Frantziako Bosgarren Errepublika
Frantziako Bosgarren Errepublika (frantsesez: La Cinquième République) 1958tik aurrera Frantzian izandako gobernu errepublikarra da.
Frantziako Errepublika République française | |||||
---|---|---|---|---|---|
1958 – Gaur egun | |||||
Errepublika | |||||
| |||||
Egungo Frantziaren kokapena | |||||
Geografia | |||||
Hiriburua | Paris | ||||
Kultura | |||||
Hizkuntza(k) | frantsesa | ||||
Historia | |||||
Hasiera | 1958 | ||||
|
Frantziako Laugarren Errepublika kolapsatzean, orduko sistema parlamentarioa sistema erdipresidenzialista batek ordezkatua izan zen. Frantziako historiaren hirugarren erregimenik luzeena da, Antzinako Erregimena eta Hirugarren Errepublika eta gero.
Historia
aldatu1958an Charles de Gaulle aginpidera itzuli zen. Hura Bosgarren Errepublikako lehendakari zela galdu ziren Frantziako itsasoaz bestaldeko kolonia gehienak. 1981ean Frantziak V. Errepublikako lehen lehendakari sozialista hautatu zuen, François Mitterrand. 1988ko lehendakaritzarako hauteskundeetan, Mitterrandek Jacques Chirac-i irabazi zion. Lehendakariak legegintzarako hauteskundeak deitu zituen; alderdi sozialistak irabazi zituen eta Michel Rocard izendatu zuten Lehen Ministro. Sozialisten politika ekonomikoa ez zen eskuinarenetik askorik aldendu. Langabeziak gora egiten segitu zuen (% 9,5 1991n). Urte horretan bertan Edith Cressonek hartu zuen Rocarden lekua; gobernua bere gain hartzen zuen lehenengo emakumea izan zen. Ez zuen, baina, asko iraun. Bederatzi hilabete geroago Mitterrandek ekonomia ministro ohia, Pierre Bérégovoy, industria eta finantza agintarien babesa zuena, jarri zuen Cressoen ordez. 1992an, bestalde, poliziak ETAko buruzagiak atxilotu zituen Bidarten. 1993an ezkerrak berriro galdu zituen legegintzarako hauteskundeak eta Mitterrandek Edouard Balladur kontserbadorea izendatu zuen Lehen Ministro. 1994an, Balladurren hiru ministrok beren karguaren dimisioa eman behar izan zuten ustelkeriaz akusaturik. Urte hartan bertan, maiatzaren 6an, Mantxako itsasarteko urpeko tunela inauguratu zen. 1995eko lehendakaritzarako hauteskundeetan Chiracek irabazi zituen. Hark Alain Juppé kontserbadorea izendatu zuen Lehen Ministro. Abenduan funtzionario publikoen greba batek (1986az geroztik handiena) hiru egunez geldiarazi zuen herrialdea. Gizarte egoeran tirabira handiak zeuden oraindik, ez bakarrik langabezia gero eta handiagoa zelako, baita errentaren eta jabetzaren banaketan gorabehera handiak zeudelako biztanleen artean (biztanleen % 20 baino gutxiagok irabazien % 44 baino gehiago hartzen zituen, eta ondasun nazionalaren % 69 frantsesen % 20aren eskuetan zegoen). Juppéren gobernuak bere politika zorrotzari eutsi zion eta aurre egin behar izan zien sindikatuen erasoei. 1997an lege berri bat onartu zen etorkinen sarrera eta egonaldiak murrizteko. Otsailean neurri horren aurkako manifestazio handiak egin ziren. Ustekabean, Chirac-ek legegintzarako hauteskundeak aurreratu zituen. Sozialistek irabazi zituzten (241 diputatu), komunisten (38 diputatu), berdeen (7 diputatu) eta ezkerreko beste 33 diputaturen laguntzarekin. Eskuineko koalizioak 256 diputatu lortu zituen eta Fronte Nazionalak bakarra. Lionel Jospinek hartu zuen Lehen Ministro kargua, komunistek bi ministerio, eta ekologistek bakarra, lehendakarigai ohi Dominique Voynetek hartu zuena. 1997an, langabeziari aurre egin nahirik, Jospinek 35 orduko lan astea ezartzea proposatu zuen. Hurrengo hilabeteetan manifestazio eta agerraldi handiak egin ziren neurri hori berehala ezar zedin eskatzeko. Mende berriak aldaketa politiko handiak ekarri zituen Frantziara. 2002ko hauteskundeetan, Jean-Marie Le Pen eskuin muturreko hautagaia Jospin hautagai sozialistari nagusitu zitzaion lehenengo itzulian. Gertaera horrek aztoramen izugarria sortu zuen Frantziako gizartean, eta eskuin muturraren gaitzespen erabatekoan bat egin zuten eskuinetik ezker muturrerainoko hautesle askok, eta, hala, Chiracek, Le Penen aurkako hautagai bakarrak, botoen % 82rekin irabazi zituen hauteskundeak. Hauteskunde horiek beste ondorio batzuk izan zituzten: alderdi komunistaren gainbehera, ezker muturraren goraldia (% 10), alderdi sozialistaren ahultasuna, eta eskuinaren berrantolamendua alderdi bakarrean (UMP). Hurrengo udal hauteskundeetan, ordea, alderdi sozialista nagusitu zen, eta sistema politikoak bipartidismora bideratu zen —ezkerrean, ezker muturreko hainbat alderdi, alderdi komunista eta alderdi berdeak; eskuinean, berriz, François Bayrou-ren UDF—. 2007ko hauteskundeetan, Nicolas Sarkozy hautatu zuten lehendakari, Segolene Royal hautagai sozialistarekin lehian ibili ondoren. Le Penen alderdiak gainbehera izugarria izan zuen, eta ezkerreko alderdiek ere behera egin zuten, LCRk izan ezik.
Presidenteak
aldatuPresidentea | Bizitza | Agintaldiaren hasiera |
Agintaldiaren bukaera |
Alderdi politikoa |
---|---|---|---|---|
Charles de Gaulle | 1890–1970 | 1959ko urtarrilaren 8a | 1969ko apirilaren 28a (dimititua) | UNR (1959–1968) UDR (1968–1969) |
Alain Poher | 1909–1996 | 1969ko apirilaren 28a | 1969ko ekainaren 15a (bitartekoa) | PDM |
Georges Pompidou | 1911–1974 | 1969ko ekainaren 15a | 1974ko apirilaren 2a (karguan hila) | UDR |
Alain Poher | 1909–1996 | 1974ko apirilaren 2a | 1974ko maiatzaren 19a (bitartekoa) | PDM |
Valéry Giscard d'Estaing | 1926– | 1974ko maiatzaren 19a | 1981eko maiatzaren 21a | RI (1974-1978) UDF (1978-1981) |
François Mitterrand | 1916–1996 | 1981eko maiatzaren 10a | 1995eko maiatzaren 17a | PS |
Jacques Chirac | 1932–2019 | 1995eko maiatzaren 17a | 2007ko maiatzaren 16a | RPR (2002 arte) UMP (2002 eta gero) |
Nicolas Sarkozy | 1955– | 2007ko maiatzaren 16a | 2012ko maiatzaren 15a | UMP |
François Hollande | 1954- | 2012ko maiatzaren 15a | 2017ko maiatzaren 14a | PS |
Emmanuel Macron | 1977- | 2017ko maiatzaren 14a | Titularra | LREM |
Lehen Ministroak
aldatuIzena | Agintaldiaren hasiera |
Agintaldiaren bukaera |
Alderdi politikoa |
---|---|---|---|
Michel Debré | 1959 | 1962 | UNR |
Georges Pompidou | 1962 | 1968 | UNR |
Maurice Couve de Murville | 1968 | 1969 | UDR |
Jacques Chaban-Delmas | 1969 | 1973 | UDR |
Pierre Messmer | 1973 | 1974 | UDR |
Jacques Chirac (1. agintaldia) | 1974 | 1976 | UDR |
Raymond Barre | 1976 | 1981 | UDF |
Pierre Mauroy | 1981 | 1984 | PS |
Laurent Fabius | 1984 | 1986 | PS |
Jacques Chirac (2. agintaldia) | 1986 | 1988 | RPR |
Michel Rocard | 1988 | 1991 | PS |
Édith Cresson | 1991 | 1992 | PS |
Pierre Bérégovoy | 1992 | 1993 | PS |
Édouard Balladur | 1993 | 1995 | RPR |
Alain Juppé | 1995 | 1997 | RPR |
Lionel Jospin | 1997 | 2002 | PS |
Jean-Pierre Raffarin | 2002 | 2005 | UMP |
Dominique de Villepin | 2005 | 2007 | UMP |
François Fillon | 2007 | 2012 | UMP |
Jean-Marc Ayrault | 2012 | 2014 | PS |
Manuel Valls | 2014 | 2016 | PS |
Bernard Cazeneuve | 2016 | 2017 | PS |
Édouard Philippe | 2017 | Titularra | LR |
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2019-7-20 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.