Txitoen istorioa Bernardo Atxagak -Jose Irazu Garmendiak- (Asteasu, 1951) idatzi eta Asun Balzolak (Bilbo, 1942 - Madril, 2006) ilustratutako ipuina da. Erein argitaletxeak plazaratu zuen 1984an, eta “Siberia Treneko Ipuin eta Kantak” bildumako bigarren lana da.

Txitoen istorioa
Audioa
Bernardo Atxaga, Txitoen istorioa liburuaren pasarte bat irakurtzen.
Datuak
Idazlea (1984)
Argitaratze-data1984
GeneroaIpuinak
HizkuntzaEuskara
HerrialdeaEuskal Herria
IlustratzaileaAsun Balzola
BildumaSiberia Treneko Ipuin eta Kantak
Orrialdeak43
ISBN84-7568-042-9
SariakLan honi esker, Asun Balzola irudigileak Bratislavako (Eslovakia) Ilustrazio Biurtekoan Urrezko Sagarra eskuratu zuen 1985ean

Argitaletxeak 10 urtetik gorako irakurleentzat gomendatzen du liburua.[1]

Argumentua

aldatu

Istorio hau Mc Atxagen dama ingelesak kontatu zion idazleari, Siberia zeharkatzen zuen tren-bidaia egiten ari ziren bitartean.

Britainia Handiko hiriburuan beren amarekin bizi ziren hamar txita zinemazale dira istorio honetako protagonistak. Txiroak ziren, oso etxe txikia zeukaten, eta hantxe igarotzen zituzten egunaren ordu gehienak, bakar-bakarrik, ama arrautzak saltzera joaten zen bitartean.

Etxera itzultzen zenean, ama-oiloak aukeran ematen zien txitei: afaltzea edo zinemara joatea. Eta txitatxo haiek nahiago izaten zuten sabela hutsik edukitzea film bat ikusi gabe geratzea baino. Bakeroen pelikulak zituzten gogokoen, eta Bakarty James pertsonaia ausarta miresten zuten.[1][2]

Egun batean, ama-oiloak, lan kontuak zirela-eta, hilabete osoa etxetik kanpo egingo zuela jakinarazi zien seme-alabatxoei. Bera itzuli artean, izebak zainduko zituen txikiak. Txitak kexatu egin ziren, izebari ez zitzaiolako zinema gustatzen, eta afaldu ostean pelikularik gabe ohera bidaltzen zituelako beti. Eta halaxe igaro zituzten egunak... Bakarty James-en pelikula bat iragarri zuten arte. Orduan, zinema-aretora joateko ihesaldia prestatzen hasi ziren txita txikiak...    

Pertsonaiak

aldatu

Ama-oiloa, hamar txitak, izeba, poltsa zeraman andre-señora, zinemako zaindaria, zinemako aitona buruzuria eta Bakarty James. 

Gaia eta estiloa

aldatu

Lehen irakurketan ipuin xumea badirudi ere, bigarren irakurketa bat eginez gero, testuaren gaia zein mezuaren aberastasuna hauteman daitezke.

Xabier Etxanizen arabera, haur eta gazte literaturan ere, sarri ukitu izan da familiaren egoeraren gaia. Gurasoen bereizketarena da, beharbada, gehien landu izan dena; haurraren edo gaztearen ikuspuntutik gurasoen arteko harremana, honen haustura, gertaera horrek haurrarengan duen eragina, etab. Bernardo Atxagaren Txitoen istorioa ipuinean, esaterako, amak etxetik alde egin beharra lanera, txiten abenturen jatorria dugu.[3]

Atxagak haur eta gazteentzat idatzitako ipuin gehientsuenetan, guraso bakarreko familiak (Txitoen istorioa, Mundua eta Markoni), istorioaren protagonista izan ohi den animalia batekin bakarrik bizi diren pertsonaiak (Xola eta lehoiak, Xola eta basurdeak) edota Nikolasa bezalako protagonistak -zeina anaia alfer eta arduragabe batekin bizi den- agertzen direla azpimarratzen du Mari Jose Olaziregi Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta Etxepare Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendari ohiak. Eta horrek kolokan jartzen duela, nolabait, familia tradizionalaren egitura.[4]

Olaziregik berak nabarmentzen du, bestalde, Atxagak haur eta gazte literaturan sortutako lanak, helduentzako idatzi dituen liburuak bezain aberatsak direla erabiltzen dituen baliabide poetikoei dagokienez.[4]

Gainera, Asun Balzolak liburuan eginiko ilustrazio lanak oso ondo islatzen ditu pertsonaiak eta gertakariak.

Sariak

aldatu

Lan honi esker, Asun Balzola irudigileak Bratislavako (Eslovakia) Ilustrazio Biurtekoan Urrezko Sagarra eskuratu zuen 1985ean. Sari hau jaso zuen lehen euskal ilustratzailea izan zen bilbotarra.[5]

Bilduma

aldatu

“Siberia Treneko Ipuin eta Kantak” bildumako lehen lau liburuak Atxagak idatzi zituen, eta lau lan horiek azpibilduma bat osatzen dutela esan liteke. Bertan, tren bateko bidaiariek elkar entretenitzeko kontatzen dituzten ipuinak dira lau izenburuen aitzakia:

  1. Antonino Apreta. Bernardo Atxaga, Jon Zabaleta (1982, Erein)
  2. Txitoen istorioa. Bernardo Atxaga, Asun Balzola (1984, Erein)
  3. Asto bat hypodromoan. Bernardo Atxaga, Jon Zabaleta (1984, Erein)
  4. Jimmy Potxolo. Bernardo Atxaga, Antton Olariaga (1984, Erein)[1][6]

Kultura herrikoia

aldatu

Txitoen istorioa ipuinean oinarrituta, Taun Taun konpainiak Txio txioka txotxongilo ikuskizuna taularatu zuen (estreinaldia: 1999).[7]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c Erein argitaletxearen webgunetik. (Noiz kontsultatua: 2017-03-31).
  2. Galtzagorriko webgunetik. (Noiz kontsultatua: 2017-03-31).
  3. Etxaniz, Xabier. (1996). (PDF) Euskal haur eta gazte literaturaren historia. , 408-409 or. ISBN 978-84-8428-283-6. (Noiz kontsultatua: 2017-03-31). Doktore-tesi zuzendaria (UPV/EHU): Juan Kruz Igerabide
  4. a b (Gaztelaniaz) Olaziregi, Mari Jose. (). (PDF) La trayectoria literaria de Bernardo Atxaga. Errioxako Unibertsitatea, 13-14 or. (Noiz kontsultatua: 2017-03-31).
  5. 111 Akademia-tik. (Noiz kontsultatua: 2017-03-31).[Betiko hautsitako esteka]
  6. Euskaltzaindia - Jose Irazu "Bernardo Atxaga"-tik. (Noiz kontsultatua: 2017-03-31).
  7. (Gaztelaniaz) Topic-en webgunetik. (Noiz kontsultatua: 2017-03-31).

Bibliografia

aldatu
  • (Ingelesez) Anuario de Investigación en Literatura Infantil y Juvenil, 5. zbkia., 2007, Vigoko Unibertsitatea: Interrelation between CL and Adult's on Bernardo Atxaga, Etxaniz Erle, Xabier (UPV/EHU). 77-89. orrialdeak.
  • (Gaztelaniaz) El mundo de Asun Balzola. Madril, Fundación SM, 2011:
    • Atxaga, Bernardo: Perfil de Asun Balzola. 30. orrialdea.    
    • Urdiales, Alberto: El alma en pinceles. Asun Balzolaren biografia, ibilbidea eta lanak. 62-78. orrialdeak.   
  • Peonza aldizkaria, 119. zbkia., 2016ko abendua. Asun Balzolari buruzko artikulua eta elkarrizketa (Peonza aldizkariaren 23. aletik berreskuratua, 1992). 87-96 orrialdeak.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu