Frantziako Bigarren Inperioa

Frantziako historia
Historiaurrea eta Antzin Aroa
Erdi Aroa
Aroa Modernoa
Aroa Garaikidea
Zerrendak

Frantziako Bigarren Inperioa[1] Napoleon III.aren agintaldia da, 1851ko abenduaren 2ko estatu-kolpearekin eta era ofizialean 1852ko azaroan hasita eta 1870ean, Prusiaren aurkako gerra galdu ostean, amaitua.

Inperio Autoritarioa (1851-1860) aldatu

Barne politika aldatu

Inperio Autoritario deritzon Bigarren Inperioaren lehenengo epe honetan, barne politika bi helburu nagusi izan zituen Napoleon III.ak: estatuko botereak bereganatzea eta matxinadak itzaltzea. 1852ko konstituzioak Napoleonen esku botere betearazlea eta militarra utzi zituen, baita justizia boterean eskua sartzeko eskumena ere, ordezkariak izendatu ahal izaten baitzituen. Legegintzari zegokionez, Napoleonek Estatu Kontseilua eratu zuen, zeinek proposatzen zituen gizonezko sufragio unibertsalaren bidez hautatutako legebiltzarrak aztertu behar zituen legeak.

Orden publikoa poliziaren bidez gorde zen: polizia hirietan eta jendarmeria herrietan. Zentsurarik ez egon arren, prentsa zein unibertsitateak zelatan zituen. Elizarekin aliatuta, batik bat Industria Iraultzak ekarritako aberastasunak, baikortasuna, segurtasuna eta ondasun andana eman zizkien frantsesei. Honela, matxinatzeko gogoa apaldu zen.

Kanpo politika aldatu

Kanpo politikan, epe honetan Krimeako Gerran zein Austria-Piamonteko Gerran ere aritu zen Napoleon.

Krimeako Gerran Napoleon III.ak Erresuma Batuaren alde egin zuen eta Nikolas I.a Errusiakoaren aurka ekialdeko katolikoei lagundu nahian. Bi urteren buruan garaile aterata, nazioarteko mailan ospe handia lortu zuen Napoleonek.

Italian, Piemonteko Cavourrekin sinatu zuen Plombièrsko hitzarmena (1858ko uztailaren 21ean) Austriaren aurka. Hurrengo urteko ekainean, Magenta eta Solferino gudetan austriarrak garaitu ostean, Prusiak Austriari laguntza emango zien beldurrez, Napoleonek bakea sinatu zuen, Piemontekin adostu gabe. Piemontek lurralde batzuk lortu arren, tartean Aita Santuen Estatuko zati bat, Cavourrek dimisioa aurkeztu zuen.

Ekonomia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Frantziako Industria Iraultza»

Historialari frankok Frantziako benetako Industria Iraultzaren garapena epe honetan kokatzen dute.

Napoleonek eskua sartu zuen ekonomian. Frantziako nekazarien babesa (populazio aktiboaren %50 baino gehiago) bereganatu nahian, laguntza eman zien. Halaber, Paris eraberritu zuen, hiriburuko langabeziari aurre egiteko eta negozio-burgesiaren babesa ere bereganatzeko.

1850eko hamarkadan babeskor jokatu zuen Napoleonek ekonomia arloan, eta ekonomia modernizatu ahal izan zuen. 1860ko hamarkadan, merkatuak ireki zituen, eta, 1866ko krisi ekonomikora arte, Frantziako kanpoko salmentak ugaltzea lortu zuen.

Inperio Liberala (1860-1870) aldatu

Barne politika aldatu

Frantziako laguntzarekin Piamontek Aita Santuen Estatuetako zati bat eskuratu izanak (1859) kendu zion Napoleoni hainbat katoliko frantziarren babesa. Orduan, Napoleonek politika aurrerakoiagoa hartu zuen, -1859an amnistia ezarri zuen, esterako- errepublikazaleen babesa bereganatu nahian. Hala ere, atzerakoiekiko lotura moztu ez zuenez, hein txiki batean baino ez zuen lortu.

Liberalizazio politko (eta ekonomiko) horri esker, legebiltzarrak eskumen gehiago izan zituen, edota, 1864an, langileen elkarteak eta grebak onartu zituen.

Kanpo politika aldatu

 
Bigarren Inperioko armarria

Porrot latzak ere izan bazituen ere, batik bat 1866tik aurrera, Napoleonek arrakastak izan zituen: Savoia eta Niza bereganatu zituen Frantziak 1860an, Indotxinan eta Senegalen lehenengo koloniak kokatu zituen, Suezko Kanalaren eraikuntza (1859-1869), edota Mexikoko espedizioa (1861-1866).

Baina 1866an bertan, Bismarcken estreinako porrot diplomatikoa izan zuen Napoleonek, Luxenburgo Frantziarako bereganatu nahi izan zuenean. AEBetako Gerra Zibilean Hegoaldearen alde egin zuen Napoleonek, eta 1865ean Iparraldea atera zen garaile. Gainera, Frantziak Mexikon ezarritako gobernua –Maximilianorena- ez zuten onartu AEBek. 1867an, Frantziak abandonaturik, Maximiliano atzeman eta hil zuten.

Baina porrot erabakigarria 1869-1870eko Prusiaren kontrako gerra izan zen. Bismarckek berehala garaitu zituen Frantziako armadak. Ondorioz, Alsazia eta Lorena galdu zituen Frantziak, eta legebiltzarrak III. Errepublika aldarrikatu ondoren, II. Inperioa amaitu zen.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu