Beste esanahietarako, ikus «Voltaire (Parisko metroa)».

Voltaire, benetako izenez François-Marie Arouet, (Paris, 1694ko azaroaren 21a - Paris, 1778ko maiatzaren 30a) frantziar historialari, idazle, abokatu eta filosofoa izan zen. Ilustrazioaren pertsonaia nabarmenenetako bat izan zen.

Voltaire

(1718)
seat 33 of the Académie française (en) Itzuli

1746ko maiatzaren 2a - 1778ko maiatzaren 30a
Jean Bouhier (en) Itzuli - Jean-François Ducis (en) Itzuli
historiographer of France (en) Itzuli

1744 - 1750
Johann Daniel Schöpflin (en) Itzuli - Charles Pinot Duclos (en) Itzuli
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFrançois-Marie Arouet
JaiotzaParis1694ko azaroaren 21a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParis1778ko maiatzaren 30a (83 urte)
Hobiratze lekuaParisko Panteoia
Abbaye de Sellières (en) Itzuli
Familia
AitaFrançois d'Arouet
AmaMarguerite d'Aumard
Ezkontidea(k)ezkongabea
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
HeziketaLycée Louis-le-Grand (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, poeta, historialaria, saiakeragilea, antzerkigilea, autobiografialaria, eguneroko-idazlea, legelari-poeta, zientzia-fikzio idazlea, entziklopedista, gutun idazlea, politologoa eta idazlea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakBlaise Pascal, Zizeron, Luziano Samosatakoa, Pierre Bayle, Ibn Tufail, Nicolas Malebranche, Henry St John, 1st Viscount Bolingbroke (en) Itzuli, Zoroastro, Konfuzio, Miguel de Cervantes, William Shakespeare, Jean Racine, Platon, John Locke eta Isaac Newton
KidetzaRoyal Society
Frantses Akademia
Prusiako Zientzien Akademia
Zientzien Errusiar Akademia
Royal Swedish Academy of Letters, History and Antiquities (en) Itzuli
Framazoneria
Accademia della Crusca
Mugimendualibrepentsalaria
Argien mendea
deismoa
Izengoitia(k)Voltaire eta Bénédictin
Genero artistikoaeleberria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaateismoa

IMDB: nm0901806 IBDB: 96525
iTunes: 209869371 Musicbrainz: 571170e9-bb0c-4d12-a9ad-9c926fb784a8 Discogs: 768347 IMSLP: Category:Voltaire Find a Grave: 1519 Edit the value on Wikidata

Biografia

aldatu

Voltaire Parisen jaio zen, legegile-familia burges batean. Bost anai-arreba izan zituen, eta guztietan gazteena izan zen Voltaire; anaietako bi oso gazte hil ziren. Zazpi urte zituela, ama hil zitzaion; harrezkero, dirudienez, isolaturik bizi izan zen familiaren barruan, besteak beste, aitarekin oso ondo konpontzen ez zelako. Anaietako batekin ere liskar ugari izan zituen, hura jansenista zen-eta. Arreba Margueriterekin eta haren bi alabekin izan zituen maitasunezko harreman sendoenak, eta denboraldi batez iloba haietako bat maitale izan zuen. Voltairek Louis-le-Grand jesuiten eskolan egin zituen oinarrizko ikasketak, eta ondoren, nolabait beharturik, epaile-ikasketak hasi zituen. Baina, berehala utzi zituen goi-mailako ikasketak, eta idazteari ekin zion buru-belarri. Hasiera nahasia izan zuen Voltairek literaturan: Filipe II.a, Orléansko Dukearen erreinaldian nagusi zen askatasunaz baliaturik, erregeak bere alabarekin sexu-harremanak zituela eman zuen aditzera Voltairek poema batean.

Idatzi haren ondorioz, erbesteratu egin zuten. Parisa itzuli zenean, beste bi poema iraingarri idazteagatik kondenatu zuten berriz ere. 1718an Oedipe (Edipo) eta 1725ean Marianne (Mariana) tragediak idatzi zituen, eta bi tragedia horiek eman zioten, hain zuzen, ospea. Edipo lanean Voltaireren pentsamenduaren bi gai nagusi azaltzen dira, optimismo morala batetik; eta bestetik, jainkoak hartzea gizakien akatsen erantzuletzat. Voltaireren bizitzako beste gertaera aipagarri bat Rohango zaldunarekin izan zuen auzia izan zen; izan ere, zaldunak, eztabaida baten ondoren, bere zerbitzariei agindua eman zien Voltaire zigortzeko.

Voltaire, berriz, zaldunarekin duelu bat prestatzen saiatu zen, eta ondorioz, La Bastillera eraman zuten preso (1726). Berehala askatu zuten, baina Paristik alde egiteko baldintzarekin. Voltaire, orduan, Ingalaterrara joan zen, eta han bizi izan zen 1729. urtera arte. Ingalaterran bizi izan zen urteetan harremanak izan zituen Jurgi I.aren gortearekin, eta garai hartako pertsonaia eta idazle ospetsuenak ezagutu zituen. 1728an Henriade idatzi zuen, Henrike IV.aren lana goraipatzen zuen poema. Frantziara itzuli zenean, Lettres philosophiques (1734, Filosofia-eskutitzak) argitaratu zuen; ingelesen tolerantzia-ereduaren oinarriak goraipatzen zituen lan horretan. Liburu horren ondorioz, preso hartzeko agindua eman zuten, eta ihes egin behar izan zuen. Suitzara alde egin zuen lehenbizi, eta ondoren Lorrenara ; azkenik, maitale zuen Mme. de Chatelet-en gazteluan jarri zen babesean.

 
Voltaireren gaztelua

1735ean kendu zioten zigorra, eta lan eta lan hasi zen: lan historikoak, tragediak, eleberriak, gai filosofiko eta politikoei buruzko bertsoak, etab. idatzi zituen. Bestalde, Prusiako Frederiko II.arekin eskutitz bidezko harremana hasi zuen, eta 1750ean haren gortera joan zen. Berlinen argitaratu zen Le siecle de Louis XIV (Luis XIV.aren mendea) lanaren lehenengo argitalpena. Baina, Voltaire oso pertsona independentea zen, eta berehala puskatu zuen errege filosofoarekin zuen harremana; azkenik, 1753an Prusia utzi, eta Seroneseko abadian denboraldi luzean egon ondoren -material ugari bildu zuen bertan bere lan historikorako-, Genevatik hurbil zegoen herri batera joan zen, Les Delices, izena eman zion herrira hain zuzen. Garai horretan idatzi zituen, besteak beste: La Pucelle (1755, Neskatxa), Joana Arc-ekoaren parodia lotsagabea; La loi naturelle (1756, Lege naturala), moral deistaren azalpena bertsotan, eta Essais sur les moeurs (1956, Ohiturei buruzko saiakera), historiaren filosofiaren lan handia.

1758an Ferneyko gaztelua erosi zuen -Frantziako lurraldean, baina Suitzako mugatik hurbil-, eta han hartu zuen bizilekua.

Hurrengo urteetan, historiaren eta politikaren alorrean Voltairek idatzi zituen lan nagusietako batzuk argitaratu ziren: lan horien gai nagusia erlijio-fanatismoaren aurkako borroka zen. Iluminismoaren aitalehen izan zen, eta Europako kultura-gizon ospetsuenekin eta printzeekin izan zituen harremanak. 1778. urtea arte ez zen Parisa itzuli; han ospe handiz hartu zuten Academien-n, eta arrakasta handiarekin estreinatu zen Irene tragedia, Voltaire hil baino bi hilabete lehenago. Hil baino lehen, Elizaren kontra esandako guztiak zuzendu zituen kapilau baten aurrean, eta bakeak egin zituen Elizarekin. Hilerri kristau batean lurperatu zuten, bihotzik eta garunik gabe (bihotza Villetteko markesaren esku gelditu zen -gaur egun, Parisko Nazio Galerian dago-, eta garuna familiaren zerbitzari izan zen Mithouart jaunaren esku).

Filosofoa, historialaria eta idazlea

aldatu
 
Newtonen filosofiari buruzko liburuaren azala
 
Candide liburuaren irudia

Voltairek lan ugari idatzi zituen; 1828an Bachautek prestatu zuen edizio kanonikoa (1877an Molandek osatua) 52 liburukik osatzen dute. Genero guztiak landu zituen: poesia, antzerkia, ipuinak, saiakera, historia-liburuak, liburuxkak, aforismoak, artikuluak, tratatuak. Bestalde, Voltairek etorkizunean izan zuen eragina haren obraren neurriaren araberakoa izan zen. Inork ez bezala irudikatu zuen Voltairek Ilustrazioaren espiritua. Horretaz gainera, pentsalari gisa ere eragin handia izan zuen bai ideietan, bai ohituretan, baita zibilizazioan ere, eta zenbait estiloren eta jarreraren erreferentzia izan zen.

Voltaireren ezaugarri nagusietako bat bere literatura-, filosofia-, historia- eta politika-lanen arteko lotura estua da. Antzerki klasikoaren ereduak sentimenduen adierazpenera egokitzeko eta malgutzeko saiakera izan ziren Voltaireren tragediak, estetikari dagokionez; hala ere, Voltaireren beraren ideia filosofiko eta politikoen hedabide izatea izan zen lan horien balio nagusia. Voltaireren tragedia nagusiak, aipatuez gainera, hauek izan ziren: Brutus (1730), Mahomet (1742, Mahoma), Les scytes (1767, Eszitak). Tragedien ezaugarri horiexek beroriek aurkitu daitezke Voltaireren bertso-lanetan: Henriade, Discours sur l'homme (1738, Gizakiari buruzko hitzaldia), La loi naturelle, Poeme sur le desastre de Lisbonne (1756, Lisboako hondamenari buruzko poema).

Ipuinetan eta kontakizun laburretan bere gaitasun ironikoaz baliatzen da Voltaire garai hartako bizitza politikoa eta zibila satirizatzeko eta haren proposamen berriak azaltzeko. Candide (1759, Kandido) da eleberri labur ospetsuena, eta Leibniz-en optimismoari kontra egiteko eta pentsaera horren alderdi komikoa eta absurdua erakusteko idatzi zuen. Era horretako lanak dira Zadig (1748), Micromegas (1752) eta L'ingenu (1767, Inozoa). Voltairek idatzi zuen filosofia-lan nagusiak ere, Elements de la philosophie de Newton (1736, Newtonen filosofiaren elementuak), errebindikazio-helburua du, zeinetan behaketa zientifiko modernoaren eta lege naturalen alde egiten duen, deismo hutsaren testuinguruan.

Voltaireren lanek historiografiako metodologia berri baterako bidea zabaldu zuten: Voltairek herrien garapenaren eta kulturaren interpretazio laiko eta globala egiten zuen, gertaera militar eta dinastikoen deskribapena egin ordez. Luis XIV.aren mendea lanean, Voltairek balorazio positiboa egiten du Eguzki erregeak lortutako emaitzen inguruan -estatuaren bizitza modernizatzea, Europan nagusitasuna lortzea- ; horretaz gainera, erreinaldi hartan nagusi izan ziren autoritarismoa eta erlijio-tolerantziarik eza kritikatzen ditu. Ohiturei buruzko saiakera-lanean, berriz, bilakaera zibilaren arrazoiak historia unibertsalaren barnean bilatzen ditu, eta gertaeren analisi zorrotza batetik, eta bestetik, iritziaren indar erakargarria, lotzen ditu. Lan horretan, bestalde, Serveti buruz idatzi zuen kapitulu baten ondorioz, arazoak izan zituen kalbinistekin. Iraultza aurreko Frantzian indar handia izan zuen Voltaire politikariak : Traité sur la tolerance (1763, Tolerantziari buruzko tratatua), Dictionnaire philosophique (1764, Filosofia-hiztegia), Idées republicaines (1763, Errepublikaren aldeko ideiak), A.B.C (1768).

Erlijio-fanatismoaren kontrako borrokak Voltaireren eremu intelektual guztia hartzen zuen. Gogoeta historikoaren bidez, Voltaireren pentsamenduak heldutasun-maila gorena eta ikuspegi kritiko zabala iristen ditu, eta hori guztia etorkizunerako mezu batean laburtzen da: absolutismo ilustratua onartu ordez, askatasun zibila eskatu. Voltairek itxaropen osoa zuen poesia-lanekin iritsiko zuela betiereko ospea. Gaur egun, ordea, Candide lana jende askok ezagutzen du, eta haren bertso-lanak, aldiz, ez dira ia irakurtzen. Voltaireren iritzirako, narratiba egokiagoa zen egintza intelektualerako jardun literariorako baino. Hala ere, Voltairek narratzaile gisa egin zituen hogeita hamar urteetan oso bide luzea egin zuen; antzinako gero eta narrazio material eta egitura gehiago erabili zituen, eleberri pikareskoa eta exotismoa besteak beste, eta, aldi berean, gero eta gehiago lotu zitzaion fikzioari, alegia ilusioaren eta akatsaren idazketari. Idazketa horretatik abiatuta, tresna berezi eta eraginkorra osatu zuen metafisika gaitzesteko. Voltaireren estiloa oso ondo egokitzen zen berak iritsi nahi zituen helburuetara. Erretorikako konbentzioak baztertu zituen, eta hizkuntza zuzena erabili zuen: zartada moduko esaldiak osatzen ditu, doinu lehor eta sendokoak. Elkarrizketa izan zen Voltairek gehien erabili zuen baliabideetako bat, haren iritziak beste pertsonaia baten ahotan jartzeko aukera ematen baitzion elkarrizketak.

Euskaratutako lanak

aldatu
  • Ibon Sarasolak Candide ipuin filosofikoa euskara ekarri zuen, 1972an, Lur argitaletxearen eskutik, Kriseilu bilduman.[1]

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Voltaire  
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Voltaire