Begoñatarren etxea

eraikitako euskal ondare nabaria Agurainen

Begoñatarren etxea Agurainen dagoen hiri-jauregia da.

Begoñatarren etxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Aguraingo herrigune historikoa
Begoñatarren etxearen aurrealdea
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAgurain
Koordenatuak42°51′04″N 2°23′22″W / 42.8512°N 2.38944°W / 42.8512; -2.38944
Map
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea17

1993ko apirilaren 20an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena aldatu

XVI. mende bukaera eta XVII. mende hasieran egindako eraikina, euskal jauretxe estilokoa. Orubea, errektangulu formaduna da, ez erabat perfektoa. Hiru solairu ditu eta ganbara bat teilatu azpian. Teilatuak, bi aldetara jotzen du eta gailurra, berriz, aurrekaldeari begira dago. Etxegintzarako erabilitako osagaia, batez ere, harria da, zenbaitetan landua eta ez hain landua beste zenbaitetan. Horrez gainera, azpimarratu egin behar da zuraren eta burdinaren erabilera ornamendurako osagaietan. Etxeak lorategiak ditu eraikinaren atzekalde eta ezkerraldean.

Eraikin askea da eta aurrekaldea du interesgarriena. Bertan, pixkat ezkerretara, sarrera-atea dago, oso zabala eta dobela handiak dituen puntu erdiko arku batean zabalik. Atearen eskuinaldean, bi leiho karratu daude, burdin sare xehez itxirik. Lehen solairuan, bi hutsune daude beheko aldeko leihoen gaingainean hain juxtu ere, eta egur eta burdinazko zolua duen balkoia eta leiho abalkonatu estu bat. Ezkerraldean, aldameneko harresiaren gainean, egurrez eta kristalez osatutako galeria baten aurreko aldea agertzen da, horizontalki etxearen hegoaldeko fatxada osoa zeharkatzen duena. Aurreko aldearen bigarren solairuan, hiru hutsune daude, leiho errektangularra, balkoia eta izkinako balkoia. Azken hau, adobelatua da eta bere salmereak molduratutako inposten gainean daude, pixkat barruko aldera sartuta dagoelarik. Aipatutako bi hutsuneen eta balkoi honen artean armarria dago, Ordañana, Bikuña eta Lazarragatarrena, alegia. Aurreko aldeak, azkenik, erlaiz molduratua du luzeran.

Atzeko aldeak, mendebaldean, hutsuneak ditu hanhemenka sakabanatuta. Beheko aldean, sarrera adintelatua eta bi leiho estu eta luze, burdin-sareaz. Lehen solairuan, hiru leiho, horietako bi «kaiola» deritzon burdin-sareaz itxiak. Bigarren solairuan, berriz, bi leiho errektangular. Ganbaran, bi leiho txiki daude egurrez enmarkatuak. Hegoaldera jotzen duen aldeak, lur-azpiko pasabidea du beheko aldean eta, lehen solairuan, lehen aipatutako galeria. Bigarrenean, hiru hutsune, burdinsarez itxitako leihoak eta balkoia, harrizko lur-zoluaz eta burdinazko eskudel edo barandaz osatua. Goiko aldean, hiru leiho daude. Iparreko aldeak irregulartasunez sakabanatutako hutsuneak ditu, barruko eskailera etxearen alde horretan dagoenez, beste era bateko hutsuneak behar baitira inguru hori argiztatzeko. Beheko aldean, puntu erdiko ate bat dago, dobela handi batzuk eta burdin sarez estalitako leihoa dituela. Lehen solairuan bi leiho ditu burdin-sarez itxiak. Bigarrenean eta ganbara parean, hutsune bana zabaltzen da. Lehen eta bigarren solairuen artean bi hutsune daude aipatutako eskailera argiztatzeko.

Etxearen barruko aldeak antzinako egituraren osagarririk garrantzitsuenak ditu oraindik. Beheko aldean, leku zabal bat, atari edo sarrera gisa, zolua harri lauz estalia duela. Solairuak elkarri lotzeko atarian hasten den eskailera bat dago eskuadra eginez, solairu batetik bestera bi zati dituela. Lehen solairua sarrera nagusiaren inguruan antolatuta dago eta argia, galerian barrena sartzen da. Bigarren solairuan logelak eta saloia daude. Azken pisuan ere, bigarrenekoaren banaketa berbera dago eta bertan, sapaia da aipatzeko modukoa, dena oso-osorik egurrezkoa baita.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa