Ireki menu nagusia
AZCA Madrilen.

Espainiako ekonomia XX. mendearen erdialdea arte ekonomia arkaikoa, garapen eskasekoa eta autarkikoa izan bazen ere, modernizatze prozesu azkarra bizi izan du 1960. urte ingurutik aurrera. 60ko hamarraldiko hazkunde tasa handien ondoren (“espainiar miraria” deitu zitzaion), motelaldi serioa bizi izan zuen (petrolioaren krisialdia) 74tik 85 aldera arte.

1986tik 1991ra, ordea, beste aurrerakada bortitz bat izan zuen eta, 92tik 94 ingurura gainbehera txiki bat izan ondoren, 1995etik mende amaiera arte hazten jarraitu du ekonomiak Espainian (1997an, % 3,2ko hazkundea). Europar Batasunarekin bat egin izanak (1986) guztiz baldintzatu du, geroztik, Espainiako agintariek bideratu duten ekonomia politika.

Hainbat gizarte arazo gorabehera, zorroztasunaren aldeko apustua egin zen Maastrichteko Ituna delakoan zehaztutako konbergentzia irizpideak errespetatu ahal izateko. Hala, austeritate neurriak hartzeari, aurrekontu zorrotzak egiteari eta diru politika estuagoa bultzatzeari esker, Espainiak goian aipatutako irizpide gehienak bete ahal izan ditu, eta 1999ko urtarrilaren 1ean euroan integratu ahal izan diren herrialdeen zerrendan sartu da.

1998ko udaberrian, Europar Batzordeak Espainiako emaitza ekonomikoen azterketa egin zuenean, zor publikoaren indizea zegoen soilik Maastrichten erabakitako irizpideetatik kanpo. Aldiz, irizpide horien barruan sartzen ziren inflazioa (% 2, 1997an), aurrekontu defizita (% 2,9), interes tasen bilakaera eta pezetaren parekotasuna aurreko bi urteetan zehar.

Eduki-taula

Langabezia tasaAldatu

Langabezia tasa handiak direla eta (1998an % 20, Europar Batasuneko altuena), Espainiako agintariek hainbat neurri proposatu dute, lan merkatuaren irekitzea, enpleguak sortzea eta gazteen kontratazioa bultzatzearren. Baina neurri horiek ez dute beti nahi zuten xedea lortu, enpleguaren baldintzak gero eta kaskarragoak diren arren. Azken urteotako liberalizazio neurrien ondorioz, estatuaren monopolio ziren enpresa asko pribatizatu egin dira, eta sekulako diru iturria izan da hori finantza publikoentzat (2 bilioi pezeta baino gehiago 1997an).

Espainiako ekonomiaren ezaugariakAldatu

Munduko hamargarren potentzia da Espainia, gaur egun, ekonomiaren alorrean. Ekonomia horren zutabeetako bat, zalantzarik gabe, turismoa da, jarduera hori baita herrialdearen diru sarrera nagusia. 1960tik aurrera egundoko garapena izan du turismoak Espainian eta, gaur egun, enplegu guztien % 9,5 eta BPGren % 10 baino gehiago sektore horri zor zaizkio.

Hainbat eskualdetan (Balear uharteak, Andaluzia…) jarduera hori da, askogatik, enplegu eta sarrera iturri garrantzizkoena. 1997an, turismo sektoreak % 7ko hazkundea izan zuen bisitari kopuruari zegokionez (63,4 milioi turista), eta % 13koa diru sarrerei zegokienez. Pixkana-pixkana, munduko hirugarren potentzia turistikoa bilakatu da Espainia, bisitari kopuruari dagokionez (Estatu Batuen eta Frantziaren atzetik), eta munduko bigarrena, turismoak sortutako diru sarrerak kontuan hartzen badira.

Beste hainbat sektorek, aldiz, meatzaritzak eta siderurgiak, esate baterako, egokitze arazo larriak izan dituzte, eta gizarte egonezin askoren sorburu dira. Hala, 1998ko urtarrilean, Asturiasko meatzariek mobilizizazioak egin zituzten gobernuaren neurrien aurka protesta egiteko. Gobernuak, izan ere, Europar Batasunak bultzatuta, mea ekoizpena eta meatzari kopurua murriztea erabaki baitzuen; kontuan izan behar da Asturiasen ateratzen den tona ikatza sei aldiz garestiagoa dela Australiatik inportatutako tona ikatza baino.

Industriaren berregituratze prozesuak gogor kolpatutako eskualde batzuek beren ekoizpena aniztera eta beste jarduera sektore batzuk indartzera jo dute. Eskualde horietako bat Euskal Herria da, non, industria astunaren hain mendean egon ordez, mekanika sektorean –batez ere– espezializatutako industria txiki eta ertainez osatutako sarea eratu baita.

Ez da ahaztu behar, 1997an, bere BPGren %3,9ko hazkundea izan zuela Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak eta geroztiko urteetan ere antzeko hazkunde tasak izan dituela.

Barne Produktu Gordinaren banaketaAldatu

Espainiako BPGren banaketa, sektoreka, ondorengo hau da: % 3,4 besterik ez dagokio nekazaritzari; industriari, % 33,3; eta zerbitzuei % 63,3 (1997). Biztanleria aktiboaren sektorekako banaketari dagokionez, Europako gainerako herrialdeetakoen antzekoa da. Lehen sektorean (nekazaritza, arrantza) biztanleria aktiboaren % 8 enplegatzen da. Bigarren sektorean (industria, meatzaritza, eraikuntza) langileen % 28, eta hirugarren sektorean edo zerbitzuetan biztanleria aktiboaren % 64.

Espainiaren zorraAldatu

2015eko urtarrilaren 13an jakin zenez, Espainiako Altxortegiak 55.000 milioi euroko zor garbia jaulkiko zuen urte horretan[1].

Merkataritza harremanakAldatu

Merkataritza harreman gehienak Europar Batasuneko herrialdeekin ditu (inportazio guztien % 66 eta esportazioen % 77), Frantziarekin batik bat. Espainiako ekonomiaren egungo ezaugarrietako bat da kanpoko ekonomiara oso irekirik dagoela eta horrek atzerritar inbertitzaile andana erakarri du garrantzizko ekonomia jarduera guztietara (frantziarrak eta alemaniarrak, bereziki).

Atzerriko inbertsioei buruz esan behar da Espainiako enpresek, azken urteotan, geroz eta inbertsio handiagoak egin dituztela Iberoamerikako negozioetan, bankukoetan batez ere. 2002an, Espainia euroaren eremuan sartu zen, pezeta alde batera utzirik. 1993tik 2007ra espainiar ekonomiak goraldi handia izan zuen, eraikuntzan oinarritua gehienbat, baina 2008ko krisi ekonomiko globalak eragin handia izan du Espainiako eraikuntza eta ekonomia osoan orobat, langabetuen tasa ikaragarri igoz.

Ikus gaineraAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Espainiako ekonomia  

ErreferentziakAldatu

  1. «55.000», Berria, 2015-01-14