Gernika (margolana)

Pablo Picassoren margolana

Gernika Pablo Picassoren margolan famatu bat da, 1937ko maiatzetik ekainera bitartean margotua. 1937ko apirilaren 26an Espainiako Gerra Zibilean izandako Gernikako bonbardaketa irudikatzen du. Margolana 3,49 metro garai eta 7,77 metro zabal den oihal baten gainean olio pinturaz margotuta dago. Espainiako Errepublikako Gobernuak agindu zion lana, 1937ko Parisko Nazioarteko erakustetarako. 1939an Espainian Franco jeneralaren diktadura ezarri zen.

Gernika (margolana)
Jatorria
Sortzailea(k)Pablo Picasso
Sorrera-urtea1937
IzenburuaGuernica
Mugimenduakubismoa
surrealismoa
Ekoizpen lekuaParis
KomisarioaEspainiako Bigarren Errepublika
Ezaugarriak
Materiala(k)olio-pintura eta Margo-oihala
Dimentsioak349 (altuera) × 776 (zabalera) cm
Genero artistikoamargolaritza historikoa
Egile-eskubideakcopyrightduna eta copyrightduna
Deskribapena
Iconclass44F2, 31D112, 46C13141, 47I2111, 31E3, 45C13(SWORD), 31A2211, 42B742 eta 41B3
Kokapena
LekuaSofia Erregina Museoa
BildumaSofia Erregina Museoa
InbentarioaDE00050

Picassok adierazi izan zuen margolana ez zela Espainian ikusiko, harik eta errepublika berrezarri arte. Asmo horrekin kontraesanean, 1981ean iritsi zen Espainiara Gernika, monarkia bat zelarik estatu forma[1].

XX. mendeko artelanik eta ikono garrantzitsuenetarikoa bihurtu da, gerrateek gizakiei eragiten dieten oinaze izugarrien eta bakearen sinboloa.

Pablo Picassok eta enkargua egin zion Errepublikak Guernica izendatu zuten margolana, gaztelaniazko grafiaz. Nazioartean idazkera horrekin da ezaguna, eta euskaraz ere, urte askoan, margolana grafia horrekin idatzi izan da, Gernika Batzordearen erreibindikazioetan adibidez[2]. Aldiz, 2022an Euskaltzaindiak emandako 194. arauak, artelanen izenei buruzkoak, Gernika forma hobetsi du[3].

Margolanaren deskribapena

aldatu

Gernika margolana oihal gainean egindako oliozko pintura da, 3,49 metro garai eta 7,77 metro zabal dituena.[4]. Gernika izenburua izan arren, Gernikako bonbardaketari buruzko erreferentzia zehatzik ez du ageri. Beraz, margolan sinbolikoa da, eta ez narraziozkoa. Zuri-beltzez margotuta dago, baina gris sorta zabala erabilitzen du.

Koadroan bederatzi sinbolo daude irudikatuta: sei gizaki eta hiru animalia (zezena, zaldia eta usoa). Ezkerretik eskuinerazko norabidean, honako hauek dira pertsonaiak [5]

  • Zezena: Irudian ezkerrean agertzen da, gorputz iluna eta buru zuria. Zezenak, Picassoren sinbolismoan, “basakeria eta iluntasuna” adierazi nahi ditu. Picassoren beste margolan batzuetan ere ikus dezakegu; adibidez, Minotauromaquia (1953). Artistaren autorretratu bat dela esaten dute.[6]
  • Ama seme hilarekin: Zezenaren azpian kokatuta, babestuta balego bezala, aurpegia zerura begira. Mihia zorrotza du. Besoetan semea dauka. hilik. Haren eredu ikonografikoa “Pietá” dela esaten dute kritikariek[7]. Juan Larrearen arabera, ama-semeen taldeak Madrilgo hiria irudikatzen du.
  • Usoa: Zaldia eta zezenaren artean dago, ez da ondo ikusten. Hegala jaitsita dauka. Hala eta guztiz ere, bakearekin lotzen da.
  • Soldadua: Burua, besoa eta aztarnak ikusten zaizkio. Esku bat zabalik du eta bestean, ezpata eta lore bat, itxaropen izpitzat har litekeena.
  • Bonbila: Intriga esnatzen du. Koadroaren erdian dago eta kritikariek bonba sinboloarekin lotzen dute; beste teoria bat zientzia eta elektronika aurrerapenekin lotzea da.
  • Zaldia: Konposizioaren erdian. Gorputza eskumara begira du, baina buruak ezkerraldera begiratzen du, zezenak bezala. Burua eta lepoa grisak ditu, bular eta hanka zuriak, eta gainerako gorputza trazu txikiez estalita dago.
  • Emakumea belauniko: Beste bertsio bat; emakumea zaurituta dago eta zaldiarengana doa, deskantsatzeko.
  • Emakumea kriseiluarekin: Gela argiztatu egiten du. Errepublikako alegoria bezala interpreta daiteke.
  • Sutan dagoen etxea. Picassok espresibitate gehiago lortzen du pertsonaien xehetasunak azpimarratuz lerro soilen bitartez.
  • Gizona erreguka. Gizon bat ageri da zerura begira, hegazkiniei erregutzen, bonbardaketa bukatzeko. Pertsonaia hori Goyaren margolan batean inspiratzen da, Maiatzaren hiruko fusilamenduak.
  • Gezi zeiharra. Zaldiaren ipurmasailen azpian dago. Hildakoaren arimaren sinboloa izan liteke, gorantz doala, botere gaztoen gainetik.

