GAL

erakunde paramilitarra, Espainiako gobernuak sortua

Artikulu hau talde armatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gal (argipena)».

GAL (Grupos Antiterroristas de Liberaciónen siglak, euskaraz: «Askapenerako Terrorismoaren aurkako Taldeak») Espainiako erakunde paramilitar bat izan zen 1980ko hamarkadan, eta etakideen zein beste euskal herritar batzuen aurkako atentatuak egin zituen Espainian, Espainiako Gobernuko garaiko presidente Felipe Gonzálezen (PSOE) onespenarekin, CIAko agiriek gehiago argitu dutenez.[1][2][3]

GAL
Datuak
Izen laburraGAL eta GAL
Motaerakunde terrorista eta death squad (en) Itzuli
HerrialdeaEspainia
Historia
Sorrera1983
AurrekoakTerrorismo neofaxista Espainian
Desagerpena1986
GAL erakundeak eraildako Eugenio Gutierrez etakidearen aldeko omenaldia, 2011ko Gudari Egunean.

Espainiako Gobernuko aparatu politiko eta polizialetatik zegoen bideratua. Siglen atzean talde armatu independente baten itxura hartzen bazuen ere, estatu terrorismoko sarea izan zen, nagusiki Espainiako Barne Arazoetarako Ministeriotik osatu eta antolatua, maiz mertzenarioen bitartez. Hilketak, bahiketak, torturak eta beste hainbat ekintza burutu zituzten, gehienbat Ipar Euskal Herrian bildutako errefuxiatu eta iheslarien aurka.

Lehendabiziko erailak Joxean Lasa eta Joxi Zabala izan ziren, 1983ko urrian, haiek Baionan bahitu, Espainiara ekarri eta torturatu ondoren. Guztira, 1986 arte 27 pertsonen hilketa eta hainbat zauritu leporatzen zaizkio.[4] Ekintza horiengatik, PSOEko kargu batzuk espetxeratuak izan ziren arren, egun oraindik ez da garbi geratu nortzuk izan ziren Espainiako Gobernuko arduradun nagusiak. Ekintza horiengatik espetxeratutako asko indultaturik atera ziren kalera[5].

Aurrekariak

aldatu

Abertzale eta ezkertiarren aurkako lehen ekintza parapolizialak frankismoaren azken garaietan abiarazi baziren ere, talde parapolizialen atentatu eta eraso gehienak Espainiar Trantsizioaren lehenengo garai nahasietan izan ziren. Talde horietan eskuin muturreko pertsonek nahiz espainiar segurtasun indarretako kideek hartzen zuten parte eta hainbat sigla erabili zituzten bere ekintzak bere gain hartzeko, hala nola hilketa gehien bere gain hartu zituen Batallón Vasco Español (BVE) delakoa, Anti Terrorismo Eta (ATE), Alianza Apostólica Anticomunista (AAA edo Triple A), Guerrilleros de Cristo Rey, Acción Nacional Española (ANE) eta Grupos Armados Españoles (GAE). Beste atentatu asko ez zituen inork bere gain hartu; kasu horietan egileak inkontrolatuak zirela esaten zen hedabideetan. Iturriaren arabera, 1975-1982 bitartean talde horiek egindako hilketa kopurua 27-65 bitartekoa da, 60 ingurukoa izanik kopuru fidagarriena; horietaz gainera, hainbat zauritu, jipoitu eta mehatxatu izan ziren erasoetan, jabegoaren aurkako hainbat atentaturekin batera. ETAren jarduna zen talde horiek bere ekintzak justifikatzeko arrazoi nagusia, baina biktima guztietan gutxi izan ziren etakideak; kasu askotan, etakideen familiarrak, ekintzaile politiko abertzaleak, abertzaletasunaren jarraitzaile hutsak eta atxikimendu politikorik gabeko herritar arruntak ziren. Talde eta ekintza horietan espainiar polizia eta militarren presentzia nabarmena izan arren, eskuin muturreko gizabanako eta mertzenarioekin batera, eta eraso horiek une batzuetan tentsio handia eragin bazuten ere, horien atzean ez zen planifikazio estrategiko bat izan espainiar estatuaren aldetik eta antolakuntza sendo eta sakonik gabeko talde eta pertsonen eskutik izan zela baiezta daiteke[6]. Batzuetan, inpunitate osoz ere jokatu zuten.[ohar 1][7] Batallón Vasco Español taldeak 1982. urtean desegin zen, otsailaren 23ko estatu kolpeak CESID Espainiako inteligentzia-zerbitzuen barruan sortutako iskanbilen haritik. Une horretatik aurrera gutxitzen joan ziren eraso mota horiek, besteak beste eskuin muturreko talde horien sostengu eta eragin politikoa gutxitzean.

 
Aitortza gabeko oroimenak paretetan bilatzen ditu adierazpenerako zirrikituak

GALek 1983tik 1987ra arte jardun zuen. Tribunaletan hainbat kontu argitu dira: GALen ekintza, bahiketa eta hilketa gehienak espainiako poliziek kontratatutako mertzenarioek burutu zituzten; GALen jarduera fondo erretserbatuez finantzatu zen; Espainiako Barne ministeriotik bertatik antolatu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko terrorismoaren aurkako borrokaren arduradunen bidez. Bestela ere, Jose Amedok eta Bilbon finkatutako polizia taldeak zeregin garrantzitsua jokatu zuen antolaketan, baina Intxaurrondoko Guardia Zibilek ere parte hartu zuten GALen ekintzetan, batzuek "GAL berdea" izendatu dutena.

GAL auzia ikertu zuten Xabier Muntz eta Bruno Fay kazetarien arabera 1984ko udarako Parisko gobernuaren eskuetan zeuden GALen gibelean Madrilgo gobernu sozialista zegoela erakusten zuten frogak, baina Frantziako gobernuak ixilik egotea erabaki zuen, estatuaren arrazoien izenean [8]. Charles Pasqua Frantziako barne ministro izandakoak aitortu zuenez, GAL amaitzearen truke euskal errefuxiatuak espainaratzea onartu zuen Parisek [9]

GALen ekintza nagusiak, kronologikoki

aldatu
  • 1983ko abenduaren 28a: Frankotiratzaile batek Mikel Goikoetxea zauritu zuen Donibane Lohitzunen(Lapurdi), bere etxe aurrean autotik irtetera zihoanean. 1984ko urtarrilaren 1ean hil zen.
  • 1984ko abuztuaren 23a: Baionako "Etxabe" taberna tirokatu eta bertan ziren lau pertsona zauritu dituzte.
  • 1984ko azaroaren 20a: HASIko buruzagi eta sendagile Santi Brouard Bilboko (Bizkaia) Rekalde alamedako kontsultan tiroz hil dute. Rafael López Ocañari 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten ekintza burutzeagatik. Bere deklarazioen arabera, Luis Morcillok ere parte hartu zuen berarekin, Rafael Masa Guardia Zibileko teniente koronelak agindu eta ordaindu zien eta honi dirua Estatuko Segurtasuneko Zuzendari Julian San Cristobalek eman zion ekintza burutzeko.
  • 1985eko martxoaren 26a: Ziburuko "Bittor" taberna postaz tirokatu eta esku bonba bota zuten. Jose Luis Calderon eta Ramon Basañez zauritu zituzten.
  • 1985eko martxoaren 30a: Egin egunkariko kazetari Xabier Galdeano hil zuten Donibane Lohitzunen (Lapurdi). Guy Cantavenera, Alain Parmentier, Jacky Pinard eta Bernard Foucher mertzenarioak atxilotu eta 20na urteko espetxe zigorra ezarri zizkieten ekintza honengatik. Cantavenerak deklaratu zuen Eduardo Mari Chica Doudouk kontratatu zituela Marbellan (Espainia). Honek Carlos Gastón gaizkilearen agindupean ziharduen. Carlos Gaston Ricardo Ruiz Coll poliziaren konfidente eta kolaboratzailea zen. Ruiz Coll polizia Amedoren burua izan zen Bilboko komisarian, Malagara joan aurretik[12].

Epaiketak

aldatu
 
Felipe Gonzalez X-jaunarekin erlazionatu egin zuten askok, baina ez zen inoiz epaitua izan.

GALen inguruko lehen epaiketa

aldatu

Espainiako Auzitegi Nazionalak 1991eko uztailean emandado sententzian:

Segundo Marey auzia

aldatu

Espainiako Auzitegi Gorenak 1998ko uztailaren 29an Segundo Marey-ren bahiketaren auzian eman zuen ebazpenean Espainiako hainbat agintari politiko eta polizia zigortu zituen [13]:

  • José Barrionuevo Peña, Espainiako Barne Ministroa, 10 urteko espetxe zigorra eta 12 urteko erabateko inhabilitazioa.
  • Rafael Vera, Segurtasuneko Estatuko Idazkaria, 10 urteko espetxe zigorra eta 12 urteko erabateko inhabilitazioa.
  • Ricardo García Damborenea, PSOEren Bizkaiko Idazkari Nagusia, 7 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko inhabilitazioa.
  • Francisco Álvarez, Borroka Antiterroristaren Burua, 9 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eta 11 hilabeteko inhabilitazioa.
  • Miguel Planchuelo, Bilboko Informazioko Brigadaren Burua, 9 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra.
  • José Amedo, Bilboko poliziako azpikomisarioa, 9 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra.
  • Julián Sancristóbal, Bizkaiko Gobernadore Zibila 10 urteko espetxe zigorra eta 12 urteko erabateko inhabilitazioa.
  • Michel Domínguez, Bilboko polizia, 2 urte, 4 hilabete eta egun bateko espetxe zigorra eta denbora bereko inhabilitazioa.
  • Julio Hierro Moset, Bilboko Informazioko Brigadaren talde bateko burua, 5 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa.
  • Francisco Saiz Oceja, Bilboko Polizia Nazionalaren inspektorea, Informazio Brigada baten burua, 5 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa.
  • Luis Hens Serena, Bilboko Polizia Nazionalaren 3. mailako inspektorea, Hierroren taldean ziharduelarik, 5 urteko espetxe zigorra eta 8 urteko inhabilitazioa.
  • Juan Ramón Corujo Rodríguez, Bilboko Polizia Nazionalaren 3. mailako inspektorea, Hierroren taldean ziharduelarik, 5 urteko espetxe zigorra eta 8 urteko inhabilitazioa.

Lasa eta Zabala auzia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Lasa eta Zabalaren hilketa»

Lasa eta Zabalaren auzian 2000ko apirilaren 26an zigortutakoak[14]:

  • Jose Julian Elgorriaga Goyeneche, PSOEko buruzagia eta Gipuzkoako Gobernadore Zibila, 71 urteko espetxe zigorra. Auzitegi Gorenak 75 urtera igo zion kondena. 21 hilabete egin zituen espetxean[15]..
  • Enrique Rodriguez Galindo, Intxaurrondoko komandantea (gero Guardia Zibileko generala), 71 urteko espetxe zigorra. Auzitegi Gorenak 75 urtera igo zion kondena. 4 urte eta 4 hilabete egin zituen espetxean. Bihotzeko gaixotasuna zuelako atera zen Galingo giltzapetik, 2004an, Poliziaren zaintzapean, eta 2005ean, hirugarren gradua eman zioten. 2013ko urrian, zigorraren hiru laurdenak bete zituela argudiatuta, baldintzapeko askatasuna eman zion epaileak, Zuerako espetxeak (Zaragoza) hala eskatuta.[16].
  • Angel Vaquero Hernandez, Intxaurrondoko kapitaina (gero Guardia Zibileko teniente koronela), 69 urteko espetxe zigorra.
  • Enrique Dorado Villalobos, Intxaurrondoko kuarteleko Guardia Zibileko kaboa (gero sargentoa), 67 urte eta 8 hilabeteko espetxe zigorra.Jokin Olano torturatzeagatik ere kondenatu eta indultatu zuten Dorado[17].
  • Felipe Bayo Leal, Intxaurrondoko kuarteleko Guardia Zibila (gero kaboa), 67 urte eta 8 hilabeteko espetxe zigorra.Bayo ere Jokin Olano torturatzeagatik kondenatu eta indultatu zuten[17]
  • Rafael Vera Fernandez-Hidobro, Estatuko Segurtasuneko Idazkaria, errugabetua
  • Jorge Argote Alarcón, abokatua, errugabetua

Santi Brouard auzia

aldatu

1993. urtean egindako epaiketan:

  • Rafael López Ocaña. Hilketaren egilea izateagatik, 33 urteko espetxe zigorra.
  • Juan José Rodríguez Díaz, 'El Francés', erabilitako armak jartzeagatik, 8 urteko espetxe zigorra.

1997. urtean auzia berriro ireki eta egindako bigarren epaiketan, Bizkaiko Auzitegi Probintzialak, ekainaren 25ean eman zuen ebazpena:

  • José Luis Morcillo Pinillos, industriala, hilketaren egile izatea leporatu diote. Absolbituta.
  • Julián Sancristóbal, Estatuko Segurtasuneko Zuzendari Nagusia. Hilketaren induktore eta ezinbesteko lankidetza. Absolbitua.
  • José Amedo, polizia nazionala. Induktorea. Absolbitua.
  • Rafael Masa, Guardia Zibileko teniente koronela. Ezinbesteko lankidetza. Absolbitua.
  • Francisco Álvarez, Borroka Antiterroristaren Aginte Bakarraren burua. Hilketa estaltzea. Absolbitua.
  • Jesús Martínez Torres, Informazioko komisario nagusia. Hilketa estaltzea. Absolbitua.
  • Miguel Planchuelo, Bilboko poliziaren buru nagusia. Hilketa estaltzea. Absolbitua.
  • Antonio Rosino, Bilboko informazioko brigadaren burua. Hilketa estaltzea. Absolbitua.
  • Michel Domínguez, Polizia nazionala. Hilketa estaltzea. Absolbitua.

Maletinen auzia

aldatu

2007ko azaroaren 16an, Rafael Verari, Espainiako Segurtasunerako Estatu idazkaria izandakoari, eta haren idazkari izandako Juan de Justori urtebete eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien Madrilgo Lurralde Auzitegiak. Auzitegiak frogatutzat jo zuen Barne Ministerioaren diru bereiziak baliatuta Jose Amedo eta Michel Dominguez polizia ohien emazteei ordainketak egin zizkiela. Ordainketen helburua polizia ohien espetxeratzeagatik konpentsatzeaz gain, bi auzipetuen isiltasuna bermatzea zen, GALen inplikatutako beste hainbat pertsonen izenak isilean gorde zitzaten [18]. 2009ko martxoan Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia.[19]

Ikerketa ahaleginak

aldatu

Espainiako Senatua

aldatu

1995ean, Espainiako Senatuan GALen gaia ikertzeko ahalegin bat egin zen, baina aste gutxi batzuetan eman zitzaion bukaera. Urrian, ikerketa batzorde bat eratzea onartu zen boto bakar bateko aldeaz. Abendu hasieran, baina, GALen garaiko arduradun politikoen Parlamentuko agerraldiak bozkatzeko orduan, beste bozketa batek horiek eragotzi zituen, PPren beraren babesaz eta PSOEren lasaitasunerako.[20]

PPko Ángel Acebesek berak Parlamentuko ikerketa-batzordea eratzea babestu zuen, epaitegien bidearekin bateragarria zelakoan eta José Barrionuevo barne ministro ohiari ere agerraldi batera deitu behar zitzaiolakoan. Bitarte horretan, José Antonio Saenz de Santamaría Guardia Zibileko teniente jeneralak hartu zuen protagonismoa, 70 eta 80eko hamarkadan Polizia Nazional, Guardia Zibil eta, are, Espainiako Armadan eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari-lanetan goi-mailako ardurak izan zituen buruzagia.[20]

Saenz de Santamaría PPko eta UCD zaharreko bi ordezkarirekin bildu zen bitarte horretan, eta haietako ezagunena Rodolfo Martín Villa, Franco hil berritan Gobernazioko ministroa zena. El País egunkariko elkarrizketa batean, GALi buruzko kontu deserosoak eta izenak plazaratuko zituela eman zuen aditzera. Adierazi zuen ere PSOEren gobernuarekin bezalaxe ETAren kontrako gerra zikina aurreko garaietan ere existitu zela. PPk, abendu erdialdera, ikerketa batzordea desegitearen alde egin zuen.[20]

Felipe Gonzalez CIAren agirietan

aldatu

2020ko ekainaren erdialdera, hainbat informazio argitaratu zituen La Razón egunkariak, CIAren agiriak azaleratuz. Paper horiek adierazten zutenez, "Felipe Gonzalezen adostasunez sortu zen GAL mertzenario taldea, armadak kontrolatua",[21] eta adierazten zen Espainiako gobernuak beste talde armatu batzuk baliatu zituela lehenago ETAren kontrako borrokan.[22] CIAren paper horietan bildutako informazio batzuek ezkutatuta jarraitu zuten, hala ere.[23] Aldiz, ekainaren 23an, Voxek, PPk eta PSOEk beren botoak elkartu zituzten Espainiako Parlamentuan ikerketa batzorde baten bidez Felipe Gonzalez ez ikertu eta agerraldi batera ez deitzeko.[24]

Eztabaidaren erdian, ekainaren 23an, Maria Jose Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak esan zuen gobernua «harro» zegoela Gonzalezen «lorpenez».[25] Bi aste geroago, Idoia Mendia EAEko PSEren lehendakaritzarako hautagaiak adierazi zuenez, "GALen biktimek ez dute ikerketa batzordearen beharrik" Felipe Gonzalezen rola argitzeko, eta aditzera ere eman zuen jakina zela CIAren paperetan azaltzen zena eta, aukeran, norbaitek hala nahiko balu, Espainiako "Justiziaren esku utzi" behar zuela gaia.[26]

Oharrak

aldatu
  1. Adibidez, Hendayais tabernaren aurkako eraosan, non bi frantses herritar hil ziren, atentatuaren egileak mugara abiatu ziren eta han Espainiako segurtasun indarretako kideek ihes egiten lagundu zieten.

Erreferentziak

aldatu
  1. Telebista, Euskal Irrati. (2020-06-14). «Felipe Gonzalezek GAL sortzea adostu zuen, CIAko agirien arabera» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-15).
  2. Berria. «Felipe Gonzalezek ontzat eman zuen GAL sortzea, CIAren agiri baten arabera» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-15).
  3. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-06-14). «Papeles desclasificados de la CIA confirman que González dio su aprobación para crear los GAL» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-06-15).
  4. (Gaztelaniaz) Julio Anguita: "El laberinto vasco"
  5. Goenaga, Eider. (2013). Gal 30 urte. Elkar ISBN 978-84-9027-139-1. PMC 871798676. (Noiz kontsultatua: 2021-05-14).
  6. La transición a la democracia y el reinado de Juan Carlos I. Espasa Calpe 2003 ISBN 84-670-1304-4. PMC 56754676. (Noiz kontsultatua: 2021-05-14).
  7. (Gaztelaniaz) González Sáez, Juan Manuel. La violencia política de la extrema derecha durante la transición española (1975-1982). .
  8. Bruno Fay.Kazetaria «Frantziak isiltzea hautatu zuen, estatu arrazoiaren izenean»[Betiko hautsitako esteka]
  9. GAL amaitzearen truke euskal errefuxiatuak espainaratzea onartu zuen Parisek[Betiko hautsitako esteka] kazeta.info
  10. (Gaztelaniaz) Sola, Ramón. (2013). «La cal viva no enterró la guerra sucia» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-05-14).
  11. 25 años sin «Kattu» Oñederra, la primera muerte impune de los GAL[Betiko hautsitako esteka] gara.net
  12. [Amedo: El estado contra ETA]
  13. Segundo Marey bahiketari buruz Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena
  14. Lasa eta Zabala auziaren ebazpena
  15. Guztira 365 urteko zigorra izan arren, errudun guztiak aske[Betiko hautsitako esteka] gara.net
  16. Galindori baldintzapeko askatasuna eman diote, «jarrera ona duelako»[Betiko hautsitako esteka] Berria 2013.10.05
  17. a b Los torturadores de Joxi y Josean[Betiko hautsitako esteka] gara.net
  18. Rafael Verari urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote, Estatuko diru bereizien auzian[Betiko hautsitako esteka] berria.info
  19. Gorenak berretsi egin du Veraren aurkako 18 hileko espetxe zigorra[Betiko hautsitako esteka] berria.info
  20. a b c (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-06-23). «Cuando el Senado investigó los GAL... hasta que llegó el teniente general y el PP mandó parar» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-06-24).
  21. «CIA documents state: Spain's death squads under democracy were led by prime minister» In English (Noiz kontsultatua: 2020-06-23).
  22. Berria. «Felipe Gonzalezek ontzat eman zuen GAL sortzea, CIAren agiri baten arabera» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-23).
  23. Telebista, Euskal Irrati. (2020-06-14). «Felipe Gonzalezek GAL sortzea adostu zuen, CIAko agirien arabera» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-23).
  24. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-06-23). «PSOE, PP y Vox votan juntos para tumbar la comisión sobre González y los GAL, 37 años después» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-06-23).
  25. Urain, Jon O.. ««Minduta eta umiliatuta gaude»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-25).
  26. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-07-06). «Mendia insiste en que las víctimas de los GAL «no necesitan una comisión de investigación»» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-07-07).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  • GAL 30 urte, Berria egunkariaren GALi buruzko webgune berezia.
  • 30 urte GALduta, Berria egunkariaren GALi buruzko 16 orrialdeko gehigarri berezia.