Ireki menu nagusia

Bolivia[2] (guaranieraz: Mborivia; kitxuaz: Puliwya; aimaraz: Wuliwya), izen ofiziala Boliviako Estatu Plurinazionala (gaztelaniaz: Estado Plurinacional de Bolivia), Hego Amerika erdi-mendebaldeko estatu burujabea da. Herrialde itsasgabea da; Brasilekin du muga iparraldean eta ekialdean, Paraguai eta Argentinarekin hegoaldean, eta Peru eta Txilerekin mendebaldean. 1.098.581 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 11,4 milioi biztanle zituen 2019an.[1] Sucre da hiriburu konstituzionala, gobernuaren egoitza La Paz den arren; Santa Cruz da hiririk handiena.

Boliviako Estatu Plurinazionala
Estado Plurinacional de Bolivia
Bandera Armarria
Goiburua: ¡La unión es la fuerza!
(Batasuna da indarra!)
Ereserkia: Morir antes que esclavos vivir
(Nahiago hil, gatibu bizi baino)
HiriburuaSucre1
Hiri handiena Santa Cruz de la Sierra
Hizkuntza ofiziala(k) gaztelania, kitxua, aimara, guaraniera
Herritarra boliviar
Gobernua Errepublika presidentzialista
 -  Presidentea Evo Morales
Independentzia Espainiatik
 -  Adierazia 1825eko abuztuak 6 
 -  Onartua 1847ko uztailak 21 
Azalera
 -  Guztira 1,098,581 km2 (27.)
 -  Ura (%) 1,29
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2019[1]) 11.428.245 (83.)
 -  Dentsitatea 10,4 bizt./km2 (224.)
Dirua Bigarren boliviano (BOB)
Ordu-eremua UTC (UTC-4)
Aurrezenbakia 591
Internet domeinua bo
1 Sucre da hiriburu konstituzionala, La Paz gobernuaren egoitza da.

1825ean Espainiatik independizatu zenetik, estatu kolpeak, gudarosteak herritarren eta meatzarien kontra egindako sarraskiak, politika eta buruzagi aldaketa etengabeak eta inguruko herrialdeen kontrako gerrak izan dira Boliviako historiaren ezaugarri nagusiak. Víctor Paz Estenssororen agintaldi zibilean (1952-1964) meatzeak nazionalizatu eta nekazaritzako erreforma bideratu ziren, eta agintaldi haren ondoren militarren esku gelditu zen gobernua, harik eta 1982an berriro zibilek irabazi zuten arte. 2013-2017 bitartean, Boliviako ekonomia izan zen Latinoamerikan gehien hazi zena.[3]

IzenaAldatu

Simón Bolívar Ameriketako askatzailearen omenez eman zioten izena.

GeografiaAldatu

MugakAldatu

Bolivia Hego Amerikako erdi-mendebaldean dago, hego latitudeko 9° 38' eta 22° 53' artean, eta mendebaldeko longitudeko 57° 26' eta 69° 38' artean. Iparraldean eta ekialdean Brasilekin du muga (3.403 kilometro denera), Paraguairekin (753 kilometro) eta Argentinarekin (942 kilometro) hegoaldean, eta Perurekin (1.212 kilometro) eta Txilerekin (942 kilometro) mendebaldean.[4]

Eskualde naturalakAldatu

Hiru eskualde natural nagusi daude Bolivian:[5]

