Elektralkiza Alkizako Arana bailaran dagoen minizentral hidroelektrikoa da, Mandabe errekaren urak baliatzen dituena[1].

Elektralkizako biltegirako ubidea Ilunbe errekastoaren iturbegitik gertu

Mandabe errekaren urak baliatzea energia elektrikoa ekoizteko ahalegin asko izan ziren XIX.mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasiera. Lehen proiektua Jeronimo Arbilla Zubiarrainek egin zuen 1895ean, elektrizitatea usatu nahi baitzuen Tolosan zuen zerrategiko zerra mugitzeko. Ez zuen aurrera egin eta ondoren beste proiektu eta sustatzaile batzuk etorri ziren.

Elektralkizaren aitzindaria 1911an eraiki zen. Garaikoetxeko Inazio Urruzolak, Arritzagako Eusebio Zubiaurrek, Zumitzetako Markos Bengoak eta Antzietako Fermin Rotetak Electra Alquizana enpresa sortu zuten eta Bentzalaga baserriko lurretan, Mandabe errekan, zentral bat eraiki zuten. Errekan metro bateko altuerako eta 10 metro luzeko orma bat egin zuten eta horren ezkerreko muturrean kanal ireki bat zegoen, 345 m-ko luzerako nondik ura desbideratzen zen. Kanalaren bukaeran 12 x 2,5 m-ko biltegi bat zegoen eta hortik 30 cm-ko burdinazko hodi bat ateratzen zen 46 m-ko bidea egiten zuena turbinan sartu arte. Turbina 25 zaldi-potentziakoa zen. Hortik Alkiza, Anoeta, Billabona eta Hernialde herriak eta Echezarreta paper-fabrika hornitzen ziren.

Electra Alquizanako bazkideek 1919an Igarantzabal baserriko lurretan, Igaran errotatik uraz gora, beste zentral bat eraikitzeko eskaera egin zuten, Central Eléctrica de Alquiza izenarekin. 1921ean baimena ematen zitzaienean enpresa jada Echazarreta paper-fabrikari salduta zuten. Zentrala ofizialki 1923ko otsailaren 23an jarri zen abian.

Zentralak Ilunbe errekastoak Berandoain baserriko lurretan duen iturbegitik eta Bidani errekatik biltzen ditu urak. Ilunbe errekastoko urak 285 m-ko luzerako kanal baten bidez Bidani errekaren iturbururaino eramaten dira. Bien urak biltegira eramaten dira, 131 m3 biltegiratzeko gai dena. Biltegitik ura 139 m-ko eta 30 cm-ko hodi baten bidez turbinara eramaten da. Turbina 105 zaldi-potentziako zen.

Electra Alquizanak Echezarretarekin eginiko tratuan zentral berriak Alkiza elektrizitatez hornitzea egon zen. Ondorioz, alkizarrei kuotak 'Argiaren zalea' izeneko sozietate baten bidez kobratzen zitzaizkien, 1971an Iberduero herria argindarrez hornitzen hasi zen arte bi transformazio-zentro instalatuta.

Garai horretan Echezarretak zentrala itxi zuen eta abandonaturik gelditu zen.

1982. urtean Polikarpo Odriozolak zentralaren instalazioak eta ustiatze-eskubideak erosi zituen. Obra handiak egin behar izan zituen: ur-hodia eta presa garbitu, turbina eta makineria konpondu eta hari berriak jarri. 1996an ekin zion berriz ere elektrizitatea produzitzeari.

Elektralkizako azpiegiturak badu bereizitasuna. Ura iturburuetatik zuzenan biltzen denez eta ubide bidez presara eramaten denez, ez zaio ibai-faunari eragozpenik jartzen uraz gora eta behera ibiltzeko, gainerako presa gehienek egiten duten legez.

Erreferentziak aldatu

  1. Eskolako ikasleak. (2002). Oilategitik 2. alea, 18-21 or. ISBN eu..