Hernioko kablea Hernioko basoetako egurra menditik jaisteko 1946ko udaberritik 1948ko abendura bitartean lanean izandako azpiegitura. Zurezko astoek eutsitako hiru kablek osatzen zuten. Kableak Hernio azpian, Alkizako udal eremuan, zegoen Ilardegi parajean zuen punturik altuena eta Asteasuko Konporta baserrian baxuena[1].

Sustatzaileak aldatu

Basoen ustiaketan eskarmentua zuten Alkizako alkate Matias Aranburuk, eta Andoaingo enpresari Antonio Arabaolazak bultzatuta 1945an Arabaolaza y Compañia SL enpresa sortu zen. Bi horiekin batera Antonioaren aita Isidrok eta Juan de la Cruz Aiako semeak osatu zuten enpresaren kapitala. Klabea antolatzeko lanetan Matias Aranbururen ardura izan ziren tramite administratiboak eta ustiatu behar ziren lursailen nagusiekin tratuak egitea. Azpiegituraren beraren antolaketa teknikoa Antonio Arbaolazarena izan zen.

Ezaugarri teknikoak aldatu

Instalazioak 4 km-ko luzera zuen eta 696 m-ko desnibela gainditzen zuen. Hamahiru zurezko astok eusten zieten sistema osatzen zuten hiru kableei. Astoek lau metroko zabalera eta bospasei metroko altuera zuten. Kabletik lurrerainoko distantzia aldagarria zen orografiaren araberakoa baitzen. Adibidez lehen zatian, 1.000 m-ko tartea egiten zuenak eta Ilardegi eta Argorri sailak lotzen zituenak, egur-kargak oso-oso altu zihoazen. Sakonuneak gainditu behar ez zen tokian, lurretik oso gertu joaten zen karga, ia arrastaka.

Bi zama-kableak finkoan ziren eta bi muturretan lurrean oso tinko lotuta zeuden. Zama-kable nagusiak 22 mm-ko diametroa zuen eta 28.000 kg-ren indarrari eusteko gain zen, hots, 1.000 kg-ko 28 egur-kargari. Bertatik, ibiltzen ziren, bi txirrikez osatutako sistematik zintzilik, egur-kargak. Astoen eskuin aldetik zihoaan. Zama-kable txikia 15 mm-koa zen bertatik igotzen ziren mendira janaria eta bestelako hornigaiak; ezkerraldetik zihoan. Bi kableak, bakoitzaren artean distantzia egoki bat mantenduz, astoetan lotutako kako batzuetatik zintzilik zeuden. Hirugarren kablea, kable traktorea zen. Kable txikiaren diametrokoa eta etengabea zen, Goitik behera egur-kargak kable nagusitik zintzilik etortzen ziren bitartean gorantz, kable txikitik zintzilik, hornigaiak edo txirrika-sistema hutsak igotzen zituen. Kablea balaztatzeko bi modu nagusi zeuden. Bata kablea bera. Izan ere, toki batzuetan astoetara hurbiltzean gorantz egin behar baitzuen kargak. Bestea, Konportako muturrean kable traktorea bi bolantetatik pasatzen zen. Bolante handiak ardatza finko lotuta zuen eta bolante txikiarenak ordea desplazatzea bazuen. Zenbat eta gehiago bolanteak elkarrengana hurbildu orduan eta balazta handiagoa. Grabitateak mugitzen zituen kargak. Halaber, telefono-kable bat ere bota zen bi muturrak komunikatzeko. Kablearen egitura osatzeko elementuak idi bidez eraman ziren beren kokaguneetara. Kablea nagusiaren eta txikiaren puska elkarri lotzen orduko kable-espezialista nagusia aritu zen Bixente Eskisabel ataundarra.

Jarduera aldatu

Ilardegiko gunean baso-mutilak bizitzeko txabolak eta karga-gunea zeuden. Izan ere, baso-mutilek astelehenik larunbatera egiten zuten lan eta igandea libratu. Itxura batean, Etxarri-Aranatz ingurukoak ziren. Sail desberdinetatik egurra bertara kargatzera idi bidez eramaten zen. Orduko lanerako tresnak trontza, aizkora eta burdinazko ziriak ziren. Konporta baserrian, zerrategi bat antolatu zen jaitsitako egurra lantzeko. Zatirik handiena okindegietako labeetan erretzeko saldu zen, nahiz eta zati bat jostailuak egiteko saldu egin omen zen[2]. Zerrategiko arduradunetako bat Jazinto Irazu, Bernardo Atxagararen aita izan zen.

Amaiera aldatu

1948ko otsailean Konportako zerrategiaren ardura zuten Jazinto Irazu, Pedro Elizegirik eta Felipe Eizmendiri kablearen ustiapena errentan utzi zien Arabaolaza y Compañiak. Horren arrazoia izan zitekeen 1947ko azaroaren 26an, basoan izandako istripu baten ondorioz, Mateo Aranburu hil egin zela. Zerrategiko hirukoteak kablearen ustiapenari 1948aren bukaeran uko egin zion. Ez dago argi zergatik, baina Jazinto Irazuk Alkizako udalak jarritako trabak aipatzen ditu. Kontuan hartu behar da 1947an Alkizako karguak aldatu egin zirela. 1949an Arabaolaza y Compañia desegin egin zen kablea desmuntatu eta gero. Hori izan zen Hernioko kablearen amaiera.

Erreferentziak aldatu

  1. Aranburu Ugartemendia, Pello Joxe. (2013). Ernioko Kablearen saiakakera: sustraiak, historia eta oroitzapenak. Autore-editore (Blurb).
  2. Gabirondo, Jose inazio & Sorarrain, Bittor. (2006). Erniotik egurra airez jeizten zenekoa. Oilategitk, 6. alea, 28-29 or..