Rikardo Arregi Aranburu
- Artikulu hau Gipuzkoako kazetariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Rikardo Arregi».
Rikardo Arregi Aranburu (Andoain, Gipuzkoa, 1942ko irailaren 22a - Eibar, Gipuzkoa, 1969ko uztailaren 10a) euskal kazetaria, saiakeragilea eta euskaltzalea izan zen. Joseba Arregi politikariaren anaia zen. Filosofia ikasketak bukatu ondoren Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan lagundu zuen. Euskaltzaindiari euskaldunen alfabetatzea proposatu zion. 1969an, Euskaltzaindiaren bilera batera zihoala auto istripu batean hil zen, Mendaro eta Mutriku artean; Ramon Saizarbitoria harekin zegoen momentu hartan.
Rikardo Arregi Aranburu | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotza | Andoain, 1942ko Irailaren 22a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Eibar eta Mendaro, 1969ko Uztailaren 10a (26 urte) |
Familia | |
Anai-arrebak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta kazetaria |
![]() ![]() |
Biografia Aldatu
Andoaingo Zabala-enea etxean jaio zen. Manuel Pedro Arregi eta Benita Aranburu zituen gurasoak. Umetako eskolak Sasierrota eskolan eta La Salle ikastetxean egin zituen, eta azken tarte horretan familia Bazkardo auzoko Eguzki-alde etxera aldatu zen. 11 urterekin apaiztegira zuzendu zen ikasketekin jarraitzeko, eta Saturrarango eta Donostiako seminarioetan egon zen. Apaiztegiak 1962an utzi, eta unibertsitate ikasketetara jo zuen Bilbora, Ekonimia Zientzietakoak[1].
AEKren sorreraren aurrekariak sustatzen ere ibili zen 1965 inguruan. Besteak beste, Joan Mari Torrealdai gaztearekin herriz herri alfabetatze hitzaldiak eta ikastaroak eman zituen, gero AEK izango zenaren ernamuina.[2]
Bere garaiko Europako mugimendu politiko eta filosofiko nagusiak sakon ezagutzen zituen eta Politika estrukturak europar alkartasunean izenburuko lana argitaratu zuen Jakin-en «Europa» izeneko ale berezian (1965). Euskal errealitateari tinko eutsi zion, zentsura garai latz hartan eskain zitezkeen azterketa sozio-ideologiko argienetakoak eskainiz. 1964. urtean euskaltzain urgazle izendatua, 1966ko urtarrilean Euskaltzaindiari alfabetatze saila antola zezan proposatu zion, euskaldun helduak bere hizkuntzan ezinbesteko duen prestakuntzaz hornitzeko asmoz. Euskaltzaindiak onartu eta hauxe izan zen aurrerantzean gorpuztu zen helduen alfabetatze eta euskalduntzeko mugimenduaren hasiera. Proposatu ez ezik, zuzenean hartu zuen parte Rikardo Arregik antolatze lanetan. Euskara batuaren bultzatzailea, Lur argitaletxearen sortzailea ere izan zen. Zoritxarreko auto istripu batek eten zuen haren bizitza, 27 urteak bete aitzin, Euskaltzaindiak Bilbon egin behar zuen bilera batera zihoala.
Rikardo Arregi sariak Aldatu
Andoaingo udalak haren omenez Rikardo Arregi Kazetaritza Saria antolatzen du 1988tik, euskarazko kazetaritza sustatu nahian.
Bibliografia Aldatu
- Aizpuru, A. 2011: Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu (Rikardo Arregi), hAUSnART, 0: 108-115
- Arregi, B. et.al. 1996: Rikardo Arregi, gizona eta garaia, Andoain: M. Larramendi Kultur Bazkuna.
Erreferentziak Aldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Baztarrika, Patxi, 1958-. (2019). Rikardo Arregi (1942-1969). Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco ISBN 978-84-457-3473-5. PMC 1161980525. (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
- ↑ «Torrealdai, Joan Mari» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).