Virgilio
Publio Virgilio Maron (latinez: Publius Vergilius Maro; Andes, K.a. 70ko urriaren 15a - Brundisium, K.a. 19ko irailaren 21a), latinezko poeta izan zen. Bukolikoak (latinez: Bucolica) eta Georgikak (latinez: Georgica) olerki bildumak eta Eneida (latinez: Aeneis) erromatarren epika idazteagatik. Latinezko literaturako poeta ospetsuenetarikoa da.
Virgilio | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Andes, K.a. 70ko urriaren 15a |
Herrialdea | Antzinako Erroma |
Lehen hizkuntza | latina |
Heriotza | Brindisi, K.a. 19ko irailaren 21a (50 urte) |
Hobiratze lekua | Parco Virgiliano (en) |
Familia | |
Ama | Desconocido |
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | latina |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta eta idazlea |
Lan nabarmenak | |
Influentziak | Aulus Furius Antias (en) , Homero eta Teokrito |
Mugimendua | Augustan poetry (en) |
Genero artistikoa | epopeia pastoral poetry (en) |
Bizitza
aldatuBere bizitzako datu asko Suetonioren idazki bati esker ezagutzen dira. Mantuatik gertu dagoen Andes herri txiki batean jaio zen Virgilio, K.a. 70. urteko urriaren 15ean. Tradizioari jarraiki, Andes egungo Pietole Vecchia herria da, egungo Mantuatik oso gertu, antzinako erromatar garaiko Gallia Cisalpina delakoan. Maron bere aita pobrea zen eta Magia Pola bere nagusiaren alabarekin ezkontzean hobetu zuen bere egoera. 12 bat urte zituela (initia aetatis, Suetonioren arabera), Cremonara aldatu ziren. Bertan bere ikasketak jarraitu zituen K.a. 55. urtera arte. Ondoren, Milanera joan zen erretorika, medikuntza eta naturaren gaineko zientziak. Handik Erromara jo zuen karrera politikoa egin asmoz, baina laster utzi eta novi poetae taldera bildu zuen, Asinio Polionen eskutik. Taldeko poeta asko bere jaioterriko eskualdekoak ziren, Gallia Cisalpina aldekoak hain zuzen. Garai honetan ustez idatzi zituen poemak Appendix Vergiliana izenburupean bildu dira, bereak ote diren zalantzak badaude ere.
Olerkigintza utzi eta filosofia ikasteari ekiten dio Napolesen, Siron filosofoaren eskutik. K.a. 50. urtearen inguruan iritsi zen Napolira, gerra zibilaren atarian, Erromako giro nahasitik ihesi. Garai honetan ustez berak eta bere familiak jasan zituzten lurren konfiskazioaren aztarnak atzematen dira bere olerkietan. Bukolikoak olerki bilduma K.a. 42. urtearen inguruan idatzi zuen. Hauek argitaratu zituenean Gaio Mezenas eta Augustoren babesa jaso zuen eta buru belarri ekin zion olerkigintzari, Napolin betiere. Georgikak olerkiak K.a. 38-K.a. 29 urte bitartean idatzi zituen. Eneida K.a. 26. urtean idazten hasi eta bere heriotzaren azken uneraino jarraitu zuen. Grezia bisitatzeko gogoa piztu zitzaion Eneida bere olerkian agertzen ziren tokiak ezagutu asmoz baino laster itzuli zen Augusto enperadorearekin.
Brundisium, egungo Brindisi hirian hil zen K.a. 19ko irailaren 21ean. Bere gorpua Napolesera eraman eta bertan hilobiratu zuten.[1]
Virgilio izenaz
aldatuErdi Aroan, Virgilius forma berrian ageri zen maiz poetaren izen etorkizkoa. Bide batetik baino gehiagotarik argitu nahi izan da aldaketa horren zergatia: latinezko virgo "birjina" (Virgilioren umiltasuna dela-eta) edo virga "haga, zaharo" hitzen analogia, sasi-etimologiak eraginik, ekarri izan dute zenbaitek argigarri. Latinaz bertze hizkuntzak bere literatura -gehienki latinaren beraren literatura beretzez eta itzultzez- garatzen hasi zirenean, haraitzinako izenak zeinek bere hizkuntzaren ezaugarriei egokiturik erabiltzen hasi ziren. Horregatik, Vergil forma kausitzen dugu goi alemanezko testuetan, Virgile frantsesezkoetan, Virgil ingelesezkoetan, edo Virgilio italierazkoetan. XIX mendean, aldiz, ingelesezko forma egokitua Vergil jatorrizko formara aldatzea proposatu zuten, Ameriketako Estatu Batuetako klasizista zenbaitek eta, hori dela-eta, hiru formak hatzeman ahal daitezke egun ingelesez: bai Virgil bai Vergil egokituak, eta bai Vergilius jatorrizkoa ere.
Lanak
aldatu- Appendix Vergiliana, gaztetako olerkiak, Virgiliorenak ote dauden zalantzapean.
- Bukolikoak (Eclogae izenburupean ere ezagunak), hamar liburukitan.
- Georgikoak, lau liburukitan.
- Aeneis, euskaraz Eneida, hamabi liburukitan. Epopeia bat da. Lana, Augusto erromatar enperadorearen enkarguz idatzia izan zen, jatorri mitiko bat emanez, berarekin hasi zen inperioa loriatzeko xedearekin. Xede honekin, Virgiliok, Homeroren olerkiak jarraitu baino, berridatzi egiten ditu, abiapuntu bezala, Troiako Gerra eta hiri honen suntsipena hartuz, eta, Erromaren fundazioa, greziar mito ospetsuen eran gertatutako gertakari bezala jarriz. Virgiliok, hil zorian zegoenean, Eneida erretzea agindu omen zuen, Augustoren propaganda politikotik geratzeko, edo lanak, berak nahi izan zuen perfekzio mailarik ez zuelako lortu.
Lan euskaratuak
aldatu- Virgilio'ren artzain abestijak, itzultzailea Zesareo Miangolarra Aberasturi, 1912. urtean.[2][3]
- Bukolikak; eta Georgikak[4]
Eraginak
aldatuAntzinaroa
aldatuVirgilioren obrak, ia argitaratu ziren unean, goitik behera aldatu zuten latindar poesia. Eglogak, Georgiakak eta Eneida liburuak gehienbat, eskolara joandako erromatarrak ezagutzen zituzten eskola programetako testu estandar bilakatu ziren. Virgilioren jarraitzaile diren olerkariek maiz egiten diote erreferentzia beraien poesien tartean hauek errazago uler daitezen. Ovidio olerkariaren kasua da edo Lukanoren epopeiaren batean ikus dezakegu hori.
Silio Italiko, Erromako Inperioko politikaria, Virgilioren jarraitzailerik sutsuenetako bat izan zen. Siliok idatziriko Punica Silius olerki epikoko ia lerro guztietan Virgiliori egiten dio erreferentzia. Era berean, Siliok Virgilioren hilobia erosi zuen eta haren omena zaindu zuen.
Antzinaro Berantiarra eta Erdi Aroa
aldatuMendebaldeko Erromatar Inperioa eraisten zihoan heinean, alfabetaturiko orok Virgilio maixua zela aitortu zuen. Gregorio Tourskoak Virgilio irakurri zuen eta hainbat tokitan egiten dio aipamen.
Dante Alighierik, berriz, Virgilio bilakatu zuen Infernuko eta Purgatorioko gidari Jainkotiar Komedian. De vulgari eloquentian ere aipatzen du Ovidio, Lukano eta Estaziorekin batera, lau regulati poetaetako bat delarik.
Kondairak
aldatuErdi Aroan, Virgilioren itzala handia zen, jada, eta magia eta profeziarekin lotzen zuten kondairak inspiratu zituen. III. mendetik aurrera, behintzat, kristau pentsalariek Eclogues lanaren interpretazioa egin zuten eta urrezko aro bat irekiko zuen haurraren jaiotzan Jesusen jaiotzaren iragarpena ikusi zuten. Hori dela-eta, Virgilio Bibliako antzinako profeten pareko ikusi zuten
II. mendean ere Virgilioren lanei bereigarri magikoak esleitzen zizkieten eta iragarpenerako erabili ohi ziren maiz.
XII. mendean, Napolin hasi eta Europa osoan zabaldu zen Virgilio mago handi bat kontsideratu zuen ustea.
Hilobia
aldatuVirgilioren hilobia deritzon eraikina Piedigrottan dago, Napoli inguruan. Heriotza baino lehenago ere mirespena sortu bazuen, Erdi Aroan milagroekin erlazionatu zuten eta mende pare batean peregrinazio eta kultu objektu bilakatu zen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) José Luis Vidal: Virgilio: Bucólicas y Geórgicas, 155-156 orrialdeak. Historia de la literatura latina (Carmén Codoñer koord.) bilduman.
- ↑ Virgilio Marón, Publio. Virgilio'ren artzain-abestijak / euzkeraldu dauz Miangolarra eta Aberasturi'tarr Kesara. Astui,c1912 (Noiz kontsultatua: 2022-08-09).
- ↑ Virgilio. (1912 ,Zesareo Miangolarra Aberasturiren itzulpena). «Virgilio'ren artzain abestijak.» web.archive.org (Itzulpenen katalogoa - EIZIE) (Noiz kontsultatua: 2022-08-09).
- ↑ «BUKOLIKAK; ETA GEORGIKAK | VIRGILIO | Casa del Libro» casadellibro (Noiz kontsultatua: 2022-08-09).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Virgilio |