Ireki menu nagusia

Pirritx, Porrotx eta Marimotots Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez aktoreek osaturiko pailazo hirukotea da. 1987ko abenduaren 24an sortu zen, Lasarte-Orian.

Pirritx, Porrotx eta MariMotots
Pirritx, Porrotx eta MariMotots.jpg
Pirritx (Aiora Zulaika), Porrotx (Joxe Mari Agirretxe) eta MariMotots (Mertxe Rodriguez).
Datuak
Jatorria Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Urteak 1987 - gaur egun
Taldekideak
Aiora Zulaika
Joxe Mari Agirretxe
Mertxe Rodriguez
Informazio gehigarria
www.katxiporreta.eus

2002an 15 urte bete zituen pailazo taldeak eta Beti zuekin... Katxiporreta!! ikuskizunarekin ospatu zuten. 2012an berriz, 25. urteurrenean Sentitu, pentsatu, ekin! saio berezia sortu zuten. 2017an izan zen beraien 30. urteurrena.

Pailazo-taldearen inguruan Irrien Lagunak ekimena sortu da, pailazoen merchandising produktuak saltzeko.

Eduki-taula

TaldekideakAldatu

Pailazoen urtez urteko bilakaeraAldatu

Pailazo taldeak bilakaera izan du. Gaur egun Pirritx, Porrotx eta MariMotots izenarekin ezagunak badira ere, bere garaian Takolo, Pirrutx eta Porrotx bezala hasi ziren; geroago, Takolo, Pirritx eta Porrotx izan ziren; eta, Takolok taldea utzi zuenean, Pirritx eta Porrotx.

2013an, 25 urte bete zituztenean, Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizunean Takolok bisita egin zien.

Pailazoa 1987-1991 1992-1996 1997-2001 2002-2006 2007-2011 2012-2016 2017-19
Takolo Agustin
Mujika
Pirrutx Patxi
Sanz
Porrotx Joxe Mari
Agirretxe
Pirritx Ainhoa
Beristain
Aiora
Zulaika
MariMotots Mertxe
Rodriguez

Beste pertsonaiakAldatu

(!) Ikuskizun hauetako datuak falta: 2016 (Amalur) eta 2019 (Musua).

     Hik Hasiko filma
* errepikatutako pertsonaia
Aktorea Pertsonaia Urtea Ikuskizuna / Filma
Alex Tetuan Tiburtzio jauna 1995 - 1996 Beltzi
Tantaka Yotanka 1996 - 1997 Tantaka Yotanka
Patatari jauna 1997 - 1998 Makarroiak
Titiriteroa 1997 - 1998 Makarroiak
Mackey jauna 1998 - 1999 Baserrian
Tarrapatata pirata 1999 - 2000 Plisti-plasta
Serapio 2000 Zatoz jolastera! (Hik Hasi)
Toribioto erregea 2001 - 2002 Aupa Kintxo!
Barrabas pirata 2002 Jolasen altxorra! (Hik Hasi)
Porrontxio 2002 - 2003 Beti zuekin... Katxiporreta!!
Patatari jauna* 2002 - 2003 Beti zuekin... Katxiporreta!!
Tarrapatata pirata* 2002 - 2003 Beti zuekin... Katxiporreta!!
Nikasio jauna 2003 - 2004 Poxpolin Marisorgin
Txilipito jauna 2004 - 2005 Patata, patata!
Anakleto 2005 - 2006 Maite zaitut
Eurolio jauna 2006 - 2007 Mari Motots
Joxe 2007 - 2008 Eskerrik asko!
Petrol jauna 2008 - 2009 Piratak
Xabi bihurri 2009 - 2010 Irrien lagunak
Olentzero 2009 - 2010 Irrien lagunak
Lagun txakurra 2010 - 2011 Ongi etorri Pupu eta Lore
Belekoiren laguntzailea 2011 - 2012 Zazpikoloroa
Anakleto* 2012 - 2013 Sentitu, pentsatu, ekin!
Tantaka Yotanka* 2012 - 2013 Sentitu, pentsatu, ekin!
Patatari jauna* 2012 - 2013 Sentitu, pentsatu, ekin!
Txilipito jauna* 2013 - 2014 Bizipoza
Roke 2014 - 2015 Txo MikMak txikia
Zeledon 2016 - 2017 Tipi-tapa korrika!
Jeronimo 2017 - 2018 Borobilean
Aiora Zulaika Izeba Maritxu 1997 - 1998 Makarroiak
Mertxe Rodriguez Amona Josefina 1998 - 1999 Baserrian
Teresa Markesa 1999 - 2000 Plisti-plasta
Amona Josefina* 2000 Zatoz jolastera! (Hik Hasi)
Bittori alkate anderea 2000 - 2001 Parrandan
Kintxo Barrilete 2001 - 2002 Aupa Kintxo!
Barrabas pirataren laguntzailea 2002 Jolasen altxorra! (Hik Hasi)
Amona Josefina* 2002 Jolasen altxorra! (Hik Hasi)
Amona Josefina* 2002 - 2003 Beti zuekin... Katxiporreta!!
Izeba Maritxu 2002 - 2003 Beti zuekin... Katxiporreta!!
Kintxo Barrilete* 2002 - 2003 Beti zuekin... Katxiporreta!!
Poxpolin Marisorgin 2003 - 2004 Poxpolin Marisorgin
Madame Banu 2004 Ilargiaren sekretua (Hik Hasi)
Amona Josefina* 2004 Ilargiaren sekretua (Hik Hasi)
Tider 2004 - 2005 Patata, patata!
Romí 2005 - 2006 Maite zaitut
Mari Motots 2006 - 2007 Mari Motots
Mari Motots* 2007 - 2008 Eskerrik asko!
Oihana Sanchez Mari Mototsen ama 2006 - 2007 Mari Motots
Mari Mototsen ama* 2007 - 2008 Eskerrik asko!
Kattalin 2008 - 2009 Piratak
Izeba Arantxa plantxa 2009 - 2010 Irrien lagunak
Mari Kalanbre 2010 - 2011 Ongi etorri Pupu eta Lore
Belekoi anderea 2011 - 2012 Zazpikoloroa
Loreto, Mari Mototsen ama* 2013 - 2014 Bizipoza
Estralurtarra 2013 - 2014 Bizipoza
Txo MikMak txikia 2014 - 2015 Txo MikMak txikia
Andereño Maribel 2017 - 2018 Borobilean
Kristina Ropero Nagore sendagilea 2007 - 2008 Eskerrik asko!
Tiritatxo medikua 2010 - 2011 Ongi etorri Pupu eta Lore
Alex Tello Largabista 2010 - 2011 Ongi etorri Pupu eta Lore
Martin bertso 2010 - 2011 Ongi etorri Pupu eta Lore
Patakon pirata 2011 - 2012 Zazpikoloroa
Otsoa 2012 - 2013 Sentitu, pentsatu, ekin!
Gorka 2013 - 2014 Bizipoza
Igor 2013 - 2014 Bizipoza
Plastiker 2014 - 2015 Txo MikMak txikia
Patakon pirata* 2016 - 2017 Tipi-tapa korrika!
Izaskun Forcada Kintxo Barrilete* 2012 - 2013 Sentitu, pentsatu, ekin!
Poxpolin Marisorgin* 2012 - 2013 Sentitu, pentsatu, ekin!
Amona Josefina* 2012 - 2013 Sentitu, pentsatu, ekin!
Hermelinda 2014 - 2015 Txo MikMak txikia
Plastik zaunk 2014 - 2015 Txo MikMak txikia
Neska txiki 2016 - 2017 Tipi-tapa korrika!
Poxpolin Marisorgin* 2016 - 2017 Tipi-tapa korrika!

Taldearen bilakaeraAldatu

Olentzeroren etorreraAldatu

Pailazoen aurreko urteak (1982-1987)Aldatu

1982an Lasarte-Oriako haurren %80ak A ereduan ikasten zuten, gaztelaniaz, eta kalean ere ez zen euskara askorik erabiltzen. Agustin Mujika irakaslea zen Lasarte-Orian A ereduan eta Joxe Mari Agirretxek magisteritza ikasi zuen eta haurren eta euskararen bueltan ibiltzen zen. Biak Lasarte-Oria euskaldundu dezagun euskara taldeko kideak ziren, eta herrian euskararen erabilera sustatzeko asmoz haurrentzat zerbait egitea erabaki zuten.

Gabonetan Olentzeroren etorrera antolatzen hasi ziren herrian. Ordurarte Olentzero ikastolara bakarrik iristen zen, eta beste ikastetxeetan ez zuten honen berri. Beraz, herri osorako ikuskizuna antolatzeari ekin zioten. Joxe Marik egiten zuen Olentzeroren papera eta Agustinek gitarrarekin ongi etorria ematen zion baserritarrarera. Beraiekin batera Xixuko ahatea ere aritzen zen. Ekitaldian, maila ezberdinetako haurrak, banan-banan oholtzara igotzen ziren Olentzerori kantatzera.

Takolo, Pirrutx eta PorrotxAldatu

Pailazoen sorrera (1987-1992)Aldatu

Bost urte eman zituzten Olentzeroren etorrera antolatzen. 1987an, ordea, ekitaldia luze joaten zela ikusi zuten. Horrenbeste klase oholtzara igoz eta jaitsiz, haurrak aspertzen hasten zirela. Horregatik, arintze aldera, pailazoak sartzea erabaki zuten eta Takolo, Pirrutx eta Porrotx sortu ziren.

Kasete batean Imanol Urbietaren lau abesti grabatu zituzten eta ikastetxeetan banatu zituzten haurrek ikas zitzaten. Horrela pailazoen Olentzerori bihurrikeriak egiten zizkioten, eta esketx eta esketx artean haur guztiekin batera lau kantak abesten zituzten. Ikuskizun laburragoa eta dibertigarriagoa egin zuten.

Lehenengo emanaldia 1987ko abenduaren 24an eman zuten Lasarte-Oriako Zamaburu plazan. Takoloren papera Joxe Mari Agirretxek egin zuen, Pirrutxena Patxi Sanzek eta Porrotxena Agustin Mujikak. Donostiako Gros auzoko Angelita dendan traje luze batzuk egin zituzten eta horiek jantzi zituzten.[1]

Pailazo taldea egun baterako sortu zen berez, baina 6 hilabete geroago, 1988ko maiatzan, Euskararen II. maratoia antolatu zen Lasarte-Orian, bertan beste emanaldi bat eskaintzeko eskatu zieten pailazoei, eta hauek baiezkoa eman zuten. Bigarren saio horretarako, ordea, Takoloren eta Porrotxen paperak aldatu zituzten. Joxe Marik ez zuen ongi abesten eta Agustinek bai. Ondorioz, ongi kantatzen zuenak pailazo azkarraren pertsonaia egitea erabaki zuten, eta ordutik aurrera Agustin Takolo izan zen eta Joxe Mari Porrotx. (Euskararen maratoi honetan Aiora Zulaikak, gaur egungo Pirritxek, 11 urte zituen eta herriko txistulari taldearekin txistua jo zuen. Pailazoen emanaldia ikusi zuenean, handitan pailazo izan nahi zuela erabaki zuen. 11 urte geroago, 1998an, sartu zen pailazo taldean).

Bi emanaldi horiek eskaini eta AEKren dei bat jaso zuten Usurbildik emanaldi bat eskaintzeko. Han ere ikuskizuna burutu zuten eta pixkanaka-pixkanaka herriz herri zabalduz joan ziren Euskal Herri osora iritsi arte.[2]

Hasierako saio horietan oraindik ez ziren aktoreak, euskaltzaleak ziren. Beraz, lotsa eta beldun pixka batekin ateratzen ziren saioa egitera. Lanean hasi aurretik patxaranari trago bat eman eta zezenak bezala, zuzen-zuzen ateratzen ziren publikoari begiratu ere egin gabe.

Hasiera horietan Takolok gitarra bat eramaten zuen eta zuzenean abesten zuten.[3] Hala ere, ez zeukaten euskarri musikalik. Musikak ez zuen garrantzia handirik beraien lehen saioetan, eta ikuskizunak esketxetan oinarritzen ziren.

Lehenengo diskoak eta bideoa (1992-1994)Aldatu

Bost urte herriz herri ibili eta gero, mugarria izan zen 1992. urtea. Urte horretan beraien lehenengo diskoa grabatu zuten: Hau umorea. Abesti gehienak Imanol Urbietarenak ziren, eta berari eskeini zioten lehenengo disko hau.[4] Hortik aurrera, saioetan musikari garrantzia handiagoa ematen hasi ziren. Emanaldietan diskoetako abestiekin playback egiten hasi ziren.

Urte berean, Agustin Mujika, Zaldibiara joan zen bizitzera eta taldea "Lasartear-goierritar" bihurtu zen. Ikuskizunaren entseguak ere Zaldibian egiten hasi ziren, kultur etxeko dantza-gelan eta antzokian. Beraien almazena eta lokala ere herrian zuten.[5]

Lehen diskoa atera eta beraien saioek oinarri musikala beharrezkoa zutela jabetu ziren. Orduan, Ordiziako Musika Eskolako irakaslea, Oneka Garmendia, ezagutu zuten, eta beraiekin elkarlanean aritzea proposatu zioten. Honek baietz erantzun eta musika eskolako haurren laguntzarekin Beti martxan (1993) eta Ongi bizi (1994) diskoak kaleratu zituzten.

Oneka askotan haserretu egiten zen pailazoekin, izan ere, garai hartan dena presaka egiten zuten eta hiru aste lehenago pasatzen zizkioten haurrek ikasi beharreko kantak. Hamabost abesti inguru ikasi behar izaten zituzten hiru astetan, gero diskoa grabatzeko. Haurrek egun osoa estudioan ematen zuten eta neka-neka eginda amaitzen zuten. Hala ere, denek hurrengo urtean bueltatu nahi izaten zuten.

Azkeneko disko hau eta gero, 1994an, lehenengo aldiz ikuskizun bat grabatu zuten: Kokororikoko. Ordutik aurrera, ikasturtero ikuskizun bat sortu eta grabatzen hasi ziren (gaur egun oraindik segitzen dute).

Pirrutxek taldea utzi (1994-1995)Aldatu

Urte berean etorri zen hurrengo aldaketa. Patxi Sanz (Pirrutx) Zubietako lanbide eskolan lanean hasi zen eta pailazo lanak denbora asko eskatzen zuenez, taldea utzi behar izan zuen zazpi urte eta gero. Hala ere, pailazo taldeak aurrera segitu zuen eta Ainhoa Beristain zaldibiarrak bete zuen Pirrutxen papera. Hilabete batzuetan emakume batek bete zuen gizonezkoaren pertsonaia.

Agustin, Patxi eta Joxe Mari hezkuntza mundutik zetozen, baina Ainhoak lau urte zeramatzan antzerkia egiten eta ikuspegi berri bat sartu zen taldean.[6]

Takolo, Pirritx eta PorrotxAldatu

Pirritx iritsi (1995-1998)Aldatu

Ainhoa Beristain taldera iritsi zenez, 1995ean Pirrutxen pertsonaia desagertu eta Pirritx sortzea erabaki zuten.

Ainhoak bete zuen pertsonaia hori hurrengo hiru denboraldietan eta hiru ikuskizunetan parte hartu zuen: Kili-kili (1995-1996), Tantaka Yotanka (1996-1997) eta Makarroiak (1997-1998).

Pailazo taldea pixkanaka handitzen ari zen eta goierritar asko izan ziren, Ainhoa Beristain bezala, era batera edo bestera lagundu zutenak. Taldea handitu zen, baina herrikoitasuna ez zuten galdu. Gertukoak izaten eta ikuskizun handiak zein txikiak eskaintzen jarraitu zuten. Takoloren gitarrarekin hasi eta pixkanaka sormena lantzen eta gidoi hobeagoak lortzen joan ziren. Arropak eta dekoratuak ere beraiek egiten zituzten inguruko jendearen laguntzarekin.

Pirritx 'berria' (1998-2001)Aldatu

Hiru denboraldi eta gero, 1998an Ainhoa Beristainek taldea utzi eta Aiora Zulaikak bete zuen bere tokia. Aiora, ordurako pailazo taldean zebilen Ainhoaren ordezkapenak eta pertsonaia txikiagoak egiten (esaterako Perez sagutxoa edota Maritxu izeba). Orduan berari eskatu zioten Pirritxen papera betetzeko, eta honek onartu egin zuen. Aiora Zulaikak Pirritxen paperean ofizialki egin zuen lehenengo ikuskizuna Baserrian izan zen (1998-1999). Gaur egun ere, berak segitzen du pertsonaiaren azalean.

Zaletuen artean, txiki-txikienak Takolorengana hurbiltzen ziren. Takolo pailazo serioa eta azkarra da; irakaslearen figura egiten duena. Haurrak, beraz, txikitan irakaslearen figura horrengana gerturatzen ziren. 6-8 urteko haurrei ordea Porrotx gustatzen zaie, bere bihurrikeriak atsegin dituzte. Eta Pirritxen zaletuak mota guztietakoak dira. Neskei asko gustatzen zaie Pirritx.

Hurrengo ikuskizunak Plisti plasta (1999-2000), Parrandan (2000-2001) izan ziren.

 
Takolo, Pirritx, Porrotx eta Kintxo Barrilete Aupa Kintxo! ikuskizunean.

Bihurrikerietatik heztera saltoa (2001-2002)Aldatu

Urte asko zerematzaten euskara eta alaitasuna lantzen. Hala ere, haurrek beraiek imitatzen zituztela ikusi zuten eta haien eredu zirela jabetu ziren. Orduan erabaki zuten bihurrikeriak egiteaz gain, hezten ere lagundu behar zutela.

Ordurarte ikuskizunak eta abestiak sortzerako garaian, haurrei gustatzen zitzaizkien gauzei buruzkoak egiten zituzten: inauteriak, parranda, izozkiak, lasterketak... Iturri hori ordea pixkanaka bukatzen hasi zen eta ikuskizun berrietarako ideiak agortzen joan ziren.

2001. urtea mugarria izan zen pailazoentzat. Urte horretan Takolo, Pirritx eta Porrotx Nikaraguako Somoto herrira joan ziren bisitan, eta itzultzean Aupa Kintxo! (2001-2002) ikuskizuna argitaratu zuten. Handik aurrera, gizarte-gaiak lantzen hasi ziren eta urtero emanaldi ezberdin bat sortzen. Gai berri hauek askoz ere mamitsuagoak ziren eta azkarrago osatzen zituzten ikuskizunak (familia motak, homosexualitatea, etorkinak...).

Pailazoek 15 urte (2002-2003)Aldatu

2002-2003 ikasturtean berriz, pailazo taldeak 15 urte bete zituen eta urteurrenerako ikuskizun berezia prestatu zuten: Katxiporreta!! Bertan urte horietako esketxik onenak errepikatu eta ordurarteko abestirik ezagunenak abesten zituzten.

Takolok taldea utzi (2003-2004)Aldatu

Hurrengo urtea izan zen pailazo hirukotearen azkenekoa. Poxpolin Marisorgin (2003-2004) emanaldiaren bira amaitu zutenean, Agustin Mujikak (Takolo) taldea utzi zuen 16 urte eta gero. 2004ko irailaren 18an izan zen Takoloren azkeneko emanaldia. Lasarte-Orian bi saio eskaini zituzten. Dena hasi zen tokian eta moduan amaitu zuen ibilbidea: bere sorterrian eta Olentzeroren etorrerarekin.

Agustin irakaslea zen, eta ezin zuen pailazo lanarekin uztartu. Horregatik, erabaki bat hartu behar eta pailazo taldea utzi behar izan zuen. Asko kostatu zitzaion erabakia hartzea eta gaizki pasatu zuen: Orain hobeto nago, baina hasieran oso triste egon nintzen, eta momentu txarrak pasatu nituen.[7] Hala ere, Goierriko haurrekin elkarlana ez zen eten eta Ordiziako, Zaldibiako, Idiazabalgo eta Legorretako haurrek parte hartzen jarraitu zuten hurrengo disko eta ikuskizunetan.

Guztira hamar urte eman zituzten Takolo, Pirritx eta Porrotx izenarekin.

Pirritx eta PorrotxAldatu

Hirukotetik bikotera (2004-2005)Aldatu

Takolok taldea utzi zuenean, erabaki zuten inork ez ordezkatzea Agustin eta beste pertsonaia berririk ez sortzea. Beraz, pailazo taldea hirukotea izatetik bikotea izatera pasa zen. Hurrengo urteetan Pirritx eta Porrotx izenpean ibili ziren herriz herri.

Lau denboraldi egin zituzten bikote moduan. Patata, patata! (2004-2005), Maite zaitut (2005-2006), Mari Motots (2006-2007) eta Eskerrik asko! (2007-2008).

Itxura aldaketa (2005-2006)Aldatu

Garai honetan, itxura ere aldatu zuten. 2004ean, Patata, patata! ikuskizunean, Pirritxek ileordekoa aldatu zuen. Arrosa kolorekoa izaten segitzen zuen, baina beste estilo batekoa. Hurrengo ikasturtean berriz, 2005ean, Maite zaitut ikuskizunean, Porrotxek ere ileordekoa berritu zuen. Ile beltza izatetik urdina izatera pasa zen.

MariMotots iritsi (2006-2007)Aldatu

2005ean, MariMototsen (Mertxe Rodriguez) papera sortu zuten Maite zaitut ikuskizunerako. Mertxe ez zen berria taldean. Aurretik beste pertsonaia asko eginak zituen (Kintxo Barrilete, Amona Josefina, Teresa Markesa, Poxpolin marisorgin...).

MariMotots denboraldi bateko pertsonaia bakarrik sortu zuten, baina azkenean hurrengo ikuskizunean ere jarraitu zuen. 2005eko Gabonetan Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez ospitalera joan ziren haurrak bisitatzera eta bertan Ane Perez Alberdi (Ane Pirata) 17 urteko neska ezagutu zuten. Minbizia zeukan, baina sekulako indarra transmititu zien. Beraz, bisita amaitu bezain laster, Joxe Marik Mertxeri esan zion: MariMotots, datorren urtean mototsak eroriko zaizkizu.[8]

Beraz, 2007-2008ko denboraldian MariMototsen pertsonaiarekin segitu eta Eskerrik asko! saioa sortu zuten. Bertan MariMototsi mototsak erori zitzaizkion eta minbiziaren gaia landu zuten Pirritx eta Porrotx pailazoek. Ikuskizun honek era guztietako kritikak jaso zituen. Batzuk onak, haurrentzat irakasgai oso ona zela esanez; eta beste batzuk txarrak, haurrentzako gai egokia ez zela esanez.

Pirritx, Porrotx eta MariMototsAldatu

Hirukotea berriro (2008-2009)Aldatu

Minbizia landu zuten ikuskizunetik aurrera, MariMotots pailazo taldean sartzea eta pertsonaia finko bezala jartzea erabaki zuten. 2008az geroztik, beraz, taldean hiru dira berriro, bi pailazo eta beraien laguna: Pirritx, Porrotx eta MariMotots.

Izen horrekin egin dituzte hurrengo ikuskizun eta disko guztiak, eta gaur egun ere horretan segitzen dute. Hurrengo lanak Piratak (2008-2009) eta Irrien lagunak (2009-2010) izan ziren.

Piratak ikuskizuna egiten ari zirela, Aiora Zulaikak taldea utzi zuen haurdun geratu zelako. Beraz, Piratak ikuskizunaren denboraldi erditik aurrera eta Irrien lagunak ikuskizunean Porrotx eta MariMotots bakarrik aritu ziren. Pirritx bideo-deien bidez agertzen zen, baina ez zen zuzenean taula gainean aritzen. Haurrei azaldu zieten Pirritx haurdun zegoela eta baserrian geratu zela Amona Josefina eta Joxepa behiarekin deskantsatzen. Guztira 16 hilabete eman zituen Aiora Zulaikak tauletatik kanpo.[9]

Pupu eta Lore + Irrien lagunen kluba (2010-2011)Aldatu

2010ean Aiora Zulaika ama izan zen, eta urte bereko irailean lanera itzuli zen. Haurrek bazekiten Pirritx haurdun egon zela, eta, hori aprobetxatuz, ikuskizunean Pirritx ere ama izatea bururatu zitzaien. Orduan, 2010eko azaroan Ongi etorri Pupu eta Lore (2010-2011) saioa estreinatu zuten. Bertan Pupu eta Lore iritsi ziren, Pirritxen seme-alaba bikiak.

Haurrak jaiotzearekin batera, Irrien Lagunen Kluba sortu zuten. Bertan Euskal Herriko haurrek Pirritxen seme-alabak hezten laguntzea nahi zuten. Horretarako, hezteko zein balio nahi zituzten erabaki zuten: osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna. Balio bakoitzarentzat pertsonaia bat sortu zuten: Tiritatxo medikua, Largabista basozaina, Mari Kalanbre eta amona Mari Txinparta, Martin Bertso, Ane Pirata eta Patakon.

Segidan, 2011-2012 ikusturtean egin zuten ikuskizuna Zazpikoloroa izan zen.

Pailazoek 25 urte eta Takoloren bisita (2012-2013)Aldatu

25. urteurrena iritsi zen 2012-2013 denboraldian, eta saio berezia prestatu zuten urtemuga honetarako ere. Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizuna eta diskoa kaleratu zituzten. Bertan Amona Josefinak 100 urte betetzen zituen eta urtebetetzea ospatzearekin batera urte guzti horietako istorioak eta pertsonaiak ere gogoratu zituzten.

Ikuskizun honetarako prestatutako diskoa ere berezia izan zen. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zituzten ordurarte zituzten abestirik ezagunenak, eta lagun zaharrak ere itzuli ziren beraiekin kolaborazioak egitera. Diskoan haurrek abestu zuten, baina baita pailazoen sorrerako lehenego diskoan parte hartu zuten haurrek ere (dagoeneko heldututa). Ikuskizun horrekin egin zuten diskorako eta DVDrako grabatu zuten emanaldirako Takolo pailazoa ere itzuli zen bisita egitera.[10]

Gaur egun (2013-2019)Aldatu

Beraien azkeneko ikuskizunak hauek izan dira: Bizipoza (2013-2014), Txo MikMak txikia (2014-2015), Amalur (2015-2016), Tipi-tapa korrika! (2016-2017), Borobilean (2017-2018) eta Musua (2018-2019).

2017ko abenduaren 24an 30 urte bete zituzten pailazoek.

Gaur egun, oso ezagunak dira Euskal Herri osoan, herriko jaietan, nahiz ikastetxeetan egiten dituzten emanaldiak. Urtean 120 emanalditik gora ematen dituzte.

BitxikeriakAldatu

  • Pailazoen hasieratan tortillaren esketxa egiten zuten. Takolok arrautza airera bota eta ez zen puskatzen. Gero Porrotxek beste bat bota eta hau puskatu egiten zen. Truko hori egiteko, Agustinek arrautza bat egosi egiten zuen eta errotulagailuarekin markatu, eta gainontzekoak egosi gabe uzten zituen. Pailazoek ordea, ez zekitena zen, garai hartan plastikozko arrautzak saltzen zituztela.
  • Pailazoen hasieran, 1987 urte inguruan, Bolibarreko apaizak deitu zien pailazoei. Herriko baserri bat erre zela eta dirua biltzeko ikuskizun bat emango ote zuten. Baietz esan eta ikuskizunaren aurretik apaizak sekulako bazkaria prestatu zien, ardo eta guzti. Ardo zuria, gorria, patxarana... Gehitxo edan eta taula gainera atera ziren gero. Esketx batean, pailazo batek besteari kolpe bat eman eta besteak geldi-geldirik geratu behar zuen, estatua batek bezala. Baina ezin geldirik egon eta balantzaka hasi zen. Lotsatuta alde egin zuten handik.
  • Behin Nafarroa, Aresonen, ikuskizun bat eskaintzen ari zirela, arrautzak puskatzearen esketxa egin zuten. Takolo eszenatik ateratzen zen eta bitartean Pirritxek eta Porrotxek arrautzak puskatzen zituzten malabarismoak egiten. Orduan: Arrautzarik gabe gelditu gara eta Takolo segituan etorriko da! Momentu horretan, publikoko 12 urte inguko haur bat ziztu bizian altxa eta baserrira joan zen. Berehala itzuli eta dozena bat arrautza eman zizkien pailazoei. Esketxaren amaiera inprobisatu behar izan zuten.
  • Guraso batek Joxe Mari Agirretxeri kontatu zion bere semea ospitalean koman zeukala eta esnatzera zihoanean, medikuak esan ziola zerbait galdetzeko. Erantzun errazeko zerbait galdetzeko, ea nola erreakzionatzen zuen ikusteko. Orduan amak galdetu zion: Nola esaten du Porrotxek? Eta haurrak erantzun zion: Katxiporreta!
  • Ameriketako Estatu Batuetako Boisen haur bat zegoen ordura arte euskaraz hitz egin nahi izaten ez zuena. Behin, pailazoekin motibatuta, euskaraz hizketan hasi zen.

Katailunian Pitx, Potx i MariCuetesAldatu

Pirritx, Porrotx eta MariMototsen ereduari jarraikiz, Katalunian Pitx, Potx i MariCuetes pailazo hirukotea sortu zen 2011. urtean. Kataluniako Lax'n'Busto‎ rock musika taldearen batera euren Maite zaitut abestiaren katalanezko bertsioa (T'estimo molt) abestu izan ohi dute.

KritikakAldatu

Pirritxek eta Porrotxek kritika gogorrak jasan izan dituzte beraien emanaldietan euskara eta euskal kultura sustatzeagatik, euskal presoen eskubideen aldeko adierazpenak egiteagatik, eta Zulaika eta Agirretxe ezker abertzaleko kideak direlako.

Espainiar hedabide nazionalisten aldetik, kritikak jaso dituzte eta baita boikot kanpaina bat ere. Toki askotan jasan izan zuten boikota. Esaterako, Lasarte-Orian beraien herrian, pailazoen saioak debekatu zituzten eta beraiei kontratatutako ikastetxeei diru-laguntzak kendu. Bilbon ere ikastetxe bateko zuzendaritzak kontratatu nahi zituen, baina udalak debekatu egin zien. Eta Donostian Antzoki Zaharra alokatzea debekatu zieten. Ordainduta ere ez zieten alokatzeko zerbitzua erabiltzen utzi.

LanakAldatu

DiskoakAldatu

Zenb. Urtea Pailazoak Diskoa Argitaletxea
1 1992 Takolo, Pirrutx eta Porrotx Hau umorea Elkar
2 1993 Beti martxan Elkar
3 1994 Ongi bizi Elkar
4 1995 Takolo, Pirritx eta Porrotx Kili-kili Matxinsalto (Elkar)
5 1996 Tantaka Yotanka Matxinsalto (Elkar)
6 1997 Makarroiak Matxinsalto (Elkar)
7 1998 Baserrian Matxinsalto (Elkar)
8 1999 Plisti plasta Matxinsalto (Elkar)
9 2000 Parrandan Matxinsalto (Elkar)
10 2001 Aupa Kintxo! Matxinsalto (Elkar)
11 2002 Beti zuekin... Katxiporreta!! Matxinsalto (Elkar)
12 2003 Poxpolin Marisorgin Matxinsalto (Elkar)
13 2004 Pirritx eta Porrotx Patata, patata! Katxiporreta
14 2005 Maite zaitut Katxiporreta
15 2006 Mari Motots Katxiporreta
16 2007 Eskerrik asko! Katxiporreta
17 2008 Pirritx, Porrotx eta MariMotots Piratak Katxiporreta
18 2009 Irrien lagunak Katxiporreta
19 2010 Ongi etorri Pupu eta Lore Katxiporreta
20 2011 Zazpikoloroa Katxiporreta
21 2012 Sentitu, pentsatu, ekin! Katxiporreta
22 2013 Bizipoza Katxiporreta
23 2014 Txo MikMak txikia Katxiporreta
24 - 25 2015 Amalur / Euri tanta banintz Katxiporreta
26 - 27 2016 Tipi-tapa korrika! / Haizearen herrira Katxiporreta
28 - 29 2017 Borobilean / Antzinako zuhaitza Katxiporreta
30 - 31 2018 Musua / Familia milakolore Katxiporreta

Filmografia (Grabatutako ikuskizunak)Aldatu

Zenb. Noiz grabatua Pailazoak Ikuskizuna Non grabatua Argitaletxea
1 1994ko ekainaren 12a Takolo, Pirrutx eta Porrotx Kokororikoko Donostiako Victoria Eugenia antzokia EiTB
2 1995eko irailaren 23a Takolo, Pirritx eta Porrotx Txiztil Anoetako polikiroldegia Matxinsalto (Elkar)
3 1996ko azaroaren 8a Beltzi Beasaingo Usurbe antzokia Matxinsalto (Elkar)
4 1997ko martxoaren 16a Tantaka Yotanka Donostiako Victoria Eugenia antzokia Matxinsalto (Elkar)
5 1998ko otsailaren 7a Makarroiak Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxea Matxinsalto (Elkar)
6 1999ko martxoaren 18a Baserrian Irungo Amaia antzokia Matxinsalto (Elkar)
7 2000ko ekainaren 1a Plisti plasta Irungo Amaia antzokia Matxinsalto (Elkar)
8 2001eko maiatzaren 15a Parrandan Tolosako Leidor antzokia Matxinsalto (Elkar)
9 2002ko urtarrilaren 24a Aupa Kintxo! Tolosako Leidor antzokia Matxinsalto (Elkar)
10 2003ko apirilaren 3a Beti zuekin... Katxiporreta!! Tolosako Leidor antzokia Matxinsalto (Elkar)
11 2004ko maiatzaren 20a Poxpolin Marisorgin Tolosako Leidor antzokia Matxinsalto (Elkar)
12 2005eko apirilaren 20a Pirritx eta Porrotx Patata, patata! Tolosako Leidor antzokia Katxiporreta
13 2006ko apirilaren 5a Maite zaitut Andoaingo Bastero antzokia Katxiporreta
14 2007ko urtarrilaren 10a Mari Motots Andoaingo Bastero antzokia Katxiporreta
15 2008ko martxoaren 5a Eskerrik asko! Andoaingo Bastero antzokia Katxiporreta
16 2009ko martxoaren 4a Pirritx, Porrotx
eta MariMotots
Piratak Andoaingo Bastero antzokia Katxiporreta
17 2010eko maiatzaren 8a Irrien lagunak Urnietako Sarobe antzokia Katxiporreta
18 2011ko martxoaren 30a Ongi etorri Pupu eta Lore Urnietako Sarobe antzokia Katxiporreta
19 2012ko martxoaren 6a Zazpikoloroa Andoaingo Bastero antzokia Katxiporreta
20 2013ko martxoaren 16a Sentitu, pentsatu, ekin! Tolosako Leidor antzokia Katxiporreta
21 2014ko martxoaren 8a Bizipoza Donostiako Victoria Eugenia antzokia Katxiporreta
22 2015eko martxoaren 7a Txo MikMak txikia Tolosako Leidor antzokia Katxiporreta
23 2016ko urtarrilaren 23a Amalur Andoaingo Bastero antzokia Katxiporreta
24 2017ko martxoaren 11a Tipi-tapa korrika! Tolosako Leidor antzokia Katxiporreta
25 2018ko martxoaren 10a Borobilean Tolosako Leidor antzokia Katxiporreta
26 2019ko ekainaren 18a Musua Andoaingo Bastero antzokia Katxiporreta

Hik Hasi-ko filmakAldatu

Zenb. Urtea Filma Ekoizlea
1 2000 Zatoz jolastera! Hik Hasi aldizkaria
2 2002 Jolasen altxorra Hik Hasi aldizkaria
3 2004 Ilargiaren sekretua Hik Hasi aldizkaria

ErreferentziakAldatu

Kanpo loturakAldatu