Mugimendu Sozialista
Mugimendu Sozialista (MS) 2010eko hamarkadaren amaieran sortutako mugimendu politikoa da. Elkarren artean harremana duten hainbat erakundek osatzen du Mugimendu Sozialista, eta erakunde bakoitzak eragiteko esparru bat hartzen du.
Mugimendu Sozialista | |
---|---|
Datuak | |
Mota | gizarte mugimendua eta erakunde politikoa |
Herrialdea | Euskal Herria, Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Balearrak, Galizia eta Espainia |
Ideologia | komunismoa |
Osatuta | |
webgune ofiziala |
Izena
aldatuMugimendu Sozialista letra larriz idatzia,[1] edo MS siglak, multzoa izendatzeko formula gisa erabiltzen den arren, bereziki ildoarekin lotutako Gedar agerkarian. Izena letra xehez ere irakurri izan da.[2]
Abiapuntu politikoa
aldatuMugimendu Sozialista ENAMen eremu soziologiko beretik dator. Hala ere, bere hastapenetatik ENAM-ekin eta Ezker Abertzalearekin apurtu du mugimenduak, Ezker Abertzaletik kanpo antolaturiko mugimendu bilakatuz.[3]
Mugimendu Sozialistaren abiapuntua 2010eko hamarkadaren amaieran kokatu daiteke. Ezker Abertzalearen estrategia aldaketak desadostasun ugari sortu zituen hainbat militanteren artean, eta militante horietako asko Ezker Abertzaletik urrunago kokatzen ziren mugimenduetara lekualdatu ziren, batik bat ikasle mugimendura eta gaztetxeetara. Denborarekin militante hauetako asko ideiak trukatzen hasi ziren, Mugimendu Sozialista izango zenaren oinarri ideologikoak osatzen hasiz. Prozesu horretan Borroka garaia da! gisako blogek garrantzia berezia hartu zuten, gerora Mugimendu Sozialista osatuko zuten pertsona ezberdinen testu eta hausnarketak argitaratzen bai ziren blog horietan.[3]
Ikasle mugimenduak garrantzi berezia izan zuen Mugimendu Sozialistaren sorreran. Ikasle Abertzaleak Ezker Abertzale ofizialaren tesietatik aldenduriko jarrerak hartzen hasi zen denborarekin, eta horrek tentsioak eragin zituen IAren eta Ezker Abertzalearen artean. Honen eraginez, 2018ko urrian Ernai gazte antolakundeak IArekin zituen harremanak moztea erabaki zuen.[4] 2019an IAk antolakundearen VII. Kongresua burutu zuen, eta bertan aurrez sortzen zebiltzan oinarri ideologiko eta politikoak formalizatu eta gorpuztu ziren.[5] IAk Euskal Estatu Sozialista onartu zuen hautu estrategiko gisara.[6]
2019ko otsailean Gazte Koordinadora Sozialista aurkeztu zen Gasteizko Auzolana Pilotalekuan.[7] GKSk gazte problematika klase ikuspegi batetik lantzea zuen helburu. Erakunde berria IArekin elkarlanean hasi zen, Mugimendu Sozialistari egun duen forma ematen hasiz. Bi antolakundeek ekintza ugari burutu izan dituzte elkarlanean, nagusia Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunea delarik.[8] Urte berean Erraki sortu zen, gune autogestionatuen esparruan eragiteko sortua. Errakiren helburua gune horiek modu isolatuan izan zitzazketen mugak klase elkartasunez gainditu eta beren burua defendatzeko mekanismoz hornitzea zen.[9]
2020ko urrian ITAIAk, ordurarte emakume sozialiston sarea zenak, antolakunde forma hartu zuen, emakume sozialiston antolakundea izatera pasaz.[10] Aldaketa honen bidez ITAIA Mugimendu Sozialistaren baitan genero problematika lantzen duen antolakundea izatera pasa zen. Urte berean, Kontseilu Sozialista Iruñerria aurkeztu zen Berriozarko Musika Eskolako aretoan. Antolakunde berriak osotasunari ikuspegi sozialista batetik heltzea zuen helburu, eta belaunaldiartekoa izango zela adierazi zen.[11] Denborarekin Euskal Herriko eskualde ugaritan aurkeztu ziren Kontseilu Sozialistak. 2021ean Ekida sortu zen, artea ikuspegi sozialista batetik lantzea helburu duen antolakundea.[12]
Mugimenduaren erakundeak
aldatuMugimendu Sozialistaren agerkari nagusia Gedar webgunea da, eta bertan Mugimendu Sozialista epigrafearen pean, beste zenbait erakunderen jardunaren berri ematen da.[13] Horien artean daude:
- Gazte Koordinadora Sozialista, gazte mugimendua.
- Ikasle Abertzaleak, ikasle sindikatua.
- Itaia, Emakumeon Antolakunde Sozialista, emakume talde sozialista.
- Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS), osotasunari ikuspegi sozialista batetik erantzuten dioten antolakundea da. Bere barnean Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Laneko Autodefentsa Sarea eta Ikerketa Sozialisten Institutua hartzen ditu.
- Erraki, Langileon Kontrolpeko Espazioen Babes Sarea, eraikin okupazioaren aldeko mugimendua.[14]
- Ekida, kultur ekimen sozialista, artearen alorrean eragiteko sortua.[15]
Beste taldeekin harremanak
aldatuEkimen batzuk bere baitakoak direla onartzearekin batera, Mugimendu Sozialistak distantzia ezarri du Ezker Abertzale ofizialaren kanpoan diren beste ildo eta erakunde batzuekin. Esate baterako, haien esanetan, ez dute zerikusirik Jarkirekin eta hau parte den Jardun Koordinadorarekin, ezta Hauspoa taldearekin ere, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduarekin edo Herritar Batasuna delakoarekin.[16]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Gedar. «Mugimendu Sozialistaren kriminalizazioaren harira, oharra argitaratu du GKSk» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).
- ↑ Ostolaza, Paulo. «GKSk mugimendu sozialistaren aurkako kriminalizazioa salatu du» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).
- ↑ a b «Komunismoa helburu» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- ↑ SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-10-05). «Ernai eta Ikasle Abertzaleaken arteko «aliantza estrategikoa bertan behera» gelditu da» naiz: (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) admin. (2021-10-15). «Radiografía de GKS, una organización del Mugimendu Sozialista» Contracultura (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- ↑ «Euskal eskola nazionala eta euskal estatu sozialistaren aldeko apostua berretsi dituzte» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- ↑ «Gazte Koordinadora Sozialista aurkeztu dute Gasteizen» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- ↑ «Asteazken honetan hasiko da Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- ↑ «Erraki sortu dute, gune autogestionatuen babes sarea» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- ↑ Gedar. «Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialista sortu dute» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- ↑ «Ahotsa.info» ahotsa.info (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- ↑ «EKIDA sozialiston kultur ekimena sortu da» ZUZEU 2021-02-16 (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- ↑ Gedar. «[Mugimendu Sozialista / KONTSEILU SOZIALISTAK»] Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).
- ↑ Gedar. «Ehunka pertsonak hartu dute kalea Donostian eta Iruñean, okupazioaren aurkako ofentsibaren aurrean, espazioen gaineko langile kontrola aldarrikatzeko» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).
- ↑ «"Artista librea da ala merkatuaren barruan ari da ekoizten?"» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).
- ↑ Gedar. «[KOLABORAZIOAK Dani Askunze, Ane Ibarzabal, Jon Losada, Lur Renteria eta Amets Sarasua: El posicionamiento del Movimiento Socialista a raíz de las recientes polémicas»] Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).