Urnieta
Urnieta Gipuzkoako ipar-ekialdeko udalerri bat da, Donostialdea eta Buruntzaldea eskualdeetakoa. 22,4 km2 ditu, eta 6.169 biztanle zituen 2016. urtean.
Urnieta | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Gipuzkoa, Euskal Herria | |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Gipuzkoa | ||||||||||
Eskualdea | Beterri-Buruntza | ||||||||||
Izen ofiziala | Urnieta | ||||||||||
Alkatea | Jorge Segurado Iriondo[1] | ||||||||||
Posta kodea | 20130 | ||||||||||
INE kodea | 20072 | ||||||||||
Herritarra | urnietar | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°14′49″N 1°59′30″W / 43.2469°N 1.9917°W | ||||||||||
Azalera | 22,4 km² | ||||||||||
Garaiera | 15-820 | ||||||||||
Distantzia | 11 km Donostiara | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 6.200 (2023) 19 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 27,68 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[2] | % 6,7 | ||||||||||
Zahartze tasa[2] | % 16,84 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[2] | ‰ 38,26 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[2] | % 81,04 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[2] | % 6,29 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[2] | % 9,33 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[2] | % 52,61 (2010) | ||||||||||
Etxeko erabilera[3] | % 40.74 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera | 1615 uztailaren 15a | ||||||||||
Webgunea | https://www.urnieta.eus/ |
Historia
aldatuUrnietan duela 8.000 urteko giza arrastoak aurkitu dira, Marizulo koban. Hainbat arotako lau maila ikertu dira: Kalkolitoko lehen maila bat, Neolitoko bigarren bat eta Mesolitoko bi maila. Aztarnak K. a. 6.500 urtetik 3.355 urtera artekoak dira.
Bestalde, ondare megalitikoa ere badago udalerrian. Harrespilak daude (Leiako, Eteneta, Mulisko), bai eta trikuharriak ere (Aballarri, Pozontarri). Azken horrek hil ganbera du barruan, lauza bertikalez, lauzatutako lurzoruaz eta tumulu batez osatua. Brontze Aroan eta Burdin Aroan eraikitakoak dira.
Urnietaren sorrera
aldatu1150. eta 1160. urteen artean Antso VI.a Nafarroakoak Donostiari forua eman zionean, Urnieta Donostiari lotuta egon zen.
1397. urtean, Getariako Batzar Nagusietan, Urnietak bazuen ordezkari bat han. Bi urte geroago ere, 1399an, Urnieta izena ageri da Henrike III.a Gaztelakoak emandako zerga salbuespenei buruzko zedula batean.
Hurrengo mendeetan gaur egungo Urnieta osatzen duten lurren egoera ez da argia: zati bat Donostiako jurisdikzioari loturik zegoen, beste bat Hernanikoari, eta hirugarrena, Aiztondoko alkatetzakoari. 1614. urtean hiru zatiek, elkarrekin ados jarri ondoren, beren jurisdikziotik bereiztea erabaki zuten, elkarrekin berezko hiri oso bat eratzeko. Filipe III.a Espainiakoak oniritzia eman zuen, baina bizilagun bakoitzeko 25 dukat ordaindu behar zutela ebatzi zuen. 1615eko uztailaren 12an erregeak zedula bat eman zuen, Urnietari salbuespen eta hiri jabetza eman ziezaion. Donostiak berari zegokion zatia itzultzeko eskatu zuen, baina Urnietak ez zuen amore eman, eta auzia 1659. urtean, artean, ez zegoen behin betiko erabakita.
XIX. mendea
aldatuLehen Karlistaldian, 1837ko irailaren 8an, Urnietak kalte handiak jasan zituen: udaletxea, eliza eta ia etxe guztiak erre ziren, bost etxe besterik ez ziren libratu erretzetik.
Bigarren Karlistaldian, berriz, 1874. urtean, tropa karlistek Hernaniren aurkako borroka abiatu zutenean, bateria karlistek, Egurrola baserriaren alboan kokatuta, eta Santa Barbarako gazteluan zeuden liberalek elkarri tiro egin zioten.
1886an Euskal Jaiak antolatu ziren Urnietan, eta bertan antzeztu ziren lehen aldiz euskarazko zenbait antzezlan labur.
Izena
aldatuUrnieta izenak –eta atzizkia du, euskal toponimoetan oso arrunta, -ko lekua esanahia duena. Urni-k, ordea, esanahi ezezaguna du. Nafarroa Garaian bada Urniza izeneko herri bat, Urni hitza «oparotasuna» esan nahi duen –(t)za atzizkiari lotua duena. Hala ere, bi toponimo horietan ez dago batere argi Urni hitzaren esanahia, hainbat teoria daude horri buruz.
Garai batean oso hedatua zen teoria batek (gaur egun hizkuntzalariek erabat baztertua dutena) esaten zuen Urnieta izenaren jatorrizko forma dela (burdin-lekua esanahiarekin), hau da, burni (euskara batuan, burdin) izenetik datorrela toponimoaren hasierako Urni hori. Teoria hori Justo Garatek proposatu zuen, eta Julio Caro Barojaren babesa ere izan zuen. Hala ere, teoria hori bertan behera utzi zuen Koldo Mitxelenak, euskal hizkuntzalari gorenak. Izan ere, burni hitza burdin hitzaren aldaera modernoa da, Urnieta izena baino askoz ere berriagoa: beraz, ezin da izenaren jatorria izan. Gainera, Urnietaren eta burdinaren arteko lotura nabarmenik ez dago; izan ere, Urnietan mineral hori izan denik ez da ezagutzen. Urnietak burdinola garrantzitsua izan zuen, baina herrigunetik nahiko urrun kokatua, oraingo Lasarte-Oria herrian hain zuzen ere.
Beste teoria batzuek Urnieta izenaren erroan ur (ura) dakusate. XIX. mendeko autore askok —Sebastian Miñanok, Juan Ignazio Iztuetak, Nikolas Soraluzek eta abarrek— Uroneta izenetik eratorria dela zioten, ur onen lekua esanahiarekin, Urnietan errekatxo ugari baitago. Teoria hori ez da guztiz zentzugabea, baina ez da azterketa filologikoetan oinarritua; herri etimologia da, azken batean.
Teresa Amuategik, Urnietari buruzko bere liburuan, eta Done Jakue bideko bigarren mailako geldialdia dela eta, lur sail uhinduen lekutzat interpretatu zuen izenaren jatorrizko esanahia, edota mendi edo muino ugariko ingurutzat.
Urnieta izena euskaraz zein gazteleraz berdin idazten da, eta Urnietako biztanleei urnietar deritze.
Geografia
aldatuIngurune naturala
aldatuUrnieta Oria eta Urumea ibaien artean kokaturiko eskualde menditsu batean dago. Udalerriaren azalera gehiena zeharkatzen duten errekak Urumeara isurtzen dituzte urak.
Herrigune nagusia 30 eta 50 metro arteko garaieran dago. Hala ere, udalerriko lekurik garaiena Adarra mendia da (817 m), eta bigarren punturik garaiena Onddi mendia da (543 m); baxuena, berriz herrigunea bera da. Erliebea menditsua da, muinoak eta mendixkak dira nagusi, bailara korapilatsuen eta errekatxoen artean banatuta.
Udalerri mugakideak
aldatuMugakide ditu Hernani iparralde eta ipar-ekialdean, Lasarte-Oria ipar-mendebaldean, Andoain mendebaldean eta hego-mendebaldean, eta Elduain hegoaldean.
Auzoak
aldatu
Ekonomia
aldatu2017. urtean honela banatzen ziren sektoreak herrian: Lehen sektorea BEGaren %0,7. Bigarren sektorea %30,5. Hirugarren sektorea %62,8. Eraikuntza %6.[4]
Urnietan dauden hainbat enpresak 50 langile baino gehiago dute, Euskal Industri Katalogoaren arabera.
Demografia
aldatu1986ko urtarrilaren 31n Lasarte herria Urnietatik banandu zen, Lasarte-Oria udalerri berria osatzeko. Horrela, udalerrian biztanle gehien zituen gunea udalerritik at geratu zen, eta Urnietak biztanleriaren % 70 inguru galdu zuen.
2019an herriak zituen 6.190 biztanleetatik %16,38k 65 urte edo gehiago zituen, eta atzerrian jaiotakoak %7,58 ziren. [4]
Urnietako biztanleria |
---|
Politika
aldatu2007 eta 2011ko udal hauteskundeak
aldatuAlderdi politikoa | 2011 | 2007 | ||
---|---|---|---|---|
Botoak (%) | Zinegotziak | Botoak (%) | Zinegotziak | |
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | % 34,97 | 5 | % 23,5 | 3 |
Bildu | % 34,03 | 5 | - | - |
Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE) | % 26,19 | 3 | % 25,95 | 4 |
Urnieta Denon Artean (UDA) | - | - | % 27,89 | 4 |
Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) | - | - | % 16,97 | 2 |
2015eko udal hauteskundeak
aldatuMikel Pagola (EAJ) izendatu zuten alkate.[5]
Urnietako udalbatza | |||||
Alderdia |
2015eko maiatzaren 24a |
2011ko maiatzaren 22a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | 7 / 13 |
5 / 13 |
|||
Euskal Herria Bildu* | 4 / 13 |
5 / 13 |
|||
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE)) | 2 / 13 |
3 / 13 |
|||
* 2011n Bildu koalizioa aurkeztu zen. | |||||
Datuen iturria: 2015eko eta 2011ko udal hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean |
2019ko udal hauteskundeak
aldatu2019ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: EAJk 1.501 boto (7 zinegotzi). EH Bilduk 838 boto (4 zinegotzi). PSE-EEk 483 boto (2 zinegotzi). EB-AZk 71 boto. PPk 70 boto.[6] Mikel Pagola (EAJ) izendatu zuten alkate berriro.[7]
2023ko udal hauteskundeak
aldatu2023ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: EAJk 1.057 boto (6 zinegotzi), EH Bilduk 873 boto (5 zinegotzi), PSE-EEk 375 boto (2 zinegotzi), Elkarrekin Podemos-ek 148 boto eta PPk 73 boto. [8]
Urnietako udalbatza | |||||
Alderdia |
2023ko maiatzaren 28a |
2019ko maiatzaren 26a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | 6 / 13 |
7 / 13 |
|||
Euskal Herria Bildu (EH Bildu) | 5 / 13 |
4 / 13 |
|||
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE/PSOE) | 2 / 13 |
2 / 13 |
|||
Datuen iturria: https://www.eitb.eus/eu/hauteskundeak/udal-foru-hauteskundeak/emaitzak/eae-udaletakoak/gipuzkoa/urnieta/ |
Kultura
aldatuEuskara
aldatu2016an herritarren %60,39 euskalduna zen.[4]
Koldo Zuazoren arabera, Beterri izan da euskalkiaren bihotza. Zehatzago esanda, Iruñea eta Gipuzkoako itsasbazterra lotzen duen ardatz zatia. Aspaldikoa da ardatz hori, eta haren aldamenetan sortu eta indartu ziren zenbait hirigune. Ardatz horren indarra inguruetara zabaldu zen, eta zabaldutako gaien artean dago hizkera ere.
Urnietako euskalkia Beterriko euskarari[9][10] dagokio. Gipuzkoa erdialdeko euskalkia esangura handikoa gertatu da euskararen ibilbidean, besteak beste, bertan oinarritu delako, gehienbat, euskara batua. Beterriko euskara da ardatza, eta horrek osatzen du erdiguneko azpieuskalkia, baina Gipuzkoan hizkera asko bereiz daitezke. Erdialdeko euskaran hiru eremu nagusi bereiz daitezke: Erdigunekoa (Beterri), Sortaldekoa (Nafarroako Basaburua, Imotz, Larraun eta Araitz-Betelu eta Gipuzkoako Bidasoaldea) eta Sartaldekoa (Goierri eta Urolaldea).
Jaiak
aldatuUrnietako jai egitarauari dagokionez, hiru festa nabarmentzen dira: batetik, irailaren amaieran, San Miguel jaiak ospatzen dira bertan eta aspaldikoa den "Sorgin dantza" ikusteko aukera egoten da. Bestetik, maiatzaren 3an, Azkorte auzoan, hirigunetik 3 kilometrora, dagoen Gurutze Santuaren baselizaren inguruan erromeria egiten da. Azkenik, Ekainaren lehenengo astean Gazte Festak ospatzen dira, herriko gazteentzat aproposak diren emanaldiak eta jarduerak antolatuz.
Urnietako alkatea, Mikel Pagola eta David Rosco zinegotzia dira jaien zuzendariak. Bestalde, Iñaki Otamendi kultura teknikaria eta festen batzordean parte hartzen duten hainbat elkarteren ekimenaren bidez, jaien programazioa eta arauketa antolatzen da.
San Miguelak
aldatuSan Miguelak Irailaren amaieran ospatzen dira, adibidez, 2019. urtean Irailaren 26an hasi eta 30ean amaitu ziren eta urteroko bost egun horietan urnietar zein kanpotarrentzat hainbat jarduera antolatzen dira festen batzordearen laguntzaz. Festa hauetan antolatutako ekintzak urtez urte aldatu egiten dira, baina herriko tradizioa mantentzeko konpromisoa hartzen dute antolatzaileek.
Urtero bezala, San Miguelei hasiera emateko arratsaldeko 19:30etan Mielaren jaitsiera egiten da eta txupinazo izeneko suziri jaurtiketa egiten dute urte ezberdinetan gonbidatuak izate diren pertsonek. 2019. urtean, adibidez, Nahikari Garcia eta Julen Gabirondo urnietar kirolariak izan ziren suziriak jaurti zituzten bi gonbidatuak. Ondoren, Txosnak irekitzen dira karpa baten estalpean eta bertan ospatuko dira Tortilla Lehiaketa eta “Gau Tematikoa”. Lehenengo hau gazteen artean antolatzen da eta talde ezberdinek hartzen dute parte. Bertan, tortilla hoberena egiten duena saritua izaten da urteroko epaileek irabazlea aukeratu ondoren. “Gau Tematikoa” ordea, mozorroz beteta egoten da eta jarduera ezberdinak antolatzen dira karpan talde bakoitzari egokitutako tematikarekin zerikusia dutenak.
Festak hasi eta egun bat beranduago, hau da, Ostiral goizean, umeentzat eta gazteentzat jokoak eta jarduera ezberdinak antolatzen dira Urnietako gazte-lekuaren eskutik eta Urnietako eskubaloi taldearen laguntzaz. Arratsaldean herri osotik zehar kalejira bat antolatzen da eta Urnietako txaranga izaten da kalejira horren buruzagia. Gaueko 21:00etan Bertso afaria antolatzen da txosnetan eta ordu berean herriko plazan umorezko emanaldi bat egoten da. 23:00etan txosnetan gazteentzat zuzenduta dauden kontzertuei hasiera ematen zaie eta bertan parte hartze duten taldeen arabera kontzertua gehiago edo gutxiago luzatzen da.
Egun bat geroago, Larunbatean, gastronomia izaten da eguneko gairik garrantzitsuena. Hori dela eta, Bakalao txapelketa eta “Master Txef” izeneko lehiaketak antolatzen dira eta bazkalorduan “Herri bazkaria” jartzen da martxan, non herriko gazte guztiak elkartzen diren beraien kabuz antolatutako aktibitate batean. Pilotazaleentzat bestalde, pilota eta erremonte txapelketak antolatzen dira urtero Urnietako pilotari ospetsuen omenez. Arratsaldeko 19:00etan Urdanbor damborrada taldeak bere ibilaldia hasten du Mujika Plazatik hasiz eta Yurramendi kalean bukatuz. Ostiralean bezala 23:00etan kontzertuak egoten dira txosnetan eta beste hainbeste talde berri aurkezten dira aurreko egunarekin alderatuz.
Igandean ospatzen da San Miguel eguna. Goizean goiz 07:00etan Idiazabal kalean zehar txaranga antolatzen da Poxta Zahar-en eskutik eta 10:30etan sagardo dastaketa postuak ipintzen dira. Arratsaldeko 17:30etan antzezlana prestatzen da herriko plazan eta 20:00etan Egape Dantza Taldeak urtero antolatzen duen dantza ikusteko aukera ematen zaie herritarrei.
Astelehenean umeen eta gazteen eguna ospatzen da. Horregatik, umeek eta gazteek hartzen dute garrantzia egun honetan eta lehenagotik izendatutako Alkate Txikiek beraien papera egiten hasten dira hainbat ekintzei hasiera emanez eta herritik zehar ibiliz hainbat laguntzaileekin batera. Puzgailuak jartzen dira Egape Ikastolan goizean eta arratsaldean. Arratsaldeko 17:00etan buruhandiak martxan jartzen dira herri osoan zehar eta 20:00etan Alkate Txikiek botere itzulera egiten dute udaletxean. Festei amaiera emateko, 20:30etan Miela agurtzen da hurrengo urtera arte eta suzko zezenen eta azken trakaren bitartez festak bukatzen dira.
Festa hauek gauzatzen diren bitartean errespetu eta erantzukizun giro bat eskatzen du alkateak eta Urnietako udalak herriko gazteekin batera. Hori dela eta, Urnietak argi uzten du ez direla onartuko indarkeria eta eraso matxistak eta azpimarratzen du ekintza eta eraso hauek zigortuak izango direla.
Erromeria Azkorten
aldatuUrnietako ohiturarekin jarraituz, maiatzaren 3an Azkorte auzoan, hirigunetik 3 kilometrora dagoen Gurutze Santuaren baselizaren inguruan erromeria egiten da. Ohikoa denez, ekitaldi mordoa antolatzen ditu Urnietako Udalak Azkorte ermita inguruan egun horretarako. Urnietako Udalarekin batera Ttakun Kultur Elkartea izaten da ekintza honetaz arduratzen dena eta historikoki ospatu izan da ekintza hau Santa Cruz jaia igaro eta aste bat beranduago igandean.
11.00etan meza ospatzen da eta amaitzean Zabale eta Larrañagaren trikitixa doinuek osatzen dute eremua. 12.00etan herri kirolen erakustaldia egoten da eta ordubete beranduago Patxi Etxeberriak eta Anjel Larrañagak bertsoak botatzen dituzte. Goizean zehar salda, txorizoa, odolkia eta edariak hartzeko aukera egoten da.
14.00etan bazkari herrikoia antolatzen da Oianume jatetxean. Izen-ematea jatetxean bertan egin behar izaten da. Postrera iritsitakoan, bertsolariak eta trikitixa doinuak izaten dira jatetxean. Urtero bezala, Azkortera bertaratu nahi duen ororentzat doako autobus zerbitzua antolatzen da herriko taxi geltokitik 9.30etik aurrera. Autobusak behar beste joan etorri egiten ditu. Azken igoera 12.00etan egiten du eta jendea ermitatik 14.00ak arte jaisten ditu.
Gazte Festak
aldatuUrnietako Gazte Festak Ekainaren lehenengo astean ospatzen dira eta bereziki gazteentzat zuzenduta dauden jarduera eta ekintzak antolatzen dira.
Festei hasiera emateko ostiralean txupinazoa egiten da udaletxeko balkoitik 20:30etan. Hasiera ofizial horren aurretik hainbat ekintza egoten dira ostiralean bertan. 16:30etan “Urnieta Challenge” izeneko erronka antolatzen da Urnietako gazte-lekuaren eskutik 11 eta 17 urte bitarteko gazteentzat zuzendua dagoena. Ordu berean, Poxta Zahar-ek antolatutako ginkana jartzen da martxan 18 urtetik gorako gazteentzat. Adin txikiagoa duten umeentzat Etxeberri plazan arratsaldeko 18:00etan Apaxi-ren ipuinak kontatuko dira. Ordubete beranduago 19:00etan plaza berean bingoa eta musika saioa antolatzen dira auzoko bizilagunen esker. Egunari bukaera emateko “afari tematikoa” antolatzen du Poxta Zaharrek, urtero tematika ezberdina ezarriz, eta elektro-txaranga Idiazabal kalean zehar ibiltzen da.
Larunbatean, “Benjamin Jaia” ospatzen da kirol festa baten moduan goizeko 09:30etatik aurrera Urnietako kiroldegian eta bertan hainbat kirol ezberdinetako txapelketak antolatzen dira adinaren arabera. Lehiaketa hau amaitzean sari banaketa bat egiten da herriko plazan. Bazkalorduan Herri Bazkaria prestatzen da urtero bezala eta ondoren, txirrindularitza txapelketa antolatzen da infantil eta alebin kategorietan, Andoaingo Txirrindularitza Eskolak ospatua. Gauean herriko plazan adin guztietara zuzendua dagoen kontzertua egoten da.
Igandean, azkenik, “Txanbolin” txistulari taldeak 11:00etan herritik zehar ibilbidea egiten du. Goizeko 11:00etatik 12:00etara puzgailuak egoten dira Egape ikastolan eta horrez gain hainbat joko antolatzen dituzte Guraso Elkarteko kideek. Arratsaldean DJ-a egoten da, urtero aldatzen dena, eta bukatzeko San Juan plazan amaiera ematen zaie Gazte Festei.
Urnietako ereserkia
aldatu1999. urtean sorturiko ereserkia da, eta letra Aitor Mendiluzek sortu zuen, Iñigo Peñaren musikarekin. Horiez gain, urnietar ugarik lagundu zuten ereserkia egiten.
Ereserkia Urnietaren historiako gertakizunen laburpena da:
Adarraren babes goxo pean Kale eta baserri, |
Herria erre zuen Herritarren lanak jaso zuen |
Kale eta baserri, |
Ondasun nabarmenak
aldatu- Aierdi baserria (XVI. mendea)[11]
- Braher fabrika (XX. mendeko eraikin funtzionalista)[12]
- Udaletxea (XVII. mendea)[13]
- Errotaberria errota (XX. mendea)[14]
- San Migel eliza (XVII. mendea)[15]
- Santa Leokadia baseliza (XIX. mendea)[16]
Urnietar ospetsuak
aldatu- Juan Andres Maria Larrañaga Lasarte (1797-1838), militarra. Gazte-gaztea zelarik Espainiako Armadan sartua, Hego Amerikako herrien independentzia gerretan parte hartu zuen. Haren alaba Maria Isabel Larrañagak sortu zuen Jesusen Bihotz Sakratuaren Karitateko Ahizpak kongregazioa.
- Fernando Alkain (1877-1960), bertsolaria.
- Mikel Urreta (1881-1961), politikaria.
- Gregorio Beorlegi (1894-1959), antzerki- eta zinema-antzezle euskalduna.
- Plazido Muxika (1906-1982), hiztegigilea, apaiza eta euskal idazlea.
- Marcial Arbiza (1914-?), ingeniari eta futbolaria.
- Iñaki Alkain (1917-1971), bertsolari eta idazlea.
- Hiazinto Fernandorena (1930-2017), irakasle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea.
- Mikel Atxaga (1932-2009), euskal kazetaria eta idazlea.
- Lurdes Iriondo (1937-2005), kantautorea eta idazlea.
- Xabier Lete (1944-2010), kantaria, euskal idazlea eta politikaria. Oiartzunen jaioa, Urnietan bizi izan zen.
- Jose Manuel Martiarena (1946), politikari jelkidea. Urnietako alkate izan zen (1979/1991), Eusko Legebiltzarreko kidea (1984/1986 eta 1990/1991), Eusko Jaurlaritzako Barne Saileko kontseilariordea (1991/1998), Herrizaingoko sailburua zenbait hilabetez (1998-11/1999-01) eta Espainiako senatari (1999/2001).
- Rosario Tomasena Alzuri (1946), igerilari eta triatleta.
- Jose Ignazio Lizeaga (1959), politikari jelkidea. Urnietako alkate izan zen (1991/1999), bai eta Espainiako senatari ere (2000/2001).
- Eva Esnaola Agesta (1960), ultramaratoilaria. Beteranoen mailan munduko hainbat errekor ditu.
- Gurutze Iantzi (1962-1993), politikaria.
- Maribel Vaquero (1970), politikaria.
- Mari Jose Sardon (1973), judoka, Espainiako txapelduna bederatzi aldiz. Harri-jasotzaile ere ibili da. Gainera, sambo modalitatean munduko txapelduna izatea lortu zuen 2001. urtean.
- Ainhoa Ostolaza (1973), txirrindularia. Espainiako txapelduna 12 aldiz. Munduko lehiaketetan 10 aldiz parte hartu du, eta 1989. urtean Moskuko Munduko Txapelketan hirugarren postua eta bigarren denbora onenak lortu zituen.
- Garbiñe Larrea (1976), naturopata.
- Olatz Odriozola (1983), txirrindularia.
- Joseba del Barrio (1989), txirrindularia.
- Julen Gabirondo (1989), segalaria.
- Nerea Arruti (1990), herri kirolaria.
- Amaia Agirre Gonzalez (1992-2023), mediku eta mendigoizalea.
- Mikel Iturria (1992), txirrindularia.
- Iker Hernández (1994), futbolaria.
- Mikel Alonso Flores (1996), txirrindularia.
- Nahikari Garcia (1997), futbolaria. Realeko goleatzaile nagusia hainbat urtez.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Udal gobernua», Urnietako Udalaren webgunea.
- ↑ a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- ↑ a b c «Web Eustat. Urnietako datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
- ↑ SemiColonWeb. «Mikel Pagola Urnietako alkatea izendatua izan daUrnietako udala» Urnietako udala (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
- ↑ www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
- ↑ SemiColonWeb. (2019-06-15). «Mikel Pagola Urnietako alkate izendatuaUrnietako udala» Urnietako udala (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
- ↑ «2023(e)ko maiatzaren 28 ko udal hauteskundeak, emaitzak, Urnieta (Gipuzkoa). | EITB udal hauteskundeak» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
- ↑ a b «Beterrikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-15).
- ↑ a b «Urnieta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-15).
- ↑ «Aierdi baserria. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
- ↑ «Braher. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
- ↑ «Consistorial etxea. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
- ↑ «Errotaberria errota. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
- ↑ «San Miguel Eliza. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
- ↑ «Santa Leokadia baseliza. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-12).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |
- Urnietako Udalaren webgunea
- Egape Ikastola. Haur Hezkuntza (3, 4 eta 5 urteko haurrak), Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.