Bambulo. Krisia

Bernardo Atxagaren liburua


Bambulo. Krisia Bernardo Atxagak -Jose Irazu Garmendiak- (Asteasu, 1951) idatzi eta Mikel Valverdek (Gasteiz, 1966) ilustratutako liburua da. Erein argitaletxeak plazaratu zuen 1998an, eta “Bambulo” bildumako bigarren liburukia da.

Bambulo. Krisia
Datuak
IdazleaBernardo Atxaga (1998)
Argitaratze-data1998
GeneroaIpuinak
Jatorrizko izenburuaBambulo. Krisia
HizkuntzaEuskara
ArgitaletxeaErein
HerrialdeaEuskal Herria
IlustratzaileaMikel Valverde
BildumaBambuloren istorio bambulotarrak
Orrialdeak123
ISBN84-7568-814-4
Datu gehigarriak
Bernardo Atxaga, Bambulo. Krisia liburuaren pasarte bat irakurtzen.

Argitaletxeak 10-13 urteko irakurleentzat gomendatzen du liburua.[1]

Xola eta Bambuloren moduko sailek arrakasta handia izan dute gaztetxoenen artean.[2]

Argumentua aldatu

Historiagile segitzen du Bambulo zakur ikertzaileak -Bambulo Historiator, Bambulo Investigator, Bambulo Korrektor- Historia bambulotarra idatzi eta idatzi. Grezia zaharreko Marathongo batailan izan ziren Filipides eta Bambulides; edo Troian izan ziren Ulises, Bambulus Troianus eta Menalipo Bambulo... Gorrotoz betetako gerlari harro eta hiltzaileak.

Azterketa historikoak egin eta egin, nekaturik, zinemara joatea erabaki du Bambulok. Burua haize hollywoodiar arin batez igurztea besterik ez du bilatzen, baina zinema-areto horretan ematen duten pelikulak haizea baino zerbait gehiago ekarriko du Bambuloren burura. Izan ere, behartsu bezala bizitzea erabaki zuen Francesco izeneko gazte baten bizimodua kontatzen du filmak. Francescoren lagun bat, Juan Kankailu, pantailatik atera eta Bambulorengana zuzenduko da, orduan, zera galdetuz: “Ez al zen egon maitasunik, apaltasunik, eskuzabaltasunik Bambuloren arbasoen munduan? Batailaz bataila ibili al ziren denak?”.

Galdera horrek asko pentsaraziko dio Bambulori, eta bere bizitzak norabide berria hartuko du. Krisian sartuko da eta burumakur, Hanka-Arrastakor, zera erabakiko du: Francescoren irakaspenak gogoan, gurditxoari heldu eta hegoalderantz abiatzea. Oinez ibili beharko du bere krisi horretatik atera arte; Bambulo Lehena izateari utzi eta Bambulo Bigarrena bihurtu arte.[1][3]

Pertsonaiak aldatu

Liburu honetan agertzen diren pertsonaiak bi multzotan bereiz daitezke. Batetik, pertsonaia nagusiak leudeke: Bambulo zakur jakintsua, Bambuloren idazkaria (narratzailea ere badena), Ainhoa ttikia, Ariadna, Jon, Maria, Pantxi Baratxuri Buru eta Terranovako marinela, hau da, Bambuloren lagunak. Eta bestetik, atal bakoitzari dagozkion pertsonaiak: postariak (Bambulok bere egunkarian idatzitakoa. B/E32 dokumentua); Filipides, Bambulides (Bambuloren Historia bambulotarra. B/His/2 dokumentua. Atala: Marathongo bataila); Akiles, Laokoonte, Sinon, Priamo, Ulises (B/His/3 dokumentua. Atala: Troia); Menalipo Bambulo, Ulises, sirenak (B/His/4 dokumentua. Atala: Troia 2); Francesco, Ginebro, Juan Kankailu, zineman loak hartzen duen pertsonaia, txori moko-luzea, taxi-gidaria, eskolako ikasleak, eskalea, Tobi eta andre xaharra, bost gazteak, hiru poliziak, inspektore biboteduna, astoa (Bambulok Méridatik bidalitako gutuna. B/G/2 dokumentua. Superprinceps dokumentua); Daniel, Bambulko zakur basatia, erregea, guardia (B/His/5 dokumentua. Danielen atala); Aristide, Aristideri amorrua zion izakia, Parlamentuko burua, idazten ez zekien gizona, Bambulio leiala (B/His/6 dokumentua. Aristideren atala)...

Gaia eta estiloa aldatu

Bambulo protagonista duten istorioetan, Bernardo Atxagak dokumentuak, gutunak, postalak eta Bambuloren narrazioak txandakatzen ditu; zakurraren idazkaria da horiek guztiak antolatzeaz arduratzen dena. Idazleak darabilen hizkuntza eraginkorra eta berritzailea da: ez da emakumeen eta gizonen arteko bereizketarik egiten, ez eta haurren eta nagusien artekorik ere. Idazlearen esanetan, banakoak (izakiak edo elementuak) baino ez daude.[4]

Atxagak dio, istorioaren protagonista zakur bat izatearen arrazoiak bi direla: Batetik, trikuak edo dortokak ez bezala, zakurra animalien artean postmodernoena delako; ez da animalia bat, mahaikide bat gehiago baizik. Eta bestetik, ukitu antisozial bat duelako.[4] Atxagaren esanetan, pertsonaia eroxko eta estrabagante samarra ere bada Bambulo.[5]

Liburu modernoa aldatu

Mari Jose Olaziregi Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak, bestalde, zera azpimarratu zuen istorio honetako protagonistaren inguruan: Bambulok nobela modernoaren ezaugarriak dituela esan liteke. Izan ere, eleberri modernoaren agerpenak heroiaren desagertzea dakar, gizakiaren -kasu honetan, zakurraren- izaera tragikoaren onarpenarekin batera. Zentzu horretan, Atxagak sortutako pertsonaiak ere existentzialistak direla esan genezake. Hilkorrak garela jakiteak halako ezinegon existentzialista bat sortzen du pertsonaiarengan, eta horrek, aldi berean, bizitzaren edo literaturaren ikuspegi heroikoa galtzea dakar. Horregatik, Bambulo bezalako pertsonaiak (eta bereziki bildumaren bigarren ale honetan agertzen denak), eta baita Xola eta basurdeak liburuko protagonista den zakurra ere, krisian sartzen dira euren heroismoaren sendotasun faltaz ohartzen direnean.[6]

Xabier Etxaniz EHUko irakaslearen arabera, Anjel Lertxundiren Tristeak kontsolatzeko makina (1981), Bernardo Atxagaren Chuck Aranberri dentista baten etxean (1982) eta Mariasun Landaren Txan fantasma (1984) izan ziren euskarazko haur eta gazte literaturaren bide modernoa ireki zuten lehen lanak. Atxagaren kasuan, modernitate hori literatura fantastikoaren eta literatura errealistaren arteko mugak haustearekin batera hasi zen.[7]

Mundua eta Markoni (1995) liburuan, generoek ezarritako mugak hautsi eta kontakizun nagusia eteten zuten sukalde-errezetak edota gertakari historikoen kontakizunak txertatu zituen Atxagak. Baliabide hau bera erabiltzen du asteasuarrak Bambulo zakurrari eskainitako bilduman ere, zeinetan, narratzaileari esker, kontakizun historikoak ezagutzera emateaz gain, mundu klasikotik berreskuratutako zenbait mitoren berrirakurketa umoretsua egiten duen.[6]

Umore ukitua aldatu

“Bambulo” bildumako lehen liburuak, pertsonaiak aurkezteko balio izan zion Atxagari. Bigarren liburuan, Bambulo. Krisia delako honetan, hain zuzen ere, hasi zen Bambulo mugitzen, eta egileak umorea baliatu nahi izan zuen horretarako: umore absurdoa, umore poppya...[8] Txistearekin alderatuta, beste muturrean dagoen umore mota bat erabili zuela azaldu zuen asteasuarrak. Umore hori, hitzekin, esaldiekin eta pasarteekin batera doan hari baten modukoa da; 'loturazko umorea' da, eta Bambulori eskainitako liburuetan, tarteka, hari horren muturra agertzen da, keinu txikiak eginez, txinparta poetikoak sortuz.[9][5]

Mikel Valverderi dagokionez, umore zuriarekin eroso moldatzen den ilustratzailea dela nabarmendu izan da, eta horrek oso ondo funtzionatzen du album ilustratuetan eta haur literaturan.[10] Marrazkilari gasteiztarraren hitzetan, umore puntua -Valverdek gogoko duen umorea, hain zuzen ere- da haur eta gazteentzako liburuak erakargarri bihurtzen dituena. Adierazkortasuna, gehiegikeria, aurpegiak, mugimendua... dira gasteiztarraren marrazkien ezaugarri nagusiak.[11]

Valverdek marrazten dituen pertsonaiak, animaliak izan ohi dira sarri. Hautu horren zergatiaz galdetuta, gasteiztarrak dio animaliek joko handia ematen dutela: bi hankatan nahiz lautan ipin ditzakezu, batzuetan pertsonek bezala jokatzen dutelako, eta beste batzuetan, berriz, animaliek bezala.[11]

Sorkuntza prozesua eta Bambuloren jatorria aldatu

Liburu irudiztatu bat bi buruk eta lau eskuk egiten dutela irakurri izan diogu Mikel Valverderi.[12] Izan ere, liburuak egiteko, idazlea eta marrazkilaria batera aritzen dira; bakoitzak bere etxean lan egiten du, baina batera. Lehenik eta behin, zer idatz dezaketen pentsatzen dute; marrazkilariak zenbait ideia iradoki diezazkioke idazleari, eta alderantziz ere bai.

Marrazkia liburuaren zati bat da. Marrazkiek ematen diote bizitza istorioari: aurpegi bat, begiak, mugimendua... Marrazkiaren bidez, irakurleari informazio bat eskaintzen zaio, testuak ematen ez dituen sentsazio berriak, eta azkenean, liburua amaitzen duena jabetzen da bi informazio-iturri izan dituela: testua eta irudiak.[12]

Valverdek Atxagarekin sortu zuen lehen pertsonaia Xola izan zen. Gero, BBKrako proiektu bat lortu zuen Atxagak, eskolarako agenda bat egitean zetzana, eta irudigilea Valverde izatea nahi zuen asteasuarrak; orduan, pertsonaia batzuk sortu zituzten, eta protagonista Markoni izeneko txakur bat izango zela erabaki zuten. Lehenengo agenda horren ondotik beste bat etorri zen, eta hura izan zen Bambuloren jatorria.[11][13]

Atxagaren hitzetan, Bambulo oso pertsonaia intimoa da. Bere bizitzako koaderno eta egunerokoak erabili zituen idazleak Bambuloren pertsonaia sortzeko. Bambulo zakurrak gorroto ditu historialariak eta historiaren bertsio ofiziala, eta horregatik, historia hori zalantzan jarri eta osatzeari ekingo dio. Horixe da, hain justu ere, liburu honetako protagonistaren helburuetako bat: irakurleak historia ofiziala zalantzan jar dezala edo kontura dadila, behinik behin, kontatzen digutena ez dela errealitatearen bertsio bakarra.[9]

Mikel Valverderen marrazkiak aldatu

Normalean, Mikel Valverdek akuarelak erabiltzen ditu irudiak koloreztatzeko. Lan batzuetarako, ordenagailua ere erabiltzen du. Gehien maite duen tresna, ordea, aspaldiko ilustratzaileek erabiltzen zuten luma-muturra da; oso trazu onak egiten ditu eta egokia da Valverderen marrazki fresko eta bizientzat.[12]

Piktorikoki, hainbat eragin jaso ditu ilustratzaile gasteiztarrak. Adierazkortasunaren arlotik dator eta, esan bezala, batik bat, akuarela lantzen du. Pertsonaiak ilustratzea du gogoko, komikiaren munduak harengan izan duen eraginagatik, agian. Zenbaiten esanetan, Valverderen pertsonaiek Quentin Blake ilustratzaile britainiarraren lana ekartzen dute gogora. Albert Uderzo frantziarrak -Asterixen sortzaileak- ere eragina izan du gasteiztarraren lanean, eta baita Bruguera Eskolak ere.[10]

Bilduma aldatu

“Bambulo” bilduma 3 liburuk osatzen dute:

  1. Bambulo. Lehen urratsak. Bernardo Atxaga, Mikel Valverde (1998, Erein)
  2. Bambulo. Krisia. Bernardo Atxaga, Mikel Valverde (1998, Erein)
  3. Bambulo. Ternuako penak. Bernardo Atxaga, Mikel Valverde (1999, Erein)[14]

Itzulpenak aldatu

Liburuaren gaztelaniazko bertsioa, Bambulo: La crisis, Alfaguara etxeak argitaratu zuen 1998an bertan.

Erreferentziak aldatu

  1. a b Erein argitaletxearen webgunetik. (Noiz kontsultatua: 2017-04-11).
  2. Manterola, Elizabete. (2012). Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko aldaera. , 159 or. ISBN 978-84-8438-454-0..
  3. Galtzagorriko webgunetik. (Noiz kontsultatua: 2017-04-11).
  4. a b (Gaztelaniaz) Mora, Rosa. (1998-11). «“Atxaga crea a Bambulo, un divertido perro que se pasea por la Historia”» El País (Noiz kontsultatua: 2017-04-11).
  5. a b (bideoa) Ipupomamua - Atxaga. 2011 (Noiz kontsultatua: 2017-04-14).
  6. a b (Gaztelaniaz) Olaziregi, Mari Jose. (2000). (pdf) La trayectoria literaria de Bernardo Atxaga. , (5.0) 47. & (5.1) 54 or. (Noiz kontsultatua: 2017-04-11).
  7. (Gaztelaniaz) Olaziregi, Mari Jose. (1999). «Bernardo Atxaga, candidato al Andersen» CLIJ (Cuadernos de Literatura Infantil) (119. zbkia.): 31-32. orrialdeak..
  8. «Bernardo Atxaga solasean» Behinola (5. zbkia.): 25. orrialdea. 2001-12 (Noiz kontsultatua: 2017-04-11).
  9. a b (Gaztelaniaz) Fernández-Prieto, Sagrario. (1999). «Bernardo Atxaga: el humor, la poesía, la sinceridad» Delibros (118. zbkia.): 40-41. orrialdeak..
  10. a b (Gaztelaniaz) «“Para aprender a desdibujar, primero hay que aprender a dibujar”» Revista de Literatura - Centro de Comunicación y Pedagogía (Especial Premios Literarios. 210. zbkia.): (9.0) 62. & (9.1) 63. orrialdeak. 2005.
  11. a b c Agirre, Maria. (1999 [abe.] - 2000 [urt.]). «"Zerbait kontatu nahi dudala iruditzen zait, eta komikiak horretarako bide bat ematen dit"» Euskonews & Media (60. zbkia.) (Noiz kontsultatua: 2017-04-11).
  12. a b c Sala, Teresa. (2001-01). «“Ilustrazioa lanbidea baino bizimodu bat da”» El País (Noiz kontsultatua: 2017-04-11).
  13. (Gaztelaniaz) G. Crespo, Txema. (1998-05). «"Desde ahora la historia la van a contar los perros"» El País (Noiz kontsultatua: 2017-04-11).
  14. Erein argitaletxearen webgunetik. (Noiz kontsultatua: 2017-04-11).

Bibliografia aldatu

  • (Ingelesez) Anuario de Investigación en Literatura Infantil y Juvenil, 5. zbkia., 2007, Vigoko Unibertsitatea: Interrelation between CL and Adult's on Bernardo Atxaga, Etxaniz Erle, Xabier (UPV/EHU). 77-89. orrialdeak
  • Behinola, 6. zbkia., 2002ko maiatza. Hitz eta Pitz. Galdera-sorta: Jokin Mitxelena, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Belén Lucas, Mikel Valverde, Jon Zabaleta (18. orr): http://www.galtzagorri.eus/behinola/dokumentuak/063.pdf

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu