Erlea (aldizkaria)

Literaturaren inguruko lauhilabetekaria
Aldizkaria Erlea
Sortze urtea 2009
Azken alea 2018
Mota Literatura orokorra
Saltzen zen lurraldea Euskal Herria
Editatzen den hiria
Hizkuntza Euskara
Maiztasuna Lau hilabetekaria
Salneurria 12 euro
Irakurleak
Argitaratzea -
Argitaletxea Pamiela
Inprimategia
Ekoizpena -
Zuzendaria Bernardo Atxaga

Erlea 2009ko urriaren 8 an sortutako literatur aldizkaria izan zen, 2018an argitaratzeari utzi ziona, 12 ale atera ondoren. Lau hilabetean behin kaleratzea izan zen bere helburua, Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean. 136 orrialde zituen eta 12 eurotan saltzen zen. Euskaltzaindiaren babespean sortu zen eta Pamiela editorialak argitaratzen zuen.

Historia aldatu

Andres Urrutiak zera esan zuen aurkezpen egunean: "Euskaltzaindiak laurogeita hamar urte bete ditu. Era-erara dator, beraz, aldizkaria gure ospakizunetara. Harago doa, alabaina, ahalegin hau, Euskaltzaindiak nahi duelako present egon euskal kulturaren eremuan, modu aktibo eta esanguratsuan. Erlea aldizkaria da horren erakusle. Lehen-lehena, ez bakarra, gaur eta bihar ikusiko duzuen bezala."

Bernado Atxaga aldizkariaren ezaugarri nagusiak ezagutzera eman zituen. Aldizkariaren egituraz mintzatu zen, eta proba bat zela ere esan du: "Euskaldunok muga bat gainditu dugu, badugu gune sendo bat, euskal literatura sustazeko gutxienezko irakurle kopuru bat; orain erremediorik gabe, aurrera joan behar dugu".[1]

Lau hilabetez behin argitaratzea izan zen lehenengo helburua baina argitaratzearen epeak gorabeheratsuak izan ziren. Lehenengo hiru zenbakietan hurrenez hurren Irlanda, Afrika eta Suedia, agertu ziren.[2]

Erlea aldizkariaren goiburuaren azpian hauxe zen: "1.700en aldizkaria". Bernardo Atxagaren esanetan: "Gure gogoa 1.700 ale atera eta 1.700 erosle izatea baita." Halere, 2016 urtean emaitzak uste baino eskasagoan ziren Atxaga beraren ustetan eta azken salmenta zenbakien zain geratu ziren aurrera edo atzera egiteko.[3]

2018an bere 12. eta azkenengo zenbakia aurkeztu zuen Euskaltzaindiak Bilboko egoitzan. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bernardo Atxaga aldizkariko zuzendariak aurkeztu zuten, eta Urrutiak adierazi zuen «hain ezagunak ez diren pasadizoak eta gertaerak» azaltzen zirela publikazioan. Irakurleak «Euskaltzaindiaren barruak ezagutzeko aukera» ere izango duela gaineratu zuen.

Azken alean gai nagusia Euskaltzaindiaren mendeurrena da eta Akademiaren ehun urteko historian oso garrantzitsuak izan ziren gertaerak kontatzen ziren bertan. Besteak beste, hastapenetako euskaltzainen profilak aletzen ziren; gordetako testu batzuk agertu –‘ETAk euskarari buruz, 1962an’–; argazki berriak erakutsi –Gabriel Arestirenak, esaterako–; Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolaren arteko hizketaldi mamitsu bat proposatzen zen.

Halaber, Beatriz Chivite, Hasier Larretxea edo Amaia Iturbideren poemak erakustzi ziren; Txani Rodriguez eta Garbiñe Ubedaren kontakizunak; liburu iruzkinak; Laura Mintegi, Kepa Altonaga, Nora Arbelbide edo Juan Luis Zabalaren testuak; eta Txema Larreari eginiko gorazarrea.[4]

Bernardo Atxagaren intentzioa aurrera begira hauxe zenː «Aurrerantzean, asmoa litzateke ‘Erlea’-ren antologia berezi batzuk argitaratzea... »

Kolaboratzaileak aldatu

Lehenengo alean zenbakian idazle askok hartu zuten parte, besteak beste; Kolesti Agirresarobe, Kepa Altonaga, Pablo Antoñana, Jon Arano, Aurelia Arkotxa, Joxean Artze, Mikel Asurmendi, Jon Aurre, Marisol Bastida, Frank Bergon, Harkaitz Cano, William Douglass, Irati Elorrieta, Miel A. Elustondo, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Asun Garikano, Jacinto Iturbe, Joxemari Iturralde, Koldo Izagirre, Xabier Kintana, Mariasun Landa, Monique Laxalt, Bruce Laxalt, Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Karlos Linazasoro, Ania Miner, Víctor Moreno, Toño Muro, Mari Jose Olaziregi, Lourdes Otaegi, Gloria Totorikaguena, Kirmen Uribe, Andres Urrutia, Gabriel Urza Laxalt, Justin Webster eta Iban Zaldua.[5]

Aldizkaria Euskaltzaindian lortu ahal zen eta baita harpidedun bihurtuz. Aldizkarien iraganeko aleak internetez salgai daude hainbat liburudendetan.[6][7]

Erreferentziak aldatu