Gaius Valerius Catullus, labur eta euskaraz Katulo, (K.a. 84 - c. K.a. 53) latinezko lehenengo poeta lirikoa izan zen, Augustoren garaiko olerkarien aurretik (Ovidio, kasu). Bere bertsoetan amodiozko zirrara eta grina azaldu izanagatik da batez ere ezaguna, elegia eta zirikada olerkiak ere idatzi zituen arren.

Katulo

Bizitza
JaiotzaVerona, K.a. 84
Herrialdea Antzinako Erroma
HeriotzaErroma, K.a. 54 (29/30 urte)
Familia
Bikotekidea(k)
LeinuaValerii Catulli (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Jarduerak
Jarduerakpoeta eta idazlea
Lantokia(k)Erroma
Genero artistikoaLatin poetry (en) Itzuli

Musicbrainz: 2029d279-783f-48ed-a05f-d2c6625f0839 Discogs: 1379262 Edit the value on Wikidata
Katulok Lesbia izeneko maitalearenganako amodiozko grinak bertso hunkigarrietan eman zituen.

Bizitza aldatu

Gutxi da Katuloren bizitzari buruz ezagutzen dena. San Jeronimok ezarritako jaiotza urtea (K.a. 84) fidagarria da, baina ez ordea ematen duen heriotza urtea (K.a. 58-57), ziurtzat jotzen baita bere olerkietako batzuk K.a. 55 urtean idatzi zituela eta horrela 30 urte inguru zituela hil zen. Gallia Cisalpina erromatar probintziako Veronako familia aberats baten baitan jaioa [1], gazte gazterik joan zen Erromara, K.a. 62. urtean zehatzago, eta bertan finkatu zuen bere bizitokia. Bere amodiozko grina piztuko zuen emakumea ere aurkitu zuen bertan, bere olerkietan Lesbia izenez deitzen duena: gehienen ustetan emakume aristokrata honen benetako izena Klodia zen, Publius Clodius Pulcher Zizeronen etsaiaren arreba eta Quintus Metellus Celer konsularen emaztea, K.a. 59. urtean alargunduko zena. Klodia Katulo baino 10 urte zaharragoa zen eta bere amodiozko gorabeherengatik zen ezaguna [2]. Erroman zegoela, K.a. 57. urtean Bitinia erromatar probintziara joan zen Gaio Memio gobernadorearen laguntzaile gisa cohors amicorum baitan. Bertan zegoela bere anaia zendu berriaren hilobia bisitatu zuen Troaden eta horren gainean olerki hunkigarri bat idatzi zuen (CI. olerkia). Bitinian bere asmoak bete gabe, Erromara itzuli zen eta bere olerkietan agertzen den Juventius izeneko mutil batez maitemindu omen zen. Suetoniok Katuloren bizitzako beste pasadizo bat kontatzen du, Katulok Zesarren aurka idatzi eta Erroman zabaldu ziren bertsoak direla eta, Katulok azkenean barkamena eskatu, nahiz eta Zesarrenganako ezinikusiak bere horretan jarraitu, eta Zesarrek egun berean bertan gonbidatu zuen afaltzera. Aipatu behar da Katuloren aitak oso harreman onak zituela Zesarrekin, familiako etxera Zesarrek bisitaldiak egiten baitzituen Galiako kanpaina militarretan. Katulo Erroman hil zen K.a. 53. urtearen inguruan. [3][4][5]

Olerkiak aldatu

 
Carmina, 1554

Katuloren 116 carmina edo olerki iritsi dira gaurdaino, zenbakiz ordenaturik. Horietarik, 60 neurri anitzeko olerki laburrak dira (I-LX) lehenengo multzo batean, 4 olerki luze (LXI-LXIV) bigarren multzo batean eta 4 elegia (LXV-LXVIII) eta 48 epigrama (LXIX-CXVI) hirugarren multzo batean.

Olerki hauetako 102, arduraz ordenaturik dauden I-LX tarteko gehienak barne, Katulok berak argitaratu omen zituen Kornelio Nepoteri eskaini zion libellus batean, baina gaurdaino denak batera iritsi dira, Erdi Aroko eskuizkribu batetik egindako hiru kopiei esker. Bigarren eta hirugarren multzoko olerkiak beste editore batek (Kornelio Nepos, agian)[6]bildu zituela uste da. XVIII, XIX eta XX. olerkiak Katulorenak ez direla uste da. Beste olerki bat bitan zatiturik ote dagoen zalantzak daude. Beraz, guztira Katuloren 113 edo 114 carmina gorde dira. Hauetatik, berriz, 14etan hutsuneak daude (8tan lerro bat edo gehiagoko hutsuneak) eta 6tan galdutako olerkien zatiak itsasi dira.

Seguru asko Katulok berak osatutako lehenengo multzoan denetariko gaiak aurki daitezke: amodioa, adiskidetasuna, satira (tartean Zesarren aurkakoak diren XXIX eta LVII olerkiak), eguneroko gertaeran eta Dianaren aldeko ereserkia ere bai. Lehenengo multzoko hauei poema polimetrikoak deitzen zaie, bertan aurki daitezkeen metro edo bertso neurrien aniztasuna dela-eta.

Aipagarriak dira Lesbiarenganako amodiozko olerkiak: II.a eta III.a, Lesbiaren txoritxoari buruzkoak, V.a (Vivamus, mea Lesbia, atque amemus, hau da, Bizi gaitezen, Lesbia enea eta elkar maita dezagun, zeinaren bertsio ezberdinak idatzi diren historian zehar), VII.a (Quaeris quot mihi basiationes, hau da, Galdetzen didazu zenbat musu); VII.a (Miser Catulle, desinas ineptire, hau da, Katulo gajoa, utzi txoroarena egiteari), XI.a, LI.a (biak metrika safoarrez) eta hirugarren multzoko LXXXV (Odi et amo, hau da, Gorroto eta maite egiten dut). Hauetaz gainera, Lesbiari buruzko gehiago ere badaude bilduman. Olerki hauen segidak Katulo Klodia, Lesbia ezizenez, maitatu zuen garaiko aldi ezberdinak adierazten ditu: alaitasuna, itxaropena, haustura, itzulera, engainua, eromena zein etsipena.[7]

Zirikada olerkiak ugari dira lehenengo (I-LX) eta hirugarren multzoan (LXV-CXVI). Hauetatik, aipagarriak dira Zesarren aurkako XXIX. eta LVII. poemak. Zesarrek poema hauek sumindu zutela aitortu zuen, baina Katuloren eskaeraz, barkatu egin omen zion.

Bigarren multzoko (LXI-LXIV) carmina edo olerkiak luzeagoak dira. LXI. eta LXII. olerkiak ezkontza-ereserkiak dira, lehenengoa lagun baten ezkontza dela-eta eta bigarrena protagonista jakinik gabekoa. LXIII. olerkia Atis jainko grekoaren elezaharraz aritzen da. LXIV. olerkia epilio bat da eta Peleo eta Tetisen ezkontzaz aritzen da estilo landu batez.

Hirugarren multzoko (LXIX-CXVI) 44 olerkiak epigrama edo poema laburrak dira, gai askotarikoak, eta distiko elegiako delako metroan idatziak denak. LXV-LXVIII eta LXXVI oerkiak elegiak dira. Aipatu behar dira bere anairen heriotzari buruzko LXXVI. olerkia, latinezko lehenengo elegia subjektibotzat jotzen dena, eta CI. olerkia, bere anaiaren hilobira egindako bisita bat dela-eta egindakoa, honela bukatzen dena: atque in perpetuum, frater, ave atque vale, euskaraz eta betiko, anaia, ohore eta agur.

Gehienen ustetan, Katuloren olerkiak neoteroi edo novi poetae izeneko poeta talde berritzaile edo modernoaren estiloaren barnean kokatu behar dira, hain zuzen Katulo joera horretako ordezkari ezagunena eta olerki gehien utzi dituena da, joeraren sortzailetzat Kalimako jotzen bada ere. Epika grekotik aldendu eta Alexandriako joera bereganatu zuten, amodioa bezalako gai pertsonalak eta lirikoak hartuz euren olerkiak osatzeko, modu laburrago baina aldi berean apain batez. Gaien aniztasuna edo varietas delako joera berri horren ezaugarria zen. Olerkigintzaz gaindi, neoterikoen pentsaera bizimoduan ere islatzen zen: bizitza politikoa ukatu eta nahiago zuten aisialdian edo otium delakoan egon.

Erreferentziak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Katulo  


  1. Jaiolekua eta familia ikusita, Katulo zelta jatorrikoa zela aipatu da.
  2. Clodia hiru ahizpetako zein zen Katuloren maitea ez dago garbi beste batzuen ustetan, bere bizitzari buruz egiazkotzat jotzen diren beste hainbat pasarteetan bezala. Ikus: Carmen Codoñer: Historia de la literatura latina, 109. orrialdea.
  3. (Gaztelaniaz) José María Alonso Gamo: Catulo: Poesías completas I, 42-48 orrialdeak.
  4. Gaius Valerius Catullus, Encyclopedia of World Biography delakoan. 2009-10-06.
  5. (Ingelesez) Marilyn B. Skinner: Catullus in Verona.
  6. Carmén Codoñer: op. cit., 112. orrialdea.
  7. (Ingelesez) Catullus, Answers.com webgunean. 2009-10-07.