Elkar (argitaletxea)

argitaletxea

Elkar Donostiako Igara auzoan egoitza duen Euskal Herriko argitaletxe bat da. 1977an sortu zen euskal kulturaren argitalpen eta banaketari bideak irekitzeko, eta ahalegin horretan Joan Mari Torrealdai aritu zen ekintzaile, besteak beste. Bi arlo nagusi lantzen ditu argitaletxeak: liburuak eta musika. Liburuei dagokienez bi alor nagusi bereizten dira: literatura eta ikasliburuak.

Elkar (argitaletxea)
Elkar-logoa.png
Datuak
Motanegozioa, argitaletxea eta diskoetxea
HerrialdeaEspainia
Erabilitako hizkuntzaeuskara
Negozio dibisioak
Agintea
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1977
webgune ofiziala

Aurrekariak (1972-1977)Aldatu

Elkar argitaletxearen hazia berez 1972an sortu zuten euskal kulturaren inguruko 20 euskaltzalek, denak Iparraldekoak. Euskaltzale horien artean zenbait kantari, idazle eta herritar ezagun dago. Urte berean Elkar diskoetxea sere sortu zuten Goiztiri argitaldariko disko-produkzioa erosita.[1]

Argitaletxeak geroztik diskogintza eta liburugintza landu ditu, euskal musikari nahiz idazleen lanak plazaratzeko, batetik, eta gure kulturaren hutsune eta beharrak asetzen laguntzeko, bestetik. Urte hauetako jardunaren ondorioz, 2.500 erreferentziatik gora biltzen dira Elkarreko katalogoan.

 
Torrealdai 1990ean

Bi urte geroago, 1974an, Hegoaldeko 20 sortzaile bazkide integratu ziren elkartean, eta Zabal liburu-denda eta banaketa-zerbitzua ireki zituzten. Geroago, 1976an, Bilintx liburu denda ireki zuten Jaka anaiek, Esterlines kalean, Donostiako Parte Zaharrean. Hutsune handi bat betetzera zetorren Bilintx, ez baitzegoen eskaintzarik euskal gaietan, politika eta ekonomiazkoetan, aldizkarietan eta ikastoletako materialen zerbitzuan.

Franko hil eta hurrengo urtean Zabaltzen banaketa-zerbitzuaren bidez euskal produktuak klandestinitate-girotik eta marginalismotik atera ziren, eta Euskal Herri osoko liburu dendetara eta ikastetxeetara liburuak eta diskoak heldu ziren.

Argitaletxea martxan eta dendak hainbat herritan (1977tik)Aldatu

Argitaletxea 1977an antolatu eta hurrengo urteetan banatze-zerbitzua zabaldu zen Bilbora (1978) eta Iruñera (1982). Iruñeko Xalbador liburu-denda 1985ean ireki zuten, Bergarako Etxepare-Bilintx 1986an, Tolosakoa eta Irunekoa 1989an, Bilboko Urretxindorra 1990an.

1992an egoitza handi beri bat ireki zuten Donostiako Igara auzoan.

Banaketa-gune eta liburu denden sare indartsua lortzera iritsi ziren, eta euskal kulturgintzako enpresa indartsuena bihurtu zen Elkar.

Testuliburuen beharra asetzen (1980tik)Aldatu

Hainbat ikastola eta eskola publikoan D eredua ezartzen denean euskal kultur eta irakaskuntza munduko zenbait erakunderekin elkarlanean hasi ziren material didaktikoak sortu ahal izateko, batez ere hauekin: UZEI (1980), Elhuyar (1983), GILE Irakasleen Elkartea (1983) eta GIE Gipuzkoako Ikastolen Elkartea (1989)

Joseba Jaka (1948 -1996)Aldatu

Taldeko sortzaile esanguratsu izandako Joseba Jaka Itsasoan izandako istripu baten ondorioz astebetez koman izan eta gero hil zen 1996an, Cádizen.

Joseba Jaka, Elkar argitaletxearen eragile eta kontseiluko kide izateaz gain, komertzializaziorako Euskal Kulturgintza enpresaren gerente aritu zen hil arte. Haren filosofiari jarraikiz, euskal kulturgintzak lortutako irabazi guztiak berriz kulturagintza jardunean inbertitu ziren, eta horrela urtez urte enpresak hedapen luzea lortu zuen

Euskalgintzako talde eta erakunde ugari babesteaz haratago, haren partaidetza garrantzitsua izan zen euskal kulturagintzako hainbat enpresa sortzean eta sendotzean, hala nola: Euskaldunon Egunkaria (1990), EUSENOR entziklopedia etxea (1991) eta Klaudio Harluxet Fundazioa (1994). Administrazio kontseiluko partaide izan zen lehenengo bietan, eta patronatuko kidea azkenekoan.

Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa (1997 - 2005)Aldatu

Elkar argitaletxea enpresa-talde zabal baten kide da egun, eta guztiak Elkar Fundazioaren baitan bildu ziren 90. hamarkadan. Elkar Fundazioa da argitaletxearen jabea, baita beste hauena ere: Ttarttalo, Oihuka, Sua edizioak, Elkar Banaketa eta Elkar liburu denda sarea.

Euskal kulturgintzaren komunitatea koordinatzearren Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren sorreran parte hartu zuen Fundazioak 1996an, Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera eta harrezkero Zuzendaritza Nagusiko kide da.

Elkar Izena akronimo gisa osatu zen hasieran: Euskal Liburu eta Kanten Argitaldaria. 1997tik 2005era Elkarlanean izena erabili zuen, eta fundazioa Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa izan zen tarte horretan.

Fundazioaren lehengo urtean Egunkaria eta Graficas Lizarrarekin batera. Martin Ugalde Kultur Parkea eratzen hasi ziren. 2002an inauguratu zuten.

Bi urte geroago, 1999an, dendak ireki zituzten Baionan, Gasteizen, Bartzelonan, Valentzian eta Madrilen.

Plazagunea enpresa abian jarri zuten 2000. urtean Egunkariarekin batera, zerbitzu informatikoak eskaintzeko helburuarekin. Andoni Sagarna ingeniari eta linguista arituko zen hainbat urtez horretan.

Elkar Fundazioa (2005etik)Aldatu

 
Irrien lagunak. Porrotx eta Ane Pirata pertsonaiak.

Elkar izena berreskuratuta ere urtez-urte ekinbide berriak abiatu ditu Fundazioak 2005az geroztik ere. Aipagarrienak hauek dira:: Hamaika Telebista, Nora bidaia-aldizkaria, Irrien Lagunak Kluba, online salmenta eta Ikaselkar argitaletxea.[3][4]

Hamaika Telebista sortzeko enpresan parte hartu zuen fundazioak 2006an beste zenbait enpresekin batera (Euskaltel, Berria, Gara, Noticias-Deia eta Bainet-Asegarce).[5]

Nora euskarazko lehenengo bidaia-aldizkaria sortu zuten 2008an Berria egunkariarekin batera. Urte berean Euskal Unibertsitatearen Aldeko Universitas Vasconum Fundazioa sortu zuen Fundazioak hainbat eragilerekin batera (EHI, UEU, Berria, Naziogunea K.E., Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaraz Koop. E., Ipar-Hegoa Fundazioa).

Irrien Lagunak Kluba sortu zuen Elkar Fundazioak Katxiporretako lagunekin eta Berria egunkariarekin elkarlanean.

2010ean online salmentarako azpiegitura garatu zen: batetik www.gurebook.com liburu elektronikoen on line denda martxan jarri zen beste euskal argitaletxe batzuekin batera, eta bestetik, www.elkar.com web gunea erabat berritu zen.[6]

Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin batera Ikaselkar argitaletxea sortu zuten 2011n material kurrikularrak bideratu, landu eta gizarteratzeko.

2017an Elkarreko lau arduradunek (Jose Mari Sors, Olatz Osa, Joanmari Larrarte eta Mikel Esnal) Fundazioaren egoera aurkeztu zieten hedabideei. Elkarlanean, instituzioekin batera, kultur politika berriak zehaztu eta abiarazi nahi zituzten. Euskal kulturak zailtasunak eta hutsuneak dituen lekuak betetzen saiatzen ari ziren: Argitalpengintza, euskal curriculumaren garapen praktikoa (Ikastolen Elkartearekin Eki proiektua), hedabideak (Hamaika TB), azpiegiturak (Martin Ugalde Kultur Parkea) eta zinema. Ikastolen Elkartearekin, Katxiporreta Kooperatibarekin eta Lotura Films ekoiztetxearekin “Lur eta Amets” animaziozko filma garatu zuten Haurrentzat historiari lotutako materiala sortzeko bide berria urratzen zuten Liburuak argitaratu bai eta filma ere bai. Elkar Fundazioak bultzatzen dituen beste proiektuen artean, sorkuntzari bideratuta dagoen Joseba Jaka beka ere atera zuten 2016an eta 2018an, baita Proiektuari Elkar Saria, proiektu berrientzako akuilua.[7][8]

Euskaldunon Egunkariaren auzia (2003 - 2014)Aldatu

Espainiako Baltasar Garzon epaileak, 2001eko udaberrian Zabaltzenen aurkako operazioa ireki zuen baina udazken aldera diligentziak itxi zituen.

2003ko otsailaren 20an, Fundazioko patronatukidea zen Joan Mari Torrealdai, beste euskaltzaleekin batera atxilotu zuten Egunkariaren inguruan Del Olmo epaileak zabaldutako operazioaren barruan. [9]

2003ko otsailaren 20an, goizean goiz, 300 Guardia Zibilek Euskaldunon Egunkariak Andoainen Martin Ugalde Kultur Parkean zuen egoitza hartu zuten, eta baita Bilboko, Iruñeko eta Gasteizko ordezkaritzak ere. Bulego haietan guztietan, Espainiako erakunde militarrak dokumentazio ugari konfiskatu zuen: idatzizko langaiak, ordenagailuak, softwarea... Horretaz gain, Ikastolen Konfederazioaren, Jakin eta Argia aldizkarien eta Euskalgintza Elkarlanean fundazioaren dokumentazioa ere atxiki zuten. [10]

Urriaren 16an, auziko bigarren operazioa izan zen. Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkariaren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmo epaileak aginduta. Elkar-eko Mikel Arrizabalaga, Xabier Legarra eta Joxemari Sors beste 5 kideekin batera, atxilotu zituzten.

Zortzi urte geroago, 2010ean, Madrileko Auzitegi Nazionalak akusatu guztiak errugabe zirela onartu zuen, akusazioen argudioak gogor kritikatuz eta ETArekiko lotura ukatuz. Auzi ekonomikoa emaitza berarekin bukatu zen 2014an.[11][12]

ErreferentziakAldatu

  1. «elkar fundazioa» www.elkarfundazioa.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  2. Basauri, Aitziber. (2002-11-27). «Joseba Jaka. Kultura sustatzailea gogora ekarri guran» Berria (Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.) (Noiz kontsultatua: 2022-03-01).
  3. Elortza, Oihana. (2015-05-08). «Herriko ikastetxeetara etorriko da Ane Pirata - Oñati» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  4. Ilintzeta, Reyes. (2016-05-15). «Anabel Arraiza, aktorea: «Elkartasunaren bidez euskarara hurbildu nahi ditugu behar bereziak dituzten haurren familiak»» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  5. «Hamaika, Telebista Hedatzeko Taldea» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  6. «Elkarrizketa Jose Mari Sorsekin (Elkar) - Kultura Saila - Kulturaren Euskal Kontseilua - Kulturaren Euskal Behatokia» www.kultura.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  7. Kamio, Ariane. (2018-06-21). «Gurpil gaineko merkatua. Elkar Fundazioaren 2017ko datuak» GARA (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  8. «elkar fundazioa» www.elkarfundazioa.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  9. Agirre, Lorea. (2004). Gezurra ari du : Egunkaria-ren itxieraren kronika. Alberdania ISBN 84-95589-94-X. PMC 433574056. (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  10. Agirre, Lorea. (2004). Gezurra ari du : Egunkaria-ren itxieraren kronika. Alberdania ISBN 84-95589-94-X. PMC 433574056. (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  11. «Auzi ekonomikoaren kronologia», Berria, 2014-10-14
  12. Agirre, Lorea. (2004). Gezurra ari du : Egunkaria-ren itxieraren kronika. Alberdania ISBN 84-95589-94-X. PMC 433574056. (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu

43°18′05.31″N 2°01′13.39″W / 43.3014750°N 2.0203861°W / 43.3014750; -2.0203861