Ikasle Abertzaleak (IA siglaz ere ezaguna) Euskal Herriko ikasle langileen antolakunde sozialista da. Ikasle Abertzaleak-en egitasmo politikoa Euskal Eskola Nazionala da. Gaur egun, Euskal Herriko ikastetxe eta militante kopururik handiena hartzen duen ikasle-antolakundea da, eta Mugimendu Sozialistako elkartekideetako bat.

Ikasle Abertzaleak
Sorrera1988ko azaroaren 17a
Egoitza nagusiaErronda kalea 22, 1. esk. - Bilbo
Ideologia politikoaSozialismoa, marxismo autonomoa, euskal abertzaletasuna, independentismoa
www.ikasleabertzaleak.org

Proiektua aldatu

Ikasle Abertzaleaken proiektua Euskal Eskola Nazionala da. Proiektu hau 1991n eginiko I Kongresuan definitu zen eta handik aurrera aldaketa txikiak baino ez ditu jaso (hala nola hezkidetzakoa edo euskalduna edukiz birdefinitzea). 1999an buruturiko III. Kongresuan hartu zuen proiektuak ofizialki “Euskal Eskola Nazionala” izena. Eskola honek honako baldintzak beteko lituzte:

  • Euskalduna hizkuntzaz: euskaraz heziko du
  • Euskalduna edukiz: euskal curriculuma izango da bere gaitegia.
  • Hezkidetzazkoa: sistema heterosexual patriarkalak ezartzen dituen genero-rolak apurtuz generoa kontuan izan gabe era berdinean heziko duen eskola.
  • Herritarra: herriaren zerbitzuan dagoena eta herriak kudeatzen duena.
  • Nazionala: Euskal Herri osoa hartuko duena.
  • Pedagogikoki berritzailea.[1]

Historia aldatu

Aurrekariak eta sorrera aldatu

1980ko hamarkadan ikasle mugimendua indarra hartzen hasi zen. Garai hauetan herri borroken gorakada handia izan zen, adibide nagusia Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borroka izan zelarik. Gainera, Ezker Abertzalea KAS Alternatiban murgildurik zegoen, eta Espainiar Estatuak errepresioarekin erantzun zion honi. Guzti honek eragin handia izan zuen ikastetxeetan, grebak eta mobilizazioak oso ohikoak zirelarik.

1983. urtean burutu zen Jarrai antolakundearen II. Kongresuan, hezkuntza esparruan Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren beharrei erantzungo zien erakunde baten beharra zegoela ondorioztatu zen. ENAM militante berriz hornitzeko ikasle masa erakunde bat sortu nahi zen. Helburua gazte sektore kontzientziatu gabeen eta Jarrairen arteko zubi lana egingo zuen ikasle erakundea sortzea zen. Praktikaren bidez eta printzipio ideologiko eta antolakuntza eredu lausoagoarekin, kontzientzia garapen urriko ikasleak ENAMen parte izatera pasatzea nahi zen. [2]

1986an Alain Devaquet, Frantziako Hezkuntza ministroak aurkezturiko hezkuntza erreformaren aurka ikasle mobilizazio ugari antolatu ziren Frantzian zein Ipar Euskal Herrian.[3] Mobilizazio horien arrakasta ikusirik,[4] eta Espainiar Estatuko hezkuntzaren egoera medio, abenduaren 17an Sindicato de Estudiantesek greba deialdia egin zuen irakaskuntza ertainean.[5] Espainiar Estatuan arrakasta izan zuen deialdiak, baina Hego Euskal Herrian talkak izan ziren mobilizazioan parte hartu zuten ikasleen eta antolatzaileen artean. Manifestazioetan Sindicato de Estudiantesen aurkako ohiuak entzun ziren.

Sindicato de Estudiantesek estatu mailan antolatzearen beharra azpimarratzen zuen, baina Hego Euskal Herriko ikasle ugari ez zetorren bat honekin. Hainbat ikaslek ez zuten begi onez ikusi hauen aldarrikapen taula, eta beren aldarrikapen taula propioa sortzea erabaki zuten, eduki nazionalak jasoz. Bide horretatik Euskal Herriko Ikasle Koordinadorak sortu ziren. Hauek hasiera batean maila ertainean antolatu ziren, baina denborarekin unibertsitateetara ere heldu ziren. Epe laburrean euskal ikasle mugimendua estatu mailako mugimenduari nagusitu zitzaion.

 
Ikasle Abertzaleen Eskola Ibiltaria

86-87 eta 87-88 ikasturteetan Ikasle Abertzaleak izena hartu zuten hainbat talde autonomo sortu ziren. 1988an talde hauek koordinatu eta ikasle erakunde batean biltzearen inguruko eztabaida ireki zen. Talde hauetako militanteez gain gazte mugimenduko, ikasle koordinadoretako eta euskara taldeetako ikasleek hartu zuten parte.

Antolakunde berria sortu ahal izateko Ikasle Abertzaleen Koordinadora Nazionala sortu zen. Koordinadora honek antolakunde berriaren izaera eta jarduera definituko zituen bost ponentzia osatu zituen: Irakaskuntzaren bilakaera eta gaur egungo egoera Euskadin, Oinarri ideologikoak, Maximoen egitura, Minimoen egitura eta Estatutuak. Ponentzia horiek eztabaidatu eta onartzeko batzar sortzaile ezberdinak burutu ziren. 1988ko azaroaren 17a hartzen da Ikasle Abertzaleaken sorrera data modura.

Lehen urteak aldatu

IA ikastetxe zein unibertsitateetan antolatuz joan zen. Indar handia lortu zuten unibertsitate publiko, ikastola eta eskola publikoetan. Hala ere, beste ikastetxe mota batzuetan, adibidez ikastetxe erlijiosoetan, taldeak ateratzeko gai izan zen.

Lehen IA hau Ikasle Koordinadoren jarduna babesteaz arduratu ohi zen. Horretaz gain hiru lan nagusi burutzen zituen: ikasleen arazoak ikuspegi propio batekin jorratu, ikastetxe bakoitza hobetzeko lanak burutu (euskara sustatu, azpiegiturak aztertu, etb.) eta kalean ematen zen borroka soziala ikastetxeetara sartu.

Mundu guztiak ez zuen begi onez ikusi ikasle antolakunde berria, eta hainbat eraso jasan zituen IAk. Hainbat komunikabide antolakundearen jarduna kriminalizatzen saiatu zen. Horrez gain IAren aurkako pintadak agertu ziren zeinbat ikastetxetako paretetan, eta eraso fisikoak ere jasan zituzten IAko militanteek. Horietan esanguratsuena Irantzu Mugeta ikasleak jasandakoa izan zen. Bi gizonek Arte Ederretako komun batean sartu eta hainbat aldiz kolpatzeaz gain “GAL” siglak grabatu zizkioten labana batekin. Poliziak zalantzan jarri zuen eraso honen egiazkotasuna.[6] Hala ere, 2000 ikasle baino gehiagok manifestazioa burutu zuten gertakaria salatzeko.

Antolakundea poliki-poliki egituratzen hasi zen. Lehen urte hauetan lan militanteak garrantzia handia izan zuen. Denborarekin talde eta militante berriak hasi ziren antolatzen ikasle antolakundearen baitan. 1991n IAk 200 talde eta 2200 militante zituen, nahiz eta militante askoren konpromezua ez zen handiena. Ikasle antolakundeetan normala den bezala, kantitate hauek aldatzen joan ziren, ikasle batzuek ikasketak amaitzen zituztelako edo beste bete behar batzuk izaten zituztelako.

Garai hauetan militanteen artean eztabaidak sortu ziren IAk Euskal Herriko egoera orokorrarekiko izan behar zuen paperaren inguruan. IAk bere batzar sortzailean KAS Alternatiba bere egin zuen eta Euskal Herriaren eskubideen aldeko borroken parte izaten zen. Hala ere, zenbait ikasleren eta komite nazionalaren iritziz antolakundeak ez zuen egoera politiko orokorrarekiko jarrera zehatzik hartu behar. 1991n eginiko kongresuan gai honen inguruan nahiko adostasun lortu ez zenez, eztabaida irekita utzi zen. 1992an eztabaidak berriro garrantzia hartu zuen “Bai Independentziari” plataformak independentziaren aldeko agiri bat sinatzea proposatu zionean IAri. Komite nazionalak uko egin zion agiria sinatzeari, hezkuntzaren alorra gainditzen zuelakoan. 1993an eztabaida behin betiko amaitzea erabaki zen Batzar Nazional baten bidez. Gehiengoak komite nazionalaren jarrera babestu zuen. Komite nazionalaren erabakiarekin desados zeuden militanteek taldea uztea erabaki zuten, baina denborarekin militante gehienak antolakundera itzuli ziren. Guzti honen ostean IAk hezkuntzara mugatutako jarduna eraman zuen aurrera, nahiz ta dinamika zehatz batzuk babestu zituen, adibidez Euskal Presoak Euskal Herrira dinamika.

Urte hauetan IAk borroka ezberdinak gauzatu zituen, besteak beste, selektibitatearen aukako kanpainak, Opus Deiren unibertsitatearen aurkako kanpainak, ikasleen baldintza kaxkarrak salatzeko kanpainak, etab. Dinamika horietan esanguratsuena 1993an burutu zuten, NUPen tasak igotzearen aurka. Mobilizazioek IAren, Grupo Unibersitarioren eta Zabaliken arteko adostasuna suposatu zuen. Asanblada batean 2000 ikasletik gora batu ziren mobilizazio ezberdinak adosteko. Mobilizazio hauen artean greba orokorra edo Nafarroako Gobernuaren egoitzaren okupazioa nabarmentzen dira.

 
IAk selektibitatearen aurka eginiko pankarta, aurrean ikasle multzo bat.

1994an Arte Ederretako 200 ikaslek okupazioa bat burutu zuten fakultatean, 5 irakasle euskaldun aldarrikatzeko. Ertzainek okupazioa bortizki ekidin zuten. IAk mobilizazioak deitu zituen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, gertatutakoa salatu eta irakasle euskaldunak aldarrikatzeko. Mobilizazioetan 8000 ikasletik gora elkartu ziren. Denborarekin gatazka Arte Ederretako fakultatetik Euskal Herri osora hedatu zen. Azkenean 1995eko urrian EHUk 85 ikasle euskaldun kontratatu zituen, horien artean Arte Ederretako ikasleek eskatzen zituzten bostak.

90eko hamarkadaren bigarren erdian ikasle mugimenduak jasaten zuen autoritarismoari aurre egiteko “Autoritarismoari kaña!” deituriko kanpaina abiatu zuen IAk. Honen arrazoia urte batzuk lehenago nagusitzen hasi ziren jarrera autoritarioen areagotzea izan zen. Jarrera hauen adibide dira 1990ean Ertzaintza Leioako Campusean lehen aldiz sartzea edo Beasaingo lizeoko zuzendaritzak 200 ikasle kanporatzeko prozesua irekitzea.

Autoritarismoari kaña kanpainak hiru borroka nagusi izan zituen unibertsitateetan. Lehena Protecsa segurtasun enpresaren aurkakoa izan zen, honek ikasle zein kaleratutako hainbat irakasleren aurka erakutsitako jarreragatik. Borroka hau 1994ean hasi zen, Protecsako indarrek egun berean intsumisoen aldeko kanpaldi bat desalojatu eta IAk antolaturiko jaialdi bat zapuzten saiatu ostean. Protecsaren aurkako asanblada bat eratu zen, milaka ikasle batu zituena. 1995eko azaroaren 2an IAk borroka eguna antolatu zuen Leioan. 3000 ikasle elkartu ziren campusa zeharkatu zuen manifestazioan. Hainbat ikaslek errektoretzaren eraikina harrikatu zuten. Ertzainek eta guardiek ikasleen aurka jo zuten, baina ikasleek segurtasun indarren erasoari eutsi zioten. Kanpainaren baitan abiatutako bigarren borroka EHUko hiru campusetan eman zen. Honen helburua errektoretzak hiru ikasleri irekitako espedientea atzera botatzea zen. Hainbat mobilizazio burutu ziren, eta 1997an IAk hiru espedienteak bertan behera geratu zirela iragarri zuen.

Azken borroka 1996an gauzatu zen. NUPeko errektoretzak egutegi berriak onartu zituen ikasleen iritzia kontuan hartu gabe. Egutegi berri horrek aldaketa ugari ekarri zituen, adibidez iraileko azterketak ekainera mugitzea. Guzti honen aurka mobilizaio ezberdinak antolatu ziren. IAk, Eraldatuk eta Grupo Unibersitariok greba deialdia egin zuten, hainbat ikasle mobilizatuz. Maiatzaren 9an greba berri bat egin zuten ikasleek, oraingoan Grupo Unibersitario gabe. Errektoretzak egutegi berria urtebetez atzeratzea proposatu zuen, baina IAk ez zuen onartu (Eraldatuk eta Grupo Unibersitariok bai). Errektoretzaren jarrerak gatazka akademiko bat autoritarismoaren aurkako borroka bilakatu zuen. Maiatzaren 16an 1500 ikaslek manifestazioa burutu zuten “Erreferenduma bai, autoritarismoari ez” lemapean. Maiatzaren 23an egutegi berria bertan behera geratuko zela iragarri zen. Hala ere, gaiaren inguruko erreferenduma gauzatu zen, ikasleen gehiengoak egutegi berriaren aurka bozkatu zuelarik. Irakaskuntza ertainean autoritarismoari kaña kanpainak forma ezberdin bat hartu zuen. Ikasleek aldarrikapen taula bat eratu eta ikastetxez ikastetxe hedatu zuten. Aldarrikapen taula honetan eskubide demokratikoak barnebiltzen ziren.

1998tik aurrera IAk euskararen aldeko borroka ezberdinak abiatu zituen. Borroka hauek gauzatzeko aurrez gutxitan erabilitako borroka moldeak eraman zituen aurrera ikasle antolakundeak: desobedientzia eta autogestioa.

Mende berria aldatu

2000. urtean IAk euskararen aldeko borrokarekin jarraitu zuen “Ekin euskalduntzeari” kanpainarekin. Kanpaina honen harira burutu zen greba 117.000 ikaslek jarraitu zuten.[7] Honez gain, eduki euskaldunen aldeko kanpainak jarri zituzten abian.

2001ean Espainiako Gobernuak unibertsitate legea aldatu zuen, LOU modura ezagutu zen legea ezarriz. IAren jardunean lege honen aurkako borrokak garrantzi handia hartu zuen, “LOUari Intsumisioa” moduko leloak erabiliz.[8] IAk hainbat mobilizazio burutu zituen lege berriaren aurka. Urriaren 18an batzar irekiak antolatu zituzten gaiaren inguruan hitz egiteko.[9] Azaroaren 22an NUPen legearen aurka buruturiko itxialdi batean parte hartu zuten 29 kide atxilotu zituzten.[10] Azaroaren 28rako IAk LOU legearen aurkako greba deialdia egin zuen.[11]

2002ko martxoaren 6an IAk LOU legearen aukako greba burutu zuen "Lege arrotzei intsumisioa, euskal hezkuntza nazionala orain!" lemapean. Mobilizazioetan 15000 ikasle inguru batu ziren.[8] Apirilaren 20an IAk Ipar Euskal Herrian antolatzea lortu zuen, Ezpeletan eginiko Antolakunde Nazionaleko ekitaldian. Modu horretan antolakundeak Euskal Herri osoan antolatzea lortu zuen. [7]

 
Bolognaren aurkako manifestazioa Leioako Campusean.

2003ko apirilaren 8an Leioako campuseko Areto Nagusian Klaustroa batu behar zen, LOU legeak ezartzen zuen bezala, estatutu berriak onartzeko.[12] IAk mobilizazioak deitu zituen “LOUari intsumisioa” lelopean. Mobilizazioetan istiluak izan ziren eta zazpi ikasle atxilotu zituzten.[13] Aurreko egunean itxialdi bat burutu zuten 108 ikaslek, baina campuseko segurtasun indarrek ikasle guztiak kaleratu zituzten.

2005 eta 2006 artean Bologna prozesuaren aurkako lehen mobilizazioak gauzatu ziren. Bologna Prozesuari nola erantzun erabakitzeko Europako hainbat ikasle antolakunde batu eta Europako Ikasle Foroa osatu zuten. Lehen edizioa Bakaikun gauzatu zen 2006ko martxoaren 24tik 26ra, eta bertan Bakaikuko Adierazpena onartu zen.

2007an IAk "Ikasle borrokaz lortuko dugu! Bologna gelditu!" lelopean dinamika ezberdinak burutu zituen Bologna prozesuaren aurka. Dinamika horien baitan martxoaren 29rako greba orokorrerako deia luzatu zuen ikasle antolakundeak.[14] Grebaren jarraipena %95ekoa izan zen, eta lau mila ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte mobilizazioetan.[15] 2008 eta 2011 bitartean Bologna prozesuaren ezarpena gelditzeko hainbat mobilizazio eta istilu izan ziren Hego Euskal Herrian. IAk lan ugari egin zuen Bolognaren aurka, baina ez zuen prozesua gelditzea lortu. Horrek atsekabea eta frustrazioa eragin zuen ikasle mugimenduan.