Historia

aldatu

Picasso eta Espainiako Bigarren Errepublika

aldatu

1931ko apirilaren 14an, Espainiako Bigarren Errepublika ezarri zenean, Picassok bazeramatzan zenbait urte Frantzian. Hasieran Errepublikak ez zuen interesik erakutsi egilearen lanaz eta Picassok ere ez zuen erakutsi hurbilketarik erregimen berrirantz.

1933an, Arte Ederretako zuzendari Ricardo Oruetak Picassoren lanak Madrilen erakusteko ideia izan zuen, baina Parisen Espainiako enbaxadore Salvador de Madariaga idazleak haren proiektua alde batera utzi zuen, margolariaren jarrera baldarra zela eta. Batzuek Espainian Picassoren lanak defendatzen zituzten, besteak beste Manuel Abril: haren obraren bitartez De la naturaleza al espíritu (1934)[8]. 1936an Picassoari buruzko erakusketa egin zen Bartzelonako Esteva salan, ADLAN elkartearen bitartez. Geroago, erakusketa Madrilera eta Bilbora joan zen .[9]

Espainiako Gerra Zibila hasita, 1936ko uztailean, Arte Ederren zuzendari Josep Renauk Picasso izendatu zuen Pradoko Museoaren ohorezko zuzendari [9]. Artistak baietza eman zuen baina ez zen inoiz bere karguaren jabe egin. Errepublikak autorearen nazioarteko ospea bere alde nahi zuen. [9]

Eskaera

aldatu

1937ko hasieran, Boëtie kaleko bere etxean, Picassok Espainiako ordezkaritza batzordearen bisita jaso zuen; haien artean, Josep Renau, Luis Lacasa, Juan Larrea, Max Aub eta Jose Bergamin [10] ziren. Parisko Nazioarteko Erakusketan parte har zezan nahi zuten. Hasieran, margolaria uzkur agertu zen. Espainiako gobernuaren enkargu nagusia 11x4 metroko mural bat izan zen, baina eskaera hori hilabete asko atzeratu zen, Picassoren egoera pertsonal konplexuagatik.

Eskaera eta harekin lotutako diru-ordainketa batzuk ez daude guztiz dokumentatuta, baina azken finean jabetza Espainiako Estatuarena izateko modua justifikatu izan da gerora[1].

Sortze-lana

aldatu

Nazioarteko erakusketaren inaugurazioa oso hurbil egon arren, apirilaren 18 eta 19ko zirriborroek adierazten zuten Picassok oraindik ez zuela aurkitu inspiraziorik bere obra egiteko. El taller: el pintor y su modelo izeneko zirriborroek forma errektangularrak soilik itxuratzen dituzte koadroan. Zirriborro horietan besoa luzatuta daukan margolaria agertzen da: horrek badu antza azken koadroan besoan kriseilu bat daraman emakumearekin. Hala eta guztiz ere, zirriborro hauetan ez dira agertzen etorkizuneko koadroaren elementu ikonografikoak. Zirriborroetan aipamen politiko bat ere agertzen da: igitaia eta mailua. Baina sinbolo hori ez da ageri oraingo Gernika margolanean. [11]

 
Oroitarria Gernika margotu zuen etxean, 7 Rue des Grands Augustins (75006 París).

Apirilaren 26an hegazkin alemaniarrek eta italiarrek Gernika bonbardatu zuten, hau izan zen zibilen lehenengo bonbardaketa Europan . Bonbardaketaren berria apirilaren 28an argitaratu zen L'Humanité egunkarian. Picassok egunkari hori irakurtzen zuen, baina agian, berak ezagutuko zuen berria egunkarian argitaratu baino lehen, bere lagun espainiarrengandik. Maiatzaren 1ean egin zituen Picassok Gernikaren lehenengo zirriborroak. Obraren sortze-lana dokumentatuta dago zirriborroei eta Dora Maarren argazkiei esker. Van Hasenbergen ustez[12], material honek guztiak osatzen du “adibide dokumentatuena artearen historian zehar”. Lehenengo zirriborroan agertzen dira Gernikako pertsonaia nagusiak: zezena, emakumea argiarekin, zaldia eta gudaria zoruan etzanda. Bigarren zirriborroan ere, maiatzaren 1ean egindakoan, zaldi hegaldun txiki bat agertzen zen zezenaren gainean, baina irudi hori ez da ageri oraingo Gernika margolanean. Picassok maiatzaren 8ko zirriborroan margotu zuen emakume baten irudia bere semea hilda besoetan.

Picasso maiatzaren 11n hasi zen zuzenean oihal gainean lan egiten. Oihala ia ez zen sartzen estudioan, oso handia zelako. Horregatik eta oihala horma batean itsatsi behar izan zuelako, artistak pintura industriala erabili zuen bere margolana egiteko. Picassok Dora Maarri eskatu zion zazpi argazki ateratzea oihalari[13][14] Argazkiek erakusten dute margo-oihala hainbat estadiotan. Argazkiei esker adituek adierazi dute obra sei fasetan landu zela. Valeriano Bozalek azaldu zuen konposaketaren lehen hiru faseetan zentzu narratiboa gailentzen zela. Obran ez dago objektu bertikal asko; beraz, ezerk ez du eragozten obraren zentzu horizontalaren interpretazioa: Zezenaren irudia eskumatik ezkerrera zabaltzen zen.

Bozalen ustez laugarren fasean elementu berriak zeuden. Alde batetik, zezenaren gorputza, burua eskuman zegoen, eta orain ezkerrean dago; hortaz, gorputza guztiz oker dago. Bestetik, Picassok oihalaren erdigunean zaldiaren irudia jarri zuen. Hurrengo faseetan, Picasso gudariaren eta eskuinean zegoen emakumearen irudietan zentratu zen. Picassok pentsatu zuen collage-elementuak sartzea bere margolanean, baina azkenean, baztertu egin zuen aukera hori. Azken faseetan, Picassok trazu batzuk egin zituen zaldiaren irudian eta marra zutak amaren gonan. Zoruan lauki-sare bat ere egin zuen. Amaitzeko lanpa margotu zuen. Artistak 1937ko ekainaren 4an, Gernika margolana amaitutzat jo zuen. José Luis Alcaine zinemagileak Cameraman aldizkarian idatzi zuen artikulu bat dioenez, koadroa guztiz inspiratuta dago Adiós a las armas filmaren eszena espresionista batean.

Hauek dira Alcaineren hitzak [15]: 1937an Picassok bere obra margotu zuenean, Adiós a las armas oraindik karteldegian zegoen: beraz, argi dago Picassok ikusi zuela filma; gainera zuzendariaren laguna zen eta garai horretan zinema errealitatea ezagutzeko bide indartsua zen.

Parisko nazioarteko erakusketa

aldatu

Ekainaren 1937an Gernika margolana Espainako pabiloira mugitu zen, alabaina instalazioa uztailaren 12ra arte ez zen ireki jendearentzat. Espainiako pabiloiaren diseinua Josep Lluis Sertena eta Luis Lacasarena da. Pabiloian ikusgai izan ziren, besteak beste, Julio Gonzálezen, Joan Miróren eta Alberto Sánchezen obrak. Han erakutsi zen Picassoren Emakume burua margolana ere. Gernika pabiloiaren atarian zegoen, Merkurioren iturriaren eskulturaren alboan.

Margolanaren bidaiak

aldatu

1938an, Paul Rossenbergek erakusketa bat antolatu zuen Picassoren obrekin. Erakusketaren helburu nagusia Gernika erakustea zen. 1938an, margolana Oslon, Kopenhagen, Stockholmen eta Göteborgen erakutsi zuten. Irailean, margolana Ingalaterrara bidali zuten; halaxe, 1938tik 1939ra arte jendaurrean izan zen Leedsen, Liverpoolen, Manchesterren eta Londresen. Arrakasta handia izan zuen, bereziki Londresko Whitechapel galerian; hala ere, garrantzitsuena izan zen Gernikaren bidez Bretainia Handian ezagutu zirela Espainiako Errepublikaren aurka matxinatutako faxistek egindako triskantzak eta sarraskiak.

1939eko maiatzaren 1ean, New Yorkeko portura heldu zen, eta hurrengo urteetan Estatu Batuetako hiri nagusietan erakusketak eskaini ziren: Los Angeles, Chicago, Boston, San Francisco, New Orleans… Ondoren, New Yorkeko arte modernoko MOMA museoan utzi zuren depositoan, baina handik ere atera zuten bidaia luzeetarako: 1953an Milaneraino eraman zuten; urte berean Sao Paulora; 1955ean Parisera eta Alemanian zehar Munich, Kolonia eta Hanburgoraino; 1956an Brusela, Amsterdam eta Stockholm bisitatu zituen. Bidaia horien guztien ondoren, berriro ere New Yorkeko MoMAn utzi zuten, harik eta 1973 urtean Picasso hil eta Estatu Espainiarra koadroa bereganatzeko maniobretan hasi zen arte[16].

Picassok adierazi zuen Gernika Espainiara itzuliko zela berriz ere errepublika bihurtzen zenean. Hala ere, 1981ean Espainiara iritsi zen. Madrilgo Retiro parkean egon zen 1981etik, Casón del Buen Retiro aretoan, eta 1992tik Madrilgo Sofia Erregina Museoan dago ikusgai[17].

Espainiako Estatuaren jabetza

aldatu

Margolanaren jabetza, XXI. mendean, Espainiako Estatuaren eskuetan dago; baina sortu zenetik eta XX. mendean zehar, ez zen egoera argian egon. Espainiako Errepublikaren enkargua izan zela argi dago, eta tartean ordainketa batzuk izan zirela. Nazioarteko erakusketan Espainiak zuen pabilioiaren arkitekto Josep Lluís Serten esanetan:[18]

« Picassori ordaindu zitzaizkion, gainerako artistei bezala, margoak, oihalak, euskarriak, markoak eta garraioa. Lana ia opari bat izan zen, artistak egindako dohaintza, guztiak Errepublikaren alde ari zirelako. »

Era berean, Picassok 150.000 libera gehiago jaso zituen Espainiako Errepublikatik. [19]. 1937ko maiatzaren 28an Max Aubek Luis Araquistain enbaxadoreari bidalitako ohar batek ordainketa egiaztatzen du. Hor adierazten da autoreak diruari uko egin nahi ziola. Batzuen ustez, emandako dirua sinbolikoa izan zen, haren gastuak ordaintzeko: Nolanahi ere, diru-kopurua handia izan zen. Urteak pasa ondoren, ordainagiri hori baliatu zuen Espainiako gobernuak koadroaren jabetza erreklamatzeko.

Hala ere, XX. mendean margolanak egin zituen bidaietan, Pablo Picassoren borondatea izan zen gidari, jabea bera bailitzan. MOMAri 1970an idatzi zion gutun batean, Picassok zioen berak utzi ziola museoari margolana 1937an. Gutun horretan esan zuen halaber Espainiara itzuli beharko zela lana, "askatasun publikoak berreskuratzean". 1970eko ohartarazpen horrek 1969ko Roland Dumasen gutun bat zuzentzen zuen, zeinean geroago Picassoren albazea edo testamentu-betearazle izango zenak "Espainian errepublika berrezartzea" aipatu zuen: "Guernica ne reviendra en Espagne qu'avec la République"[20]. 1971ko apirilaren 14an, beste adierazpen bat idatzi zuen Picassok MOMArentzako, eta han berriro errepublika aipatu zuen. Guztiarekin, Dumas berak 1981ean, artista hil ondoren, adierazi zuen (Jacqueline Roque alargunarekin batera) Picassoren baldintza, zein izan ere, beteta zegoela[1].

Tartean, politikarien mugimenduak ere izan ziren, eta 1981ean Espainiako Estatuaren eskuetan geratu zen Gernika, eta harrezkero, Madrilen erakusgai dago.

Erreplikak eta deribatutako lanak

aldatu

Gernika lanak eta bere ikonografiak beste hainbat lan artistiko inspiratu izan ditu publiko egin zenetik. 2014an erakusketa ere egin zen Gernikan zenbait lan erakutsiz, Xabier Sáenz de Gorbeak egindako lan bilketa batek zuzenduta[21][22].

Lehen inspirazio lanetako batzuk Jose Antonio Agirre lehendakariak 1937an sortutako Eresoinka desterruko enbaxada kulturalerako sortu ziren: Juan de Guezala artistaren 1939ko bi lan izan ziren, Eresoinka 8h 45 eta Eresoinka 20h 45. Juan de Aranoa artistak bere erreplika sortu zuen 185 x 243ko neurriekin, 1972an[22]. Nazio Batuen Erakundearen egoitzan, New Yorken, tamaina errealeko tapiz erako erreplika dago, Jacqueline de la Baume Dürrbach artistak egina. 1955ean Rockefeller familiak enkargatu zuen tapiza, eta zenbait arotan egonda ikusgau egoitrza hartan, 1985etik 2009ra, 2005etik 2021era, eta berriro 2022tik aurrera. Tapiz horren ohiko lekua Segurtasun Kontseiluaren aretoaren kanpoaldean izan da, eta 2003ko otsailean, Colin Powell eta John Negropontek bertan Iraken kontrako gerra justifikatuz prentsaurreko bat eman zutelarik, estali egin zuten zapi batekin tapiza[23]. Pop kulturaren ukituekin, Equipo Crónica talde espainiarrak komiki pertsonaiekin eta beste ikono batzuekin nahastu zuen Gernika zenbait aldiz: El Intruso izeneko lana, 1968koa, bereziki inpaktantea izan zen, El Guerrero del Antifaz komiki pertsonaia nazionalista espainiarra margoan sartua erakusten zelarik[24]. Berrikiago, Ron English graffitti artistak hainbat bertsio koloretsu egin ditu, eta Gernikan bertan ere erakutsi ditu[25].

Euskal Herrian, Jose Luis Zumetak Euskal Margolaritzaren 3. Sari Nagusia irabazi zuen 1967an omenaje al Guernika de Picasso lanarekin. Urteen buruan, lan monumentala egin zuen, 360 x 780 cm-ko Gernika, 1999ko margoa: Picassorenaren berregiketa bat, pertsonaia eta motibo askoren intepretazioarekin, kolore bizien gehikuntza dramatikoarekin[26]. Agustin Ibarrolak Guernica Gernikara izeneko margo bat ere egin zuen 1977an, 200 x 100 cm-ko mihise gainekoa[27].

Gernika Gernikara

aldatu
 
Gernika Gernikara, panel zeramiko hau Gernikan dago margolana ekartzeko erreibindikatuz.

Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan eskatu du margolana Euskal Herrira ekartzea, eta Guggenheim Bilbao Museora eramatea proposatu du[28], baina Espainiako Gobernuak ez du orain arte horretarako baimenik eman. 2017an, Eusko Legebiltzarrak gehiengoz onartu zuen eskaera, Gernikara eroateko margolana, gehituz herrian ezin bazitekeen geratu, Bilboko museo batean erakuts zedila[29]. Lehenago ere, 2010ean, toki-aldatzearen baldintzak aztertzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari Legebiltzarrak. Donostiako Udalak ere eskatu zuen 2016ko Europako Hiriburutza Kulturalerako margolana Donostiako San Telmo museora etor zitekeen.

Gernika herrian bertan, 1975ean Gernika Batzordea sortu zenetik, haren aldarrikapenetako bat margolana herrira ekartzea zen. 1987an, bonbardaketaren 50. urteurrena hurbiltzen ari zela, aldarrikapen-ekintza antolatu zuen batzordeak Madrilen. Margolana Madrilgo Casón del Buen Retiro aretoan zegoen, eta ekintzaile batzuk kateatu egin ziren, bai aretoaren kanpoan eta bai barruan, Guernica Gernikara zioten letra bana erakutsiz. Kanpoan zeudenak atxilotu eta komisaldegira eraman zituzten (berehala kargurik gabe askatu zituzten), baina barrukoak ez zituzten atxilotu, margolanaren aurrean argazkirik gerta ez zedin edo[30].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c (Gaztelaniaz) Mateu =2017-06-24, Rafael. Guernica: las preguntas y lagunas jurídicas que siguen en pie. Expansión (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  2. «1937-2021» Guernica Gernikara (Noiz kontsultatua: 2022-02-25).
  3. «194 Araua - Euskaltzaindiaren Arauak» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-25).
  4. De la Puente, p. 164
  5. Montijano Cañellas, Marc (2004)
  6. De la Puente, p. 110.
  7. Russell, p. 28.
  8. De la Puente, p. 49.
  9. a b c Arias Serrano, Laura (2000):“La guerra civil española como catalizador del pensamiento político de Picasso, Miró y Dalí”. Consultado el 24/01/2009.
  10. Van Hensbergen, p. 44.
  11. "Pablo Picasso. Historia del Guernica", en Historiadelarte.us. Consultado el 7/02/2009.
  12. Van Hensbergen, p. 65.
  13. De la Puente, p. 82.
  14. Las fotografías de Dora Maar se publicaron en 1937 en un número monográfico que la revista Cahiers d'Art dedicó al cuadro, junto con textos de Zervos, Jean Cassou, Georges Durthuit, Pierre Mabille, Paul Éluard, Michel Leiris, José Bergamín y Juan Larrea. Cfr. De la Puente, p. 82.
  15. Cf. Elsa Fernández-Santos, "Nuevas teorías sobre un icono del siglo XX Un enigma cinematográfico tras el Guernica de Picasso" en El País, 9-IX-2011, http://www.elpais.com/articulo/cultura/enigma/cinematografico/Guernica/Picasso/elpepicul/20110909elpepicul_1/Tes consultado el 9 de septiembre de 2011, 11:50
  16. «Picassoren "Guernica" Gernikara, Euskal Herrira» Guernica Gernikara 2017-12-05 (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  17. Meñika, Ibon. (2021-09-01). «Guernica Gernikara. Aspalditik gatoz, urrutira goaz» erria.eus (Erria) (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  18. Vicent, Manuel: "Josep Lluis Sert, en el voladizo de hormigón", El País, 31 de octubre de 1981.
  19. [1]
  20. (Frantsesez) «Une démarche de Picasso à New-York " GUERNICA " NE REVIENDRA EN ESPAGNE QU'AVEC LA RÉPUBLIQUE» Le Monde.fr 1969-11-14 (Noiz kontsultatua: 2022-02-25).
  21. (Gaztelaniaz) 80 años del Guernica de Picasso: también la pintura es “un arma cargada de futuro”. 2017-07-17 (Noiz kontsultatua: 2022-02-08).
  22. a b (Gaztelaniaz) Deia. «Los otros 'Guernica'» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-08).
  23. (Ingelesez) Gladstone, Rick. (2022-02-05). «‘Guernica’ Antiwar Tapestry Is Rehung at U.N.» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-02-08).
  24. (Gaztelaniaz) PICASSO, EL EQUIPO CRÓNICA Y EL GUERRERO DEL ANTIFAZ.. (Noiz kontsultatua: 2022-02-08).
  25. (Gaztelaniaz) «"REIMAGINANDO EL GUERNICA", Ron English» Gernika-Lumo Kultur Etxea (Noiz kontsultatua: 2022-02-08).
  26. «José Luis Zumeta - Obra | ARTIUM - Biblioteca y Centro de Documentación» catalogo.artium.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  27. «Jaurlaritzak Ibarrolaren 'Guernica Gernikara' ordaintzeko dirulaguntza onartu du» Busturialdeko Hitza 2021-11-09 (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  28. (Gaztelaniaz) Martínez, Isabel C.. (2006-04-11). «El Gobierno vasco pide oficialmente el préstamo del 'Guernica' para 2007» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  29. (Gaztelaniaz) «El Parlamento Vasco pide el traslado a Euskadi del 'Guernica' de Picasso» El Diario Vasco 2017-04-27 (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  30. erakusketa, Guernica Gernikara. (2021-12-01). (PDF) Guernica Gernikara. guernicagernikara.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu