Kapitalismo
Kapitalismoa sistema ekonomikoen multzo bat da, definizio argi eta onarturik ez duena. Etimologikoki, "kapitalista" bat kapitalaren aldeko banakoa da, nondik ondoriozta daitekeen sistema kapitalistak ekonomian zentraturiko sistemak direla. Hala ere, kapitalismoa oso zentzu desberdinetan definitzen da kokapen ideologikoaren arabera.[1]
DefinizioakAldatu
Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Definizio marxistaAldatu
Karl Marxek planteatutako ikuspegi estrukturalistari jarraituz, sistema bati kapitalista deitu dakioke, biztanleriaren gehiengoa (proletario klase) nominalki askea denean, baina errealitatean aurrera jotzeko bere lan indarra saldu behar duenean, ekoizpen bitartekoen jabe den gutxiengo pribilegiatu bati (burgesia), hain zuzen.
Marxek kapitalismoaren barne kontraesanek haren porrota ekarriko zutela zioen, monopolioen indarra areagotuko zela eta gehiegizko ekoizpen krisialdiak larrituko zirela. Beretzat, kapitalismoa sozialismoa ekarriko zuen historiaren aldia baino ez zen.
Oinarrizko egitura hau historiako une desberdinetan, forma askorekin, eman bada ere, XVII. mendetik nahiz Depresio Handitik (1929-1939) aurrera nagusi izan da Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan. XX. mendeko erditik aitzina beste etapa batean gaudela esaten dute autore batzuek (globalizazioa, postkapitalismoa, etab.).
Definizio honetatik haratago, kapitalismoaren teoria marxista ugaria da. Marxisten aburuz, burgesiak proletario klasearen lan-indarra "erosten" du bere jabegoak handitzeko asmoz. Hots, burgesia langileriaren soldatapeko lanaren ondorioz sortutako plus-balioaz jabetzen da.
Ikuspegi marxistaren kritikoek, zalantzan jartzen dute kapitala eta lana eta materialismo historikoaren arteko oposizio dialektikoa. Autore hauek giza kapitala eta gizabanakoen gaitasun intelektuala azpimarratzea ohikoa da.
Definizio liberalaAldatu
Kapitalismoa liberalismoaren ikuspegi materiala da. Norbera bere buruaren jabe izanik, bere lanaren fruituaren jabe ere badela dion moral kode bat da. Kapitalismoaren asmoa jabetza pribaturako eskubidearen defentsa da. Kapitalistak ez diren giza erlazio guztiek esklabotza eta indarkeria derrigorrezkoa egiten dutenez, ikuspegi liberal batetik moralki onartezinak dira, indarkeria hori agintariengandik edo gehiengo batengandik badator ere.
Minarkisten ikuspegitik indarkeriarako joera duen jendea beti egongo denez, estatua beharrezkoa dela diote hauek. Halere bere boterea indarkeria honi aurre egitea baino ez da izango, sekula ez ekonomian edo bizitza pribatuan esku sartzea. Zergak eta legeak moralki onargarriak izan ez arren gaitz beharrezkotzat onar ditzakete.
Anarkokapitalistek, edozein zerga edo inposizio giza moralaren aurkaritzat ikusiz, estatuaren desagerpena eskatzen dute, berak egin dezaken edozein funtzio enpresa pribatuek egin dezaketela argudiatuz, baita polizia eta justizia ere.
Kapitalisten gaur egungo borroka nagusia estatuek banku zentralei eskaintzen dieten diru monopolioaren aurka da nagusiki, baina baita ongi izate estatuaren aurka ere. Ongi izatea lanaren fruitu da eta norberak lortu behar du. Eskubide positiborik ez dago kapitalisten ikuspuntutik.
Kapitalismoak ez du onartzen jendeak behar duena jaso behar duenaren ideia, beharrak ezer sortzen ez duenez. Kapitalisten arabera gauzak merezi egin behar dira. Motibazioak bakarrik eragin baitezake ekintza, eta ekintzak fruituak. Kapitalismoa, horregatik, meritokrazia ere deitu ohi da.
Kapitalismoa naturenganako eta logikaren errespetuan oinarritzen da. Hauen ustelkeria ezinezkoa izanik, beren errespetuak bakarrik eman diezaioke gizakiari bizitzeko behar duena. Gizakiek inposaturiko legeak eta politika inmoraltzat ikusten ditu kapitalistak. Horregatik eskuin politikak eta faxismoak ezin dira inolaz ere kapitalistatzat hartu. Eskuindarrek kapitalismoaren onurak bilatuz kapital handiei pribilegio politikoak ematen dizkiete, helburuen bidez ekintzak justifikatuz, baina kapitalismoa ekintza moralak eta konkretuki jabetza pribatuaren babesa bakarrik ditu helburutzat. Gizartea sistema konplexu kontrolaezintzat hartzen du, kontrol saiakera bakoitzaren emaitza negatiboak derrigorrez onurak baino handiagoak izanik giza natura dela eta.
Pertsona bakoitzak bere bizitza besterik bizi ezin duen momentutik, kapitalismoak berekoikeria, norberaren interesen eta ametsen betetzea, ditu gizakiaren bizitzaren arrazoi bakartzat, altruismoa ahulkeritzat hartuz, azken honen atzean beti aurki baitaiteke indarkeriarako aitzakia. Gerrak, zapalkeriak, arrazakeria edo klase borrokak kolektibismoaren emaitza izanik, kapitalismoak indibuadualismoa harrotasunez bultzatzen du.
HistoriaAldatu
BilakaeraAldatu
Kapitalismoa Ameriketako aurkikuntzarekin hasi zela esan daiteke, orduan hasi baitzen Indietako merkataritza. Europak gai landuak eta esklaboak esportatzen zituen eta Ameriketatik bitxiak eta produktu tropikalak inportatzen ziren; horrela hasi zen truke desorekatua eta europarren kapitalen metatzea. Horrela, merkataritza kapitalismoa sortu zen: eskubide feudalak zituztenek aduana gehiegi jartzen zituzten merkataritzaren kalterako, eta burges pentsamoldea zuten merkatariak, biztanleriaren gehiengoaren laguntzaz, egoera horren aurka altxatu ziren eta industria iraultza sustatu zuten (geroago kapitalismoaren garapenerako garrantzi handia izan zuena). Kapitalismo klasikoaren pentsaera, ekonomiari buruzko erabakiak merkatu askearen pean uztearen aldekoa zen.
XIX. mendean kapitalismoa ekonomia liberal gisa agertu zen, eta Ingalaterratik Europako kontinentera zabaldu zen. Orduan azaldu zen enpresen jabeen eta langileen arteko gatazka ere. Nahiz eta garai hartako soldatak apalak izan, irabazien metatze handiak sortzea eta berrinbertsioa errazten zuten, eta beraz berebiziko hazkunde ekonomikoa lortu zen; baina aldi berean, soldata apalegiek kontsumoa asko gutxitzen zuten eta gehiegizko ekoizpenaren lehenengo krisiak sortu ziren.
« | Krisialdiaren forma, krisialdi zaharrean edo antzinako krisialdian ez bezala, ez da nekazaritzako produktuen salneurriaren gorakada, industriako prezioen beherakada baizik; horrela, ezinezkoa da bi krisialdi motak nahastea.
Pierre Vilar (1980)[2]. |
» |
Mende amaieran, bigarren industria iraultzaz geroztik, kapitalismoak ekonomia askatasuna alde batera utzi zuen eta monopolioak sendotzen saiatu zen. Orduan sortu ziren lehen trustak eta multinazionalak. Dirudienez, talde horiek merkatu kolonialetan zuten eragina izan zen Lehen Mundu Gerra hasteko arrazoi nagusietako bat.
Lehen Mundu Gerraren ondoren kapitalismoa guztiz aldatu zen. Nazioarteko merkatuek behera egin zuten, urrearen ordez estatu bakoitzaren dibisa erabiltzen hasi zen, Europak bankaren lidergoa galdu zuen AEBen mesederako eta Afrikan naiz Asian kolonien aurkako matxinadak hasi ziren. Industrian segidan eta kopuru handian ekoizteko metodo berriek (taylorizazioak) bultzada handia eman zioten industria kapitalismoari, eta aldi berean langileek zenbait eskakizun betetzea lortu zuen: esate baterako, aseguru sozialak eta lanorduen murrizketa. 1920 ondoko urteetan, itxuraz behintzat, oparotasun bat bizi izan zen.
Baina 1929an kapitalismoak bere lehen krisi handia jasan zuen, eta gero Depresio Handia etorri zen, kapitalismoaren aldekoentzat kolpe latza. Krisia gainditzeko kapitalismoaren printzipioak alde batera utzi eta estatuaren esku hartzea onartu behar izan zen. Keynes izan zen krisia gainditzeko sektore publikoaren paperaren garrantzia gehien bultzatu zuen ekonomialaria. Era horretara, gastu publikoari esker krisia gainditu ahal izan zen. Baina Depresio Handiak faxismoaren gorakada erraztu zuen, eta horren ondorioz etorri zen Bigarren Mundu Gerra.
Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: The General Theory of Employment, Interest and Money | |
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009 |
« |
Estatuak, zerga-sistemaren bitartez, bideratu egin behar du kontsumitzeko joera; interes-tasak finka ditzake edo beste bide batzuk erabil ditzake orientatzeko bide horretan. Bestalde, badirudi berez ez dela nahikoa banku-politikaren eragina interes-tasan, inbertsio hoberenaren tasa ezartzeko. Beraz, nire ustez, ia inbertsio guztiak sozializatzea izango da erabateko okupazioa lortzeko bide bakarra; baina horrek ez du baztertzen agintaritza publikoa ekimen pribatuarekin batera lankidetzan aritzeko beste edozein bide, transakzio edo modu. Hortik kanpora ez da inola ere bultzatzen elkartearen jarduera ekonomiko gehiena bere gain hartuko lukeen estatu-sozialismoa. Estatuari ez zaio komeni produkzio-bideen jabe izatea. John Maynard Keynes (1936) |
» |
—[3]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
Gaur egungo kapitalismoaAldatu
Bigarren Mundu Gerraz geroztik, kapitalismoak kontsumo gizarte aldera egin du hirugarren industria iraultzari esker. Industria iraultza berri horretan, ordea, herrialde garatuenek soilik parte hartu dute: batez ere Estatu Batuek, Japoniak eta Alemaniak. Herrialde aberatsenek beren fabrikak herrialde azpigaratuetan jartzen dituzte multinazionalen bitartez, eta langileak esplotatzen dituzte. Era honetara kolonialismo berri bat edo neokolonialismo deritzana sortu da.
Kapitalismoaren lorpen handienetakoa da, berrikuntza teknikoei etengabeko kapital metatzea aplikatuz sekula ikusi ez zen hazkunde ekonomikoa lortzea. Baina bizi-maila igo den arren esan beharra dago arazo asko ez direla konpondu, esate baterako gosearen arazoa mundu osoan. Iparralde garatua eta hegoalde azpigaratua elkarren aurka ipini ditu kapitalismoak, aurrerapen teknologikoak bi eremuen arteko aldeak areagotu egin ditu. Oinarrizko jabegoaren printzipioa zabaldu beharrean, aberastasunak gutxi batzuen eskuetara bildu dituzte, gero eta handiagoa den langile masa baten kalterako. Aberatsak gero eta aberatsagoak dira eta txiroak gero eta txiroagoak, alegia.[erreferentzia behar]
« | Kapitalismoak ekarri gintuen behar zena ekoiztetik ekoizten zenaren beharra izatera. | » |
Kapitalismoaren etorkizunaAldatu
Kapitalismoan aberastasuna neurtzeko dirua erabiltzen du neurgailu eta kapitalismoaren erroetan hazkunde ekonomikoa dago. Inbestimenduak, inbertsioak egiten dira, betiere etorkizuneko mozkinen bila. Mozkinik handien bila egiten dute lan kapitalismoan kudeatzaile lanetan dabiltzanak. Kapitalismoak hazkunde ekonomiko handia ekarri ohi du, energia iturririk emankorrenak eta behar diren lehengaiak erabiliz. Mozkin pribatuak bilatzen hazi da kapitalismoa eta batzuk aberastu diren bitartean, energia iturri batzuk eta lehengai batzuk, pixkanaka-pixkanaka, gutxitu egin dira.
Gure planeta finitua, mugatua, izanik, energia iturri batzuk eta lehengai batzuk agortzen hasten direnean, ―—agortze zantzuak antzeman dira dagoeneko——, kapitalismoak etengabe hazteko beharrari nola eutsiko dion, edo ea eutsiko dion eztabaidatu egin da luze: batzuek uste dute energia iturri berriei esker edo ekonomia zirkularraren bidez eraldatuko dela kapitalismoa eta luze iraungo duela. Beste batzuek, ordea, etorkizun hurbilean ekonomiaren desazkundea ezinbestekoa izango dela uste dute, energia-iturri emankorrenak agortuko direlako eta lehengai batzuk agortuko direlako, eta sortzen diren esternalitate edo kanpokotasun negatiboak, ——kutsadura, beroketa globala, etab.——, metatuko direlako. Eta hazkunderik gabe, nekez eutsi ahal izango zaio kapitalismoari. Nola inbertituko da sartutako kapitala, inbertituko den dirua, handituko dela pentsatzeari uzten bazaio?
« | Termodinamikaren lehenengo eta bigarren legea, ekonomiaren lehengo eta bigarren legeak ere deitu beharko lirateke.
Haiek gabe ez legoke eskasiarik, eta urritasunik gabe, ez legoke ekonomiarik. Lehen legea: energia mugarik gabe sortzeko gai izango bagina, ez legoke ez urritasunik ez kutsadurarik. Bigarren legea: sistemen degradaziorik gabe, mugarik gabe birziklatu liteke. |
» |
—Herman Daly (1938- ) |
ErreferentziakAldatu
- ↑ «Kapitalismo» www.euskadi.eus (Lur hiztegi entziklopedikoa) (Noiz kontsultatua: 2022-06-27).
- ↑ Kondaira. .
- ↑ Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..
- ↑ Egaña, Andoni. «Etxean bertan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-13).
BibliografiaAldatu
- Bacher, Christian (2007) Capitalism, Ethics and the Paradoxon of Self-exploitation Grin Verlag. p.2
- De George, Richard T. (1986) Business ethics p. 104
- Lash, Scott & Urry, John (2000). Capitalism. A Nicholas Abercrombie, S. Hill & B. S. Turner (eds.), The Penguin dictionary of sociology (4ª ed.) (pp. 36–40).
- Obrinsky, Mark. Profit Theory and Capitalism. University of Pennsylvania Press, 1983, p.1.
- Wolf, Eric (1982) Europe and the People Without History
- Wood, Ellen Meiksins (2002) The Origins of Capitalism: A Longer View Londres: Verso
- Ackerman, Frank; Lisa Heinzerling. Priceless: On Knowing the Price of Everything and the Value of Nothing. New Press, 24 agost 2005, p. 277. ISBN 1565849817.
- Buchanan, James M.. Politics Without Romance.
- Braudel, Fernand. Civilization and Capitalism: 15th - 18 Century.
- Bottomore, Tom. Theories of Modern Capitalism, 1985.
- H. Doucouliagos and M. Ulubasoglu «Democracy and Economic Growth: A meta-analysis». School of Accounting, Economics and Finance Deakin University Australia, 2006.
- Coase, Ronald. The Lighthouse in Economics, 1974.
- Demsetz, Harold. Information and Efficiency, 1969.
- Fulcher, James. Capitalism, 2004.
- Friedman, Milton. Capitalism and Freedom, 1952.
- Galbraith, J.K.. American Capitalism, 1952.
- Böhm-Bawerk, Eugen von. Capital and Interest: A Critical History of Economical Theory. Londres: Macmillan and Co., 1890.
- Harvey, David. The Political-Economic Transformation of Late Twentieth Century Capitalism.. Cambridge, MA: Blackwell Publishers, 1990. ISBN 0-631-16294-1.
- Hayek, Friedrich A.. The Pure Theory of Capital. Chicago: University of Chicago Press, 1975. ISBN 0-226-32081-2.
- Hayek, Friedrich A.. Capitalism and the Historians. Chicago: University of Chicago Press, 1963.
- Heilbroner, Robert L.. The Limits of American Capitalism, 1966.
- Heilbroner, Robert L.. The Nature and Logic of Capitalism, 1985.
- Heilbroner, Robert L.. Economics Explained, 1987.
- Josephson, Matthew, The Money Lords; the great finance capitalists, 1925-1950, Nova York, Weybright and Talley, 1972.
- Marx, Karl. Capital: A Critical Analysis of Capitalist Production, 1886.
- Mises, Ludwig von. Human Action: A Treatise on Economics. Scholars Edition, 1998.
- Rand, Ayn. Capitalism: The Unknown Ideal. Signet, 1986.
- Reisman, George. Capitalism: A Treatise on Economics. Ottawa (Illinois): Jameson Books, 1996. ISBN 0-915463-73-3.
- Resnick, Stephen. Knowledge & Class: a Marxian critique of political economy. Chicago: University of Chicago Press, 1987.
- Rostow, W. W.. The Stages of Economic Growth: A Non-Communist Manifesto. Cambridge: Cambridge University Press, 1960.
- Schumpeter, J. A.. Capitalism, Socialism, and Democracy, 1983.
- Scott, John. Corporate Business and Capitalist Classes, 1997.
- Seldon, Arthur. Capitalism: A Condensed Version. Londres: Institute of Economic Affairs, 2007.
- Sennett, Richard. The Culture of the New Capitalism, 2006.
- Smith, Adam. An Inquiry into the Nature and Causes of the Wealth of Nations, 1776.
- De Soto, Hernando. The Mystery of Capital: Why Capitalism Triumphs in the West and Fails Everywhere Else. Nova York: Basic Books, 2000. ISBN 0-465-01614-6.
- Strange, Susan. Casino Capitalism, 1986.
- Wallerstein, Immanuel. The Modern World System.
- Weber, Max. The Protestant Ethic and the Spirit of Capitalism, 1926.
- Norberg, Johan. In Defense of Global Capitalism. Washington DC: Cato Institute, 2001. ISBN 978-1-93-086547-1.
Ikus, gaineraAldatu
Kanpo estekakAldatu
- Kapitalismoa, Gizapedian.
- Kapitalismo ereduari buruzko mahai-ingurua Argia astekarian: Bira eman ahal diogu egungo eredu ekonomikoari?