San Isidro eguna baserritarren eguna da Euskal Herriko hainbat bazterretan. Maiatzaren 15ean ospatzen da, San Isidro Nekazariaren eguna baita egutegi katolikoan. Egun honetan feria eta ospakizunak ohikoak dira hainbat tokitan.

Isidro nekazariaren irudi bat, Mexikokoa.

Gaur egunean, astegunean tokatzen bada maiatzaren 15a, ohikoa da hurrengo asteburura mugitzea ospakizuna.

Jaiaren jatorria aldatu

Kondairaren arabera, Isidro nekazaria egunero-egunero hutsik egin gabe mezetara joaten zen goizean-goiz lanean hasi aurretik. Egun batean, mezetatik bueltan sorora joan eta lanean hastera zihoala, soroko lan guztiak eginda aurkitu zituen. Mirari hori dela eta ospatzen omen da San Isidro eguna. Santu honen omenez, garai batean ez zen lanik egiten baserri inguruetan. Baina ez lan egitea debekatua zegoelako, baserritarren eguna ospatze aldera baizik; kaletarrek normal-normal egiten omen zuten lan[1].

Herriz herriko ohiturak aldatu

Feriak, oturuntza herrikoiak, musika eta dantza, elizkizunak... ohiko elementuak izan dira hainbat herritako San Isidro egunetan, eta neurri batean edo bestean, gorde dira zenbait herritan. Adibideak:

  • Seguran ohitura da iluntze aldera udalak ardo barrika jartzea plazan.[1]
  • Berriozarren, gaur egun hiri gunea den arren, ospakizun hau oso errotua dago Auzo Zaharrean. Hurbilen dagoen igandean ospatzen da: prozesio baten ondoren, landak bedeinkatzen dira eta hamarretakoa eskaintzen zaie han bildutakoei[2].
  • Antzuolan, feria egiten da gertueneko larunbatean, baina aspaldi ospakizun osoagoa zen[3]: "Meza aurretik prozesioa egiten zen. Elizatik irten eta plazari buelta emanez berriro elizan sartzen zen. San Isidro prozesioan zeramaten andazainak edo “hilobeak” ermandateko komisiorakoak izaten ziren. Auzo bakoitzak zeukan bere ermandatea, eta urtean zehar lau pertsona komisioan elkartzen ziren urteko gorabeherak eramateko. Bada, hauek izaten ziren santua zeramatenak. Txandaka izaten zen: urteren baten Txangalakoak, hurrengoan Lizarragakoak, eta horrelaxe besteak. Gainera, egun horretarako ere kanpotik ekartzen zen sermolaria. (...) Meza nagusia goizean hamarretan izaten zen, eta egun horretarako parrokian dagoen San Isidro, pulpitutik jaitsi egiten zen eta arto landare eta galburu batekin apaintzen zen prozesiorako."

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Baserritarren eguna, San Isidroz» goierri.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-15).
  2. «Berriozarko Udala  » SAN ISIDRO EGUNA» www.berriozar.es (Noiz kontsultatua: 2018-05-15).
  3. Telleria, Iñigo Ramirez De Okariz. (2013-05-18). «IRINMODO (1307-2018): SAN ISIDRO (MAIATZAK 15): LEHEN SEKTOREAREN KRISIA» IRINMODO (1307-2018) (Noiz kontsultatua: 2018-05-15).

Kanpo estekak aldatu