Frantziako historia
Frantziako historia |
Historiaurrea eta Antzin Aroa |
Erdi Aroa |
Aroa Modernoa |
Aroa Garaikidea |
|
Zerrendak |
---|
Frantziako historia gaur egungo Frantzia Europako estatuaren lurraldearen historia da. Frantzia izena 1190 inguruan agertu zen lehen aldiz, Philippe Auguste-ren kantzilertzak rex Francie rex Francorum tituluaren ordez erabiltzeari ekin zionean; Kapetoen leinuaren garaia izan zen hura. Lurraldea, 1204tik, regnum Francie (Frantziako erresuma) deitzen hasi zen.
Edonola ere, gizakiak egungo Frantziako lurraldean askoz aurretik bizi ziren. Paleolitotik giza taldeak bizi izan dira Rhin ibai eta Atlantiko kostalde arteko lurraldean. K.a. lehen milurtekotik, zeltak finkatu ziren, galiar ere deituak.Arku Atlantikoko zati handi batean, egungo euskaldunei lotutako giza taldeak bizi ziren, gerora Garona hegoaldera mugatuta (akitaniarrak). Erromatarrak K.a. I. mendean heldu ziren, eta K.o. IV. mendean germaniarrak, batik bat frankoak, Galia deitutako probintziaren iparraldean finkatzen hasi ziren,
K. o. bigarren milurtekoaren hasieratik, kapetar leinuak ziurtatu zuen herrialdearen batasuna. Monarkia desagerrarazita, Iraultzak politika eta administrazio arloetan lortu zuen batasuna. Aro garaikidean, gatazka odoltsuetan babestu da batasun hori, kulturan ere batasuna lortu ahala.
Historiaurrea
aldatuNeanderthalak Frantzian K. a. 200.000 inguruan kokatzen hasi ziren, baina duela 30.000 bat urte desagertu ziren, ziurrenik eguraldi hotzeko garaian Homo Sapiens Sapiens, gizaki modernoarekiko lehia zela eta. Lehendabiziko Homo Sapiens Sapiens Europan (baita Frantzian ere) duela 50.000 urte inguru sartu ziren.
Neolitotik Brontze Aroraino, aitzinindoeuroparrak eta aitzinzeltak Europako mendebaldean zehar sakabanatu ziren. Burdin Aroko azken etapetan, La Tène kultura garai historikoetako zeltar kultura bilakatu zen.
Erromatar Garaia
aldatuErromatarrek geroago deituriko Galia (egungo Frantzia, Belgika eta Alemaniako zati bat) Galiako zeltan mintzatzen ziren zeltek okupatuta zegoen gehienbat. Garonatik hegoaldera, baina, euskararekin lotuta zegoen hizkuntzan, akitanieraz, hitz egiten zuten herriak zeuden. Zeltek Lutetia Parisiorum (Paris) eta Burdigala (Bordele) hiriak, besteak beste, fundatu zituzten, akitaniarrek Tolosa (Tolosa Okzitaniakoa) fundatu zuten bitartean.
Erromatarrak etorri aurretik, greziarrak etorri ziren, eta Massalia (Marseille) eta Nicaea (Niza) hiriak fundatu zituzten. Haien bidez, salerosketak areagotu ziren. Galiarrek akitaniarren, germaniarren eta erromatarren kontra egin zuten borroka usu. Hanibalek mertzenario galiarrak hartu zituen bere alde egiteko Italia inbaditu zuenean.
Erromatarren menpe geratu zen aurreko Galiako lurraldea Proventza izan zen, K. a. 121ean. Baina Galiako biztanleak Julio Zesarrek menderatu zituen gupidagabe, nahiz eta Vercingetorix buruzagiak aurre egin eta Gergoviako batailan garaile atera. Alesian erromatarrek gailendu zituzten.
Hainbat probintziatan bananduta, erromatarrek ere hiriak fundatu zituzten Galian: Lugdunum (Lyon) edo Narbonensis (Narbona). Galiar asko esklabo bihurtu ziren, edo beste leku batera mugiarazi zituzten. Galiako zelta latinek ordezkatu zuen pixkanaka. Mendeetan erromatarren eskupean, Galiako kultura erromatar bilakatu zen. Britainia Handitik IV. mendean zeltak itzuli ziren, Britainian finkatuta.
Bisigodoek Akitaniako probintzia eskuratu zuten 418an, vandaloen aurkako emandako laguntzarengatik. Hala ere, 410ean Erroma bera arpilatu zuten, eta Tolosa aldean kokatuta zeuden. Burgundiarrak Lugdunum hiriaren inguruan kokatu zituen Flavio Aezio jeneralak 443an. Erromatar Inperioa amildegiaren ertzean, Galiako iparraldea frankoen esku utzi zen. Baskoiek Pirinioetatik Gaskonian zehar barreiatu ziren. Bretoiek hiru erresuma osatu zituzten: Domnonia, Cornouaille eta Broërec.
Erdi Aroa
aldatuFrankoen erresumak
aldatuSaliar frankoen buruak, Klovis I.ak, 486an Siagrio garaituta Galiako iparraldea eta erdialdea batu zituen bere agindupean. 496an, katoliko bihurtu zen. Honela, legitimazioa eta boterea lortu zuen beste erresumen aurrean, eta bisigodoen kontra egiteko, apaizen babesa lortu zuen. Izan ere, bisigodoak, kristauak izanda ere, arrianoak ziren, eta ez katolikoak. Bisigodoen errege Alariko II.a 507an garaitu zuen Vouilléko guduan, eta Tolosa eta Akitania bere eskuetan hartu zituen.
Hala ere, Klovis hil ondoren, erresuma ondorengoen artean banandu zen. Frankoak bananduta eta elkarren kontra aritu ziren hainbat alditan eta haien lurraldea zatikatu egin zen. Funtsean Austrasian eta Neustrian agindu zuten ("Frantzia"), alegia, Loira ibaitik iparraldera, eta Akitania eta Baskonia burujabe izaten hasi ziren, bereziki 660. urtearen ondoren.
Merovingiar leinu hau, azkenean, benetako boterea galtzen hasi zen, jauregiko buruen leinuaren mesederako. Karolingiar leinu honek, musulmanak geldiarazi zituzten 732an. Azkenean, 751n, Pepin Laburrak errege titulua hartu zuen, azken merovingiarra baztertuta.
Merovingiarren erpina Karlomagnok, Pepin Laburraren seme eta ondorengoak lortu zuen, lonbardarrak (774), Bavaria (788), avararrak (796), Bartzelona (801) eta Behe Saxonia (804) konkistatuta eta garaituta. Gainera, Aita Santuak enperadore izendatu zuen 800ean.
Alabaina, Ludoviko Pio bere semearen heriotzaren ostean (840), erresuma erraldoi hori banandu zen Verdungo Hitzarmenean (843). Mendebaldeko zatitik Frantzia erresuma sortzeko zen. Enperadore titulua ekialdeko zatian berreskuratu zuten 962an.
Azken karolingiar erregealdietan, erresuma bikingoek arpilatu zuten. Rollo burua edukita, bikingoak Normandian finkatu ziren azkenean. Edonola ere, haien aurkako borroketan, Parisko Odon kontea eta Roberto, bere anaia, nabarmendu ziren. Haiengandik kapeto leinua sortu zen.
Frantzia Erdi Aroan (987-1453)
aldatuHugues Capet, kapetar leinukoa, errege aukeratu zuten Reimsen 987ko ekainaren 1ean. Garai horietan, erregeen boterea oso ahulduta zegoen, eta Paris inguruko lurraldea baino ez zegoen bere aginpean. Nahiz eta de jure erresuma handi baten burua izan, de facto eskualdeak jaun feudalek kontrolatzen zituzten. Baina Louis VI.arengandik aurrera, erregeen boterea handituz joan zen.
Hala ere, erresumako basailu nagusiek, Normandiar, Plantagenet, Lusignan, Hauteville, Ramnulfid, edo Tolosako etxeek Frantziatik kanpoko lurraldeak bereganatu zituzten. Horietako garrantzitsuena, Normandiarrek burututako Ingalaterraren konkista izan zen (1066). Hala, Frantzia eta Ingalaterra Normandiaren bidez loturik geratuta, gatazka ugari sortu ziren. Philippe Augustok Bouvinesko batailan (1214) Joan Lurgabea menderatuta, Angevinar Inperioa amaiarazi zen.
Kataroen kontrako gurutzadari esker (1209-1229), hegoaldeko lurralde asko Parisko erregeen mendera geratu ziren. Saint Louisen eta Philippe IV.aren agintaldiekin (1226-1270) eta (1285-1314), Frantzia erresuma zentralizatu bilakatu zen. Philippe IV.ak Tenpleko Ordena amaiarazi eta Aita Santuak Avignonera ekarri ahal izan zituen, hain zen boteretsua.
Ingalaterrako erregeekiko gatazka nagusia Ehun Urteko Gerra izan zen (1337-1453). Garai gogorra izan zen frantziarrentzat, Izurri Beltzaren garaia ere izan zelako (1348). Baina heroiak ere agertu ziren, Jeanne d'Arc kasu. Azkenean, Ingalaterrak Frantzian zeukan lurralde guztiak galdu zituen.
Aro Modernoa
aldatuTokian tokiko aldeak gorabehera, Frantziako estatua gero eta zentralizatuago bilakatu zen XVI. mendean. Baina ezkontzak eta hitzarmenak zirela eta, Frantzia Habsburg leinuaren lurraldeek inguratuta geratu zen. Hortaz, Karlos V.aren kontra hainbat gerretan, Italiakoan (1494-1559) esaterako, borrokatu ziren frantziarrak.
Erreforma Protestantearen garai horretan, Jean Calvinaren dotrinak Frantzian zehar barreiatu ziren. Gisa dukeak buru zituen katolikoek higanoten sarraskia burutu zuten (1562), Erlijio Gerrak abiaraziz. Azkenean, Nafarroako Henrike III.a Frantziako errege (Henrike IV.a izenpean) bihurtu zen. Nantesko Edikturen bidez, higanoten sinesmena errespetatu zen. Richelieu kardinalak, ordea, higenoten kontra egin zuen Frantzian barnan. Frantziatik kanpo, aldiz, protestanteen alde egin zuen Hogeita Hamar Urteko Gerran (1618-1648). Paris mehatxupean egon arren, Rocroi batailan (1643) frantziarrek garaipen erabakigarria lortu zuten. Westfaliako Bakeak (1648) gerraren amaiera ekarri bazuen ere, Frantzian gatazkek jarraitzen zuten: Fronda (1648-1653) eta Espainiaren aurkako gerra (1653-1659).
Iraultzaren aurretik
aldatuFrantzian Argien Mendea deitu izan diote garai honi, bereziki 1715etik 1789ra doan tarteari[1][2][3]. Luis XV.a 1715etik 1774ra izan zen errege. Bost urterekin, bere birraitona Luis XIV.a hil zenean, boterea, Orleanseko dukea buru zuen erregeordetza kontseilu bati eman zitzaion. Azken hau arduratu zen Parisko Parlamentuak hildako erregearen testamentua baliogabetzeaz, bere boterea mugatzen zuena, errieta egiteko eskubidea itzultzearen truke (droit de remontrance). Luis XIV.ak eskulotutako potentzia autonomoetako batek XVIII. mendean zehar erabiliko zuen monarkiaren aurkako protesta botere bat berreskuratu zuen horrela. Moralaren erlaxazio baten, goraldi ekonomiko baten eta espekulazioaren garaia iritsi da. Produktu exotikoekiko gustuak Atlantikoko portuen garapena errazten du. Merkatari kolonialek, monarkiak eta esklabo trafikatzaileek aberastasun izugarriak egin zituzten, eta kolonoek manufakturatutako produktuak inportatu zituzten Frantziatik. Nantesko portua garatu egin zen, eta esklabistak Nantesen, Bordelen eta Arroxelan ezarri ziren, eraikin izugarriekin. New Orleans 1718an sortu zen, komertzio horren parte.
Erregeordea 1723an hil zenean, Luis XV.a bere ministroetako baten alde jarri zen, Fleury, erabateko konfiantza zuen bere tutore ohia. 1743an hil zenean erregeak benetako agintea hartu zuen. Bere erregealdian, Frantzia hedatu egin zen. 1735ean, Lorrena printzerri subiranoa, Frantziak hainbat aldiz okupatu zuena, Estanislao I.a Leszczynski errege dohakabeari eman zioten, errusiarrek eta austriarrek poloniar tronutik kanporatutako erregea eta Luis XV.aren aitaordea. 1766an hil zenean, errege domeinuan sartu zen. Korsika, de facto 1755etik independentea, Genovako Errepublikak sinbolikoki laga zuen 1768an eta, ondoren, militarki menderatua izan zen Ponte-Novoko guduaren ondoren, 1769ko maiatzean. Hori baino lehen, 1762an, Dombes eskualdea ere Frantziari lotu zitzaion. Luis XV.a eta Luis XVI.aren erregealdien pean, mugen sinplifikazio eta erregularizazio politika bat abiatu zen. Inguruko estatuekin leku aurreratuak trukatzea zen kontua, mugetatik kanpo nahiz lurralde barruko atzerritarren enklabeak saihesteko. 1789an, atzerriko hiru kokagune baino ez zeuden Frantziako lurraldean, Avignon eta Comtat, Aita Santuarenak, Montbéliardeko Printzerria eta Mulhouseko Errepublika[4].
XVIII. mendean sortu zen Frantziako muga naturalen teoria. Erregeari zuzendutako memorandum batek dio: "Frantzia Rhinean konfinatua egon behar du, eta ez du inoiz Alemaniaren konkistan pentsatu behar. Hesi hori eta naturak mendebaldeko eta hegoaldeko kostaldeetatik agindu dizkion beste hesiak egingo balitu: itsaso ozeanoa, Pirinioak, Mediterraneo itsasoa, Alpeak, Mosa eta Rin, orduan Europako arbitroa izango litzateke eta bakea mantentzeko moduan egongo litzateke, asaldatu beharrean"[5]. Bere erregealdian, Luis XV.ak behin eta berriz arbuiatu zituen Austriar Herbehereak (egungo Belgika) bereganatzeko egin zitzaizkion proposamenak, bere aliantza edo neutraltasunaren truke, historialariek arrazoia erabat ulertu gabe[4]. Luis XV.ak Austriako Herbehereak anexionatzeari uko egin izanak erakusten du ideia hori ez zela, une horretan, Estatuaren doktrina ofiziala.
Zazpi Urteko Gerra (1756-1763) galtzean, Frantziak itsasoz haraindiko bere garrantzi politikoa galdu zuen, bereziki Amerikan (Frantzia Berriaren galera) eta Indian (non Yanam, Chandernagor, Karikal, Mahé eta Pondicherry bakarrik kontserbatzen zituen), 1763ko Parisko Itunaren bidez bere lurraldeak aurkari britainiarrari lagatzean.
Luis XV.aren erregealdian zehar kultura mailan pertsonaia oso garrantzitsuak izan ziren, Ilustrazioko filosofoen agerpenarekin, Voltaire, Rousseau, Montesquieu, Diderot eta d'Alembert kasu. Hala ere, euren garaian filosofo hauek ez zuten gaur egun duten zabalpen bera[6].
Luis XV.aren biloba, Luis XVI.a, 1774an iritsi zen boterera. Errege lotsatia zen. Intrigek eta zurrumurruek zeharkatutako gorte batean bizi da. Bere erregealdia, noraezean hartutako politikek markatu zuten. Gortearen, parlamentuen eta nobleziaren presiopean, ezin zituen hartu gehiegizko zor publikoari eta aurrekontu defizitei aurre egiteko beharrezko neurriak. AEBetako matxinoei emandako laguntzak are gehiago larriagotzen du defizita. Beste hainbat faktorek monarkia absolutuaren zailtasunak azaltzen dituzte.
Estatuaren arazorik handiena aurrekontu defizit kronikoa zen, erregea finantzarioen eta dirua maneiatzen dutenen menpe egotera eraman zuena. Gobernu sistemen beste paralisi iturri bat parlamentuen oposizioa da, erresumako legeen defendatzaile eta kontrabotere gisa jarduten dutenak. Erresuma erreformatzeko edozein saiakeraren aurka eginez, monarkia absolutuaren krisian lagundu zuen Luis XVI.aren erregealdian. Administrazioa zentralizatzeko ahaleginak egin arren, herrialdea bateratuta egotetik urrun zegoen. Probintzien artean ohiturak eta foruak zeuden (ikus, Foruen amaiera Ipar Euskal Herrian), ez zegoen pisu eta neurri batasunik. Horrek guztiak zaildu egiten zuen Frantziaren garapen ekonomikoa, Ingalaterra aireratze industrial baten erdian dagoen une batean. Zergak ez ziren modu berean biltzen herrialde osoan, nahiz eta administratzaileek haien banaketa eta bilketa gainbegiratzen zuten. Frantzisko I.ak Villers-Cotterêtseko ordenantzarekin egindako ahaleginak gorabehera, legeak ez ziren berdinak erresuma osoan. Frantziako Iparraldeak ohiturazko zuzenbidearen menpe jarraitzen zuen, 300 ohitura inguru, hegoaldea, berriz, zuzenbide idatziaren menpe zegoen, zuzenbide erromatarrean oinarritua. Antzinako Erregimenak egoera korapilotsuago besterik ez zuen egiten. Ondorioz, 1780ko hamarkadan, tamaina eta funtzio ezberdineko barrutien sorta bat egon zen: Antzinaroko elizbarrutia, Erdi Aroko bailiak eta seneskaliak, XVI. mendeko généralités. Adibidez[7]:
« | Saint Mesnineko egoiliar bat Semurreko batxilergoan bizi zen, bere zergak Semurren errezetaren arabera ordaintzen zituen, Vitteauxeko ordezkariordearekin eta Dijongo gotzainarekin tratatu behar zuen; ur eta baso arazoren batek geldiarazten bazuen, Avallonen kontrolpean zegoen, eta haren aurrean azaldu behar zuen; justizia kontsularra behar bazuen, Saulieu zen hura gidatzen zuena. | » |
Nahaste hau, errege boterea sortu zen moduagatik azaltzen da. Eskuratze bakoitzarekin, erregeek, probintzia eta hirietako pribilegio eta ohiturak errespetatuko zituztela agintzen zuten. Frantziako Iraultzaren ateetan, eskualdeen berezitasunak oso ezbedinak ziren oraindik.
Frantziako Iraultza
aldatuFrantziako Iraultza (Revolution française) XVIII. mendeko pasarterik garrantzitsuenetako bat da, batzuen ustez historia unibertsaleko gertakari nagusietako bat[8][9]. Mundu mailan, Iraultzak errepubliken eta demokrazien gorakada bizkortu zuen. Ideologia politiko modernoenak garatzeko gune fokala bihurtu zen, liberalismoa, erradikalismoa, nazionalismoa[10] eta sekularismoa hedatzera eramanez, beste askoren artean. Erabateko gerraren jaiotzaren lekuko ere izan zen Iraultza, Frantziaren baliabideak eta bere herritarren bizitzak defentsa nazionalaren helbururantz antolatzean[11]. Bere dokumentu zentraletako batzuek, Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena kasu, abolizionismoaren eta sufragio unibertsalaren aldeko mugimenduak inspiratzen jarraitu zuten hurrengo mendean[12][13][14].
1789tik aurrera Frantzian eta bere kolonietan izandako asaldura sozial eta politiko sakona izan zen. Iraultzak monarkia garaitu zuen, errepublika bat ezarri zuen, asaldura politikoko aldi bortitzak katalizatu zituen eta, azkenik, Napoleonen agindupeko diktadura batekin zen, bere printzipioetako asko Mendebaldeko Europan eta harantzago konkistatu zituen eremuetara eraman zituena.
Frantziako Iraultzaren arrazoiak konplexuak dira, eta oraindik ere historialarien artean eztabaidatzen dira. Lehen aipatu dugun bezala, Zazpi Urteko Gerraren eta Amerikako Gerra Iraultzailearen ondoren, Frantziako gobernua erabat zorpetuta zegoen. Bere finantza egoera berrezartzen saiatzen da erregimen fiskal inpopularren bidez, oso erregresiboak direnak. Iraultzaren aurretik, uzta txarren urteak okertu egin ziren ale-industriaren desarauketa zela eta (Pacte de Famine izeneko konspirazioa[15]), eta ingurumen-arazoek herri-erresumina areagotu zuten, ezarritako elizako aristokrazia eta klero katolikoaren pribilegioengatik. Historialari batzuek Thomas Jeffersonek aldarrikatu zuenaren antzeko zerbaiti eusten diote: Frantzia "gure Iraultzak [amerikarrak] esnatu zuela". Aldaketa-eskariak Ilustrazioaren idealen arabera formulatu ziren eta 1789ko maiatzean Estatu Orokorren deialdiari lagundu zioten. Iraultzaren lehen urtean, Hirugarren Estatuko kideek (plebeioak) kontrola hartu zuten, Bastillari uztailean eraso zioten, Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Deklarazioa abuztuan onartu zen, eta Versaillesera Emakumeen Martxak errege gortea urrian Parisera itzultzera behartu zuen. Lehen etapako gertaera nagusi bat, 1789ko abuztuan, feudalismoaren abolizioa eta Antzinako Erregimenetik geratu ziren antzinako arau eta pribilegioak deuseztea izan zen.
Hurrengo urteetan borroka politikoak izan ziren hainbat batzar liberalen eta monarkiaren eskuineko aldekoen artean, erreforma garrantzitsuak zapuztu nahi zituztenak. 1792ko irailean aldarrikatu zuten Errepublika, Frantziak Valmyn irabazi ondoren. Nazioarteko kondena ekarri zuen gertaera garrantzitsu batean, Luis XVI.a 1793ko urtarrilean exekutatu zuten.
Kanpoko mehatxuek gertutik markatu zuten Iraultzaren ibilbidea. 1792an hasi ziren Gerra Iraultzaileek italiar penintsula, Herbehereak eta Rhin ibaiaren mendebaldeko lurralde gehienak konkistatzea lortu zuten Frantziako garaipenak jaso zituzten, aurreko gobernu frantziarrek mendeetan zehar saihestu zituzten lorpenak. Barnean, herri asaldurak nabarmen erradikalizatu zuen Iraultza, Maximilien Robespierre eta jakobinoen gorakadarekin amaituz. Salbamen Publikorako Batzordeak ezarritako diktadurak, Izu Garaiak, 1793tik 1794ra elikagaien eta beste artikulu batzuen prezioen kontrola ezarri zuen, esklabotza indargabetu zuen atzerriko kolonia frantsesetan, eliza katolikoa ezegonkortu zuen (gizartearen deskritautzea), egutegi errepublikar sekular bat sortu zuen, buruzagi erlijiosoak kanporatu zituen eta errepublika berriaren mugak etsaiengandik ziurtatu zituen.
Erreakzio Termidoriarraren ondoren, Direktorioa bezala ezagutzen den kontseilu exekutibo batek Frantziako estatuaren kontrola hartu zuen 1795ean. Hauteskundeak bertan behera utzi zituzten, zorrak errefusatu zituzten (prozesuan finantza ezegonkortasuna sortuz), klero katolikoa jazarri zuten eta atzerrian konkista militar garrantzitsuak egin zituzten. Ustelkeria karguek jazarria, direktorioa Napoleon Bonapartek 1799an zuzendutako estatu kolpe batean kolapsatu zen. Napoleon, bere herri kanpaina militarren bidez Iraultzaren heroi bihurtu zena, Kontsulatua ezarri zuen, eta, beranduago, Lehen Inperioa, Napoleondar Gerretako gatazka global sorta zabalago baterako eszenatokia prestatuz.
Etorkizuneko mugimendu iraultzaile ia guztiek atzera begiratu zuten, Iraultzara, haren aurrekari gisa. Bere esaldi nagusiak eta sinbolo kulturalak, hala nola Marseillesa eta Liberté, fraternité, égalité, ou la mort, historia modernoko beste nahasmendu handi batzuen erakargarri bihurtu ziren, Errusiako Iraultza barne mende bat beranduago. Iraultzaren balioak eta instituzioak nagusi dira Frantziako politikan gaur arte. Iraultza sistema feudala ezabatzean, gizabanakoaren emantzipazioan, lurraren jabetzaren banaketa handiago batean, jaiotza noblearen pribilegioen abolizioan eta gizonen arteko berdintasunaren ezarpen nominalean gertatu zen. Frantziako Iraultza beste iraultza batzuetatik bereizi zen, ez soilik bere nazio izaeragatik, baizik eta gizateria osoari mesede egin nahi ziolako.
XIX. mendera
aldatuNapoleonek botere osoa bere gain hartu zuen, 1804an enperadore izendatuta. Estrategiarako sen aparta edukita, garaipen militar itzelak erdietsi zituen (Austerlitz edo Friedland), baina Europako erresuma guztiek bere aurka batera eginda, 1814an lehen aldiz, eta Waterlooko guduaren porrotaren ondoren bigarrenik (1815), boterea galdu zuen, Borboiak tronuan berrezarrita.
Errestaurazio garai honetan, atzerakoien eta aurrerakoien arteko gatazka areagotu zen. Charles X.a Uztaileko Iraultzak (1830) kendu zuen tronutik. Bere ordean, Orleansko Louis-Philippe jarri zuten, liberalagoa izango zelakoan. Hala ere, 1848an, beste iraultza batek boteretik kendu zuen, Bigarren Errepublika sortuz. Louis Napoleon Bonaparte presidente izendatu zuten, baina 1852an enperadore izendatu zuen bere burua. Bigarren Inperio horretan, industrializazioa garatu zen, baina denboraren poderioz errepublikazaleen kritikak gero eta ugariagoak ziren. 1860ko urtarrilean, Emile Pereire burdinbidearen handikiak bultzatuta, Napoleon III.a enperadoreak estatu arteko merkataritza liberalizatzeko agindua eman zuen gutun baten bitartez, Frantziako eragile ekonomiko askoren haserrea piztuz.[16] Azkenean, Prusiaren kontrako gerran izandako porrotak Inperioaren amaiera ekarri zuen. Alemania batu zen Prusiaren inguruan (Bigarren Reicha) eta Frantziak Alsazia eta Lorrena galdu zituen.
Porrotaren ondoren, Parisen Komuna altxatu zen. Gupidagabe zapaldu zuten: Aste Odoltsuan (La Semaine Sanglante) 30.000 lagun inguru hil ziren, datuak ziurtzat jo ezin badira ere. Hirugarren Erreplikak 1789ko Iraultzaren ondareari muzin egiten zioten kontrairaultzaileen erasoak pairatu behar izan zituen, nahiz eta hauek bi taldetan (Borboiak babesten zituzen legitimistak eta Orleandarrak) bananduta egon. Garai honetan, tokiko hizkuntzak ezabatzen hasi ziren.Estimatu da Frantziako Iraultzaren garaian monarkia horretako biztanleen % 11k hitz egiten zuela frantsesez, eta 83 departamentuetatik 15etan soilik.[17] Aldi berean, Afrikako Banaketan eta Indotxinan lortutako lurralde berriek, Frantziar Inperio Kolonialak hain zuzen ere, Frantziako handitasunaren mitoa sortu zuten. Kanpo-harremanetan, Alemaniaren kontrako mendekua hartu nahiez, Errusia eta Erresuma Batuarekin kolaborazio-akordioa (1907) sinatu zuen.
XIX. mendearen bukaera eta XX.aren hasieraren arteko garai hau Belle Époque deitzen da (Garai Ederra). Izan ere, berrikuntza eta entretenigarri ugari asmatu ziren: kabareta, zinema, Inpresionismoa... Nolanahi ere, Frantzia erlijioak, klaseak, erregionalismoak eta diruak bananduta zegoen nazioa zen.
XX. mendea
aldatuLehen Mundu Gerra piztean, Europan aurreko urteetan garatutako aliantza-sistema abian jarri zen. Honela, Frantziak Errusia eta Serbiaren alde egin zuen. Erresuma Batuak ere, Alemaniak Belgika konkistatutakoan, haiekin egin zuen bat.
Gerra laburra izango zen ustea oso hedatuta egon arren, lubaki-sare bilakatutako fronteak, batik bat mendebaldean (hau da, Frantzian) oso egonkorrak izan ziren lehenengo mugimenduen ostean. Verdun, Marne edo Somme gisako borroketan lurra behin eta berriro galtzen eta irabazten zen, aurrerapen handirik egin gabe. Azkenean, hein handi batean, AEBetako laguntzari esker, garaipena lortu zuten aliatuek. Parisen, Bake Biltzarra eratu zen, zeinek, besteak beste, gerraren erantzukizun osoa alemaniarren gainean ezarri zuen.
Gerrak hurbil zirudien berriro, are gehiago Alemanian Hitlerrek boterea hartu zuenean (1933). Gerrarako hainbat prestaketa egin arren (Maginot Lerroa), Lehen Mundu Gerraren sufrimenduen oroimenak bakea ziurtatuko lukeen politikaren alde jotzea gomendatzen zuen (Municheko Biltzarra). Edonola ere, 1939ko irailaren 1ean Hitlerrek Polonia inbaditzean, Frantziak eta Erresuma Batuak gerra deklaratu zioten Alemaniari.
Frantzia eta Alemaniaren arteko buruz buruko borrokak 1940ko maiatzean hasi ziren. Maginot Lerroa aise gainditu zuten alemaniarrek. Ekainaren 24an, errenditzea Frantziako agintariek erabaki zuten. Alemaniak Frantziako hiru bosten okupatu zituen. Gainerakoa, Philippe Pétain Lehen Mundu Gerraren heroia buru zuen Vichyko Gobernurako utzi zuten. Nolanahi ere, Londrestik Charles de Gaullek erbesteko Frantzia Askeko gobernuburua izendatu zuen bere burua. Inor gutxi altxatu ziren okupazioaren aurka, Erresistentzia osatuz. Baina Frantziako benetako askapena Normandiako Lehorreratzearekin hasi zen.
Gerra amaitutakoan, 1946ko urriaren 13an indarrean ezarri zen konstituzioak Laugarren Errepublika aldarrikatu zuen. Hurrengo 16 urteetan, Inperio Koloniala guztiz desegin zen. Dien Bien Phu batailaren ondoren, Indotxina galdu zuen: Vietnam bi estatutan banandu zen, eta Kanbodia zein Laos independente bihurtu ziren. 1958an, Aljeriako kolonian sortutako arazoak zirela kausa, Charles de Gaullek gobernu indartsuagoa eratu zuen, Bosgarren Errepublikari hasiera emanda.
Bestela, 1977ko irailaren 10ean Hamida Djandoubi hiltzailea gillotinatu zuten, azken zigor-exekuzioa izan zena. 1981ean heriotza zigorra ezeztatu zuten herrialde osoan.
XXI. mendea
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ (Frantsesez) Belmas, Elisabeth. (1994). Le XVIIIe siècle, 1715-1815. Editions Bréal ISBN 9782853947367. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ (Frantsesez) Cottret, Monique. (2002-02-01). Culture et politique dans la France des Lumières: (1715-1792). Armand Colin ISBN 9782200254483. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ Beaurepaire, Pierre-Yves (1968-....).. (2014). La France des Lumières : 1715-1789. ([Edition compacte]. argitaraldia) Belin ISBN 9782701188911. PMC 933233084. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ a b Bély, Lucien. (2013). La France moderne, 1498-1789. Presses Universitaires de France ISBN 9782130595588. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ (Ingelesez) «FRANCE - Achèvement de l`unité (1789-1944) - Frans» studylibfr.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan:
ez da testurik eman
:0
izeneko erreferentziarako - ↑ Robin, Régine, Verfasser. (1970). La société française en 1789 Semur-en-Auxois. Plon PMC 1072552117. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ Frey, Linda.. (2004). The French Revolution. Greenwood Press ISBN 0313017085. PMC 57414301. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ Palmer, R. R. (Robert Roswell), 1909-2002.. (2002). A history of the modern world : to 1815 [sic. ] (9th ed. argitaraldia) A.A. Knopf ISBN 0375413987. PMC 48469101. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ Nationalism in the age of the French Revolution. Hambledon Press 1988 ISBN 0907628974. PMC 17952792. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ David A. Bell. (2007-01-12). The First Total War. Houghton Mifflin (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ The French Revolution in global perspective. Cornell University Press 2013 ISBN 0801467470. PMC 835374589. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ The global ramifications of the French Revolution. Cambridge University Press 2002 ISBN 0521524474. PMC 49737523. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ Fehér, Ferenc, 1933-1994.. (2003). The French Revolution and the birth of modernity. EScholarship, the California Digital Library PMC 223653530. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ (Ingelesez) Andress, David. (1999-06-12). French Society in Revolution, 1789-1799. Manchester University Press ISBN 9780719051913. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
- ↑ (Ingelesez) Davies, Helen M.. (2016-05-16). Emile and Isaac Pereire: Bankers, Socialists and Sephardic Jews in nineteenth-century France. Oxford University Press ISBN 9781526110947. (Noiz kontsultatua: 2019-02-22).
- ↑ Torrealdai, Joan Mari. (2018). Asedio al euskera. Más allá del libro negro. Jakin, 23-24 or..
Kanpo estekak
aldatu