Bernardo Atxaga

euskal idazlea
Joseba Irazu» orritik birbideratua)

Bernardo Atxaga, agiri ofizialetako izen-deiturez Jose Irazu Garmendia[2] —lagunartean, Joseba— (Asteasu, Gipuzkoa, 1951ko uztailaren 27a), euskal idazle entzutetsu eta nabaria da, Euskal Herrian nahiz nazioartean. Bereziki, 1988an plazaratutako Obabakoak ipuin-bildumak eman zion ospea; hainbat hizkuntzatara itzulia da. Geroztik, egungo euskal literaturaren erreferentzia nagusi bilakatu da, batez ere atzerrian, eta makina bat sari jaso du. Eleberria, ipuina, saiakera eta, neurri apalagoan, olerkigintza, antzerkia eta gidoigintza jorratu ditu. Era berean, haur literaturako lan ugari egin ditu.[3] 2007az geroztik euskaltzain osoa da.[4]

Bernardo Atxaga

(2014)
Ahotsa
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJosé Irazu Garmendia
JaiotzaAsteasu1951ko uztailaren 27a (73 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaZalduondo
Familia
Ezkontidea(k)Asun Garikano
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaBartzelonako Unibertsitatea : filosofia, humanitateak
Bilboko Unibertsitatea 1973) lizentzia : ekonomia
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta, haur literaturaren idazlea, gidoilaria, eleberrigilea eta ipuingilea
Jasotako sariak
KidetzaEuskaltzaindia
Pott Banda
Jakiunde
MugimenduaEuskal literatura
Izengoitia(k)Bernardo Atxaga
Genero artistikoaolerkigintza
saiakera

atxaga.eus
IMDB: nm1547945 Allocine: 192765 Allmovie: p439706
Inguma: bernardo-atxaga Literaturaren Zubitegia: 197 Edit the value on Wikidata
Bernardo Atxaga Donostiako Haur Liburutegian.
Bernardo Atxaga Galesko Eisteddfod Nazionalean (2007).
Bernardo Atxagaren bertsoak Santiago de Compostelan dagoen O Xardín das Pedras que Falan lorategian.[1]

Bizitza

aldatu

Asteasun (Gipuzkoa) jaioa, ama (Izaskun Garmendia Dorronsoro) maistra zuen, eta aita (Jazinto Irazu Atxaga), arotz. Lehen ikasketak Asteasun egin zituen. 1964an familia Andoainera aldatu zen.[5] Batxilergoa Donostiako La Salle ikastetxean egin zuen. Txikitatik hasi zen idazten, etxean jasotako irakurzaletasunak bultzaturik. Andoaingo udal liburutegian literatura unibertsaleko obra anitz irakurri zituen, eta batxilergoa ikasten ari zelarik hasi zen literatura lehiaketetarako eta eskolako aldizkarirako idazlanak egiten. 1968an Rikardo Arregi andoaindar kazetariaren hiletan izandako esperientziak —Gabriel Aresti idazlea eta euskal kultura munduko beste zenbait pertsonaia bildu ziren hara—, eragin berezia izan zuen harengan, eta euskararekiko maitasuna txertatu. Euskaraz alfabetatzen amak lagundu zion urte haietan.[6]

Ekonomiako unibertsitate ikasketak egin zituen Bilboko Sarrikoko fakultatean. Bitartean, El Norte de Castilla egunkariaren saria irabazita, Los que anhelamos escribir (euskaraz, Idaztea desiratzen dugunok) gaztelaniazko idazlana argitaratu zioten. Berehala, ordea, euskarazko lanak plazaratzen eta garaiko euskal idazleekin harremanetan hasi zen. Orobat, Verdes liburu-dendan lan egin zuen: bertan,garai hartan aurkitzen zailak ziren euskarazko liburuak eros zitezkeen. Bilbo hiria izan zen idazletzat taxutu zuena; horrela, han bere bigarren jaiotza gertatu zela aipatu izan du idazleak.[6] 1972. urtean Borobila eta puntua antzezlana idatzi zuen. Anjel Zelaietaren bitartekaritzaz, Gabriel Arestik lana irakurri eta kritika ona egin zion, euskarazko klasikoak irakurtzeko aholkua eman eta idazten segitzeko animatzearekin batera.[7][8] Hari esker argitaratu zen, beste idazle zenbaiten lan batzuekin batera, hastapeneko idazlan hori, lehen aldiz Bernardo Atxaga izengoitiarekin sinatu zuena.

Ikasketak bukatuta, 1973ko ekainean hasi zuen soldadutzafrankismoaren hondarretan— traumatzat bizi izan zuen. 1976an argitaraturiko Ziutateaz lana inspiratu bide ziola adierazi izan da. Soldadutzaren ondoren, Donostiako banku batean hasi zen lanean, eta Koldo Izagirre idazlearekin batera, Ustela abangoardiazko aldizkaria sortu zuen.[9]

1977an, idaztetik bizitzeko erabakia hartuta, bankuko lana utzi zuen. 1977tik 1980ra bitartean, Pott Bandaren partaide zela, talde hori argitaletxetzat antolaturik, Etiopia poema antologia argitaratu zuen. 1980an, berriz, taldea sakabanatu eta Atxaga Bartzelonara joan zen filosofia-ikasketak egitera. Bitartean, idazten segitu zuen, eta, besteak beste, bere haur literaturako lehen lanak plazaratu. Sariak ere jasotzen hasi zen, tartean Irun Hiria Literatura Saria 1982an Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena ipuinarekin, gerora Obabakoak bilduman sartu zuena. 1983an Euskal Herrira itzuli eta 1988an, laudorioak jaso, sari handiak irabazi eta Obabakoak, hainbat hizkuntzatara itzuli dena, argitaratu zuen. 1990eko hamarkadan Obabako zikloa itxi eta, besteak beste, Euskal Herriko gatazkari erreferentzia egiten dioten eleberriak idatzi zituen: Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995) eta Soinujolearen semea (2003) eta bortizkeriaren aurkako mezu zuzena duen eta bereziki irakurle gazteari begira idatziriko Behi euskaldun baten memoriak (1991).[10] 1997 urtean Emory Unibertsitatean lau hilabete eman zituen irakasle, Estatu Batuetako hainbat tokitan hitzaldiak emateko ere baliatu zituena. 2007 eta 2008 bitartean urtebete eman zuen Estatu Batuetan, Renon hain zuzen eta han, Zazpi etxe Frantzian idazlana prestatu.

Bakearen eta elkarrizketaren alde duen jarrerari jarraikiz, Elkarri eta Lokarri gizarte mugimenduetan parte hartu du modu aktibo eta publikoan, eta Ezker Batua-Berdeak alderdiarekiko atxikimendua adierazi izan du,[11] gerora horren baitan izandako zatiketa dela-eta aldendu bada ere.[12] 1995etik goiti, Zalduondon, Arabako lautadan, bizi da, bertako Andoin-Luzuriaga jauregian.[13]

Asun Garikano euskara irakasle eta itzultzailearekin ezkonduta dago 2002az geroztik (Atxagaren idazlan zenbait itzuli ditu gaztelaniara), eta harekin bi alaba ditu, Elisabete (1998) eta Jone (2000).[14]

Literatura ibilbidea

aldatu

Abangoardiazko aldia (1976-1978)

aldatu

Gaztaroko lehen lanen ondoren, Ziutateaz (1976) jotzen da Bernardo Atxagaren lehen lan garrantzitsutzat. Literatura-genero zenbait (olerkia, ipuina, antzerkia) batera biltzearekin batera, tiraniari buruzko lana da, modu polifonikoan narratzaile anitz biltzen dituena. Francoren diktadura bukatu berriari erreferentzia egiten diola adierazi izan da. Bestalde, protagonisten bilakaerak, bereziki esklabo izatetik tirano izatera aldatzen den Scadarnelli izenekoaren kasuan, agerian uzten du Atxagak ideologia nagusiekin duen mesfidantza, garaiko kontrakulturaren printzipioei jarraiki. Beste pertsonaiek sistema soziopolitiko hertsietan agertzen diren rolen irudikapenak dira, biktima eta borrero aldi berean.[15] Lan horrekin, Atxaga euskal literatura astintzen ari ziren egileekin dator bat, Gabriel Arestiren olerkigintza berritzailearekin eta Ramon Saizarbitoriaren nouveau roman joerako eleberriekin, besteak beste. Surrealismoarekin, dadaismoarekin eta espresionismoarekin lotu izan da Atxagaren hasierako joera hori[16] baina, izenak izen, hitz batean abangoardia zen garai horretan Atxagaren bidea eta xedea. Garai hartan Atxaga Ustela literatur taldearen kidea da eta taldearen aldizkarian Atxagak sinaturiko manifestu batean euskal literatura astindu beharra nabarmendu eta literaturak gizartean izan behar duen rola aitortzen badute ere, modu berritzailean izan behar dela aldarrikatzen dute, morrontza onartu gabe eta literaturaren manipulazioa salatuz.[17]

1977an sortu eta Atxaga taldekide zuen Pott Bandak literaturaren autonomiaren aldarrikapena areagotu egin zuen bere aldizkarietan, aurreko urteetan Atxagak aitortzen zuen konpromiso soziala ere ukatuz. Pott Bandak bereganatu egin zuen garai hartan Estatu Batuetatik sortu eta mundu osora zabaldu zen beat mugimendu kontrakulturalaren leloa,[18] utopien desengainuz ideologia nagusien aurkako mezua zabalduz. Ildo horretatik doa Etiopia olerki eta narratiba laburreko lana da, 1978an plazaratutakoa,[19] Marcel Schwob frantziar idazle sinbolistari erreferentzia egiten diona izenburuan nahiz liburuan antolaketan, non hasierako eta bukaerako bina testuen artean Etiopia inguratzen duten harezko bederatzi zirkuluak poemez osatzen dituen. Poema abangoardistak dira, batzuetan surrealistak, bestetan kutsu esperimental nabarmenarekin, euskarara Europan XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran sortu ziren olerkigintzako sormen-modu berriak mende beteko atzerapenez ekarriz. Etiopia izenburua bera utopia hitzaren ia homofonoa da eta Etiopiarako sarrera ixten duten bederatzi zirkuluek utopiara heltzeko ezintasuna irudikatzen dute. Poema-bildumaren protagonista nagusia deserriratutako pertsonaia bat da, hiri baten bila bederatzi zirkuluetan barrena bidaiatzen duena, non mota guztietako pertsonaiak aurkitzen dituen, denak galtzaileak. Monismoaren eta esentzialismoaren bazterketa, erlatibismoaren aldeko jarrera moduan edota olerkigintzako molde zaharrekin haustura gisa ere interpretatu da, poemarioko Hautsi da ANPHORA esaldi nabarmena erreferentziatzat harturik.[20][21]

Obaba zikloa (1980ko hamarkada)

aldatu

1980ko hamarkadaren hasieran, Atxagak haur eta gazte literaturari ekin zion. 1983 urtean, Sugeak txoriari begiratzen dionean, 1984an Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian eta Bi anai 1985ean. Hiru lan horiek Obaba ziklo delakoaren baitan kokatu dira, 1982an Irun Hiria saria irabazi zuen Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena ipuinarekin batera. Obaba zikloa nazioarteko ospea emango zion 1988an plazaratu zuen Obabakoak istorio-bildumarekin gailenduko zen. Obaba zikloaren ezaugarri nabarmenenak animalien presentzia, pentsamendu magikoa eta elementu fantastikoak dira, landako herri txiki batean kokaturik, Atxagaren beraren haurtzaroko Asteasuko herriak eta inguruak inspiratuta. Obaba unibertso oso eta mundu sekretu[22] moduan eratzen da idazlan hauetan, Faulkneren Yoknapatawtan eta Gabriel García Márquezen Macondon bezalaxe, eta antigoaleko geografia eta gizarte bat islatzen du, non naturak eta zibilizazioak talka egiten duten,[23] aurreko aldi abangoardistatik Atxagak atxikitzen duen monismoaren aurkako jarrerarakin jarraituz. Obabakoak lanari dagokionean, berriz, testuartekotasuna da beste ezaugarri nabarmena, literatura unibertsalaren lanei buruzko aipu, itzulpen, perifrasi, laburpen eta imitazioekin.[24] Obaba fikziozko geografia eratzen laguntzen duen beste baliabide bat Obabakoak elkar loturiko ipuin-bilduma moduan eratzea da, modu polifonikoan, euskal literaturan ahozkotasunak izan duen garrantziaren islada moduan interpretatu dena.

Aurreko aldiko abangoardismoa gainditu nahiak ekarri zuen Obaba zikloaren aldi berria, publiko zabalagoa eskuratu eta idazlearen autonomia ekonomikoa ziurtatzearren,[25] aurreko zikloan jorratutako literaturaren autonomia betez. Horretarako, 1980ko hamarkadaren hasieran zabaltzen ari zen haur literatura baliatu zuen hasiera batean Atxagak, Obaba zikloko lehen idazlanekin.[26]

« Aspaldi, artean gazte eta berde ginela, erretratu bat egitera hots egin ziguten eskola ttikian genbiltzan guztioi. Eta hala, kontent, ardaila batean ustegabeko atsedenaldi hura zela eta, maistrari jarraitu gintzaizkion elizako zimiterioaren arkupetaraino; maletak airetara botaz, zilipurdika, harrapatzen genituen putzu guztiak zapalduz. »

Obabakoak[oh 1]


Errealismozko aldia (1990- )

aldatu

1993an argitaraturiko Gizona bere bakardadean eleberriarekin Atxagak literaturaren esparru tradizionaletara jotzen du, errealismo psikologikora bereziki, eta joera horri atxikiko zaio ondorengo lanetan ere.[28] Errealismorako itzulera euskal literaturak 1950eko hamarkadaz geroztik literatura tradizionalarekin apurtzeko garatu zuen joera sinboliko eta lirikoari amaiera emateko pauso moduan interpretatu da, Gizona bere bakardadean euskal gatazkaren inguruan girotuz, ikuspuntu pertsonal eta intimista batetik bada ere.[29] Eleberri hori baino lehenago, gazteei begira idatzitako Behi euskaldun baten memoriak eleberrian (1991) errealismorako joera antzematen da dagoeneko. Obabako munduaren zehaztugabetasun geografiko eta kronologikoa albo batera utziz, Atxagak denbora eta leku jakinetan (baserri konkretu batean 1936 urtean) kokatzen du behiak protagonistatzat dituen kontakizun hori, Obaba zikloko elementu zenbait (animalien presentzia, esaterako) lantzen jarraitzen badu ere.[30] Euskal gatazkako problematika lantzen du jarraituko du Zeru horiek lanean (1995), presoen birgizarteratzearen gaia landuz. Obaba aldi honetako Soinujolearen semea (2003) lanaren erreferentzia geografiko bat izango da, baina errealitateak jan duen mundu idiliko galdu moduan, euskal gizarte tradizionalaren desagerpen errealaren erkaketa moduan hain zuzen.

Atxagaren olerkigintza

aldatu

Olerkigintza ez da Atxagak gehien landu duen generoa; berak adierazi duenez, kosta egiten zaio poesia idaztea.[21] Etiopia (1978) izan zen bere lehen poema lana. Lan horretan, poesia sozialari eta existentzialistari bizkar ematen die, ez baitzuen uste poesia mundua aldatzeko tresna zenik. Bizitzaren patua naturaltasunez onartuz, sentimenduak arrazionalizatuz eta hirugarren pertsonan idatziz eta distantzia atxikiz, sentimentalismorik ez dago bere poemetan, baina aldi berean sufritzen dutenekiko elkartasuna adierazten du horietan.[31] Ondorengo lanetan, berriz, apropos bilatzen zuen distantzia horren aurrean Atxagak ironia samurra darabil. Etiopia lanean nabari den barrokotasunetik urrun, xumetasuna bilatzen du bere azken aldiko poemetan. Horren adibide da Trikuarena poema ospetsua. Oro har, ezaugarri nabarmenena irudien pilaketa da bere obran. Lotura logikoei ihes egin eta iradokizunen bidez helarazi nahi dio irakurleari errealitatearen konplexutasuna. Horretan publizitatearen eta zinemaren eragina ikus daiteke, mezuak metatu eta subliminalki erabiltzen baititu.

Haur eta gazte literatura

aldatu

Atxagaren hastapenak haur eta gazte literatura Juan Carlos Egillor ilustratzailearen eskutik izan ziren. Berak proposatu zion 1980ko hamarkadaren hasieran haurrentzako liburu bat egitea bion artean. Ilustratzaile horrekin hiru lan egin ondoren, jarraitu egin zuen haur literaturaren bidean, haur eta gazteentzat euskarazko liburuak plazaratzeko beharra zegoen garaia profitatuz eta idazle gisa autonomia ekonomikoa bermatzeko. Haur literaturan eginiko lehen bide zati horretan, Nikolasaren abenturak eta kalenturak (1980), Ramontxu detektibea (1980) eta Chuck Aranberri dentista baten etxean (1982) nabarmendu daitezke. Haur eta gazteentzako ondorengo lanetan, irakurlego helduago batentzako lanak plazaratu zituen, helduen literaturako elementuak barneratuz, hala nola Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian eta Bi anai (1985). Obabakoak (1988) famatuaren ondoren geldiune bat izan zuen idazleak arlo horretan, publiko heldu batentzako lan gisa ere har daitekeen Behi euskaldun baten memoriak (1991) lanaren salbuespenarekin. 1995ean Holaxe bizi da Xola saileko lehengo liburua argitaratu zen, 1997an, Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Xola eta basurdeak liburuarekin. 1998 urtean argitaratzen hasi zen Bambulo saila. Azkeneko urteetan Xola saileko beste liburu batzuk argitaratu ditu. Haur literatura baino beste lanak nahiago dituela esan du inoiz idazleak, haur literatura literatura moduan eta ez haurrentzako produktu moduan landu behar dela ere adierazi badu ere. Literatura arlo horretan maiz erabili dituen baliabideak eta elementuak esajerazioak, hizkera eta esaldi bereziak izan dira, umorez eta askotan animaliak protagonista izanik. Maisutasunez eraikitako testuotan, fantasia eta errealitatearen arteko mugak apurtu egiten dira eta literatur tradizio unibertsaletik nahiz euskal tradiziotik edaten duten istorioak aurkezten dizkigu.[32]

Atxagaren obran landutako gaiak

aldatu

Natura eta kultura

aldatu

Atxagak maiz lantzen duen gaietako bat natura eta kultura kontrajartzea da, maiz modu tragikoan ebatzia. Esaterako, Bi anai lanean Daniel mutil atzeratuaren gogo sexual kontrolaezina izango da kultura arauak hautsi, gizartetik baztertu eta azkenean bere anaiarekin batera herritik kanpora ihes egitera bultzatu duena.

Antiheroia

aldatu

Bere lehenengo idazlanetatik, antiheroiak —pertsonaia patetikoak, patuak kolpatutakoak— ezarri zituen Atxagak narrazioaren bilbean. Pertsonaia horiek galtzaileak izaten dira eta askotan estigma bat dute, hala nola Ziutateaz eleberriko Theo eta Bilintx pertsonaiak edo Bi anai eleberriko Daniel. Egoera horren aurrean eta guztiz aurkako duten ingurune batean (Etiopia lanean basamortu bat eta Ziutateaz lanean, hiri pairaezin batean), pertsonaiek ezintasunez jokatzen dute gainera. Antiheroiaren presentzia horiek Atxagarekin berarekin identifikatzen dira, euskal literatura konprometitu eta militantearen aurka dagoen olerkari eta idazle madarikatu moduan.[33]

Euskal Herritik mundura

aldatu

Bereziki Obaba zikloko lanak landa munduan kokatu arren, bukolismotik ihes egiten duen idazlea da, partikularra unibertsalera heltzeko erabiliz. Haren hitzetan, "mundua leku guztietan dago eta Euskal Herria ia ez da soilik Euskal Herria, munduak Euskal Herria izena hartzen duen tokia baizik".[34]

Kritikak

aldatu

Atxagaren figura eta lana literatura kritika eta ikerketarako gaia izan da askoren aldetik. Euskal Herrian, Atxagaren lana aztertu eta modu aktibo batez zabaldu dutenen artean Mari Jose Olaziregi nabaria da, Atxagaren kronista ofiziala bihurtzeraino: haren lana goraipatu du.[35] Jon Kortazar da Atxagaren lana aztertu duen beste kritikarietako bat da. Literatura kritika soziologikoaren ikuspegitik, bere lana aztertu dutenen artean Joseba Gabilondo eta Ur Apalategi daude. Apalategik adierazi du, besteak beste, bere idazle hastapenetan autonomia aldarrikatzen zuen idazlea 1990eko hamarkadatik aurrera merkatuaren morrontzan jausi dela, bereziki bere irakurlegoan nagusitzen ari den espainiar merkatuan.[36]

Mikel Hernández Abaituak, berriz, Atxagak egindako guztia euskara eta euskal literaturarako oso mesedegarri izan dela uste du. Hernández Abaituaren iritziz, Atxagak landutako gaien garrantzia ukatu gabe, garrantzitsuagoa da bera finkatzen ari den literatur hizkuntza: «Atxagak erakutsi digu, Arestik eta Mirandek bezala, baino osokiago, nola probetxa zitezkeen euskal klasikoak eta "ahozko literatur egileak", hala nola gaurko hizkera bizia (bizia den lekuetatik hartuz) goi mailako literatur hizkuntza dotore bat lortzeko. Ez da nahikoa hizkuntza literario batentzat linguistek bakarrik egin dezaten, Idazleek moldatu behar dute izpiritu estetiko batez.»[37]

Literatura kritikaz harago ere, erakunde eta hedabide nagusien aldetik Atxagaren lana goraipatua izan da gehienetan. Salbuespen gisa, Ignacio Echevarría literatura kritikoak 2004ko irailaren 4an El País egunkarian Soinujolearen semea eleberriari egin zion kritika arrunt negatiboa dago,[38] berehala kritikoaren kaleratzea ekarri zuena.[39] Euskal Herrian, kritika negatiboak idazlearen ospeari loturikoak izan dira askotan. Horrela, Pako Aristi idazleak Atxagaren ospeari buruz beste euskal idazleei lekurik ez ziela uzten adierazi zuen, berari buruz antena paraboliko metafora erabiliz.[40] Bere ospea eta irudi publikoa irakurleak liluratu eta bereganatzeko erabili dituela baieztatu zuen Patziku Perurenak.[41]

Politikaren arloan, ezker abertzalearen kritikak jaso ditu. Txillardegirekin eztabaida bizia izan zuen 1985. urtean euskal idazlearen zereginari buruz: Txillardegik aldezten zuen idazleak herriarekiko konpromisoa izan behar lukeela; aitzitik, Atxagak adierazi zuen idazlearen eginkizun nagusia dela alienazioen kontra borrokatzea.[42] 1989an, Obabakoak lanarengatik Espainiako Narratiba Sari Nazionala eman ziotenean, ezker abertzaletik kritikak egin zitzaizkion, sari hori jaso eta onartu zuelako;[43] hamahiru urte geroago, ordea, sektore politiko horretatik Unai Elorriagari ez zioten kritikarik egin, sari bera jaso zuela eta.[43][44] 2009az geroztik ere Atxagari kritikak egin dizkiote ezker abertzaletik, hala nola Zeru horiek eleberrian euskal presoen birgizarteratzearen gaia landu zuen moduagatik.[45]

Kultura eragina

aldatu
 
Hitzaldi batean.

Ikerketa eta kultura lan ugari egin dira Atxagaren ospearen itzaletik. Atxagak kultura eragin hori onartu du, eta ugari izan dira berak emandako hitzaldiak eta hedabideekin izandako elkarrizketak. 2012 urtean Joxeanjel Arbelaitz zinemagileak Leku hutsak, hitz beteak dokumentala plazaratu zuen, Atxagaren bizitza eta lanari buruz Atxagarekin izandako elkarrizketekin. Euskal pilota: larrua harriaren kontra dokumentalean ere esku hartzea izan zuen, Euskal Hiriaren aldeko aldarrikapena eginez. Zenbait artistekin ekimen eta ikuskizun kulturaletan ere parte hartu du, Euskal Herrian nahiz atzerrian. Horrela, nabarmenak dira Pott Banda literatura taldean (1978-1980) eta Emak Bakia Baita argitaletxean (1992) izandako lankidetzak. Musikari eta abeslariekin ere errezital ugarietan esku hartu du, hala nola Paradisua eta katuak ikuskizunean Jabier Muguruzarekin; eta Mikel Laboarekin eta Ruper Ordorikarekin (Olomouc, Txekia, 2004) egindako kontzertuan. Nabarmena izan da, halaber, ilustratzaile eta margolariekin izan duen harremana, bereziki haurrentzat idatzi dituen liburuetan, hala nola Juan Carlos Egillorrekin. Aldizkari zenbaiten sustatzailea izan da: Pott (1978-80), Garziarena (1992-97), Luxia (1993). 2009az geroztik, Euskaltzaindiak sustatutako Erlea aldizkariaren zuzendaria da. Bestalde, Atxagaren lan batzuen antzerki eta zinema-egokitzapenak eta bere olerkien musikatzeak egin dira.

Zinema egokitzapenak

aldatu

Antzerki egokitzapenak

aldatu

Musika egokitzapenak

aldatu

Atxagaren lan nagusien zerrenda

aldatu
Prosa
Olerkingintza
Antzerkia
Saiakera
Miszelanea
Haur eta gazte literatura

Sariak eta errekonozimenduak

aldatu

Atxagari buruzko bibliografia

aldatu

Oharrak

aldatu
  1. [27]

Erreferentziak

aldatu
  1. https://www.atxaga.eus/es/news/1553244901
  2. Euskaltzain fitxa, Euskaltzaindiaren webgunean.
  3. Olaziregi, Marijose, Etxaniz, Xabier. (1998). Euskarazko haur eta gazte literatura idazleak. Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila, 22-25 or..
  4. «Jose Irazu "Bernardo Atxaga"» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  5. (Ingelesez) Kortazar, Jon. (2005). Bernardo Atxaga: Basque Literature from the End of the Franco Era to the Present. , 7 or..
  6. a b Otaegi, Lourdes. (1999). Bernardo Atxaga: Egilearen hitza. , 21 or..
  7. (Gaztelaniaz) Atxaga, Bernardo. (2011). «El imposible vencido» Cuadernos de Narrativa: Bernardo Atxaga.
  8. (Ingelesez) Kortazar, Jon. (2005). op. cit.. , 21 or..
  9. (Ingelesez) Olaziregi, Mari Jose. (2005). Waking the Hedgehog: The Literary Universe of Bernardo Atxaga. 47-48 or..
  10. (Gaztelaniaz) Olaziregi, Mari Jose. Biografía de Bernardo Atxaga. .
  11. (Gaztelaniaz) «Creo que es el momento adecuado para volver a empezar», Javierortiz.net. Jatorriz euskaraz argitaratua, Ostiela aldizkariaren 23. zenbakian, 2001ean.
  12. (Gaztelaniaz) «Las 'boutades' de Basagoiti me producen dolor de cabeza» Deia 2012-10-13.
  13. (Gaztelaniaz) «Zalduondo: carnavales y etnografía» EITB 2021-04-30 (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  14. (Ingelesez) Kortazar, Jon. (2005). op. cit.. , 10 or..
  15. (Gaztelaniaz) Ziutateaz liburuaren aipamen eta kritika, "Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca" aldizkarian, 2, 1992, 359-360 orr., 2013-01-14an kontsultatua.
  16. (Ingelesez) Kortazar, Jon. (2005). op. cit.. , 24 or..
  17. Hala diote Panpina ustela aldizkarian: Literatura bait da herriaren boza: gizarte-aldaketan lagungarri denez, beste Euskal Herri baten lorketa lagundu behar du euskaldunon literaturak.(...) Bainan, halare gaur eguneko argitara-etxe, aldizkari ta saioekin ez gatoz bat: hertsiak eta literaturaz kanpoko (xtraliterarioak, beraz) xederen morroi direlarik, marrantatu ta baztertu (nazkatu ere bai) egiten dituzte eztarri berriak.. Ez dezagula konposturarik gal, halare., 1075eko urtarrila.
  18. Beat ingelesezko hitza porrot edo pott da euskaraz.
  19. (Gaztelaniaz) Otaegi Imaz, Lourdes. (2011). «Nueva introducción a la lectura de Etiopía» Cuadernos de Narrativa: Bernardo Atxaga.
  20. (Ingelesez) Kortazar, Jon. (2005). op. cit.. , 26 or..
  21. a b (Gaztelaniaz) Aulestia, Gorka. (2002). «Bernardo Atxaga : un escritor cautivador» Lapurdum.
  22. (Frantsesez) Atxaga, Bernardo. (1999). «Obaba, monde secret» Atxaga Baionan.
  23. Olaziregi, Mari Jose. (1999). «Bernardo Atxaga Inventarium» Atxaga Baionan.
  24. (Ingelesez) Olaziregi, Mari Jose. (2005). Waking the Hedagehog: The Literary Universe of Bernardo Atxaga. 136-153 or..
  25. Atxagaren hizetan "idazle gazteei dirurik gabe edo diru gutxirekin ez dela ongi idazten adierazi nahi diet" (Ostiela, 23, 2001 urtea).
  26. (Frantsesez) Apalategi, Ur. (1999). «Un aspect de l'oeuvre de Bernardo Atxaga, la vérité sort de la bouche des (auteurs pour) enfants» Atxaga Baionan.
  27. Zubimendi, Joxe Ramon. (1998). Euskal idazleak = Basque writers = Escritores en lengua vasca. Euskal Editoreen Elkartea, 22 or. ISBN 84-89923-08-6..
  28. (Gaztelaniaz) Ascunce, José Angel. (2000). Bernardo Atxaga. Los demonios personales de un escritor.. , 174 or..
  29. (Ingelesez) Kortazar, Jon. (2005). Bernardo Atxaga: Basque Literature from the End of the Franco Era to the Present. , 50 or..
  30. Otaegi, Lourdes. (1999). Bernardo Atxaga: Egilearen hitza. , 57 or..
  31. (Gaztelaniaz) Bernardo Atxaga, Auñamendi Eusko Entziklopedia, 2013-01-19an kontsultatua.
  32. Olaziregi, Marijose; Etxaniz, Xabier. (1989). Euskarazko haur eta gazte literatura idazleak = Basque writers for children and young people = Auteurs de littérature en langue basque pour les jeunes = Escritores de literatura infantil y juvenil en euskara. Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, 23 or..
  33. (Frantsesez) Apalategi, Ur. (2000). La naissance de l'écrivain basque : l'évolution de la problématique littéraire de Bernardo Atxa. L'Harmattan, 22-103 or..
  34. (Gaztelaniaz) Aguado, Txetxu. (2010). Tiempos de ausencias y vacíos. Deusto, 203-223 or..
  35. Idazlearen webgune ofizialeko biografiaren egilea da (ikus: (Gaztelaniaz) «Biografía de Bernardo Atxaga») eta New York Hiriko Unibertsitateko Bernardo Atxaga katedraren irekiera ekitaldiko hizlaria izan zen (ikus: (Gaztelaniaz) Catedra Bernardo Atxaga en Nueva York). Bere doktore tesiak (ikus, «Literatura eta irakurlea, testu estrategietatik soziologiara Bernardo Atxagaren unibertso literarioan») Atxagaren lanen lehenengo inbentario osoa bildu zuen.
  36. Apalategi Idirin, Ur. (1998). «Atxaga post-obabarra edo literatura autonomoaren heteronomizazioa» Uztaro..
  37. Hernández Abaitua, Mikel. (1989). «Bernardo Atxaga, literatur sari nazionala» Jakin (53) (Noiz kontsultatua: 2017-09-29).
  38. (Gaztelaniaz) Echevarría, Ignacio. (2004-09-04). «Una elegía pastoral» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-01-29).
  39. (Gaztelaniaz) Aznárez Torralvo, Malen. (2004-12-19). «El 'caso Echevarría'» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-01-29).
  40. (Gaztelaniaz) Jon Arano: «Bernardo Atxaga: "Creo que es el momento adecuado para volver a empezar"», Ostiela! aldizkarian Atxagari egindako elkarrizketaren gaztelaniazko itzulpena, 2016-11-01ean kontsultatua.
  41. Perurena, Patziku. (1993). Marasmus femeninus. , 53-54 or..
  42. Abrisketa, A.. (1985). «Dum Dum Txillardegi & Ray Sugar Atxaga» Pamiela (9).
  43. a b Mikel Asurmendi: «Konstatazio bat, Espainiako Narratiba Sari Nazionala hizpide», Argia, 2009-10-19 (2016-11-01ean kontsultatua).
  44. Asurmendi, Mikel. (2002-11-03). «Unai Elorriaga: "Mundua iraultzeko agindu diet nire pertsonaiei"» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-01-29).
  45. Lasarte, Gema. (1995-07-09). «Afari ordez, afari-merienda» Egin..
  46. Mitxelena, Gorka Bereziartua. (2020-02-16). «"5.000 irakurle tinkorekin mundua mugituko genuke"» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  47. pencongress2016ourense.congressus.es (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).
  48. Sarasola, Ainhoa. «Bernardo Atxagak jasoko du Espainiako Letren Sari Nazionala» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  49. Astiz, Iñigo. «"Bernardo Atxagak Arte Ederren Merituaren Urrezko Domina jaso du"» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-12-23).

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bernardo Atxaga  
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Bernardo Atxaga
Wikidatan datu irekiak daude honi buruz: Bernardo Atxaga