2010eko irailaren 25ean arlo politiko eta soziala artikulatu eta Euskal Herriko gatazkaren konponbidean konpromisoak ezarri asmoz batu ziren eragile ezberdinek Gernikako Akordioa sinatu zuten. Eragile hauen artean Ikasle Abertzaleak zegoen. Bruselako adierazpenaren ildotik, Gobernuari nahiz ETAri pausuak emateko eskatu zitzaien bertan.[16][17]

2012an IAk "11X12" kanpaina eraman zuen aurrera SEPC (Herrialde Katalanak), Agir (Galizia), Liga Estudiantil Galega (Galizia), Yesca (Gaztela), Unibersidat (Aragoi), SAT (Andaluzia), Jaleo (Andaluzia), Darréu (Asturias) eta Regüelta (Kantabria) eragileekin batera.[18] Kanpainaren helburua 2012ko urriaren 11n ikasle mobilizazio bat sustatzea zen.[19] Honekin Espainiako Gobernuak ezarri nahi zituen erreformak salatzea eta hezkuntza eredu propioa aldarrikatzea nahi zen. Milaka ikasle atera ziren kalera egun horretan. [20]

2014ko martxoaren 25 eta 26an Bizkaiko Ikasle Eztandak lehen Herri Unibertsitatea antolatu zuen Leioako Campusean.[21] Ekimenak arrakasta handia izan zuen eta Euskal Herriko gainontzeko campus eta unibertsitateetara hedatu zen denborarekin. Martxoaren 27rako ikasle grebarako deia luzatu zuen IAk, "Ekin geroa marrazteari, ekin euskal eskola nazionalari" lemapean.[22] Milaka ikasle atera ziren kalera LOMCE izenez ezagutzen zen hezkuntza erreformaren aurka eta Euskal Curriculumaren alde.[23] Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko Heziberri2020 planaren aurka ere agertu zen IA.[24]

2014ko azaroaren 27an IAk manifestazio nazionala deitu zuen EU2015 unibertsitate erreformaren aurka. Manifestazioak campus osoa zeharkatu zuen, eta errektoretzan amaitu zen.[25] Bertan, lau ikasle Iñaki Goirizelaia errektorearekin elkartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Horren aurrean ikasleek Zuzenbideko, Medikuntzako, Zientzietako eta Gizarte eta Komunikazio Zientzietako fakultateak okupatu zituzten. Azkenean errektorearekin hitzordua zehaztea lortu zuten IAko kideek eta okupazioari amaiera eman zioten.[26]

2016ko azaroaren 24ean EHUko errektore hauteskundeak burutu ziren. Nekane Balluerka zen hautagai bakarra, baina hautatua izateko baliozko botoen herenak lortu behar zituen. IAk abstentziorako eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zuen. Leioan burutu zen manifestazioan istiluak izan ziren. Guardia Zibilak autobusak gelditu zituen manifestazioa baino lehen.[27] Gainera, manifestazioan zehar ertzaintzak behin baino gehiagotan kargatu zuen.[28] Egun horretan 38.320 ikasle abstenitu ziren, ikasle guztien %94,96a.[29]

2018ko irailaren 5ean Ernai gazte antolakundeak Ikasle Abertzaleakekin harremanak moztu eta hezkuntzan antolatuko zela iragarri zuen.[30] Gazte antolakundearen eta ikasle antolakundearen arteko barne tentsioen emaitza izan zen hau. Testuinguru honetan IAk zenbait eraso salatu zituen Ezker Abertzalea osatzen zuten talde politikoen partetik. Hauetan esanguratsuena Bilboko Erronda kaleko egoitzaren afera izan zen. Urte luzez IAk kudeaturiko egoitzaren jabetza aldarrikatu zuen Ezker Abertzaleak, bi aldeen arteko tentsio egoera areagotuz.[31] Ezker Abertzaleak une batez egoitza bereganatu bazuen ere, 2019ko azaroaren 17an IAk egoitza berreskuratu zuela iragarri zuen.[32][33]

2019an, sortu berri zen Gazte Koordinadora Sozialistarekin elkarlanean jarduten hasi zen IA, Ildo sozialista izenez ezagutzen den korronte politikoaren oinarrietako bat bilakatuz.[34] Elkarlan honen adibideetako bat Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunea da. Urte berean Unibertsitateko Indar Batasuna sortu zen.[35]

2020ko martxoaren 26rako greba deialdia egin zuen IAk “Tasak merketu bekak hobetu” lemapean. Hala ere, COVID-19aren eraginez ezarri zen konfinamenduak greba bertan behera geratzea eragin zuen. Pandemiak utzitako egoerari erantzuteko hainbat dinamika abiatu zituen ikasle antolakundeak. IAk irailaren 15earako greba deialdia egin zuen EAEn, “Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu” lelopean.[36] 2500 ikaslek hartu zuten parte mobilizazioetan.[37] Nafarroan irailaren 24ean burutu ziren mobilizazioak, 1200 ikasle mobilizatu zirelarik.[38] Urriaren 4an IKAS sortu zen, Ikasle Autodefentsa Sareen plataforma nazionala.[39]

Kongresuak aldatu

I. Kongresua aldatu

IAren I. Kongresua 1991n izan zen, Leioako Campusean. Kongresu honetan lan kulturan eta filosofian sakondu zen. Gainera, antolakundearen ikasle izaera indartzea bilatu zen. Azkenik egitura arindu eta eraginkorragoa egin nahi zen.

II. Kongresua aldatu

IAren II. Kongresua 1996an izan zen, Iruñean. Garai hauetan ikasle mugimendua krisialdi sakon batean murgildurik zegoen. Bigarren Kongresu honen helburua antolakundea krisialdi horretatik ateratzea zen. Kongresu honetan IAren izaera eta egitasmoak birkokatu ziren, egoera aldatzeko asmoz lan-ildo iraunkorrak zahaztu ziren eta ikastetxez ikastetxe egin beharreko lanak birbalorizatu ziren. Gainera, ikasleen baldintzek jasaten zuten zanpaketen aurrean ikasle eskubideen aldeko erasoaldia antolatzea erabaki zen.

III. Kongresua aldatu

IAren III. Kongresua 1999an izan zen, Berriozarren. Kongresu honetan antolakundearen egitasmo estrategiko modura Euskal Eskola Nazionala aldarrikatu zen. Bide horretatik jarraituz hizkuntza zein kultur eskubideen aldeko borroka lehenetsi zen. Gainera, IAren mugimendu izaera indartu zen.

IV. Kongresua aldatu

IAren IV. Kongresua 2003an izan zen, Iruñean. Kongresu honetan Euskal Ikasleen Eskubideen Karta onartu zen. Gainera, Ikasle Abertzaleak mugimendu bezala birsortu zen, IAko biltzarrak berreskuratuz. Euskal ikasleria kolektibo bezala ere antolatu ziren, Biltzar Nazionalen eta tokiko biltzarren bidez.

V. Kongresua aldatu

IAren IV. Kongresua 2007an izan zen, Altsasun. Kongresu honetan bi helburu taktiko definitu ziren. Alde batetik Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzea bilatzen zen, Euskal Curriculuma eta Euskal Unibertsitatea errealitate bilakatuz eta eskolen euskalduntzearen garrantzia azpimarratuz. Bestetik, ikasleria subjektu iraultzaile bilakatzea nahi zen.[40]

VI. Kongresua aldatu

IAren IV. Kongresua 2011n izan zen, Atarrabian. Kongresu honetan Euskal Eskola Nazionala lortzeko tresna eta bidea definitu zuten. Ikasle problematika, hezkuntza arloa eta Euskal Herriaren aldeko ildoak zehaztu ziren ikasle antolakundeak jorratzeko zutabe nagusi modura.

Besteak beste, ELA, LAB, STEE-EILAS, Sortu, Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna, Etxerat, Segi, Hik Hasi, Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz eta UEUko ordezkariak izan ziren kongresuko bukaera ekitaldian.

VII. Kongresua aldatu

IAren VII. Kongresua 2019an izan zen, Berriozarren. Kongresu honetan Euskal Eskola Nazionala berretsi zen helburu estrategiko modura, hau lortzeko Euskal Estatu Sozialista bat behar dela zehaztuz. Honek antolakundearen helburu estrategiko bilakatu zuen Euskal Estatu Sozialista. Hiru lan eremu zehaztu ziren: “Hezkuntza instituzio burgesen neutralizazioa”, “Prozesu sozialista elikatzea” eta “Ekin Euskal Eskola Nazionalari”; bakoitza bere lan ildo zehatz eta helburu orokorrekin.

Testuinguru politiko nahasi batean burutu zen kongresu hau. Hori dela eta foko mediatikoa eta kanpo interbentzioak ekiditeko asmoz, diskrezio politikoa izan zen prozesuaren printzipio nagusietako bat. Eztabaiden sakontasuna eta zintzotasuna bermatzeko barne mailako prozesua izan zen VII. Kongresua.

Ekimenak aldatu

Herri Unibertsitatea aldatu

Herri Unibertsitatea urtero Hego Euskal Herriko campus ezberdinetan antolatzen den ekimena da. Campusaren eta urtearen arabera moldaera ezberdinak jaso dituen arren, normalean, ikasleek beren kabuz antolaturiko egitarau batean oinarritzen da, ikasleriaren interesei erantzuten dien edukiak landuz. “Herritik eta Herriarentzat” filosofia duen hezkuntza eredu bat irudikatu nahi izaten da bertan.

2014ko martxoaren 25 eta 26an antolatu zen lehen Herri Unibertsitatea, Leioako Campusean. Lehen edizio honek izan zuen arrakastaren eraginez, 2015ean Hego Euskal Herriko gainontzeko campusetan ere Herri Unibertsitateak antolatzen hasi ziren. Herri Unibertsitate “lokal” hauek forma eta antolakuntza eredu desberdinak izan dituzte. Batzuetan ikasle mugimenduko eragile zehatz batzuek antolaturikoak izan dira eta beste batzuetan bilera irekiak eginez antolatu dira.[41]

2017an lehen aldiz Herri Unibertsitate Nazional bat antolatu zen. Lehen edizio hau Bilboko San Mameseko Campusean egin zen.[42] Campus bakoitzean antolaturiko Herri Unibertsitateez gain Euskal Herriko ikasle guztiak batuko zituen Herri Unibertsitate bat antolatu nahi zen. Herri Unibertsitate Nazionalaren berri ematen zuen ohar batean honela azaldu zituen Ikasle Abertzaleakek ekimen nazional bat burutzearen arrazoi eta helburuak:

[…] aurten Herri Unibertsitatean salto kualitatibo bat emateko beharra ikusi genuen, eta ekimen nazional bat burutzeak dakartzan abantailez jakitun, espazio bateratu bat sortzeari ekin genion. Batik bat, Euskal Herriko hamaika txokotako jendea San Mamesen batuz, hausnarketak elikatzeko eta osatzeko potentziala da lehertu nahi duguna: bai, bertako saioetan ahal bezain besteko sakontasuna lortzeko, baita, San Mamesen landutakoaz fakultateak, kanpusak, auzoak, herriak, militanteak, eragileak… blaitzeko ere.”[43]

Herri eskolak aldatu

Euskal Eskola Nazionalaren proiektuaren alde egindako topaketak dira. Hala ere, azken urteetan, hainbat hitzaldi eta lantegitarako izen generikotzat erabili izan da.

IAk antolatutako lehenengo herri eskolak Usurbilen egin ziren, 1998an, eta handik aurrera ehunka egin zituzten. 2000. urtean Presoen Herri Eskolak antolatu ziren Ibaetako campusean. Herri eskoletarako data garrantzitsuak dira espainiar jaiegunak (abenduak 6, Espainiako Konstituzioaren eguna, eta urriak 12, Hispanitatearen Eguna). Egun horietan ikastetxeak irekitzeko deialdia luzatzen da, eta haietan herri eskolak egin daitezen.

Lapurdin lehenengo herri eskolak 2005eko azaroaren 11n egin ziren, aurreko daten ereduari jarraituz.

Euskalduntzearen aldeko jarrera aldatu

IAk euskalduntzearen borroka jarri zuen martxan ikastetxeetan 1999an eginiko III. Kongresuaz geroztik. Borroka honetan hiru fase egin zituen.

  • Lehenengo fasea borrokaren nolakotasunaren diseinua egiteko Euskal Ikasleon III. Biltzar Nazionalean eman zen debatea behartu eta euskalduntzea bai hizkuntza bai edukiz ulertzea izan zen. Ondoren Ekin Euskalduntzeari! kanpaina jarri zuen martxan. Azken egunean, 2000ko apirilaren 6an, Greba Orokorra izan zen: 117.000 ikasle atera ziren grebara.

Garai hartan ere, 1997tik aurrera, Herri Eskolen filosofia jartzen da martxan. Bertan euskaraz eta Euskal Herriko edukiak gizarte gaiekin uztartzen ziren Euskal Eskola Nazionalaren nolabaiteko eredua martxan jarriz. Honen adibide dira Usurbilen eginiko Herri Eskola Nazionalak edo presoek prestatutako lanekin eginiko Presoen Herri Eskolak.

  • Ondoren tenkatze fasea etorri zen. Honetan Intsumisio dinamikak martxan jartzea proposatu zuen. Frantziar zein Espainiar eduki, ikasgai, hezkuntza sistema orokorrari, intsumisioa. Hainbat ekintza egon ziren epe honetan. Adierazgarrienak ikasgeletan espainiar edukiak jasotzen zirenean buelta ematea eta selektibitateari uko egin zieten ikasleak. Intsumisioan parte hartu zuten ikasleak gutxi izan ziren.
  • Azkenik erresoluzioa fasean eman zen. 2001eko Udazkenean Euskal Ikasleon IV. Biltzar Nazionalean definitu zen Ikasle Alternatiba bere gain hartu zuen IAk. Honen inguruan hainbat borroka abiatu ziren.

Eskola Ibiltaria aldatu

Eskola Ibiltaria IAk udaran antolatzen duen ekimena da. Euskal Herriko bi tokiren artean egiten den martxa da, ibilbidea edizioro aldatzen delarik. Ibilbideak irauten duen egunetan antolakundeak aldarrikatzen duen eskola eredua praktikara eraman nahi izaten da. Martxaz gain hitzaldiak, tailerrak, jolasak zein bestelako eskaintza kulturala izan ohi da bertan. Lehen edizioa 2000. urtean izan zen, eta Baztan inguruan burutu zen.[44] Zenbait urtez IAk Eskola Ibiltaria albo batera utzi bazuen ere, 2018an ekimena berriro martxan jartzea erabaki zuen.[45][46]

Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunea aldatu

Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topaguneak Ikasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak elkarlanean antolatzen duten bilkura bat da. Euskal Herri osoko "borondate sozialista" batzea da egitasmoaren helburua.[47] Topagune honetan lan egunek izaten dute zentralitatea, hala ere,  tailer, hitzaldi, kontzertu, zein bestelako kultur ekitaldiek ere garrantzia izaten dute. 2019ko ekainaren 12tik 16ra  ospatu zen lehen edizioa, Azpeitiko Esklabak eraikinean.[48][49]

 
Euskal Ikasleon Eskubideen Karta

Euskal Ikasleon Eskubideen Karta aldatu

IAk Iruñeako Arrosadia auzoko Mira Antzokian eginiko IV. Biltzarrean Euskal Ikasleon Eskubideen Karta onartu zuen Euskal Eskola Nazionala lortzeko bidean pauso taktiko gisa. Euskal Ikasleon Eskubideen Kartak 9 eskubide jasotzen zituen: hezkuntzarako eskubidea, hizkuntza eskubideak, kultur eskubideak, Euskal Herrian ikasteko eskubidea, hezkidetza eskubideak, hezkuntza proiektuan subjektu izateko eskubidea, baldintza duinetan ikasteko eskubidea, eskubide demokratikoak eta kolektibo gisa jarduteko eskubidea. Eskubideen Kartaren sinboloa esku bat da, eta hainbat modutan jartzen da, eskubide bakoitza sinbolizatzeko.

2003/2004 ikasturtetik aurrera Ikasle Abertzaleakek Eskubideen Kartaren arabera antolatu zituzten beren ekimenak. Ikasleen eskubideen aldarrikapena presente egon ziren handik aurrera egindako ekimenetan, hala nola 2005eko Apirilaren 21ean eginiko Ikasleok Zaplaztekoa mobilizazio egunean.

2005etik aurrera ekimen ugari egin zituen IAk Boloniako prozesuaren aurka. Prozesu hau ikasleen eskubideen aurkako erasotzat hartu zuen antolakundeak. 2005eko Azaroaren 17an, Ikasleon Nazioarteko Eguna, mobilizazioak deitu zituen Ikasleen Eskubideen Karta defendatzeko irakaskuntza ertainetan eta Boloniako prozesuaren aurkako Greba Orokorra deitu zuen Unibertsitatetan. Greba Orokor honetan jarraipen handia egon zen EHUko fakultate gehienetan (%90etik gora), %50 inguru Deustu eta UPNAn eta %100 Mondragon Unibertsitatean.

 
2010eko Ikasle Eguneko kartelak.

Ikasle Eguna aldatu

2000tik hona IAk hainbat lekutan Ikasle Eguna antolatu du azaroaren 17tik gertu dagoen asteburu batean. Milaka ikasle biltzen dira, kontzertuetan eta gainerako ekimenetan parte hartzeko.

"Autoritarismoari kaña!" aldatu

"Autoritarismoari kaña!" 90eko hamarkadaren azkeneko erdia okupatu zuen. Bertan Unibertsitateetan ematen ari ziren espedienteen aurkako borrokak, ikastetxeetan jartzen ari ziren greba eta batzartzeko eskubideen aurkako debekuen aurkako dinamikak eta polizien sarrerak salatzen ziren. Kanpaina honetan Borroka Egun bat antolatu zen, IAren aurkako iritziak sortu zituenak gerora.

Nazioarteko harremanak aldatu

Ikasle Abertzaleek sorreratik garatu dute nazioarteko lana, baina 2000tik aurrera handiagotu egin du esparru hau. Espainian, Kataluniako SEPC eta Galiziako AGIR taldeekin elkarlana burutu du hainbat deklarazio komun egiteko.

2003tik aurrera Nazioarteko Ikasle Elkarteko kidea da. 2005ean Azaroaren 17ko Europako mobilizazio eguna izan zedin bilkurak egin zituen. Urte hauetan Europako Ikasle Foroaren prestakuntzan jardun zuen. 2006an Bakaikuko foroa antolatu zuten, Europa osoko ikasle antolakundeak elkartuz.

2012an antolaturiko 11X12 mobilizazioen harira Para los Pueblos plataforma sortu zen; IA, SEPC (Herrialde Katalanak), Consejo de Estudiantes Independiente (Gaztela), Yesca (Gaztela), AGIR (Galizia), Liga estudiantil galega (Galizia), Seira (Aragoi), Xunta estudiantil asturiana (Asturias) eta SAT juventud (Andaluzia) antolakundeek osaturik.  2016an Para los Pueblos plataforma osatzen zuten antolakundeek Forum to Fight, europako ikasle mugimenduen foroa, antolatu zuten, Europako hainbat ikasle antolakunderekin batera.[50][51] 2020an Forum to Fight plataforma berrantolatu zuten IAk eta europako hainbat ikasle antolakundek, nazioarteko burgesiaren erasoari modu koordinatu batean erantzuteko.[52]

Bakaikuko Foroa aldatu

2006ko martxoaren 24tik 26ra, Bakaikun (Nafarroa Garaia) Europako Ikasle Foroa antolatzeaz arduratu zen. Foro honetan, Europa osoko 87 ikasle antolakundeetako ordezkariak elkartu ziren eta handik atera zen Bakaikuko Adierazpena.

Laudioko Foroa aldatu

2016ko otsailaren 26tik 28ra Laudion burutu zen Forum to Fight foroko antolatzaileetako bat izan zen IA, Para los Pueblos plataforma osatzen zuten antolakundeekin batera.  Foro honetan Europa osoko ikasle mugimenduko hainbat antolakunde elkartu ziren, etorkizunean etor zitezkeen erreformei aurre egiteko modua pentsatzeko. [53][54]

Antolatzaileez gain, foroanCUA (Turin), CUA (Palermo), CASP (Erroma), Noi Restiamo (Bologna), YXK (Kurdistan, Alemania), Vänsterns studentförbund VSF (Suedia), Aitzina (Euskal Herria), Ass. EduPsico URV (Tarragona), FEL (Madril), GERS (Segovia), CEC (Cuenca), CEPA (Aragoi), Solidaires étudiant-e-s (Pau), Left Unity students (Ingalaterra), National Campaingn against fees & cuts (Ingalaterra) eta CUAE (Genova) antolakundeek hartu zuten parte.[55]

IA eta erakunde publikoak aldatu

Ikasle Abertzaleek jokamolde ezberdina izan dute erakunde publikoetan, garaiaren arabera. Honela batzuetan aurkeztu egin da, beste batzuetan abstentzioa bultzatu du eta baita boikotatzera deitu ere.

Azkeneko urteetan instituzioetan parte hartzeko apustua hartu du IAk eta horren ondorioz urtetik urtera ordezkaritza handitu du. Institutuetan Eskola Kontseiluetan parte hartu du, EAE eta Nafarroako eskola kontseiluetan gehiengo absolutua duelarik. Unibertsitateetan Klaustroetan, Fakultate Juntatan eta Ikasle Kontseiluetan parte hartu du.

2000tik aurrera gehiengoa osatu du Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta gehiengoa lortu du ere Nafarroako Unibertsitate Publikoan. 2001ean gehiengoa lortu zuen lehenbiziz Pauko Unibertsitateak Baionan duen campusean. Espainiako Gobernuak LOUa aprobatu zuenean boikota egitera deitu zuen eta horregatik EHUko Klaustroan 75 ordezkaritik 24 baino ez ziren hautatu, gainontzeko fakultateetan minimoa zen %90a baino abstentzioa handiagoa izan baitzen. NUPen ere %10a baino gutxiagok bozkatu zuen baina bertan ez dago quorum minimorik.

Hurrengo urteetan IAk parte-hartze erregularra izan du hauteskundeetan. Honela 2003/2004 ikasturtean, boikotaren ondorengo lehenengo ikasturtea, 60 ordezkaritik 35 lortu zituen IAk EHUko klaustroan. 2004/2005 ikasturtean 31 lortu zituen eta gehiengo osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ikasturte honetan ere EHUko Ikasle Kontseilu zentralean Lurgorri eta Izquierda Universitaria ikasle taldeekin eta hainbat ikasle talde independenteekin batera hautagaitza bateratua aurkeztu zen. Hauteskunde hauetan Zerrenda honek irabazi zuen baina hautagaitza galtzaileak eginiko hainbat eskarien arabera bertan behera geratu zen.

Mondragon Unibertsitatean, instituzio ofizialen falta dela eta IAk Ikasle Biltzarra bultzatu zuen. 2012. urtean onartu zuen lehenbizikoz MUk ikasleen ordezkaritza errektoretza kontseiluan, eta 6 hautagaitik IAk 6rak lortu zituen.

2005/2006 ikasturtean 32 klaustrokide lortu zituen EHUn eta 30etik 16 UPNAn, bi unibertsitateetan gehiengo absolutua mantenduz.

2008eko maiatzaren 14an, NUPeko Ikasleen Kontseilurako batzordebururako kargurako aurkeztu ziren. Hautaketara aurkeztutako lau hautagaietatik, lehenengoak geratu ziren 51 botokin (guztira 94 ziren). Boto kopuru honekin Ikasleen Kontseiluko batzorde iraunkorrean sartu ziren.

Erreferentziak aldatu

  1. http://www.egk.org/es/Asociaciones%20EGK/ver/111/Ikasle%20Abertzaleak,%20Euskal%20Ikasleen%20Erakundea.html
  2. «Ikasle Abertzaleek 30 urte» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  3. (Gaztelaniaz) Bassets, Lluís. (1986-12-04). «La pesadilla del ministro de Universidades de Chirac» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  4. (Gaztelaniaz) Bassets, Lluís. (1986-12-08). «Chirac anuncia la retirada del proyecto de ley de reforma de la Universidad» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  5. (Gaztelaniaz) Barcia, Esteban S.. (1986-12-17). «La huelga paraliza la mayoría de los institutos de toda España» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  6. (Gaztelaniaz) EFE. (1989-05-17). «La veracidad de una agresión» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  7. a b all_powerful_Oz. «15 urtez ikasle eta abertzale» Gaztezulo (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  8. a b Artzape
  9. «Ikasle Abertzaleak taldeak Espainiako Gobernuaren Unibertsitate Lege berria (...)» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  10. «Unibertsitate Legearen aurka eta euskal unibertsitatearen alde, Ikasle(...)» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  11. «Euskal Herriko ikasle, irakasle eta hezkuntza administrazioetako langileak (...)» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  12. www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  13. (Gaztelaniaz) Gortázar, Naiara Galarraga. (2003-04-08). «Un centenar de violentos ataca a pedradas la Universidad del País Vasco» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  14. [https://gara.naiz.eus/paperezkoa/20070315/8152/eu/Ikasle/borrokaz/lortuko/dugu/lelopean/Bologna/salatu/du/IAk «�Ikasle borrokaz lortuko dugu!" lelopean Bologna salatu du IAk - GARA»] gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  15. «IAk milaka ikasle atera zituen klasetik Bolognaren aurka eta eskubideen alde - GARA» gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  16. Akordioa « Gernikako Akordioa. (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  17. Gernikako Akordioa - Argia
  18. Herrikolore - 11X12
  19. (Gaztelaniaz) «¿Qué es #11×12?» #11x12 2012-08-27 (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  20. leioakoikaslemugimendua. (2012-10-11). «4.000 gazte batu dira Bilboko 11X12 ikasle grebako manifestaldian» Leioako Ikasle Mugimendua (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  21. «Herri Unibertsitatea» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  22. kolaborazioak. (2014-02-25). «Ekin geroa marrazteari! Ekin Euskal Eskola Nazionalari!» Borroka Garaia da! (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  23. Topatu. «Ikasle greba orokorra» Topatu (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  24. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2014-03-26). «Una huelga para denunciar las normas del PP y reclamar un currículum vasco» GARA (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  25. EU2015
  26. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2014-11-27). «Ikasle Abertzaleak se manifiesta en el campus de Leioa contra la reforma EU2015» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  27. «Protesta giroan egiten ari dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  28. Berria. «Istiluak EHUren Leioako campusean, ikasleen eta Ertzaintzaren artean» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-01-17).
  29. Hauteskundeen datuak
  30. SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-10-05). «Ernai eta Ikasle Abertzaleaken arteko «aliantza estrategikoa bertan behera» gelditu da» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  31. «Bilboko Erronda kaleko Ezker Abertzalearen egoitzaren harira argipen batzuk» Ernai 2019-07-05 (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  32. «Bilboko Erronda kaleko egoitza "itzultzeko" exijitu diote Ikasle Abertzaleek Sorturi» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  33. Begiristain, Edurne. «Ikasle Abertzaleak erakundeak dio Bilboko egoitza «berreskuratu» duela» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  34. «Gazte Koordinadora Sozialista aurkeztu dute Gasteizen» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  35. kolaborazioak. (2019-03-14). «Unibertsitateko Indar Batasuna sortu da» Borroka Garaia da! (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  36. Gedar. «Grebara jo dute gaur ikasleek, 'Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu' aldarripean» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  37. Gedar. «2.500 ikasle, hezkuntzaren gaineko langile kontrolaren alde» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  38. Gedar. «Iruñean ere 'Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu!' lelopean mobilizatu dira 1.200 ikasle» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  39. Gedar. «IKAS sortu da, Ikasle Autodefentsa Sareen plataforma nazionala» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  40. (Ingelesez) 6452698. «Ikasle Estrategia» Issuu (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  41. (Gaztelaniaz) «Herri Unibertsitatea:»Un espacio combativo y antagónico con la universidad y el orden burgués»» Kaos en la red (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  42. «Herri unibertsitate nazionala» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  43. kolaborazioak. (2017-02-09). «Euskal Herriko herri unibertsitatea» Borroka Garaia da! (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  44. «INICIO» www.abertzalekomunista.net (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  45. Gedar. «Aisialdirako eta formakuntzarako egitarau oparoa izango da Eskola Ibiltarian» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  46. Gedar. «[ELKARRIZKETA Kultura sozialista hedatzeko eta borroka komunitatea indartzeko, Eskola Ibiltaria»] Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  47. «Asteazken honetan hasiko da Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  48. Gedar. «Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea egingo dute ekainean, Azpeitian» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  49. «Azpeitiko Esklabak proiektua bultzatzeko auzolanera deitu dute» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  50. «Europako Ikasle Foroa eginen dute otsailean, Euskal Herrian» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  51. «Europako 18 ikasle antolakunde bilduko dira otsailean Laudion, Forum to Fight foroan -» Aiaraldea.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  52. «Forum to Fight nazioarteko plataforma berrantolatu dute hainbat ikasle antolakundek, "nazioarteko burgesiaren erasoaldiari elkarrekin erantzuteko"» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  53. «Forum To Fight, Europako ikasle mugimenduen foroa Laudion» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  54. kolaborazioak. (2016-03-01). «Europako ikasle borrokak norabidetzeko» Borroka Garaia da! (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  55. saretik. (2016-02-27). «Europako ‘Forum to fight’ ikasle foroa ospatzen ari dira Laudion» Borroka Garaia da! (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu