Gillotina heriotzera kondenatutakoei lepoa mozteko tresna zen, bi haberen artean erortarazten zen aho zorrotzeko xafla metaliko batez osatua.

Marie Antoinetteren hilaraztea, 1793ko urriaren 16an

Historia aldatu

Frantzian 1792ko iraultzan erabili zen gillotina, baina lehenago ere Eskozian, Inglaterran eta Europako beste herri batzuetan ezagutzen zen. Joseph-Ignace Guillotinek (1738-1814) asmatu zuen. 1792ko apirilaren 25ean ezarri zen Grève plazan. Hasieran Louisette izena eman zitzaion, edo Louison, baina berehala gillotina izena jarri zioten, asmatzailearen deituragatik. Frantzian gillotinaren erabilerak aurrera egin zuen XX. mendean zehar, 1960. eta 1970. urteetan behera egin bazuen ere; 1965etik 1977ra zortzi heriotza zigor izan ziren, eta 1977koa izan zen azkena. 1981eko irailean Frantziak, heriotz-zigorra ezeztatzearekin batera, gillotinaren erabilera baztertu zuen.

Gillotinaren erabilera Euskal Herrian aldatu

Euskal Herrian, Iraultzaren ikur gillotina Izu Garaian erabiltzen hasi zen, garai hartan disidenteak exekutatzeko erabili zen, fusilamenduen artean. 1793ko urrian Baionan ezarri zen eta 1794ko irailean, Donibane Lohizunen.

Baionan exekutatu ziren zenbait pertsonaren izenak ezagutzen dira:

  • Bernard Darrigol: Milafrangakoa, urteetan Espainiako armadan aritua (bi erresumen arteko erretge-familia tratuek ahalbidetzen zuten hori) 1793ko urriaren 27an exekutatua izan zen.[1]
  • Charles Henebron: Angeluko apaiza, 1793ko azaroaren 24an gillotinatu zuten, elizan "Errepublikaren eta Konstituzioaren aurka mintzatzeagatik".
  • Salvat de Sorhainde: Beskoitzeko apaiza. Lurraldetik atera izanaren akusaziopean, Baionan epaitua eta absolbitua izan zen; baina beste epaimahai batek epaia berriz aztertu eta atzera Baionara bidali zuten, absoluzioa emaniko epaimahai beraren aurrean dekapitatua izateko.

Donibane Lohizunen, 1793ko azaroaren 3an, Elkarte Iraultzailearen kide batek herritarren artean diru bilketa abiatzeko eskatu zien herriko agintariei gillotina bat eros zedin, "traidoreen eta konspiratzaileen" aurka. Horrela egin zuten, eta Askatasunaren Enparantzan ezarri zen (gaurko Louis XIV. enparantza), Louis XIV eta Clairette etxeetan zeuden atxilotze-guneetatik hurbil; handik, kondenatuak pauso gutxi batzuk baizik ez zituzten behar gillotinaraino. Donibane Lohizunen exekutatu ziren zenbait pertsonaren izenak ezagutzen dira, hala nola Madeleine Larralde saratar gaztea, 1794ko irailaren 19an eho zuten, "Espainian zeuden Errepublikaren etsaiekin gutunak trukatzeagatik".[2]

1794ko martxotik aurrera 3.000 inguru lapurtarren deportazioa ekarri zuen errepresio-operazioaren baitan, zenbait pertsona gillotinatu zituzten, besteak beste, Domingo Garat, Catherine Sorhainde, Manex Etxeberri, Sébastien Granjean, Jean Gorostarzu eta Pierre Duhalde.[1]

Donibane Lohizuneko gillotinaren aztarnak aldatu

Donibane Lohizuneko gillotinak harrizko oinarri bat zuen, lau esaldi grabaturekin. XX. mende hasieran herritarrek oraindik haietako bi gogoan zituzten: L’union fait la force ("Batasunak indarra ematen du") eta Mort aux tyrans ("Tiranoak akbaatu"). Gillotina desmuntatu zenean, herritarrek oinarri hori suntsitu eta harriak bestelako obretarako erabili ziren; besteak beste, umezurztegiko horma bat eraikitzeko. 1924an herriak Villa Ducontenia erosi eta erakusketa areto gisan prestatu zuen[3]: harriotatik 16, inskripzio arrastoekin, etxeko atarian ezarri ziren. Pierre Hariztoik, berriz, Béthanie haurren instituzioaren instalakuntzetan harri gehiago atzeman eta haien berri eman zuen "Saint-Jean-de-Luz et Ciboure, souvenirs historiques et révolutionnaires" liburuan: "FA LA TERR HESSES TYRANNIE" hizkiak aurkitu zituen, zehazki. "La Gazette de Bayonne, de Biarritz et du Pays basque" aldizkariko kazetariek, berriz, 1932 urtean, Duconteniako harrietan ikusitako zenbait hizki antzeman zituzten: "TE, CE, RCE, LATE", eta beste batzuk ezin izan zituzten identifikatu.[2]

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Frantsesez) Darricau, Albert. (2013-09-25). Scènes de la terreur a Bayonne et aux environs : 1793-1794 / par Albert Darricau.. (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
  2. a b D'antan, Euskal Herria Lehen / Pays Basque. (2019-04-08). «EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN: LA GUILLOTINE À SAINT-JEAN-DE-LUZ EN LABOURD AU PAYS BASQUE AUTREFOIS» EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
  3. D'antan, Euskal Herria Lehen / Pays Basque. (2021-06-22). «EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN: LE PARC DUCONTENIA À SAINT-JEAN-DE-LUZ EN LABOURD AU PAYS BASQUE EN 1924» EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN (Noiz kontsultatua: 2021-06-22).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu