Labayru Fundazioa

argitaletxea
Labayru ikastegia» orritik birbideratua)

Labayru Fundazioa, lehenago Labayru Ikastegia, 1977. urtean sortu zen irabazirik gabeko fundazioa da. Hainbat arlo lantzen ditu: irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskararen erabileraren normalizazio-planak, etnografia, lexikografia…

Horrez gain, Derioko Euskal Bibliotekan Euskal Herriari eta hizkuntzari dagozkion gaien ondare aberatsa gordetzen du: liburutegia, hemeroteka, argazki-artxiboa, ikus-entzunezkoak, kartelak eta papergintza mota guztiak (liburuxkak, pegatinak, egutegiak…).

HistoriaAldatu

Labayru Fundazioaren sorreran bi jazoerak egin zuten bat: batetik, Derioko seminarioan euskara-ikastaroak abian jartzea, eta, bestetik, Elhuyar Patronatua sortzea.

1970. urtean jarri ziren martxan udako euskara-ikastaroak, Derioko Udako Euskal Ikastaroak izenez ezagunak, eta ordutik hutsik egin gabe antolatzen dira, urtez urte. Ander Manterola, Karmelo Etxenagusia eta Mikel Zarate izan ziren eskola horien bultzatzaileak.

Handik zapi urtera ─1977. urtean, hain zuzen ere─, fundazioaren parte izatera pasatu ziren, bai euskara-ikastaroak, bai ordura arte egindako etnografia-ikerketak, bai itxura hartzen zihoan Euskal Biblioteka.

Sortzaileak honako hauek izan ziren: Jon Arrieta, Juan José Aspuru, Javier Astorki, Mª Concepción Barrutia, Juan Beitia, Luis Benito del Valle, Txomin Bereziartua, Bernabé Jauregi, Nikola Madariaga, Jon Malaxetxebarria, Ander Manterola, José Mª Mugica, Teresa Rotaetxe, Mikel Sáenz de Cabezón, Juan Mª Uriarte, Ignacio Uribarri, Juan Luis Villota, Begoña Zearra eta Sabin Zubiri

Fundazioak hiru zuzendari izan ditu: Gaspar Martínez (1977-1985), Ander Manterola (1986-2009) eta Adolfo Arejita (2009tik gaur egun arte). Igone Etxebarria da zuzendariordea.

Hastapenetan, Fundazioak langile gutxi izan zituen. Apurka-apurka, beharrizanak eraginda, Fundazioaren arlo desberdinetan irakasle eta ikerlariak sartuz joan dira. Gaur egun 40 langile inguru daude lanean bertan.

Fundazioak jarduera-eremua asko zabaldu du azken urteetan. Euskal literaturako idazlan klasiko zein berriak landu, gaurko irakurleen hizkuntza-irizpideetara ekarri eta argitaratu ditu Labayru Fundazioak. Hainbat bilduma edo liburu sorta hornitu ditu: Idatz & Mintz eta Litterae Vasconicae.

Labayru Fundazioaren lanik handienetariko bat Labayru Hiztegia da. Hiztegi elebiduna da, euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara bideak jorratu baititu; 100.000 berba eta esamolde baino gehiago batzen ditu. Horrez gain, Bizkaiko euskaren lexikorik handiena zehaztu du Labayru Hiztegiak, euskara batuarekiko lokarriak ugarituz eta estutuz bide batez. Helbide honetan kontsultatu daiteke: https://hiztegia.labayru.eus/.

Gaur egun, euskara- eta itzulpen-ikastaroak ere eskaintzen ditu, bizkaieraz zein euskara batuan. Goi-mailako ikastaroak ere ematen dira Labayrun: itzulpen-ikastaroak eta euskara-teknikaria izateko ikastaroak. Hauek dira Labayru Fundazioaren esloganak: Dakigunetik ez dakigunera, Bizkaieratik batura eta Hizketa bizitik hizkuntza idatzira.

Etnografia-arloan ikerkuntza handitu egin da Herri Ondarea Saila sortzearekin batera. Eguneroko bizimoduaren berri ematen duen materiala sortzen du Labayru Fundazioak: unitate didaktikoak, bideoak, sarerako material didaktikoa edo entretenigarriak. Berbak, esamoldeak, ipuinak, kantuak, ohiturak, bizimoduak… dira oinarria.

Horrez gain, Etnografia Saila Euskal Herriko Atlas Etnografikoa (Atlas Etnográfico de Vasconia) kudeatzeaz eta idazteaz arduratzen da. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa José Miguel de Barandiaranek emandako irizpideetan oinarrituriko lana da, eta lurraldeetako ikertzaileek galdetegi bera erabilita egindako ikerketekin osatuta dago. Etnografia-lanak Etniker Bizkaia aldizkarian argitaratzen dira.

Labayru Fundazioak aspalditik dihardu onomastika aztertzen. Artxibo-mota guztiak arakatu eta lekukoei ahoz batuta, datu-base handiak ondu ditu hainbat herritan. Ikerketetako datuak gehienetan argitaratu ere egin dira bai liburu moduan, bai mapa moduan, bai unitate didaktiko moduan.

Horrez gain, erakunde, enpresa nahiz norbanakoei itzulpenak egiteko eskaintza dauka Labayruk. Euskarara itzulpenak, bai batuaz bai bizkaieraz egiten ditu.Testuak zuzentzea da beste zeregin bat.

Enpresetan eta administrazioan euskara erabiltzeko Normalizazio Planak ere egiten ditu Labayru Fundazioak. Zerbitzu osoa eskaintzen du: planaren diseinua, formazioa, itzulpen zerbitzua, argitalpen zerbitzua...

Bestalde, 2016. urtean, euskal kultura gazteen artean hedatzeko asmoz, Eleketan programa jarri zuen abian. Tailerren bitartez lantzen da, eta 3 eta 13 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Egitasmo honekin euskal kultura modu ludikoan ezagutarazi eta transmititu nahi da.

Labayru Fundazioaren Euskal Biblioteka dokumentazio-zentro integrala da; euskarri mota guztietako dokumentuak gordetzen ditu. Liburuetan 55.000 monografia inguru ditu; 5.000 aldizkari; liburuxkak, kartelak, mapak; argazki-artxiboa ere badauka, bai argazki zaharrak, bai berriak. Ikus-entzunezkoen artean, audio- eta bideo-grabazio asko gordetzen ditu, ondarea eta etnografiarekin lotutakoak asko, herri literatura batzeko ahaleginetakoak beste asko, eta osterantzekoak (ekitaldiak, gizarteko ekintzak…). Fundazioak berak bildumatan publikatutako 500 argitalpen baino gehiagoko katalogoa dauka.

Labayru Fundazioak herri-, probintzia-, autonomia- eta estatu-erakundeekin lan egiten du hainbat modutara: ikastaroak antolatu, jardunaldietan parte hartu, liburuak editatu… Horrez gain, beka-epaimahaietan eta patronatuetan parte hartzen du eta hedabideentzako gidoiak egiten ditu. Hauek dira horietariko batzuk: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, BBK Fundazioa, Etnografia museoak eta Arte Ederren museoa, Euskaltzaindia, EITB eta Bizkaia Irratia.

Helburuak eta bideakAldatu

Labayru Fundazioaren helburu nagusia euskal kultura ondarea ikertu, bultzatu eta gizarteratzea da. Horretarako, hainbat arlo lantzen ditu: irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskararen erabileraren normalizazio-planak, etnografia, lexikografia… Horren guztiaren osagarri da Euskal Biblioteka, Euskal Herriari eta hizkuntzari dagozkion gaien ondare aberatsa gordetzen duena: liburutegia, hemeroteka, argazki-artxiboa, ikus-entzunezkoak, kartelak eta papergintza mota guztiak.

2014. urtean, Plan Estrategikoa prestatu zuen Labayru Fundazioak, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Egitura eta gobernu-organoakAldatu

  • Presidentea: Jokin Gorozika
  • Presidenteordea: Josu Bijueska
  • Idazkaria: Igone Etxebarria
  • Diruzaina: Gabin Azaola

Batzar Nagusia 300 laguntzaile inguruk osatzen dute, eta urtean baten elkartzen dira. Artezkaritza-kontseiluak aukeratzen ditu Ohorezko Kideak, betiere kontuan izanda zein ekarpen egin dizkion euskal kulturari edo fundazioari.

Zuzendaritza-taldea: Gaur egungo zuzendaritza-taldea: Adolfo Arejita, Igone Etxebarria, Akaitze Kamiruaga, Gorka Insunza, Josemi Vidales.

Sariak eta aitormenakAldatu

Durangoko Euskal Jaietako Zilarrezko Domina (1986), Andrés De Mañaricua Saria (BFA, 1990), Sabino Arana Fundazioaren Kultura Saria (1996), Argizaiola Saria Durangoko Liburu eta Disko Azokan (Gerediaga Elkartea, 2002), Bizkaiko Foru Aldundiaren Bai Euskarari Saria (2005), Ibilaldiaren Omenaldia (2008 eta 2014) eta Bilboko Udalaren omenaldia Euskeraren Egunean (2012). Labayruren argitalpenek ere hainbat sari jaso dituzte: Etniker Bizkaia aldizkariari Argitalpenik Onenaren Saria (BFA, 1985), Ipuinen Tailerra liburuari Ohorezko Aitamena (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, 2000) eta Bilboko Liburu Azokan Urrezko Luma (2015).

ArgitalpenakAldatu

Labayru Fundazioaren argitalpen guztiak web orri hauetan daude ikusgai: https://argitalpenak.labayru.eus/ eta https://www.labayru.eus/denda/

Kanpo estekakAldatu