Alkiza
Alkiza[4] Gipuzkoako erdialdeko udalerria da, landa ingurunekoa, Tolosaldearen ipar-mendebaldekoa. Donostiatik 27 kilometro hegoaldera dago. 371 biztanle zituen 2023. urtean; haietatik %88,8, euskaldunak. 1731z gero da udalerri; lehenago, Tolosaren eta Donostiaren menpe egon zen. Herriko (Goiko) plaza itsas mailatik 340 metro gorago dago,[5] eta han daude eskola, udaletxea, frontoia eta eliza.
Alkiza | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Gipuzkoa, Euskal Herria | |||||||||||
Alkizako irudi orokorra. | |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Gipuzkoa | ||||||||||
Eskualdea | Tolosaldea | ||||||||||
Izen ofiziala | Alkiza | ||||||||||
Alkatea | Inaki Irazabalbeitia | ||||||||||
Posta kodea | 20494 | ||||||||||
INE kodea | 20006 | ||||||||||
Herritarra | alkizar | ||||||||||
Ezizena | oiluak | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°10′21″N 2°06′32″W / 43.1726°N 2.109°W | ||||||||||
Azalera | 11,87 km² | ||||||||||
Distantzia | 25 km Donostiara | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 371 (2023) 14 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 0,31 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | % 39,19 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 18,62 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 123,46 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 82,98 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % -2,36 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 8,44 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 85,05 (2010) | ||||||||||
Kaleko erabilera [2] | % 83,6 (2016) | ||||||||||
Etxeko erabilera[3] | % 79.69 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera | 1731 (juliotar egutegia) | ||||||||||
Webgunea | http://www.alkiza.eus/ |
Alkizak bi plaza ditu: (Goiko) plaza eta Beheko plaza. Lete Berri, (Alkiza)Lete, Marianton eta Mariategi baserriek osatzen dute Beheko plaza. Alkizarrek herriguneari plaza esaten diote.
Herriko festa nagusia irailaren 8an da.
Alkizarrak oiloak dira izengoitiz. Horrexegatik herriko aldizkariak Oilategiik izena du eta herriko festak hasteko Oilaloka panpina jaitsarazten da udaletxetik.
Geografia
aldatuAlkiza Hernioko mendilerroaren ekialdean dago. Udalerriaren lurrak aldapatsuak dira, eta Arana haranean ditu lur-sailik zelaienak.
Klima atlantikoa du. Itsas aldetik etorritako hodeitza Hernioko mendilerroaren kontra itsatsita gelditzea ez da ezohikoa ipar-mendebaldeko haizea dabilenean, eta eguraldi hezea izaten da ondorioa.
Hernioko mendilerroa kareharrizko formazioa denez, egitura karstiko ugari daude Alkizako lurretan; harpeak, leizeak eta dolinak, esaterako. Halaber, erreketako batzuk lehor egoten dira euri asko egin ezean. Horixe bera gertatzen da Amixuri ur-jauziarekin.
Leize Haundia 2/Sabe-saia konplexua[6] da Alkizako egitura karstiko inportanteena. Bi leize horiek osatzen duten sistemak 340 m-ko sakonera, 2 km-ko galeriak eta erreka bat ditu bere barnean.
Herniozabal (1.010 m), Herniotxiki (820 m), Enaizpuru (731 m), Alluts (687 m) eta Beleburu (619 m) mendebaldean eta Mendiola (431 m) ekialdean dira gailurrik aipagarrienak.
Alkizako lurretan kokatzen da Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuko lurren laurdena.
Anoetarekin eta Asteasurekin lotuta dago GI-3630 errepidearen bidez. Asteasuko adarra 1952an inauguratu zen, eta Anoetakoa 1957an. Ordu arte, herri- eta baserri-bideek lotzen zuten Alkiza inguruko herriekin.
Hidrografia
aldatuGorago esan denez, Alkiza inguru karstikoa da eta, ondorioz, eurietako eta elurra urtzearen urak lurrrazpira joaten dira proportzio handian. Hori dela eta, hainbat errekastok prezipitazio handia dagoenean soilik eramaten dute ura edo beren ibilguaren zati batean bai eta beste batean ez.
Bi dira Alkizako erreka nagusiak:
- Mandabe errekak Arana bailara zeharkatzen du eta Anoetan urak Orian isurtzen ditu. Bidania erreka izeneko iturrian jaiotzen da, non Leize/Haundia 2/Sabe-saia konplexuko urak azaleratzen diren. Alkizarren artean uste izan zen iturri horretako urak Ernioren beste aldetik, Bidaniatik hain justu, zetozela eta hortik datorkio izena.
- Aranguren erreka izen bereko baserriaren ondoan jaio eta Aldapa bailaran zehar doa. Oriaren adar den Asteasu errekan isurtzen ditu urak. Erreka horri Arraiaga esaten zaio Egurrolako zubitik behera.
Udalerri mugakideak
aldatuAlkizak mugakide ditu iparraldean Larraul eta Asteasu; hegoaldean, Hernialde, Tolosa, Albiztur eta Bidania-Goiatz; ekialdean, Anoeta; eta mendebaldean, Errezil.
Bailarak
aldatuAlkizak sei bailara edo auzo ditui:
Historia
aldatuAlkizako lehen giza aztarnak Brontze Arokoak dira. Olatzazpiko koban zeramikazko piezak eta Itzuregi izeneko parajeko tumulua horren adibide dira.
Alkizaren lehen aipamen idatziak 1348koak dira. Izan ere, Gaztelako errege Alfontso XI.aren aginduz Tolosako aitonen semeen zerrenda egin zen. Zerrenda horretan Alkizako hainbat baserri ageri dira. Administratiboki Tolosarekin lotuta irudikatzen da Alkiza. 1396an Alkizarrei beren juratua hautatzeko eskubidea onartu zien Tolosak. Zergak medio 1435az gero Alkiza eta Tolosaldeko beste herri batzuk auzitan ibili ziren. Prozesu horren baitan, 1450ean Alkizak Donostiako parte izatea erabaki zuen, baina hori ez zen legez gauzatu 1479an Tolosak eta Donostiak Andoaingo Berroeta dorretxean adostasuna sinatu zuten arte. Aduna ere kasu berean egon zen.
XV eta XVIII mendeen artean Alkizak kontzeju ireki moduan —herri-batzarrez alegia— gobernatu zuen bere burua, nahiz eta eguneroko erabakietarako juratuak eta erregidoreak ere izendatzen ziren.
XVIII. mendearen lehen herenaren bukaeran Alkizako historiako unerik inportanteena iritsi zen: udalerri bilakatzea. 1731ko urtarrilaren 21ean Alkiza hiribildu izendatu zuen Felipe V.ak erregeak eta Donostiatik bereizi zen. Donostiatik urrun egotea izan zen banaketa hori gauzatzeko arrazoirik inportanteena. Migel Irazusta izan zen lehen alkatea. Urte horretan bertan definitu ziren ofizialki Alkizak inguruko herriekin zituen mugak eta mugarri bakoitzari izena eman zitzaion. Esate baterako, Asteasuko muga Olatza, Arizmendi, Zalminaga eta Arraiaga mugarriek zedarritu zuten. 54 etxek osatu zuten udalerri berria.
Udalerri bihurtzeak zeregin ukaezina eman zion Alkizari: Gipuzkoako Batzar Nagusietan parte hartzea. Horrek kostu ekonomikoa zuen eta Alkizak Anoetari bat egitea proposatu zion. 1742an bi herriek Ainssu elkartea sortu zuten beren ordezkari moduan Batzar Nagusietan. 1743ko Batzar Nagusietara bi herrietako ordezkariak joan ziren, 1744kora Anoetakoa, 1754ekora Alkizakoa eta horrela txandakatuz aritu ziren. Akordioa hogei urtekoa izan zen, zeina 1762an, 1781ean eta 1805ean berritu zen. Atzen honek ez zuen epe-mugarik izan.
1815ean Ainssuri Hernialde atxiki zitzaion eta elkarte zabalduari Ainssuberreluz izena jarri zitzaion.
XIX. mendearen hasieran Alkizan udal-lurren pribatizazioa gertatu zen. Lehen mugimendua Konbentzioaren Gerrak eragindako zorrek ekarri zuten eta horrela 1797an herri-lurrak saltzeko baimena eman zion herriak udalari. Herri-lurren lehen enkantea 1799an egin zen eta denetara 53 sail saldu zituen udalak. Hortik eta 1814 arte sei enkante egin zituen udalak herri-lurrak besterenganatzeko. Sailez gain bestelako ondasunak ere saldu zituen, herriko errotak 1810ean esaterako: Arana bailarako Igaran eta Aldapa bailarako Olaa edo Errota Zaharra eta Goiko Errota edo Errota Berria. Pribatizazioaren neurriak ikusteko kontuan hartu behar da XVIII. mendean udalerriko lurren erdia publikoa zela eta 1799 eta 1845 artean udalak 682 herri-sail jarri zituela enkantean; 5,3 km2 hain justu. Herri-lurrak 0,4 km2-ko gainazalera murriztu ziren.
Pribatizazio horrek kalte handia egin zion udaletxearen ekonomiari. Izan ere, baliabide ekonomiko handiak lortzen zituen herri-sailen egurra, egur-ikatza, gaztaina eta enparauak salduaz. Horrek ekarri zuen, adibidez, Alkizak 1749tik izan zituen notario egoiliarrak galtzea, atzena 1801ekoa izan baitzen. Era berean udalaren basoen eta mintegien ardura zuten basozainak ere desagertu ziren.
1826an Gipuzkoa Batzar Nagusiek Hondarribian egin zuten bilera. Erabakitakoen artean herrialdeko suen birbanaketa egon zen. Alkizako su-kopurua 19tik 14ra jaitsi zuten[7].
XIX. mendeko bi karlistaldiek eragin zuzen txikia izan zuten Alkizan. Lehen Karlistaldian zehar, 1836 eta 1838 bitartean, karlistek bertako jabe liberalei baserriak bahitu zizkieten eta maizterrak errenta karlistei ordainarazi: Aginaga, Aginaga-Saletxe eta Basazabal Jose Antonio Garagartzari; Elizegi Garaikoa, Garmendia Garaikoa, Gilisagasti eta Urruzola Azpikoa Aranguren brigadierrari eta Aranguren Berri Manuel Joakin Soraitzi[8]. Bigarren Karlistaldian Alkizako Enkontrua izenekoa fortunatu zen 1873an. Santa Kruz apaiza Hernio aldean omen zebilen eta mikeleteak eta tropa liberalak bere bila joan ziren. Inor aurkitu ez eta Zelatunetik Alkizara jaitsi ziren eta herrian sartzean desarra batekin hartu zituzten baina liberalek baionetaz karga eginez bota zituzten karlistak herritik[9]. Alkizako erretore-etxean sarri hartzen omen zuen aterpe Santa Kruzek[10].
Posta-zerbitzua 1873an abiatu zen bi postariren bidez. Batek Azpeitia-Alkiza-Larraul-Asteasu ibilbidea egiten zuen eta besteak, Tolosa-Alkiza-Larraul-Asteasu.
Telegrafoa eta telefonoa herrira ekartzea 1885ean erabaki zuen udalak. Zerbitzu horiek ostatuan izan zuten egoitza. Telefonoa ez zen zabaldu udalerriko etxe guztietara 1980ko hamarkadaren hasiera arte. Bestetik, udalak herrian pisu eta neurrien sistema metrikoa ezartzea 1896an erabaki zuen.
1911n lau alkizarrek, Garaikoetxeko Inazio Urruzolak, Arritzagako Eusebio Zubiaurrek, Zumitzetako Markos Bengoak eta Antzietako Fermin Rotetak, zentral hidroelektriko bat eraiki zuten Bentzalaga baserriko lurretan, Mandabe errekan. Horrela argindarra Alkizako etxeetara iristea lortu zen. Zentral hura Elektralkiza egungo zentralaren aitzindaria izan zen. Alkizako energia elektrikoa Mandabe errekak produzitu zuen, harik eta 1971an Iberduero enpresak herrian bi transformazio-zentro instalatu zituen arte.
Lehen autoa 1930eko azaroaren bian ailegatu zen Alkizara Irurako Echezarreta, Larrion y Aristi paper-fabrikako nagusiak, Mendia jaunak, gidatuta[11].
1931ean Espainiako II. Errepublika aldarrikatzera eraman zuten udal hauteskundeetan Alkizan hautagai jeltzaleak izendatu ziren alkate eta zinegotzi. 1936ko uztailaren 18ko altxamenduan Alkiza errepublikari leial eutsi zion lurraldean kokatuta zegoen, baina gutxi iraun zuen egoera horrek erreketeek abuztuaren 12an hartu baitzuten herria tirorik jo gabe. Hala ere, ez zen ondoriorik gabea izan,
Banaketa administratiboa
aldatu1775ean udalak herri-sailetako inaurkina biltzeko dekretu bat eman zuen non udalerria lau bailaratan edo auzotan banatu zuen: Azaldegi, Aldapa, Arana Behea eta Arana Goikoa. Zentroa Otsamendi baserrian jarri eta lau laurdenetan banatu ziren herri-sailak antolaketa hori egiteko.
1847an herriko medikua ordaintzeko kuotak ezarri zirenean berriz ere lau bailaratan banatu zen udalerria: Azaldegi, Aldapa, Arana eta Herriburua. 1884an Aldapa bailara bitan banatu zen: Aldapa eta Hernio. Sakamidra bailara 1940an izendatu zen lehen aldiz, Aranako eta Azaldegiko baserrik batzuk juntatuaz.
Plazaz gain Alkizak bost bailaratan banatzen da gaur egun ofizialki: Aldapa (Larraul aldera dagoena), Arana (Anoetako errepideko zelaigunea), Azaldegi (Asteasuko errepidearen alde bietan), Hernio (Hernio mazizoaren magalean) eta Sakamidra (Anoetako Goi-bailararekin mugakide).
Demografia
aldatuAlkizaren lehen aztarna dokumentalak agertzen diren unean, hots, XIV. mendean 60 biztanle inguru zituela uste da; XVII. mendearen hasieran 230 inguru ziren eta udalerri moduan eratu zenean 270 bat. XIX. mendearen hasierarako 350etik gora lagun bizi ziren Alkizan. Populazioari buruzko lehen datu zehatzak XIX. mendearen erdialdekoak dira. Beheko taulan ageri da Alkizako populazioaren bilakaera 1851.etik.
Alkizako biztanleria |
---|
XX. mendearen hasieratik populazioak apurka-apurka beheranzko joera izan du, 1960ko hamarkadatik mendearen bukaera bitartean emendatu zena. Minimoa 2.000an jo zuen biztanle-kopuruak. XIX. mendea hasi zenean Alkizako biztanle-kopurua udalerri bihurtu zenekoaren parekoa zen. Horrek esplikazio erraza du herriaren ekonomiari eta familia-egiturari erreparatuz. XX. mendearen erdialdetik baserriak herriaren ekonomiaren motorra izateari laga zion, alkizarrak herritik kanpo industriara eta zerbitzuetara lanera joaten hasi ziren eta, aldi berean, baserri-ekonomiak behar dituen familia zabalak kidez murrizten hasi ziren; sei-zazpi seme-alaba izatetik bizpahiru izatera pasa ziren familiak.
Politika
aldatuAlkiza hiribildu bihurtu zenean alkateak hautatzen hasi ziren. Gorago aipatu bezala lehena Migel Irazusta izan zen, garai hartan Madrilen bizi eskultorea. Ondorengoek ordenantzak aintzat hartuta herrian bizi behar zuten eta Jeronimo Alkizalete jarraitu zitzaion Irazustari. XIX. mendearen erdialdera arte herriko alkateak urte naturalaren lehen egunetan hautatzen ziren eta hautagai izateko kaparetasunaren eta lehen mailako baserriaren jabe izan behar zuten. Urte beterako hautatzen ziren, nahiz eta salbuespen batzuk badauden; Gregorio Arantzabe 1808 eta 1809rako hautatuta izan zen, adibidez.
1845ean, Lehen Karlistaldiaren ondoren, hauteskunde-sistema aldatu egin zen eta, besteak beste, alkateen agintaldia luzatu zen.
1931an Espainiako Bigarren Errepublikaren aldarria izan ziren udal hauteskundeetan Krispin Sorarrain hautatu zuten alkate eta 1934a arte egon zen karguan. Hari Jose Tolosa jarraitu zitzaion. 1936ko abuztuaren 27an, Espainiako Gerra Zibila jada pizturik, matxinatuen Burgosko Defentsa Batzorde Nazionalak Jose Tolosa eta gainerako zinegotziak —Krispin Sorarrain, Jose Luis Iruretagoiena eta Simon Ugalde—kargugabetu zituen eta Mateo Aranburu izendatu zuen alkate, Pantaleon Iruretagoiena alkateorde eta Juan Bautista Altuna, Francisco Uzkudun, Pedro Otegi eta Juan Cruz Urruzola zinegotzi.
Erregimen frankistaren aparatuak bestelako karguak ere izendatu zituen. Horrela F.E.T y de las J.O.N.S erakundeko buru moduan Mateo Aranburu agertzen da 1939an[12], 1943an[13] eta 1947an[14] eta Jose Ignacio Galparsoro 1941ean[15].
1949ko abuztuaren 21ean, Jose Otaegi alkatea zelarik, udal batzak aho batez Francisco Franco diktadorea herriko ohorezko alkate izendatzea onartu zuen. Erabakia Gipuzkoako gobernadore zibilak eginiko iradokizun bati jarraitu zitzaion. Izan ere, diktadorea Aieteko palazioan lurraldeko alkate guztiak hartzekoa zen eta komenigarria zen udal guztiek estatu-burua ohoratzea. Erabaki hori aho batez bertan behera utzi zuen udal batzak 2020 maiatzaren 26an eginiko osoko bilkuran[16].
Frankismoa bukatu eta 1979an lehen udal hauteskundeak egin zirenean Alkizako Herriaren Alde izeneko zerrenda independenteko Bittor Sorarrain Lasa, Krispinen iloba, hautatu zuten Alkate. Euskadiko Ezkerraren izenean lehenik eta Alkizako Abertzale Ezkertiarren izenean gero Antonio Zubiaurre Otegi alkate izan zen 1983tik 2004an hil zen arte. 2004an Jon Rotetak hartu zuen alkatetza eta 2011 arte egon zen karguan. 2011ko eta 2015eko hauteskundeen ondorioz Jon Umerez Urrezola hautatu zuten alkate eta 2019an Inaki Irazabalbeitia Fernandez. Inaki Irazabalbeitia 2023ko udal hausteskundeetan berraukeratu dute Alkizako alkatea[17]. Hauek guztiak Alkizako Abertzale Ezkertiarrak zerrendako kide moduan.
Alderdi politikoa | 2023[18] | 2019[19] | 2015[20] | 2011[21] | 2007[22] | 2003[23] | 1999[24] | 1995[25] | 1991[26] | 1987[27] | 1983[28] | 1979[29] | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Alkizako Abertzale Ezkertiarrak (AAE) | % 97,8 | 7 | % 97,01 | % 98,64 | 7 | % 100 | 7 | % 97,32 | 7 | % 93,29 | 7 | % 100 | 7 | % 100 | 7 | - | - | - | - | - | - | - | - |
PSE_EE | % 2,2 | 0 | % 2,99 | ||||||||||||||||||||
Alderdi Popularra (PP) | % 0 | 0 | % 1,36 | 0 | % 0,00 | 0 | % 2,45 | 0 | % 2,68 | 0 | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | |
Euskadiko Ezkerra (EE) | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | % 100 | 7 | % 100 | 7 | %67,82 | 5 | - | - | |||
Alkizako Herriaren Talde (AEH) | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - | % 32,18 | 2 | % 100 | 7 |
Euskara
aldatuAlkizan[33] Tolosaldeko euskara[34] hitz egiten da, gipuzkeraren aldaera dena.
Herritar gehienak euskaldunak dira. Alkiza Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da 2019ko abenduaz gero. 2016ko datuen arabera Alkizan euskaldunak % 88,8 dira eta euskararen erabilera % 83,6koa 2017an egindako neurketan.
Lekukotasunak
aldatuAlkizako euskararen doinua bi ekimenetan behintzat jaso da propio.
Batetik, Euskaltzaindiak Ahozko Tradizioko Hizkeren Corpusa[35] egitasmoaren baitan Periko eta Ixabel Urruzola Arantzabe anai-arrebak grabatu zituen 2010ean[36].
Bestetik, Ahotsak[37] atarian Alkizako zortzi lagunen elkarrizketak daude jasota: 5 gizonezko eta 3 emakumezko 1917 eta 1941 artean jaiotakoak.
1847ko euskarazko baldintza-plegua
aldatuAlkizako udalaren artxiboan XIX. mendean euskaraz idatzitako bi dokumentu agertu dira. Bi-biak dokumentu ofizialak euskara ofiziala ez zen eta dokumentu publikoetan usatzen ez zen garaikoak. Aitzindariak direnik ezin uka.
Lehen dokumentuak, 1847ko abuztuaren 1eko data du. Gaurko ikuspegitik kontratazio publiko baten baldintza-plegua dela esango genuke. Alkizako alondegiaren enkantearen, edo dokumentuan dioen moduan errematearen, kondizioak biltzen ditu. Dokumentuak bi zati ditu. Lehenengoa gaztelaniaz dago eta juntatutako udal ordezkarien berri ematen du. Gero ordezkarien arteko eztabaida baten berri ematen da eta momentu batean, enkantearen baldintzez ari direnean, esaldi hau ageri da:
'…bajo las condiciones siguientes, que se ponen en bascuence para que los oyentes comprendan mejor, y son a saber: Erri onetaco Justici eta Erregimentuac ateratcen ditu errematera Conseju-echean Tablan eta Alondeguiyan saltcen diran ardo eta agoardientearen sisa condicio esango diranen azpiyan.'[38]
Eta segidan kondizio horiek xehetzen ditu dokumentuak.
Bigarren dokumentua 1880koa da eta horrek ere alondegiaren erremateaz dihardu.
Euskara-barnetegia
aldatu1976an euskara-barnetegia abian jarri zen Alkizan. Ikasleek goizez euskarazko eskolak hartzen zituzten eta baserri batean bizi ziren euskal giro bete-betean. Orexan abiatu zen euskara ikasteko modalitate hori urte batzuk lehenago. Euskara Orexan ikasitako Luispe Gutierrez donostiarra izan zen bultzatzailea eta herriko erretore Joxe Arregien laguntza erabakigarria izan zuen. Udaz bi ikasle-txanda egoten zen. Ikasteko manera horrek islada umoristikoa izan zuen Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea Ixabel liburu arrakastatsuan.
1980an Donostiako Ilazki euskaltegiak[39] hartu zuen udako euskarazko eskolak antolatzeko ardura ohiko barnetegiaren formularen bidez. 1998. arte iraun zuen Ilazkiren jardunak.
Bestetik, Eusko Jaurlartizaren Hezkuntza sailak 1990an Euskal Girotze Barnetegia jarri zuen abian 2016-17 ikasturterarte iraun zuena.
Oilategitik aldizkaria
aldatu2001az gero Oilategitik euskara hutsezko aldizkaria publikatzen da non herriko berriak emateaz gain bestelako gai historikoak, etnografikoak edo ekologikoak tratatatzen dira. Herriko festa nagusietarako ikusten du urteko aleak argia.
Euskaltzaindia
aldatu2022ko uztailaren 22an Euskaltzaindia lehen aldiz juntatu zen Alkizan. Herriko eskolan hileroko ohiko bilera egin zuen[40]. Bilera horretan, besteak beste, Patxi Zabaleta euskaltzain emeritu bihurtzean euskaltzain osoen multzoan eratu zen zuloa betetzeko hautagaiak aukeratu ziren: Paula Kasares eta Castillo Suarez[41].
Egun, 2022an, bi euskaltzain urgazle bizi dira Alkizan: Xabier Artola[42] eta Inaki Irazabalbeitia[43].
Hezkuntza
aldatuHiribildu izendatu eta gutxira arduratu zen udala hezkuntza-kontuekin. 1749an lehen notarioarekin egindako hitzarmenean jada aipatzen da gazteei eskolak eman behar dizkiela leitzen eta idazten jakin dezaten[44]. Lehen notario eta maisu Francisco Ignacio Larrunbide izan zen. Hurrengo bi notarioek ere maisu izan ziren, Etxabe baserriko Elola aita-semeak Juan Domingo eta Juan Martin Migel hurrenez hurren.
1797an notario ez zen lehen maisua izendatu zen, Juan Antonio Irazusta. Udalarekin sinatu zuen hitzarmenean bere betebeharrak eta eskubideak zehazten dira: neska-mutikoei dotrina, leitzen, idazten eta kontatzen irakastea; udalaren soldataz gain gurasoek garia emanez ordaintzen zuten pobreek izan ezik. Eskola udaletxean zegoen. Maisuak, halaber, elizako dorreko erlojua zaintzeko eginkizuna zuen.
1816an Juan Bautista eta Jose Antonio Legarra Migelena etxea berreraikitzea agindu zuten. Etxe horretan kokatu zen eskola eta Juan Bautista Legarra erretore izateaz gain maisu ere izan zen 1822tik 1843ra. Maisuaz aparte neskei eskola emateko maistra ere izendatu zen. Lehena, 1823 eta 1846 bitartean, Juana Maria Aranburu izan zen. Juan Bautistan Legarrak 1845ean eginiko testamentuan eskolaren eraikina, ordurako Donjuanena izenez ezaguna, herriari utzi zion eskola izan zedin. Honela idatzi zuen bere testamentuan:
"Nire etxe propioa edukita, eta eraiki berria, Don Juanena izenekoa, herri honetako plazan kokatua, nahi dut eta nire borondatea da sarrerako zorua, gela, kaballeriza eta bigarren solaiura, lehenengo letretako maisua bizi dena, eta hirugarrena ere bai, bere graneroarekin, betirako izan daitezela aipatu maisuarentzat eta bere ondorengoentzat magisteritzako ejertzizioan, baldintzarekin obligazioa eduiko duela uzteko nahikoa leku neske maistrarentzako letxoi bat hazteko. Honi aplikatzen diot bizi zen lehenengo solairua beretzat, nesken hekuntzarekin jarraitu ahal duen bitartean, eta bere ondorengoei betirako."[46]
1824an Alkizan Lehen Letretako Batzordea eratu zen.
1930ean eskolak Donjuanena utzi eta Madrigal etxea egon zen orubean altxatutako eraikinera eraman zen.
2018an eraikin zaharra ordezkatuko zuen eskolaren eraikin berriaren lanak hasi ziren eskola zaharra egon zen orube berean. Lanak egin bitartean ikasleek Erretore-etxean, Eusko Jaurlaritzaren Girotze Barnetegia izandakoaren geletan, jaso zituzten eskolak 2018-2019 ikasturtetik hasita.
2020ko martxoan inauguratzekoa zen eraikin berria, baina Covid-19 pandemiak eskola-jarduera etetera eraman zuen. Ondorioz, irailean, ikasturte berriaren hasierarekin, sartu ziren lehen aldiz ikasleak eskola berrian.
Alkizakoa eskola txikia da eta 12 urte bitarteko ikasleak ditu bi etapatan: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza[47]. 2021-22 ikasturtean 47 neska-mutiko matrikulaturik egon dira. Eskola ofizialki 2022ko ekainaren 18an inauguratu zen[48].
1999an Eskola Txikien Festa antolatu zen Alkizan.
Kultura
aldatuKultur jarduera handiko herria da Alkiza. Urtean zehar hainbat kultur jarduera antolatzen dira hala nola hitzaldiak, musika-emanaldiak, erakusketak eta antzerkia. Halaber bi kultur aste antolatzen dira bata San Isidrotan eta beste San Martinetan.
Bestetik aipatzekoa da 2008 eta 2010 artean hainbat herritarrek bultzatutako Itxurain herri-proiektuak zeinek herriko ondare sozio-etnografiko eta kulturala bildu eta etorkizunera proiektatzeko helburua izan zuen, ondare hori Alkizaren geroaren oinarritako bat izan zedin.
2018az gero Sormenaren Kabia ekimena abian da[49]. Aukeratutako bi artistari beka bat, kreazio artistikorako gune bat eta Koldobika Jauregiren aholkularitza eskaintzen die Alkizan egiten duten egonaldian.
Asteasuko errepidean, Azaldegi bailaran, bestetik, Ur Mara Museoa dago, Koldobika Jauregi eskultoreak eta haren emazte Elena Cajarabille bitxi-egileak diseinatu eta kudeatua. Han, Koldobikaren eta Elenaren obraz gain, beste artista batzuena ere biltzen da. Orobat, urteko programazioa eskaintzen da, edozein modalitateko artistak beren obra erakustera gonbidatuta.
2020an Alkizako Kabia gunea zabaldu zen herritarrentzako eta bisitarientzako harrera gunea izateko helburuarekin jaiotako espazioa. Bertan bisitariei harrera egiteko tokia egongo da eta, aldi berean, herritarren lanak eta ekoizpenak erakustekoa[50].
Herriko festak
aldatuGorago aipatu bezala Alkizako festa-egun nagusia irailaren 8an da. Egun horren bueltan antolatzen dira herriko festak. Izan ere, irailaren 8aren asteko egunak markatuko du zein egunetan garatuko da festa-egitarua. Normalean, asteburu bakarreko festak izaten dira. Alabaina, bi asteburukoak ere egin izan dira, 2024an esaterako[51]. Festak Oilalokaren jaitsierarekin hasten dira.
San Martin Tourskoa izanik Alkizako elizaren izena eta garai bateko herriko festa-eguna, azaroaren 11aren inguruan ere festa-egitarau bat antolatzen da, irailekoa baino xumeagoa[52].
Alkiza tradizioz nekazaritza-herria izanik, San Isidro ere ospatzen da maiatzaren 15ean. Ohikoa izaten da baserritarren bazkaria egitea santuaren egunean. Horretaz kultura-astea antolatzea da[53].
Ekonomia
aldatuXX. mendearen erdialdera arte Alkizako jarduera ekonomiko nagusia nekazaritza izan da. Horren inguruko jarduerek ere, errotak edo errementaritzak, bere tokia izan zuten herriko ekonomian.
Nekazaritza-jarduera baserriaren inguruan antolatu da eta biziraupen-ekonomia bat izan da neurri handi batean. Bizitzeko beharrezkoa zena etxean produzitzen zen nagusiki. Gipuzkoako beste eskualde batzuetan ez bezala, ez dirudi artzaintzak pisu handirik izan duenik Alkizako baserrien ekonomian.
Alkizak historikoki hiru errota izan ditu: Igaran, Arana bailaran, eta Olaa eta Goiko Errota Aldapa bailaran. Azken bi hauek 1953a arte jardun zuten artoa eta garia ehoten.[54]
Hala ere, aipatzekoa da Egurrola izeneko burdinola, XVI. mendean jarduera oso inportantea izan zuena. 1511 eta 1615 bitartean aritu zen lanean uholde handi batek suntsitu arte. Egurrolak 1514ean Gaztelako erregina Joana I.ak emaniko zerga-salbuespena jaso zuen.
Ikazkintza jarduera osagarri inportantea izan da Alkizako baserritarrentzat. Hernioko basoetako egurra lehengai oso egokia da txondorrak egiteko. Jarduera horrek Alkizako basoen egitura moldatu zuen, pago motzak nagusi bilakatu zirelarik.
Alkizan ikazkintzak 1960ko hamarkadaren hasiera arte iraun zuen bizirik. 1950ko hamarkadan dozena eta erdi txondor piztuta egon zitezkeen aldi berean[55].
1946 eta 1948 artean pago-egurra Hernioren magaletik, Ilardegi sailetik, Asteasuko Konporta baserrirano jaisten zuen kable bidezko sistema bat antolatu zuten hainbat ekintzailek tartean Mateo Aranburuk Alkizako alkateak. Egur hori okindegiei saltzen zioten kablearen nagusiek. Hernioko kablea izenaz ezagutzen zen inguruko herrietan.
XX. mendearen azken hamarkadetan Alkizak industrialde txiki bat izan zuen Asteasuko Umanea bailararen ondoan, jada aktibitaterik ez duena. Baldosas Jarri izan zen bertako enpresa nagusia.
Egun jarduera ekonomikoa oso ahula du Alkizak eta lanean ari diren alkizarrak herritik kanpo ari dira nagusiki. 2020an, bi ustiategik, Lete nekazal turismoak[56], Inazio Urruzola txakolindegiak[57], herri-ostatuak, Elektralkiza minizentral hidroelektrikoak eta zorrozketa-enpresa batek osatzen dute Alkizako ehun produktiboa.
Ondasun nabarmenak
aldatuAlkizalete edo Lete baserria
aldatuAlkizalete[58][59] edo Lete baserria kultura ondasun izendatuta dago, monumentu sailkapenarekin.[60] Erdi Aroko jatorria du eta garai horretakoak dira erdi puntuko arku bat eta behe-solairuko horma-atal gotikoaren zati batzuk, baita XVI. mendeko zurezko zutoinak eta habeak ere. Armarrian 1212ko data du.[58] Gaur egungo baserria XVIII. mendeko eraikin barrokoa da.
San Martin eliza
aldatuSan Martin eliza estilo gotikokoa da eta XVI. mendearen bigarren zatian hartu zuen itxura hori. Data zehatza ez da ezagutzen. Hasierako eraikinak ez zuen dorrerik, hura XVII. mendean eraiki baitzen.
Orain elizan dagoen erretaula Migel Irazustarena da, Madrilen bizi zen eskultore alkizarrarena. 1724an hartu zuen enkargua eta herriko lehen alkate izendatu zutenerako bukatuta zuen lan hori. Migelen lehengusua Joan Irazusta erretorearen garaian, 1755-1772 bitartean, hobekuntza adierazgarri batzuk egin ziren elizan: koruko arkua, elizaren zorua berria eta zimitorioa eraiki ziren eta dorrean erlojua jarri zen. Erloju hori 1841ean eta 1932an berritu zen. Elizako organoa berriz 1928koa da.
Santiago eta Santa Kruz ermitak
aldatuEz dago daturik Santiago ermita noiz eraiki zen. Egun kanposantuarekin multzo bat osatzen du, herriko aparkalekuaren ondoan. Ospitale ere deitu izan zaio dokumentazioan. Ermitaren lehen aipamen dokumentatua 1528koa da. Ospitale deitzea eta izenak bultzatu zuten Luis Pedro Peña Santiago espekulatzera Alkizatik Done Jakue bidearen adarren bat pasa zitekeela[61].
Alkizar askoren testamentuetan agertzen dira ermitari eginiko donazioak. Bestetik,1762an San Martin parrokiak agindu zion Martin Karrera arkitektoari elizatik ermitarainoko gurutze-bide bat egiteko proiektua. Daturik ez dago noiz eraiki zen, baina gaur egun gurutze-bide horren dozena erdi kalbariok zutik jarraitzen dute.
Denbora gutxira, 1771eko ekainaren 22an Iruñeko gotzaindegiak agindu zuen ermitan mezarik ez emateko oso egoera arkitektoniko txarrean zegoelako. Debekuak 1832a arte iraun zuen. Urte horretan ermita zaharberritzeko baimena eman zuen gotzaindegiak herriko beste ermita, Santa Kruz, suntsitzeko erabakia hartuta zegoelako.
1977a arte meza eman zen bertan. Era berean, 1979a arte Ostiral Santuan prozesioa egin ohi zen bere pasio-irudi, gurutze eta zutoihalak San Martin elizatik bertaraino.
Santa Kruz ermita herritik urruntxo, ordu erdi bat oinez, eta 520 m-ko altitudean zegoen. Urola eta Oria ibarrak lotzen zituen galtzadetako bat horren ondotik pasatzen zen. Halaber, Herniora joateko bide tradizionala ere aurrien ondotik igarotzen da.
Ermitaren lehen aipamen dokumentatua 1528koa bada ere, Pello Joxe Aranburuk Alkizako lehen parrokia izan zitekeela espekulatzen du eta bertan lehen hilerria egon zela. Aranzadi elkarteak 2006an bertan eginiko indusketa arkeologikoak ez zuen horren aldeko froga argirik eman[62]. Eginiko txostenaren ondorioetan hauxe aipatzen da:
'Santiago baselizaren ondoan hilerri berria egiteari ekin ziotenean, Santa Kruz baselizan zeuden “arbasoen hezurrak ere jaisteko” agindu zutela gogoratu behar da (7 gurdikada). Esku hartzeak ezin izan du argi eta garbi berretsi gune hau ehorzketak egiteko erabili izan zen ala ez, giza hezur-zati bat baino ezin izan baita aurkitu (bizkar-orno bat), eskura ditugun datu dokumentalekin kontrastatzen duen egitatea izanik.'
Indusketaren bestelako emaitzei buruz honokoa adierazten da:
'Interes jakina duten arkeologia-aztarna bakarrak baselizaren Iparraldean aurkitutakoak dira; hor, karobi bat edo horren antzeko zerbait agertu baitzen, oso egoera txarrean kontserbatuta bazegoen ere. Baselizako obra batzuetan lanean ariko ziren langileak karez “in situ” hornitzea izango zen karobi txiki horren helburua.'
Eta Santa Kruz ermita Alkizako lehen parrokia izatearen hipotesiaz hauxe dio:
'Esku hartzeak ezin izan du zehaztu horrexen hasierako planifikazioan ezarritako helburu nagusia: Santa Kruz baseliza eta Alkizako jatorrizko parrokia elkarrekin lotzen zituen tradizioa argitzea.'
1832an Iruñeko gotzaindegiak Santa Kruz ermita eraisteko agindua eman zuen arrazoituz herrigunetik urruntxo eta ia erorita zegoela.
Kanposantua
aldatuAlkizan hildakoak XVIII. mendearen hasiera arte San Martin elizan lurperatzen ziren. 1708an herriko kanposantua eraiki zen Santiago ermitaren ondoan. Mende bete pasatxoz hildakoak elizan zein kanposatun lurperatu ziren, harik eta 1828tik aurrera guzti-guztiak kanposantuan ehortzi diren[63].
Hilerria San Martin parrokiak kudeatu zuen 1885ean udalak kanposantua zabaltzeko 550 pta eman zituen arte. Hortik aurrera udalak kudeatu du azpiegitura. 1945ean kanposantua berriz ere zabaldu zen egun duen itxura hartuz.
1926ko otsailean San Martin elizako sakristia ondoko zimitorioan gorderik zeuden hezurrak hilerrira eraman ziren. Honela kontatzen da Argia astekarian[64]:
'Aspaldiko gizalditan eliz barrenen lurrperatzen zran gorputzen ezurrak, nun ziran etzekian herrian iñork, eta orain berrtako orma tarte batean arkitu dituzte. Ikusgarrizko pilla: iru milla gorputz-ezurr gutxi gora-bera, erabaki dutenez Asteartieta goizean illeta eder bat egin ondoren, oien alkaketa izan zan ildegira'
Frontoia
aldatuAlkizan pilota-jokoa aspaldikoa da toponimia txikiak adierazten duen bezala, adibidez, sailen izenetan: Pelotaleku edo Mendiola-pelota-lekuazpia. Lehen aipamen dokumentatuta 1735eko ordenantzetan agertzen da non elizako zimitorioan pilotan jardutea debekatzen baitzen elizkizun-orduetan.
Alabaina, ezker paretako lehen frontoia 1922an eraiki zen Irurako Echezarreta, Larrion y Aristi paper-fabrikako nagusiek finantzatuta eta garai bertsuan berreraiki zen Elektralkiza zentral hidroelektrikoarekin lotuta. Ezker pareta San Martin elizaren kontra zegoen eta frontisa Katalandegi baserriaren aldean. Obra inportantea izan zen, ez baitzegoen ezker paretako frontoia herri guztietan. Hona zer dion Telesforo Arregi pilotari alkizarrak[65]:
'Inguru hauetan ez zen beste ezker-paretako frontoirik, eta afizio pixkat zuenak eta... denak Alkizara. Hernialdekoak eta Asteasukoak (Asteasun arkupe koxkor bat besterik ez baitzegoen.'
Oraingo frontoi estalia 1957ko abenduaren 15ean inauguratu zen. Gipuzkoako Udalerrien Egunaren testuinguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak eraiki zuen. Lehen partidan Atano III eta Atano IV, Atano X eta Atano IXaren kontra aritu ziren, atzenekook 20-17 irabaziz[66].
Gipuzkoako frontoi estali gutxi horietakoa izanik, kanpoko jende asko hurbiltzen zen jokatzera harik eta 1980ko hamarkadan frontoi estaliak Gipuzkoako ia herri guztietan eraikitzen hasi ziren arte.
Bestelakoak
aldatu- Aipatzekoak dira Alkizako hainbat ondasun etnografiko hala nola Intxarraundiagako karobia, Altzorbeko eta Etxabeguren Berriko iturri-latsarriak, Oraa errotarako ura biltzeko kanal-sistema, Ilunbeko, Askantxoko eta Lakapideko galtzadak edo lera-bideak, Elektralkizako presa eta Mariategi baserriko barratzeko harresia.
- Fagus-Alkiza Interpretazio Zentroa.[67] Basoko biodibertsitatea: larreak, pago motzak... Bestalde, interpretazio zentro honetan, alkizarrek beren historian zehar ingurunearekin izandako harremana ezagutarazi nahi da. Horretarako, bilduriko ondasun kulturalak bertan ikusgai daude: txondorra, karobiak…
- Hernio-Gazume kontserbazio bereziko eremua (KBE). 1997an Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Natura 2000 sarean sartu zuten, guneak dituen interes handiko abitatak eta flora- eta fauna-espezieak zirela kausa. Geroago, 2004an, Europako Batzordea Batasunaren garrantzizko leku (BGL) izendatu zuten. Eta 2013an, Eusko Jaurlaritzak, Hernio-Gazume kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu zuen.[68]
Alkizar ospetsuak
aldatu- Martin Díez Liatzasolokoa (1500-1583), eskultorea, bere lan nagusia Katalunian egin zuen.
- Anbrosio Bengoetxea (1551-1625), eskultore eta erretaulagilea.
- Migel Irazusta (1665-1743), eskultore eta arkitektoa.
- Joan Bautista Intxaurrandiaga (1680?-1747), hargina
- Juan Irazusta (1688-1772), idazlea.
- Joan Elias Intxaurrandiaga (1735-1800?), eskultorea.
- Krispin Sorarrain (1887-1974), alkatea, soinujolea eta herriko kronista.
- Antonio Sorrarrain (1928-2011), idazlea.
- Pello Joxe Aranburu Ugartemendia (1936-), irakasle, ikerlari eta idazlea
- Luis Mari Arantzabe (1949-2022), pilotaria.
- Juan Luis Goenaga (1950-2024), margolaria.
- Antonio Zubiaurre Otegi (1956-2004), 21 urtez herriko alkatea.
- Arantza Diaz de Illarraza (1957-), informatikaria eta Ixa Taldeko kidea.
- Xabier Artola Zubillaga (1957-), informatikari, idazle eta argazkilari, eta Ixa Taldeko kidea.
- Inaki Irazabalbeitia (1957-), euskal idazle, euskaltzain urgazle, politikari eta zientzia-dibulgatzailea
- Kepa Fernadez de Larrinoa Pablos (1958), antropologoa.
- Koldobika Jauregi (1959-2024), eskultorea.
- Barbara Goenaga (1983-), aktorea.
Argazki galeria
aldatu-
Alkizako udaletxea
-
Lete baserria (lehen Alkizalete), Alkiza
-
Zumitzeko karobia
-
Zumitze baserria, Sakamidra bailaran
-
Garmendia baserria, Azaldegi bailara
-
Arpide Goikoa baserria, Aldapa bailara
-
Mendiko etxea
-
Arana bailara
-
Basazabalgo karobia, Sakamidra bailara
-
Asteasuko errepidearen inaugurazioa, 1953. Agintariak bidean gora abiatzen
-
Herrigunea 1960ko hamarkadan Areta baserritik
-
Alkizako Abertzale Ezkertiarrak hautagaitzaren logoa
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- ↑ «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 140. arauaː Gipuzkoako herri-izendegia. .
- ↑ Aranburu Ugartemendia, Pello Joxe. (2001). Alkizako auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348 - 1950). Alkizako udala, 39 or. ISBN 84-606-3058-7..
- ↑ (Gaztelaniaz) Galan, Carlos & Villota, Jaime. (1970). Complejo Leize-Aundia - Sabe-Saiako Leizia. Munibe XXII, 3-4 zk., 175-182 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) x, x. (1826). Registro de las Juntas Generales del Guipuzcoa celebradas en Fuenterrabía. .
- ↑ http://www.oilategitik.net/14/artikuluak/karlistei-begira-ikasteko-asmoz..
- ↑ (Gaztelaniaz) Enciclopedia universal ilustrada europeo-americana. Espasa, 938 or..
- ↑ Larrarte Arregi, Enrike. (2006). Santa Kruz gerrilaria Alkizan. Oilategitik 6. zenbakia, 23-24 or..
- ↑ Olano, Txomin. (1930-11-16). Argia. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Reparaz Olague, Valentin. (1939). Anuario Guipúzcoa en la mano. , 11 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Reparaz Olague, Valentín. (1943). Anuario Guipúzcoa en la mano. , 118 or..
- ↑ Reparaz Olague, Valentín. (1947). Anuario Guipúzcoa en la mano. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Reparaz Olague, Valentín. (1941). Anuario Guipúzcoa en la mano. , 13 or..
- ↑ «Francisco Franco dagoeneko ez da Alkizako ohorezko alkate - Alkiza» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2020-05-30).
- ↑ «Irazabalbeitiak bigarren agintaldia abiatu du alkate gisa - Alkiza» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
- ↑ «Inaki Irazabalbeitiaren bigarren agintaldia Alkizan - Alkiza» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
- ↑ www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ Alkizako udal hauteskundeak 2015.
- ↑ Alkizako udal hauteskundeak 2011.
- ↑ Alkizako udal hauteskundeak 2007.
- ↑ Alkizako udal hauteskundeak 2003.
- ↑ Alkizako udal hauteskundeak 1999.
- ↑ Alkizako udal hauteskundeak 1995.
- ↑ Alkizako udal hauteskundeak 1991.
- ↑ Alkizako udal hauteskundeak 1987.
- ↑ Alkizako udal hauteskundeak 1983.
- ↑ Alkizako udal hauteskundeak 1979.
- ↑ «Legarra Saizar, Felipe - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
- ↑ «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
- ↑ «Soldadutzan erdaraz ikasi behar - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
- ↑ «Alkiza - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
- ↑ «Tolosaldekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
- ↑ https://www.euskaltzaindia.eus/euskaltzaindia/organigrama-osoa/iker-saila/311-dialektologia/dialektologia-egitasmoak/821-euskararen-herri-hizkeren-atlasa-egitasmoa..
- ↑ http://www.oilategitik.net/19/artikuluak/alkizako-euskararen-testigantza-euskaltzaindian..
- ↑ https://ahotsak.eus/alkiza/..
- ↑ Irazabalbeitia, Inaki. (2013). Alondegian saldutako ardo eta agoardienteak. Oilategitik.
- ↑ «Hasiera» Ilazki Euskaltegiak (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
- ↑ «Euskaltzaindiaren osoko bilkura gaur Alkizan - Alkiza» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2022-07-23).
- ↑ irudia, Komunikazioa eta. «Castillo Suarez idazlea eta Paula Kasares soziolinguista, euskaltzain oso izateko hautagai» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-23).
- ↑ irudia, Komunikazioa eta. «Artola Zubillaga, Xabier» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-23).
- ↑ https://www.euskaltzaindia.eus/euskaltzaindia/euskaltzainak/urgazleak/291-i/4764-inaki-irazabalbeitia-fernandez.
- ↑ (Gaztelaniaz) GAO¨, PT. 1774 sorta. , 37-39 or..
- ↑ Eizagirra, Agurne & Irulegi, Ixiar. (2017). Errepublika aurreko eskola. Oilategitik, 60-61 or..
- ↑ Arantzabe Urruzola, Jos Mari. (2017). Testamentua. Oilategitik, 38-40 or..
- ↑ https://www.eskolatxikiak.eus/eskolak/1/alkiza..
- ↑ «Alkizako eskola berria inauguratu dute - Alkiza» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2022-06-27).
- ↑ Ayuso, Edurne. (2019). Alkizako Sormenaren Kabia: natura maite duten sortzaileentzat habia. Oilategitik 19. alea, 49-50 or..
- ↑ Shaw, W.J.D.; Gunea, I.A.; Kuhn, M.. (1999). International Journal of Fracture 97 (1/4): 103–111. doi: . ISSN 0376-9429. (Noiz kontsultatua: 2020-09-27).
- ↑ «Eskolako haurrek eman diete hasiera Alkizako Jaiei - Alkiza» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ «Goiza umeena izan da - Alkiza» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ «Baserritarren eguna ospatuko dute datorren igandean - Tolosaldea» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ http://www.oilategitik.net/19/artikuluak/alkizako-azken-errotariak..
- ↑ Maiz Etxarri, Eneriz. Artelana, txodorgilearena. https://ataria.eus/alkiza/1584609417995-artelana-txondorgilearena.
- ↑ https://www.nekatur.net/apartamentoslete?lang=eu-ES..
- ↑ https://inaziourruzola.eus/..
- ↑ a b «Plazaldea» Alkiza.eus (Alkizako Udala) (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
- ↑ «Alkizalete, baserria» Gipuzkoako Datu Espazialen Azpiegitura (Gipuzkoako Foru Aldundia) (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
- ↑ «AGINDUA, 2007ko maiatzaren 10ekoa, Kultura sailburuarena, Alkizako (Gipuzkoa) Lete baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena» (PDF) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria: 13428-13433. 2007ko ekainak 7.
- ↑ (Gaztelaniaz) Peña Santiago, Luis Pedro. (1992-07-27). Alkiza y la Ermita de Santiago. Diario Vasco.
- ↑ Garcia Dalmau, Miren. (2007). Santa Kruz Baselizan egindako arkeologia-eskuhartzeari buruzko txostena. Aranzadi Zientzia Elkartea, 9 or..
- ↑ Aranburu Ugartemendia, Pello Joxe. (2001). Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348-1950). Alkizako udala, 370-371 or. ISBN 84-606-3058-7..
- ↑ Ernio-Mendi. (1926). Alkiza. Argia, 2 or..
- ↑ Larrarte Arregi, Enrike. (2003). Telesforo Arregi. Oilategitik 3. zenbakia, 33 or..
- ↑ «Oilategitik» www.oilategitik.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
- ↑ Fagus Alkiza interpretazio zentroaren webgunea.
- ↑ «Hernio-Gazume KBE: Kontserbazio Bereziko Eremua (Natura 2000 sarea)» Fagus Alkiza interpretazio zentroaren webgunea (Noiz kontsultatua: 2019-02-23).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |