zenbait proposamen egin zituen.
  • Alfabetatze mugatua (1900-1970): Epealdi horretan batetik, alfabetaze literarioa gertatu zen, hots, irakurmenaren eta idazketaren garapena. Bestalde, errepresioak eta, oro har, euskararen presentzia publiko urriak euskararen erabileraren murrizketa ekarri zuen. Denborak aurrera egin ahala, mugimendu politiko jakinen eskutik, hizkuntza eta kultura planteamendu berriak jaio ziren. Hau da, lehenengo ikastolak sortu ziren eta, horren ondorioz, eskolatzearen oinarriak finkatu ziren eta haurren alfabetatzea bideratu.
  • Alfabetatze hedakorra (1970-1980): Orduko aldaketa politikoaren eta sozialaren eskutik, alfabetatzearen hedapena gertatu zen (alfabetatze prozesuak aurrera egin zuen), izan ere, jendartearen eskariak berak ahalbidetu zuen euskaraz ikasten zuten ikasleen kopuruaren gorakada. Gainera, hazkunde horretaz gain, erakunde berriak sortu ziren, irakaskuntzarako metodo berriak, alfabetatzeko herri kanpainak...
  • Erakundeen bidezko alfabetatzea (1980- gaur egun): Azkenotan, ordu arteko bultzatzaileez gain, erakundeak ere ekimen berriak sustatzen hasi ziren, bereziki, irakaskuntzan, baita hedabideetan ere. Bestalde, ikastoletako eskolaratze prozesuari eskola sareena gehitu zitzaion. Horretaz gain, EGA bezalako egiaztagiri akademikoak sortu ziren, eta alfabetatze prozesuarekin batera, hizkuntzaren normalizazioa ere aldarrikatu zen. Baina, aitzitik, euskara gero eta jende gehiagok jakin arren, erabilera murriztu egin zen, baita eremu euskaldunetan ere.

Helduen alfabetatzea Euskal Herrian

aldatu

Helduen eskola publikoa

aldatu

Helduen hezkuntza helduei zuzendutako hezkuntzari deritzo eta oinarrizko prestakuntza, hau da, alfabetatzetik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzeraino doan prozesua eskaintzen du. Beraz, helduen eskolak pertsona helduen heziketara bideratuta daude eta bertan bi ikasketa mota eskaintzen dira[23]:

  • Ikasketa arautuak: Hezkuntza arautuaren helburu nagusia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulu ofiziala lortzea da. Hezkuntza mota hori hiru gradutan banatzen da: I.a, II.a eta III.a. Lehen alfabetizazioarekin hasten da; bigarrenean, irakurketa eta idazketan sakontzeaz gain, kultura orokorra lantzen da; azkenik, hirugarrenean DBHko graduatua lortzeko ikasketak eskaintzen dira. Epeei dagokienez, bi eta lau urte bitartean egiten dira ikasketa horiek, normalean[24].
  • Ikasketa ezarautuak: Hezkuntza ezarautuan, batetik, goi-mailako heziketa zikloetan eta unibertsitatean sartzeko proben prestakuntza eskaintzen da. Bestetik, informatikaren oinarrizko ezagutzak ere eskaintzen dira. Hortaz gain, frantsesean eta ingelesean oinarri mailako ikastaroak eskaintzen dira. Bestalde, giza eta kultura ekintzak ere antolatzen dira, ikasleriaren inguruko giza bizitzan eta elkarren arteko harremanetan parte hartzeko helburuarekin. Sarritan, leku garrantzitsietaralko irteerak (museoak, zine-emanaldiak, herriak, hiriak... bisitatzeko) antolatzen dira eta zenbaitetan, baita atzerrira ere[24].

Euskaltegiak

aldatu

Euskaltegiak Euskal Herrian helduei euskara irakatsi eta lantzeko dauden ikastetxe edo zentroak dira. Euskaltegiak bi motatakoak dira: publikoak edo pribatuak.

Publikoak

aldatu
  • UDAL EUSKALTEGIAK: instituzioen ardurapean, helduen (16 urtetik gorakoen) euskalduntze eta alfabetatzeaz arduratzen diren zentroak dira. Lehen Udal Euskaltegiak 1981. urtean sortu ziren eta Euskal Autonomia Erkidego osoan hedatu ziren. Ordutik sarea handitzen joan da eta gaur egun Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban zabaldurik dauden 38 euskaltegiko sarea osatzen dute. Udal Euskaltegietako irakasleek Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen ikasketa agiriak edukitzeaz gain, oposaketa-azterketa bat ere gainditu behar dute. [25].

Homologatuak

aldatu

Entitate pribatuen esku dauden euskara irakasteko zentroak dira. Ezagunenak honako hauek dira:

Erreferentziak

aldatu
  1. https://wayback.archive-it.org/10611/20151215082449/http://www.unesco.org/education/uie/confintea/repfra.html
  2. Guillaume, James. (1911). «Lecture» Nouveau dictionnaire de pédagogie et d’instruction primaire. .
  3. a b c Braslavski, Berta. (2014). La querella de los métodos en la enseñanza en la lectura. http://biblioteca.clacso.edu.ar/Argentina/unipe/20200415060701/La-querella-de-los-metodos-en-la-ensenanza.pdf. UNIPE: Editorial unibersitaria..
  4. Los hijos del analfabetismo : propuestas para la alfabetización escolar en América Latina. (1. ed. argitaraldia) Siglo Veintiuno Editores 1989 ISBN 968-23-1529-8. PMC 30978311. (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  5. «Alfabetatze digitala • ZUZEU» ZUZEU 2016-05-18 (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  6. «Exonimia (Euskal Herritik kanpoko leku-izenak)» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  7. a b c (Ingelesez) Literacy in Europe: facts and figures. ELINET.
  8. a b (Gaztelaniaz) «Euskadi es la comunidad con menor porcentaje de analfabetos» El Correo 2019-08-08 (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  9. a b c d e f g h «UNESCO UIS» uis.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  10. a b (Ingelesez) «Literacy rates rise from one generation to next, but challenges remain in region» UNESCO Bangkok (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  11. (Ingelesez) «Asia: highest youth literacy rate» Statista (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  12. «1.7. National savings and investment in African countries (averages 2001-12)» dx.doi.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  13. Txantiloi:En-EN «Literacy in Africa: It’s in our own hands» TEXT (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  14. Txantiloi:En-EN «Latin America: Literacy, Adult Education and the International Literacy Benchmarks» TEXT (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  15. «Mexico» uis.unesco.org 2016-11-27 (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  16. «Analfabetismo. Cuéntame de México» cuentame.inegi.org.mx (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  17. (Ingelesez) «Literacy Gap Map | Barbara Bush Foundation» map.barbarabush.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  18. Jamieson, Donald G. (2006-11). «Literacy in Canada» Paediatrics & Child Health 11 (9): 573–574. ISSN 1205-7088. PMID 19030326. PMC 2528650. (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  19. (Ingelesez) «Nearly half of adult Canadians struggle with literacy — and that's bad for the economy | CBC Radio» CBC (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  20. Survey of Adult Skills: First results. OECD.
  21. Skills matter: Further results from the survey of adult skills. OECD.
  22. «Euskal alfabetatzearen eredu historikoa - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  23. r01e00000ff26d46668a470b86ce1f377f5f89dd7, r01e00000fe4e66771ba470b8fc153391b0592a44. (2004-09-01). «Helduen Hezkuntza (HHE)» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  24. a b «Aurkezpena eta historia - EPA-BERGARA-HHE» epabergara.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  25. «Udal Euskaltegiak - Nortzuk Gara» www.udaleuskaltegiak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  26. «Pages» : Euskal Herriko AEK (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  27. «IKA Euskaltegiak - Zerbitzuak - Barnetegiak» www.ikaeuskaltegiak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).
  28. Guri buruz | Elkarlan euskaltegiak. (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu