Latinezko literatura latinez sortutako literatura da. Antzinako Erromako literatura lanak biltzen ditu batik bat, kultura erromatarrak grekozko literaturako lanak ere sortu zituela kontuan hartu behar bada ere[1]. Erromatar garaian sortu ziren latinezko literaturaren lan gorenak; Zizeron eta Virgilioren eskutik, esaterako. Garai honetako literatura, gainera, latinez zein grekeraz, klasikotzat hartzen da literatura unibertsalean, eta mendeetan zehar eragin nabarmena izan du beste idazleengan.

Zizeronen garaian heltzen da latinezko literatura bere gorenera. Irudian, Zizeron Katilinaren aurkako hitzaldi batean; hitzaldi hauetatik sortuko zen Katilinariak izeneko bilduma ospetsua.

Erdi Aroan ere, latina kultura hizkuntza nagusia izan zen Europan; horrela, literatura oparoa sortu zen latinez, erlijio, filosofia eta historia gaiei buruz batez ere, eskolastika izeneko mugimenduaren baitan; Tomas Akinokoaren lumaz, esaterako. Pizkundearekin batera idazle klasikoekiko interesa areagotu eta jakintza iturri moduan hartua izan zen. Horrela, Pizkundeko humanismoaren ordezkari handia izan zen Erasmo Rotterdamgoak latin garbi eta jantzi batez idatzi zituen bere lanak. Nazio estatuen zabalkuntzarekin batera, ordea, latinak galdu egin zuen bere nagusitasuna. Horrela, lan erlijioso, filosofiko (Spinoza, kasu) eta zientifikoetara mugatu zen bere literatura, literatura lan nagusiak hizkuntza nazionalez idazten ziren bitartean. Egun latinak komunikazio tresna izaera ia guztiz galdu badu ere, badira zenbait idazle bere sormen lanak latinez egiten dituztenak.

Hastapenak aldatu

Latinaren arrasto materialak K.a. VII. mendetik aurrera aurki daitezke, harrietan edo aurkitutako zenbait objektutan eginiko inskripzio eran, apaizen kolegioek utzitako carmina edo ereserkiak kasu [2]. K.a. 450. urteko XII Taulen Legea direlakoetatik zati batzuk besterik ez dira geratzen, baina geratzen direnek literatura estilo landua adierazten dute. Apio Klaudio Itsua, zentsorea eta kontsula izandakoa, latinezko lehenengo idazle ezaguna da[3]: zuzenbideari buruzko lan bat (De usurpationibus) eta aforismo bilduma bat idatzi zituen (Carmen de moribus), baina bere lanetik zati bakanak heldu dira gaurdaino [4]. Dena den, literatura arloan, Livius Andronicus jotzen da lehenengo latinezko idazletzat: K.a. 240. urtean berak idatziriko tragedia plazaratu omen zuen. Hori baino lehenago, liburu gutxi zebilen erromatar kulturan eta, eskura dagoen informazioaren arabera, beti grekeraz idatzia (Liburu Sibilinoak, esaterako, K.a. VI. mendean). Livius Andronicusen garairako, ordea, latinez idatzi eta irakurtzeko ahalmena nahiko zabaldurik zegoen Erroman, eta anitz ziren idazteari ekiten zioten hiritarrak, gehienetan beraiek eginiko jarduerei buruz (comentarii, libri, tabulae) [5].

Hala ere, grekoen eragina nabarmena izan zen hastapen hauetan; kultura finekotzat jotzen ziren eta horrela literaturan eta beste arloetan ere[6] haiek imitatzeari ekin zioten erromatarrek. Erromako herriak greziar tragediak eta komediak antzeztea eskatzen zuen eta horrela, antzerkia, eta batez ere komedia, izan zen hasieran landu zen literatura genero nagusia. Horrela, K.a. II. mendea latinezko antzerkiaren urrezko aroa dela aipatu da. Antzerkigile nabarmenena Plauto (K.a. 254- K.a. 184) dela esan daiteke. Plautoren ondorengoak baina lehenengo garai honetako komedia egileak izan ziren baita ere Terentzio eta Zezilio Estazio K.a. II. mendearen lehenengo erdian. Komediaren ildotik, eta beste zenbait generoren iturrietatik edanez, satira ere Antzinako Erromako literatura genero nabarmena izan zen, batez ere Gaio Luzilioren K.a. II. mendearen bigarren erdian.

Beste alde batetik, Homerori jarraiki, epopeia izan zen lehenengo idazleek landu zuten beste genero garrantzitsu bat, eta horrela K.a. III. mende bukaerako Nevio eta bere Bellum Poenicum, Erromako aberri-epopeia bat, aipatu behar dira. Olerkigintzan ere nabaria izan zen greziar tradizioaren eragina: hasieran erromatarrek saturnio izeneko bere metro edo bertso neurria erabili bazuten ere (hain zuzen ere, Livius Andronicus idazleak saturnioa erabili zuen Odisea lanaren itzulpena egiteko), hexametro daktiliko grekoa hartu zuten geroago olerkietarako oinarri gisa (Ennio (K.a. 269 - K.a. 169) bere Annales erromatar epopeian, kasu)[7]. Literaturaren gorenean olerkigintza eta antzerkia zirelarik garai honetan, prosak nekez lortzen zuen beste generoen maila. Prosa arlo praktikora bazterturik, historiografiaren arloan hautematen dira lehenengo idazleak. Hauek urtez urte eta gertaerak bilduz jasotzen zuten Antzinako Erromako historia, annales direlakoen tradizioaren barnean, eta horregatik analista izenaz ezagutu izan dira. Hauen artean aipatu behar dira K.a. III. mendearen bigarren erdian, Kinto Fabio Piktor eta Luzio Zinzio Alimento, grekeraz idazten zutenak biak, Erromako historia atzerrian zabaldu eta goraipatzeko asmoz[8]. Ildo honetatik, Katon Maior (K.a. 234 - K.a. 149) jotzen da latindar prosaren sortzailetzat askoren ustetan: Origines bere idazlana Erromako historia bilduma da, bere aurrekoen datu bilketa hutsak gaindituz; De agri cultura lana nekazaritzari buruzko eskuliburu zabala da[9][10].

Giro politiko bizia zegoen Antzinako Erroman erretorika ere genero garrantzitsua bihurtu zen. Apio Klaudio Itsuak Pirroren aurkako guda dela eta emandako hitzaldi baten berri badago ere, Gerra Punikoen garaian bilakatu zen erretorika arte literario bat. Lehenengo erretorikotzat ere jo behar da Katon Maior: 150 hitzaldi idatzi zituen guztira, nahiz eta hauetatik 80 bat hitzaldiren zati batzuk bakarrik ezagutzen diren. Grakotarrak, Tiberio Grako eta Gaio Grako ere garai honetako hizlari ospetsuak dira.

K.a. II. mendearen bukaeran itxi ohi da latinezko literaturaren hastapenen garaia. Mugarritzat Zizeronen jaiotza jarri ohi da; bere bizitzako urteak, Augustoren garaiarekin batera, literatura erromatarraren urrezko aroa osatzen du, prosa eta olerkigintza arloetan batez ere.[11]

Urrezko aroa aldatu

Greziar kultura bereganaturik, erromatarrak jabetu egin ziren berezko kultura idatzia eta literatura beharrezko zirela Erromatar Errepublikaren ospea eta loria zabaltzeko. Horrela, idaztea erromatar hedapenerako tresna bihurtzen da, erromatar gizartea eratzen ari ziren estatu gizonen eskutik, hasiera batean. Bi alditan zatitu ohi da urrezko aro hau: zizerondar aldia eta augustoar aldia, Zizeron eta Zesar Augusto bizitzen mugarriekin bat datozenak. Bi garaien ezaugarriak arrunt ezberdinak dira: zizerondar aldia garai nahasia izan zen politika arloan; augustoar aldian, berriz, bakea eta egonkortasuna izan ziren nagusi.[12]

Zizerondar aldia Zizeronen jaiotzatik (K.a 106) (K.a. 80. urtetik, beste batzuen iritziz) abiatzen da eta K.a. 43. urtean ematen da bukatutzat, haren heriotzarekin batera. Garai honetako giro politiko nahasian, Zizeron Erromako historiako hizlari finena izan zen eta esan izan da berarekin heltzen dela gorenera latin hizkuntza. Zuzenbideari, politikari eta baita ere filosofiari buruzko bere idazlanetatik asko gorde dira; horien artean, hark idatziriko 800 bat gutun, besteak beste Julio Zesar, Brutus, Ponpeio eta Marko Antoniori zuzendutakoak, Antzinako Erromako historia jasotzen dutenak. Garai honetakoa da Lukrezio poeta epikurearra, De rerum natura olerki filosofiko ospetsuaren egilea. Katulo latinezko lehenengo olerkari lirikoa da, eta ezagunak dira Klodia bere maitaleari buruz eginiko olerki hunkigarriak[13].[14]

Historiografian joera berria garatu zen Zizeronen hizkuntzaren apaingarritasunaren aurka. Estilo labur eta lehorrago honetan historia idazleak izan ziren Julio Zesar, besteak beste bere Commentarii de Bello Gallico bildumarekin, non Galiako konkista argitasun eta zehaztasunez kontatzen duen, eta hori dela-eta egun latinezko literatura ikasteko abiapuntu gisa erabili ohi dena [15], eta Salustio, Tuzidides grekoaren ereduari jarraiki eta Julio Zesar bezala, gertaera historikoak estilo hotz eta xehatu batez jaso baina aldi berean gertaera historikoen kausak ere aztertzen saiatzen dena, bere De coniuratione Catilinae edo Katilinaren zimarkua lanean, esaterako. Azkenik, Kornelio Nepote biografo eta historialariak ere, Zizeron eta Katuloren laguna, erromatar ikuspegia alde batera utziz eta zintzotasunez beste herrietako historiak ere kontatuko zituen. Beste alde batetik, Nigidio Figulok eta batez ere Varronek lan zientifikoen dibulgazioari ekingo zioten. Varronek denetariko gaiak landu zituen: filosofia (morala, batez ere), biografiak, historia, arkeologia, gramatika, nekazaritza, ... Zoritxarrez, idatzi zituen 74 lanetatik, 3 bakarrik gorde dira: nekazaritzaren gaineko Rerum rusticarum libri III eta beste lanen zati bakan batzuk besterik ez.[16]

Garai honetan, antzerkiak behea jo zuen, K.a. II. mendean gorenera heldu ondoren. Antzinako lanak behin eta berriz plazaratzen ziren, herriaren interes handirik gabe. Horrela, herrikoiagoa zen pantomimak arrakasta izan zuen urte hauetan, Publilio Siroren eskutik, zeinaren Sententia batzuk, bere lanetan botatzen zituenak, gorde diren. Halaber, mozorroturiko pertsonaia finkoak (Pappus, aitona; Sannio, pailazoa eta bestelakoak) zituzten atelakoak ere (aktoreak Atela hirikoak baitziren) antzezten ziren. Urteak aurrera, arte hauek interesa galdu zuten.[17]

 
Virgilioren Eneida poema epikoan Didoren heriotza kontatzen da.

K.a. I. mendean eta Oktavio Augusto enperadore izan arte, Antzinako Erromak gudu eta gatazka anitz jasan zituen. Literatura sortzaileek gogor ekin zioten giro honi; baina Oktavio Augustoren agintepean, kezka politiko eta sozialak baretu eta egonkortasuna heldu zenean, loratu zen sormena. Besteak beste, Augusto enperadorearen inguruko Maecenas aberatsaren babespean (eta hortik dator mezenas hitza) denetariko idazleek eta batez ere poetek inperioko idealak bereganatu eta kantatu zituzten. Virgilio olerkaria idazten hasi (K.a. 42) eta Tito Livioren heriotza (K. o. 17) bitartean eta augustoar aldia ere deitu den garai honetan[18] gailentzen da erromatar literaturaren urrezko aroa, Horazio eta Ovidio ere hartzen dituena [19][20]. Erromatarrak berak laster baino lehen garai honetako idazleak eta lanak kanon klasiko bihurtzera bultzatu zituztenak izan baziren ere, hala nola I. mendetik bertatik klasiko hauek eskoletan irakatsiz, historiak ere kanon klasiko hau onartu eta literatura unibertsalaren gorenean atxiki ditu [21].

Tito Livio erromatar historialari nagusia izan zen. Bere Ab urte condita libri bilduman Antzinako Erromaren historia zehazten da bere sorreratik K.a. 9. urtera arte, urtez urte, bere aurreko analisten estiloa jarraituz. 142 libri edo liburukitan idatzia, gutxi gorabehera lan osoaren laurdena bakarrik gorde da, zoritxarrez. Historia zorroztasunez jarraituz, iturri ezberdinak erkatuz, antzinako Erromako historia abertzale bat osatu zuen, prosa landu batez.

Virgilio naturaren olerkari gorena da. Bukolikak eta batez ere Georgikak olerkigintza unibertsalaren poema onenetakoak direla baieztatu da [22]. Antzinako Erromaren epika poema nagusia den Eneida ere, latinez inoiz idatziriko olerki luzeena dena eta Erromako kultura eta pentsaera ulertzeko ezinbestekoa, Virgiliok idatzi zuen. Bere lanean Antzinako Greziako idazleen arrasto anitz aurki badaiteke ere (esaterako, Eneida poemak Iliada eta Odisea poemen ereduari jarraitzen dio eta horien jarraipena dela esan daiteke) Virgilioren olerkiak originalak, hunkigarriak, sentikortasunez beteak eta formalki perfektuak direla aipatu da [23].

Horaziok satira eta lirika landu zituen. Metrika grekoa latinera ekarri eta egokituz, bere bertsoak perfekzioaren eredutzat jotzen dira, eta horrela callida iunctura delakoan edo hitzak leku egokienean jartzen trebeena Horazio dela aipatu da. Lirikan ezaguna da bere bizitza-filosofiagatik, Epikuroren pentsaeratik estoizismora bilakatuko zena. Horrela, ezaguna den Carpe diem esaera bere bertso baten zati bat da. Bere lan liriko garrantzitsuenak Odak eta Epistolak dira.

 
Ovidioren Metamorfosis mitologia bilduma hainbat artelanen inspirazio iturri izan da. Irudian, Jazintoren heriotza.

Ovidio da urrezko aroaren hirugarren eta azken olerkari handia. Elegia izan zen gehien landu zuen generoa, eta berarekin amaitzen da genero hau latinezko literaturan, Erdi Aroan idazle zenbaitek berreskuratu arte. Amodioaren olerkari, ezagunak dira bere Amores eta Ars amatoria lanak. Erromatar mitologiaren bilduma den Metamorfosis lana ere osatu zuen. Klasiko bihurturik, Erdi Aroan eta aurrerago ere eredutzat hartu den olerkaria izan da.

Hiru olerkari hauen poemek ars edo teknika eta ingenium edo argitasuna uztartzen dituzte. Antzinako Greziako metrika eta bestelako teknikak latin hizkuntzara egokituz eta euren berezko arima ezarriz, latinezko literatura gorenera heldu zen. Horrela, hurrengoentzako estilo finko, orekatu eta fina utzi zuten.[24]

Zilarrezko aroa aldatu

Latinezko literaturaren zilarrezko aroa lehenengo mendearen hasieratik (Augustoren heriotza izan zen K. o. 14tik hain zuzen) bigarren mendeko hasierara arte luzatzen da [25]. Urrezko aroko idazleak klasiko bihurturik, literatura mailaren apaltze bat gertatu zen lehenengo mendean zehar. Hala ere, Erromako Inperioaren zabalkuntzak urrutiko probintzien eragina ekarri zuen literaturara, kanon klasikoak eraldatuz. Horrela, garaiko literaturak kutsu kosmopolita eta izaera humanista hartu zituen[26]. Batzuen iritziz, aro hau bitan zatitzen da: lehenengoan, klaudiotarrak agintean daudelarik, berrikuntzetarako bidea zabaltzen da; bigarrenean, berriz, flaviotarren mendean, klasizismora itzultzen da.[27]

Olerkigintzan, Ovidioren laguna izan zen Albinovanus Pedo jarri da literaturaren atal berriaren adibide gisa, bere olerkien monotonia dela eta, kontalari trebea izan bazen ere [28]. Aurrerago, bizitza laburra izan zuen Pertsio satirak idatzi zituen estoiko bat izan zen, hil eta gero arrakasta handikoa eta Erdi Aroan estimatua bere pentsaeraren zuzentasuna dela-eta. Marko Valerio Martzialek epigramak erabili zituen bere satiretarako. Azkenik, Juvenalek aberats eta boteretsuen aurka botatako zirikadak aipatu behar dira. Bera izango zen garaiko azken satirikoa, eta ondoren, mendeetan zehar mespretxuz begiratutako literatur generoa izango zen, XVI. mendean berreskuratua izan zen arte, hain zuzen ere Juvenalen eskutik. Fedrok bere aldetik Esoporen fabulak bertsoetan jarri zituen. Fedroren fabulek oihartzun zabala izan zuten Erdi Aroan; eta, gerora, Jean de La Fontaine XVII. mendean eta Felix Maria Samaniego XVIII. mendean fabulistek Fedro bera izan zuten eredu, euren fabulak osatzeko. Garai honetako epikan, Lukano, Publio Papinio Estazio, Silio Italiko eta Gaio Valerio Flako aipatu behar dira. Senekaren iloba zen Lukanok, Neronen aurkako Pisonen zimarkukide izatea leporatu eta horren ondorioz gazte gazterik hil arren, lan ugari sortu zituen, baina bakan batzuk bakarrik gorde dira. Garrantzitsuena Farsalia izenburukoa da, hexametroetan idatzia hamar liburukitan zehar, Eneida ondoren erromatar epopeia handiena dena eta balio handiko agiri historikoa, Zesar eta Pompeioren arteko gerra zibilaren berri ematen baitu.

Zizeronen garaian erretorikak zuen maila galdu egin zuen, askatasun politikoen galerarekin batera. Errepublika garaian foroan izaten ziren eztabaidak desagertu dira eta Augustoz geroztik, erretorika deklamazio hutsa bilakatzen da. Horrela, gazteen hezkuntzarako funtsezko gaia da eta, gai mamitsuak bazterturik, gehiegizko apaingarriak sartzen dira hitzaldietan, entzuleak hitzaldiaren edertasunaz liluratu nahian eta hitzaldiaren gaia eta kausa alde batera utzirik. Erretorika arlo honetan, Marko Anneo Seneka edo Seneka Zaharra nabarmendu zen, antzinako hizlari ospetsuek gai ezberdinak aztertzeko era azaltzen baitu 64 controversiae edo aferatan zehar, baina horietatik batzuk bakarrik gorde dira. Horrela, erretorikaren historiarako garrantzi handiko testigantza utzi zuen. Antzinako Erromako historiaz liburu bat ere idatzi zuen, egun galdurik dagoena.[29]. Kintiliano pedagogo bikainak ere erretorika landu zuen. Besteak beste, Institutio Oratoria (euskaraz, Hizlariaren hezkuntza) izenburuko lana idatzi zuen, erretorikari buruzko irakaskuntzaz aritzen dena[30]. Garaiko historialari nabarmenena izan zen Tazitok erretorikaren gainbeheraren berri eman zuen bere Dialogus de oratoribus (euskaraz, Hizlarien gaineko solasaldia) lanean: erretorika aro hartan falta zen askatasunezko giro politiko batean garatu behar zen. Berak emandako hitzaldi zenbait goretsiak izan ziren bere garaian.

Historiografian, inork ez zion heldu Erromatar Errepublikako garaiari edota Gerra Punikoei. Seguru asko, Tito Livioren maisulanek garai haiek itxita utzi eta kontatzeko gutxi utzi zuten[31]. Garaiko idazlerik handiena Tazito izan zen. Bere esperientzia politikoak garaiko historia zorrotz azaltzeko aukera eman zion. Analak eta Historiak lanek 14-96 urte bitarteko erromatar politikaren irudi sakona eskaintzen dute, pertsonaia eta pasadizo bakoitzaren inguruan lezio moralak emanez. Historiografian eta zientzia arloan ere, Plinio Zaharra ere idazle argitsu eta ugaria historian. Langile sutsua, gau eta egun irakurtzen eta idazten aritzen omen zen. Bere lan asko galdu badira ere, zorionez Naturalis Historia lan itzela gorde da, non denetariko gaiak aztertzen diren. Plinio Gaztea bere iloba ere aipagarria da latinezko literaturan, batez ere idatzi zituen litterae edo gutun ugariengatik. Biografia landu zuen egile nabarmen bat Suetonio izan zen, Traiano enperadorearen garaian, eta Plinio Gaztearen laguna ere izan zena. Berari zor zaio De Viris illustribus izenburuko bilduma[32]

Eleberrian, Petronio aipatu behar da. Neronen laguna izan zen, eta arbiter elegantiae moduan hartua izan zen gortean. Garaiko Erromako gizartea erretratatzen duen Satyricon prosazko eta bertsozko eleberri pikaresko barregarriaren egiletzat jotzen da. Seneka eta Lukano bezalaxe, Pisonen zimarkukide izatea leporatu zioten eta bere buruaz beste egitera behartu zuten.

Latinezko literaturaren gainbehera aldatu

II. mendetik aurrera, latinezko literatura agortzen doa. Idazle klasikoen eredua galdu eta literatura joerak beste bide batzuk hartzen ditu. Arrazoi gisa, genero klasikoen aurka jotzen zuen kristau literaturaren sorrera aipatzen da. Estilo eta genero berriak Erdi Arora arte ez dira guztiz garatuko [33]. Beheraldia nabarmenagoa izan zen Alexandro Severoren heriotzaren ondoren, 235. urtean, kaosa nagusitu zenean inperioan zehar, Dioklezianoren garaira arte, III. mendearen atarian.

Olerkigintzan, hutsune nabarmena dakar II. mendeak. Juvenalen satiren ondoren, generoa ia guztiz desagertu egiten da [34]. Beheraldi horren erakusgarri, gorde diren garai honetako olerkien egileak beraiek dira: Hadriano, enperadorea bera, eta Luzio Anneo Floro, historialaria. Apuleioren olerki batzuk ere gordetzen dira, baina mamirik gabeko gaien inguruan. Hala ere, nabari da aldi berean estilo berria zabaltzen dela: olerki laburrak eta metrika sinple eta aldi berean landuetan, aurreko garaiko hexametroak alde batera utziz [35]. Anianok eta Septimio Serenok gai pastoralak hautatu zituzten bere olerkietarako, Alfius Avitusek olerki luzexka osatu omen zuen Erromako historiari buruz, eta Marianus Lupercalia izeneko baten egile izan zen. Egile hauek poetae nouelli izenpean bildu ziren, Terentianus Maurus metrikoaren eskutik.

Beste literatura generoetan ere idazle gutxi nabarmentzen dira. Salbuespen gisa, Apuleio, Asinus aureus (euskaraz, Urrezko astoa) eleberri ospetsuaren egilea, aipatu behar da, antzinatik gorde den lehenengo eleberri osoa baita. Bertan, satira, abentura eta elementu fantastikoak bateratzen dira, nahasketa dibertigarria sortuz.

II. mendean betiere, Aulo Geliok Noctes Atticae edo Atikako Gauak idatzi zituen, literaturaren historiaren eta hizkuntzaren gainean. Berari esker, garaiko idazleen eta beraiek egindako lanen berri iritsi da gaurdaino. III. mendeko Frontorengandik gutunak, hitzaldiak eta literaturaren gaineko iruzkin batzuk bakarrik gorde dira[36]. Bi idazle hauen iraganerako begiradak eta bildumazaletasunak agerian uzten dute garaiko literaturaren egoera kaskarra. Hutsune hau nabarmendu egingo zen III. mendean zehar; arrazoi gisa, III. mendeko krisialdiak arlo guztietan ekarri zuen gainbehera aipatzen da.

Lehenago, II. mendearen bukaera aldera, apologetika latinezko literatura genero berria zabaltzen da. Apologetika generotik, indartzen ari zen kristau fedearen jarraitzaileek kultura greko-erromatarraren aurka jotzen zuten, kristau pentsamendua bultzatu eta literatura genero paganoak baztertuz. Joera horretako idazleak apologistak izenaren inguruan bilduko dira. Aipatu behar da latina berandu samar bihurtu zela kristautasunaren hizkuntza nagusia: II. mendearen bukaera aldera, hain zuzen. Izan ere, lehenengo kristauek grekera erabili zuten batez ere euren fedea zabaltzeko. Lehenengo latinezko apologistak Tertuliano, Zipriano eta Minuzio Felix izan ziren, hirurak Afrika iparraldekoak, non latina hizkuntza nagusia zen kristauen artean. Afrikakoa ere bide zen Komodiano III. mendeko poeta kristau apologista bat.

IV. mendeko pizkundea aldatu

Konstantino I.a Handiak kristautasuna baimendu eta legeztatu zuen 313. urtean, Milango Ediktuaren bitartez. Geroago, 380. urtean, Teodosio I Handiak inperioko erlijio ofizial izendatuko zuen. Erlijio kristauaren zabalkunde hori latinezko literaturan ere islatu zen, latinezko kristau literatura oparoa sortuz, patristika izenpean bildurik. Ordura arteko latinezko literatura klasikoa paganoa zen ia guztiz, eta beharrezkoa zuten klasiko paganoak baztertuko zituen corpus bat sortzea, jarraitzaileak bere tradizio propioan hezitzeko. Kristauak ez zirenak, ordea, ez ziren atzean geratu, eta idazle garrantzitsuak sortu ziren mende honetan. Urrezko eta zilarrezko aroetako lan klasikoak eskuratu eta gordetzea errazago izan zen, gainera, mende honetan, urte gutxiren buruan hondatzen zen papiroaren ordez pergaminoa erabiltzen hasi baitzen. Pergaminoak erabiltzen hasi zirenean, lan klasikoen berriskupen zabala egin zen, klasikoekiko interesa piztuz berriz ere. Komeni da, beraz, garai honetako kristau literatura eta literatura profanoa bereiztea.

