La Tène kultura
La Tène kultura Burdin Aroko kultura arkeologikoa da, K.a. 450 ingurutik K.a. I. mendeko erromatarren konkista arte Frantzian, Suitzan, Austrian, hegoaldeko Alemanian, Txekian, Eslovakian eta Hungarian garatua. Izena 1857an aurkitutako Suitzako La Téne aztarnategitik hartu zuen. Mediterraneotik zetozen eragin greziar eta etruskoei esker, Hallstatt kulturatik garatu zen zuzenean, haustura kulturalik gabe eta Europako Bigarren Burdin Aroaren ezaugarri nagusia da leku askotan.
Kultura hori ezagutzeko hiru iturri mota ditugu: arkeologikoak, idatzizkoak eta, polemikoena, etnografikoak. Izan ere, aditu batzuen ustetan, La Tène arte eta kulturaren elementu batzuk Europako mendebaldeko lurralde zeltetan gorde ziren.
Arkeologikoki La Tène kulturako materiala erabiltzen zuten gizarteei, K.a. V. mendetik aurrera Greziako eta Erromako idazleek keltoi eta galli deitu zieten, hurrenez hurren. Herodotok zeltak Danubioko iturburuan kokatu zituen, La Tène kulturako bihotzean hain zuzen ere. La Tène kultura osoa herri zelta batuarekin lotu daitekeen ala ez zehazten zaila da. Arkeologoek behin eta berriro adierazten dute hizkuntzak, kultura materialak eta tribuarekiko loturak ez dutela ezinbestean bat egiten.