  • Andetar eskualdea, hego-mendebaldean, lurraldearen %28 hartzen duena (307.603 kilometro koadro). 3.000 metroko garaieratik gora dago, eta bi mendilerrok zeharkatzen dute zeharkatzen dute ipar-hego norabidean: Mendebaldeko Mendikateak eta Erdialdeko Mendikateak. Bertan daude Ameriketako gailurrik garaienetako batzuk, hala nola, Nevado Sajama (6.542 metro) eta Illimani (6.439 metro). Bi mendilerroen artean dago Altiplanoa izeneko goi-ordoki zabala (805 kilometro luze, 129 kilometro zabal); Altiplanoan daude Titikaka aintzira (9.064 kilometro koadro) eta Uyuniko gatzaga (9.000 kilometro koadro).
  • Subandetar eskualdea, erdialdean eta hegoaldean, lurraldearen %13 hartzen duena (142.815 kilometro koadro). 2.500-3.000 metro arteko garaiera dauka. Erdialdeko Mendikatearen ipar-ekialdeko isurialdeari Los Yungas izena ematen zaio, aimaraz “ibar beroak” esan nahi duena. Eskualde subtropikala da, oso malkarra. Hegoalderago, haran luze eta estuak daude, lurzoru alubial gizenak dituztenak. Bertan daude herrialdeko hiri nagusietatik bi: Sucre eta Cochabamba.
  • Los Llanos, iparraldean eta ekialdean, lurraldearen %59 hartzen duena (648.163 kilometro koadro). Topografia eta klima desberdintasunak kontuan harturik, hiru azpieskualde bereiz daitezke. Iparraldeko lautada, Beni eta Pando departamenduak eta Cochabambaren iparraldea hartzen dituena, oihan tropikalez estalirik dago; lurzorua buztinezkoa denez, zingira zabalak eratzen dira euriteen ondoren. Hegoalderago, Santa Cruz departamenduaren iparraldeko erdian, klima lehorragoa da, eta oihan tropikalak eta sabanak tartekaturik daude. Eremu zabalak nekazaritzarako luberritu dira. Bertan dago Santa Cruz hiria, eta baita herrialdeko gas natural eta petrolio erreserba handienak. Hego-ekialdea, berriz, Gran Chacoren parte da; sabana arantzaduna da bertako landaredia, eta abeltzaintza estensiboa ekonomiaren oinarria.

HidrografiaAldatu

Hiru arro hidrologiko daude:

 
Copacabana herria, Titikakaren ertzean
  • Amazonasen arroa, iparraldean, 724.000 kilometro koadroko eremua hartzen duena (herrialdearen %66). Arro horretako ibaiek meandro handiak dauzkate eta aintzirak eratzen dituzte. Mamoré da arroko ibairik garrantzitsuena; 1.930 kilometro luze da eta, Benirekin elkarturik, Madeira eratzen du, Amazonasek eskuinaldetik duen adar nagusia. Mamoréz landa, hauek dira arroko ibai nagusiak (ekialdetik mendebaldera): Madre de Dios, Orthon, Abuná, Yata eta Guaporé. Rogaguado, Rogagua eta Jara dira aintzirarik handienak.
  • Rio de la Plataren arroa, hegoaldean, 229.500 kilometro koadroko eremua duena (herrialdearen %21). Paraguai, Pilcomayo eta Bermejo dira ibai nagusiak; aintzirarik aipagarrienak, berriz, Uberaba eta Mandioré dira.
  • Erdialdeko arroa, Altiplanoa drainatzen duen arro endorreikoa (145.081 kilometro koadro, herrialdearen %13). Desaguadero da ibai nagusia (436 kilometro); Titikakan du iturburua eta Poopo aintzirara isurtzen da. Arro horren parte dira Uyuniko gatzaga eta Coipasa aintzira ere.

KlimaAldatu

Latitutude tropikaletan egon arren, oso klima desberdinak daude Bolivian, lur behereetako klima tropikaletik Andeetako gailurrik garaienetan dagoen klima polarreraino. Tenperaturak altueraren araberakoak dira, eta aldaketa txikiak dituzte urtaro batetik bestera. Prezipitazioei dagokienez, udan ugariagoak izan ohi dira, eta handiagoak iparraldean hegoaldean baino.[6]

 
Boliviako klimak Köppen sailkapenaren arabera
  • Iparraldeko lur behereetan klima ekuatoriala dago, beroa, hezea eta euritsua urte osoan.
  • Erdialdeko lur behereetako klima tropikala da, euritsua urritik apirilera, eta idorra maiatzetik irailera.
  • Chacoko klima subtropikal lehorra da. Urtaro euritsua laburra da (urtarriletik martxora), eta gainerako hilabeteak oso idorrak dira. Bolivian inoiz neurtu den tenperaturarik beroena eskualde horretan erregistratu zen: 47 °C.
  • Erdialdeko Mendikateko ekialdeko isurialdea (Yungas) lainotsua eta euritsua da (1.529 litro metro koadroko urtean), ipar-ekialdeko alisio hezeen eraginez; haize-babeseko ibarretan, berriz, prezipitazioak txikiagoak dira (640-760 litro metro koadroko). Elurra egin dezake 2.000 metroko garaieratik gora, eta 4.600 metrotan dago betiereko elurren maila. Mendebaldeko Mendikatea basamortu hotza eta haizetsua da.
  • Altiplanoak klima hotza eta aridoa dauka, eta eguneko tenperatura-anplitudea oso handia izaten da.

HistoriaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Boliviako historia»

Kolonaurreko zibilizazioakAldatu

 
Giza itxurako monolitoa, Tiwanaku

Gutxienez orain dela 21.000 urtetik bizi izan da gizakia Boliviako lur garaietan. Aztarna arkeologikoen arabera, duela 5.000 urte hasi zen nekazaritza, eta 1.500 urte geroago metalen ekoizpena, kobrearena batez ere. K. a. 500 aldean, Tiwanakuko zibilizazioa sortu zen Altiplanoan, Titikaka aintziraren hego-ekialdean. Merkataritza eta erlijio gune garrantzitsua izan zen, eta egungo Boliviako mugetatik harago ere iritsi zen haren eragina. Hedapen handia izan zuen 1000. urtetik aurrera, eta gainbehera etorri zen 1200 inguruan. Horren ostean, zazpi erresuma aimara garatu ziren Titikakaren inguruan. Aimarek hiri gotortuak eraiki zituzten Altiplanoan, eta koloniak ezarri zituzten ekialdeko haran subtropikaletan eta Ozeano Barearen itsasaldean.[7]

Aimarek osoki menderatu zuten uru herria, baina ezin izan zuten geldiarazi kitxuen hedapena. Izan ere, Tiwanakuko zibilizazioa desegin zenean, estatu indartsu bat sortu zuten Cuscoko kitxuek: Tahuantinsuyo, espainiarrek Inken Inperioa deitu zutena. XV. mendearen bigarren erdian, erresuma aimarak ahuldu ahala, Boliviako Altiplanoa (Kollasuyo) konkistatzeari ekin zioten inkek. Mita sistemaren bitartez, Kollasuyoko meatze aberatsetan lan egitera eta armadan zerbitzatzera behartu zituzten aimarak. Ordainetan, aimarek autonomia politikoa eduki zuten, eta kultura, erlijioa eta hizkuntza atxiki ahal izan zituzten. 1470ean, ordea, erresuma aimara batzuk inken gobernuaren aurka matxinatu ziren. Inkek erabat azpiratu zuten altxamendua, eta kolono kitxua-hiztunak bidali zituzten Boliviaren erdialdera (egungo Cochabamba eta Sucre ingurura). XVI. mendearen hasieran, inkak erabat nagusi ziren Kollasuyon. Alabaina, ezin izan zituzten mendean hartu ekialdeko Boliviako herri nomadak.[7]

Garai kolonialaAldatu

Francisco Pizarro eta Diego de Almagro buru zirela, espainiarrek Inken Inperioaren zati handiena beretu zuten 1524-1533 bitartean. Boliviako Altiplanoaren —Peru Garaia eta Charcas izenak ematen zitzaizkion urte haietan— konkista bi hamarkada atzeratu zen Pizarroren eta Almagroren indarren arteko gerra zibila piztu zelako. Borrokak 1537an hasi ziren, Almagro Cuscoz jabetu zelarik. 1538an Pizarrok Almagro hilarazi zuen, eta hura ere erail zuten hiru urte geroago. Peruko gobernadore bilakaturik, Pizarroren anaia, Gonzalo, Espainiako Koroaren aurkako matxinatu zen, baina 1548an azpiratua izan zen.[8] 1538an fundatua izan zen La Plata (egungo Sucre), 1546an Potosí, 1548an La Paz eta 1574an Cochabamba.

Espainiar kolonizazioa meatze ustiaketan oinarritu zen. Izan ere, lur garaiak aberatsak ziren mineraletan, eta Potosíko Cerro Ricok Mendebaldeko zilar-kontzentraziorik handiena zeukan. Zilarra ateratzen indigenak aritzen ziren mita sistemaren bitartez. Meategien kontrola zela-eta, bikuinen eta euskaldunen arteko gerra gertatu zen 1620-1625 bitartean.[9] XVII. mendearen erdialdean, Ameriketako hiririk handiena zen Potosí (160.000 biztanle inguru), eta baita mundu osoko zilar ekoizlerik handiena ere. Nekazaritzan enkomienda sistema erabili zen, indioak esklabotasun egoeran ezartzen zituena. XVI. mendearen erdialdetik aurrera, etxalde handiak sortu ziren; Cochabamban artoa eta garia ekoizten zen batez ere, eta koka hostoak haranetan.[10] Boliviako lurraldea Peruko Erregeorderriaren barnean egon zen, XVIII. mendean Río de la Platakora igaro zen arte. 1781ean, Tupac Katari buzuzagi aimara altxatu zen espainiarren aurka, baina garaitua izan zen.[11]

Bolivia independenteaAldatu

 
Andrés de Santa Cruz, Boliviako 7. presidentea

1809ko maiatzaren 25ean matxinada nazionalista piztu zen Chuquisacan, eta La Pazen uztailaren 16an. Bi altxamenduak zapalduak izan baziren ere, espainiarren aurkako etsaitasuna ez zen itzali. 1810ean Maiatzeko Iraultza gertatu zen Buenos Airesen; harrezkero, Argentinatik abiatutako independentziazaleek lau espedizio egin zituzten Peru Garaiko erregezaleen aurka. Ayacuchoko guduan, 1824ko abenduaren 9an, Antonio José de Sucreren armadak espainiarrak azpiratu zituen. Hala ere, militar erregezale batzuek borrokari eutsi zioten, 1825eko apirilean Pedro Antonio Olañeta hil zen arte.[12] Abuztuaren 6an, Chuquisacako batzarrak independentzia adierazi zuen. Era horretan amaitu zen espainiar agintea Peru Garaian.

Antonio José de Sucre izan zen errepublikako presidente 1826-1828 bitartean. 1836an, Andrés de Santa Cruz mariskala presidente zela, Boliviak Peru inbaditu zuen. Santa Cruzek Peru-Bolivia konfederazioa eratu zuen, hiru estatutan banatua: Ipar Peru, Hego Peru eta Bolivia. Argentinak eta, batez ere, Txilek arbuiatu zuten konfederazioaren sorrera, eta gerra deklaratu zioten. 1839ko urtarrilean, Txileko armada nagusitu zen Yungayko guduan; horren ondorioz, Santa Cruzek agintea utzi behar izan zuen.[13] Ondorengo lau hamarkadetan, egoera politiko kaotikoa eta gainbehera ekonomikoa izan ziren nagusi herrialdean. 1841ean Peruko armadak Bolivia inbaditu zuen; azaroaren 20an, ordea, garaipen erabakigarria erdietsi zuen José Ballivián jenerala buru zuen boliviar gudarosteak Ingaviko guduan. Manuel Isidoro Belzú (1848-1855 bitartean agintean) indigenen babesa lortzen ahalegindu zen. Lurjabeak behin eta berriz saiatu ziren kargutik eraisten; azkenik, Europara erbesteratu zen 1855ean. José María Linares Lizarazuk (1857-1861) saleroste askea eta atzerriko inbertsioak sustatu zituen, baina José María de Achák kendu zuen lehendakaritzatik kolpe militar baten bitartez.[14]

1864an, Acháren agintaldi odoltsuaren ostean, Mariano Melgarejo jeneralak hartu zuen boterea. Ustelkeria, administrazio txarra eta indigenen eskubideen urraketa izan ziren haren agintaldiaren ezaugarriak; Txile eta Brasilekin sinatu zituen muga hitzarmenen ondorioz, lur eremu handiak galdu zituen Boliviak. Hilarión Daza (1876-1879) ere agintari bortitza eta ezgaia izan zen; hori gutxi balitz, Ozeano Bareko Gerran sartu zuen herrialdea;[14] gerraren ondorioak ezin txarragoak izan ziren Boliviarentzat, itsasaldea galdu baitzuen Txileren mesedetan. 1880-1899 bitartean, kontserbadoreek agindu zuten.[15]

XX. mendeaAldatu

 
XIX. mendeko bigarren erdian eta XX. mendeko lehen erdian Boliviak galdu zituen lurraldeak

1899ko Iraultza Federalaren ondorioz, Alderdi Liberalak agintetik kendu zituen kontserbadoreak. La Paz inguruko eztainu-meatzeen jabeak izan ziren liberalen sostengatzaile nagusiak; konserbadoreek Potosí eta Sucreko lurjabe handien eta zilar ekoizleen laguntza izan zuten. Nekazari indigenek José Manuel Pando liberalaren alde borrokatu ziren Iraultza Federalean. Agintea eskuratutakoan, ordea, Pandok ez zuen bere hitza bete, eta bortizki zapaldu zituen laborarien altxamenduak. 1902an, liberalek Sucretik La Pazera eraman zuten hiriburua. Acreko Guduan (1899–1903), Brasilek Acre eskualdea bereganatu zuen (191.000 kilometro koadro). XX. mendeko lehenbiziko hamarkadetan eztainuaren industria izan zen ekonomiaren oinarria, eta eztainuaren baroiek, Patiño, Aramayo eta Hochschild familiek, itzal handia izan zuten Boliviako politikan.[16]

Ipar Chacoren jabetza eskuratzeko asmoz, 1932-1935 urteetan Chacoko Gerra gertatu zen Bolivia eta Paraguai estatuen artean. Gerra latza izan zen, XX. mendean Hego Amerikan izandako odoltsuena, 100.000 pertsonatik gora hil baitziren. 1935. urtean gerra uztea erabaki zen Buenos Airesko batzarrean, eta 1938an bake hitzarmena izenpetu zuten bi estatuek. Itun honen arabera, Paraguaik Chacoko lurralde zabalena eskuratu zuen, eta Boliviak irteera bat lortu zuen Paraguai ibaira, Atlantikoaren bidean.[17]

1941ean sortu zen Mugimendu Nazionalista Iraultzailea (gaztelaniaz: Movimiento Nacionalista Revolucionario), meatzeen nazionalizazioa eta nekazaritzaren erreforma aldezten zituena. 1952ko Iraultzaren ostean, alderdi horretako Víctor Paz Estenssorok (1952-1956 eta 1960-1964 bitartean) eta Hernán Siles Zuazok (1956-1960) gobernatu zuten herrialdea.[18] 1964ko azaroaren 4an, René Barrientos eta Alfredo Ovando jeneralek estatu kolpe bat jo zuten Paz Estenssoro agintetik eraisteko. René Barrientosen gobernuak armadaren eta nekazarien babesa izan zuen, baina gogor erreprimitu zituen meatzarien eta langileen protestak.[19] 1967an, CIAk zuzenean aholkaturik, Che Guevarak prestatutako bolivartar gerrilla suntsitu eta Guevara bera hil zuten Boliviako armadako tropa bereziek.[20] Barrientos 1969an hil ondoren, iraupen laburreko gobernu batzuk izan ziren, militarrak gehienak. Juan José Torres sozialistak meatze batzuk nazionalizatu eta AEBetako Bake Gorputzak egotzi zituen; aldi berean, harremanak sendotu zituen Sobietar Batasunarekin eta Kubarekin. 1971ko abuztuaren 21ean, militar talde batek estatu kolpea eman zuen, eta Hugo Banzer koronelak hartu zuen presidente kargua.[21]

Hugo Banzerrek 1971-1978 bitartean agindu zuen. Lehenbiziko urteetan ekonomia asko hobetu zen, petrolio, gas natural eta eztainu ekoizpenaren hazkundeari esker. Barne ministroak, Andrés Sélichek, ezkerreko erakundeen eta sindikatuen aurkako zapalkuntza agindu zuen. 1974an, Cochabambako nekazariak mobilizatu ziren bizimoduaren garestitasunaren kontra, baina militarrek sarraskitu zituzten. Langileek, ikasleek eta Eliza Katolikoaren alderdirik aurrerazaleenak aurka egin zioten Banzerren erregimenari. Estatu Batuen sostengua ere galdu zuen 1977tik aurrera, eta 1978an kargutik kendu zuen Juan Pereda komandanteak.[22]

Hernán Siles Zuazo nagusitu zen 1980ko ekaineko hauteskundeetan, baina Luis García Meza militar ultraeskuindarrak estatu kolpea jo zuen uztailean, kokainaren kartelen eta Klaus Barbie naziaren laguntzaz; horren ondorioz, Siles Zuazok Perura ihes egin behar izan zuen. García Mezaren erregimenak errepresio ankerra erabili zuen aurkari politikoen kontra, eta protesta ugari sorrarazi zituen, bai herrialdean, bai nazioartean. Azkenik, 1981eko abuztuan dimisioa eman zuen. Siles Zuazo Boliviara itzuli zen, eta Boliviako legebiltzarrak presidente izendatu zuen 1982an.[23] 1985-1989 bitartean, Paz Estenssoro izan zen presidentea.

Azken urteakAldatu

1989ko abuztuan Hugo Banzer eskuindarrak (ADN) lehendakaritzako hauteskundeetarako Paz Zamora sozial-demokrataren MIR (Ezker Iraultzailaren Mugimendua) alderdiarekin bat egitea erabaki zuen. Acuerdo Patriótico hitzarmena izenpetu zuten bien artean, eta Paz Zamora hautatu zuten lehendakari. Lehendakari berriak aurreko gobernuaren politika neoliberal berari jarraitu zion, ordea. Ekonomiak onera egin zuen, pribatizazioetan oinarrituriko politika ekonomikoari esker batez ere, baina politika hark ondorio larriak izan zituen gizartean, meatzarien artean bereziki. 1993an, berriz, Gonzalo Sánchez de Lozadaren esku gelditu zen lehendakaritza (Mugimendu Abertzaile Iraultzailea, MNR), hirugarren aldiz, eta Victor Hugo Cárdenas buruzagi aimara izendatu zuten lehen ministro. Hauteskunde haietan gainbehera etorri ziren ADN eta MIR alderdiak, eta mugimendu populista eta abertzale berriak indartu ziren. Pribatizazio plangintzak antolatu ziren, administrazioa deszentralizatu zen eta konstituzioa eraberritu zen (lehendakari kargua 5 urtez behin hautatzea, eta ez 4 urtez behin, eta aginpide betearazlea kontzentratzea).

 
Evo Morales, Boliviako presidentea 2006tik

1997ko hauteskundeak Hugo Banzerrek irabazi zituen, baina alde txikia atera zien gainerako hautagaiei, eta bera izendatu zuten arren, elkarrizketa luzeak behar izan ziren gobernu berria osatzeko. Koka ekoizleen kontrako neurriak hartuko zituela eta ekonomia politika liberala jarraituko zuela agindu zuen, besteak beste, Banzerrek, baina eztabaida eta adostasuna bilatuz betiere. Gobernu berriak, dena dela, gizarte krisi larri bati aurre egin behar izan zion 1998 hasieran, enpresa nazionalak pribatizatzearen truke Sánchez Losadaren agintaldian 65 urtetik gorako herritarrentzat agindutako erretiro moduko laguntza bat ordaintzeari utzi ziola-eta. Banzer bere agintaldia bukatu baino lehen hil zen eta, geroztik, hainbat lehendakari izan zituen Boliviak, baina kale-istilu ugarien eraginez ez zuten luze iraun agintean.

2006an, Evo Morales hautatu zuten lehendakari, gehiengo osoz, jatorri indigenako lehenengo lendakaria, alegia, eta XXI. mende hasierako protesta sozialen gidarietako bat. Moralesen ezkerreko gobernuak aldaketa handiak ekarri zituen Boliviara: hidrokarburoak nazionalizatu; nekazari behartsuei lurrak banatu, latifundioak nazionalizatzeko egitasmo zabalago baten barruan; eta konstituzio indigenista berri bat abian jarri, baina konstituzio berriko autonomia erregionalen auziak istilu handiak eta oposizio gogorra sortu zituen, Santa Cruz probintzian, batez ere. 2009ko eta 2014ko presidentetzarako hauteskundeak ere irabazi zituen Evo Moralesek.[24]

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

2009an erreferendumez onartutako konstituzioaren arabera, Bolivia errepublika presidentzialista da. Errepublikako presidentea estatuburua eta gobernuburua da. Legebiltzarrak (gaztelaniaz: Asamblea Legislativa Plurinacional) bi ganbera ditu: Senatarien Ganbera (36 kide) eta Diputatuen Ganbera (130 kide).[4]

Banaketa administratiboaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Boliviaren banaketa administratiboa»

Bolivia bederatzi departamendutan banaturik dago, eta horiek 112 probintziatan.

Departamendua ISO 3166-2 Hiriburua Hiri handiena Biztanleria
(2012)[25]
Eremua
km2
Dentsitatea
bizt/km2
Probintziak
  Beni B Trinidad Trinidad &0000000000421196.000000421.196 213.564 1,97 8
  Chuquisaca H Sucre Sucre &0000000000576153.000000576.153 51.524 11,18 10
  Cochabamba C Cochabamba Cochabamba &0000000001758143.0000001.758.143 55.631 31,6 16
  La Paz L La Paz El Alto &0000000002706351.0000002.706.351 133.985 20,2 20
  Oruro O Oruro Oruro &0000000000494178.000000494.178 53.588 9,22 16
  Pando N Cobija Cobija &0000000000110436.000000110.436 63.827 1,73 5
  Potosí P Potosí Potosí &0000000000823517.000000823.517 118.218 6,97 16
  Santa Cruz S Santa Cruz de la Sierra Santa Cruz de la Sierra &0000000002655084.0000002.655.084 370.621 7,16 15
  Tarija T Tarija Tarija &0000000000482196.000000482.196 37.623 12,82 6
  Bolivia Sucre Santa Cruz de la Sierra &0000000010027254.00000010.027.254 1.098.581 9,13 112

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

 
La Paz hiriaren erdialdea

2019an 11.428.245 biztanle zituen.[1] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %31,3 dira, 15-24 urte bitartekoak %19,4, 25-54 urte bitartekoak %37,9, 55-64 urte bitartekoak %5,9 eta 65 urtetik gorakoak %5,4. Bizi itxaropena 69,8 urtekoa da; 67 urtekoa gizonezkoena eta 72,8 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak).[4]

Banaketa etnikoaAldatu

Boliviako biztanle gehienak, %68, mestizoak dira; amerindiarrak %20 dira (aimarak eta kitxuak batez ere), eta zuriak %5.[4]

HizkuntzakAldatu

2009ko konstituzioaren arabera, gaztelania eta hizkuntza indigena guztiak dira ofizialak. 36 hizkuntza indigena aipatzen dira, galdutako batzuk barne. Biztanleriaren %60,7k gaztelania du ama hizkuntza, %21,2k kitxua, %14.6k aimara, %0,6k guaraniera (2001eko zenbatespena).[4]

ErlijioaAldatu

2012ko zenbatespenaren arabera, %76,8 katolikoak dira, %8,1 ebanjeliko edo pentekostalak, %7,9 protestanteak, eta %5,5 erlijiorik gabeak.[4]

Hiri nagusiakAldatu

EkonomiaAldatu

Latinoamerikako herrialderik atzeratuenetakoa da Bolivia, eta Ameriketako per capita errentarik apalenetakoa du (7.600 dolar 2017an).[4] Baliabide naturalen ustiapena eta esportazioa (meak, gas naturala) dira ekonomiaren oinarria. Bolivarianoa da txanpon ofiziala.

 
Yacimientos Petrolíferos Fiscales Bolivianos (YPFB) enpresaren egoitza, Sucre

1970eko hamarkadaren amaieraz gero, izugarrizko inflazio igoera jasan zuen, eta egora horri aurre egiteko neurriek ezaugarritu zuten politika ekonomikoa. Horrela, 1980tik aurrera gobernuek ekonomia politika berria eraman zuten aurrera, eta 1993an inflazioa egonkortzea lortu zuten (urteko %8-12ko inflazioa), enpresa ugari, meagintzakoak batez ere, pribatizatuz besteak beste. Víctor Paz Estenssoro (1985-1989) hasi zen inflazioa murrizteko neurriak hartzen, eta haren ondorengo Jaime Paz Zamorak (1989-1993) merkatu libreko ekonomia bultzatu zuen, nahiz eta bere alderdiaren eta langileriaren eta gizartearen presioari aurre egin behar izan zion. Gonzalo Sánchez de Lozadak (1993-1997) merkatu ekonomian berrikuntzak egin zituen: besteak beste, hitzarmenak sinatu zituen Mexikorekin eta hegoaldeko herrialdeen merkataritza elkartearekin (Mercosur), eta hegazkin, telefono, burdinbide, argi indar eta erregai konpainia nazionalak pribatizatu zituen. Hugo Banzerren agintaldian (1997-2001), ustelkeriaren kontrako kanpaina bat antolatu zen inbertsioak erakartzeko asmoz, eta Brasilerainoko gasbide bat eraiki zen, ingurune hartako energia salmentaren gune izateko itxaropenarekin. Presidentetzara 2006an iritsi zen Evo Moralesek Boliviako gasa eta petrolioa nazionalizatzeari ekin zion, eta Yacimientos Petrolíferos Fiscales Bolivianos (YPFB) enpresa estatala garatu zuen. 2006-2016 bitartean, nabarmen egin zuen gora barne produktu gordinak, %5,1 urtean batez beste, eta zor publikoaren beherakada handia izan zen.[27]

Nekazaritzak langileria aktiboaren %29,4 hartzen du, eta barne produktu gordinaren %13,8 (2017ko datuak), baina oso metodo zaharkituak erabiltzen dira; soja, kinoa, Brasilgo intxaurra, azukre kanabera, kafea, artoa, arroza, patata eta, batez ere, koka dira gehien lantzen diren gaiak.[4] Munduko koka ekoizle handienetan hirugarrena da Bolivia, Peruren eta Kolonbiaren ondotik. 2012an 25.300 hektarea koka landu ziren[28], eta 24.500 hektarea 2017an; ekoizpenaren herena legez kanpoko merkatura desbideratzen da kokaina egiteko.[29] Besteak beste, laboreak lantzeko programa alternatiboak antolatu dira legez kanpoko koka ekoizpena murrizteko.

Petrolio eta gas natural asko du, eta baita eztainu, zink, berun, zilar eta urre ugari ere; gai horiek hartzen dute legezko esportazioen gehiena. Bestalde, Uyuniko gatzagan daude Lurreko litio erreserbarik handienak (21 milioi tona).[30] Industria atzera samar dago, eta kontsumorako ondasun galkorrak dira gai nagusiak (elikagaiak, edariak, tabakoa eta ehungintza).

ErreferentziakAldatu

  1. a b c Report for Selected Countries and Subjects: Bolivia, 2019, imf.org
  2.   Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak .
  3.   Valdez, Cecilia Ezkerraren gotorleku sendoa Berria egunkaria, 2018ko irailak 21 . Noiz kontsultatua: 2019-3-6 .
  4. a b c d e f g h   Bolivia CIA World Factbook cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-3-6 .
  5.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: A Country Study: Geography countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-3-14 .
  6.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: A Country Study: Climate countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-3-27 .
  7. a b   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: Pre-columbian Civilizations countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-3-27 .
  8.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: Conquest and Settlement countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-4-9 .
  9.   Irazustabarrena Uranga, Nagore Espainiarren eta euskaldunen arteko gerra Argia astekaria, 2017ko urtarrilaren 29a, CC BY-SA 3.0, argia.eus .
  10.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: The Economy of Upper Peru countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-4-12 .
  11.   Túpac Katari encabezó el levantamiento indigena en 1781 eabolivia.com . Noiz kontsultatua: 2019-4-24 .
  12.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: Independence from Spain, 1809-39 countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-5-18 .
  13.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Construction of Bolivia: Bolívar, Sucre, and Santa Cruz countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-5-27 .
  14. a b   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: Political instability and economic decline (1839-79) countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-5-27 .
  15.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: War of the Pacific countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-5-27 .
  16.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: The Liberal Party and the Rise of Tin countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-5-27 .
  17.   Chacoko Gerra Lur Hiztegi Entziklopedikoa, CC-BY 3.0 lizentzia, euskara.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2019-5-27 .
  18.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: The Unfinished Revolution countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-5-27 .
  19.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Bolivia: The Presidency of Barrientos countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-5-28 .
  20.   Casagrande, Orsola; Arrugaeta, Jose Miguel Borroka armatuaren azken gerrillariak Berria egunkaria, 2016ko irailak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-5-28 .
  21.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak Revolutionary Nationalism: Ovando and Torres countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-5-28 .
  22.   Hudson, Rex A. eta Hanratty, Dennis M., editoreak The Banzer Regime countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2019-5-28 .
  23.   Roberts, Sam Luis García Meza, Bolivian Dictator Jailed for Genocide, Dies at 88 The New York Times, 2018ko maiatzak 2, nytimes.com . Noiz kontsultatua: 2019-5-29 .
  24.   Vitoria, Oihan Eskura zuen, eta eskuratu du Berria egunkaria, 2014ko urriak 13, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-6-1 .
  25.   Bolivia Caracteristicas de Populacion y Vivienda: Censo Nacional de Populacion y Vivienda 2012 ine.gob.bo . Noiz kontsultatua: 2019-3-12 .
  26.   Decreto Supremo Nº 1672, 31 de julio de 2013 lexivox.org . Noiz kontsultatua: 2019-03-29 .
  27.   Etxebarria, Joanes Evo Morales, beste agintaldi baten bila 7k aldizkaria, 2016ko otsailak 21, naiz.eus . Noiz kontsultatua: 2019-4-16 .
  28.   Cultivo de la hoja de coca y su rendimiento continúan en declive en Bolivia por segundo año consecutivo: Informe de Monitoreo de Hoja de Coca de 2012 de la UNODC unodc.org . Noiz kontsultatua: 2019-4-16 .
  29.   ONU: cultivos de coca en Bolivia aumentan por segundo año consecutivo mundo.sputniknews.com . Noiz kontsultatua: 2019-4-16 .
  30.   Un informe revela la mayor reserva mundial de litio en Bolivia según su Gobierno efe.com . Noiz kontsultatua: 2019-4-16 .

Kanpo loturakAldatu