Olerkigintza profanoan, Ausonio galoa nabarmendu behar da, Virgilioren antzera gai bukolikoak landu zituena bere olerkietan; besteak beste, Mosella olerki ezaguna idatzi zuen, Mosela ibaiaren deskribapen sentimental bat. Kristau izan arren, bere literatura profanoa da guztiz[37]. Klaudianok zirikadak, goraipamenak eta bukatu gabeko epika bat (De raptu Proserpinae) idatzi zituen. Ezaguna da egile ezezaguna duen Previgilium Veneris olerkia, berrikuntza nabaria dakarrena metro eta gai aldetik. Rutilio Klaudio Namazianok De redito suo poema utzi zuen, Galietarako itzulera bidaian ikusitakoak deskribatu eta Erroma goraipatu egiten duena. Avienok prosisten lana bertsotan jarri eta Ora maritima idatzi zuen, Mediterraneoko kostaldeak deskribatuz. Avianok elegiazko distikoa erabiltzen du Esoporen estiloko 42 fabula osatzeko.

Prosa profanoan, berriz, Amiano Martzelinok Erromatar Inperioaren gainbeheraren berri eman zuen bere Res Gestae bilduma zabalean, Tazitoren ereduari jarraiki. Abertzale handia zen; bere idazkietan irbs aeterna eta urbs sacratissima bezalako terminoak maiz erabiltzen ditu. Horregatik, garaiko enperadore kristauak gogor kritikatu zituen, erromatar inperioaren gainbehera ekartzen ari zirela ikusten baitzuen. Garai berean, Eutropiok ere Erromako historiaren bilduma egin zuen bere Breviarium historiae Romanae izenburukoan. Ezagunak dira, halaber, IV. mendearen hasieran, idazle ezezagun zenbaitek, Scriptores Historiae Augustae izenez bildu ohi direnak, idatziriko Historia Augusta bilduma[38], non II. eta III. mendeetako erromatar enperadoreen biografiak biltzen diren. Sextus Aurelius Victor politikoak Caesares izenburuko bilduma osatu zuen 360. urtean, non Augusto enperadorearekin hasita enperadore guztien bizitzak eta ekintzak kontatzen dituen. Amiano Martzelinoren goraipamena jaso zuen, bere sobrietas erako estiloagatik. Historia-generoan betiere, egile ezezaguna duten Origo gentis Romanae, Saturnotik Romulorenganainoko pertsonaiekin, eta De viris illustribus urbis Romae, monarkia eta errepublika garaiko pertsonaia errealekin, aipatu behar dira.

Kristau olerkigintzan, berriz, Juvenkok Jesukristoren bizitza bertsoetan osatu zuen. Prudentius poetak, besteak beste, Psychomachia poema alegorikoa idatzi zuen, non giza arimak grinen eta bertuteen arteko borrokak kontatzen diren modu alegorikoan. Alegoria honek eragin nabarmena izango zuen Erdi Aroan. Bere olerkigintza bikaina ez bada ere, garaian kristau publiko jantzi bat osatzen ari zela erakusten du. Paulino Nolakoa kristau olerkigintzaren eredu garbia da, gai mitologikoak baztertu eta biblikoak jorratu zituen. Halaber, olerkietan ohikoa zen musaren deialdia ere baztertu egiten du. Hala ere, metrika klasikoaz idatzi zituen bere lanak, hexametroetan eta Horazioren metro lirikoetan. Guztira 51 gutun eta 36 olerkiko corpusa utzi zuen. V. mendeko Sidoniorengandik Panegyrici, alabantzak, eta Nugae, poema laburrak, izeneko 24 olerki iritsi dira gaurdaino, 150 bat gutunekin batera. Kontalari trebea da, eta garaiko historiaren berri zehatza ematen du. Aldi berean, indartzen ari zen Europako beste kulturekiko atxikimendua (godoak, ...) erakutsi zuen. Garai berean, Ausonioren biloba zen Paulino Pellakoa ere aipatu behar da olerkari moduan. Bai Sidonio bai Paulino Pellakoa godoen preso izan ziren urte batzuetan zehar. Kristau historialaria izan zen Jeronimo Estridongoa, De viris illustribus bilduma idatzi zuena, kristau idazleen gainean. Sulpizio Severok kristau elizaren historia idatzi zuen V. mendean.

Kristau literaturan, elizako pater edo aiten patristika lanak ere azpimarratu behar dira garai honetan, Eliza Katolikoaren teologia eta dotrina finkatzen dutenak. Horien artean, Agustin Hiponakoaren Aitorkizunak (Agustin Hiponakoa) autobiografia eta Jainkoaren hiria aipatu behar dira.

Latinezko literatura Erdi Aroaren atarian aldatu

Mendebaldeko Erromatar Inperioa 476. urtean erori zen. Hala ere, latinaren literatura tradizioak iraun egin zuen. Latinezko literaturaren lanak liburukietan idatziak ziren, liburutegiak bazeuden, eta literatura hori miretsi, gorde eta ikertu nahi zuten pertsonak ere bazeuden. Inperioa eroria bazen ere, Eliza Katolikoak latindar kultura eta literatura gorde eta zabaltzeko ahaleginak egin zituen. VI. mendeko fraide irlandarrei zor zaie, esaterako, Hisperica famina eta Altus prosator olerkiak eta San Gildasen De Excidio et Conquestu Britanniae historia-lana, britaniarren historia kontatzen duena erromatar konkistako garaietatik. Hiberno-latin dialekto batean idatziak izateaz gainera, lan hauek ez dute, ordea, jarraitzen kultura klasikoaren tradizioa. Kultura klasikoak kristau fedea sostengatu eta bultzada emateko balio zuela iritzia zabaldu zen ordea elizan , Agustin Hiponakoak De dochtrina christiana lanean defendatu bezala. Ildo horretatik, Ingalaterrara Gregorio I.aren ekimenez VII. mendean ebanjelizazio lanetarako bidaliko fraideak izan ziren pentsaera honen erakusgarri nagusienetako bat. Giro horretan 639.ean jaiotako Aldhelm Malmesburykoa nabarmendu behar da. Kultura klasikoan hezia eta Sherboneko apezpiku, gutunak, olerkiak eta De virginitate lana utzi zituen; apalak izanda ere Erdi Aroko latinezko literaturan lehenak dira[39]. Ingalaterran zehar eraikitako monasterioei esker, gainera, literatura klasikoa Europako beste lurralde batzuetara ere zabaldu zen. Horrela, Winfridok, San Bonifazio eliza katolikoan, egungo Alemaniako lurretan zabaldu zituen kristau dotrina eta kultura klasikoa: De octo partibus orationis erretorika lana (Hitzaldiaren zortzi atalen gainean, euskaraz) eta De metris metrika lana idatzi zituen besteak beste, gutun eta olerki zenbaitekin batera. VIII. mendearen hastapenetan, Bedaren Historia ecclesiastica gentis Anglorum lan historikoa eta De rerum natura lan entziklopedikoa aipatu behar dira, metrika, erretorika eta denborari buruzko beste lan zenbaitekin batera. Europako beste muturrean, Isidoro Sevillakoa aipatu behar da: bere Etymologiaeek garaiko jakintzaren entziklopedia zabala osatzen dute, hogei liburukitan.

Karolingiar Pizkundea aldatu

V. mendetik indarge izan zen literatura eta kultura klasikoa Galian. Horrela, Gregorio Toursekoak hau idazten zuen bere Historia Francorum lanean:

« Vae diebus nostris, quia peerit sutdium litterarum a nobis (Gure denbora galdua da, literaturaren ikasketa ihartu egin baita gure artean!, euskaraz). »

Historia Francorum liburuko hitzaurrean.


Horrela, mugaz haraindi bilatu behar zuen Galian nagusi zen Karlomagnok bere erresuman bilatzen zuen pizkundea. Ildo horretatik, Ingalaterrako eskoletan hezitako Alkuino Karlomagnok deitua izan zen 781 urtean, Eliza Katolikoa eta bere dotrina erresuma sendotzeko oinarri moduan erabiltzeko. Alkuinorekin batera beste zenbait ilustratu bildu zituen Karlomagnok bere gortean, Paulus Diaconus, Agobardo eta Teodulfo Orleansekoa besteak beste, Aachengo errege-jauregian akademia bat sortuz. Horrela, latinezko letrak berpizteko asmoa ere erakutsi zuen [40]. Pizkunde honetako gertaera nagusiak honako hauek izan ziren: latina ikasteko eskolen ugalketa, latina gorteko hizkuntza bihurtzeko; monasterioetako scriptoria edo idaztegi izenekoetan literatura lan klasikoen kopien bilduma egitea; karolingiar minuskula kaligrafia osatzea (Alkuinoren ekarpena izan zen hau) eta ortotipografia berri bat sortzea, egungoaren antzekoa, besteak beste hitz batetik bestera hutsune bat uzten ez zuena. Gorteko Akademian, Alkuinok lan didaktikoak idatzi zituen gai anitzen gainean. Paulus Diaconus Historia Langobardorum (Lonbardarren historia) idazteagatik da ezaguna. Giro honetan heldutako idazle nabarmen bat Rabano Mauro izan zen, Germania aldean, De rerum naturis et verborum propietatibus et de mystica rerum significatione lan entziklopediko zabalaren egile, beste lan batzuekin batera. Karlomagnoaren erresuman bultzaturiko monasterio hauetara, gainera, irlandar fraide anitz etorri ziren, giro ilustratuak erakarrita. Horien artean, Johannes Scotus Eriugena teologoa aipatu behar da, Alkuinoren ondorengoa errege-jauregiko eskolako buruzagitzan.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Albrecht Dihle: Greek and Latin literature of the Roman Empire: from Augustus to Justinian liburuan, esaterako, Erromatar Inperioko bi literaturak, latinezkoa eta grekerazkoa, aztertzen dira batera. Erromako latinezko literaturak literatura grekoaren eragin nabarmena izan zuen, gainera. Ikus: (Gaztelaniaz) Jean Bayet: Literatura latina. 37. orrialdea.
  2. (Gaztelaniaz) Jean Bayet: Literatura latina, 31. orrialdea.
  3. (Ingelesez) E. J. Kenney, Wendell Vernon Clausen: Latin literature, 138. orrialdea.
  4. (Gaztelaniaz) Jean Bayet: Literatura latina. 36. orrialdea.
  5. (Ingelesez) Gian Biagio Conte,Joseph Solodow,Don P. Fowler,Glen W. Most: Latin literature: a history, 15. orrialdea.
  6. Erromatarrek jainko grekoek bereganatu zituztela jakina da.
  7. (Gaztelaniaz) Jean Bayet: op. cit., 38-47 orrialdeak.
  8. Annalists, Absoluteastronomy.com webgunean. 2009-10-5.
  9. Jean Bayet: op. cit., 84-90 orrialdeak.
  10. (Ingelesez) Charles Thomas Cruttwell: A History of Roman Literature: From the Earliest Period to the Death of ... . Chapter IX: Prose literature.
  11. Robert William Browne: A history of Roman classical. 211. orrialdea.
  12. (Ingelesez) Kevin McGeough: The Romans: new perspectives, 266. orrialdea.
  13. Klodia Lesbia da bere olerkietan.
  14. Kevin McGeough: Ibid..
  15. (Ingelesez) Eric Nelson: The complete idiot's guide to the Roman Empire, 149. orrialdea.
  16. Jean Bayet: op. cit., 168-194 orrialdeak.
  17. Jean Bayet: op. cit., 194-195 orrialdeak.
  18. Augusto 14. urtean hil zen.
  19. Beste iritzi batzuen arabera, urrezko aroa Augustoren heriotzarekin batera amaitzen da, 14. urtean.
  20. Ovidio urrezko arotik zilarrezko arorako tratsiziozko olerkaritzat jo izan da. Ikus: (Ingelesez) Wendell Vernon Clausen, E. J. Kenney: The Cambridge History of Classical Literature: The age of Augustus, 2-4 orrialdeak.
  21. (Ingelesez) Gregor Vogt-Spira: The 'classics' as potential for the future: the 'high period' of ancient latin literature; Wim Verbaal, Jan Papy: Latinitas Perennis (vol I): The continuity of Latin literature bilduman, 5. kapitulua, 65-92 orrialdeak.
  22. Drydenek the best Poem of the best Poet (olerkari onenaren olerki gorena) dela aipatu zuen. Montaignek le plus acccomply ouvrage de la poésie esan zuen horri buruz.
  23. (Gaztelaniaz) Carmén Codoñer: Historia de la literatura latina bilduman, José Luis Vidal: Virgilio."Bucólicas" y "Geórgicas", 172-173. orrialdeak.
  24. (Ingelesez) Wendell Vernon Clausen, E. J. Kenney: op. cit., 1-2 orrialdeak.
  25. Bukaera data ezberdinak eman dira, hala nola Trajanoren heriotza (117) eta Hadrianoren heriotza (138). 138. urtean zilarrezko aroko Juvenal olerkariak lanean zirauen, ordea. Abiapuntua ere eztabaidagarria da, 14. urtean Ovidio bizirik baitzegoen artean.
  26. (Ingelesez) Silver Age (Latin Literature), Britannica entziklopedian.
  27. Jean Bayet: op. cit., 297-303, 347-350 orrialdeak.
  28. (Ingelesez) Walter Coventry Summers: The Silver Age of Latin Literature, 18. orrialdea
  29. (Gaztelaniaz) Carmén Codoñer: Historia de la literatura latina bilduman, Juan Lorenzo: Las Declamaciones y Séneca el Viejo, 507-514. orrialdeak.
  30. Gidor Bilbao Telletxea: Latin-literaturarako sarbidea. 203-205 orrialdeak.
  31. (Ingelesez) Walter Coventry Summers: op. cit., 137. orrialdea
  32. De viris illustribus izenburua aurreragoko biografia bildumak aipatzeko izenburu orokor moduan ere erabili zen.
  33. (Ingelesez) J. W. Mackail: Latin Literature, 198. orrialdea.
  34. Apuleiok berak adierazitakoaren arabera, satira ere landu zuen, baina bere ustezko lan hauek ez dira gorde, olerki bakan batzuk izan ezik.
  35. (Ingelesez) S. J. Harrison A companion to Latin literature, 75. orrialdea.
  36. (Ingelesez) S. J. Harrison: Ibidem.
  37. The Cambridege History of Classical Literature: II. Latin Literature. 700. orrialdea.
  38. Isaac Casaubon da bildumari izena eman ziona, 1602 urteko editio princeps edo lehenengo argitalpenean.
  39. (Gaztelaniaz) Gilson, Étienne. (1982). La filosofía en la Edad Media. Gredos, 169-171 or..
  40. Karlomagnok berak osatutako homilia bilduma batean aipatzen duenez: Letren ikasketak berpizteko lanari ekiteko asmo sendoz gatoz, ahal dugun ardura osoz, gure arbasoen utzikeriagatik indarge izan ondoren. Gure meneko guztiei dei egiten diegu arte liberalak ikas ditzaten, ahal duten neurrian eta hemen aurkituko dute horren eredu. Gilson, Étienne. (1982). op. cit.. , 178 or..

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu