Trebiñu (herria)
- Artikulu hau Trebiñuko herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Trebiñu (argipena)».
Trebiñu herria Trebiñu udalerriko herriburua da, eta 2014an 195 biztanle zituen (111 gizon eta 84 emakume).
Trebiñu | |
---|---|
Euskal Herria | |
Kokapena | |
Herrialdea | Araba |
Udalerria | Trebiñu |
Posta kodea | 09215 |
Herritarra | trebiñar |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°44′05″N 2°44′50″W / 42.734722222222°N 2.7472222222222°W |
Azalera | 260,7 km² |
Garaiera | 566 m |
Geografia
aldatuTrebiñu herria izen bereko udalerriaren erdigunean dago, udalerria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen CL-127 errepidearen eta Zaldiaran mendatetik datorren BU-742 bidearen bidegurutzean. Ihuda ibaiaren ondoan dago, Trebiñuko Cerro del Castillo ("Gazteluaren muinoa") mendixkaren hegoaldeko magalean.
Historia
aldatuErdi Aroan, Ihuda ibaiaren arroa, gaur egun Trebiñuko udalaren kokalekua dena, Uda edo Ibita izenekin dator aipatua idatzi historikoetan. Donemiliagako Goldean ez da agertzen Trebiñu, baina bai ibarreko beste hainbat herriren izenak, ekialdekoak batez ere. Herrien zerrendan ez da atzematen inolako hierarkizaziorik. Rigo de Ivita aipatzen da, eta 35 asentamendu izendatzen dira. Ondorioz, baliteke Trebiñu eta haren ingurua goldean ez agertzea lur haiek ez zeudelako emilianotarren mende, goldean aipatzen ziren gainerako herriak bezala.[1] Trebiñuko gaztelua zetzan mendixkan egindako indusketetan egiaztatu zen lehen okupazioa X. mendean izan zela. Ondoren, XI. eta XII. mendeetan silo handiak zituen asentamendu bat aurkitu zen. Horrek adieraz lezake ordurako bazegoela nolabaiteko hierarkizazio bat, eta Trebiñu zela eskualdearen burua.
Sasoi hartan, Ihuda ibaiaren arroa Nafarroako Erresumaren mende zegoen. 1161ean Trebiñu herriari Antso VI.a Nafarroakoak hiribildu titulua eman zion. Beraz, Nafarroako Erresumaren hiribildu arabar zaharrena litzateke. Esan bezala, Trebiñuko muinoaren gailurrean Nafarroako Erresumaren gaztelu bat zegoen, 1199. urteko eraso gaztelarrak konkistatu ezin izan zuena. Fundazio hau Nafarroaren eta Gaztelako Erresumaren arteko liskarren testuinguruan jazo zen, eskualdea mugakidea izanik.
1200an Alfontso VIII.a Gaztelakoak Nafarroako mendebaldean sartu eta Gipuzkoa eta Araba beretu zituen. Trebiñuk ere erasoa pairatu zuen, baina gaztelauek ez zuten lortu hura konkistatzerik. Orduan Antso VII.a Nafarroakoak eta Gaztelako erregeak ituna egin zuten, eta Trebiñu Gaztelaren esku geratu zen Nafarroak Miranda Arga, Mendabia, Larraga eta beste herri batzuk mantentzearen truke.
Garraioa
aldatuEskualdeko Garraioa sareak 4 lineak ditu herrian:
|
Jaiak
aldatu- San Joan Bataiatzailea zaindariaren jaiak. Ekainaren 24a.
- Euliaren azoka. Uztailaren 2 eta 3a. Artisautza, elikagaiak, opariak. Euskal dantzak, musika, haur jokoak.
Ondasun nabarmenak
aldatuTrebiñuko herria Kultura ondasun izendatu zuten 1983an. Honako monumentuak nabarmen daitezke herrian:
- San Petri eliza. XIII. mendean eraiki zuten estilo gotikoan, baina haren elementuetako batzuk (esaterako kanpandorrea, barrokoa) geroagokoak dira. Kantoi batean Andre Maria Zuriaren XII. mendeko irudi bat du. Erretaula nagusia txurrigeresko estilokoa da.
- Manrique Lara familiaren jauretxea. Trebiñuko kondeek XVI. mendean eraiki zuten jauretxea da, gaur egun udaletxearen egoitza dena. Nabarmentzekoa da fatxadan duen Manrique Laratarren armarria.
- Izquierdo familiaren jauretxea. XVIII. mendean eraiki zen barroko estiloa jarraituz.
- San Joan Bataiatzailearen baseliza. Jatorriz erromanikoa bada ere, gutxi mantentzen du estilo horretatik. XV. mendeko absidea dauka. Atearen gainean Trebiñuri forua eman zioteneko idazkuna dauka.
-
San Pedro elizako atari erromaniko berantiarra
-
Alde zaharreko etxe historiko bat
-
Izquierdo Urturi palazioa, XVIII. mendekoa
-
Udala, Trebiñuko kondeen palazioan kokatzen da
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Martín Viso, Iñaki. De Ibida a Treviño: los procesos de jerarquización y de formación de la villa (siglos XII-XIII). (Noiz kontsultatua: 2015/12/27).
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |