Satira norbait edo zerbait irrigarri jartzeko ontzen den artelana da. Gehienetan, idazlana izan ohi da, giza bizioak kritikatzen edo barregarri uzten dituena. Forma ezberdinenak har ditzake: asmakizuna, elkarrizketa, prosa, bertsoa, epigrama, kazetaritza-artikulua, etab., satira literatur-generoa baita. Bestelakoa ere izan daiteke, ordea, adibidez, marrazkia, filma eta abar.

Diktadore handia filma (1940); Adolf Hitlerren satira, Charlie Chaplinek egina

Historia aldatu

Atenasen asko landu zen satira, batez ere Aristofanesen komedian. Antzinako Erroman, berriz, Luziliok, Horaziok, Martzialek eta Juvenalek idatzi zituzten. Italian, Bocacciok jarraitu zion ohiturari, eta Frantzian Rabelaisek. Geroago, Frantzian Molièrek, Voltairek, Montesquieuk, eta, XIX. mendean jadanik, Anatole Francek Rabelaisek sortutako bideari jarraitu zioten. Ingalaterran aipagarriak dira Chaucer, Swift, Defoe, Dickens eta, geroago, Wells eta Bernard Shaw. Gaztelaniazko literaturak ere satira-egile nabarmenak eman zituen; XIV. mendean, Hitako Artziprestea; XVI. mendean, Tormesko itsumutila satiraren egile ezezaguna; Quevedo, etab.

Etimologia aldatu

Hitza lanx satura esapidetik dator, mazedonia edo zenbait fruta mota nahastuz osatutako primizien platertxoa. Satura oso hitz herrikoia zen, mota guztietako nahasketei ematen zitzaiona: antzerki grekoa imitatu aurretik egiten ziren antzezkizun heterogeneoei, gai eta neurri askotarikoa zuten idazlan didaktikoen multzoari (Enio), aldi berean indarrean jarri nahi ziren hainbat legeren elkartze artifizialei...[1]

Jatorri grekoa aldatu

Nahiz eta izena, satira, latindarra izan, izpiritu satirikoa ez da berria, ezta haren adierazpen literarioa ere [1].

Jatorria Grezian izan zen, Paroseko Arkiloko eta Amorgosko Semonides jambo egileekin nagusiki (K.a. VII), nahiz eta Aristofanesek ere bere kritika politiko eta sozialean erabili zuen, eta bertara hurbildu ziren Bion poeta eta Eskola zinikoko filosofoak, Gadarako Menipo kasu, diatriba edo diskurtso bortitz eta iraingarriaren bidez, pertsonak edo gertaerak ikuspuntu moraletik kritikatuz.

Luziano Samosatakoak bultzada handia eman zion generoari bere elkarrizketen bidez (Hildakoen elkarrizketak, Jainkoen elkarrizketak, Meretrizeen elkarrizketak...); elkarrizketok satira bere iturri, egitura eta asmoaren funtsezko elementu gisa onartzen dute.

Generoa, ordea, Erroman garatzen da (Enio, Luzilio, Varron, Katulo, Horazio, Juvenal, Pertsio, Martzial...).

Satira latindar literaturan aldatu

Antzinaroan satira (lat. satura) antzezpen modu bat zein forma literario bat zen.

Satira antzezpen modua aldatu

Jatorrian, satura hitza Zeres jainkosaren ospakizunei eta ofrendei zegokien, kantu eta eszena barregarrien laguntzarekin. Ospakizun horietan bertso feszeninoak (Fescennini versus edo Fescennina carmina, izaera lizuneko eztei kantuetan jatorria dutena) botatzen zituzten, musika eta dantza etruriarrarekin batera; nahasketa hori zen latindar satira.

Antzezpen hauek, dantza, musika eta errezitazioa uztartzen zituzten aktoreek edo histrionek antzezten zituzten. Dantza ludikoa eta eszena komikoak gorabehera, izaera dramatikora biratzea, Tito Livioren arabera, izurrite garai batean egin zen eszenifikaziotik etorriko zen [2]. Livioren testigantzaren arabera, 240 urtean berritasuna zen tragedia eta komedien antzezpena ekintza batasunarekin[3], baina aurretik poesia, musika eta dantzaz osatutako eszenak leudeke, beraien arteko harremanik gabe, eta bere mota askotarikoagatik satira deitua; honi satira literarioak jarraitzen dio, hala deitua gai eta metro barietateagatik.

Satira literatur-genero aldatu

Barietatearen eta nahasketaren ideia honek satira literatur-genero gisa bereizten du. Satira, nagusiki, Erroman garatu zen II. mendearen azken herenean[1] erabilera zabal eta entzutetsuarekin, genero gisa finkatu zen eta molde ugari hartu, hala nola, fabula, elkarrizketa, bertsoa, prosa... Latinezko satiraren asmoa, nagusiki, morala eta hezitzailea da, eta ez bakarrik iraingarria.

Satura quidem tota nostra est ("Satira, benetan, erabat gurea da"), esan zuen Kintilianok I. mendean. Izan ere, gainerako literatura-generoak ez bezala, satira erabat erromatarra da, Kintilianoren hitzetan. Luzilio zen, Kintilianoren arabera, laudorio nabarmena lortu zuen lehena, zeinak grinatsu batzuk baitzituen, ez bakarrik gai bereko idazleen artean, baizik eta poeta guztien artean ere lehentasuna ematen ziotenak (Institutio oratoria, 10, 1, 93)[4].

Luzilioren aurretik aldatu

Egile nagusiak Enio eta Pakuvio izango dira. Fase honen ezaugarria gai aniztasuna da. Izan ere, argumentu serioetatik irrigarrietara erraztasun handiz igarotzen da.

Enioren Saturae hitz lauz eta bertsoz idatzitako idazlan mistoak dira, bere historia lan handiari, Annales, erantsiak. Satirak askotariko filosofia eta literatura ederreko liburutegi bat ziren, diziplina ezberdinetako bakoitza sinbolo duintasunera goratutako ordezkari nagusiarekin izendatzen baitzen: Epikarmo kosmologiarako, Evemero mitologiarako, Sotades literaturarako. Beste lan batzuek, Protreptikoak adibidez, balio filosofikomorala zuen, eta beste batzuek, Eszipioiak adibidez, politikoa zuten. Satira genero hau, polimetrikoa eta mistoa, Varronen satira menipearen genero satirikoak jarraituko du, baina ez Luzilio, Horazio, Pertsio eta Juvenalen izen bereko ekoizpenak.

Luzilio aldatu

Luziliok[5] erudizio eta askatasun miresgarria du, eta hortik datorkio laztasuna eta txiste nahikoa [4]. Gaio Luziloren satirak irizpide metrikoz hogeita hamar liburutan bildu eta ordenatu ziren: hauetatik, egileak, hurrenez hurren, XXVI-XXX liburuak argitaratu zituen, satirak septeto trokaiko eta sexteto janbikoetan jasoz, eta amaiera aldera hexametro daktilikoetan, eta I-XXI liburuen multzoa hexametrotan; gainerako liburuetan, XXII-XXV-, zati gutxi batzuk baino ez dira kontserbatu, bertso elegiakoa gailentzen da. Bilduma hau, aski ospetsua eta aztertua antzinatean, galdu egin zen, eta ez zen jada kristau aroko IV. mendera arte izendatua izan, eta, beraz, Luziliori buruz dugun ezagutza zuzena, hizlari, poeta eta jakintsuek helarazi digute, guztira, mila eta hirurehun bertso pasatxo osatzen dituzten zatietara mugatzen da.[3]

Autore honek sartzen dituen berrikuntzek genero satirikoa egituratuko dute. Agresibitatearen erabilera, autobiografiarako joera handiagoa eta hexametrora metrika murriztea nabarmentzen dira; beste aldaketa batzuk lagunarteko hizkuntzaren erabilera eta, edukiari dagokionez, gizartearen eta garaiko boteretsuen kritika dira.

Luzilioren ondoren aldatu

Varronek [6] (Saturae Menippeae) generoa satira menipeorantz bideratzen du konposizioetan, non poesia eta prosa nahasten dituen, honen gaia, tonua eta helburua testu batetik bestera aldatzen zelarik. Enio eta Luzilioren tradizioaren ildotik, bere garaiari dagozkion era guztietako gaiak erabiltzen ditu,

Augustoren garaian Horaziok (Sermones) landu zuen. Bigun eta samur aritu zen literaturaz eta arteez egindako satiretan, alde pertsonalak alboratuz.

Pertsio, estilo ilunekoa eta estoizismoak eragindako edukikoa.

Seneka, bere testuak filosofia moralez eta pasadizo pikante eta berez satirikoez bustitzen ditu, baina baita satira menipeo baten egile posiblea da, Klaudio jainkotiarraren Apocoloquintosis (Kalabazifikazioa).

Flavioen garaian Juvenalek (Satirae) landu zuen, umore garratz eta mingotsez kutsatu zituen bere asmo moralak, gizarteari bere bizio guztietan erasoz: tirania, emakumeen maltzurkeria, sineskeriak, pribilegioak...Bere satirak zorrotzak eta mingarri dira. Erromako talde sozial guztiak agertzen dira, Domiziano Enperadorearengandik eta nobleengandik hasi eta talde sozial pobreetaraino ere helduz, dena dago ustelkeriak jota.

Petroniok (Satirikon) satira menipeo zabala eskaini zuen Neron enperadorearen garaian gizartea kritikatzeko, nobela moduan, bere Satyricon, zeinetatik zati batzuk baino ez zaizkigun geratu.

Martzialek epigramak bakarrik idatzi zituen, non Flaviar enperadoreen luxu desordenatuari, handinahiari eta Erromako hipokresiari eraso zien.

Klasiko zaharren ondoren aldatu

Erdi Aroan, satira molde berrietan egiten hasi zen. Aipagarri dira garaiko fartsak, moralitateak, fabliauxak, elizaren aurkako satirak, Ingalaterran Chaucer-en ipuinak, Galizian cantiga asko, eta Espainian Libro del Buen Amor bilduma, zeinean apaiz nahiz abokatuen aurkako poemak oso satirikoak dauden[7].

Pizkundeko garaian, ordea, molde satirikoak leuntzera egiten du, batez ere erasmismoaren eraginez. XVII. mendean satirak alde politikoa (Quevedok Olivares Dukearen aurka idatzitako poemank), soziala (Góngoraren “Estatuen aurkako satira”) eta diatriba literarioa hartzen ditu molde gisa.

Frantziako literaturari begiratuz, Rabelaisen satira oso ezaguna da XVI. men dean eta bere girokoak dira Joachim du Bellay eta Pierre de Ronsard idazleak ere. XVII. mendean Molière eta XVIII. mendean Voltaire dira satiraz baliatzen diren idazlerik ezagunenak. XIX. mendean Victor Hugo eta Alfred de Musset idazleen lanetan aurkitzen da baita ere.

XIX. eta XX. mendeetan kazetaritzara eta umorezko literaturara igaro zen satira neurri handi batean.

XX. mendean aldatu

XX. mendean, Aldous Huxley eta George Orwell bezalako egileek satira erabiltzen zuten Estatu Batuetan eta Europan zehar gizarte aldaketa zabala izatearen arriskuei buruz hitz egiteko, eta iruzkin larriak eta beldurgarriak egiteko. The Great Dictator (1940) filmean, Charles Chaplinek satira bat egiten dio Adolf Hitler-i. Garai honetako kritikari sozial ugarik, Dorothy Parker eta H.L. Menckenek satira erabili zuen arma gisa, azken honek adierazi zuen "barre egiteak ehunka silogismo baino gehiago" balio duela publikoak kritikak onartzeko. Joseph Hellerrek, burokrazia eta militarismoa satirizatzen ditu bere lanik hoberenean (Catch-22). Sinclair Lewis eleberrigilea ezaguna da bere ipuin satirikoengatik, hala nola Babbitt, Main Street eta II Can't Happen Here. Bere liburuek gaur egungo balio amerikarrak ikertzen eta satirizatzen dituzte.

Dr. Strangelove (1964ko filma), Gerra Hotzaren satira ezaguna bihurtu zen. Satiraren azpi-genero dibertigarrienetako bat Erresuma Batuan jaio zen hirurogeiko hamarkadaren hasieran The Satire Boom filmarekin.

Euskal satira aldatu

Euskal literaturan, satira nabarmena da ahozko literaturan eta bertsolaritzan. Adibidez, Pierre Topet Etxahunek ofizioen satira egiten du Ofizialenak bertso lanean, eta Txirritak ere bai Andaluzaren pareta bertso ezagunean. Literaturaren inguruko satiratzat har liteke, bestalde, Xenpelar eta Iparragirrek izan zuten bertso eztabaida, ospetsuena delarik lehenengoak jarritako Iparragirre abila dela hasten dena.

Literatura idatzian, satira olgetaria da Pedro Ignazio Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna, lanean egindakoa eta ohituren kritika darama Xabier Muniberen El borracho burlado lanak (1764). Era berean, ohituren satira agertzen da Bilintxen zenbait lanetan, baita satira politikoa ere foruak galdu ondorengoko poema batzuetan.

20. mendean satira zantzuak badira Azkueren eta Txomin Agirreren lanetan. Lizardiren Biotz-begietan bildumako Oia poema satirikoa da, eta ohituren kritika egin ohi du Lauaxetak ere Atso zaarra bezalako poemetan[7].

Estiloa aldatu

Satira baliatu ohi da umoreaz, pasadizoaren eta akats sozial edo indibidualak irrigarri uzteko asmoarekin, kritika soziala erabiliz.

Garapenetako eta tonuetako gai handiak daude, baina  hainbat baliabide erabiltzen dira satiran:

  • Gauza baten murriztapena, irrigarria egiteko edo oso sakon ikustea eta deskribatzea, akatsak nabarmentzeko.
  • Esajerazioa, gehiegikeria edo hiperbolea: egoera edo leku erreala hartzen da eta hainbesteraino handizkatzen da irrigarritan bihurtzen dela. Adibidez, karikaturen kasua.
  • Justaposizioa, alborakuntza, gauzak konparatzen ditu; orainaldia - lehen aldia, nerabezaroa eta zahartasuna, etab.
  • Parodia edo pertsona baten estiloko imitazio irrigarria, irrigarri utzita ikusteko moduan. Literatura-generoan eta arte zinematografikoetan erabil daiteke.

Literatura latindarreko satiraren  idazle nagusiak;

  • Luzilio. Bere lana modu fragmentarioan mantendu egin zen, eta berarengana genero hori mantendu zuten hainbat poeta joan ziren.
  • Varron. Menipeas satiren egilea, bere neurtitz-nahasteagatik ezagututako klase espeziala eta satiran prosa sartzeagatik.
  • Horazio. Bere sermoiekin edo satirarentzat genero on bat egin zituen elkarrizketengatik. Eta hainbat kritika sortarazi ziren beregan.
  • Pertsio. Estilo iluna eta Estoizismoaren bidetik.
  • Seneka. Haren testuak satirazko estiloarekin, filosofia moralarekin egindakoak, baina satirako egilea ere bada. La Apocoloquintosis (calabazificación) del divino Claudio.
  • Juvenal,  azido eta umore txarrarekin haren pentsamenduak islatzen zituen sozietateari kritikak egiten: tirania, probilegioak...
  • Petroniok, Emperadore Neronen aldian, satira menipea hartu zuen eta sozietatea gaur egunean eta iraganean kritikatzen zituen novelazko generoan.
  • Martzial, soilik epigramak idatzi zituen, luxu desorekatuan min egin zuen eta  Romako enperadoreen ambizioa eta hipokresia.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Bayet, Jean. (1985). Literatura latina. Ariel ISBN 84-344-8368-8. (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).
  2. «Livy VII» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
  3. a b Bieler, Ludwig. (1971). Historia de la literatura romana. Gredos, 115 or. ISBN 84-249-2810-5. (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).
  4. a b «Quintilian: Institutio Oratoria X» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
  5. Bilbao Telletxea, Gidor. (2002). Latin-literaturarako sarbidea. Idazleak eta idazlanak. UEU, 44 or..
  6. Bilbao Telletxea, Gidor.. (2002). Latin-literaturarako sarbidea : idazleak eta idazlanak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 84-8438-035-1. PMC 52408694. (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
  7. a b «satira - Literatura Terminoen Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-16).

Kanpo estekak aldatu